Mikel Alberdi
poesia
Egilea editore, 2011
ERLIJIOEN ARKITEKTURAK
izateari zentzua bilatzen
darraiten erlijioen
eraikuntza izugarriak
ditut hizpide
arkitektura anitzek
gogoratzen didate asmo sakon hori
Egiptotik Mexikora
Kanbodiatik Parisera
zenbat esklabu hil dira, hil
eraikuntza erraldoi horiek sortzeko...!
arimaz hustutako gorputz zargalduekin
gogoratu nintzen Samarkandara iristean
minarete eta kupula ezinezko
turkesa xarmangarriz estalita
geometria orbangabe eta sorgindua
eternitateak forma har dezan
arimen oinazearen gainean
eraikitako edertasuna...!
zenbateraino nahiagoko nukeen
jendea ikustea
Gobiko basamortuan jauzika,
dantza deszifra ezinak eginez
inoiz harrizko arkitektura bihurtuko ez diren
keinuekin.