Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Sexuketa ipuinak

Aitor Arana

narrazioa

Hiria, 2011

 

BERA BEZALAKOA

 

        Txetxu etsita zegoen. Munduan eduki daitekeen guztia zeukan, desio daitekeen ororen jabe zen, baina bazuen —hala ere— huts bat; nola edo hala bete beharreko hutsa. Ez zuen beretzako moduko bikotekiderik aurkitzen, nahiz eta ahalegin hartan hamar urte inguru eman.

        Gizon gaztea zen Txetxu, gaur egun «morroi normala» edo «mutil ona» esaten dena. Hogeita bost urte zeuzkan, ile beltz motz kizkur-kizkurra, eta begi grisak (nola gustatzen zitzaizkion begi haiek berari!). Gorputz ederrekoa zen herriko kiroldegian igeriketa-eta egiten dutela nabari zaien horietakoa , eta altu samarra. Hamabost urte zituenerako, ongi zekien Txetxuk gaya zela, neskek ez, baina mutilek biziki erakartzen zutelako. Hartaz jabetu zen bezain azkar komentatu zien lagunei kontua eta, haien artean, denetik aurkitu zuen: batzuek «marikoitzarra» eta antzekoak bota zizkioten berehala, beste batzuek irribarrez hartu zuten, eta gehienek normaltasunez bereganatu zuten Txetxuren izaera, Txetxuk berak halaxe hitz egiten baitzuen bere buruaz.

        Garai hartan —nerabezaroan—, oso gogoko zituen motorrak eta, herritik bost kilometrora zegoen nekazari giroko auzoko baserri batean bizi zenez, laster ipini zuen moto tailerra ukuiluan, aitak azken behiak kendu zituenean. Hura zen zarata auzokoek handik aurrera jasan behar izan ziotena! Eguneko zeinahi ordutan abiatzen zen burrunba batean, konpontzen ari zen edozein motor probatzen. Zenbat jende ez ote zuen esnatu siesta garaian! Gauez molestatu zituenak ere, ez zaren gutxi izan. Kexuak jasotzen zituzten etxean sarri samar ateratzen zuen zarata handiagatik, baina mutila ez zegoen amore emateko, eta gurasoei esaten zien:

        —Probatzen ez baditut, nola,jakingo dut ondo dabiltzan?

        —Har ezazu lantokitxo bat herriko industrialdean, han ez duzu-eta inor molestatuko lanean zabiltzanean —esaten zion amak, eta hala egin zuen lokala alokatzeko adina diru bildu zuenean.

        Hogeita bost urte bete zituenerako, Txetxuk herri osoko motor eta auto konpondegirik ederrena zeukan, hamar langile beretzat lanean zituela. Diru aldetik arazorik ez zeukan, beraz. Behar baino gehiago zeukan eta ez zen dirua buruan zebilkiona, etsipenak jotzen zuenean. Oso bestelako kontuek kezkatzen zuten: zergatik ez ote zuen bikotekiderik aurkitzen?

        —Nire ustez besteei gehiegi eskatzen diezu. Ez duzu ulertzen denak ezin garela izan zu bezalakoak, eta horretxek galtzen zaitu —esan zion behin bere bihotzeko laguna zen Begoņak, musika ozena jarrita zeukan tabernan zurito bana hartzen zutela.

        —Bai zera! Eman adibide bat.

        —Jokinekin ibili zinenekoa, esaterako.

        —Jokin gixajoa zen, txepel hutsa!

        —Zergatik?

        —Ez zidalako onartzen kalean eskutik heltzea —esan zuen Txetxuk bizi-bizi, haserreak begiak pizten zizkiola.

        —Hara? Begoņak, esku batez Txetxuri plater bat eskainiko balio bezalako keinua eginez—. Ikusten duzu nola jartzen zaren? Arrazoia beti zeurea balitz bezala.

        —Kasu hartan hala zen!

        —Ez zen! Ez zela, Txetxu, joba!

        —Zergatik ez?

        —Jokinek denbora behar zuen zuri kalean eskutik heltzeko. Gauza horiek ez dira errazak!

        —Nik egiten ditut bada!

        —Baina denok ez gara zu! Horixe da ulertzen ez duzuna: bakoitzak bere martxa duela.

        Txetxuk, beste askotan bezala, ez zuen uste Begoņak arrazoirik zuenik. Konbentzituta zegoen aurkituko zuela bera bezalako mutil bat, oso antzekoa, harekin ondo baino hobeto konponduko zena. Maitemindu egingo ziren, elkarrekin bizi, zinera joan eta oporretan irteteko. Lagun hura aurkitzeko, ongi bilatu baizik ez zuen egin behar. Konbentzituta zegoen, bai horixe!

        Gauez gay giroko taberna askotara joan zen asteburuetan, hogei bat urterekin hasi eta hogeita bost bete arte. Lagun bat baino gehiago aurkitu zuen, jakina, baina gehienak hutsak eta ergelak iruditzen zitzaizkion: lerdenenak eta ederrenak ergelak ziren normalean, euren lerdentasuna handiesten zutelako. Apalak, berriz, apalegiak iruditzen zitzaizkion, lotsatiegiak aukeran, eta baztertu egiten zituen. Gizon helduak ez zitzaizkion gustatzen, berak baino gehiago jakin ohi zutelako. Horrela, urte gutxian, gure Txetxuk urritu eta urritu egin zuen bere inguruko aukera.

        Jakinekoa da berarekin harremanak izan zituztenek, noizbehinka, elkarrekin hitz egiteko aukera izaten zutela.

        —A, zu ere ibili zinen Txetxurekin? —galdetu zion Txetxuren mutil ohi batek beste bati larunbat gauez taberna-kafetegi batean, elkarrekin kasualitatez topo egin eta hizketan hasi ondoren.

        —Bai! Ezagutzen duzu, ala?

        —Ezagutuko ez dut bada! Zenbat denbora egin zenuten batera? Edo, hobeto esanda: zenbat denbora egin zuen zurekin?

        —Bi hilabete.

        —Uau! Marka guztiak hautsi zenituen!

        —Zer esaten didazu? Nik uste nuen...

        Arras interesaturik, bi lagun berriek Txetxuri buruz hitz egin zuten, luzaro hitz egin ere. Edariak bukatu eta beste zerbait eskatu zutenean ere, hartaz hizketan jarraitu zuten. Azkenean, kontu kontari eta txutxu-mutxuka goizeko ordu txikiak arte gogotsu jardun ondoren, ondorio argi batera iritsi ziren biak ere.

        —Honezkero belarriak gorri-gorri eginda utziko genizkion.

        —Ondo merezita dauka.

        —Baina, zer da behar duena?

        —Argi dago, nire ustez: bera bezalako lagun bat. Berak bezala pentsatzen eta sentitzen duena...

        —... bera bezala janzten dena...

        —... berak bezalako begi grisak dituena!

        —Ha, ha, ha! —barre egin zuten biek batera, elkarrizketa amaitutzat emanez. Batak sorbaldatik heldu zion besteari eta elkarrekin atera ziren musikadun taberna-kafetegi atsegin hartatik.