Krispin Beobide
erlijioa
Mugerzaren moldiztegia, 1885
SAN FRANZISKO KIUSIN
Eguardiko garaian heldu ziran Kiusira. Han Orlando Konde Jaunak, ongi etorri guzizkoa egin ondoren, eman zien jaten eta gero berak lagundu zien mendira igotzen. Jarri ziran berriro bidean. Santua asto gainean eta Tifo asto-aurreko; laster beste guztiak atzean utzi zituzten. Hala dio Tifok Santuari:
—Franzisko, nik aditzen ditut gauza on asko zugatik; Jaungoikoak egin dizkitzu mesede horiek; begira nolako eskerrakin erantzuten diozun. Izan zaitea gizonak uste dutena, engainatu ez ditezen; kontuan jartzen zaitut.
Hitz hoek aditzian saltatu zan Franzisko asto gainetik; muin egin zion oinean astazaiari, eta, eskerrak emanik konseju jakinduriazko honengatik, alabatu eta bedeinkatu zuan Jaungoikua. Egiaz hau da konseju bat denik santuanari eman litzaiokiana.
Berriro ekin zioten bideari; astozkoa ondo zihoan, baina oinezkoa laster nekatu zan. Hainbeste nekatu zan eze, esan zion Franziskori:
—Nik ezin neioket honela bideari jarrai, egarri naiz eta urik ez da hemen; hementxen hilko naiz egarriaz.
Urrikaldu zan Santua gizon onaz eta esan zion: .
—Joan zaite harako harkaitz artera; hantxen daukazu zerekin egarria kendu.
Juan zan, eta, behin ere urik izan ez zan harkaitz lehorrean, arkitu zuan iturri ederra. Mirari honekin Tifo lehenaz gainera Franzisko baitan zeukan fedean sendotu zan.
Heldu ziran bada Alvernako mendiaren oinera, eta asnasa hartzeko gelditu ziran piskatxo bat haritz baten itzalean. O miragarria! Txori-talde haundi batek inguratzen ditu, agur gozoa eginaz, kantuz beren poza agertu nahiaz, jartzen zaizka txoriak Jaungoikoaren zerbitzariari batzuk buruan, besteak bizkarrean, asko zetortzkion eskura. Ezagutu zuan gure Aita-lehenak, txori garbien ongi etorri honetan, Jaungoikoaren gogoa zala, mendi hartara joanik, hantxen bere egoitza egitea.
SAN FRANZISKO ALVERNAKO MENDIAN
Alvernako mendia da ikusgarria. Hiru aldetatik ez dago igotzerik, zeren dira haitz batzuk parete horma gisakoak. Alde batetik bakarrik igo diteke, eta hau ere da txit maldatsua. Han, pago itzaltsu baten ondoan, Santuak aukeratu zuan, bera egoteko, txaola gisan etxetxo bat egiteko tokia. Pago hartan zeukan kabia mirotzak. Kantuz hark ematen zion adia Santuari, korura joan behar zanean eta errezatu. Santua baldin nekatua bazegoan, ez ziokan deitzen mirotzak.
Igo ziran beraz praileak zeuden tokira, eta gusta zitzaion txit asko San Franziskori han egin zuten etxe santua, denak adiarazten zualako zala pobreen bizilekua. Orlando jauna itzuli zan bere Kiusiko jauregira, mendira lagundu ondoan «bihar arte» Santuari esanta. Ez ordea Franziskoren semeei esan gabe:
—Begira: bi urte dira nik mendi hau eman nizutela; berriz ere zerbait falta dezutenean, hementxen nago gusto guziarekin laguntzeko.
Aita-lehenak bere aldetik zeukan bere semeen espirituko kontu haundia. Ahaztu ez zitezen pobretasunaz,.egin zien hitzaldi bat guztiz ederra, non ere beste asko gauzen artean esan zien:
—Nere seme maiteak... Konde Jaunak bere aldetik egin du egin behar zuana, baina ez gaitezen atzendu, ahaztu, pobreak gerala, eta gure aldetik egin behar degula ahalegina, Jaungoikoan jarririk gure bihotza oso, Beregandik itxorotea behar deguna, gizonengandik baino gehiago. Elias, Paulo eta Antonio bakardadean gorde zituan eta mantendu; gurekin ere, horixen bera, gu leialak izatera, egingo du.
Hau esanagatik bere semeek Ordenako espiritua hobeto guarda zezaten beti eta leku guzietan, utzi zion Orlando Konde Jaunari eliza egiten aingeruen Erregina Mariak eman zion ispiluaz araura, zeina agertu zitzaion San Juan Bautista eta San Juan Ebanjelistarekin batean.
Hasi ziran bada eliza egiten. Gure aita bitartean juaten zan mendiaren alde batera edo bestera. tokirik egokianaren bila Jaungoikoarekin hitz egiteko. Bilatu zuan azkenik eta arkitu zuan leku bat nahi zuan bezelakoa, baina zan toki bat ikara eragiteko modukoa: harkaitz guztiz garai eta, goitik behera ebakiak, leize ilunak. Batez ere bi, bata bestearen pare bide askoan ebakitakoak, miragarrizko moduan. Jarri zan haeri begira Aita-lehen santua, gogatzen nola gerta ote zekian haiek hala egotea; eta Jaungoikoak halatan azaldu zion eta eman aditzera, nola, Jesu Kristoren heriotzan, mundu guziak egin zuanean ikara, lurrikara hartan zartatu zirala begien aurrean orduan berak zeuzkan haitz haiek. Hau izan zan bide, are eta gehiago mendi hari. ongi-nahi haundia izateko. Hain zan Santuaren gogokoa Jesusen pasio santuz oroitzia. Lehen eta orain batez ere, nola utzi mendi hau, non ere haitzak berak ematen diote oraziorako nahikoa gaia?
OTSOA ZERITZAN LAPUR BATEN KONBERSIUA
Mendi hartan, harkaitz tarte batean, Jesusen pasioaz asko oroitzen ez zan lapur bat bere lagunekin bizi zan gorderik. Deitzen zioten lapurren buru honi Otsoa. Otsoa lapur ospatu hari ez zitzaion inguruan jenderik gustatzen. Egun batez bere mendeko lapur bati agindu zion Otso nagusiak, joan zedila mendi hartako jende arrotz etorri-berri haietara, eta haren izenean esan zeiela alde egin zezatela inguru haietatik.
Franziskoren semeek erantzun zioten ez zirala joango handik. Haserretu zitzaion Otsoari, eta hurrengo egunean joan zan bera menditik botako zitualako uste osoan. Baina Santuak gozo-gozo hartu zuan Otsoaren izena zuan gizon hura, eta bihotzean ukitu zion esanaz:
—Gizona, zertan zabiltza horrela eta zer bizimodu da zuria? Uste dezu betikoak gerala munduan? Ez dakizu, usterik gutxienean eta uste gabe, Jaungoikoari geron egite guztien kontua beharko diogula eman? Gizona, atera itzatzu geroko kontuak.
Era honetan eztitasun haundiarekin hitz egin zion San Franziskok; aditu zituan isilik hitz haiek, eta lapur Otsoak esan zion Santuari ez zedila mugi handik ta egoteko han seseguz. Mirari haundi bat egin zuan Jaungoikoaren graziaz.
Alde egin zuan lapur gaiztoak orduan bere mendi-etxera. Oharturik praileen bizitza santuaz eta lotsaturik berak zeramanaz, bildots umila baino umilago, joan zitzaion San Franziskori, bere gaiztakerien barkazioaren bila; bere anima salbatu nahirik, eskatu zion negarrez hartu zezala bere semeen artean. Ikusirik Jaungoikoa zebilela harekin eta Berak deitzen ziola erlijio santura, pozik eman zion Ordenako jantzia, eta, kendurik Otsoaren izena, jarri zion Arkumearena. Izen honekin geroztik deitzen zioten, eta santuaren bizitza hil arteraino egin zuan.