eu | es
Hasiera » HITZAURREA

 

HITZAURREA

 

Jon-Mirena LANDA GOROSTIZA

Zigor Zuzenbideko katedraduna (akred.) / Euskal Herriko Unibertsitateko
Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendaria.
(Leioan, 2018ko maiatzaren 10ean)

 

      Ikerketa honek, sarrerakoaren amaieran datorren bezala, asmo onez beteriko premisa bat du; honela esaten baitu: “Txosten honek ez du kontakizunaren gaineko dialektiketan sartu nahi. Orri hauek ez dira gertaerak baloratzeko; izan ere, hori beste eragile batzuen lana da, eta txosten honetan horretarako materiala eta edukia aurkituko dute”.

      Modu neutralean eta “notario” manerekin agertzeko nahikaria dela eta, denbora epe zabal bat hartu behar izan dugu, eta motibo politikoz urratu diren giza eskubideen kategoria zerrenda luze bat osatu dugu (bizitzeko eskubidea, integritate fisiko, psikiko eta morala, mehatxuak, estortsioa, atentatuak eta beste sufrimendu batzuk...). Horietatik igar dakioke nolako bokazioa egon den lan honetan Azpeitian gertatu den —edo azpeitiarren kontra izan den— indarkeria islatzeko ahalik eta modurik ulerkorrenean. Seguru asko, tokiko ikerketa bat izanik, joera izango da inoren faltarengatik huts egiterik ez izatekoa eta txostenak indarkeria bidegabea —orobat sufrimendu handiak— doi-doi islatzekoa.

      Dena den, saio honen helburua ez da epai morala erlatibizatzea izan diren urraketa bidegabeen inguruan. Baizik eta, hain segur, horiek guztiak erregistratzea eta dokumentatzea, hortik erator daitezen gertaerak osatuko edo, are, zuzenduko dituzten lanak. Bokazio eraikitzailea eta etorkizunera begirakoa izanik, egileek bazterrera utzi dituzte “ekidistantziari” buruzko debate zaharrak, eta gehiago hurbiltzen gaituzte “giza eskubideen zatiezintasunaren” printzipiora, zeinaren arabera, eskubide guztiak serio hartzen dituena bakarrik jo daitekeen fede onekotzat eta koherentetzat gogoan baditugu 1948ko Adierazpen Unibertsala eta haren ondotik nazioarteko zuzenbidearen arloak ekarri duena.

      Abiapuntu horrek, goraipatzekoa bezain beharrezkoa denak, irakurlea eraman beharko du asmo garbi berarekin irakurtzera lan honen edukiak. Orri hauetan bere pentsaera politikoa ikusi nahi duenak okerreko irakurgaia hartuko du, nire ustez. Izan ere, helburua ez da ez alderdikoia eta ez alderdi batekoentzakoa. Hemen datorren minak errespetua eta gogoeta eragin behar liguke. Errespetua zergatik eta hainbeste biktima errugabe suertatu direlako. Gogoeta zergatik eta pentsarazten duelako nola irits daitekeen jendea arrazoi ideologikoengatik horrelako delitu larriak egitera, izan ere, bizia nahiz funtsezko beste eskubide batzuk besteri kentzeko eskubidea hartzen baitzuten.

      Alabaina, gogoeta hori egitea zaila da gure Herrialde honetan, diskurtso politiko orokorrak sustatzen baitira. Dean den, ziur nago istorio jakin batek bezala berdin jendeak eta haien bizimodu zapuztuek ere “despolitizatzeko” indarra dutela eta elkarren memoria truka dezakegula, guztiok humanizatu eta enpatia sorrarazteko; horrek argitasun etikoa ekarriko du iragana epaitzeko orduan, eta, era berean, kohesio handiagoko etorkizun bat eraikitzeko modua gizartea iruteko orduan. Alde horretatik, beharrezkoak dira horrelako lanak, eztabaida handien behatz artetik tantak balira bezala isuri beharrean, gogora ekartzen baitituzte hemen gertatu izan direnak. Gertaera horiek ez dute egiten borroka kontakizun baten edo bestearen alde. Gertaera horiek oinarri xaloak jartzen dituzte (work inprogress), zertarako eta, egiaz gertatu denaren oinarrien gainean, bizikidetza inklusibo bat eraikitzeko eta denok geure burua islatuta eta errespetatuta ikusteko.

      Orain arte esan dugunak ez du kentzen, seguruenera ere, bigarren maila batean, txostenean kritikagarria izatea testuingurua emateko modua edo giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen kategoriak erabiltzeko modua. Izango da hemengo informazioa osatu eta hobetu dezakeenik, egileek esaten duten bezala, egiteko asko gelditzen baita etorkizunean. Baina espero dugu kritika hori kontraste-lan berriak egiteko abiaburu bat suertatzea eta, elkarrizketa zintzoaren bidez, fidagarritasun handiagoko lanak egiten joatea. Sobran dago, euskal gizarteari irekitzen zaion etorkizun horretan, borroka politikoa eskolen edo diziplinen borrokara aldatu nahi duen jendea. Sobran dago lubakiekin eta iraganera begira bizi nahi duen jendea. Gertatu denak guztion fede ona eskatzen du: historialariena, juristena, soziologoena, antropologoena, kazetariena eta abar luze batena. Ez gaitezela fida egiaren monopolioa beren gain hartzen dutenekin, eta utz dezagun herritarren esku, jende heldu eta autonomoa den aldetik, ekarpenak bereizten eta integratzen ikas dezan demokrazia bateko ideien merkatu librean, non guztiok zeregina baita horren oinarriak ipintzea eta hobetzea.