Askoren artean
soziologia
Uztarria, 2004
HERRI ALDIZKARIA SORTZEKO PROIEKTUA
1998ko martxoan sortu zen Uztarria Kultur Koordinadora, herriko euskara eta kulturako elkarte eta norbanako askoren artean, eta hiru ardatz jarri zituen lanerako: euskara, kultura eta komunikazioa. Azken horren barruan, herri aldizkaria sortzeko asmoa zegoen. Aurretik, hileroko kultur agenda banatu zuen Uztarriak, eta aldizkariko proiektua landu zuen bitartean. Uztarria Kultur Koordinadora
(Uztarria Kultur Koordinadora, 1999-urria, herrian aurkeztua).
INFORMAZIO LOKALA EUSKAL HERRIAN
Azken 20-25 urteotan herri komunikabideak asko ugaritu dira, mundu osoan gainera. Herri informazioaren edo informazio lokalaren loraldi hori bete-betean sumatu dugu Euskal Herrian; baina beste horrenbeste gertatu da beste herri batzuetan ere (Katalunian eta Europako beste tokietan, adibidez).
Izan ere, oso fenomeno zabaldua da; hau da, gizakiok betidanik kezkatu gaitu gehiago etxetik gertu gertatu den ezbehar tamalgarri batek (hildakorik gabeko autobus istripu batek, adibidez), gugandik urruti izan den uholde ikaragarri batek baino (nahiz eta ehunka hildako izan). Eta ez da axolagabekeriaren ondorio, ez. Joera guztiz naturala da hori, gizakiok ingurukoengan bilatzen baitugu beti geure lehenengo erreferentzia, eta ez gure mugez gaindi gertatzen diren kontuetan.
Hala, guztiontzat dira interesgarri, ezbehar tamalgarriez gain, gure herrian gertatzen diren hainbat eta hainbat gertakizun, erabaki, eztabaida eta ika-mika. Guztiok jakin nahi dugu, lehen eskutik gainera, ondoko ikastetxean dituzten arazoak zertan diren; Himalayara joan berri diren herritarren orain arteko kirol ibilbidea zein izan den; Udalak, alderdi politiko eta bestelako gizarte eragileek zer erronka eta egitasmo dituzten epe labur edota ertainean; eta beste hainbat gai (herriko agenda, bitxikeriak, pertsonaia famatuen xehetasunak...).
1975etik hona informazio lokalak izugarrizko hazkundea izan du. Gorakada hori, gainera, nabarmenagoa izan da azken hamar urteotan. Ikus dezagun Carl N. Warren, kazetaritza alorrean adituak, gai horren inguruan dioena (Géneros periodísticos informativos, Ate, Bartzelona, 1975): Warrenek albistegarritasunaren inguruko azterketa egin zuenean, aktualitatearen eta hurbiltasunaren baloreak azpimarratu zituen beste guztien gainetik. Bide horretatik mintzatzen dira, halaber, Jose Luis Martinez Albertos eta Emile Dovifat kazetariak. Bi horiek, adibidez, herriko informazioak hartzailearentzat izan lezakeen erabilgarritasun praktikoa azpimarratu dute. Beraz, hurkotasuna lehen mailako balorea da hartzailearentzat. Zita horiek, informazio lokalak herritarrentzat duen garrantziaren adibide dira.
HERRI ALDIZKARIEN FENOMENOA AHALBIDETU DUTEN FAKTOREAK
Herri aldizkarien loraldia, baina, ez da besterik gabe eman. Hainbat faktorek eragin dute. Horratx Diaz de Tuesta euskara teknikariak aipatzen dituen faktoreak:
Erakunde publikoen laguntza
Euskarazko herri aldizkariek hasiera-hasieratik izan dute erakunde publikoen babesa, bai diru laguntza aldetik, baita azpiegitura teknikoaren aldetik ere. Egia da, halaber, laguntza hori oso aldakorra dela, baina, oro har, aldizkari horiek erakunde publikoen begirunea jaso dutela esan daiteke.
Aldizkari horiek gehienak Udaletik kanpo egiten dira, eta hori ezinbesteko baldintza da Uztarria Kultur Koordinadoraren iritziz behintzat. Herri aldizkariak benetako izaera zabala izango badu, era eta taxu guztietako gaiak landuko baditu, alderdi politikoen jardueratik independentea eta inpartziala izango bada, beharrezkoa du Udaletik kanpo egotea.
Erakunde publikoen laguntza oso-oso garrantzitsua da herri aldizkari gehienentzat; gaur egun aldizkari horien diru sarreratan erakunde publikoen laguntzek atal handia betetzen dute, horiek gabe ez baita erraza kalean izatea. Dena den, erakunde publikoek daramaten diru laguntza sistema nahikoa kritikatua izan da azken urteotan.
Teknologia berrien eragina
Autoedizioaren sorrerak erraztu egin du herri aldizkarien ibilbidea. Teknologia berriek merketu egin dute argitalpenen edizioa. Teknologia zenbat eta gehiago aurreratu, inbertsio txikiagoak egin behar dira herri aldizkari bat egiteko.
Euskara batuaren sendotze prozesua
Arrasate Press sortu zenean, euskara batuak 20 urteko ibilbidea zuen. Orain, 30 urte baino luzeagoa den iragana du bere atzean euskara batuak. Zalantza eremu asko eta asko argitzeke daude oraindik. Hala ere, ezin uka daitezke azken urteotan euskara batuak egin dituen urratsak. Sendotze prozesu hori ere lagungarri gertatu zaio herri aldizkarien fenomenoari. Izan ere, duda-mudak argitzen joan diren neurrian, gero eta talde gehiago animatu dira euren produktuak argitaratzera. Irakaskuntzan gertatu den bezala, komunikaziogintzan ere aurrerapauso nabarmenak gertatu dira azkeneko urte hauetan. Eta euskara batuari ere mesede egin dio horrek.
Herriko informazioak euskaraz informatzeko zuen (eta duen) beharra
Herri aldizkariek mezubide erraldoiek eta nazionalek ezin ase duten errealitatea bete dute: tokian tokiko informazioa luze eta zabal eskaintzea eta, gainera, euskaraz. Behar bezala garatu gabe zegoen espazioa (informazio lokalarena, alegia) euskarak bete zuen, eta ez gaztelerak edo frantsesak. Azpeitiari dagokionez, alde horretatik ere gabezia nabarmena dugu. Izan ere, herriko gaiei buruzko informazio gutxi zabaltzen da, eta informazio hori, hein handi batean, gazteleraz eskaintzen da (El Diario Vasco-ren Azpeitiko kartan).
Kazetari euskaldunen plazaratze masiboa
Leioako Kazetaritza ikasketak 1976an jarri ziren abian, Bartzelonako Informazio Zientzien Fakultateko unitate delegatu modura. Gerora etorri zen fakultate bihurtu izana eta euskal lerroen indartzea. 1980ko hamarkadaren bigarren zatian plazaratzen hasi ziren lehenengo kazetari euskaldunak. Gehientsuenen helburua garbi zegoen: euskarazko prentsa. Horren adierazle dira Euskaldunon Egunkaria, Argia eta herri aldizkari askotako erredakzioak.
Banaketa sistema erraza
Herri aldizkarien fenomeno honek bere alde duen beste faktore bat, aldizkarien banaketa sistemarena da. Gehienak harpidetza bidez banatzen dira, herritarren postontziraino zuzen-zuzenean, gainera. Banaketa, normalean, herritarrek eurek egiten dute; herri aldizkariarekin berarekin zuzenean edo zeharka harremana duten ikasleek edota gazteek.
HERRI ALDIZKARIEN EZAUGARRI BEREZIAK
Ikusi ahal denez, herri aldizkariek ezaugarri bereziak dituzte, gainontzeko komunikabideekin alderatzen baditugu behintzat. Hona hemen ezaugarri berezi horietarik garrantzitsuenak:
Doanekoak izatea
Euskarazko herri prentsa doan banatzen da. Horrek abantaila izugarria dakar, herritar askorengana iristeko bide ematen duelako, baita harpidetza bidezko banaketa hori pertsonalizatzeko ere. Irakurle eremua handia izaki, publizitatea eta erakunde publikoen diru laguntzak ere errazago etor daitezke.
Finantziazio sistema berezia.
Herri aldizkarien diru iturri nagusiak erakunde publikoen laguntzak eta publizitate bidez datozenak dira. Arlo horretan aldaketa handiak daude aldizkari batetik bestera. Esaterako, Arrasate Press aldizkariak dituen sarreren %43 iragarkien bidez lortzen du. Beste aldizkari batzuetan zati hori txikiagoa da. Gainontzekoaren parte handia erakunde publikoen bizkar joan ohi da.
Azpimarratzekoa da, alabaina, herri aldizkari zenbaitek bazkideen kuoten bidez eta tarteka-marteka antolatzen dituzten kontzertu eta halakoen bidez ere diru sorta polita lortzen dutela. Esan bezala, ordea, zutabe nagusiak publizitatea eta diru laguntza publikoa dira.
Herrigintzan oinarrituta
Herri aldizkarien sorburua euskara edota kultur taldeetan dago. Horrek eman zien bizitasuna eta herrigintzan aritzeko behar den kemena eta indarra. Fenomeno hau beheko oinarririk gabe ezinezkoa zatekeen. Esan nahi baita, kultur espresio herritar askoren moduan, behetik gora sortu direla herri aldizkariak, ez alderantziz. Gainera, herrigintzan aritze hori abiapuntu ireki eta zabaletatik bideratu da, alderdikerietan erori gabe; euskararen (eta euskal kulturaren) unibertsoak bere baitan duen pluraltasuna aldizkarien orrietan islatuz, alegia.
Zentzu horretan, behar-beharrezkoa da erakunde publikoek talde horien lana eta ahalegina errekonozitzea. Herrigintzan ari diren taldeek ez dute probetxu propioa bilatzen, baizik eta herriarentzat komenigarria dena egiten dute. Hori erakunde publikoek onartzea ezinbestekoa da.
AZPEITIA ETA HERRI ALDIZKARIAREN BEHARRA
Uztarria Kultur Koordinadorak hasiera-hasieratik, 1998ko martxoan sortu zenetik, buruan darabil herri aldizkari plural baten sorrera. Orainoko lerrootan aipatu dugunez, informazio lokalak izugarrizko garrantzia dauka herritarrentzat. Azpeitiko informazioak izugarrizko garrantzia dauka azpeitiarrentzat, herrian gertatzen diren gauzen berri jakiteko irrikatan egoten baitira. Eta hor kokatu behar da, besteak beste, herri aldizkari gehienen sorreraren funtsa. Hor kokatu behar da, beste arrazoi batzuen tartean, Azpeitian ere herri aldizkari bat sortzeko hartutako erabakia.
Eta lehen aipatu dugunez, herri aldizkari batek beste maila bateko prentsak betetzen ez duen hutsunea betetzen du. El Diario Vasco egunkariko Azpeitiko kartak, Azpeitian zer? udal aldizkariak eta 1998ko martxotik 1999ko martxora bitartean Uztarriaren agendak eskainitako informazioa, garrantzitsua izanik ere, ez da nahikoa herritarren informazio gosea asetzeko. HBren Azpeitia eginez-ek ere ez du informazio zabaltasuna bermatzen.
Norbaitek esan dezake herritarrek herrian gertatutakoaren berri badutela. Baina praktikak oso bestelako norabidea erakutsi digu. Uztarriak herri osoan banatutako inkesten emaitzen arabera, herritarrek informazio gabezia sumatzen dute herrian. Jendeak herrian gertatu diren gertaeren inguruan edota hartu diren erabakien inguruan jakin nahi du. Eta horretarako eskubidea du, gainera. Informazioa sakratua da. Hortxe kokatzen da herri aldizkarian helburu nagusia: alegia, alde guztietako informazioa zabaltzean, herritarrek gero horren inguruan gogoeta eta hausnarketa egiteko aukera izatea. Azpeitian herri aldizkari zabalaren alde hasi dugun ekimenaren helburu nagusia ere hortxe kokatzen da, ezbairik gabe. Hurrengo puntuan ikusiko dugu herritarrek gaiaren inguruan duten iritzia, betiere 1999ko urtarrilean Uztarriak egindako inkestaren arabera.
HERRI ALDIZKARIARI BURUZKO INKESTAREN EMAITZAK
Uztarriak, lehenago esan bezala, betidanik buruan izan du herri aldizkari bat. Baina benetako herri aldizkari bat sortu behar bada, herriak aldizkariaren beharra duelako sortu behar da. Aldizkariak ezin du talde baten kapritxoa izan.
Kultur Koordinadoraren baitan talde eta jende ugari biltzen den arren, handik kanpo ere azpeitiar asko eta asko dago jakina. Horrek bultzatu zuen Uztarria herri osoan inkestak banatzera, azpeitiarren iritzia jasotzera behartuta zegoelako. 1998ko azaroaren bukaeran hiru mila inkesta inguru banatu zituen. Inkestak jasotzeko ahal zen biderik errazena eta lasterrena ezarri genuen: posta kutxa bat jarri genuen eta tabernatan buzoiak. Hona hemen orduan egin ziren galderak, eta jasotako erantzunetan oinarrituz Uztarriak emandako emaitza eta ondorioak:
Herri aldizkariaren beharra eta zergatia
Hasierako galderari erantzunez, inkestak erantzun dituztenen gehiengoak beharrezkotzat jo du herri aldizkari bat. Hain zuzen ere, %97,17k. Azpeitiak, beste hainbat herriren moduan, herri aldizkari baten beharra duela uste du herritarren gehiengoak, betiere inkestei kasu egiten bazaie. Zergatiei dagokionez (erantzuna irekia zen), guztiek bide beretik jo dute. Alegia, Azpeitian informazio falta nabaria dagoela uste dute gehienek: %73,3k. Izan dira, horretaz gain, aldizkaria herriko kultura bultzatzeko garrantzitsua litzatekeela aipatu dutenak ere. Bestalde, hainbat eta hainbat erantzunetan aipatu izan denez, Azpeitian zer? udal aldizkaria ez da nahikoa herritarren informazio gosea asetzeko.
Herrikoa ala eskualdekoa?
Kontu horri dagokionez, gehienek herri mailako aldizkari baten aldeko apustua egin dute: %71,4k. Izan ere, eskualdeko informazioa garrantzitsua dela irizten dioten arren, betiere herriko informazioari ematen diote lehentasuna. «Herri bakoitzak bere nortasuna du», «informazio zehatzagoa eta hobeto landutakoa bilduko luke»... eta horrelakoak aipatu dira erantzun hori arrazoitzeko orduan.
Parte-hartzea
Benetan harrigarria eta era berean pozgarria da inkestako puntu horretan jasotako erantzuna. Izan ere, herri aldizkarian parte hartzeko prest ez dagoen jende dezente agertu den arren (nahikoa normaltzat jotzen dugu hori), gehiengoak parte hartuko lukeela erantzun du: %57,28k, hain zuzen. Horrek garbi erakusten du Jendeak horrelako proiektuak aurrera ateratzeko duen gogoa. Horretarako, Uztarriak beharrezko jotzen du, behin eta berriro dioenez, aldizkari bat proiektu zabal batetik sortzea. Era horretara bakarrik identifikatuko dira herritar guztiak.
Oro har, herriko informazioaren berri ba al dugu?
%97,1ek ezetz diote. Herritarrak zenbait gertaeren berri duen arren, oro har ez du jakiten erabaki desberdinak, eztabaidak eta bestelakoak nondik nora doazen, ez duelako herriko gora-beherez informatzeko paperezko euskarri egokirik. El Diario Vasco-ren Azpeitiko karta nahikoa motz geratzen da, nahiz eta ahal duen heinean bere funtzioa betetzen duen. Bestalde, eta lehen aipatu bezala, Azpeitian zer? udal aldizkaria ere eskas geratzen da; hura udal aldizkaria den momentutik, eta politiko jakin batzuen menpe dagoen momentutik (agintean dagoena dagoela), informazio guztia ez plazaratzeko arriskua dago.
Udal aldizkaria ala autonomoa?
Azpeitiarrek argi dute aldizkariak ez duela Udalaren menpe egon behar. Erantzunen arabera, herritarrek izan behar dute aldizkariaren nondik norakoak finkatuko dituztenak, betiere Udalari bizkarrik eman gabe. Herritarren %87,7k egin dute herri aldizkari autonomo baten alde. Hala, hainbatek eta hainbatek esan duten moduan, aldizkariko taldearen eta Udalaren arteko halako elkarlan bat litzateke egokiena, eta aldizkaria herri osoarena izango den momentutik, «Udalak hura finantzatzen lagundu beharko luke». Bide horretatik, la guztiek aldizkariaren harpidedun izango direla esan dute (harpidetza doan izan ohi da herri aldizkarietan).
Zergatik ez dago herri aldizkaririk Azpeitian?
Horren erantzule herritar guztiak direla ondoriozta daiteke inkestak irakurriz gero. Halakoetan ohikoena eta errazena erantzukizuna Udalari leporatzea da. Oraingoan ere Udalak izan du kritikarik, asko izan baitira egoeraren ardura egotzi diotenak (%38,8k Udalaren borondate eza aipatu dute). Baina ezin esan herritarrak frogatik onik irten direnik, erantzunen gehiengoak «herritarren ekimen falta» aipatu duelako arrazoi moduan (erantzunen %50,6 da iritzi hori duena).
Helburuak?
Herri aldizkariaren helburuak aipatzerakoan, denetariko erantzunak izan dira. Baina, batik bat, herriko informazioa objetiboki zabaltzea eta hainbat arazoren inguruko gogoeta bultzatzea aipatu dituzte. Askok eta askok garrantzitsutzat jo dute, bestalde, herritarrek hitza izatea, Zuzendariari gutunak eta horrelakoen bidez [...].
AZPEITIKO AZTERKETA SOZIO-EKONOMIKOA
Euskal Herrian, batik bat Gipuzkoan, herri aldizkari ugari daude. Azpeitia baino baldintza sozio-ekonomiko okerragoak dituzten herri ugarik badute herri aldizkaririk. Ondorengo azterketaren bidez, gure herrian aldizkaria sortzeko baldintzak onak direla erakutsi nahi du Uztarriak. Azpeitian aldizkaria sortzeko baldintza ezin hobeak daude euskara, egoera sozio-ekonomikoa, merkataritza eta industriaren indarra... kontuan hartuta [...].
Euskara
Azpeitia herri euskalduna da, zalantzarik gabe, baina ez da herri euskaltzalea. Herri aldizkari batek, dinamizatzaile gisa izugarrizko lana egin dezake alor horretan. Datuei begiratzea besterik ez dago. Euskaldunak eta alfabetatuak gure herrian lagineko besteetan baino askoz gehiago dira, eta la Gipuzkoakoaren batez bestekoaren bikoitza da. Datu horiek, bestalde, hasieran gure herriko biztanlegoaren gaztetasunaz genioena baieztatzen dute. Alfabetatu eta ez-alfabetatuen artean, Azpeitian %87 euskaldunak dira (+ %7 la euskaldunak). Beraz, egundoko potentzialitatea duen herria da. Gure herriko gabezia historikoen akatsa, ordea, hurrengo estatistikan nabarmentzen da: %87ren ama hizkuntza euskara da, baina etxean %76k hitz egiten dute euskaraz. Datu horrek agerian uzten du gure herrian, orain dela gutxi arte, euskararen alorrean lanik ez egiteko beharrak ekarri duen kaltea.
HERRI ALDIZKARIAREN EZAUGARRIAK
Herri aldizkaria benetan herritarra izango bada, garrantzitsua da izaeraren inguruan hitz egitea. Uztarriaren iritziz, behar-beharrezkoa da aldizkari horrek izaera zabala izatea. Mota guztietako herritarren partaidetza izan behar du. Horrek emango dio zabaltasun hori. Bide horretatik, gainontzeko herri aldizkarien historiari kasu egiten badiogu, gehientsuenak, denak ez esatearren, euskara edota herri elkarteetatik sortu dira. Funtzionamendu aldetik autonomo samarrak dira Euskal Herriko herri aldizkariak. Eta horrek ematen die izaera zabal hori. Izan ere, aldizkari bat alderdi politikoren baten edo Udalaren mendean edota eraginpean baldin badago, herriko informazio guztia ez da agertuko; beti interes partidistak nagusituko dira. Garrantzitsua da, horrenbestez, herri aldizkarian era eta kolore guztietako informazioa agertzea. Irizpide orokorrak betiere interes propioen gainetik egon behar du. Informazioa sakratua baita, beti esaten dugun moduan. Eta guztiok informatzeko eskubidea eta informatuak izateko eskubidea baitugu [...].
ALDIZKARIAREN HELBURUAK
Euskara eta euskal kultura bultzatu
Azpeitia herri euskalduna da, baina ez euskaltzalea. Ondorioz, Uztarriaren iritziz hainbat gabezia sumatzen dira. Aldizkariak akuilu lana egingo du euskararen alde, Euskal Herrian herri eredugarria izan gaitezke eta. Bestalde, herri aldizkariaren sustraietako bat kultura da, euskal kultura. Herri aldizkariarentzat euskal kultura garrantzitsua da oso, informazio iturri nagusia.
Informazioa zabaldu
Sorrera-sorreratik informazio gabezia nabarmendu du Uztarriak. Inkestetan ere, herrian hartzen diren erabakien berri, irekita dauden eztabaida prozesuen berri... ez dutela adierazi dute herritarrek. Hori dela eta, herri aldizkariaren beste helburuetako bat informazioa zabaltzea da, ahalik eta informazio gehien. Herrian gertatzen den eta eztabaidagai den guztia herritarrei helaraztea. Informatzea eskubidea delako. Baita informatua izatea ere.
Herriaren egituraketa
Udala-herritar, herritar-elkarte, elkarte-Udala arteko harremanak bultzatu behar ditu herri aldizkariak. Guztien informazioa kaleratuz, guztien iritzi eta eskariak publiko eginez, gaur egungo harremana hobetu egin nahi du. Beharrezkoa da elkarren arteko harremana bultzatzea, eta horretan zeresan handia izango du herri aldizkariak. Herria ahal den gehien integratzeko helburua du Uztarriak.