Jendeak ez daki zuhurtzia zer den
28
1 Badira  28,1 Badira: 28. kap., Jakinduriaren laudorioa, Job eta lagunen arteko elkarrizketen eta Joben azken hitzaldiaren artean ezarria izan da, errailerik gabe. Menturaz, poema hau lehenago berex idatzia izan zen eta gero liburuan sartua. zilarraren ateratzeko lekuak,
bai eta urrearen garbitzekoak.
2 Burdina lurpetik ateratzen da
eta kobrea harri urtutik.
3 Jendeak ilunpearen mugak hautsi ditu,
azken bazterrak, lurpe sakon ilunenak miatzen ditu.
4 Atzerritar jendeak mea-ziloak egiten ditu,
nehor ibili ez den tokietan kulunkatzen da  28,4 Ber.eko testua iluna da eta itzulpena guti gorabeherakoa. .
5 Gain-azalean ogia emaiten duen lurrak
sugarretan ditu erraiak;
6 haren harrokak zafiro-toki dira,
haren errautsean urrea aurkitzen da.
7 Harrapariek ez dituzte lurpeko bide horiek ezagutzen,
ez eta saiek ikusten;
8 basihiziak ez dira han ibiltzen,
lehoina ere ez da handik pasatzen.
9 Jendea su-harriari lotu da,
mendiak erroetarik iraultzen ditu
10 eta harroketan mea-ziloak eginez,
mineral baliotsuak aurkitzen.
11 Ibaien iturriak agorrarazi
eta argitara ateratzen du gorderik zagona.
12 Bainan nun aurki zuhurtzia?
Nun du bere egoitza adimenak?
13 Jendeak ez daki zenbat balio duen,
eta ez da aurkitzen munduan.
14 «Ez daukat nik» dio Ur Leizeak,
«Ez da enekin» erraiten du Ozeanoak.
15 Ez da urre garbiarekin trukatzen,
ez eta zilarraz erosten.
16 Urrerik finenak ez du haren baliorik,
ez eta onize eder edo zafiroek
17 Ezin da harekin urre edo diamanterik parekatu,
ez da urrezko bitxiekin trukatzen.
18 Koral eta kristalak deusik ez dira haren ondoan;
hobe zuhurtzia eskuratzea perlak baino.
19 Ez da harekin Etiopiako topaziorik parekatzen ahal,
ez eta urrerik garbiena ere.
Jainkoak bakarrik daki zuhurtziaren berri
20 Bainan nundik dator zuhurtzia?
Nun du bere egoitza adimenak?
21 Bizidun ororen bistatik urrun dago,
zeruko hegaztientzat ere gordea da.
22 Hondamen Leizeak eta Herioak erraiten dute:
«Hartaz mintzatzen entzun dugu, bai».
23 Jainkoak bakarrik daki zuhurtziaren bidea,
harek daki haren egoitzaren berri,
24 munduaren mugetaraino heltzen baita haren soa,
zerupean den guzia ikusten du.
25 Haizeari indarra eman
eta izaria ureri finkatu ziotenean,
26 euriari legea ezarri zionean
eta ximistari eta ortzantzari beren ibilbidea,
27 orduan ikusi eta neurria hartu zion,
orduan preziatu eta ikertu.
28 Eta jendeari erran zion:
«Jainkoarenganako errespetua  da zuhurtzia,
gaixtakeriatik urruntzea zinezko adimena».
|