Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Oroitarri

Kepa Urbieta

ahozkotasuna

Uztarria, 2008

 

MEAGASEN BAI FESTA!

 

        San Isidro egun bat zen. Iluntzean Zarauzko frontoian kantatu behar zuten Joxe Lizasok, Joxe Agirrek eta Manuel Lasartek, besteak beste. Han zen Imanol Lazkano ere. Azpeititik, aipatutako azpeitiarrekin, Inaxio Aranberri Deabru eta beste hiru-lau lagun joan ziren. Bi kotxetan: Lizasorena bata, Lazkanorena bestea. Heldu ziren Zarautzera, eta Narros jauregiaren ondoan utzi zituzten kotxeak, gaur egun lurrazpiko aparkalekua dagoenaren gainean.

        Bukatu zuten bertsotan egiteaz. Etxeratu aurretik kafe bat hartuko zutela erabaki zuten, eta non hobeto Meagasen baino, festak ziren-eta. Joan ziren kotxeetara. Aparkamendu hartatik malekoira lau bat metro bazeuden, goitik behera. Garai haietan malekoian harrizko eserleku batzuk zeuden, eta bikoteak sarri egon ohi ziren. Norbaitek esan zuen:

        «Azpeitira joaterako itsasoari muturrera txiza eginda joan beharko diagu».

        Hiru bat hasi ziren; tartean Lazkano. Egun hartan ere bikote bat bazegoen eserita, txiza egiten ari ziren hirukotearen pare-parean; ez enamoratuak baina. Hauek jaiki zirenean, trikornioa sekula baino distiratsuagoa zuten. Bi guardia zibil ziren, txiza zipriztinekin zurituta. «Guardia zibilak!».

        Narros jauregiko aldapatik gora lasterka hasi zen autoritatea, eta azpeitiarrak, aldiz, lehenbailehen, kotxeetara.

        «Gaur baino sasoi hobea genuen eta heldu ginen kotxera. Lizaso zaharra, eta Deabru zaharra, biak zaharrak; kotxea urrutiago zuten, ordea».

        Haiek purua piztu eta bertan geratu ziren, haserre bizian zeuden guardia zibilak iritsi arte:

        —¿Qué pasa? —Deabruk, lasai galdetzen die.

        —¿Habeis visto a alguien?

        —He visto a unos críos corriendo.

        Hori esanda libratu ziren, ederretik libratu ere. Gero, Meagasen elkartu zirenean, zirku ederra izan zuten pasadizoaren kontura.

 

 

INPRESIOA

 

        1972ko apirilaren 30a ez du ahaztuko Jose Luis Gorrotxategik. Bertso saioan bildu ziren Joxe Lizaso, Martin Treku Mattin, Fernando Aire Xalbador, Jon Azpillaga, Manuel Olaizola Uztapide, Jon Lopategi, Joxe Agirre eta Gorrotxategi bera, Donostian, orduko Anoeta —gaurko Atano III.a— pilotalekuan. Gaiak jartzen beste azpeitiar bat: Joxe Mari Iriondo. Lurraren arrasean zeuden, eta lauko taldean kantatzen jarri zituen bertsolariak: alde batetik, Uztapide, Agirre, Azpillaga eta Gorrotxategi; beste aldetik, Lizaso, Mattin, Lopategi eta Xalbador. Aurreneko taldeak kantatu zuenetik bigarrengoak bukatu arte hamar bat minutu pasatuko ziren. Ordura arte, dena behar bezala zihoan.

        Ondoren, Iriondok Uztapide jaikiarazi zuen eta «Gaurko gazteei zer esango zenieke» edo antzekoren bat jarri zion gaitzat. Ez zen hasten. Gorrotxategi eta besteak konturatu ziren denbora gehiegi ari zela pasatzen, Uztapide berehala hasten zenetakoa zelako. Mikrofonoaren parera hurbiltzen zen orduko pauso bat atzera egiten zuen. Kostatuta, halako batean hasi zen. Baina hitz bat esan eta isildu zen berriro. Doinua gaizki hartu zuelakoan mututu zela pentsatu zuen Gorrotxategik. Hasi zen berriro bertsoa bota nahian, baina saiakera horretan hitz bat bera ere ez zitzaion ulertu. Hitzik egin gabe buelta hartu eta eseri egin zen. Jendeak txaloz erantzun zion. Iriondok ere lagundu zuen:

        «Txalo hauek merezi dituenarentzat dira», esan zuen.

        Gorrotxategik alboan Lopategi zuen, eta hurrengo, Uztapide bera. Honi Lopategik galdetu zion zer gertatu zitzaion, eta ez zion erantzun ere egin. Minutua igarota edo, «Hobeto nago, pasatu zait. Ondoeza izan dut», erantzun zuen Uztapidek.

        Saioa bukatu zenean, Lizasok kotxean hartu eta etxera eraman zuen Uztapide. Handik medikuarengana eraman zuten, eta han esan zioten egundoko eskapada egin zuela: bihotzekoak eman zion mikrofonoaren aurrean.

        Gorrotxategik orduan egin zuen lotura, ikusi baitzion kopetan zain gorri-gorri bat, eta ezpainak more-moreak, baina ez jakin zer gertatzen zitzaion. Gerora, bere onera itzuli zitzaizkion zaina nola ezpainak, eta zorabioa zelakoan pasatzen utzi zuten.

        «Inpresioa eragiten du; batetik, hura ikusteak; bestetik, hamar minutu lehenago kantuan normal ari zela eta, gainera, bera eta nire artean Lopategi bakarrik zegoela pentsatzeak. Harrezkero, ez nuen gehiago kantuan ikusi Uztapide, idazten jarraitu bazuen ere».

 

 

ISILIK

 

        Eztarria gozatu ezinda igaro zitzaion 2007a Joxe Agirreri. Urte txarra izan zuen eztarritik. Hartu bata eta hartu bestea, eta alferrik. Ezerk eraginik egin ez, eta beti eztarria itxita. Jendaurrean behin baino gehiagotan geratu zen kantatu ezinik.

        «Hori lotsa eta pena!».

        Azkena, Ataunen. Hiru lagun ziren kantatzekoak, eta Andoni Egañarekin joan zen Agirre, Azpeititik. Lehendik ere ez zebilen santu, baina ez zuen berehalakoan halakorik gertatuko zitzaionik pentsatuko.

        Jon Aizpurua zen gai jartzen. Agirreri agindu zion aurreneko agurra botatzeko. Ia hasi baino lehen isildu zen. Lehenengo errima ere ezin izan zuen bota.

        «Pasatu nuen lotsa! Gaitasuna izan banu alde egingo nuen bistatik».

        Besteek jarraitu zuten, eta bitartean Agirre atzean, jarrita, saio osoan zehar, beste aukerarik gabe.

        «Desanimatu egiten zara, gehiago inora ez nintzela joango pentsatu nuen. Negargarria. Pena handiena ba al dakizue zerk ematen duen? Jendeak pentsatuko zuela 'Horrek lehendik ere bazekien zer pasatuko zen', baina hori ez da horrela izaten. Jakin banu ez nintzatekeen inola joango, baldinbaitere».