Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Joxe Lizaso, nere aldiko kronika

Joxemari Iriondo

bertsolaritza

Sendoa, 2001

 

SOINU BATEN HISTORIA

 

        Bakezalea zen oso, eta isildu behar zirenak isiltzea nahi izaten zuen hark. Ama alargunak libratu zuen soldadutzatik, zorionez. Eta gaixoaldi gogor usteko batek, berriz, ezkonduta gero harrapatu zuen gerra gaizto hartatik, kintak tiratu eta Burgosera espetxera eraman bazuten ere erruki handirik gabe.

        Ez zitzaion gustatzen, ordea, gerra garaiko edo gerra ondorengo urte gogorretako gertakizunei buruz hitz egiterik. Behin baino gehiagotan zirikatu nuen, Urrestillako herritarren arteko giroa nolakoa zen garai hartan, eta, batez ere, gerra ondorengo giro larri hartan soinuarekin gertatu zitzaion historia argi esplika ziezadan. Baina beti erantzun berbera ematen zidan:

 

        Zuk badakizu inor ez garela santu hemen. Eta gerra garaian, berriz, elkarri nondik pegaizoa egingo ibiltzen da gizona. Herrian beste askori bezalaxe niri ere gogor eraso zidaten, eta zerbait kendu nahi eta soinua kendu zidaten azkenean. Baina berriro eskuratu ahal izan nuen, Madriletik (Villalba) bueltan ibilita-edo. Baina nahiago dut ordea horretaz ez mintzatzea, zauri zaharrak berritzea besterik ez dugu egingo-eta. Utzi dezagun horretan, Joxe Mari

 

        Lehen baino jakin-min handiagoarekin uzten ninduan, ordea. Eta urte batzuk joanda gero, eta batez ere bere alargunari eta seme Kruz Mariri esker, jakin nuen horratik gertatu zitzaionaren berri zehatza. Historia bitxi hau honela kontatu zidan alargunak, laburki:

 

        Badakizu, gerra ondoren hartan, inguruko errekete gazteak hemen ibili ziren etxez etxe, jendeari zer kenduko eta zer pegaizo egingo. Eta gurera ere laster etorriko zirela pentsatuta, soinua nire jaiotetxe Lakueta baserriko ukuiluko kutxa zahar batean gorde zuen hilabete batzuetan, gurean baino han seguruago egongo zela-eta. Baina, jira eta buelta, hemen zebiltzan gazte horiek —hemen inguruko gazte ezagunak ziren, baina ez dizut esango izenik— behin eta berriz gure etxeko atea jo eta soinua non genuen galdezka. Normala zenez, beldurrez airean bizi ginen, eta bakeak gehiago balio zuela bai eta soinua ematea erabaki zuen azkenean gure Antoniok, ondo zaintzeko eskatuz. Pena zuen gogotik, baina halaxe eraman zuten behin batean, eta soinurik gabe triste gelditu zen huraxe!

        Horrelaxe galdu genuen soinuaren arrastoa. Baina handik hilabete batzuetara jakin zuen Madril inguruko herrixka bateko taberna bateraino heldu omen zela dontsuzko gure soinu hori, hemengo gazteren batzuek eramanda, seguru asko. Baina jatetxean egindako gastua ordaintzeko dirurik ez zuen nonbait tropak, eta soinua utzi omen zuten zorra ordaintzeko seinaletzat.

        Baina denborak badaki gauzak aldatu eta bakoitzari berea ematen. Hala behintzat, errekete gazte hura damututa zegoen nonbait gure Antoniori soinua kendu izana, eta karta egin zion gure soinua han zeukatela eta harekin zer egin behar zuten galdezka. Ez genion egin kasurik, hobeko zela pentsatuta. Baina handik denbora gutxira, gutxiena uste genuenean, fardel handi batean bidali ziguten soinua, erretiratutako militar zahar baten bidez. Antonioren izenean zetorren, eta Azpeitiko estazioraino heldu zenean, hemen Urrestilla, Nuarbe eta inguru hauetako enkarguak egin ohi zioten Nuarbeko Aharditxok ekarri zuen etxera, hura guretzat omen zela-eta. Fardela ireki eta soinua ikusi zuenean, ezin zuen sinistu, eta «Hauxe da, hauxe da nire soinua!», deiadarka hasi zen. Hura poza hartu zuena gizajoak!.

 

        Horrelaxe berreskuratu zuen Auntxak gerra ondorean eskuetatik kendu zioten Zengotitako soinu maite hura. Eta handik urte batzuetara, gosari eder batekin eskerrak eman zizkion soinua kendu baina berriro itzuli zion auzoko errekete gazteari, dena barkatuta zegoela esanez. Askotan hitz egiten omen zuten elkarrekin gero, baina gerrako konturik ezta aipatu ere, jakina.

        Egiazko historia baino istorio harrigarri baten itxura gehiago du Auntxaren soinuaren honek. Ez, ez zen horretan amaitu, ordea, mila erreal (250 pezeta) ordainduta Bilbon erosita zuen eskusoinu haren historia tristea. Izan ere, auzoko erreketeek kendu eta atzera itzuli zioten infernuko hauspoa Bartzelonako infernuan ostu zioten 1975ean, eta ez zuen haren arrastorik gehiago atera ahal izan.

        Palma de Mallorcan pilotan jokatzen zuten seme Kruz Mari eta Arturorekin egun batzuk han pasatzeko asmoz abiatu eta gaua Bartzelonan egin behar izan zuten, hurrengo egunean goizean goiz barkua hartzeko. Rambla ibilbideko izkina batean autoa utzi eta lasai asko joan ziren ostatura, lotara. Badaezpada ere poliziaren komisaria baten aurrez aurre utzi omen zuten autoa, han seguru egongo zela pentsatuta. Baina han ez izan, ordea, Urrestillako konturik. Bai zera! Egunsentian jaiki eta autoaren bila joan zirenean, kristalak hautsi eta Mallorcako uhartean egunak ederki pasatzeko zeramatzaten arropak, txuleta-zinta handi bat, ardo onak eta dena ostu zietela ohartu ziren. Halako bihotzondokorik! «Pena ikaragarria hartu zuen gure aitak», esan zidan Kruz Marik. Batez ere, berrogeitaka urtean gustuko zeukan soinua harrapatzeak eman zion minik handiena.

        Eta Palma de Mallorcara erdi gaixotuta heldu zen, ez zuen bururik jaso hiru-lau egunean, eta jan ere hutsa.

        Hango hotel handi batean txangoaldia pasatzen zeuden Europa goialdeko gizon-emakumeek ere maitea zeukaten benetan Auntxa, eta ahoa bete hortz edukitzen zituen bere soinua astinduz fandango eta arin-arin hasten zenean. Baina bidaia hartan huraxe ere falta, tamalez!

        Baina ez zuen etsi. Mallorcako oporraldia iragan eta etxera itzuli zenean, Larrinaga markako soinua erosi zuen berriro, «Lehengo hura bezalakoxea» berak zioenez, penak ahaztu nahirik-edo. Baina lehengoa 250 pezeta kosta zitzaion, eta berria 75.000 pezeta ordaindu behar izan zuen.

 

                Itsasoan urak handi

                itsasoan urak handi,

                ez da hondorik ageri.

                Nere maitea ikustearren

                egingo nuke igeri.

                Egingo nuke igeri,

                itsasoan urak handi.