Fernando Morillo
nobela
Elkar, 2002
PUTITOURRA
—Etorri! —oihukatu zien Alexek.
Plaza atzeko aparkalekura eraman zituen beste hirurak. Ez zebilen inor inguru hartan. Bi farol nekatuk argi ahulez bustitzen zuten lekua. Itzalak ziren han, beste ezer baino areago, jaun eta jabe.
Itzalak eta gaua.
Beltza beltzaren gainean.
Alexek airea usaindu zuen, otsoen antzera. Gauak zirrara zekarren. Burua itzuli, eta lagunei begira-begira geratu zen.
—Bueno, zer, prest al zaudete?
Larunbata. Goizeko ordu bata. Goizegi la edozertarako.
—Prest? Zertarako?
Saguzar batek lau lagunen buru gainetik planeatu zuen. Bizpahiru hegaldatze ero egin zituen, norakorik gabe bezala, eta gero desagertu egin zen.
—Gaur putitourra egin behar diagu.
—Puti zer? —harritu ziren. Hirurak.
—Putitourra.
Kaskamotzak eta besoan tatuaturik zeraman pirata-banderak azkar nabarmentzen zuten Alex lagunen artean. Geldiezina eta oldartsua, hilabete eskasa zen hamazortzi urte bete zituela, eta ospatu egin nahi zuen. Bere erara. Alexen begi ilunek basatasun puntua izan ohi zuten. Gau hartan, ordea, gau hartan areagotua zegoen haien berezko distira hezigaitza.
Lagun taldeko liderra zen. Eta bazekien.
—Zer esan nahi duk? —galdetu zion Imanolek, bekokia zimurtuz. Bere gorputz argal eta luzea teinkatu egin zen une batez. Ile kizkur luzeak aurpegi erdia estali zion. Esku batez kendu zuen, atzera botaz, eta kokospekoa laztandu zuen gero.
—Hik zer uste duk? Alexek burutik heldu zion lagunari, brometan, eta lehen baino gehiago nahasi zuen haren ile kizkurra—. Lasai: uste duana baino zerbait gehiago egingo duk laster.
—Ez adarrik jo. Hi ez hago ondo ganbaratik —bota zion besteak, Julenek, asaldaturik. Batera eta bestera mugitu zuen burua, berezkoa zeukan mugimendu bitxiarekin, eta «zora-zora eginda hago» esanez bezala. Juleni Bronto esaten zioten lagunek, askotan, lepoa luzaturik eta zuzen-zuzen ibiltzeko mania zuelako, eta Brontosauro bat ematen omen zuelako. Hasieran haserretu egiten zen goitizen hori adituz gero, baina denborarekin Julenek berak ere normaltzat hartzen zuen ja.
—Ez, ez nagok batere ondo —onartu zion Alexek. Banan-banan aztertu zituen guztiak; su begirada hura zeukan berriro. Erronka bota zien—: Bost axola gainera. Por tzierto, nire kotxe berrian joateko ohorea izango duzue.
—Kotxea ekarri al duk? —galdetu zion Julenek, begiak asko irekiz. Txundituta zegoen.
Alexek ez zion jaramonik egin.
—Etorriko zarete edo ez?
Haritzek, deseroso, betaurrekoak kendu, ez zuten zikinkeria garbitu, eta berriro jantzi zituen. Armairua zirudien arren, bizkar zabala zela eta, ez zen taldeko oldarkorrena preseski. Sudur motza eta masailezurra kanpoko aldera izateak haren boxeolari itxura areagotu baino ez zuen egiten. Baina haren indar fisikoa eta kemen falta zuzenki proportzionalak ziren. Liburuak irakurtzen hazi zen, horietan aurkitzen baitzuen inguruko errealitatetan faltan sumatzen zuen bizigarria. Paperetatik irteteak, ordea, iparrorratzik gabeko marinel bihurtzen zuen askotan. Eta jitoan sentitzen zen.
—Zenbat denbora duk gidabaimena atera huela? Asko ez —seinalatu zuen Haritzek.
—Pare bat aste bai. Zuek lasai.
—Pare bat aste? Eta lasai egoteko esaten duk?
—Lasai egoteko, joņo. Dena kontrolpean zagok.
Ziurgabetasunaren estualdiak hartu zituen Alexen lagunak.
—Eta dirua? Gainera hori: ez dugu dirurik! —tematu zen Haritz, aitzakiaren baten bila.
—Moldatuko gaituk nola edo hala. Denon artean bada ere Alexek lagunari begiratu zion—. Gauza horiek gero pentsatzen dituk, Haritz. Bestela ez gintuzkek inoiz mugituko.
Julenek garagardo botila bat ikusi zuen bide erdian. Izpi galdu pare bat islatzen zuen ilunantzean. Argi-malkoak iruditu zitzaizkion; urperatze etiliko baten hondarrak balira bezala. Ostiko bat eman zion, baztertzeko asmoz. Botilak espaloi izkinaren kontra jo, eta mila pusketatan birrindu zen. Kristal hautsien soinuak suspertu egin zuen.
—Baina zergatik orain?
Alexek maltzur aurpegia jarri zuen.
—Zergatik ez? —irribarre egin zuen. Gero buru gainean gurutzatu zituen eskuak.
Alexen adoreak noranahi eraman ohi zituen, besteak pentsatzen hasi orduko hark bidean zeramatzalako ja. Oraingoan, haatik, geldi jarraitzen zuten.
Egiatan ari zela antzeman zioten eta, beraiekin edo beraiek gabe, joan egingo zela azkenean. Iritzi truke mutua izan zen lagunen artean. Haritzek izu begirada zeukan betaurrekoen atzean, baina ez zuen txintik atera; Imanolek eta Julenek adi ziruditen bat-batean, interesaturik ia.
—Bai? —galdetu zuen Imanolek, bekaturen bat egiteko zorian egon eta onartu nahiko ez balu bezala. Eskarmenturik ezak bultzatu egiten zuen, aztoratzen zuen neurri bertan. Ibiltzen ikasten dabilen haurraren gisa.
—Zer bestela? —bota zien Alexek—. Bizitzan dagoen hanka sartzerik handiena, Imanol, begira gelditzea duk. Mugi!