Joxean Agirre
nobela
Haranburu Editor, 1984
Apenas edaten zuen. Hizpide gutxiko pertsona zen eta adiskide hurbilak ere tentu haundiz tratatzen zekiena. Askok retraitu bezala kalifikatu zuten. Laneko lagunek izakera itxi baina eramankor bezala. Isila zen. Ordea, bazekien zorrotza izaten. Ez zuen lagunarterik maite eta inoiz konpromezuzko afarietara joaten zelarik, desgogora ikusten zuten. Mahaitik altxa bezain azkar, berokia besoan tolestatu eta aitzakia inkoherenteak aipatzen zituen, goiz etxeratzeko. Orduan emakumeek balaku tontoak eta proposamen gaiztoak egiten zizkioten, lotsarazi nahiz. Hark guztiei luzapenak eman edo desenkusa berriak asmatuz, erantzuten zien eta etxerako bidea hartzen zuen.
Haatik harritu bide dira guztiak gertatu zaionaz. Goizaldeko ordu beranduetan hilik aurkitu dute autoarekin, herriko sarreran, argi poste bat birrindu ondoren. Aurpegia desfiguraturik zuen, baina pozik zegoenetako irrifarra zuen ezpainetan eta txaketaren poltsikoan mirariz salbatutako txanpain boteila erdi edana.
Azkena ikusi zutenek bere izakerarekin nekez koadratzen diren detaileak eman dituzte. Emakume eder baten konpainian sartu omen zen auzoko pub batetan. Ezagun talde bat agurtu eta azken kopara gonbidatu zituen. Pasadizu bitxiak kontatu zizkien, broma atrebituak. Sueltoa, segurua, bere buruarekin pozik ikusi zuten. Guztiek, ez zegoela edana, diote, enamoraturik baizik.
Hori izan daiteke edonoren azkena, nerea esaterako. Poliki poliki zure izakera onartzen duzu, suerte txarrarekin adiskidetzen zara eta komodo sentitzen. Egun batez kartak aldatzen zaizkizu; enamoratu egiten zara edo loteria tokatzen zaizu. Zoriontsu sentitzen zara baina arrotz. Heriotza, kasu horretan, oreka galdura itzultzeko bidea litzateke.
Esistentzia bakoitzak, hala ere, posibilitate aunitzak eskaintzen ditu.
Demagun, esaterako, ni, naizenaren kontrakoa naizela; hots izan nahi nukeena:
Afari inportante bat izan dut negozio lagunekin eta pozik noa eta aldi berean lasai etxerantz, eskuak bolantean eta pentsamendua beste nonbait, kantuan beharba da edo harturiko erabakien ondorioak aldez aurretik ausnartzen. Eskua luzatu eta kajetilla bere lekuan aurkitzen dut, autoaren akzesorio bat gehiago bailitzan eta zigarro bat daramat ezpainetara, beharbada parabrisaren mugikera automatikoak hipnotizatzen nauelako, espabilatzearren... Karreteraren trazo iluna erdibitzen duen marra dizdirantetik begirada apartatu eta abiadaren orratza erreparatzen dut. Dena bere lekuan dago eta maiz sentitzen naizen bezala zoriontsu naizela sentitzen dut. Ez dakit non, agian goizeko irratian entzun dudan kanta baten melodia tatareatzen dut eta beharbada ohea konpartizeko norbaiti dei nezaiokela pentsatzen hasten naiz, patinazoa sentitzen dudanean; bolantean lehenik eta gorputz osoan gero, indar gaizto batek airean naraman sentsazioa. Bolanteari tinko heldu diot, baina, hala ere, autoaren argiek parabola zoroak markatu dituzte ilunean. Gauza guztiek beren lekua galdu duteneko une eterno horretan dentrifikoa anuntziatzen duen neskatxaren irrifarra ikusi dut lehenik, argi poste metalikoa ondoren, egunero etxerakoan agurtzen nauen irrifarra berriro, baina tamainu haundiagoan eta argi postea segidan, guztia nere bueltan biraka, perfilak, trazoak, tonoak kolore gorrizta batetan funditu arte. Gero eztanda bat eta ez dut ezer ikusten, neure buruaren baitan kupula argitsu bat izan ezik, begiak barrura itzuli bailiran, kolore askotako su geldoak lehertuz, beste hainbat kupula argitsutan, etengabe multiplikatuz festa nagusietako su jokoetan bezala, baina polbora usaiaren ordez odol kirats bero eta nardagarria eta jendearen abotsak segidan gero eta urrunago, mundua inoiz alkantzatuko ez dudan urbazterra bailitzan, neu ondoratzen noan bitartean.
Honela ere imajina dezaket nere heriotza, gertatu ez den guztia posible denez gero.
Beste batzuetan ez dago heriotza imajinatu beharrik. Hor aurkitzen duzu, nonahi, herriko sarreran, esaterako:
Argi postea birrindu du norbaitek.
Anbulantziak iristerako, kuriosoek mugatu dute istripuaren ezenatokia. Bi eskuekin ahoak estali dituzte eta oh! esatera ausartu dira, autoaren atea indarka zabaldu dutenean. Armiņozko mantoa darama traje grisaren gainetik eta latoizko koroak biltzen dio kopeta odoldua.
Argi postearen kontra metaturik dagoen txatar txondarri ke mehar eta zuri bat dario. Erregez jantzitako gizonari ezer ez.
Erreskatekoek neke haundiz giza figura burdina artetik libratzean, koroa erori eta itzulika doakio txatarra artera, soinu merkeak eginez. Jendeari beste oh! bat eskapatu zaio. Haurrek azkar zabaldu dute berria: erregea auto istripuan hil da. Eta jendea ere ez da susmo txarretan aspertuko, biharamunean prentsan gertatuaren berri jakiten duen arte: hilak 40 urte zituen. Aktorea zen profesioz. Gau osoa luzatu zen entsaio batetatik zetorren etxera, heriotzarekin aurkitu zenean. Hamlet-en estrenoa suspenditu egin da, garaiz adieraziko den egunera arte.