Ipuinak

Batoko Xertuko

Batoko Xertuko narte bat zen, garai zaharretako gerrari txetxeniarra. Ausarta zen oso, eta pobreak defendatzen zituen beti, horregatik maite zuten txetxeniar guztiek.

Merkatura zihoala, negar eta negar ari zen nekazari gazte batekin egin zuen topo.

Zer zeukan horren nahigabeturik galdetu zion Batoko Xertukok.

—Ama hil berria dut, horregatik egiten dut negar.

—Kontsola zaitez —aholkatu zion Batoko Xertukok—, baina zure ama ere kontsolatu behar zenuke.

Nekazariak utzi egin zion negar egiteari.

—Nola kontsolatuko dut ama, hila baldin bada?

—Hil ezazu zure ukuiluko abereren bat —esan zion Batoko Xertukok.

—Eta horrekin kontsulatuko ote da nire ama? —galdetu zion gazteak, ezin sinetsirik.

Eta Batoko Xertuko narte handiak honela erantzun zion:

—Hil ezazu animaliaren bat zure amaren izenean, horrela heriotza zure amaren gorputzetik irten eta animaliarenera pasatuko da.

Baina nekazaria maltzur samarra zen.

—Zergatik sinetsi behar dizut?

—Sinesten ez badidazu —esan zion Batoko Xertukok—, datorrela nirekin zure lagunik onena, eta bitartean zuk hil ezazu animaliaren bat amaren izenean. Zure lagunak esango dizu benetan ari naizen ala ez.

Eta horrela, baietz esan zion nekazariak.

Batoko Xertuko eta nekazariaren lagunik onena beste mundura abiatu ziren.

Nekazariak, bitartean, oilo bat eta oilar bat hil zituen, lumatu zituen eta zatitan ebaki zituen, ogiz betetako saski batekin pobreen artean banatzeko.

Batoko Xertuko eta nekazariaren lagunik onena beste munduko mendi batera iritsi ziren. Han bizi zen hildako ama.

Honela esan zien hildako amak:

—Esaiozue nire semeari eskertu egiten dizkiodala oiloa eta oilarra.

Eta eskua mendiaren gailurrera luzatuz, oiloa, oilarra eta saskia bete ogi erakutsi zizkien.

Batoko Xertuko eta nekazari umezurtzaren lagunik onena mundu honetara itzuli ziren, eta Batoko Xertukok honela esan zion:

—Ikusi genuen zure ama. Eskertzen dizu bidali zeniona.

Baina nekazaria oso maltzurra zen.

—Zeinen gauza bitxia!

—Bitxia, zergatik? —esan zuen Batoko Xertukok.

—Ez nuelako batere animaliarik hil nire amarentzako —bota zuen nekazariak, gezurretan.

Orduan bere lagunik onena mintzatu zen.

—Zure amak oilo bat, oilar bat eta saskia bete ogi zeuzkan.

Hitz hauek frogatu zuten Batoko Xertuko eta lagunik onena benetan ari zirela.

Eta gertatu honetatik sortu omen zen Txetxenian hildakoak ohoratzea haien omenezko otordua eginez, eta mundu osora zabaldu zela Txetxeniatik ohitura hau.

Eta hauxe izan zen Batoko Xertuko narte handiaren, gerrari handiaren garaitzarik handienetako bat.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek Batoko Xertuko gerlaria dakar, eta Txetxeniako mendietatik dator aholku ematen

Creative Commons Lizentzia