Sakrifizioeri buruzko arauak liturgi egutegiaren arabera  28,1 Zen 28–29 kap.ek Lv 23 kap.an kultuaz errana argitasun eta zehaztasun handiagoz garatzen dute.
28
1 Jauna Moisi hunela mintzatu zitzaion: 2 «Mana zazu israeldarreri izan daitezen arduratsu dagozkidan eskaingaiak, nere ohoretan erretzeko opariak, ezarri egunetan aurkezteko; atseginez onartuko ditut. 3 Errozute:
Egun guzitakoa
Huna Jaunaren ohoretan egunoro erreko dituzuen opariak: urtebeteko bi bildots akasgabe egunoroko erre-opari gisa; 4 bata goizean eskainiko da eta ilunabarrean bestea; 5 eta bihi-opari gisa, pinta bat eta erdi oliotan oratu lau kilo ogi-irin garbi. 6 Hori da egunoroko erre-oparia, Sinai mendian egin ohi zenaren gisakoa: Jaunaren ohoretan erre oparia da, harek atseginez onartzen duena. 7 Lehen bildotsarekin batean, pinta bat eta erdi arno eskainiko da ixur-oparitzat; ixur-oparia saindutegian eskainiko zaio Jaunari. 8 Bigarren bildotsa ilunabarrean eskainiko da ixur-opari berarekin, eta Jaunak atseginez onartuko du haren ohoretan erre oparia.
Sabatokoa
9 Sabatokari, urtebeteko bi bildots akasgabe eskainiko dira, olioan oratu zortzi kilo irinen bihi-oparia eta heieri dagozkioten ixur-opariak. 10 Hau da sabato guziz eskaini beharko den erre-oparia, egunoroko erre-opari eta ixur-opariez bestalde.
Hilabetearen lehen egunekoa
11 Hilabetea hastean, bi zezenko, marro bat eta urtebeteko zazpi bildots –denak akasgabeak– aurkeztuko diozkazue Jaunari erre-oparitzat. 12 Olioan oratu irina eskainiko duzue bihi-oparitzat: zezenko bakotxeko hamabi kilo, marroarekin zortzi kilo 13 eta bildots bakotxeko lau kilo. Jaunaren ohoretan erretako oparia da, atseginez onartzen duena. 14 Oparigaieri ixur-opari hauek dagozkiote: zezenko bakotxari hiru pinta arno, marroari bi pinta eta bildots bakotxari pinta erdia. Hori da hilabete guzien hastean eskainiko den erre-oparia. 15 Gainera, aker bat eskainiko zaio Jaunari barkamen-oparitzat, egunoroko erre-opari eta ixur-opariez bestalde.
16 Lehen hilabetearen hamalauean Bazkoa ospatuko duzue Jaunaren ohoretan, 17 eta hilabetearen hamabostean zazpi eguneko besta hasten da: egun horietan altxagarri gabeko ogia janen duzue. 18 Astearen lehen egunean batzar sakratua ukanen duzue eta ez da ohiko lan arruntik eginen. 19 Opariak erreko dituzue Jaunaren ohoretan: bi zezenko, marro bat eta urtebeteko zazpi bildots –denak akasgabeak–, 20 eta dagokioten bihi-oparia, olioan oratu irina: zezenko bakotxeko hamabi kilo, marroarekin zortzi kilo 21 eta bildots bakotxeko lau kilo. 22 Gainera, aker bat barkamen-oparitako, zihauren bekatuen barkamen-errituaren egiteko. 23 Hori guzia eginen duzue goiz guziz egin beharreko erre-opariaz bestalde. 24 Zazpi besta-egunetan, egunoro eskainiko dituzue Jaunaren ohoretan erretzeko opariak eta harek atseginez onartuko ditu. Opari hauek, egunoroko erre-opari eta ixur-opariez bestalde eginen dituzue. 25 Zazpigarren egunean batzar sakratua ukanen duzue berriz eta ez da ohiko lan arruntik eginen.
26 Asteen Bestan, lehen fruituen egunean uzta berriko fruituen oparia Jaunari aurkeztean, batzar sakratua ukanen duzue eta ez da ohiko lan arruntik eginen. 27 Bi zezenko, marro bat eta urtebeteko zazpi bildots eskainiko dituzue erre-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko ditu. 28 Olioan oratu irina eskainiko duzue bihi-oparitzat: zezenko bakotxeko hamabi kilo, marroarekin zortzi kilo 29 eta bildots bakotxeko lau kilo. 30 Gainera, aker bat zihauren bekatuen barkamen-errituaren egiteko. 31 Opari horiek eginen dituzue egunoroko erre-opari eta bihi-opariez bestalde. Abere akasgabeak hautatuko dituzue eta dagozkioten ixur-opariak erantsiko.
29
1 Zazpigarren hilabetearen lehen egunean batzar sakratua ukanen duzue eta ez da ohiko lan arruntik eginen. Bozkario-irrintzin-eguna  29,1 Zazpigarren hilabetearen lehen eguna: Ik. Lv 23,24 oh. // bozkario-irrintzin: Ik. 10,5 oh. da. 2 Zezenko bat, marro bat eta urtebeteko zazpi bildots –denak akasgabeak– eskainiko dituzue erre-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko ditu. 3 Olioan oratu irina eskainiko duzue bihi-oparitzat: zezenkoarekin hamabi kilo, marroarekin zortzi kilo 4 eta bildots bakotxeko lau kilo. 5 Gainera, aker bat barkamen-oparitako, zihauren bekatuen barkamen-errituaren egiteko. 6 Opari horiek eskainiko dituzue, hilabetearen hasteko eta egunoroko erre-opariez bestalde eta horieri dagozkioten bihi eta ixur-opariez bestalde, arautua den bezala. Jaunak atseginez onartuko ditu haren ohoretan erretako opari horiek.
7 Zazpigarren hilabetearen hamarrean, batzar sakratua ukanen duzue; barur-eguna izanen da eta ez duzue ohiko lan arruntik eginen. 8 Zezenko bat, marro bat eta urtebeteko zazpi bildots –denak akasgabeak– eskainiko dituzue erre-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko ditu. 9 Olioan oratu irina eskainiko duzue bihi-oparitzat: zezenkoarekin hamabi kilo, marroarekin zortzi kilo 10 eta bildots bakotxeko lau kilo. 11 Gainera, aker bat barkamen-oparitako, Barkamen-Egun handiko barkamen-opariaz eta egunoroko erre-opariez bestalde, horieri dagozkioten bihi eta ixur-opariekin.
12 Zazpigarren hilabetearen hamabostean batzar sakratua ukanen duzue eta ez da ohiko lan arruntik eginen. Zazpi egunez eginen duzue besta Jaunaren ohoretan. 13 Hamahiru zezenko, bi marro eta urtebeteko hamalau bildots –denak akasgabeak– eskainiko dituzue erre-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko ditu. 14 Olioan oratu irina eskainiko duzue bihi-oparitzat: zezenko bakotxeko hamabi kilo, marro bakotxeko zortzi kilo 15 eta bildots bakotxeko lau kilo. 16 Gainera, aker bat barkamen-oparitako, egunoroko erre-opari eta haueri dagozkioten bihi eta ixur-opariekin.
17-34 Bigarren egunetik zazpigarrenerat, egunoroko erre-opari eta haueri dagozkioten bihi eta ixur-opariez bestalde, akasgabeko abereak eskainiko dituzue erre-oparitzat, dagozkien bihi eta ixur-opariekin, eta aker bat barkamen-oparitako. Huna erre-oparitzat eskaini beharreko abereak:
Bigarren egunean, hamabi zezenko, bi marro eta urtebeteko hamalau bildots; hirugarren egunean, hameka zezenko, bi marro eta urtebeteko hamalau bildots; laugarren egunean, hamar zezenko, bi marro eta urtebeteko hamalau bildots; bosgarren egunean, bederatzi zezenko, bi marro eta urtebeteko hamalau bildots; seigarren egunean, zortzi zezenko, bi marro eta urtebeteko hamalau bildots; zazpigarren egunean, zazpi zezenko, bi marro eta urtebeteko hamalau bildots.
35 Zortzigarren egunean, bururatzeko batzarra ukanen duzue eta ez da ohiko lan arruntik eginen. 36 Zezenko bat, marro bat eta urtebeteko zazpi bildots –denak akasgabeak– eskainiko dituzue erre-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko ditu. 37 Oparigai bakotxari, dagozkion bihi eta ixur-opariak erantsiko diozkazue, arautua den bezala. 38 Gainera, aker bat barkamen-oparitako, egunoroko erre-opari eta haueri dagozkioten bihi eta ixur-opariekin.
39 Horra hor ezarri egunetan Jaunari eskainiko diozkazuen opariak, botu baten betetzeko edo nork bere borondatez eskaini opariez bestalde, eta gainerateko erre-opari, bihi eta ixur-opari edo elkartasun-opariez bestalde.
|