Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo

Iņaki Segurola

saiakera

Alberdania, 2005

 

IN-DE-PEN-DEN-TZI-A!

 

        Ez du ematen, baina bai: independentziaren alde nago. Gure independentzia esan nahi dut, hau da, Euskal Herria deitzen zaion horrena. Independentzia, beraz, baina kontuz: euskaldunkiro edo Euskal gogoaren arabera egitekotan, ez bestela. Gauzak behar bezala egin ezkero, Euskal Herriaren independentzia txit gorabehera handiko gala da, ez bakarrik gure Euskal Herri horrentzat, baina mundu osoarentzat. Portugal, Ukraina edo Andorraren independentziak ez dio erasaten munduari, baina Euskal Herriarenak bai, mundu oso-osoari erasaten dio.

        Eta hona nola: gauzak euskal gogo betiko eta berezkoaren arabera egitekotan (kontuak diferentetuak daude gure mundu txepel honetan, eta ez dira behar luketen bezalakoak edo inoizko mundu zuzen hartan behar zuketen bezalakoak: guretzat japonesa ez da euskara, baina ezta «erdara» ere, eta ezta japones bat «erdalduna» ere; nik badakit erdaraz, baina ez naiz «erdalduna», eta euskaraz dakien japonesa ere ez da «euskalduna» edo «euskaldun bat»...), gauzak berezko eta bere izatezko eran eta eusko metafisika naturalaren arabera egitekotan, beraz, mundua bi parte eginik geldituko litzateke automatikoki, bi estatu soiletan banatua: nola euskara ez den oro erdara baita bere izatez, Euskal Herria ez den guztiak Erdal Herria izatera errenditu beharko luke baitezpada, halako moldez non Euskal Herriaren independentzia onesteak, gauzen berezko arrazoiz eta dialektikaz, behartuko bailuke gainerako mundu-lurralde osoa Erdal Herria izeneko estatu bakarra bihurtzera, eta gainerako mundutar guztiak Erdal Herriko hiritar edo erdalerritar bihurtzera. (Bestela esanda: Frantzia, Espainia edo Trebiņoren mugakide soil litzatekeen Euskal Herriaren independentzia adar-jotze latza da, eskaskeria eta moztadea; Euskal Herriaren zinezko eta euskalgisako independentziak Erdal Herri bakarraren mugakide izatea eskatzen du eta dakar erremedio gabe).

        Nere independentismoari berdintsu zaio mugak non jartzen diren eta lurraldeak ze itxura eta hedadura hartuko lituzkeen mapan. Asuntoa da muga bat jartzea, muga bakar bat mundu zabalean, eta bi estatu sortzea, bi estatu bakarrik mundu zabalean, bata kosmopolittentzat eta bestea euskalpolittentzat. Muga bat bakarra soberan, bi estatu bakarrik soberan: idealetik oso hurbil, beraz, munduan euskaldotrina jator puru-purua ezarri eta beste lanik hartu gabe.

 

 

BONBAREN PRINTZIPIOAK

 

        Azkoitiko Inazio Sudupe «Bonba» zenari, bere 71 urtetan, elkarrizketa bat egin zioten, ederki kostata egin ere. Ez da hau haren biografia edo bizimodu estonagarri eta bulardetsuaren berri emateko lekua, baina bai elkarrizketa hura orain berriro irakurtzean neronek, gogoak halaxe emanik, haren hitzetatik atera edo asmatu ditudan lau printzipioak munduari agertzekoa. Traizio handi xamarra da, badakit, haren orduko esanak «printzipioak» bezalako panpinkeriekin lardaxkatzen ibiltzea, baina zer egingo diogu ba?: nere hemengo jardunak ez dira, inondik ere, harenak. Hauexek dira, bada, nere «Bonbaren printzipioak», errazenetik zailenera:

 

1. printzipioa

        Eztet behiņe botau, alperrikue iruitze zat. Politikie kapitalisten inbento bat da dirue atatzeko.

        Deus ez ele.

 

2. printzipioa

        Emakumik oso dittut gustokuk, danak gustatze zatxit.

        Honek, begiratu batera, ez dauka printzipio baten tankera handirik, baina bada, pentsatzen jarri ezkero.

 

3. printzipioa

        Kartzelie zemat eta haundixo izen, hobe pertsonintzako.

        Kartzela askotan egona zen Bonba bere denboran, Gipuzkuko ixe danetan. Tamainako kartzela ze neurritakoa den erabakitzea ez da gauza erraza, baina dakidana da hor atzean «gure» independentziaz ixuri zaizkidan burutazio ergel horiek eta horien antzekoak oro errotik zapuzten ditudala eta baztertzen, Bonbaren Hirugarren Printzipioaz oroitu bezain laster.

 

4. printzipioa

        Askotan, txarra dana hobie izetea [=izaten da].

        Eta —atrebentziarekin, neronek osatuko dut— ona dana txarraue.

        Printzipio hau, bistan da, printzipioen ukazio zuhur bat da.

 

 

BAKOITZARI BEREA

 

        Mus txapelketa, Umore Ona elkartean.

        1. saria. Afari eder bat eta pare bat gramo, finetik.

        2. saria. Afari eder bat eta larru-paxara bat putetxean.

        3. saria. Afari eder bat.

        4. saria. Afari eder bat eta puri-purian dagoen gairen bati buruzko hitzaldi interaktibo batera joateko gonbidapena.

        5. saria. Afari eder bat eta poesia emanaldi baterako sarrera.

        6. saria, eta azkena. Afari eder bat eta Zientziaren Museora ikustaldi gidatua.

 

 

«EGIA ESANDA»

 

        Egia esanda, hau jasango duen amaren umerik ez dago.

        Eta gezurra esanda, hau mundu zoragarri bat da.

        Beraz, ixildu egiten naiz, eta ea zer gertatzen den, ezer ez esanda.