Fernando Morillo
saiakera
Alberdania, 2000
LEPO GAINEKO AZAREN ERABILPENAREN SORRERA
Trumoi urrun bat entzun zen. Zerua gero eta ilunago zegoen.
—Oraindik ez didazu esan noiz jaio ziren —gogorarazi nion.
—Beno. Arrazoiaren historia onartuan, edo ortodoxoan, nahiago baduzu, K.a. VII. mende inguruan kokatzen duzue mugarria, Grezia inguruan. Nabigazioan izugarrizko aurrerakuntzak egin ziren orduan, eta horren ondorioz, arras ugaldu ziren bidaiak. Bestelako herri dezente ezagutu zituzten orduko greziarrek, eta haiekin batera, haien mitologiak. Hor hasi ziren aurreneko buruhausteak.
—Garai ederra zen hura, ezta? —beti erakarri izan nau iraganak. Are gehiago Grezia Klasikoko distira barrabasa eta bizia baldin bazuen.
—Zuek beti nostalgiari lotuak.
—Ez al zen, ba, garai ederra? —harritu nintzen.
—Ez al da zurea garai ederra?
—Beno —hitzik gabe geratu nintzen segundo batzuez—. Zu ezagutu zaitut behintzat.
Irribarre egin zuen eta uraz zipriztindu ninduen segidan.
—Ez zen garai txarra, ez —ohartu zuen azkenean, eta haren izozkiarenak egin zuen. Azalpenarekin jarraitu zuen, beso mugimendu biziez lagundurik. Haur bati erakusten ariko balitzaio bezala. Bera izango balitz bezala haurra—. Greziarrena nahiko herri... interesgarria zen. «Ņo», pentsatu zuten, «Hamaika herriren mitologiak ezagutu ditugu. Primeran. Baina horrek arazo aipagarri bat sortu digu. Herri bakoitzak bere mitologia dauka, eta egiazkoa berea duela uste du herri bakoitzak. Gainera, zein bitxia. Begira: Afrika beltzeko herrientzat, jainko pertsonifikatuek azal beltza dute; Europa erdialdean dauden herrientzat, berriz, azal argia dute, eta ilehoriak dira, beraiek bezala; gure jainkoek, aldiz, ile beltza eta kizkurra dute, gure antzera. Eta hori gutxi balitz, lege eta agindu desberdinak ematen dituzte delako jainkoek. Kontraesankorrak, askotan. Hainbeste jainko ote dago, ba, munduan?».
—Horrek eszeptizismo nabaria ekarriko zien, nik uste —suposatu nuen.
—Hain zuzen. Ikusi zituztenak ikusita, ez ote zen izango, jainkoen eta mitoen mundu hori guztia, gizakien asmakeria hutsa? Garai hartan, Grezia inguruko zenbait pentsalari tradizioak gainditzera ausartu ziren. Horregatik hartzen da Grezia arrazoiaren sorleku bezala. Pentsamolde berri bat taxutu zutelako.
—Kaka!
—Zer?
—Ez, ez, barkatu. Izozkia erori zait-eta elastikoan... —azaldu nion zera baino gorriago. Egundoko barre karkara egin zuen Zientziak—. Jarraitu, jarraitu —eskatu nion, eta bitartean itsasoko urarekin ahalegindu nintzen garbitzen. Orbana zabaldu baino ez nuen egin, ordea. Popatik hartzera. Garbituko nuen etxean.
—Bai. Ba, zera, mito horiek guztiak aztertzen hastean, beste zerbaitetaz ere ohartu ziren. Mito guztien azpian, esentzia bera zegoela ondoriozta zezaketela. Izan ere, egia bakarra izango balitz, mito guztiak egia horren interpretazioa baino ez lirateke izango. Denetan, antzeko oinarria ezkutatzen zen: azaldu nahia. Atzeman ezin zena konprenitzeko desira. Eta esentzia edo mami haren bila hasi ziren, jainko mitologikoen laguntzarik gabe. Lege natural soilaren bitartez. Hortxe izan zen. Hortxe abiatu zen, bada, arrazoia. Hortxe jaio zen munduaren ikuspegi zientifikoa. Ustezkoa, behintzat.
—Nola ustezkoa? Ez al zinen, ba, orduan sortu? —galdetu nion.
Berak burua mugitu zuen, batera eta bestera.
—Gauzak...
—Ja —moztu nion—. Gauzak ez dira hain errazak.
—Horixe bera. Inoiz ez. Nolabait esateko, orduan, kontzientzia hartu nuen. Bizi nengoelako kontzientzia.
—A —murmurikatu nuen, tonto antzean. Eta izozkiaren azken zatia irentsi nuen—. Kontzientzia.
SASIKUMEA
Orain bai, eta ez bakarrik gramatikalki, euria hasi zuen. Gogotik, gainera. Uretatik irten eta zapatillak jantzi genituen.
—Joango al gara alde zaharrera? —proposatu zidan—. Blai eginda amaituko dugu bestela.
—Bale, konforme. Goazen.
Nire aurretik abiatu zen. Une batez begira geratu nintzaion eta bera lasai ederresteko aukera izan nuen. Totolotzeko arriskuan nengoen. Banekien. Kontuz ibiltzen ez banintzen, txoratu egingo nintzen. Eta ez nuen nahi.
—Ba al dakizu zer gertatzen den? —hasi zitzaidan berriro—. Nire jaiotzaren kontuarekin, oso ohikoa da (nik neuk ere horrela azaldu dizut), arrazoiaren sorrera, Grezia klasikoan kokatzea. Gehiegikeria nabaria den arren. Nola sortuko zen, bada, arrazoia bezalako ezaugarria (hain unibertsala batzuetan, hain urria, antza, beste hainbatetan), nola sortuko zen, nioen, horrela, besterik gabe eta bat-batean? Eta hain leku zehatzean? Gainontzeko herriak, arrazoigabeak, irrazionalak (tontoak) ote ziren?
—Ez dut uste. Edo ezetz pentsatu nahi dut, bederen —jarraitu nion—. Zuzen egongo zara. Pentsatzen jarriz gero, oso zaila da sinesten, pixkanakako prozesua izan ez zenik.
—Horrexegatik. Ezinbestekoa da pentsatzea, zer dakit nik, Indian aurrerapen txiki bat egin zela ez dakit zertan; Egipton beste ez dakit zer aurkitu zela; Mesopotamian auskalo zer kalkulu garatu zirela... eta beste hainbat eta hainbat aurrerapauso infinitesimal. Txikiak, baina jarraituak. Handik pixka bat, hemendik beste pixka bat, eta ezaguerak aurrera egingo luke, urratsez urrats.
—Zuk jakingo duzu nik baino hobeto —onartu nuen—. Dena dela, zure izenarekin gertatzen zen antzerakoa izango da. Zientzia. Izen laburra da. Egokia. Gizakiok, inguratzen gaituena sinplifikatzeko premia izango dugu. Ezinbestez. Horrelakoak egitea oso baliagarria baitzaigu geure ereduak errazteko. Gure mundua ulergarri bihurtzeko. Horregatik kokatuko dugu hortxe, Aro Klasikoko Grezian, arrazoiaren sorrera. Nonbait kokatu behar.
—Bai, bai. Ulertzen dut. Gainera, greziarrek beraiek, askotan behintzat, euren lorpenak larregi berezitzat izan ez zituzten arren, ezin dut ukatu talentu miresgarria eta aparteko jenioa erakutsi ez zutenik, beraien unibertsoa aztertzeko, neurtzeko, eta halaber (eta segur aski funtsezkoa bezain garrantzitsua izan zena) haiez gozatzen jakiteko.
—Seguruenik, ezaguera berriak eskaintzea baino, begiratzeko era berri bat ekarri zuten gehiago greziarrek.
—Hori da. Ez dago gaizki esanda —losintxatu ninduen. —Baina gogoratu beharko genuke, jende argia edonon aurki daitekeela, ezta? —esan nion.
Pikaroki begiratu zidan eta tonu bihurrian jarraitu zuen.
—Baita jende inozoa ere, hara. Zenbaitetan, bi ezaugarriak batera doaz, gainera.
Taberna bat seinalatu zidan. Harantz egin genuen.
—Nortzuk izan zenituen gurasotzat, orduan? —galdetu nion.
—Sortu, sortu, Grezia onartuko nuke sorterri bezala. Baina gurasoak... aita eta ama ugarikoa naiz ni. Sasikume hutsa. Baina ez esan barren!