Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Egun beltzetan jolas beltzak

Fernando Morillo

haur eta gazte literatura

Erein, 2008

 

OROITZAPENAK

 

        Ekaitzaren ondoren, sarritan, ekaitz gehiago baino ez da etortzen. Zer esango dizuet? Guztion bizitzetan dira malkarrak, mendetasunak eta lokatzak. Nirea ere ez da horretan batere ezohikoa izan.

        Zorionez, enbata odolzalearen erdian zaudela ere, ez zara beti horren jakitun. Alegia, buruak sorgindu egiten zaitu, zoriontsu zarela pentsatzera iritsi zaitezen eta ondoezari hobeto eutsi diezaiozun. Horietan, zure zerbaitek ez dizu ikusten uzten betiere ikusi beharko zenukeena, begien aurre-aurrean izan arren. Irautea deritzo egoera horri.

        Gudaoste bat bizi izan nuen haurtzaroan. Zenbait urtez, gogortzat jo nuen garai mikatz hura, baina apurka, urteei zor diedan esperientzia ardatz, dagoeneko bestela ikusten hasi naiz orduan gertatutako guztia. Haurtzaro gehienetan baitago gudaoste gupidagabe bat. Gutxienez. Zer axola dio literala izatea edo metaforikoa, bietan ere zeurekiko eragina analogo samarra bada, pare-parekoa ez esatearren? Azken batean, kaka-mokordo guztiek oso antzeko itxura daukate. Eta guztiok atera behar ditugu barrutik, onik euste aldera.

        Oso litekeena da nire gudaostea eta zuena berdinak ez izatea, baina zalantzarik gabe izango dira bietan antzeko hari, fruitu gozo eta negar saminak. Horren arabera balioetsi eta dastatu datozen lerrook. Horren arabera erabaki zenbateraino izan daitezkeen egia edo sineste sendoa (eta beraz, okerra).

        Nire orduko bideari hasiera emateko, esan behar dut oso nahaspilatsua eta mugitua izan zela. Merke saltzen dira ametsak zeinahi gudaosteren giro irabiatuan, eta jolasaren maskara bihurtzen da askoren euskarri. Hura izan zen, niretzat ere, sostengua: abenturak eta ametsak eta katamaloak adiskideekin batera. Kanpo- eta barru-mozorro etengabeak.

        Denbora luzea joan da gaztea nintzenetik, baina sasoi hartako hauts-zaporea geratzen zait oraindik aho sabaian. Izerdiaren eta itxaropenaren zaporea. Lurrarena eta gosearena. Haurrak gineneko dibertsio eta algararena. Noiz edo noiz inguratzen gintuen isiltasun latzarena.

        Maiz zaurgarriegia bilaka daitekeen (eta bilaka ohi den) nostalgiari ez diot sekula aukera handirik eman nahi izan. Edonola ere, inoizka, hemen, balkoian eserita eta lainoak beltzez eta amorruz janzten direnean batik bat, gudaosteak orduan nire baitan utzi zituen koloreak hartzen du guztia. Gaur bezala. Gaur, eguraldi zakarra dator. Furfuriatsua eta marmartia. Bizia, ene. Hain bizia!

        Gogoratzen hasi naiz. Ametsa, zartadak, misterioa, tabua, sexua, odola. Merezi zuena. Eta dena.

 

 

RUIZ JAUNA

 

        Zehatz dezadan lehenbailehen. Beltza da haragian sarturik geratu zitzaidan kolorea, baina ez, inola ere, orduan geneukan bakarra. Beltza soilik? Kolorerik eza? Baita zera ere! Ondotxo dakit: oroimenaren ispilatze koldarra baino ez da hori. Alegia, norberaren historia hamaikagarrenez idatzi behar izatea, zeinahi ere koloreri itsatsita aldika; oroipenen mertzenarioa zenik ez zekien mertzenarioa izan bainaiz (azalekoak ez diren bestelako egia batzuk ere existitzen zirela espreski ahaztu nahian betiere).

        Bada bai, horietariko pertsonaia bat izan naiz, haiek eta hauek eta zuek gehienok bezala.

        Gaur ez naiz izango. Ez dut nahi.

        Oroitzapen ikaratia besterik ez da beltza. Etorkizunak eratutako olio-geruza. Guretzat, auzoko neska-mutikoontzat, egun haietan ez zen gau kolorerik! Okerrenean ere, basamortu-ertzeko landareen moduan azaltzen zen bizia han-hemenka, ozar eta kementsu. Horrela, aski arretaz jardunez gero, bizitasun oihuak entzun zitezkeen aiene eta hasperen guztien azpian. Bada, gu ginen desertuetako landare asmoausart eta burugabe haiek, bizitzaren lekuko iskanbilatsuak.

        —Oraingoan gu gara soldaduak eta zuek hanka egin behar duzuenak. Aire!

        Gure haur-jolasak gudaren giroak kutsatuta zeuden sarritan. Ihesak, batailoiak, gudaldiak: ezagutzen genuen hura. Noski, izaten genituen bestelako dibertsio batzuk ere, gure berri-gosearen asegarri. Esate baterako, Ruiz jauna etortzen zen bakoitzean.

        Ruiz jauna erdi-txotxongilolari potolo eta gor samar bat zen. Guda hasi aurretik, zirku batean egiten omen zuen lan. Batzuetan pailazo, besteetan mago edo aurkezle, pixka bat han, pixka bat hemen. Hori diote behintzat gure auzoko zaharrek, historia osoko kronista saiatuenak.

        Gudak semea eta emaztea lapurtu bide zizkion, eta Ruiz jaunak gizarte-kate guztiak hautsi zituen orduan, oso bestelako lotura batzuk moldatzeko. Haizeari lotu zitzaion. Eta musika eta ametsari. Biraderadun organo zahar bat hartu eta herriz herri ibiltzen hasi zen, Adreilu izeneko tximino bat lepoan zuela (eta ez galdetu nondik zetorren izen hura, inoiz ez genuen jakin eta). Laster barreiatu zen gizon haren historia tristea, beste hainbesteren historiaren antzekoa, eta jende askok diru pixka bat uzten zion aldian-aldian, edo etxean jatera gonbidatzen.

        —Gizon zintzoa zelako —argitu zigun behin okinaren emazteak—. Eta oraindik ere badelako.

        Nik horrela ezagutu nuen, oro har kanta alaiak abesten zituela, organoa eskuetan eta tximinoa lepoan.

        —Ruiz dator, Ruiz dator! —aztoratzen ginen auzoko neska-mutilok, bihotza bete poz.

        —Nork nahi du pare bat gozoki? —galdetzen zuen gizonak.

        Haren inguruan orbitatzen genuen, partikula algaratsu batzuen gisara, eta Ruiz jaunak, esate baterako, zenbait magia trikimailu egiten zizkigun, sinpleak bezain pozgarriak. Edo bizpahiru kantu abesten zituen, edo dozena bat txiste kontatzen. Amaieran, tximinoarekin jolas egiten utzi eta bina gozoki hartzen genizkion.

        Noizean behin, malkoka hasten zen gurekin jolasean ari zela. Guk harriturik galdetzen genion zergatik (eta nolatan!) egin zezakeen negar, barrez ari zen bitartean. Berak ez zigun sekula erantzun, eta denborarekin baino ezin izan nuen ulertu jokaera bikoitz haren arrazoia.

        Gizon zintzoa, Ruiz jauna.

 

 

BELTZA

 

        Beste bat izan nahian iristen zara zu zeu izatera. Batez ere gaztetan. Bizipen ororen ehizan zabiltzanean, ereduak behar dituzu arnasa baino gehiago. Mendi igoezinak konkistagarriak direla sinesteko.

        Haurrez eta nerabez beteriko mundu hartan, Beltza zen gure heroi nagusia. Beltza izan nahi genuen, gainerakook inoiz ukituko ez genituen mapamundiak eta baliabideak ezagunak zituelako. Edo hala sinetsarazten zigulako maisuki.

        Beltza genuen amets eta helburu, eta men egiten genion, birritan pentsatzeke, haren ahotik irtendako guztiari. Gu baino «askoz» zaharragoa zen; bizpahiru urte gehiago bazeuzkan, gutxienez (jakina, nerabezaroan tarte astronomikoa da hori). Oraintxe, Beltzaren moduko gazte baten aurrean, munta txikiko lapurtzat baino ez nuke hartuko, ziur asko. Ai, zorigaitza. Urteek aurrera egiten dute, eta neure buruari gezurretan aritzeko gaitasuna higatu egin zait. Orain dakidana ez nekien garai hartan. Horrexegatik nengoen biziago orduan.

        Kontuak kontu, Beltza dena zen: erraldoia eta epaile, gidari begi-zoli eta anaia; ziurgaitzaren eta oihan arriskutsuaren deia; kitzika eta zalantzaren dantza. Robin Hood ere deitu izan genion epe labur batez, baina izen txikiegia iruditu zitzaigun, jainkotzat baikenuen Beltza, bidelapur xumetzat baino gehiago. Hilezkorren multzokoa zen erabat.

        Denetik zekien eta guztiari buruz zeukan iritzirik ahaltsuena eta eztabaidaezinena. Nora joan, zer egin, noiz arte eta zertarako: Beltzak argitzen zizkigun duda-muda guztiak. Haren oldarrak, haren suhartasunak edozer irenstera eramaten gintuen. Gu saguak, hura Hamelingo txirularia. Beltzarekin, guztia baitzen posible gure begirada tolesgabean.

        —Egunen batean, inguratzen gaituen kaka hau guztia aldatuko dugu —esaten zigun, esate baterako. Gizarteaz, erlijioaz nahiz politikaz mintza zitekeen. Hori gutxienekoa zen. Garrantzia zeukan bakarra zen egoera (zeinahi egoera!) onartezina zela, Beltzaren iritziz, eta gutxien espero genuenean kristorenak egingo zituela dena gainazpikatzeko.

        —Gehiegikeriak —esaten zigun, txutxu-mutxuka, gure arrazoimen txikiak—. Gehiegikeriak.

        Beltza bazter-nahasle eta endredatzaile samarra zenez, ez gutxitan mintzen zuen gutako baten bat. Haatik, harekin haserreak gainezka egonda ere, aski zuen urre-antzeko dozena bat hitz distiratsu ekartzea ahora, eta voilā, ostera ere zintuen adiskiderik minena. Senezko jakituria zeukan gizakiekin. Inguruko gizonek berek adinkidea balitz bezala hartzen zuten, eta hura gutxi ez eta tunante hark herri osoko neskatxa eta emakume guztiak maitatuak zituen. Ez zien muzinik egiten, ez horixe.

        Beltza genuen gure bizitzako filmaren zuzendaria. Ez zegoen haren hitzik konpondu ezineko arazorik, eta hark esanak lege ziren guretzat. Horregatik ahalegintzen ginen hura izaten isilean.

        Gau-tximeletak bonbilla batengana doazen bezalatsu sorgintzen gintuen Beltzaren iluntasunak.