|
Josuek Jeriko hartu
6
1 Jeriko hiria hetsia zen eta ontsa hetsia israeldarren beldurrez. Ez zen nehor sartzen ez ateratzen. 2 Jaunak Josueri erran zion: «Beha, eskura emaiten dauzkizut Jeriko eta horgo erregea eta gudariak. 3 Zuek hiria inguratuko duzue: sei egunez, egunoro itzuli bat eginen duzue guda-gizon guziek hiriaren inguruan. 4 Zazpi apez kutxaren aitzinean joanen dira, marro-adar  6,4 marro-adar: Marro-adarrez egin turuta; marruma bat ateratzen zuen. bana harturik. Zazpigarren egunean, zazpi aldiz eginen duzue itzulia hiriaren inguruan eta apezek adarrak joko dituzte. 5 Adarrots luzea entzun bezain laster, herri osoak irrintzin  handia eginen du eta hiriko harresia lehertuko da. Orduan, eraso eginen dio jende guziak, bakotxa zuzen doala aitzinerat».
6 Nunen seme Josuek apezeri dei egin eta erran zioten: «Hartzazue elkargo-kutxa eta zuetarik zazpik ereman dezatela adar bana Jaunaren kutxa aitzinean». 7 Gero, herri osoari erran zion: «Zoazte eta ingura hiria; gizon armatuak doatzila Jaunaren kutxa aitzinean».
8 Josuek manatua egin zuen jendeak: zazpi adarrak zeramatzaten zazpi apezak Jaunaren aitzinean jarri eta jotzen hasi ziren. Ondotik, Jaunaren elkargo-kutxa zetorren. 9 Adarrak jotzen zituzten apezen aitzinean, gizon armatuak jarri ziren, eta kutxaren gibelean gainerateko gudariak. Adarrotsa ari zela zoatzin denak aitzinerat.
10 Josuek manu hau emana zion herriari: «Ez egin irrintzinik, ez dadila ahotsik entzun; ez hitzik atera, nik irrintzin egiteko erran arte. Orduan eginen duzue». 11 Kutxak itzuli bat egin zuen hiriaren inguruan, eta gero kanpalekurat itzuli ziren gauaren iragaiteko. 12 Biharamunean, goizean goizik jeiki zen Josue. Apezek kutxa hartu zuten, 13 eta zazpi adarrak zeramatzaten zazpi apezak Jaunaren kutxa aitzinean joan ziren adarrak joz. Denen aitzinean gizon armatuak zoatzin eta kutxaren gibelean gainerateko gudariak. Adarrotsa ari zela zoatzin denak aitzinerat. 14 Bigarren egunean ere, hiriaren inguruan itzuli bat egin eta kanpalekurat joan ziren. Hola egin zuten sei egunez.
15 Zazpigarren egunean, argi-zirrintan jeiki eta itzulia egin zuten hiriaren inguruan, aitzineko egunetan bezala, bainan egun hartan zazpi itzuli. 16 Zazpigarrenean, apezek adarra jotzearekin, Josuek herriari erran zion: «Egizue orai irrintzin, Jaunak zuen menpe ezarri baitu hiria! 17 Hiria eta han den guzia osoki suntsitu  behar da Jaunaren ohoretan. Rahab emalizuna eta haren etxean direnak bakarrik geldituko dira bizirik, guk igorri mandatariak gorde zituelakotz. 18 Bainan kasu! Osoki suntsitu behar da guzia. Zihaurentzat zerbait har bazinezate, suntsipena eta ezbeharra ekar zinezakete israeldarren kanpalekurat. 19 Urre eta zilar guzia, eta brontzezko eta burdinazko ontzi guziak Jaunarentzat dira eta haren altxortegian sartuko ditugu».
20 Jo zituzten apezek adarrak. Adarrotsa entzutearekin, herriak izigarriko irrintzina egin zuen, eta harresiak lehertu ziren. Orduan, gudariek eraso egin zioten hiriari, bakotxa zuzen zoala aitzinerat, eta hartu zuten. 21 Hirian ziren guziak hil zituzten ezpataz, gizon eta emazte, gazte eta zahar, idi, ardi eta asto.
|