Imanol Lazkano / Laxaro Azkune / Loidisaletxe
ahozkotasuna
Uztarria, 2013
JUAN JOSE EZAMA KORREO
Errezilen bazen Korreo-zaharra, gizon famosoa eta Errezilgo jauntxo izana. Errezil eta Azpeitia arteko lotura egiten zuen, zaldi, mando eta karro. Hemendik Azpeitira esne eta gainerakoak eraman, enkarguak eta korreoa ekarri. Korreo hau besamotza zen, ez nago seguru ezkerra ala eskuina zuen motza, egunero edo egun biz bat seguru, goizean goiz Azpeitira joango zen. Han ondo gosaldu, inguruko baserritarrek baino hobeto, diruz ongi zebilelako, muturra gorri-gorri, animoso-animoso etorriko zen bidean gora bere zaldi eta karro. Azpeititik abiatu eta laster, Lapatx baserria zegoen, orain zabortegia dagoen lekuan. Elur-lapatsa omen zegoen eta lurmen lekuetan bere ardiak larratzen zebilen nonbait Lapatx artzaina. Korreo han zetorren adarrerako prest, eta Lapatx bere ardiekin. Seguru asko ez zuen artalde izugarria izango, tartean herrenak ere bai. Parera iritsi da eta Korreok bere zaldiari, «uo!» esanez:
— Lapatx, artzai ona izateko ardi herren gehiegi daukak!
— Hala irizte al diok? Heorrek'e eingo huke geanta lau-hankan jarriko bahitz (besamotza baitzen).
— Ia! Arre! —esan eta bidean aurrera gure Korreo beste erantzunik gabe.
* * *
Korreo Zaharra beste baten ere Azpeitian ondo gosalduta, ba doa Eitzeta baserri parean gora. Eitzeta zaharra, oraingo hauen aitona, orbel biltzen ari omen zen. Korreo zaharra bere mandoekin bidean gora, animoso zetorren nonbait orduan ere, eta orroa egin omen zion Eitzetari besoa altxatuz:
— Ieu!
Eitzeta jiratu zen eta Korreo besoa altxatuta ikusi zuenean berak ere besoa altxatu omen zion. Ondoren baita beste besoa ere Eitzetak. Korreok, orduan, mandoei:
— Ia! —beste erantzunik ez.
* * *
Txikurik begiak irtenak zituen, anpolai izugarriak. Korreok berriz sudurra zuen izugarri handia. Korreok ardo eta pentsutegia zeukan, baita zaldi karroa ere. Txikuri argindar turbinaren zaintzaile zen. Brusa luzea jantzita, txapela txorroa eginda ibili ohi zuen. Azpeitiar hizketa egiten zuen. Urrestillako kasta izan behar zuen. Korreo, goiko iturrian ari zen, blist eta blast, kupela handiak garbitzen. Hor datorkio Txikuri Begi-haundi ingurura:
— Ai al haiz garbiketan?
— Bai aurten bete're ein beherko'izkiu-ta. Napar alde hortan, hire begiik ainako mahats alek ba omen zerek.
— Aizak, nere begiyek aineko aliek badare, hire suturrekin ein beherko'ek ordun imutue, ontzi hoyek betetzeko.
AGERRETXE, BATISTA
Majadero ikaragarria omen zen. Bizikleta zale bat, nahiko ezaguna, Albizturko aldapan behera zihoala, aurreko erroberako radiotan makila sartu eta buruzgainka bota omen zuen. Gero hark auzitara jo eta multa handi samarra pagatu izango zuen. Ondorenean hala esaten omen zuen:
— Bazeuzkat azio polittak pentsauta, baino diru asko kostatze'ittuk.
ZUAZKETA, JOSE ANTONIO
Zuazketako Jose Antoniok badu apustu xelebrea jokatua. Hamabi orduan berak aizkora egin eta kanako egurra ebaki baietz eta ezetz egin zuten jokoa. Aurreneko sei ordu, Atxukarro aizkoragilearekin aizkora egiten pasa omen zituen eta Anjelusarekin hasi omen zen aizkoran. Aizkora, begian behar bezala itsatsi gabe omen zeukan, eta pozik kontrarioak aizkorak ez ziola iraungo ustetan, baina aizkorak aguantatu eta lanak bukatzeko denbora sobratu.
* * *
Jose Antonio hau gerraondoko izarduna zen. 36ko azken gerra horretako irabazleek aurreko gerrako galtzaile zenbaiti kapitan izarra eman zieten nonbait. Eta gero haiek zaindu zituzten umeei, erretiro-saria eman zieten ez ezkontzeko kondizioarekin.
Hala esan omen zuen zahartuta zegoela:
— Bizitzan makina bat gauza proatua nauk, gerrak eta beste, baina danetan txarrena atzenengo hau: zahartzea.
* * *
Gaixo omen zegoen behin Jose Antonio, eta elizakoak hartuta zegoen aurrez nonbait. Apaiza etorri zaio bisitan eta:
— Zer moduz Jose Antonio?
— Hementxe nitxeok, bate Purgatoriora jun be zerura jun nahita, errezau ta errezau.
* * *
Jose Antonio, Irati aldean basolanean ibili zen eta han Iparraldeko elizaren batera mezatara joanda, sermoian hala entzun omen zuen apaiza, gizonari buruz esaten:
— Heldu zaizko 55 urte, eta harro gizona! Heldu zaizko 60, eta harro gizona! Heldu zaizko 65, hasi da bajatzen, hasi da bajatzen, ondu da gizona! Nei're hoixe pasa zait, ondu in naiz. Zerk ondu du gizona? Ezinak!
* * *
Elizako santuei buruz esan ohi zuen:
— Lehengo santuk bizarra luzea eta lepo mehea izeten zen. Oain ordea, batek baino bestek lepondo earroko gizonak jartze'ittue altarian.
* * *
Iturriozko neskazaharrak galdetu omen zion behin:
— Ze berri dao Errezilen, Joxe Antonio?
— Jendia haserre zebilen. Hildakoei burla asko eitte zeine.
— Hildakoei burla? Ze eitte zeue ba?
— Zea, aitze ez ta kantau, ikuste ez eta argiik piztu, jateik ez eta ogii eman... Hoi baino burla haundioik!
MANUEL JOSE ZUGASTI IGORTEGI
Ezaguna da Errezilen Igortegik botatako bertsoa, tabernan bertsotan ari zirela lagunak nekazari kaskarra zela esan eta hara bere erantzuna:
Arta motzez beteak
saletxe ta borda,
anea banakoak
ziento bat korda,
babarrun mordo bat'e
nunbaitian hor da,
nekazari hobia
laiotzian nor da?
Bidanikoren bati herriko festetan:
Bai gizona aurtengoz ere
herriko festak badatoz,
bisitatxo bat egin ezkero
nahiagoko nuke askoz,
sabela ere beteko dizut
ogitik ez bada artoz,
egun alai bat pasatze ezkero
gure etxeraino zatoz.
Santa Eskean Goiatzen:
Hamar xentimo ekarri ditu
Joxe mozkorran atsuak,
gehiago ez zun edukiko-ta
pranko egin du gaixuak.
EUSEBIO EIZMENDI TXAPEL (1893-1969)
Errezilgo Antxiturbi-goikoa edo Txapel baserrikoa zen, Txapel izenez ezagutu izan dugun bertsolaria. Zestugile lanak Azpeitira eraman zuen bizitzera. 1935 eta 1936ko Bertsolari Guduetan parte hartu zuen.
Bertso hau kantatu zion Zubeltzu bertsolariari, Azpeitiko taberna batean bertsotan ari ziren egun batez:
Fruta politak izaten dira
mixurka eta mizpira,
ta biren bajak justu jotzen du
bederatzitik zazpira,
inoiz gainean egonagatik
joan liteke azpira,
lenago zendun nobia harek
eman al zizun despeira.
* * *
Gizon bat, beti andrea gora eta andrea behera aritzen zen, gizon kaskilen bat noski, eta behin batean, haren betiko jardunaz nazkatuta, bertso hau bota zion Txapelek:
Hamaika aldiz daukazu lehendik
zuk gauza hori esanik,
ez dezazula pentsatu inork
sinistatutzen dizunik;
sekula orain arte ez dezu
egin izandu gauz onik,
zure andria ezkondu zan da
ez zuan hartu gizonik.
Puntuak Txapeli:
Zenbat urte dituzun
nik nahi nuke jakin...
Txapelek:
Bela enteratuko zera
nere esanakin:
gainez eginda nago
berroita birekin,
konformatuko zera
horrenbesterekin.
Puntuak Txapeli:
Azpeitiyan periyan
izaten al zera?
Txapelek:
Laister emango dizut
horren aditzera:
lenguan ekarri nuan
asto bat saltzera,
bidian galdu eta
juan nintzan etxera.
* * *
Gerra-ondoan edo, behin batean, miseriaren gainean ari omen ziren bertsotan Basarri eta Txapel. Basarrik esan zion ez zegoela hain gaizki, kolore onak zeuzkala behintzat, eta Txapelek erantzun:
Ur-esne pixkat gosaitarako,
eguardirako patata,
arratserako edukitzen det
beti gosia galanta;
ardina-zar bi jartzen dizkate
bi aldetara jirata;
sinistu zazu biyotzetikan,
danak egiyak dira-ta.
* * *
Azpeitian, Takolo-Txiki izeneko tabernan, kamiñeroei jaialdiren bat egin zitzaien batean, Txapel ere han zen, eta honako bertso hau kantatu omen zuen:
E'nuke esan nahi zeratenikan
narratsak edo alperrak,
bainan merezi dituzte-eta
esan biaizkat ederrak:
beti geldikan eukitze'ituzte
atxurrak eta palarrak,
gero astuak jan ditzatela
baztarretako belarrak.
* * *
Behin batez, Txapel eta bere lagunak tabernan aurkitzen ziren. Gazte batek burla egin zien… eta Txapelek, zorrotz kantatu zion:
Zure ofiziyua
eskandalu jartzen,
oraindik badakigu
harroak umiltzen,
hemen oso zaila da
tontuak abiltzen,
zu’re zahartuko zera
ez bazera hiltzen.
[…]
NESKA-LAGUNTZEA
Errezildar bat joan da baserri batera neska-laguntzera. Neskaren aita zaharra akordatu nola joan zen eta hor dator kanpora. Ezagutu egin nahi, bada ez bada ere nor zen alabarekin etorritakoa:
— Etorri hai barrua. Traoxka bat eingo'iu alkarrekin —esanez.
Ezetz esaten atrebitu ez eta sartu da sukaldera. Sukaldean kristoren euli pila, orduko baserri askotan ohi bezala. Neskatara joan eta hango aitarekin zer esan handirik ez zuen asmatuko nonbait, zerbait esan behar-eta:
— Bada elbii hemen!
— Ba, ba'akik, elbii elbiina jute'ek.
— Zureana jungo'a pila geanta ordun... —besteak erantzun.
IDI-PARE GAZTEA (ALDIAK)
Errezilgo baserritarren batek eraikuntza lanak izan behar zituen etxean, eta garraio lan handiak izan ohi dira halakoetan. Ohi bezala auzotarren artean aldiak deitu zituen, auzo-lanean garraio-lanak egiteko. Aldiak garraiorako idi-pareak izan ohi ziren.
Bazen baserritar bat, beti idiak oso enpeinu handiz eduki ohi zituena, baina garai horretan nonbait, aldaketa garaia egokitu, zaharrak kendu eta idi-pare gaztea ekarri berria izan behar zuen. Ez zioten deitu garraio-lan horietarako eta min hartuta zegoen itxura denez.
Handik egun batzuetara, feriatik bueltan, etxerakoan, Bentaberrin elkartu ziren ohi bezala, eta denak ere ez ziren egarriak egongo, baina min hartutakoa zegoen nonbait denetan ausartena, eta han hasi zaio bere idi-pare gaztearekin erronkan.
— Lehenguan aldik deitzeakuan ez al zeuan gure premiik. Gure iriik han jasotako kargak jasotzeko indarrik ez dakeelakuan. Gehiena eaman zuanak'e ez zizkin 500 kilo emango. Bota mila duro potroik batek, baietz gue iri-pariak han gora bostehun kiloko kargia eaman.
Lagun-taldeko beste batek esan zion aldamenetik:
— Utzi'iok, moskortuta zeok-eta.
— Bai, hoi're egii dek —besteak—. Oain moskortuta nitxeok, baina hoi moskortu aurretik pentsautakua dek'e!
ZEIN BAINO ZEIN
Errezilgo baserri batean bi mutilzahar bizi ziren. Lurrak preparatzeko garaia zen nonbait eta baserri horrek egundoko soro-zelaiak ditu. Zaldi edo behorrarekin lauhortza hartuta joan dira, bat aurretik eta bestea atzetik. Atera dute diskusioa:
— Lanean hemendik hara hasi beher diu —batek.
— Ez, beti handik honea haste gaittuk. Atzetik zihoanak esan omen zion:
— Bai, bai, hiri etzeok kontra egitteik, beti bezela heorrek nahi dekena eingo'eketa. Arre!
Hala, joan dira bazterreraino, jiratu da aurrekoa, eta arrastoa falta. Atzekoak airean eraman zuen lauhortza. Zein ote egoskorrena?
ANDRE HIZTUNA
Errezilen garai hartan, beste lekuetan bezalaxe, hilean behin ilea moztera joateko ohitura handia zen. Larunbat iluntze baten etorri dira bi lagun ilea moztera. Ilea moztu ondoren kaferen bat hartzen geratu, eta bietako bat animoso samar zebilen nonbait, hasi da musean han zeudenekin. Etxerako konturik ez. Besteak esan omen zion:
— Bihar'e goizo muittu beherko'iu ta ni etxea nitxeak.
— Eon hai lasai! —besteak.
— Ez ni banitxeak —esan eta alde egin du.
Hurrengo goizean berriz topo egin dute mezetarakoan biak, tabernan geratu zena eta etxera joandakoa.
— Atzo animoso samar ikusi hinutan, etxea noiz jun hitzan?
— Atzo batez, gaur goizian...
— Gaur goizea arte eon al haiz? Hik dittuk barrabillak! Andriai ze esan diok?
— Nik eunon bakarrik, beste danak beak esan dizkik.
IKASTOLAN
Herriko eskolara nonbait andereño berria etorri zen, eta egin du bere aurkezpena, Errezilen:
— Ni Marikarmen naiz, zuen andereño berria. Aurten nerekin izango zerate. Pixkana elkar ezagutzen ere hasi beharko degu. Zu zein zaitugu? —lehenbizikotik hasita.
— Ni Mari Karmen! Ni Mirentxu! Ni Joxe! ...
Denek egin dute beren aurkezpena. Ondoren berriro andereñoak:
— Zuek eskolan zer egiten dezuen badakit gutxi gorabehera, baina hemendik irtendakoan zer egiten dezue, etxean? Adibidez, zuk Mari Karmen?
— Nik amai launtze'iot sukaldia garbitzen.
— Zuk Joxe?
— Nik aittai belarra biltzen launtze'iot.
— Zuk zer egiten dezu, Andoni?
— Nik enbaazu!
GANADUAK JETXI
Behin batean errezildar bati esan dio beste batek ferian:
— Ze, ganauak jetxi al dituk? (Errezilen bildu esaten da)
— Ganauak jetxi? Nik ganauak ikuiluan zeuzkeat e, ez ganbaran.
AITONAREN AJEAK
Errezilgo aitona edadetu bat joan da medikuarenera 78-79 urte ingurukoa.
— Zer dezu ba, gizon? —medikuak
— Iño! Nere eskubiko belaun zahar honi begittu'iozu ondo. Hemen bada zeoze. Min izugarrik dazkat.
Begiratu dio eta:
— Ez dauka honek inolako gaitz berezirik. Zenbat urte dauzkazu?
— Hirurogeita hemeretzi.
— Ba, edadiarena da hori.
— Beste belaunak'e baittu ba horrek aina urte!
— Bai, baina... —medikuak filosofatuz— gizona da zuhaitz zahar bat bezela. Zuhaitz zaharrari're lehenbizi adar bat igartzen zaio, eta gero bestea, ba gizona're halaxe.
Egon omen zen gizona pixka baten behera begira, eta esan omen zion:
— Azkenian arrazoia eukiko'zu. Ba'et nik beste aar bat, hoik baino lehen ihartua…