Elizen arteko
BIBLIA
Lapurtarrez
Bila PASARTEA     Bila HITZA
Pasartea:   

Ikusteremua zabaldu

Luk 4,14-9,50

Luk : Sarrera 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24

GALILEAKO MISIOA (4,14–9,50)
14 Jesus, Izpirituaren indarrez, Galilearat itzuli zen, eta inguru hartan guzian zabaldu zen haren berri. 15 Hango sinagogetan irakasten zuen, denek goresten zutela.
Jesusek zer predikatzen (4,16-30)
Nazaretarren esker gaixtoa
(Mt 13,53-58; Mk 6,1-6)
16 Nazareterat
4,16 Nazaret: H.h., Nazara, herri beraren beste izen bat.
joan zen, hazia izan zen herrirat, eta sabatokari sinagogan sartu zen, ohi zuen bezala, eta irakurgaiaren egitera xutitu. 17 Isaias profetaren liburua eman zioten. Liburua zabaltzean, hitz hauek idatzirik aurkitu zituen:
 
18 Jaunaren Izpiritua gainean dut,
sagaratu nauelakotz.
Igorri nau behartsueri berrionaren mezutzera,
presoeri librantzaren
eta itsueri ikusmenaren oihukatzera,
zapatuen libratzera,
19 Jaunak ongi etorri eginen duen
urtearen oihukatzera
4,19 Jaunak ongi etorri eginen duen urte hori jubilau urtea da, 50 urte guziz egiten zena (Lv 25, 10–13) // Is 61, 1–2.
.
 
20 Liburua hetsi, laguntzaileari eman eta jarri zen; sinagogan denak hari zauden, begiak landaturik. 21 Eta erraiten hasi zitzaioten:
–Gaur bete da idatzia den hau, entzun duzuenentzat.
22 Denak Jesusen alde mintzo ziren eta haren ele miragarriez harriturik zauden. Eta zioten:
–Hau ez ote da Josepen semea? 23 Orduan, Jesusek erran zioten:
–Hain segur, erran-zuhur hau aterako dautazue: «Medikua, senda zeure burua». Egizkizu hemen, zeure herrian, Kafarnaumen gertatu omen diren guziak.
24 Erran zuen ere:
–Egiaz diozuet: ez da profetarik bere herrian ongi etorri egiten zaionik. 25 Bai, egiaz diozuet: ainitz alarguntsa bazen Israelen Eliasen denboran, hiru urte eta sei hilabetez euririk egin ez zuelarik, lurralde osoan gosete handia izan baitzen; 26 halere, Jainkoak ez zuen Elias heietarik nehorenganat igorri, baizik Sareptako alarguntsa
4,26 Sareptako alarguntsa 1 Erg 17,8-16.
batenganat, Sidoneko herrialdean. 27 Eta legendun ainitz bazen Israelen Eliseo profetaren denboran; halere, ez zen heietarik nehor garbitua izan, Naaman siriarra baizik.
28 Sinagogan denak haserre gorrian jarri ziren hori entzutearekin. 29 Eta, jeikirik, Jesus herritik haizatu eta herria eraikia zen mendiaren hegi baterat ereman zuten, handik beheiti aurtikitzeko. 30 Bainan Jesus heien artetik iragan eta bere bidean joan zen.
Jesusek nagusitasunez predikatzen eta sendatzen (4,31–5,16)
Jesusek debruduna sendatu. Jesusen hitzaren nagusitasuna
(Mk 1,21-28)
31 Jesus Galileako herri baterat, Kafarnaumerat, jautsi eta jendeari irakasten ari zen sabatokari. 32 Haren irakaspenaz harriturik zagon jendea, nagusitasunez hitzegiten baitzuen. 33 Bazen sinagogan izpiritu gaixto batek hartu
4,33 izpiritu gaixto batek hartu: H.h., debru lohi baten izpiritua zaukan. Izpiritu gaixtoa-ri buruz, ik. Mk 1,23 oh.
gizon bat. Oihu ozenez erran zuen:
34–Hor ba! Zer behar duzu gutarik, Nazareteko Jesus? Gure galtzera etorria ote zira? Badakit nor ziren: Jainkoaren Saindua.
35 Jesusek larderiatu zuen:
–Ago ixilik, eta gizon hortarik atera hadi!
Debruak jendeen arterat aurtiki zuen gizona, eta batere kalterik egin gabe atera zen hartarik. 36 Ikaran gelditu ziren denak, elkarri erranka:
–Zer da hau? Izpiritu gaixtoeri nagusitasunez eta indarrez manatzen diote, eta horiek ateratzen!
37 Haren omena herrialde hartako bazter guzietarat zabaldu zen.
Jesusek Simonen amaginarreba sendatu
(Mt 8,14-15; Mk 1,29-31)
38 Jesus sinagogatik joan eta Simonen etxean sartu zen. Simonen amaginarreba sukar handi batek zaukan, eta harentzat zerbait egiteko galdatu zioten. 39 Orduan, harenganat ukurturik, sukarra larderiatu zuen, eta sukarrak hura utzi; amaginarreba jeiki zen berehala eta zerbitzatzen hasi zitzaioten.
Eri ainitz sendatu
(Mt 8,16-17; Mk 1,32-34)
40 Eguzkia sartzean, eriak bazituzten guziek, edozoin gaitzetakoak, Jesusi ekarri ziozkaten; eta harek, bakotxari eskuak gainean ezarriz, sendatu zituen. 41 Ainitzenganik debruak ere ateratzen ziren, oihuka: «Jainkoaren semea zira».
Jesusek larderiatzen zituen eta mintzatzera ez uzten, baitzakiten Mesias zela.
Jesus Judean barna predikatzen
(Mk 1,35-39)
42 Argitu zuenean, Jesus herritik atera eta bazterleku baterat joan zen. Jendeak bila zabilzkion; aurkiturik, atxiki nahi zuten, heienganik urrunt ez zadin. 43 Bainan harek erran zioten: «Beste herrieri ere Jainkoaren erregetzaren berriona mezutu behar diotet, hortako igorri bainau Jainkoak».
44 Eta Judeako
4,44 Judea: Ik. 1,5 oh. Eskuizkribu ainitzek Galilea diote (ik. Mk 1,39).
sinagogetan oihukatzen zuen berriona.
Jesusek lehen dizipulueri dei egin
(Mt 4,18-22; Mk 1,16-20)
5
1 Behin, Jesusek jendea gainean zuen, Jainkoaren hitza entzuteko, bera Genesareteko laku-bazterrean zagola. 2 Bi untzi ikusi zituen laku-bazterrean: arrantzaleak untzitik jautsi eta sareen garbitzen ari ziren. 3 Simonena zen untzi baterat iganik, leihorretik pixka bat urruntzeko galdegin zion Jesusek; gero, jarri eta jendearen irakasten ari izan zen untzitik. 4 Mintzatzetik gelditu zenean, Simoni erran zion:
–Zoazi ur barnarat eta heda sareak arrantzarako.
5 Simonek ihardetsi:
–Irakasle, gau guzian eginahalak egin eta deusik ez dugu atzeman; bainan, zure erranean, sarea hedatuko dut.
6 Hala egin zuten, eta arrainketa gaitza harrapatu; sareak urratzen ari zitzaizkioten. 7 Beste untziko laguneri keinu egin zieten laguntzera etortzeko; etorri ziren eta bi untziak hondatzerainokoan bete zituzten. 8 Hori ikustearekin, Simon Petri Jesusen oinetarat erori zen, erranez:
–Urrunt zaite nereganik, Jauna, bekataria bainaiz!
9 Alabainan, izituak ziren hura eta harekilako guziak, holako arrainketa harturik, 10 halaber Petriren lagun Jakobe eta Joani Zebedeoren semeak. Bainan Jesusek Simoni erran zion:
–Ez beldur izan, hemendik aitzina jende arrantzale izanen zira.
11 Untziak leihorrerat atera zituzten eta, denak
5,11 denak: Lukek bakarrik ohartarazten du hemen, 5,28an bezala, dizipuluak denak utzi behar dituela Jesusi jarraikitzeko. Osoki uko egin behar dela, Luken ebanjelioaren berezitasun bat da (ik. 14,33 eta 14,26 oh.).
utzirik, jarraiki zitzaizkion.
Jesusek legenduna sendatu
(Mt 8,1-4; Mk 1,40-45)
12 Behin, Jesus herri horietarik batean zela, horra gizon bat legenez estalia. Jesus ikustean, ahuspez erori eta otoizka hasi zitzaion:
–Jauna, nahi baduzu, garbitzen ahal nauzu.
13 Jesusek eskua luzatu eta hunki zuen, erranez:
–Nahi dut, izan zaite garbitua.
Berehala legenak utzi zuen.
14 Jesusek nehori ez erraiteko manatu zion:
–Zoazi, apezari ager zaite, eta eskaint zure garbitzearen ordainez Moisek manatua, froga bat ukan dezaten
5,14 froga bat ukan dezaten: Ik. Mk 1,44 oh.
.
15 Gero eta gehiago hitzegiten zen Jesusez, eta jendalde handiak biltzen ziren haren entzuteko eta beren gaitzetarik sendatuak izaiteko. 16 Jesus, aldiz, bazterlekuetarat joaiten zen otoitz egitera.
Jesus farisauekin eztabadan (5,17–6,11)
Bekatuen barkamenduari buruz: parlesiatuaren sendatzea
(Mt 9,1-8; Mk 2,1-12)
17 Behin, Jesus irakasten ari zen eta baziren han farisau eta lege-irakasle batzu, Galileako herri guzietarik, Judeatik eta Jerusalemdik etorriak. Jaunaren indarrak erien sendatzea emaiten zion. 18 Eta horra gizon batzu, parlesiatu bat ohatila batean ekartzen zutenak; barnerat sartu nahi zuten, Jesusen aitzinean ezartzeko. 19 Jendetzeagatik ez baitzuten aurkitzen nundik sar, teilaturat igan eta, teilak bazterturik, bere ohatilarekin jautsi zuten erdi-erdirat, Jesusen aitzinerat. 20 Heien fedea ikustearekin, Jesusek erran zuen:
–Gizona, barkatuak zaizkizu bekatuak.
21 Lege-irakasleak eta farisauak gogoetaka hasi ziren: «Nor da blasfemioka ari den hori
5,21 blasfemioka ari den hori: Erran nahi baita, bere burua Jainkoaren pare ezartzen duen hori.
? Nork barka dezazke bekatuak Jainkoak bakarrik baizik?» 22 Bainan Jesusek heien gogoetak jakinik, erran zioten:
–Zergatik dituzue gogoeta horiek zihauren baitan? 23 Zer da errexago, erraitea «Barkatuak zaizkizu bekatuak» ala erraitea «Jeiki eta ibil zaite»? 24 Orai jakinen duzue gizonaren semeak baduela mundu huntan bekatuen barkatzeko ahala.
Eta parlesiatuari erran zion:
–Zuri diozut: jeiki, har zeure ohatila eta zoazi etxerat.
25 Ordu berean, parlesiatua heien aitzinean xutiturik, etzana zagon ohatila hartu eta etxerat joan zen Jainkoa goretsiz. 26 Harriturik gelditu ziren denak eta Jainkoa goresten zuten. Beldurra sartua zuten, ziotela: «Gauza miresgarriak ikusi ditugu gaur».
Leviri deia. Jesus bekatariekin bazkaltzen
(Mt 9,9-13; Mk 2,13-17)
27 Gero, atera zen Jesus eta Levi izeneko zergalari
5,27 zergalari: Ik. Mk 2,15 oh. // zerga: Ik. Mk 2,14 oh.
bat ikusi zuen, zerga
5,27 zergalari: Ik. Mk 2,15 oh. // zerga: Ik. Mk 2,14 oh.
biltzeko mahaian jarririk, eta erran zion:
–Jarraik neri.
28 Denak utzirik, xutitu eta jarraiki zitzaion.
29 Levik bazkari ederra eman zion Jesusi bere etxean. Heiekin jende ainitz bazen mahaian, zergalari eta beste. 30 Farisau eta heien lege-irakasleak marmarika ari zitzaizkioten dizipulueri, erranez:
–Zergatik jaten eta edaten duzue zergalari eta bekatariekin
5,30 zergalari eta bekatari: Ik. Mt 9,10 oh.
?
31 Jesusek ihardetsi zioten:
–Ez dira osagarrian direnak mediku beharretan, baizik eriak; 32 ez naiz jende zuzeneri dei egitera etorria, baizik bekatarieri, bihozberri daitezen.
Barurari buruz. Zaharra eta berria
(Mt 9,14-17; Mk 2,18-22)
33 Orduan, heiek Jesusi erran zioten:
–Joanesen dizipuluek maiz barur
5,33 barur: Ik. Mk 2,18 oh.
eta otoitz egiten dute; berdin farisauenek ere; zureak, aldiz, jan eta edan ari dira.
34 Jesusek erran zioten:
–Ezteiliarreri barur eginarazten ahal ote diozuete, jaun ezkonberria berekin dutelarik? 35 Etorriko dira, bai, jaun ezkonberria kenduko zaioten egunak; orduan barur eginen dute, egun heietan.
36 Parabola hau ere erran zioten:
–Nehork ez dio soineko berriari puska bat urratzen soineko zaharraren petatxatzeko; bestela, berria urratzeaz gain, berriari kendu puska ez doakio zaharrari. 37 Zahagi zaharretan ere ez du nehork arno berririk ezartzen; bestela, arno berriak zartaraziko ditu zahagiak, arnoa ixuriko da eta gal izanen dira zahagiak. 38 Ez! Arno berria zahagi berrietan ezarri behar da. 39 Arno zaharretik edan eta nehork ez du berritik nahi. Erraiten du: «Zaharra hobea da».
Besta egunari buruz
(Mt 12,1-8; Mk 2,23-28)
6
1 Sabato
6,1 sabato: Ik. Mt 12,1 oh.
egun batez, Jesus ogi alorretan barna zoan. Eta dizipuluek, ogi-buruak hartu eta eskutan bihiturik, jaten zituzten. 2 Farisau batzuk erran zuten:
–Zergatik egiten duzue sabatokari haizu ez dena
6,2 sabatokari haizu ez dena: Ik. Mk 2,24 oh.
?
3 Jesusek ihardetsi zioten:
–Ez ote duzue irakurri Davidek egin zuena, bera eta haren lagunak gosetu ziren batez? 4 Nola Jainkoaren etxean sarturik, Jaunari eskaini ogiak hartu eta heietarik jan zuen, eta bere laguneri ere eman, ogi horien jatea bakarrik apezeri haizu zaiotelarik.
5 Eta erran zioten ere:
–Sabatoaren nagusi da gizonaren semea.
Esku-eiharra sabatokari sendatua
(Mt 12,9-14; Mk 3,1-6)
6 Beste sabato egun batez, sinagogan sartu zen Jesus eta irakasten hasi. Bazen han eskuineko eskua eiharra zuen gizon bat. 7 Lege-irakasle eta farisauak barrandan zagozkion ea sabatokari sendatuko ote zuen; salatzekoa nahi zuten aurkitu. 8 Jesusek heien gogoeten berri bazakien. Gizon esku-eiharrari erran zion:
–Jeiki, eta zaude xutik erdian.
Hura jeiki eta xutik egon zen. 9 Jesusek erran zioten:
–Galdegiten dauzuet: sabatokari haizu dena, ongia egitea da ala gaizkia egitea, bizia salbatzea ala galtzera uztea?
10 Eta inguruan guzieri behatzen ziotela, gizonari erran zion:
–Luza eskua.
Egin zuen, eta sendatu zitzaion.
11 Heiek beren onetik atera ziren, eta Jesusi zer eginen zioten hasi ziren beren artean.
Jainkoaren erregetzaz hitzaldia (6,12-49)
Jesusek hamabi apostoluak izendatu
(Mt 10,1-4; Mk 3,13-19)
12 Egun heietarik batez, Jesus mendirat joan zen otoitz egitera, eta Jainkoari otoitzean pasatu zuen gaua. 13 Argitu zuenean, dizipulueri dei egin eta heietarik hamabi hautatu zituen, eta apostolu izena eman zioten: 14 Simon –huni Petri eman zion izena–, hunen anaia Andre, Jakobe, Joani, Filipe, Bartolome, 15 Matiu, Tomas, Jakobe Alfeoren semea, Simon –Zelota
6,15 Zelota: Ik. Mt 10,4 oh.
deitua–, 16 Judas Jakoberen semea, eta Judas Iskariot
6,16 Iskariot: Ik. Mk 3,19 oh.
–Jesus salduko zuena–.
Jendaldeak Jesusenganat
(Mt 4,23-25; Mk 3,7-12)
17 Jesus dizipuluekin menditik jautsi eta zelai batean gelditu zen. Dizipuluetarik ainitzak han zituen, bai eta jendeketa handia ere, Judea osotik, Jerusalemdik, Tir eta Sidoneko
6,17 Tir eta Sidon: Ik. Mk 3,8 oh.
itsasaldetik etorria 18 haren entzutera eta beren gaitzetarik sendatzera. Izpiritu gaixtoek oinazetan zauzkatenak sendatzen ziren. 19 Jende guziak Jesus hunki nahi zuen, denak sendatzen zituen halako indar bat baitzarion.
Dohatsuak eta dohakabeak
(Mt 5,1-12)
20 Dizipulueri so, Jesusek erran zuen:
–Dohatsu zuek, behartsuak
6,20 behartsuak: Matiuk bihotzez behartsu dion tokian, Lukek behartsu dio, lurreko ontasunen gabezia adiaraziz. Pasarte huntan guzian, egoera errealak hartzen dira konduan, ez jarrera izpiritualak bakarrik.
, zuena baita Jainkoaren erresuma.
21 Dohatsu zuek, orai gose zireztenak, Jainkoak asea emanen baitauzue.
Dohatsu zuek, orai nigarretan zireztenak, irri eginen baituzue.
22 Dohatsu zuek, jendeek hastiatzen, baztertzen, laidostatzen eta belzten zaituztetenean gizonaren semeagatik. 23 Bozkarioz jauzi egizue orduan, handia baita zuen saria zeruan; alabainan, gauza bera egiten zieten profeteri horien arbasoek.
24 Bainan, dohakabe zuek, aberatsak, zuen gozoa hartua baituzue!
25 Dohakabe zuek, orai asean zireztenak, gose izanen baitzirezte!
Dohakabe zuek, orai irri egiten duzuenak, doluan eta nigarretan izanen baitzirezte!
26 Dohakabe zuek, jende guzia zuetaz ongi mintzo denean; alabainan, horien arbasoek gauza bera egiten zieten sasiprofeteri !
Etsaienganako maitasuna
(Mt 5,38-48; 7,12)
27 Bainan zueri, neure entzuleeri, erraiten dauzuet: maita zihauren etsaiak, egin ongia hastio zaituzteneri, 28 benedika madarikatzen zaituztenak, otoitz egin zuetaz gaizki erranka ari direnen alde.
29 Matela batean jotzen zaituenari eskaint bestea ere; soingainekoa kentzen dauzunari, ez uka soinekoa ere. 30 Eskatzen dauzunari emozu, eta zeurea kentzen dauzunari, ez gibelerat galdegin. 31 Eta besteek zueri egitea nahi duzuena, hura bera egizue besteeri.
32 Maite zaituztenak bakarrik maite badituzue, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere beren maitatzaileak maite dituzte. 33 Eta ongia egiten dauzueteneri bakarrik egiten badiozuete ongia, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere berdin egiten dute. 34 Eta ordaina emanen dauzueteneri bakarrik prestatzen badiozuete, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere bekatarieri prestatzen diete, beste hainbeste ukaitekotan. 35 Ez! Zuek, maita zihauren etsaiak, egin ongia eta presta ordainaren beha egon gabe: handia izanen da zuen saria eta Goi-goikoaren seme-alaba izanen zirezte, ona baita, hura, eskergabeentzat eta gaixtoentzat. 36 Urrikalkorrak izan zaitezte, zuen Aita urrikalkorra
6,36 urrikalkorra: Mt 5,48ko guziz onaren tokian Lukek urrikalkor dio. Urrikalmendua Lukek biziki gogoko duen gaia da (15, 11).
den bezala.
Nehor ez gaitzets
(Mt 7,1-5)
37 Ez jujearena egin, eta Jainkoak ere ez zaituzte jujatuko; ez kondena, eta ez zaituzte kondenatuko; barka, eta barkatuko dauzue; 38 emazue, eta emanen dauzue: neurri bat ona, tinkatua, inarrosia, altzorat gaindika emana. Ezen zoin neurriz neurtzen duzuen, hartaz beraz neurtuko dauzue Jainkoak.
39 Eta parabola bat ere erran zioten:
–Itsuak itsua gida ote dezake? Ez ote dira biak zilorat eroriko? 40 Dizipulua ez da irakaslea baino gehiago, bainan ongi eskolatu ondoan, irakaslea bezala izanen da.
41 Zergatik behatzen diozu anaiaren begiko lasto-izpiari eta zeure begiko ernaiari ez ohartzen? 42 Nolaz erran dezokezu anaiari: «Anaia, utz nezazu begian duzun lasto-izpiaren ateratzera», zuk zeurean duzun ernaia ikusten ez duzularik? Lausoa! Ken lehenik ernaia zeure begitik, eta orduan ikusiko duzu garbi, anaiaren begiko lasto-izpiaren ateratzeko.
Zuhaitza eta fruitua
(Mt 7,16-20; 12,33-35)
43 Zuhaitz onak ez du fruitu eririk emaiten, ez eta zuhaitz eriak fruitu onik. 44 Zuhaitz bakotxa bere fruitutik ezagutzen da; ez da pikorik biltzen elorrietan, ez eta mahatsik sasietan. 45 Ona denak ona ateratzen du bere bihotzeko gordailu onetik, eta gaixtoak gaitza bere gordailu gaixtotik; ahoa bihotzaren gainditik mintzo baita.
Egiazko dizipuluak
(Mt 7,24-27)
46 Zergatik deitzen nauzue «Jauna, Jauna», eta erraiten dauzuetana ez egiten? 47 Erakutsiko dauzuet noren idurikoa den nereganat etorri, nere hitzak entzun eta betetzen dituena: 48 etxea eraiki duen gizona iduri du; lurra zilatu du barna, eta oinarriak harrokaren gainean ezarri. Uholdea etorri eta ur-burrustek etxea zafratu dute, bainan ezin izan dute kordokatu, ongi egina baita. 49 Entzuten bai, bainan egiten ez duena, berriz, etxea lurraren gainean, oinarririk gabe, eraiki duen gizonaren idurikoa da. Ur-burrustek zafratu dute, eta berehala erori da, eta dena porroskatu.
Jainkoaren erregetza etorri delako ezaugarriak (7,1-50)
Erromatar ehuntariaren fedea
(Mt 8,5-13; Jn 4,46-54)
7
1 Herriari egin bere hitzaldia bururaturik, Jesus Kafarnaumen sartu zen.
2 Ehuntari batek bazuen esklabo bat eri, hilzorian, biziki maite zuena. 3 Jesusen berri entzunik, judu-buruzagi batzu igorri ziozkan, esklaboaren sendatzera etor zadin galdegiteko. 4 Jesusenganat heldurik, artoski otoiztu zuten:
–Merezi du hori egin diezozun, 5 maite baitu gure herria, eta harek eraiki dauku sinagoga.
6 Jesus heiekin joan zen. Etxerat hurbilduxea zela, ehuntariak adiskide batzu igorri ziozkan erraitera:
–Jauna, ez zaitela neka, ez bainaiz on nere etxean sar zaiten. 7 Horrengatik, neure burua ez naukan gai zureganat joaiteko; errazu hitz bat, eta mutila sendatuko zait. 8 Nik ere, beste norbaiten esku izanagatik, soldaduak baditut ene peko, eta bati erraiten diot: «Hail», eta badoa, beste bati: «Haugi», eta etortzen da, eta neure esklaboari: «Hau egizak», eta egiten du.
9 Hori entzutearekin, xoratua egon zen Jesus, eta jarraikitzen zitzaion jendearenganat itzulirik, erran zion: «Nik diozuet: Israelen ere holako federik ez dut aurkitu».
10 Etxerat itzuli zirenean, mandatariek esklaboa sendaturik aurkitu zuten.
Alarguntsaren semea piztu
11 Gero, Nain
7,11 Nain: Galilea hegoaldean zen herri ttipia.
izeneko herri baterat joan zen Jesus, bere dizipuluak eta jende ainitz lagun zituela. 12 Herriko aterat hurbildu zenean, hil bat, ama alarguntsa baten seme bakarra, ehorztera zeramaten. Herriko jendeketa handia amarekin zoan. 13 Hau ikustean, Jauna urrikaldu zitzaion eta erran zion: «Ez nigar egin».
14 Hurbildurik, kutxa hunki zuen, eta hilketariak gelditu ziren. Orduan erran zuen: «Mutiko gaztea, nik diozut: iratzar zaite!»
15 Hila jarri zen eta elaka hasi, eta Jesusek amari eman zion. 16 Beldurrak hartu zituen denak, eta Jainkoa goresten zuten, erranez: «Profeta handi bat atera da gure artean»; bai eta ere: «Jainkoa bere herriaren salbatzera etorri da
7,16 salbatzera etorri da: H.h., bisitatu du; salbamen-bisita da.
».
17 Judea osoan eta inguruko lurralde guzian zabaldu zen gertakari hunen berri.
Joanes Bataiatzailearen galdea eta Jesusen errepostua
(Mt 11,2-19)
18 Horiek guziak Joanesi kondatu ziozkaten bere dizipuluek, eta harek, bere dizipuluetarik biri dei eginik, 19 Jaunarenganat igorri zituen galdatzera:
–Zu ote zira «Etortzekoa
7,19 Etortzekoa: Ik. Mt 11,3 oh.
», ala beste baten beha egon behar dugu?
20 Harenganatu zirenean, gizon heiek erran zioten:
–Joanes Bataiatzaileak igorri gaitu zuri galdatzera: Zu ote zira «Etortzekoa» ala beste baten beha egon behar dugu?
21 Ordu berean, gaitz, eritasun eta izpiritu gaixtoetarik ainitz jende sendatu zuen Jesusek, eta itsu ainitzeri ikustea eman zioten. 22 Gero, mezularieri ihardetsi zioten:
–Zoazte Joanesi erraitera zer ikusi eta entzun duzuen: itsuek ikusten dute eta mainguak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta elkorrek entzuten dute, hilak pizten dira eta behartsueri berriona mezutua zaiote. 23 Eta dohatsua nitan sinestea utziko ez duena
7,23 Eta zoriontsua... ez duena: H.h., Eta zoriontsua nitaz eskandalizatuko ez dena. Ik. Mk 6,3 oh.
!
24 Joanesen mezulariak joan zirenean, Jesus jendeari Joanesez erraiten hasi zen:
–Zeren ikustera joan zirezte basamorturat? Haizeak higika derabilan kanabera baten? 25 Zeren ikustera joan zirezte, bada? Soineko apainez jantzia den gizon baten? Soineko ederretan aberaski bizi direnak errege-jauregietan dira. 26 Zeren ikustera joan zirezte, bada? Profeta baten? Bai, nik diozuet, eta profeta baino gehiago den baten. 27 Hartaz da idatzia Liburu Sainduan: Horra, neure mezularia zure aitzinean igortzen dut; harek bidea prestatuko du zure aitzinean . 28 Nik diozuet, emazteetarik sortuetan Joanes baino
7,28 Joanes baino: Eskuizkribu ainitzek profeta hitza sartu dute hemen.
handiagorik ez da; halere, Jainkoaren erresumako ttipiena ere hura baino handiagoa da.
29 Hura entzunik herri osoak, bai eta zergalariek ere, onartu dute Jainkoa zuzena dela, eta Joanesen eskutik bataiatu dira. 30 Bainan, farisau eta lege-gizonek arbuiatu dute heieri buruzko Jainkoaren nahia, eta Joanesen eskutik ez dira bataiatu.
31 Oraiko jendeak noren idurikoak direla erranen dut? Nor iduri dute? 32 Plazan jarririk dauden haurren idurikoak dira, elkarri oihuka ari direnak: «Xirula jo dauzuegu eta zuek ez dantzatu; hil-kantuak eman ditugu eta zuek nigarrik ez egin».
33 Alabainan, etorri da Joanes Bataiatzailea, ogirik jaten eta arnorik edaten ez duena, eta diozue: «Debruak hartua da». 34 Etorri da gizonaren semea, jaten eta edaten duena, eta diozue: «Hori tripoia eta mozkorra, zergalari eta bekatarien adiskidea!» 35 Bainan Jainkoa onartzen duten guziek
7,35 onartzen duten guziek: H.h., haren seme-alaba guziek.
aitortzen dute haren zuhurtzia zuzena dela.
Farisaua eta emazte bekatari barkatua
36 Farisau batek Jesus jatera gomitatu zuen. Joan zen Jesus farisauaren etxerat eta mahaian jarri. 37 Herri hartan bazen emazte bat bekatari bezala ezagutua. Jakinik Jesus farisauaren etxeko mahaian zela, harat joan zen, untzi bat usaingozorekin. 38 Jesusen gibelean, oinen ondoan
7,38 oinen ondoan: Lehengo ohiduren arabera, gomitatuak erdietzanik egoiten ziren mahaiaren aitzinan.
jarri zen nigarretan, eta oinak nigarrez bustitzen hasi zitzaion; gero, bere ileez xukatu eta musu emanez, usaingozoz gantzutzen ziozkan.
39 Hori ikustearekin, gomitatu zuen farisauak bere baitan egin zuen: «Hau profeta balitz, balakike nor eta zer den hunkitzen duen emazte hori: bekataria».
40 Jesusek erran zion:
–Simon, badauzut zerbait erraiteko.
Harek ihardetsi:
–Errazu, Irakasle jauna.
41–Diru-prestatzaile batek bi zordun bazituen: batek bostehun denario zor ziozkan eta besteak berrogeita hamar. 42 Ordaintzekorik ez baitzuten, bieri barkatu zioten. Bietarik zoinek du gehienik maitatuko?
43 Simonek ihardetsi:
–Gehienik barkatu zaionak, nik uste.
Jesusek erran zion:
–Xuxen diozu.
44 Eta, emazteari buruz itzulirik, Simoni erran zion:
–Ikusten duzu emazte hau? Zure etxean sartu naizenean, oinen garbitzeko urik ez dautazu eman; hunek, aldiz, bere nigarrez busti dauzkit oinak eta ilez xukatu. 45 Musurik ez dautazu eman; hau, aldiz, sartu denetik
7,45 sartu denetik: Eskuizkribu gehienek sartu naizenetik diote, nahiz eta hau testuinguruari ez doakion.
, gelditu gabe oineri musuka ari zait. 46 Ez dautazu bururat oliorik ixuri; hunek, aldiz, oinetarat usain gozoa ixuri daut. 47 Horrengatik, erraiten dauzut: bekatu ainitz egin du, bainan hainbesteko maitasuna erakutsi badu, barkatuak zaizkiolako seinalea da; guti barkatzen zaionak maitasun guti erakusten du.
48 Eta emazteari erran zion: «Barkatuak zaizkizu bekatuak».
49 Mahaikideak beren baitan erraiten hasi ziren: «Nor da bekatuak ere barkatzen dituen hau?»
50 Jesusek emazteari erran zion: «Zeure fedeak salbatu zaitu; zoazi bakean».
Mezua nola hartua den (8,1-21)
Jesusekin zoan taldea
8
1 Gero, hiriz hiri eta herriz herri ibili zen Jesus, Jainkoaren erregetzaren berriona oihukatuz eta mezutuz. Berekin zituen Hamabiak, 2 bai eta izpiritu gaixtoetarik eta gaitzetarik sendatuak izan ziren emazte batzu ere
8,2 emazte batzu ere: Luk da ebanjelarien artean emazteekilako Jesusen harremaneri arta handiena emaiten diotena (ik. 1–2; 8,1-3; 10,38-42; 11,27-28; 21,23; 23,27-31.49.55-56; 24,1-10).
: Magdalako Maria –hunen baitarik zazpi debru atera baitziren–, 3 Joana –Herodesen etxegizon Kusaren emaztea–, Zuzana eta beste ainitz, beren ontasunez Jesus eta haren dizipuluak
8,3 Jesus eta haren dizipuluak: Eskuizkribu ainitzek Jesus bakarrik aipu dute.
laguntzen zituztenak.
Ereilearen parabola
(Mt 13,1-9; Mk 4,1-9)
4 Herri guzietarik etorri jendalde handia bildu zitzaion batez, Jesusek parabola hau erran zioten: 5 «Behin, ereilea bere haziaren ereitera atera zen. Ereitean, hazi batzu bidebazterrerat erori eta zangopilatuak izan ziren, eta xoriek jan zituzten. 6 Beste batzu harrietarat erori ziren, eta sortu orduko eihartu, urik ez baitzuten. 7 Beste batzu elorrien arterat erori ziren, eta elorriek, heiekin batean handiturik, ito zituzten. 8 Beste batzu lur onerat erori ziren; sortu eta fruitu eman zuten, bateko ehun».
Hori erranik, Jesusek oihu egin zuen:
«Beharririk baduenak entzuteko, entzun beza».
Zergatik parabola hau?
(Mt 13,10-17; Mk 4,10-12)
9 Orduan, parabola horrek zer erran nahi zuen galdatu zioten dizipuluek. 10 Jesusek erran zioten:
–Zueri emana zaizue Jainkoaren erresumako misterioen ezagutzea; gaineratekoeri, aldiz, parabolaka hitzegiten zaiote. Hola, ikusten dute, bainan ez dira ohartzen; entzuten dute, bainan ez konprenitzen .
Ereilearen parabolak zer duen erran nahi
(Mt 13,18-23; Mk 4,13-20)
11 Horra parabolak zer duen erran nahi: Hazia Jainkoaren mezua da. 12 «Bide-bazterra» bezalakoak, hauek dira: mezua entzuten dutenak, bainan debrua etortzen zaiote eta bihotzetik mezua kentzen, sinetsi eta salba ez daitezen. 13 «Harriak» bezalakoak, hauek dira: mezua entzutean, bozkarioz hartzen dutenak; bainan errorik gabeak dira: behin sinesten dute, eta tentaldia etortzean uko egiten. 14 «Elorrien artea» bezalakoak, hauek dira: mezua entzuten dutenak, bainan bidean, biziko griņa, aberastasun eta atseginen artean itoak, zohitzeraino ez dira heltzen. 15 «Lur ona» bezalakoak, hauek dira: mezua bihotz on eta zabalez entzunik, beren baitan atxiki eta iraupenez fruitu emaiten dutenak.
Mezua entzun eta onartu beharra
(Mt 5,15; Mk 4,21-25)
16 Nehork ez du argia piztu eta untzi batez estaltzen edo ohapean ezartzen; argimutilaren gainean ezartzen da, sartzen direnek argia ikus dezaten. 17 Ezen ez da deus gorderik agertuko ez denik, ez eta deus estalirik jakin eta argitaratu behar ez denik. 18 Kasu nola entzuten duzuen; ezen duenari emanen zaio, eta ez duenari, bere ustez duena ere kenduko.
Jesusen egiazko familia
(Mt 12,46-50; Mk 3,31-35)
19 Jesusi joan zitzaizkion bere ama eta anaiak
8,19 anaiak: Ik. Mt 12,46 oh.
, bainan jendearen jendeaz ezin hurbildua zuten. 20 Eta jakinarazi zioten:
–Ama eta anaiak hor dituzu kanpoan, zu ikusi nahiak.
21 Jesusek ihardetsi zioten:
– Jainkoaren mezua entzun eta betetzen dutenak, heiek ditut ama eta anaiak.
Dizipuluen aitzinean ezaugarriak eta
Hamabien igortzea (8,22–9,17)
Jesusek ekaitza jabaldu
(Mt 8,23-27; Mk 4,35-41)
22 Behin Jesus untzi baterat igan zen bere dizipuluekin eta erran zioten: «Goazen lakuaz bestalderat». Eta abiatu ziren.
23 Zoatzilarik, Jesus lokartu zen. Haize zirimola batek jo zuen lakua; untzia urez betetzen ari zitzaioten eta hirriskuan ziren. 24 Jesusenganat hurbildurik, dizipuluek iratzartu zuten, erranez:
–Irakasle, irakasle! Galtzen ari gira!
Iratzarturik, Jesusek haizea eta uhainak larderiatu zituen; gelditu ziren eta osoki jabaldu. 25 Orduan, dizipulueri erran zioten:
–Nun duzue fedea?
Beldurtu ziren eta harriturik egon, elkarri ziotela: «Nor dugu hau, haizeari eta urari manatu eta heiek obeditzeko?»
Jesusek Gerasako debruduna sendatu
(Mt 8,28-34; Mk 5,1-20)
26 Galilearen parrean den Gerasatarren
8,26 Gerasatarren: Ik. Mk 5,1 oh. Zenbait eskuizkribuk gergesearren edo gadaratarren diote.
lurralderat heldu ziren. 27 Jesus leihorrerat jaustean, herriko gizon bat, debruek hartua, etorri zitzaion biderat; aspalditik soinekorik gabe zabilan, eta ez zen etxean bizi, hilobietan baizik. 28 Jesus ikustearekin, oihu egin zuen, haren aitzinerat erori eta mintzo ozenez erran:
–Zer behar duzu nitarik, Jesus, Goigoiko Jainkoaren seme? Otoi, ez nezazula oinazetan ezar!
29 Alabainan, Jesusek izpiritu gaixtoari manatua zion gizon hartarik ateratzeko. Ezen ainitzetan debruak hartzen zuen, eta zaintzeko, katez eta trabez estekatzen zuten, bainan harek lokarriak hausten, eta debruak bazterlekuetarat bultzatzen zuen.
30 Jesusek galdegin zion:
–Zer duk izena?
Harek ihardetsi:
–Milaka
8,30 Milaka: H.h., Legionea; ik. Mk 5,9 oh.
.
Alabainan, debru ainitz baziren haren baitan sartuak. 31 Eta leizerat ez zitzan mana otoizten zuten Jesus
8,31 otoiztu zuten Jesus: Beldur dira debruak beren bizilekua duten lurrazpiko mundurat igorriko dituen (ik. Ap 9,1; 11,7).
.
32 Zerrialde handia bazen alhan, mendian. Debruek Jesus otoiztu zuten heietan sartzera uzteko. Baimena eman zioten. 33 Gizonarenganik atera eta debruak zerrietan sartu ziren; eta zerrialdea ezpondan behera lakurat amildu zen eta ito. 34 Gertatua ikustean, zerrizainek ihes egin eta herrian eta etxaldeetan berria zabaldu zuten. 35 Zer gertatu zen ikusi nahiz atera zen jendea. Jesusen ondorat heltzean, han aurkitu zuten Jesusen oinetan jarririk
8,35 Jesusen oinetan jarririk: Xehetasun hau Luken ebanjelioan bakarrik agertzen da; ik. 10,39 oh.
debruak atera zitzaizkion gizona, jantzirik eta bere onean; eta izitu ziren. 36 Ikusi zutenek jendeari kondatu zioten debruak hartua nola salbatua izan zen. 37 Orduan Gerasa inguru hartako jende guziak Jesusi galdegin zion handik urruntzeko, izituak baitziren biziki. Jesus untzirat igan eta itzuli zen. 38 Debruak atera zitzaizkion gizonak Jesusekin egoitea eskatzen zion; bainan harek igorri zuen, erranez: 39 «Etxerat itzul zaite, eta konda zazu Jainkoak egin dauzun guzia».
Eta joan zen, Jesusek egin zion guzia herri osoan oihukatuz.
Odol-galtzeak zituen emaztea eta Jairoren alaba
(Mt 9,18-26; Mk 5,21-43)
40 Jesus itzuli zenean, jendeak ongi etorri egin zion, denak haren beha baitzauden. 41 Hortan, Jairo deitu gizon bat etorri zitzaion, sinagogako buruzagia. Jesusen oinetarat erori eta haren etxerat etortzeko otoizten zuen, 42 bere alaba bakarra, hamabi urte ingurukoa, hil-hurrana baitzuen.
Zoala, itotzeko jendeketa zuen inguruan. 43 Bazen han emazte bat, hamabi urte hartan odol-galtzeak zituena. Zauzkan guziak medikuetan xahutuak zituen
8,43 zauzkan guziak medikuetan xahutuak zituen: Hitz hauek ez dira agertzen zenbait eskuizkribu zaharretan.
, bainan batek ere ez zuen sendatu ahal ukan. 44 Gibeletik hurbildu eta soinekoaren litsa
8,44 soinekoaren litsa: Ik. Mt 9,20 oh.
hunki zion Jesusi: bat-batean odol-galtzea gelditu zitzaion. 45 Jesusek galdegin zuen:
–Nork hunki nau?
Denek ukatzen zutela, Petrik
8,45 Petrik: Eskuizkribu ainitzek eta harekin zaudenek eransten dute.
erran zuen:
–Irakasle, jendeak zaitu tinkatzen eta hertsatzen.
46 Bainan Jesusek erran zuen:
–Norbaitek hunki nau, halako indar bat atera zaitala ohartu naiz.
47 Orduan, emazteak, ikusirik ezin izan zuela bere burua gorde, ikaran Jesusen oinetarat erori eta herri guziaren aitzinean kondatu zuen zergatik hunki zuen eta nola bat-batean sendatua izan zen. 48 Jesusek erran zion: «Nere alaba, zeure fedeak salbatu zaitu; zoazi bakean».
49 Oraino mintzo zela, sinagogako buruzagiaren etxetik norbait etorri zen erraitera: «Alaba hil zaizu; ez gehiago neka Irakasle jauna». 50 Bainan Jesusek, hori entzunik, Jairori erran zion: «Ez beldur izan; sinetsazu bakarrik, eta salbatua izanen da».
51 Etxerat heldu zenean, nehor ez zuen berekin sartzera utzi, Petri, Joani, Jakobe eta haurraren aitamak baizik. 52 Denak nigarrez eta deitoreka ari ziren nexkarengatik. Jesusek erran zuen: «Nigarrik ez egin; ez da hila, lo dago».
53 Heiek irri egiten zioten, baitzakiten hila zela. 54 Bainan Jesusek eskutik hartu eta oihu egin zuen: «Haurra, iratzar zaite». 55 Hatsa berriz etorri zitzaion eta bat-batean jeiki zen, eta jatera eman ziezoten manatu zuen Jesusek. 56 Aitamak harritu ziren. Gertatua nehori ez erraiteko gomendatu zioten Jesusek.
Jesusek Hamabiak igorri
(Mt 10,1.5-15; Mk 6,7-13)
9
1 Hamabiak bildurik, Jesusek debru guzien haizatzeko eta gaitzen sendatzeko indar eta ahal eman zioten. 2 Jainkoaren erregetzaren oihukatzera eta erien sendatzera igorri zituen, 3 erranez: «Ez har deusik bideko, ez makilarik, ez zakurik, ez ogirik, ez dirurik, ez eta bigarren soinekorik. 4 Edozoin etxetan sarturik, zaudezte han, leku hartarik joan arte. 5 Eta onartzen ez bazaituzte, herri hartarik ateratzean, oinetako errautsa
9,5 oinetako errautsa: Ik. Mk 6,11 oh.
inarrosazue, heien kontrako lekukotzat».
6 Joan ziren, beraz, eta herriz herri ibili, berriona mezutuz eta alde guzietan eriak sendatuz.
Herodesek ez daki zer pentsa
(Mt 14,1-2; Mk 6,14-16)
7 Gertatu zen guziaren berri jakin zuen Herodes
9,7 Herodes: Ik. Mk 6,14 oh.
buruzagiak, eta zer pentsa ez zakien, batzuk Joanes hiletarik piztu zela baitzioten; 8 beste batzuk Elias agertu zela; beste zenbaitek, berriz, lehengo profeta bat piztu zela. 9 Herodesek, berriz, hau zion: «Joanesi nik motzarazi nion lepoa. Nor da hau, hainbestekoak entzuten baititut huntaz?» Eta Jesus ikusi nahiz zabilan
9,9 Jesus ikusi nahiz zabilan: Lukek bakarrik dakar geroago Jesusekin ukanen duen topaketa prestatzen duen oharpen hau (ik. 23,8-12).
.
Jesusek bost mila gizoneri jatera eman
(Mt 14,13-21; Mk 6,30-44; Jn 6,1-14)
10 Gibelerat etorri zirenean, apostoluek Jesusi kondatu zioten egin zuten guzia. Orduan, berekin hartu zituen eta Betsaida deitu herriari buruz joan zen heiekin berex. 11 Bainan jendaldeak jakin zuen, eta jarraiki zitzaion. Jesusek ongi etorri egin zion: Jainkoaren erregetzaz mintzatu zitzaion, eta beharra zutenak sendatu zituen.
12 Apaltzen hasia zen eguna. Hurbildurik, Hamabiek Jesusi erran zioten :
–Igorrazu jendea, inguruko herri eta etxaldeetarat ostatu eta jateko bila joan dadin, hemen bazterleku batean baigira.
13 Bainan harek erran zioten:
–Zihaurek emozuete jatera.
Heiek, orduan:
–Bost ogi eta bi arrain baino gehiagorik ez dugu, nun ez giren guhaur joaiten jende horien guzientzat jateko erostera.
14 Bost mila gizon inguru bazen. Jesusek dizipulueri erran zioten:
–Jarrarazkizue berrogeita hamarnaka.
15 Hola egin zuten: denak jarrarazi. 16 Jesusek bost ogiak eta bi arrainak hartu eta begiak zerurat altxaturik, benedizionea erran zuen heiengatik, hautsi zituen eta dizipulueri eman, jendeari eskaintzeko. 17 Asetzeraino jan zuten, eta ondarrak bildu ziren: hamabi zaretra
9,17 Gehienetan Luk Marken ebanjelioari jarraikitzen zaio; bainan pundu huntan bazter uzten du Marken pasarte luze bat: 6,45–8,26.
.
Jesus Mesiasek sofritu behar duela
eta dizipuluek ere (9,18-50)
Petriren aitorpena. Jesus bere heriotze eta pizteaz mintzo
(Mt 16,13-21; Mk 8,27-31)
18 Jesus, bakarrik, otoitzean ari zen batez, dizipuluak bildu zitzaizkion eta Jesusek galdegin zioten:
–Nor naizela diote jendeek?
19 Heiek ihardetsi:
–Joanes Bataiatzailea zirela; beste batzuk Elias; besteek lehengo profeta bat, piztua.
20 Jesusek galdatu zioten:
–Eta zuek, nor naizela diozue?
Petrik ihardetsi zuen:
–Jainkoaren Mesias.
21 Jesusek larderiatu zituen, holakorik nehori erran ez zezaten. 22 Erran zioten ere: «Gizonaren semeak ainitz sofritu behar du; zahar, apezburu eta lege-irakasleek arbuiatuko dute eta hilen; eta hirugarren egunean piztuko da».
Jesusi jarraik
(Mt 16,24-28; Mk 8,34–9,1)
23 Gero, deneri erran zioten: «Nere ondotik etorri nahi duenak uko egin bezo bere buruari, har beza egun guziz bere gurutzea eta jarraik bekit. 24 Ezen bere bizia salbatu nahi duenak galduko du; bere bizia neregatik galduko duenak, aldiz, salbatuko. 25 Zertako du jendeak mundu guziaren irabaztea, bere burua galtzen edo hondatzen badu? 26 Beraz, norbait nitaz eta nere mezuaz ahalgetzen bada, gizonaren semea ere hartaz ahalgetuko da, bere aintzan, bere Aitaren eta aingeru sainduen aintzan etorriko delarik. 27 Zinez diozuet: hemen direnetarik zenbait ez dira hilen Jainkoaren erregetza ikusi aitzin».
Jesusen itxuraldatzea: pasione ondoko aintza agertu
(Mt 17,1-8; Mk 9,2-8)
28 Hitzaldi huntarik zortzi bat egunen buruan, Jesusek Petri, Joani eta Jakobe berekin hartu eta mendirat igan zen, otoitz egiteko. 29 Otoitzean ari zela, aurpegiaren itxura aldatu zitzaion eta soinekoak xuritu, ximixta bezain argi. 30 Eta horra bi gizon harekin elaka: Mois eta Elias; 31 aintzan agerturik, Jerusalemen gertatzekoa zen Jesusen joaiteaz
9,31 joaitea: H.h., jalgitza; Jesusek, joaitea (Jalgitza berria) bere heriotzeaz, pizteaz, zerurat altxatzeaz beteko du bere herria berekin daramala Aitarenganat.
mintzo ziren. 32 Petri eta harekilakoak logale zauden; iratzarturik, Jesusen aintza eta harekin zauden bi gizonak ikusi zituzten. 33 Hauek Jesusenganik urruntzean, Petrik Jesusi erran zion: «Irakasle, zein goxoki gauden hemen! Egin ditzagun hiru etxola: bat zuretzat, beste bat Moisentzat eta beste bat Eliasentzat?»
Ez zakien zer erraiten zuen. 34 Hola mintzo zelarik hodei
9,34 hodeia: Jainkoa hor berean delako ezaugarria, haren agerpena adiarazten duen irudietarik bat da (ik. Jal 13,21-22; 40,34-35).
batek estali zituen, eta beldurtu ziren hodeian sartzean. 35 Mintzo bat izan zen hodeitik: «Hau da nere semea, nik hautatua. Entzun zazue!»
36 Mintzoa entzun zelarik, Jesus bakarrik gelditu zen. Dizipuluak ixilik egon ziren eta, ordu hartan, ikusi zutenetik deus ez zuten nehori salatu.
Epileptikoaren sendatzea
(Mt 17,14-18; Mk 9,14-27)
37 Biharamunean, menditik jautsi zirenean, jende ainitz biderat etorri zitzaion. 38 Hortan, gizon batek jendeen artetik oihu egin zuen:
–Irakasle jauna, beha zozu, otoi, nere semeari, bakarra baitut. 39 Izpiritu batek hartzen du, eta bat-batean oihuka hasten da; inarrosten du eta haguna dariola ezartzen, eta nekez uzten du, xehatu ondoan. 40 Zure dizipulueri eskatu diotet izpiritua haizatzeko, bainan ez dute egin ahal ukan.
41 Jesusek erran zuen:
–Hau jende fedegabe eta makurra! Noiz arte egonen naiz zuen artean eta jasan beharko zaituztet? Ekar ezadazu semea hunat.
42 Hurbiltzen ari zela, debruak lurrerat bota eta inarrosi zuen. Jesusek izpiritu gaixtoa larderiatu zuen; mutikoa sendatu eta aitari eman zion. 43 Denak harriturik egon ziren Jainkoaren handitasunaz.
Jesusek pasionea bigarren aldikotz aipatu
(Mt 17,22-23; Mk 9,30-32)
Egiten zuen guziaz xoraturik baitzauden denak, Jesusek bere dizipulueri erran zioten: 44 «Entzun ongi erraiten dauzuetan hau: gizonaren semea jendeen eskuetarat emana izanen da».
45 Bainan heiek ez zituzten konprenitzen ele horiek; estaliak zitzaizkioten, ezin ziren erran-nahiaz jabetu; eta argitasunak eskatzeko beldur.
Nor handiena?
(Mt 18,1-5; Mk 9,33-37)
46 Dizipuluak beren artean ari ziren nor izaiten ahal zen heietarik handiena. 47 Beren baitan zerabilatena jakinik, Jesusek haur bat hartu zuen, bere ondoan ezarri 48 eta erran zioten: «Haur huni neregatik ongi etorri egiten dionak, nihauri daut egiten; eta ongi etorri egiten dautanak, igorri nauenari dio egiten, zeren zuetarik ttipiena, hura baita handiena».
Zuen kontra ez dena...
(Mk 9,38-40)
49 Orduan, Joanik erran zion:
–Irakasle, norbait ikusi dugu zure izenean debruen haizatzen, eta debekatu nahi ukan diogu, ez baitzaizu jarraikitzen gurekin.
50 Jesusek erran zion:
–Ez debeka, zuen kontra ez dena zuen alde baita.