Ipuinak

Hildako ama

Antzinako Errusian, herrixka urrun batean, alargun bat bizi zen bere hiru semeekin: bi bizkorrak ziren, eta hirugarrena inozoa. Bere senarra zenak, merkataria izanik, errublo asko utzia zion, diru puska bat alegia.

—Laster hilko naiz, zaindu ezazue zuen anaia—esan zien seme bizkorrei.

Eta lasai hil zen, bere seme bizkorrek esan ziotelako beti zainduko zutela anaia inozoa.

Eta anaia bizkorrek bien artean banatu zuten herentzia, anaia inozoaz oroitu gabe. Inozoak bere zatia eskatu zienean, ezkondu egin behar zutela eta diru guztia behar zutela erantzun zioten.

Inozoak ama bizkarrean hartu eta teilatura igo zen.

—Zatozte! Zatozte! Nire anaiek ama hil dute!

Oihu haiekin izututa, anaia bizkorrek ehun errublo eta zaldi bat eman zioten.

Inozoak ama leran ipini eta alde egin zuen.

Moskuko bidean zihoala zalgurdi dotore bat azaldu zitzaion aurrez aurre.

—Baztertu zaitez! —agindu zion hiriburutik zetorren jaunak.

—Baztertu zaitez zu! —esan zion inozoak.

Halako ozarkeriak suminduta, jaunak zigorrada bat eman zion. Baina inozoa jo ordez haren ama hila jo zuen, elur gainean etzanda utzirik.

—Nire ama hil duzu! Nire ama hil duzu! —hasi zen inozoa oihuka.

Jaunak, bidean metatzen ari ziren leretakoek eta gurdietakoek entzuteko beldurrez, ehun errublo eman zizkion isildu zedin.

Inozoak dirua hartu, ama leran ipini eta bidean aurrera jarraitu zuen ilundu arte.

Herri batera iritsi zen, eta popearen etxea non zegoen, Errusiako elizako apaiza non bizi zen galdetu zuen.

Popearen etxeko bodegan sartu zen: ezti eta esne potoz betea zegoen. Inozoak aulki batean jarri zuen ama, esne poto bat ipini zion ezkerreko eskuan eta koilara bat eskuinean. Eta upel baten atzean ezkutatu zen.

Handik gutxira popearen neskamea azaldu zen. Ikusi zuenean emakume batek esnegaina lapurtzen ziola, buruan jo zuen giltzarekin. Lurrera erori zen inozoaren ama.

—Laguntza! Laguntza! Nire ama hil dute! —egin zuen oihu inozoak, upel atzetik irtenda. Eskaileretan gora ekin zion lasterka, eta kalean azaldu zen oihuka:

—Laguntza! Laguntza! Popearen neskameak nire ama hil du!

Popeak jakin zuenean gertatzen zena, kalera irten eta honela esan zion inozoari:

—Isildu zaitez! Tori ehun errublo!

—Gutxi da! —esan zion inozoak.

—Doan lurperatuko dizut ama!

Eta hala konformatu zen inozoa.

Gero bere herrixkara itzuli zen hildako amarekin irabazi zuen dirua erakustera.

—Nondik atera duzu diru hori dena? —galdetu zioten anaiek.

—Ama salduta!

Hainbeste errublo ikusirik, anaia bizkorrek pentsatu zuten emakume zahar batek hainbeste balio baldin bazuen hilik, emakume gazte batek askoz gehiago balioko zuela.

Anaia bizkorrek beren emazte gazteak hil eta merkatura eraman zituzten, saltzeko.

Eta nekazariek, anaia biek egin zutena ikusi zutenean, salatu egin zituzten. Guardiak azaldu ziren, eta gogor lotu zituzten biak. Epaitu zituzten eta Siberiara bidali zituzten: han ikasiko zuten horren bizkorrak ez izaten.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek ama hilaren ibiliak dakartza, eta leran dator lerratuz Errusia hotz eta elurtutik

Creative Commons Lizentzia