Fernando Morillo
haur eta gazte literatura
Elkar, 2007
MEHATXUAK
—Eta hi laguna al haiz? —lehertu zen Unai—. Joan hadi porkulo hartzera, Aitor. Aditzen al duk?
Aurrez aurre eserita zeuden, Azpeitiko Pastorkua tabernako mahai batean.
—Lasaitu hadi pixka bat —erantzun zion Aitorrek—. Hik zer uste duk, gozoki bat erostea bezala dela?
Unaik batera eta bestera mugitu zituen eskuak. Oso urduri zegoen.
—Ea ba, Aitor. Azalduidak: hi ni baino motzagoa hintzen. Lotsatiagoa. Txikiagoa!
—Txikiagoa nauk oraindik ere —bota zion Aitorrek irribarrez.
—Kabenzotz, Aitor! Bai, txikiagoa haiz. Baina ez haiz lehengoa. Aldatu egin haiz. Lortu egin duk. Hik neskatan egiten duk. Neska batengana joaten haiz, hitz egiten duk... eta eraman egiten duk!
Aitorrek hasperen labur bat egin zuen. Unai ez zegoen batere ondo.
—Hori ez duk egia —Aitorrek.
—Letxeak! —ihardetsi zion Unaik, aztoraturik—. Letxeak ez duk egia. Nik ez diat ehuneko ehun nahi, Aitor. Bat! Bakar batekin ere...
Alboko leihotik kalea ikusten zuten. Euria hasi zuen, barra-barra.
—Aber ba, Unai. Har ezak lasai. Joaten al haiz? —galdetu zion Aitorrek, esku batez lagunari baretzeko adieraziz—. Noiz hurbildu haiz azkenekoz neska batengana?
Unaik besoak gurutzatu eta ezpainak estutu zituen. Berehala zabaldu zituen berriro besoak.
—Ezin diat. —Unaik hatz erakuslea airean astindu, eta Aitorren aurpegitik zentimetro pare batera utzi zuen—. Ezin diat, baina hik ere ezin huen! Urteak dituk jada ezagutzen haudala. Akordatzen al haiz? Akordatzen al haiz nola blokeatzen hintzen, nola katigatzen hintzen? Ni oso ondo akordatzen nauk ba! Eta orain... hi ez haiz lehengoa. Hi ez, baina ni bai. Ni orduko kalamidade bera nauk. Kontadak behingoz nola egin duan, ostia!
—Esan diat: ez duk hain err...
—Diossss, ez didak batere laguntzen, e? Dirua emango diat. Nahi duana egingo diat. Baina laguntzen ez badidak, potroak moztuko dizkiat.
—Neskatan egin nahi baduk...
—Nahi? Nik ez diat neskatan egin nahi. Nahi, lehen nahi nian. Orain behar diat!
Unai mututurik geratu zen bat-batean. Zerbait esan behar zuela zirudien, baina ez zela ausartzen. Aitorrek antzeman zion, eta zain geratu zen.
—Hi, Aitor —hasi zen Unai, azkenean—, sekretu bat kontatuko diat. —Begira-begira geratu zitzaion lagunari—. Sekretua.
—Sekretua. Bota.
—Neska bat zegok...
—Itxura hori hartzen nioan. Nahiko gardena izan haiz beti.
—Sekretua, e? —ekin zion Unaik.
—Baietz, ba.
—Amagoia... Amagoia ezagutu nahi diat.
—Hire portal alboko denda txiki horretako...? —galdetu zion Aitorrek.
—Huraxe.
—Koņo, koņo, koņo. Amagoia! Harekin txoratu al haiz?
—Kabenlaputa... Ixo! —jaurti zion Unaik, batera eta bestera begiratzen zuela. Ez zen lasaitu, inork kasurik egiten ez ziela ikusi arte—. Hitz egin ezak baxu. Amagoia ezagutu nahi diat, baina... ez nauk kapaz.
—Nahi al duk ni harengana joatea eta...?
—EEEEZ!! —eten zion Unaik berehala—. Ez. Jada ez zeuzkaagu hamabost urte, txikito. Joatekotan, nik joan beharko diat. A zer-nolako itxura, bestela. Zer pentsatuko likek nitaz?
—Joan hadi, orduan.
—Hori duk ba kontua. Artaburua nauk! Ez zeukaat potrorik. Ez nauk sekula ausartu. Ez nauk inoiz neska batekin egon!
—Hogeita hiru urte dauzkak, ez?
—Hik bezala.
—Eta ez duk hamabostekin bezala jardun nahi... baina hamabostekin, horixe egokitzen zenean, ez hintzen horrela jardun.
—This is Euskal Herria! —bota zuen Unaik, 300 filmeko Leonidas espartar erregearena eginez—. Hemen koadrilakoekin egoten haiz, kirola egiten duk, edan, eta sexuaz hitz egin. Baina neskak... ezta usaindu ere! Hi eta hi bezalako putaseme batzuk izan ezik.
—Ederki ari haiz. Horrela eskatu behar al didak laguntza? Putasemeka?
—Ulertzen didak, Aitor. Inbidia duk. Eta gosea. Eta beharra. Zer esperientzia diat? Zero. ZERO! Nesken mundu horiek oso urruti zeuzkaat. Oso. —Unaik besoak gurutzatu zituen—. Ea ba, hi ez haiz tipo guapoa.
—Hara, beste lore bat. Putasemea, zatarra... Zer duk hurrengoa?
—Hi ez haiz tipo guapoa, eta ez ezak txorradarik esan.
—Tira, onartzen diat —esan zuen Aitorrek, barrez—. Ez nauk guapoa.
—Ez, ez haiz guapoa, BAINA —eta ozenago bota zuen azken «baina» hori— lehen inondik inora ez heukan zeozer lortu duk.
—Bai, urte batzuk eta pare bat kilo gehiago.
—Entzuidak, joder! —kexatu zen Unai—. Nik ere urte gehiago ditiat, eta txilbor handixeagoa heurea baino.
—Sasoia ere hobea daukak. Baina harira.
—Harira. Hik ikasi egin duk. Aspalditik ezagutzen haut, eta gainera hortik zehar galdetzen
ibili nauk. Hik Gollum-ek baino gutxiago ligatzen huen hamabost urterekin.
—Dexentez gutxiago —aitortu zion Aitorrek barrez.
—Baina denborarekin obsesionatu egin hintzen. Ikasteari eman hion. —Unai behera begira geratu zen—. Gauza bat esango diat: lehen, barre egiten nian hire lepotik. Beti lelo berarekin henbilen: neskak gora, neskak behera. Neskak eta neskak eta neskak. Astuuuuna hintzen. Eta ni baino alprojagoa. Zer egingo huen ba! Alprojatzat hartzen hindudan. —Esku bat sorbaldan jarri zion lagunari—. Joder, Aitor, orain alproja ni nauk. Eta hire laguntza behar diat... Esadak zer egin behar dudan... —Ukabila erakutsi zion—. Edo akabatu egingo haut. Hik ikusi.
Barre egin zuten biek.
—Benetan gaizki hago —esan zion Aitorrek.
—De puto kulo. Lagunduko al didak?
—Gure artean geratuko al da?
Unaik sekulako besarkada eman zion lagunari.
—Sekretua —Aitorrek.
—Sekretua —Unaik.
Hurrengo egunerako geratu ziren.