Joxemari Iriondo
bertsolaritza
Sendoa, 2003
PLAZAN BERTSOTAN
Bertsolaritza, eta batez ere bere bertsozaletasuna noiztikakoa duen garbi esan ohi du Mugartegik, behin eta berriz:
Hamabi-hamahiru urte nebazala bertsoa gustatzen hasi zitzaidan niri. Eta nire amona izan zela esango neuskizuke nire lehenengo bertso-sua edo txinpartak biztu zittuena. Kopla eta bertso zaharrak kantatzeko ohitura haundia zuen hark, eta berak erakutsitako kopla zahar asko kantetan hasi nintzan neu be, zazpi-zortzi urte neukazala. Gure amonak oso ederto kantatzen zuen. Eta bai nik gustora ikasi be. Hura zan gogua bertsotarako! Eskolarako baino hobia, egia esateko. Ni bertsozalia nintzan eta ez eskolazale haundia ...
Eta halaxe, bat-bateko bertsolaritza ezagutzeko aukera etorri zitzaion behin batean. Hamabi-hamahiru urte zituela, Basarri eta Uztapide eraman zituzten Berriatura, herriko jaietan. Etxetik-eta haien entzutea bazuen lehendik ere, baina bere herrian aurrez aurre ikusi zituenean, haiei entzuten
egon zen ahoa bete hortz, esaten zuten guztia jaso eta hartuz. Eta sekulako eragina izan zuen saio hark Mugategirengan, berak dioenez.
Pentsatu: ondorengo egunetan, haiek imitatzen ibilten nintzan, eskuak atzean jarri eta bertsoak kantatuz. Beno, hala moduzkoak izango ziran. Baina bertsotarakosekulako biharra sentitzen neban nik orduan.
Eta horrelaxe hasi zen bertsolari gaztea. Denak bezala, lagunartean lehenengo, igande arratsetan tabernan, erromerietan eta horrela. Txanda egingo zion lagunik izanez gero, nonahi kantatzeko prest egoten zen.
Plazan ere laister hasi zen, nahiz eta hori salto haundia zela jakin. Hamasei urte zituen Mugartegik lehenengo aldiz plazan kantatu zuenean. Pasaian jaio eta Berriatuko Torre baserrian bizi zen Jon Azpillaga ondo ezagutzen zuen ordurako, eta beraxe izan zuen lehenengo bertso-lagun. Gero, ehundaka aldiz kantatu dute biek elkarrekin. Eta ondo baino hobeto konpondu izan dira ume-umetatik, ezaguna denez. Ez da harritzeko. Izan ere, bata baino bestea mutil hobeak, bihotzaundigoak baitira. Hasarrea eta petralkeria zer den ez dakitenak.
Egiazko jendaurreko debuta, Amorotoko plazan egin zuten biok. Izan ere, 1949. urtean Basarri eta Uztapide eraman zituzten Amoroton bertsotara, San Martin zaindariaren jaietan. Baina gero, 1950ean, Berriatuan bi gazte bazirela tabernatan-eta bertsotan ondo moldatzen zirenaketa, haiexek eramatea erabaki zuten herriko Luistar gazteek. Ohikoa zenez, ez ziren oso harro ibiliko diruz-eta, jaiak antolatzeko. Mugartegik hamasei urte zituen. Azpillagak berriz, hamalau. Eta Basarri eta Uztapide baino modu hobexeagoan eramateko ere aukera-aukerakoak ziren, beraz.
Amorotoko egunari buruz, hauxe dio Mugartegik:
Azpillaga eta neu ginan bertsotan egun hartan. Eta Angiozarko Itsua —Felix Aranzabal— eskusoinua jotzen. Ez dakit ezagutuko dozun, baina oso soinujole ona da hura. Guk udaletxeko balkoitik kantatu genuen, batere mikrofono eta altaboz barik. Jendea dena begi eta dena bedarri
egon zan han, errespetu itzalean. Baina, badakizu zer pasau zitzaien hango gazteei? Ba, bi mutiko bertsolari haientzat ez ego ala txakurtxiki bat be; eta saioaren ostean txapela pasau eben jendearen artean, bertsolarientzat txanpon batzuk batzeko, nahiz eta bazekiten jende gazteak oso diru gutxi izaten zuela orduan. Eta pentsatu nolako giro a zegoan han: 400 pezeta batu ei ebazen! Diru asko ordurako, Amoroto bezelako herri txiki batean. Bertsolari bakotxarentzat 200 pezeta, alajaiņa! Eta ordurako diru asko bazan, guretzat lehenengo jornala, pentsaizu. Jan Azpillagak esan zidanez, egunian 6 pezeta irabazten zituan berak tailerrean. Hala behintzat, 200 pezeta izan zan gure lehenengo jornala bertsotatik. Ondo hasi ginan, ikusten dozunez. Gero beti neurri horretan jarraitu izan bagenu ...
Amoratoko lehenengo saio hura pasatu eta handik berrogeita hamar urtera, Mugartegi eta Azpillaga berriz eraman zituzten Amoratora, bertsotara. Eta lehengo baldintza beretsuan kantatu behar izan omen zuten: mikrafono eta altabozik gabe, eta udaletxeko balkoi beretik. 2000ko uztailaren 4an, San Martin egunez, egin zen jaialdi hori. Hamabost minutuko saioa egin zuten, eta gai libre-librean. Hasi, Azpillaga (Auspoa 272) liburuan jasota daude bertso hauek:
Mugartegi
Hasierako agurraldia izaten da gogorrena.
Saio polita eskeinitzea dogu gauz horren hurrena.
Hemen aitortu beharra dago memorira datorrena.
Entzule danoi opa dizuet agurrik maitekorrena.
Azpillaga
Jaungoikoaren borondatea izan dedila zuekin.
Berrogeita hamar urte badira hemen ginala alkarrekin.
Bitartean zer egingo gendun inork ez leike, ez, jakin ...
Eskerrak goiko Jaungoikoari; eskerrak zuri, San Martin.
Mugartegi
Berrogeita hamar urte bete da bertsotan hasi ginala.
Harrezkeroztik, herri ta erbeste, egin degu eginahala.
Une honetan zer sentitzen dan ezin esan berehala ...
Esango nuke: usterik gabe urteak joan dirala.
Azpillaga
Esan dezaket: gelditzen dira marka guztiak hautsita,
orduan hemen egon ziranak gutxi ditut ikusita.
Makinatxo bat herri jatorri egin diogu bisita,
Euskadi dana ikusi dogu Amorototik hasita.
Mugartegi
Zer esan ere ez dakigula hainbeste lagun jatorri,
oraindik ere heltzen diogu lehengo ohitura zahar horri.
Zuek aurrean ikustea da gure pozaren iturri.
Joan zirenak ondo joan ziran, datozenai ongi etorri.
Azpillaga
Orduan behintzat izan genuen kantatutzeko aukera.
Berrogeita hamar pasatu dira, eta urteak aurrera.
Gaurko moduan egonez gero hemendik hamar urtera,
zuen gustoa izan ezkero pozik etorriko gera.
Mugartegi
Gazte denboran ibiltzen ginan orain baino arinago.
Urteak ere joan dira ta alde piska bat badago.
Baina oraindik zahartzaro horrek badu hainbeste abaro;
oraindik ere bizi gera ta zer behar degu gehiago?
Azpillaga
Sasoia beti onena bada egundainoko islada,
guk badakigu gaurko gazteak ondo ibiltzen dirala.
Gaur daduzkagun bertsolariak eiten dute eginahala.
Faillo txiki bat guk izan gendun: formalegiak ginala.
Mugartegi
Gure arteko eztabaida hau ez da benetan arina.
Laister isilik egon beharrak, horrek ematen du mina.
Baina oraindik gorde nahi dogu barruan kantatu grina;
lehengo bidean segiko gendun gazteak izan bagina.
Azpillaga
Franko denbora genduen eta ez ginan oso tristiak ...
Ezin zitezken balkoitik esan pentsatutako guztiak.
Baina orduan bertsolaritzan zabaldu ziran atiak.
Guk egin gabe utzitakuak ein ditzatela gaztiak.
Mugartegi
Ez da erraza gauza guztiak bide onez eramaten;
aldizka nonbait okerrak ere hortik badira joaten.
Baina ahalegina egin dezagun barrun doguna ematen,
horrez gainera danen aurretik euskaldun onak izaten.
Azpillaga
Gogoan daukat Amorotoko egun hartako gradoa:
don Jose zegon hemen abade, gustatzen jakon ardoa.
Guk'e orduan tabernan sarri egiten gendun tragoa ...
Mozkorren fama gendun guk baina geu baino mozkorragoa.
Mugartegi
Hartu dogunez noizbait zabaldu izan da gure atea,
irudipenak ilundu eta ausardiaren katea.
Baina nik hemen eman nahi nuke gaur horren errematea:
ez dago ondo herri aurrean dana garbi esatea.
ETENALDIA BERTSOTAN
Amorotoko plazan egindako lehenengo saioaren ondoren, Gorozikan, Eubako Pasiotarren ikastetxean, eta beste herri eta auzo askotan ibili zen Berriatuko bikote gazte modakoa. Bizkaian, Kepa Enbeita eta besteren bat kenduta, ez baitzegoen beste bertsolaririk. Eta hutsarte hori oso ondo bete zuten gazte bion artean.
Baina, urteak aurrera joan eta soldaduzkara joateko garaia etorri zitzaion Mugartegiri, beste gazte askori bezala. Baserriko lanak, familia, andregaia eta lagunak agurtu, eta joan egin behar, hutsaren peskisan:
Bai, hara be joan nintzan hutsaren peskisan, zoritxarrez. Alperkeria beste zereginik ez, baina beharko joan! Orduan ez zegoen ezetz eta horrelakorik esaterik. Ez daki asko hori orduko giro petrala ezagutu ez zuenak. Danak utzi, eta joan egin behar, ezer ez egiteko! Lana galdu, dirua kastatu. Hutsaren hurrengoa!
Eta oraindik okerragoa. Nik ez nuen suerte haundirik izan. Soldaduzkara joan eta gaixotuta, oso gaixorik etorri nintzan etxera. Lur jota. Eta hiru bat urte egon nintzan etxetik inora urten barik. Oso jota nengoen, ezertarako gogo eta animorik barik. Urte txarrak pasatu nituen, egia esango dizut. Ez nuen pentsatu ere egiten handik urtengo nintzanik. Eta gutxiago barriro bertsotan hasiko nintzanik. Baiņa munduak buelta asko emoten ditu, eta ...
Horrelaxe da. Berriz ere etxetik irten eta plazan hastera behartu edo eraman zuen bere lehenengo bertso-lagunik onenak, Jon Azpillagak. Ez zaio batere gustatzen behartu hitza. Baina ondo gogoan dauka Mutrikukoak oraindik, 1959ko Bizkaiko txapelketarako Karmengo jaietan Markinako kanporaketa zetorrela-eta nola joan zen bere lagunaren bila, biok presentatuko zirala eta animatzeko esanez. Nola edo hala, animatu zuen behintzat. Eta horrelaxe hasi zen berriro.
Nik egin ez banu, beste norbaitek animatuko zuen, seguru asko. Izan ere, Bizkai aldeko edozein bertsozale eta bertsolarik zekien berriattuarra mutil jatorra eta bertsolari haundia zela. Baina neri tokatu zitzaidan, eta gustora nintzan joango zela agindu zidanean! Ezagutu ere inork baino hobeto ezagutzen nuen nik Mugartegi. Pentsatu, alkarrekin hasi eta alkarrekin ibiltzen ginan. Eta beti ondo konpondu izan gera gainera. Zein izango nuen bera baino lagun hoberik txapelketa hartarako be?, dio Azpillagak.
LAGUN ASKO
Mugartegik badaki ondo lagun asko eta Euskal Herriko bazterrak eta herriak ezagutzeko aukera eman diola bertsolaritzak. Eta beretzat oso lagungarri izan da guzti hori. Jakina, poz eta penak denetarik emango zion bertsolaritzak, baina ez dauka behin batean bertsotan hasitako damurik. Berriz hasi behar balu ere, berdin-berdin hasiko litzakeela dio: bertsotan gozatuz eta sufrituz, eta duena emanez.
Bertsolaritzan hurbil-hurbiletik ezagutu dituenen artean, Azpillaga haundiarekin hasi eta Joxe Mari Arregi Altsu herritarra, Markinako Juan Igarzabal Buztarri, Roman eta Modesto Maiz Okelar anaia biak eta Maņukorta ezagutu zituen lehenengo. Eta gero Enbeitatarrak, Lopategi, Amuriza, Basilio Pujana, Joan Ormaetxea Taket, German Uriguen Etxagiņa, Faustino Etxebarria, Julian Martitegi eta Bizkaiko beste bertsolari denak, plazan kantatzen zutenak behintzat. Gipuzkoan, Uztapide eta Basarri ezagutu zituen lehenengo, Berriatuan. Gero, Joxe Lizaso, Jose eta Bittor Agirre, Lazkano, Lasarte, Mitxelena, Lazkao Txiki, Etxeberria, Jesus Alberdi Egileor, Txomin Garmendia, Koxme Lizaso, Iraola, Joxe Insausti eta horiek denak ezagutu eta denekin kantatzeko aukera izan du, urteetan zehar. Nafarroako eta Ifarraldeko bertsolariekin ere sarri kantatu zuen garai batean: Arozamena, Andres Narbarte Xalto, Xalbador, Xanpun, Mattin, Ezponda etab.
Frantzisko Aranberri Berriatuko Ezkerra zeritzon bertsolari bat bazen herrian. Eta haren entzutea izan zuen, baina ez zuen izan ezagutzeko zoririk, 1934an hil zen-eta.
Bertsolaritzak ibilian-ibilian emandako oroitzapen on asko dauka bihotzaren erdi-erdian gordeta. Eta tartean bestelakoak ere izan dira, noski. Gutxitan, zorionez. Baina kontatzen hasiz gero, bertso saio guztiak ez dira berdinak izaten, bertsolariaren aldartea eta entzulearekiko lotura eta konexioa ere ez. Ezta jaialdi eta gai askoren egokitasuna ere. Baina, paseak pasa, beti aurrera egin du, bertsolaritzan jarraitzeko erabakia hartu zuenez gero. Eta onak eta txarrak neurtuz gero, txarra baino on gehiago eman diola uste du urte hauetako lanak. Behin batean, disketxe ezagun batekin kasette bat grabatzeko tratua nola egin zuen ere gogoan dauka oraindik. Tratua egin zuten, eta baita kasettea grabatu ere, emandako hitza betez. Baina ez zen bere mesederako izan. Aurrez bai hitz eder eta dotoreak, hainbesteko ordaina izango zuela etab; baina ez zuten bete emandako hitzik. Izan ere, Hartzekodunak azkar azaltzen dira hemen, baina zordunak, beti urrun ibiltzen dira, dio.
Aipatu dugun kasetteak harrera ona izan zuen, eta oraindik ere salgai dagoela ikusi dugu, zenbait dendatan. Ez zen saldu ezaren aitzakiaz izango, bada.