Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Mikel eta Mikaela

Alaitz Olaizola

haur eta gazte literatura

Erein, 2010

 

        Sekretu bat daukat, sekretu handi-handi bat. Orain ordea, zurekin partekatu nahiko nuke, hartara, bion arteko sekretua izango da. Baina zin egin behar didazu ez diozula inori kontatuko. Tira, nahi baduzu zure lagun onenari konta diezaiokezu, nik orain zuri kontatuko dizudan moduan, zu zarelako nire lagunik onena.

        Gure aitak esaten du ez dela sekreturik eduki behar, baina seguru nago berak mordo bat izango duela. Astebururo baserrira joaten gara eta askotan entzun izan dut Milka txakur txikiarekin berriketan baserriko atarian, ezkutuan, bizkarra gozoki laztantzen dion bitartean.

        Milka txakurra aitak ekarri zuen baserrira eta izena ere berak jarri zion. Hainbeste gustatzen zaio txokolatea aitari, non txokolate izena jarri zion txakurrari!!

        Seguru txakurrari ez zaiola batere gustatzen izen hori. Neuri ere nirea ez zait gehiegi gustatzen, baina tira, izen normala da behintzat. Imajinatzen Danone izena jarri izan balidate? Edo Colacao, edo Kas?

        Milka aitaren txakurra da, baina nirekin ere gustura ibiltzen da. Baserriaren behealdeko errekara joaten gara biok larunbat arratsaldero. Bera igelen atzetik korrika aritzen den bitartean, pagoaren aldameneko harritzarraren azpiko zulo sekretutik nire egurrezko kutxa atera eta jolasean ibiltzen naiz gustura asko.

        Amona Benitak oparitu zidan kutxa duela hilabete batzuk. Baserriko ganbaran topatu omen zuen garbiketa egiten ari zen egun batean. Zahar-zaharra da, baina osorik dago. Giltzaz ere itxi daiteke, baina amonak esan zidan giltza ez zuela topatu. Izan ere, ehun urtetik gora izango dituen kutxaren giltza, auskalo non galduko zen!!

        Arropaz beteta dago kutxa, bete-bete eginda. Nahita ere ezingo nuke kutxa giltzaz itxi! Tartean, amonaren bi soineko ere badaude. Bata berdea eta bestea urdina, lore gorriz apaindutako soineko urdin zoragarria. Berdea amona Benitak berak eman zidan

        kutxa oparitu zidanean. Eta bestea, lore gorriz apaindutako soineko urdina, duela bi aste hartu nuen baserriko ukuilutik. Laster hasi zen amona Benita bere soineko urdina non zegoen galdezka. Aitonari galdetu zion, baita nire gurasoei eta izeba Mariari ere. Eta baserrian bertan bizi den osaba Iņakiri. Gero, bilobei galdetu zigun. Mariaren alabak eta era berean nire lehengusinak diren Miren eta Maialeni aurrena. Gero nire arreba Aneri eta azkenik, niri. Gutako edonor izan zitekeen soinekoaren desagerpenaren arduraduna!

        Iluntze hartan, amona sukaldean topatu nuen.

        —Amona, zure soineko urdina asko gustatzen zait —esan nion.

        —Baita niri ere, Mikel, baita niri ere —erantzun zidan irribarrez.

        —Hain da polita... Nik hartu dut ukuilutik. Zuk oparitutako kutxa zaharrean sartu dut.

        —Zu izan zara, beraz... Banekien, bai!

        —Hainbeste soineko dituzu zuk, amona... eta nik bakarra... Baina lasai, oraintxe bertan itzuliko dizut —esan nion burumakur.

        —Ez mutiko, zuretzako.

        —Ez amona, oso gustukoa duzu eta itzuli egingo dizut.

        —Hamalau soineko ditut logelako armairuan jasota, Mikel, eta beste hainbeste ganbaran. Har ezazu hainbeste gustatzen zaizun soineko urdina zuretzako, opari moduan. Horrela, bi soineko izango dituzu kutxan. Izan ere, aspaldi eman nizun berde hura ere kutxan izango duzu, ezta?

        —Bai amona, txukun-txukun tolestua. Eskerrik asko! —esan nion pozik, indartsu besarkatzen nuen bitartean. Halako amona zintzorik... Zuk, gustuko al duzu zure amona? Nik nirea bai, demontre!!

        Kutxa zaharrean, amonaren bi soinekoez gain, izeba Mariaren zapata gorriak, arrebaren kristalez eta botoitxoz jositako kamiseta zuria eta amaren urre koloreko polita ere baditut. A! Baita tximeleta irudiz apaindutako lastozko kapela bat ere. Urre koloreko poltsaren barruan ispilu herdoildu bat eta margotzen ez duen ezpainetako bat topatu nituen. Amari gauza berriak gustatzen zaizkio, eta poltsa nonbait zaharra izango da. Horregatik eman zion urre koloreko poltsa ispilu eta ezpainetako hutsarekin arrebari, baina arrebak ere gauza berriak nahiago ditu nonbait, eta ea niretzako nahi al nuen galdetu zidanean, dudarik gabe baietz esan nion. A zer suertea nirea!!

        Amona Benita, nire amaren ama da. Amona Benita nire ama baino askoz zaharragoa da, noski, baina antz izugarria daukate. Nik ama bezalakoa izan nahi dut, Amona baino gazteagoa. Nik uste dut ez dudala aita izan nahi, baina bai ama. Lehengusina Mireni titia ematen zion izeba Mariak aspaldi, eta sekulako inbidia sentitzen nuen nik. Baserriko behiek ere titia ematen diete beren txahalei. Nola izan dezake ama batek esnea? Ez dut ulertzen. Ez, ez dut ulertzen, baina nik ere gustura asko emango nieke esnea nire umeei! Ez nago oso seguru nik eman ahalko diedan, baina tira, biberoiarekin ere eman diezaieket. Beraz, ama izan ninteke!

        Gaur zer egun da? Igandea, bai, gaur igandea da. Oporretan gaudenean kosta egiten zait zein egunetan bizi garen ere jakitea! Duela bi egun, ostiralean, errekara jaitsi nintzen  beste askotan bezala Milka txakurrarekin.