Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Torrepeko zaldunak

Alaitz Olaizola

haur eta gazte literatura

Erein, 2009

 

1. AGERRALDIA

 

        1. narratzailea eta zaldun gorria agertuko dira. Asmoa hau da: narratzailea istoriotxo bat kontatzen hasiko da, eta bitartean zalduna, agertokian, alde batera eta bestera mugituko da bere zaldiaren gainean. Narratzailearen istorioari jarraituz egingo ditu mugimenduak. Esate baterako, narratzaileak esaten duenean Euskal Herriko mendietako zuhaitzez zeharo maitemindu zela, zaldunak, zalditik jaisteko keinua egin ostean, zuhaitz enborra laztantzen arituko balitz bezala egin beharko du, eta zuhaitzaren garaiera adierazteko, gorantz begira jarriko da.

 

1. NARRATZAILEA

        Duela hirurehun urte, Torrepe mendian, zaldun gazte bat bizi omen zen. Ez omen zen euskalduna jatorriz. ZALDUN Galizia aldean jaio zen, eta egun batean, zaldia hartu eta bidaia amaigabe bat egiteko asmoz, Galiziako mugetatik urrundu omen zen bere zaldi zuriaren gainean. Kondairak dioenez, Euskal Herriko mendiak ikustean, erabat maiteminduta geratu omen bertako pago eta gaztainondoez. ZALDUN Torreperako bidean, kobazulo bat topatu, eta bertan bizitzea erabaki omen zuen.

 

ZALDUN GORRIA

        Hauxe bai paraje ederra!! (Alde guztietara begira). Lokotx, zer diozu? (Zaldiari. Zaldia gezurrezkoa denez, zaldunak mugiaraziko du, buruaz baiezkoa eginez). Hementxe biziko gara. (Zaldia lurrean utzita, paseo txikiak ematen hasiko da, narratzaileak jarraitzen duen bitartean).

 

1. NARRATZAILEA

        Zaldunak ezpata eder bat zeraman gerrikoan sartuta. Zaldun ausarta zen, eta ezerk ez zuen beldurtzen.

 

ZALDUN GORRIA (Ezpata eskuetan hartuta)

        Nirekin bazauzkat, (ezpatari) ezerk ez nau izutzen.

 

1. NARRATZAILEA

        Negua zen Torrepe mendira iritsi zenean. Hotza egiten zuen eta elurra ageri zen bazter guztietan. Kobazuloan sartuta pasatu zituen hiru hilabete luze. (Zalduna agertokiaren izkina batean kuzkurtuta ikusiko dugu bere zaldia laztantzen). Bere ezpataren eta Lokotx zaldiaren konpainia baino ez zuen izan denbora horretan guztian. Halako batean udaberria iritsi zen, eta elurra urtzearekin batera, Torrepe mendiaren magaleko herritarren bisita jaso zuen. (Narratzailea desagertu egingo da).

 

        (Hiru gizon eta bi emakume agertuko dira, nekazariz jantzita eta lanabesak eskuetan dituztela: eskuareak, otarrak... Torreondoko biztanleak dira.

        Zalduna ez dute berehalakoan ikusiko, nahiz eta alde batera eta bestera mugitu, mendian gora joango balira bezala).

 

MANUEL

        Negu gogorra izan da aurtengoa.

 

JOXE

        Zorionez, negurako nahiko abar biltzeko aukera izan genuen udazkenean.

 

ANTTONI

        Gurean, hotza pasatu dugu ba.

 

ELENE

        Hotza?

 

ANTTONI

        Gure baserria, toki laiotzean dago, badakizu.

 

JOANES

        Nola moldatu ote dira Torregertuarrak?

 

JOXE

        Auskalo!

 

MANUEL

        Joan den urteko udazkenaz gero, ez dut Torregertuar bakar bat ere ikusi.

 

ANTTONI

        Beharrik ere ez!

 

ELENE

        Egia. Torreondotarrok baditugu kezka garrantzitsuagoak!

        (Zalduna, jendea ikustean, zutitu egingo da).

 

ZALDUN GORRIA

        E! Aizue!

        (Nekazariek, buelta eman eta zalduna ikustean, pauso bat emango dute atzera, lanabesak eskuetan erasorako bezala hartuta).

 

MANUEL

        Nor zara?

 

ZALDUN GORRIA

        Zaldun gorri ezpataduna nauzue. (Ezpata erakutsiz)

        (Besteek, ezpata ikustean, elkarrengana hurbildu eta beste pauso bat atzera egingo dute.)

 

ZALDUN GORRIA

        E! (Ezpata gerrikoan sartuz). Ez dizuet minik egin nahi.

 

JOXE

        Zer ari zara hemen?

 

ZALDUN GORRIA

        Lokotx zaldia eta biok urrutitik gatoz, Galiziatik.

 

ELENE

        Zer ari zaren hemen galdetu dizu. (Haserre).

 

ZALDUN GORRIA

        Paraje eder honetaz maitemindu naiz, eta hementxe pasatu dut negua.

 

ANTTONI

        Egin duen hotzarekin eta bakar-bakarrik? (Harrituta)

 

ZALDUN GORRIA

        Lokotx zaldi zintzoaren hatsak bero mantendu nau. Baina, goseak nago. (Eskua sabelera eramanez).

        (Nekazariak, lanabesak jaitsiko dituzte. Zaldunaren zintzotasunaz jabetuko dira).

 

JOANES

        Elene, geratzen al zaigu saskian gosaritarako prestatutako ogi zatirik?

 

ELENE (Saskitik ogi zati bat aterata).

        Tori. Daukagun guztia da. (Zaldunari ogi zatia luzatuz).

 

ZALDUN GORRIA (Ogia dastatuz)

        Oooo! Hauxe bai ogi gozoa! Hemengo zuhaitzen abarrekin egindako su beroaren zapore fina dauka.

 

JOANES

        Bai, azkeneko abarrekin egina da.

 

MANUEL

        Negu gogorra izan da aurtengoa, eta gordeta geneuzkan denak erre ditugu bero mantendu ahal izateko.

 

JOXE

        Gehiagoren bila goaz orain.

 

ZALDUN GORRIA

        Utzidazue zuekin joaten. Gustu handiz lagunduko dizuet zeregin horretan. (Nekazariak elkarrengana hurbilduko dira eta zaldunak ez entzuteko moduan hitz egingo dute).

 

MANUEL

        Zer diozue?

 

ELENE

        Gizon indartsua dirudi.

 

JOXE

        Torregertuarren adiskidea bada, zer?

 

JOANES

        Ez dirudi. Badirudi, inguruetan ikusi dituen gizaki bakarrak garela.

 

ANTTONI

        Ezpata mardul bat dauka...

 

MANUEL

        Badakit zer pentsatzen ari zaren, Anttoni. Aurkari gogorra izan daiteke... Baina adiskideak egiten bagara...

 

JOXE

        Hori da! Adiskideak egiten bagara, Torregertuarrak baino indartsuagoak izango gara.

 

ZALDUN GORRIA

        Zer diozue?

 

ELENE

        Goazen. Elkarrekin batuko ditugu abarrak.

        (Bost nekazariak, zalduna eta zaldia desagertu egingo dira).