Aitor Arana
narrazioa
Arabako Foru Aldundia, 2008
Taff ezagutu nuenean, Oscar Wilderen biografia irakurtzen ari nintzen.
Lehendik ere irakurria nuen, baina Oscar Wilderekin —hura irakurri duen edonork daki— naturarekin bezala gertatzen da: zaharberritu egiten da behin eta berriz, eta berritze orotan haren idazlanek ostera erakartzen dute irakurlea.
Taff atzerritarra zen, bistan da. Okzitaniar jatorra, gobernu frantsesaren nortasun eta kultura zapalkuntzari aurre egiten dakiten horietakoa. Hogeita hamar urte zituen nik jadanik berrogei nituenean. Oso ile horiko mutikoa izan zen, begi urdinekoa, okzitaniarra baino gehiago alemaniarra zirudiena, edo finlandiarra. Nik ezagutu nuenean, haren ile Noria gaztainkara bihurtua zen, baina begiek distira urdinetan jarraitzen zuten.
Euskaltegiko ikasgelan lehenbiziko aldiz ikusi nuelarik, han ezagutu bainuen, begiratu bat nahikoa izan zitzaidan Taff zintzoa gaya zela jakiteko. Gayok antena moduko bat omen daukagu eta, kalean jende artean gabiltzanean ere, ba omen dakigu inguruan kideren bat dabilen ala ez. Ez dakit kontua horrenbestekoa den, baina egia da nik gizonezko begirada konplize dezente topatu izan dudala kalean, zinean, liburudendetan... Eta Taffi berehala antzeman nion. Ziur naiz berak informazio bera jasoko zuela nigandik.
Oso ilusio handia izaten dut nik beti lagun berriekin. Baikorra naiz, izan, jende oro ona eta maitagarria dela pentsatzen duten horietakoa. Goiz hartan, udako barnetegian Taffi eta gainerako ikasleei klasea ematen has! nintzaienean, bihotza pozez gainezka nuen. Zorionekoak gara gizakiak, horren erraz poztu baikaitezke, goibeltzeko zoritxarrak edo pisuzko arrazoiak behar ziaten ditugun bitartean.
Oscar Wilde idazle irlandarrari, hogei urteko Alfred Douglas gaztea ezagutu zuenean, bihotza pozez gainezka jarri zitzaion. Ziur nago. Mutil argala zen Alfred, aurpegi fine koa eta... olerkaria. Adiskidetasuna berehala sortu eta errotu zen Wilderen eta Douglasen bihotzetan. Wildek, ez orduan ez gerora, inoiz ez zuen ezkutatu mutila maite zuenik; are gehiago, gizonaren mutilarenganako maitasuna gizakien arteko maitasunik egiazkoena dela defendatu zuen gartsu, antzinako grekoen antzo. Douglasek ez zuen kontua hain garbi ikusten; gerora hamaika aldiz ukatu zuen Wilde maite izan zuenik. Eskubide osoa zuen. Gauza jakina da Wilde hiztun aparta zela, ingelesa eta frantsesa aberastasun eta dotoretasun handiz erabiltzen zituela. Douglas gazteari horik etorri omen zitzaion lehenbiziko erakarpen zantzua; hortik, eta Wilde ordurako idazle ezaguna eta miretsia izatetik, ziur aski.
Alfred Douglas gazteak, Oxfordeko ikasle garaian, bazuen Johnson izeneko lagun bat, oso lagun mina egiaz, elkarrekin olerkiak idaztera ere heldu baitziren biak ala biak. Johnson izan zen, egun batean Douglas Wilderen etxera —Tite Street kale ezagunera— bazkaltzera eraman zuena eta, bazkari hartan, Wilde aurkeztu ziona. Idazle irlandarra eta ikasle ingelesa laster izan ziren hezur eta mami.
Taffek eta biok laster ihes egin genuen barnetegiko giro estutik. Arratsaldeko klaseen ondoren, nire autoan sartu eta kafea hartzera joaten ginen inguruko herriren batera. Uda hartan bertan etxera ere eraman nuen, afaltzera gonbidatuta, nire ezkontidea ezagut zezan.
Mutil argia zen Taff, oso ikasle ona izandakoa. Irakurle bikaina zela esan beharrik ez zuen; nahikoa zen hartaz jabetzeko, berarekin bost minutuz jarraian hitz egitea.
—Euskara ikasi eta gero, bihotza bi lekutan dut —esan zidan beti—: Okzitanian eta Euskal Herrian.
Nik zalantzarik ez nuen hartaz. Gure hizkuntza hain ongi ikasi zuenez, eskubide osoa zuen euskaldun sentitzeko, praktikan halaxe zen-eta.
Uda joan zen, eta Taffek etxera itzuli behar izan zuen, lanera, bere mundura.
—Udazkeneko oporretan itzuliko naiz —esan zidan—; badakizu Frantzian hainbat oporraldi izaten dugula urtean zehar, zuek hemen ez dituzuenak.
Musu batez agurtu genuen Taff ezkontideak eta biok Hendaiako tren geltokian, Donostian elkarrekin bazkaldu eta gero, hara eraman baikenuen autoz.
Udazkenean, egunak gauari goizago eta errazago amore ematen dionean, Taff itzuli egin zen gure etxean astebete emateko asmoz. Zertarako ordaindu ostatua, guk etxean gela bat libre geneukanean? Aste hartako plana, bi lagunek izan dezaketen onena zen: nire ezkontidea lanera joanda zegoela, bederatziak inguruan jaiki, dutxatu eta kafetegira gosaltzera joan. Han, Berria irakurriz, eguneko albisteak komentatu, hizkuntzari buruzko lagunaren zalantza gramatikalak argitu. Liburudendetara joan, urtegi inguruan paseatu, etxera bazkaltzera itzuli, lo-kuluxka egin, hala nahi izanez gero, eta gero, ezkontidearekin egunero arratsaldeko itzulitxoa egin, Zarauzko hondartzan-edo kafea hartuz. Berriro etxera, afaria prestatu, hitzaspertu interesgarriak hontaz eta hartaz, eta ohera. Gastu guzti-guztiak etxeko bion kontura. Zer ez da egiten lagun on batengatik, are gehiago atzerritarra denean?
—Antzerkia ikusi nahi nuke euskaraz. Parisen sarri joaten naiz antzokira, baina inoiz ez dut antzezlanik euskaraz entzun. Berehala izan ginen biok, noski, Taffekin Sheakespeare osoa Donostiako Egian ikusten. Pozarren.
—Ez dut ongi ezagutzen Nafarroako erdi aldea. Pozik ikusiko nuke —jakinarazi zigun beste batean.
Egun batean autoz kilometro dezente eginez, Monika adiskidea gurekin egunpasa etorrita, goizez Gares eta Eunate ikusi genituen. Eguerdian jatetxe begetarianoa bilatu eta aurkitu genuen Iruņean, Taff laguna barazkijalea denez. Arratsaldean, Erriberri, Uxue eta Leire. Egun polita.
—Parisera joaten zaretenean, zuen gidari izango naiz eta hango lekurik ederrenak erakutsiko dizkizuet.
—Mila esker, Taff —erantzun genion irribarrez eta esker onez.
Alfred Douglasek, oso ongi zergatik ez dakigula, bizitzeko eta dibertitzeko behar zituen guztiak Oscar Wildek ordaindu behar zizkiola uste zuen. Wilde ezkonduta zegoen eta bi seme zituen, bi mutiko eder, eta idazlea zen lanbidez, artikulugilea, hizlaria, dramaturgoa... Saltsa asko eta diru gutxi. Eskerrak, gutxienez, garai hartan jende diruduna eta ez hain diruduna antzokira sarri-sarri joaten zen. Jakina, zinemarik eta telebistarik ez zegoen orduan.
Ezin jende xumearentzako jatetxeetan bazkaldu. Nola, baina? Ezta afaldu ere. Nolatan, bada? Jatetxerik garestienetan bazkaldu eta afaldu beharra zegoen. Eta orduak eta orduak eman mahaian, bazkalondoan hitz eta pitz. Gaur biak bakarrik, bihar honekin, etzi harekin, etzidamu berriz bakarrik. Eta xanpaina denontzat! Eta ardorik onena noiznahi, jakina.
Ordainduko zuen Wildek. Idatziko zuen gauez artistak, loari denbora ebatsiz. Edo bestela, Wildek berak idatzita utzi zuena gertatuko zen: «Lord Alfred Douglasekin egon naizen denboran, denbora guzti-guztian, ez dut lerro bakar bat ere idatzi». Eta emaztea? Hura etxean bakarrik, baina hori bai: bi seme ederrekin.
—Zure opariek hunkitu egiten naute, Oscar, eskerrik asko —esker oneko Douglasen hitzak, lagunagandik urrezko eta diamantezko bitxiak jasotzean.
Eta laster gehituko zuen:
—Udaldi ederra eman behar genuke biok elkarrekin, Oscar. Zergatik ez duzu alokatzen etxe handiren bat landan edo itsasertzean? Zerbitzari bat edo bi aski genuke gu biontzat. Gure lagunik onenak gonbida genitzake aldian-aldian. Eguzkitan biluzik ibiliko ginateke lorategian, antzinako grekoen antzera.
Eta egia: apaiza udaldi haietako batean bisitan joan zitzaienean —apaizak antzina auzokoak bisitatzera joaten baitziren—, Douglas biluzik aurkitu zuen etxeko lorategian, Wilde —eskerrak Jainkoari— etxeko txabusina jantzita zegoen une batean.
Egun hartan, Taffek eta biok pozik bazkaldu genuen biok bakarrik, kontu-kontari. Bazkalondoan, jadanik halakorik inoiz ez zela gertatuko neureganatua nuenean —egun dezente eman baikenituen elkarrekin halakorik gertatu gabe—, honela galdetu zidan lagunak:
—Ikusiko dugu bideo gay bat elkarrekin?
[...]