Israel desleial Jaunarekin
3
1 Gizon batek bere emaztea uzten badu, eta berexi ondoan, emaztea beste batekin ezkontzen bada, gizon harek emaztetzat berriz har ote dezake? Ez, herrialdea kutsatuko litaike  3,1 herrialdea kutsatuko litaike: Dt 24,1-4ko legearen arabera, behin utzia duen emaztea ez dezake gizonak berriz beregana. Hori eginez, herrialde osoa kutsatuko luke, erran nahi baita nolazpait hobendun bilakatuko. . Eta zu, Israel, hainbeste maitalerekin lizundu zirena, nereganat itzuliko ote zintezke? Hala diot nik, Jaunak.
2 Altxa begiak mendixketarat:
zointan ez zira
maitakerietan ari izan?
Bide-bazterretan egoiten zinen,
arabiar ohoinak
basamortuan bezala,
zer harrapatuko zinuen.
Kutsatu duzu lurraldea
zeure lizunkeriaz eta gaixtakeriaz.
3 Horrengatik huts egin dauzute erauntsiek,
ez da udaberriko euririk izan.
Bainan zuk
emalizunaren kopeta zinuen,
zeure fama txarraz axolarik ez.
4 Orduan berean erraiten zinautan:
«Aita,
zu nere gaztetasuneko adiskide mina!
5 Betiko egonen ote zira haserre,
sekulako iraunen ote du
zure suminak?»
Eta hori erraitean,
gaizkia egiten zinuen
gusturik ederrenean.
Bi ahizpa desleialak
6 Josias erregearen garaian Jaunak erran zautan: Ikusi duzu zer egin duen Israel fedegabe horrek? Mendi-kasko guzietarat joaiten da, zuhaitz handi guzien azpirat, bere burua lizunkeriari emaitera  3,6 Josiasen garaian: Ik. 1,2 oh. // lizunkeriari eman: Ik. 2,20 oh. . 7 Uste nuen, hori guzia egin ondoan, berriz nereganat itzuliko zela; bainan ez, ez da itzuli. Ikusi du hori Israelen ahizpak, Juda desleialak  3,7 Juda desleialak: Juda eta Israel-ek ipar eta hegoaldeko erresumak adiarazten dituzte hemen, bi ahizpen irudiaz pertsonifikatuak. . 8 Ikusi du bere adulterio guziengatik utzi dutala  3,8 utzi dutala: Israelgo hiriburu zen Samariaren erorketa, K.a. 721ean gertatua, eta ipar-erresumako bizilagunen erbesteratzea aipatzen dira. Israel fedegabea, dibortzio-agiria emanik. Bainan Juda desleial hori ez da izitu, eta lizunkeriarat jo du harek ere. 9 Eta hortarat hain du eman bere burua, nun herrialdea bera ere profanatu duen: adulterio egin du, harrizko eta zurezko sasijainkoak adoratuz. 10 Horien guzien ondotik ere, Juda desleial hori ez zait bihotz-bihotzez itzuli, gezurrez baizik. Nik, Jaunak, errana.
11 Jaunak erran zautan:
Israel fedegabea, Juda desleialaren aldean, zuzena da. 12 Zoazi mezu hunen oihukatzera iparraldekoeri:
Itzul zaite nereganat,
Israel fedegabea!
Ez dauzut beltzuri eginen,
bihozbera bainaiz;
nere haserrea ez da betiko.
Hala diot nik, Jaunak.
13 Bainan aitor zeure hobena,
Jainko Jaunaren kontra
jeiki baitzira.
Atzerritarren jainkoeri
eman diozute zeure burua
zuhaitz handi guzien azpian,
eta ez duzu nere deia entzun.
Nik, Jaunak, errana.
Nazione guziak Jerusalemen bilduko
14 Jaunak dio: Itzul nereganat, herri fedegabe hori, ni bakarrik nauzu nagusia. Bilduko zaituztet hiri eta familia bakotxetik eta Sion mendirat eremanen. 15 Neure gogoko artzainak emanen dauzkizuet, jakitatez eta zuhurtziaz gidatuko zaituztenak. 16 Orduan, lurraldean hazi eta ugarituko zireztenean, ez da gehiago aipatuko Jaunaren elkargo-kutxarik  3,16 elkargo-kutxarik: Ez dakigu noiz galdu zen tenpluan ezarri zen elkargo-kutxa, behin baino gehiagotan izan baitzen tenplua suntsitua. Jeremiasen iragarpenaren arabera Jerusalem osoa izanen da Jaunaren tronua, lehen elkargo-kutxa zen bezala (17. ber.). ; nehork ez du hari pentsatuko, ez hartaz oroituko, ez eta hura dolu ukanen; ez duzue besterik eginen. 17 Garai hartan, «Jaunaren tronua» deituko dute Jerusalem. Nazione guziak bilduko dira Jerusalemen ni, Jauna, ohoratzeko, eta ez dute gehiago beren tema gaixtoan jarraituko. 18 Garai hartan, Judako jendea Israelgoarenganat bilduko da. Elkarrekin itzuliko dira iparraldetik, heien arbasoeri ondaretzat eman nioten lurralderat.
Bihozberritzeko deia
19 Hunela nion neure baitan:
Israel, neure semetzat hartu nahi zintutan,
lurralde zoragarria eman nahi nauzun,
munduko ondarerik ederrena.
«Aita» deituko ninduzula
uste nuen,
eta nereganik ez zinela
nehoiz urrunduko.
20 Bainan emaztea senarrarekin
desleial den bezala,
desleial izan zira nerekin, Israel.
Nik, Jaunak, errana.
21 Oihu bat entzuten da mendixketan,
israeldarrak nigarrez eta otoitzez,
galdua baitute bidea,
ahantzia Jauna, beren Jainkoa.
22 Itzul zaitezte nereganat,
seme fedegabe horiek,
nik sendatuko dauzuet
zihauren fedegabekeria.
Israelek:
Hemen gaituzu, heldu gira,
zu baitzaitugu Jauna,
gure Jainkoa.
23 Egiaz, mendixkak gezur huts dira,
bai eta mendietako  3,23 mendietako: Mendiak ohiko sasikultu-lekuak ziren. arrabotsak.
Egiaz, Jaunak, gure Jainkoak,
bakar-bakarrik
salba dezake Israel.
24 Gure gazte-denboratik
Baal ahalgegarriak  3,24 Baal ahalgegarri: Hebrearrak Ahalgea baizik ez dakar. Baal jainko kanaandarraren izen laidogarria zen. irentsi ditu
gure arbasoen nekeen irabaziak:
ardi eta behiak, seme eta alabak.
25 Ahuspe eman gaitezen ahalgez,
estalirik desohorez;
zeren bekatu egin baitugu
Jaunaren, gure Jainkoaren kontra
guk eta gure arbasoek,
gaztetarik gaurdaino.
Ez dugu aditu
Jaunaren, gure Jainkoaren errana.
4
1 Jaunak:
Itzuli nahi baduzu, Israel,
nereganat itzuli behar duzu.
Zure sasijainko higuingarriak
nere aitzinetik kentzen badituzu,
ez zira bidegaldurik ibiliko;
2 nere biziaz zin egiten baduzu
egiaz, justiziaz eta zuzenbidez,
benedikatuko ditut beste herriak ere  4,2 Lehenagoko agintzaren arabera (ik. Has 22,18; 26,4), Israel beste herrien benedizione-bide izanen da, erbestealdiaren testuinguruan. ,
eta nitaz harro agertuko dira.
3 Hunela erraiten diote Jaunak Juda eta Jerusalemgo bizilaguneri:
Egin lur berriak,
ez erein elorrien artean.
4 Ebakituak izan zaitezte Jaunarentzat,
bihotzean ebakituak  4,4 Bihotzean ebakituak: H.h., Ken zuen bihotzeko zakil-muturra. Ez da aski haragian egin ebakitza, ebakitza elkargoaren seinale baita; elkargoa bihotzean ezarri behar da (ik. Dt 10,16 oh.). ,
Juda eta Jerusalemgo bizilagun horiek!
Bestela,
sua bezala piztuko da nere haserrea,
erreko zaituzte
zihauren egintza gaixtoengatik,
eta nehor ez haren itzaltzeko.
Iparraldetik erasotua izanen
5 Aldarrika zazue hau Judan,
adiaraz Jerusalemen.
Jo turuta herrialde osoan,
egin oihu ozenki:
«Bil zaitezte, goazen gotorlekuetarat!»
6 Altxa seinalea Sion alderat!
Bila geriza, ez geldi!
Zorigaitza erakarriko baitut iparraldetik  ,
izigarriko hondamendia!
7 Atera da lehoina bere sasitik,
abiatu da herrien hondatzailea;
atera da bere herritik,
zure herrialdearen hondatzeko,
zure hirien suntsitzeko,
nehor utzi gabe.
8 Horrengatik, jantz dolu-soinekoa,
egin nigar eta intziri;
ez, ez da Jaunaren haserre-sumina
Judarenganik urrundu.
9 Jaunak dio:
Egun hartan
bihozgabeturik geldituko dira
erregea eta buruzagiak,
iziturik apezak,
dardara-ikaraz profetak.
10 Nik erran nuen: Ai, Jauna,
nola engainatu dituzun
herri hau eta Jerusalem!
Bakea iragarri zinioten
bainan ezpata daukagu zintzurrean.
11 Garai hartan, herri huni
eta Jerusalemi erranen zaiote:
Haize kizkalgarria dator
basamortutik nere herrirat  4,11 herrirat: H.h., herriko alabaganat; herriaren pertsonifikazionea da, maiz errepikatzen dena (ik. 6,26; 8,11.19.21-23; 9,6; 14,17); kasu askotan hiriburuari, Jerusalemi (Sion), aplikatzen zaio. ;
ez da, ez, ogiaren bahetzeko
eta garbitzeko haizea,
12 nik igorri
haize indartsua bai.
Orai nihaurek
eginen dut heien kontrako auzia.
Israelek:
13 Horra etsaia,
heldu da hodeia bezala,
gudu-karroak ekaitza bezala,
zaldiak arranoak baino lasterrago.
Zorigaitz guri, galduak gira!
Jaunak:
14 Jerusalem,
garbi zeure bihotzeko gaixtakeria,
bizirik atera nahi baduzu.
Noiz arte
atxikiko dituzu zeure baitan
gogoeta gaixto horiek?
15 Dan hiritik
eta Efraimgo mendietarik  4,15 Dan: Israelen iparraldeko mugako hiria. // Efraimgo mendiak: Jerusalemen iparraldean dira.
berri txarrak heldu dira.
16 Jakinaraz jendeeri!
Adiaraz Jerusalemen!
Heldu dira etsaiak urruneko lurraldetik,
Judako hirien kontra oihuka.
17 Alde guzietarik
inguratzen dute Jerusalem,
landazainek egin ohi duten bezala.
Jaunak dio:
Nere kontra jeiki zirelakotz
gertatzen zaizu hori.
18 Zeure jokabide eta egintza tzarrek
zori hortarat ereman zaituzte.
Zeure gaixtakeriaren fruitua duzu,
mingotsa zinez,
bihotzean jotzen zaituena.
Jeremias bere herriarengatik nahigabetua
19 Hau nahigabea, hau nahigabea  4,19 Hau... nahigabea!: H.h., Nere erraiak, nere erraiak! !
Lehertzeko zorian daukat bihotza!
Intzirika ari zait neure baitan!
Ezin ixilik egon,
entzuten baititut turuta-hotsak,
gudu-orroak.
20 Hondamena hondamenaren gainean,
lurralde osoa erraustua!
Tupustez,
nere kanpalekua erraustua da,
bat-batean
nere oihal-etxolak suntsituak.
21 Noiz arte ikusi behar ote dut
gerlarako seinalea?
Noiz arte entzun behar ote
turuta-hotsa?
22 Jaunak dio:
Burugabea da nere herria,
ez naute ezagutzen.
Haur zentzugabeak dira,
deus konprenitzen ez dutenak.
Gaitzerako trebeak,
onerako tentelak.
Ikuskari ikaragarria
23 Lurrari behatzen diot:
dena nahas-mahas;
zeruari behatzen:
argia galdua du;
24 Mendieri behatzen:
dardaraz daude;
mendixkeri: inarrosiak dira.
25 Behatzen dut: jenderik ez da,
hegazti guziak ihes joanak dira.
26 Behatzen dut: baratzea basamortu,
hiri guziak errauts.
Jaunak egin du hori,
Jaunak, bere haserre-suminaz.
27 Hunela dio Jaunak:
Lur guzia suntsitua izanen da,
bainan ez osoki deuseztatua.
28 Horrengatik, dolu eginen du lurrak,
gain hartan ortzia ilunduko da
hartua baitut erabakia;
ez naiz damutuko, ez dut gibelerat eginen.
29 Zaldizko eta arkularien azantza entzutean,
ihes doa jende guzia.
Sasietan gordetzen dira,
harroketarat igaiten.
Hutsik utzi dituzte hiriak,
bizilagunik batere gabe.
30 Eta zu, zer zabiltza purpuraz jantzirik,
urrezko bitxiz apaindurik,
begiak beltzez tindaturik?
Alferrik apaintzen zira,
maitaleek utzi zaituzte,
bizia kendu nahi dauzute.
31 Oihuak entzuten ditut,
erdiminetan dagon emaztearenak
bezalako intziriak,
lehen haurraren ukaiten
ari denarenak bezalakoak:
Sion neskatxa  4,31 Sion neskatxa: Jerusalemen pertsonifikazionea (ik. 6,2.23 eta 4,11 oh.). oihuka ari da,
eskuak luzatuz:
«Ai ei! Eneak egin du!
Hiltzaileen esku nago!»
Inbasioaren arrazoiak: Jerusalemen bekatuak
Jaunak:
5
1 Zoazte Jerusalemgo karriketan barna,
beha ongi eta ikus,
bila hango plazetan
ea aurkitzen duzuen bakar bat
zuzentasunez ari denik,
leialtasunez jokatzen duenik;
hala balitz,
Jaunak hiriari barkatuko lioke.
Jeremiasek:
2 Bainan, «Jaunaren biziaz!» erraitean ere,
gezurrez dute zin egiten.
3 Zuk, Jauna, jende leiala nahi duzu.
Jo dituzu,
bainan ez dira damutu;
suntsitu dituzu, bainan ez dira zentzatu.
Harroka bezain gogor aurpegia,
ez dute zureganat itzuli nahi ukan.
4 Orduan, pentsatu dut:
Jende xehea da,
buru gutikoa;
ez dute ezagutzen Jaunaren bidea,
beren Jainkoaren nahia.
5 Goazen handikienganat,
heiekin mintzatzera;
heiek bai ezagutuko dutela
Jaunaren bidea,
beren Jainkoaren nahia.
Bainan heiek ere hautsi dute
Jaunaren uztarria,
trenkatu harekilako lokarriak.
6 Horrengatik,
oihaneko lehoinek zaurituko dituzte,
basamortuko otsoek xehatuko;
lehoinabarrak barrandan daude
heien hiri inguruan,
handik ateratzen diren guzien sarraskitzeko.
Zeren asko baitira heien jazarraldiak,
izigarri larriak heien desleialkeriak.
Jaunak:
7 Horiek hola, nola barka zuri?
Zure seme-alabek utzi naute,
sasijainkoen izenean zin egiten dute;
ase nituen
eta heiek adulterio egin dute,
emalizunaren etxerat  5,7 emalizunaren etxerat: Ik. 2,20 oh.
zalapartaka joanez.
8 Gereņu ase berotuak dira,
nor bere aldeko lagunaren emazteari
irrintziz deika.
9 Eta nik, Jaunak,
zigorrik eman gabe egon behar ote?
Ez ote diot merezitua duena eman behar
hola jokatzen duen jendeari?
10 Sar bedi etsaia mahastian 
eta honda,
bainan ez osoki deusezta!
Erauz bitza mahats-aihenak,
ez baitira nereak!
11 Bai Israel, bai Juda
biziki desleial izan dira nerekin.
Nik, Jaunak, errana.
12 Israelek eta Judak
uko egin diote Jaunari, erranez:
«Jauna deusik ez da!
Ez zaiku gaitzik gertatuko,
ez dugu gerlarik ez goserik ikusiko.
13 Profetak haizearen pareko dira:
Jaunaren hitzik ez da heien ahoan».
14 Horrengatik, hau erran daut Jaunak,
Jainko guziahaldunak:
Hara zer gertatuko zaioten  5,14 Hara zer gertatuko zaioten: Hitz hauek 13. ber.etik hunat aldatuak dira.
hola mintzatu direlakotz:
su bilakatuko dut
neure hitza zure ezpainetan,
eta egurra bezala
irentsiko du herri hau.
Zigorra
15 Jaunak dio:
Israel, herri bat ekarriko dut
urrunetik zure kontra,
herri iraunkorra, aspaldikoa,
mintzaira ezezaguneko herria,
erranen duena
ez baitiozu konprenituko.
16 Haren arkulariek
ez dute huts egiten  5,16 Haren... huts egiten: H.h., Haren geziontzia hilobi idekia bezalakoa. ,
guziak dira gudari beldurgabeak.
17 Zure uzta eta ogia janen dauzkizu,
seme-alabak sarraskituko,
ardi eta abereak irentsiko,
mahasti eta pikondoak suntsituko.
Bere armez erraustuko dauzkizu
fidantzia emaiten zaizuten
hiri gotortuak.
18 Bainan egun heietan ere ez dut osoki deuseztuko neure herria. 19 Galdatzen badute: «Zergatik egin dauku Jaunak, gure Jainkoak, hau guzia?», zuk ihardets: «Jauna utzi eta zihauren lurraldean jainko arrotzak zerbitzatu dituzuelakotz, arrotzen zerbitzari beharko duzue izan zuena ez den lurraldean». Hala diot nik, Jaunak.
20 Adiaraz hau Jakoben ondokoeri,
Judako bizilaguneri:
21 Entzun hau,
herri ergel eta zentzugabea:
Badituzue begiak,
bainan ez duzue ikusten,
beharriak ere, bainan ez entzuten.
22 Hunela diot nik, Jaunak:
Ez ote duzue neretzat errespeturik ukanen?
Ez ote zirezte nere aitzinean ikaratuko?
Nik ezarri diot hondartza
itsasoari mugatzat,
nehoiz gaindituko ez duen mugatzat;
asaldatzen da, bainan alferretan,
orro egiten, bainan muga ez hausten.
23 Zuek, herri bihurri eta hezgaitza zirezte;
nereganik urrun joan zirezte.
24 Ez duzue zihauren baitan egiten:
«Errespeta dezagun Jauna,
gure Jainkoa!
Harek igortzen dauzkigu
garaian garaiko euriak,
harek zaintzen uzta biltzeko sasoinak».
25 Zuen hutsek,
nahasi dute ordena hori;
zihauren bekatuengatik
ez zirezte lurreko ontasunez gozatzen.
26 Zeren gaizkileak bizi baitira nere herrian;
barrandan daude ihiztariak bezala;
sareak ezartzen dituzte
eta jendeak harrapatzen.
27 Nola kaiola xoriz,
hala betetzen dituzte etxeak ohointzaz;
hola egiten dira
handi eta aberats,
28 gizen eta guri.
Horien gaixtakeriak ez du neurririk:
ez dute umezurtzaren
eskubidea zaintzen,
ez eta behartsuen
auzia defendatzen,
eta ontsa ateratzen dira!
29 Eta nik, Jaunak,
zigorrik gabe utzi behar ote ditut
holako gaixtakeriak?
Ez ote merezi duena eman behar
hola jokatzen duen jendeari?
Hala diot nik, Jaunak.
30 Gauza harrigarriak, izigarriak
gertatzen dira herrialde huntan.
31 Profetek gezurra dute mezutzen,
apezek beren nahia irakasten  5,31 apezek... irakasten: Ik. 2,8 oh. Hunela ere itzul daiteke: apezek ahal duten guzia ebasten dute. ,
eta nere herria bere hortan lasai!
Bainan zer eginen duzue, azkenean?
Etsaiak ateetan
6
1 Ihes egizue Jerusalemdik,
benjamindar horiek,
jo turuta Tekoan  6,1 benjamindar: Benjamin, Jaboben seme gazteenaren leinua, Judaren iparraldean bizi zen; badirudi hemen aipatzen diren benjamindarrak Jerusalemen gerizaturik zaudela. // Tekoa: Amos profetaren sorterria, Jerusalemdik hegoalderat; inguruan zitekeen Bet-Kerem toki ezezaguna ere. Erasoa iparraldetik datorrenaz geroz, ihesbidea hegoalderat da. Jatorrizkoan hitz-jokoa egiten da turuta jo eta Tekoa hitzen artean. ,
egin seinaleak Bet-Keremen,
etortzekotan baita
iparraldetik zorigaitza
izigarriko hondamendia.
2 Sion neskatxa  lirain eta atsegin hori,
zureak egin du!
3 Hortxe sartzen dira etsaiak,
artzainak artaldeekin bezala:
oihal-etxolak ezartzen dituzte
inguru guzian,
nor bere larreaz jabetuz.
4 Hunela diote:
«Gerla  6,4 gerla: Gerla saindua da, Jaunaren izenean egiten dena, nahiz eta hemen beraren herriaren kontra izan, herriaren zigortzeko Jaunak erabakia. egin diezogun Jerusalemi!
Ea, eraso diezogun egun-argiz!
Bainan, zorigaitzez, eguna apalduz doa,
arratsaldeko itzalak luzatuz.
5 Beraz, eraso diezogun gauaz!
Suntsi ditzagun horren jauregiak!»
6 Hunela dio Jaun guziahaldunak:
Aurtik zuhaitzak,
egin betelana Jerusalemi erasotzeko.
Hiriaren zigortzea erabaki dut,
zapakuntza baita nagusi han.
7 Iturriari ura dario,
eta Jerusalemi gaixtakeria.
Han indarkeria eta bidegabekeria baizik
ez da aipu,
kolpeak eta zauriak
begien aitzinean beti.
8 Zentza zaite, Jerusalem,
zureganik urrun ez nadin,
basamortu
eta bizilagunik gabeko lurralde
bilaka ez zaitzadan.
9 Hunela dio Jaun guziahaldunak:
Bil zazu israeldarren ondarra,
mahats-biltzaileak,
azken molkoak bezala.
Jeremiasek:
10 Nori mintzatuko nitzaio?
Norenganat joan, entzun nezan?
elkortuak dira;
ez dira on entzuteko.
Jaunaren hitza
laidotzat hartzen dute,
ez dute entzun nahi.
11 Ni Jaunaren suminaz
betea naiz,
ezin dut gehiago jasan.
Jaunak:
Ixur zazu sumina karriketan
haurren eta gazteen gainerat.
Senar eta emazteak,
zahar eta zahar okituak,
denak eremanen dituzte.
12 Heien etxe, alor eta emazteak
arrotzen eskuetarat aldatuko dira.
Bai, herrialde huntako
jendearen kontra
luzatuko dut eskua.
Hala diot nik, Jaunak.
13 Denak, ttipi eta handi,
irabazi gose dira,
apezak eta profetak
faltsukeriari emanak.
14 Nere herriaren zauria
arinkeriaz sendatu nahi dute.
«Dena ontsa doa, biziki ontsa» diote,
bainan ez doa ontsa, ez.
15 Ahalgetu behar lukete
beren egintza higuingarriengatik;
bainan ez dira batere ahalge,
ez dakite ahalgea zer den ere .
Horrengatik, eroriko dira,
besteak bezala,
lurrerat joanen dira
zigortuko ditutanean.
Nik, Jaunak, errana.
Israelen tema
16 Hunela dio Jaunak:
Geldi zaitezte bidean,
galdegizue
lehengo jokabidearen berri  6,16 lehengo jokabidea: Erran nahi baita herria Jaunaren hitzari leial zagon garaiko jokabidea. ,
biderik hoberena zoin den jakiteko;
ibil handik,
eta aurkituko duzue pausua.
Zuek, ordea, ihardesten duzue:
«Ez dugu handik ibili nahi».
17 Zaintzaileak eman nauzkizuen,
erraiteko:
«Kasu turutaren hotsari!»
Bainan zuek ihardetsi:
«Bost axola guri!»
18 Horrengatik, entzun, herri horiek,
jakin zuk ere,
Israelgo elkarte horrek,
zer gertatuko zaizun.
19 Entzun, mundu guziak:
Zorigaitza dakart herri huntarat,
beren gogoeta gaixtoengatik,
ez baitute nere hitzeri
kasurik egin,
nere legea mespretxatu dute.
20 Zertako dut nik
Sabako  intsentsua,
zertako urruneko lurraldeetako
kanabera usaintsua?
Ez ditut atsegin zuen erre-opariak,
ez ditut gogoko zuen sakrifizioak.
21 Horrengatik, hau diot nik, Jaunak:
Behaztopagailuak ezarriko diozkat
herri huni,
behaztopa dadin.
Aitama eta seme-alaba,
lagun eta auzo,
denak hilen dira.
Berriz iparraldeko erasotzailea
22 Hunela dio Jaunak:
Horra, herri bat datorrela
iparraldetik  ,
nazione handi bat abiatu da
munduaren azken muturretik.
23 Arkuz eta lantzaz armaturik,
odolzale eta gupidagabeak dira;
orroaz itsasoa bezala,
zaldiz datoz,
borrokarako lerrokaturik,
zure kontra,
Sion neskatxa  .
Israelek:
24 Berri hori jakitearekin,
indarrik gabe gaude, hersturan eta larri,
emaztea erdiminetan bezala.
25 Ez atera landarat,
ez ibil bideetan!
Hor dago etsaia armaturik,
Nun-nahi beldurra nagusi!
Jaunak:
26 Jerusalem  6,26 Jerusalem: H.h., Ene herriko alaba. Ik. 4,11 oh. , emazu dolu-jantzia soinean,
itzulika zaite hautsean,
dolu egizu seme bakarraren
heriotzean bezala,
nigar egizu saminki,
bat-batean etorriko baita
hondatzailea zure gainerat.
27 Neure herriaren frogatzaile ezartzen zaitut; iker zazu zer den haren jokabidea.
Jeremiasek:
28 Bihurriak dira guziak,
gezurrez beltzaileak,
brontze eta burdin,
oro gaixtaginak.
29 Hauskoak suari ufaka
metalari beruna kentzen zaio.
Bainan alferrik da
heien garbitzen aritzea:
egintza gaixtoak ez zaizkiote joaiten.
30 «Zilar mespretxagarri»
deitzen dira,
Nik, Jaunak, mespretxatzen baititut.
Tenpluaz hitzaldia
7
1-2 Jaunak Jeremiasi manatu zion tenpluko sargiarat joaiteko eta Jaunaren adoratzera tenplurat sartzen ziren judatar guzieri mezu hau oihukatzeko: 3 Hunela dio Jaun guziahaldunak, Israelgo Jainkoak: Zuzent zihauren jokabidea eta egintzak, eta zuekin biziko naiz  7,3 zuekin biziko naiz: Lehengo zenbait itzulpenen arabera; hebrearrak biziaraziko zaituztet dio; gauza bera 7. ber.ean. toki huntan. 4 Ez fida ele gezurti haueri: «Hemen da Jaunaren tenplua, Jaunaren tenplua, Jaunaren tenplua!».
5 Bainan zihauren jokabidea eta egintzak zinez aldatzen badituzue, batzu besteekin zuzen jokatzen baduzue, 6 arrotza, umezurtza eta alarguntsa zurgatzen ez badituzue, lurralde huntan odol hobengaberik ixurtzen ez baduzue eta, zihauren buruari kalte eginez, beste jainkoen ondotik ibiltzen ez bazirezte, 7 orduan, zuekin biziko naiz toki huntan, zuen arbasoeri betidanik eta betiko eman diotetan lurraldean.
8 Deusetako ez diren ele gezurtieri fidatzen zirezte. 9 Zer! ebats, hil, adulteriogile izan, zin egin gezurrez, Baali intsentsua erre, zuekin ikustekorik ez duten jainko arrotzen gibeletik ibil 10 eta nere aitzinerat etortzen zirezte, sagaratua zaitan tenplu huntarat, «Salbatuak gira» erraiten duzuela, gero egintza higuingarri horien guzien egiten jarraitzeko! 11 Ohoin-zilotzat ote daukazue neri sagaratua den tenplu hau? Hori dut ikusten. Hala diot nik, Jaunak. 12 Zoazte, bada, Xiloko nere saindutegirat  7,12 Xiloko saindutegia: Xilo Jerusalemdik iparralderat 40 km ingurutan zen; han atxiki zen elkargo-kutxa Eli apezaren garaian (ik. 1 Sm 1,3). Filistearrek suntsitu zuten K.a. 1050a inguruan. , lehen nere egoitza izaiteko hautatu nuen tokirat; ikus zer egin nion, neure herri Israelen gaixtakeriagatik. 13 Orai, gaixtakeria horiek egin dituzuelakotz, ni geldigabe mintzatu bainan zuek ez entzun, nik dei egin bainan zuek ez ihardetsi, huna nik, Jaunak, zer diotan: 14 Xiloko saindutegiari egin niona bera eginen diotet neri sagaratua den eta zuek fidatzen zirezten tenplu huni, bai eta zuen arbasoeri eta zihauri eman nauzuen lurralde huni: 15 haizatuko zaituztet nere aitzinetik, lehen zuen haurrideak, Efraimen ondokoak  7,15 Efraimen ondokoak: 721ean erbesteratu zituzten ipar-erresumako israeldarrak dira. , haizatu nituen bezala.
16 Zuk, Jeremias, ez eska deusik herri hunen alde, ez egin galderik ez otoitzik. Ez etor neri deika, ez zaitut entzunen. 17 Ez ote duzu ikusten zer ari diren Judako hirietan eta Jerusalemgo karriketan? 18 Haurrek egurra biltzen dute, aitek sua pizten eta emazteek oratzen Istar-i, zeruko erregina  7,18 Istar: Istar edo Astarte emankortasunaren jainkosa zen, Mesopotamian zeruko erregina deitua; Venus artizarrarekin identifikatzen zuten. deitzen dutenari, opilak eskaintzeko; gainera, jainko arrotzeri ixur-opariak eskaintzen diozkate, iraintzen nautela. 19 Bainan, ni ez, beren buruak dituzte iraintzen; ahalgetu behar lukete. 20 Horrengatik, hunela diot nik, Jaunak: Neure haserrea eta sumina hustuko ditut toki hunen gainerat, jende eta abere, landako zuhaitz eta lurreko fruituen gainerat: itzaliko ez den sua izanen da.
Azaleko kultua eta obedientziarik eza
21 Hunela dio Jaun guziahaldunak, Israelgo Jainkoak: Eskaint nahi bezainbat erre-opari eta sakrifizio eta jan heien haragia  7,21 jan heien haragia: Erre-oparietan aberea osoki erretzen zen, oparia Jaunarentzat zela adiaraziz (ik. Lv 3,16-17). Bainan Jaunari ez zaizkio axola israeldarren opariak; beraz, jan dezatela Jaunari sagaratua ere. . 22 Zuen arbasoak Egiptotik atera nituenean, ez nioten deus manatu erre-opari eta sakrifiziotaz, ez nituen aipatu ere. 23 Hau manatu nioten bakar-bakarrik: «Entzun nere mintzoa, eta ni ukanen nauzue Jainko eta zuek ukanen zaituztet herri. Ibil beti nik manatu bidean, eta dohatsu izanen zirezte». 24 Bainan ez ninduten entzun, ez eta kasurik egin ere, baizik, temaz, beren asmo eta jokabide gaixtoen arabera ari izan ziren. Nereganat hurbiltzeko orde, bizkarrez itzuli zitzaizkitan. 25 Zuen arbasoak Egiptotik atera zirenetik gaurdaino, profetak, neure zerbitzariak, igorri dauzkizuet geldigabe, bata bestearen ondotik. 26 Bainan ez nauzue entzun, ez eta kasurik egin ere; zihauren arbasoak baino burugogorrago izan zirezte. 27 Zuk, Jeremias, erran hitz hauek guziak, bainan ez zaituzte entzunen; dei egin, bainan ez dauzute ihardetsiko. 28 Orduan, hau erranen diozute: Huna Jaunaren, bere Jainkoaren mintzoa entzun nahi ez duen herria, zentzabiderik hartu nahi ez duena. Galdua da leialtasuna, ez da haren aipamenik ere egiten.
Idolatriaren ondorio penagarriak
29 Jerusalem, motzazu zeure ile luzea  7,29 moztu ile luzea: Ilea moztu gabe uztea nazireuen sagarapenaren seinale zen (ik. Zen 6,5.9). Ilea mozteko erranez, Israel ez dela gehiago Jaunari sagaratu herria erran nahi da. eta bota!
Kanta dolu-auhenak mendi soilduetan!
Jaunak mespretxatua
eta baztertua baitu
hura haserretu duen jende hau.
30 Hunela dio Jaunak: Gaitzesten dutana egin du Juda herriak: bere sasijainko higuingarriak ezarri ditu neri sagaratu etxean, eta hura profanatu. 31 Ben-Hinom haranean Tofet  7,31 Tofet: Hitzak erretegi erran nahi duke (ik. 2 Erg 23,10). Ben-Hinom edo Gehenna haranean zen kultu-leku hura; han giza sakrifizioak eskaini ohi ziren Molok jainkoaren ohoretan (ik. Lv 18,21 oh.). izeneko kultu-lekua eraiki du bere seme-alaben erretzeko. Ez dut sekula holakorik manatu, ez eta buruan pasatu ere. 32 Horrengatik, hau diot nik, Jaun hunek: Badator eguna toki hura Tofet edo Ben-Hinom harana deituko ez dutena, baizik Hilketa-harana. Tofeten ehortzi beharko dira hilak, beste nihun tokirik ez eta. 33 Herri huntako gorputzak hegazti harraparien eta basihizien janari izanen dira, eta heiek uxatzeko nehor ez da izanen. 34 Judako hirietan eta Jerusalemgo karriketan alaitasunezko oihuak eta senar-emaztegaien kantuak ixilaraziko ditut, lurraldea basamortu bilakatuko baita.
8
1 Jaunak dio: Aldi hartan, beren hilobietarik aterako dituzte Judako erregeen hezurrak, buruzagi, apez, profeta eta Jerusalemen bizi izan diren guzien hezurrak, 2 eta eguzkitan, ilargitan eta izar guzien argitan zabalduko dituzte –heiek maitatu, zerbitzatu, heieri jarraiki, heiek kontsultatu eta adoratu dituzten astroen argitan–. Ez ditu nehork bildu eta ehortziko  . Zimaurra bezala geldituko dira lurrazalean. 3 Ondarrak, gaixto horietan bizirik geldituko direnek nahiago ukanen dute heriotzea bizia baino, nik barreiatuko ditutan lekuetan. Hala diot nik, Jaun guziahaldunak.
Israel itsua gaixtakerian aitzina
4 Zuk, Jeremias,
hau erranen diozu herriari
nere izenean:
Erortzen dena,
ez ote da jeikitzen?
Bidea galdu duena,
ez ote gibelerat itzultzen?
5 Zergatik urrundu zait, bada, betiko
Jerusalemgo herri hau?
Gogor dago
bere ameskerietan,
ez du itzuli nahi.
6 Adi-adi egon naiz entzuten,
bainan ez da hitzeko jendea,
ez da nehor
bere gaixtakeriaz damutzen,
bere hutsak aitortuz.
Denak beren bidean doatzi zuzen aitzina,
zaldi erotua gerlan bezala.
7 Zikoinak ere, zeruan,
sasoinen berri badaki,
usapalak, ainarak eta lertsunak
badakite noiz itzul.
Nere herriak, ordea,
ez du ezagutzen nik, Jaunak, manatua.
8 Nolaz erran dezakezue
jakintsu zireztela,
zihaurekin duzuela Jaunaren legea?
Zuen lege-irakasleen luma gezurtiak
faltsutu du lege hori!
9 Ahalgetuko dira jakintsuak,
aurtikiak eta preso hartuak izanen.
Nun da horien zuhurtzia,
Jaunaren hitza
mespretxatu dutelarik?
10 Beraz  , horien emazteak
arrotzeri emanen diozkatet,
horien landak menperatzaileeri.
Denak, ttipi eta handi,
irabazi gose dira;
apezak eta profetak
faltsukeriari emanak.
11 Nere herriaren zauria
arinkeriaz sendatu nahi dute.
«Dena ontsa doa, biziki ontsa» diote,
bainan ez doa ontsa, ez.
12 Ahalgetu behar lukete
beren egintza higuingarriengatik;
bainan ez dira batere ahalge,
ez dakite ahalgea zer den ere.
Horrengatik, eroriko dira,
besteak bezala,
lurrerat joanen dira
zigortuko ditutanean.
Nik, Jaunak, errana.
Suntsituko ditut
13 Jaunak :
Suntsituko ditut:
mahatsik ez mahastian,
pikurik ez pikondoan,
eta ostoak zimelduak.
Gainetik  8,13 Gainetik...: Jatorrizko testua iluna da eta itzulpena guti gorabeherakoa. pasatuko zaizkioteneri
uzten diozkatet.
Israelek:
14 Zergatik gaude hemen?
Bil gaitezen, goazen gotorlekuetarat,
han hiltzera,
Jaunak, gure Jainkoak
heriotzeari emaiten baigaitu;
ur pozoinatua eskaintzen dauku,
haren kontra bekatu egin dugulakotz.
15 Bakearen beha ginauden,
bainan deus onik ez.
Sendatzearen beha,
bainan beldur-ikara dugu gainean.
16 Dan aldetik  entzuten da
zaldien hatsa!
Heien irrintzira
lur osoa dardaratzen da.
Gure lurralde, hemengo ontasun,
hiri eta hiritar,
denen hondatzera datoz.
Jaunak:
17 Suge pozointsuak igortzen dauzkizuet,
lilluratzen ahalko ez dituzuenak;
ausikiko zaituztete.
Profetaren auhenak
18 Nere nahigabeak
ez du erremediorik  8,18 Nere... erremediorik: Grekozko itzulpenaren arabera; hebrearrezkoa ezin konprenitua da. ,
eroria dut bihotza.
19 Lurralde guzian entzuten ditut
nere herriaren deiak:
«Jauna ez ote dago Sionen?
Haren erregea ez ote dago han?»
Jaunak:
Eta zuek, zergatik iraindu nauzue
Zihauren sasijainkoekin,
zentzugabekeria arrotz horiekin?
Jeremiasek:
20 Uzta egina da, uda joana,
bainan guretzat salbamendurik ez.
21 Nere herria jo duen
hondamenak joa naiz,
goibel eta izialdurak hartua.
22 Ez ote da sendagailurik Galaaden  8,22 Galaad: Jordanez bestaldeko lurraldea, hango sendabelarrengatik ospetsua. ,
ez ote medikurik?
Zergatik ez da sendatzen
nere herria?
23 Nork bilakatuko du nere burua ur,
nere begiak nigar-iturri,
gau eta egun nigar egiteko
nere herriko hilengatik?
9
1 Ai, basamortuan egonleku bat
aurki baneza,
neure herria utzi
eta harenganik urrun bizitzeko!
Desleialak baitira guziak,
trahitzaile hutsak denak.
2 Beti prest daude gezurrerat,
arku tirandua bezala
heien mihia.
Gezurra da nagusi herrialdean,
eta ez egia.
Gaixtakeria gaindika
Jaunak dio:
Gero eta makurrago dabiltza,
ez naute ezagutzen.
3 Kasu, guziek,
nork bere lagunari ere,
ez fida haurrideaz ere,
haurrideak haurrideari
iruzur egiten  9,3 iruzur egin: Hitzak, Jakob izenarekin duen doinu-kidetasunagatik, anaia tronpatu zuen arbasoa dakar gogorat (ik. Has 25,26 oh.). baitio,
lagunak laguna belzten.
4 Elkar engainatzen dute,
nehork ez du egia erraiten;
gezurrean trebatu dute mihia.
Gaixtotuak dira,
ez daitezke zuzenerat itzul.
5 Gogorkeria gogorkeriaren gainean,
faltsukeria faltsukeriaren gainean  9,5 gainean: 4. ber.aren burua eta 5.aren lehen zatia grekozko itzulpenaren arabera emanak; hebrearrezkoa iluna da. ,
eta ni ez naute ezagutzen.
6 Horrengatik,
hunela dio Jaun guziahaldunak:
Garbituko ditut eta frogatuko;
esku hartuko dut, bai,
neure herriaren
gaixtakeriaren  9,6 gaixtakeriaren: Hitza aramearrezko eta grekozko itzulpeneri jarraikiz ezarria da. kontra.
7 Gezi hilgarri dira horien mihiak,
faltsukeria dariote ahotik.
Lagunarentzat bake-hitzak dituzte,
bainan beren baitan
zepo ezartzen ari zaizkio.
8 Eta nik, Jaunak,
zigorrik gabe utzi behar ote
holako gaixtakeriak?
Ez ote diot merezi duena eman behar
hola jokatzen duen jendeari?
Nik, Jaunak, errana.
Hondamena nahitaezkoa
9 Nigar eta intziri egiten dut mendietan,
deitore larre-zelaietan:
erreak baitira eta hutsik;
ez da ardirik entzuten,
hegazti eta abereak
ihes joanak dira.
Jaunak:
10 Jerusalem harri-meta bilakatuko dut
eta xakal-zilo;
Judako hiriak hondamendi,
bizilagunik utzi gabe.
11 Zergatik hondatua da lurraldea?
Zergatik errea basamortua bezala,
nehor ez bizitzeko gisan?
Nun da hau konprenituko duen jakintsua?
Nori argitu dio Jaunak?
Adiaraz dezala.
12 Jaunak berak: Nik eman legea bazter utzi, nere mintzoa ez entzun eta hari jarraiki ez direlakotz gertatu da hori. 13 Aitzitik, beren teman, arbasoek eman Baalen ondotik ibili dira. 14 Horrengatik, hunela diot nik, Israelen Jainkoak: Herri huni belarmina emanen diot jatera, ur pozoinatua edatera. 15 Barreiatuko ditut, ez hauek, ez hauen arbasoek ezagutu ez dituzten nazioneen artean; etsaia igorriko diotet gibeletik ezpatarekin, denak suntsitu arte.
Nigar-egileak Jerusalemgatik
16 Hunela dio Jaun guziahaldunak:
Dei egizue emazte nigar-egileeri!
Aurki trebeenak, eta etor bite!
17 Bai, laster etor bite,
deitore egitera guregatik!
Ur daitezela gure begiak malkoz,
busti betazalak nigarrez!
18 Intziriak entzuten dira Siondik:
«Ai gu, galduak gira! Hau ahalgea duguna!
Gure lurraldea utzi behar,
gure etxeak aurtiki baitituzte!»
19 Entzun, emazte horiek, Jaunaren mintzoa,
entzun haren hitzak.
Irakats intziria alaberi,
auzoari nigar-kanta:
20 Herioa leihoetarik sartu zaiku,
jauregietaraino heldu da.
Haurrak garbitu ditu karriketan,
gazteak plazetan.
21 Mezu hau adiarazteko manatu daut Jaunak:
Giza gorputzak zabalik daude
lurrazalean zimaurra bezala,
espalak uzta-egileen gibelean bezala,
eta ez ditu nehork biltzen.
Egiazko zuhurtzia Jauna ezagutzea
22 Hunela dio Jaunak:
Ez bedi harro izan
zuhurra bere zuhurtziaz,
ez indartsua bere indarraz,
ez eta aberatsa bere aberastasunaz.
23 Harro ukan nahi duena,
harro izan bedi huntaz:
ni ezagutzeko aski argi izaiteaz,
ni, Jauna,
leialtasuna, zuzenbidea eta justizia
munduan ezartzen dituena.
Horiek ditut atsegin.
Nik, Jaunak, errana.
24 Jaunak dio: Badator, gorputzean bakarrik ebakituak direnak zigortuko ditutan eguna: 25 egiptoar, judatar, edomdar, amondar, moabdar eta beduino guziak. Zeren herri horiek, eta Israelek berak, ez baitute ezarri bihotzean elkargoaren seinale den ebakitza  9,25 beduino guziak: H.h., basamortuan bizi diren kaskamotz guziak. // Bertsetaren azken zatiak hunela dio h.h.: Zeren herri guziak ebakitu gabeak baitira, eta Israel herri osoa bihotzez ebakitu gabea; aipatzen diren herriek ebakitza praktikatzen zuten; bihotzeko ebakitzaz, ik. 4,4 oh. .
Sasijainkoak eta egiazko Jainkoa
10
1 Entzun, Israel herri, Jaunak mezutzen dauzuna.
2 Hau dio Jaunak:
Ez har paganoen ohidurak,
ez izan zeruko seinaleen beldur,
atzerritarrek ohi duten bezala.
3 Herri horien erlisionea hutsaren parekoa:
horien sasijainkoak
oihanean moztu zur-puskak dira,
ofizialearen eskuak zizelez landuak,
4 urre eta zilarrez apainduak,
itzez eta mailuz josiak
eror ez daitezen.
5 Kuia-landako kukua iduri dute:
ez dakite mintzatzen
eta garraiatu behar dituzte
ez baitira on ibiltzeko.
Ez izan horien beldur:
ezin dute kalterik egin,
ez eta onik ere.
6 Ez da zu bezalakorik, Jauna!
Handia zira,
handiak zure izena eta indarra.
7 Nork ez errespeta zu,
herrien Errege?
Zuri bakarrik zor zaizu hori!
Ez duzu parekorik
herrietako jakintsu eta erregeen artean.
8 Zozoak eta zentzugabeak dira denak:
zurezko idoloetarat doatzi
ikasbide bila!
9 Heien sasijainkoak
ofiziale eta zilarginen lanak dira,
Tarsisko zilarrez
eta Ufazko  urrez estaliak,
purpura urdin eta gorriz jantziak.
10 Jauna, berriz, egiazko Jainkoa da,
Jainko bizia eta betiereko Erregea:
hura haserretzean, lurrak dardara;
nazioneek ezin diote ihardok
haren haserre-suminari.
11 Horrengatik, errazue atzerritarreri: «Zeru-lurrak egin ez dituzten jainkoak desagertuko dira mundutik, zerupeko lurralde guzietarik  10,11 Ber. hau, atzerritarreri zuzendua, aramearraz idatzia da, garaiko nazioarteko hizkuntzan. ».
12 Jaunak bere ahalmenaz egin du lurra,
bere zuhurtziaz ezarri mundua,
bere adimenaz zabaldu zerua.
13 Haren manuz urak zeruan biltzen dira,
hodeiak zerumugan goiti igaiten,
erauntsiak ximistaka lehertzen,
haizea bere gordelekuetarik ateratzen.
14 Orduan, jende oro
zoraturik gelditzen da, ezin konprenituz;
zilargina sasijainkoez ahalgeturik,
gezurrezkoak baitira,
hatsik gabeko irudi,
15 zentzugabeko eta irringarri;
Jaunak hondatuko ditu
konduak emaiteko egunean.
16 Besterik da Jakoben Jainkoa,
hura baita gauza guzien egilea
eta Israel bere ondaretzat hautatu duena.
Jaun guziahalduna, hori du izena!
Gure oihal-etxola hondatua
17 Jerusalemgo bizilagun horiek,
setiaturik zaudezte!
Bil zihauren puskak
eta atera lurraldetik.
18 Hunela dio Jaunak:
Hara, oraingo huntan
urrunerat haizatuko ditut
herrialde huntako bizilagunak.
Hurbildik jarraikiko nitzaiote,
nehork ez ditu libratzen ahalko  10,18 Hurbildik... ahalko: Testua iluna da jatorrizkoan eta erran-nahia eztabadagarria. .
Jerusalemek:
19 Ai ei, hau hondamena!
ezin sendatua gure zauria!
Eta guk, gaitz jasangarria
izanen zela uste!
20 Hondatua da gure oihal-etxola,
lokarri guziak trenkaturik.
Seme-alabak kendu dauzkigute,
ez da bat ere gelditu
gure etxolaren altxatzeko,
oihalen zabaltzeko.
Jeremiasek:
21 Gobernariek  10,21 gobernariek: H.h., artzainek; ik. 2,8 oh. burua galdu dute,
ez diote Jaunari kontsulta egiten.
Horrengatik, porrot egiten dute,
eta horiek gidatu herria
barreiaturik dabil.
22 Entzun arrabotsa!
Badator herri bat
iparraldetik harramantzan,
Judako hirien
basamortu eta xakal-zilo bilakatzera.
Profetaren otoitza
23 Badakit, Jauna,
jendea ez dela bere jokabidearen jabe,
ezin duela hautatu bere ibilbidea.
24 Zentza gaitzazu  10,24 Zentza gaitzazu: Grekozko itzulpenaren arabera; hebrearrak Zentza nezazu dio. , bainan neurriz, ez haserrez,
ez gaitzazun deusezta.
25 Huts zure sumina
ezagutu nahi ez zaituzten
eta dei egiten ez dauzuten nazioneen gainerat,
Jakoben herria irentsi baitute,
lurraldea hondatu.
Jaunarekilako elkargoa hautsi
11
1-2 Jerusalemgo bizilaguneri mintzatzeko manatu zautan Jaunak 3 eta Israelgo Jainkoaren mezu hau oihukatzeko: Madarikatua nere elkargoko manamenduak onartzen ez dituena! 4 Egiptotik, burdina urtzeko labe  11,4 burdina urtzeko labe: Irudia Dt 4,20an erabiltzen da, eta esklabogoaren laztasuna adiarazten du. hartarik atera nituenean, zuen arbasoekin egin nuen elkargo bera da. Orduan manatu nioten: «Nere mintzoa entzuten eta nik manatu guzia betetzen baduzue, nere herri izanen zirezte eta ni zuen Jainko, 5 eta beteko dut zuen arbasoeri zin egina: esnea eta eztia darizkion lurraldea  emanen niotela». Lurralde hori orai daukazuena da.
Nik ihardetsi nion: «Bai, Jauna».
6 Orduan, Jaunak: Zoazi Judako hirietarat eta Jerusalemgo karriketarat eta oihu egizu nere mezu hau: Onar nere manamenduak eta bete. 7 Egiptotik atera nituenetik gaurdaino zin-zinez eta geldigabe obeditzeko eskatu diotet zuen arbasoeri. 8 Bainan ez naute entzun, ez eta kasurik egin ere, baizik beren jokabide gaixtoan tematu dira. Elkargoaren eginbeharrak betetzeko manatu diotet, bainan ez dituzte bete; horrengatik erori zaizkiote gainerat elkargoan ezarri madarizioneak.
9 Eta hunela jarraitu zuen Jaunak: Judako jendea eta Jerusalemgo bizilagunak azpijokoan ari dira nere kontra. 10 Nere manamenduak onartu ez zituzten arbasoen hutsetarat itzuli dira; beste jainkoen ondotik joan dira heien adoratzeko. Bai Israelek, bai Judak hautsi dute heien arbasoekin egin nuen elkargoa. 11 Horrengatik, hau diot nik, Jaunak: Ez dute ihes eginen ahalko igorriko diotetan zorigaitzari. Oihu eginen dautate, bainan ez ditut entzunen. 12 Jerusalemgo eta Judako beste hirietako jendeek intsentsua erretzen zieten jainkoenganat joko dute orduan laguntza eske oihuka; bainan heiek ez dituzte salbatzen ahalko zorigaitz-egunean. 13 Judak hiri bezainbat jainko badu; Jerusalemen karrika bezainbat aldare eraiki dute Baal ahalgegarriari  intsentsuaren erretzeko. 14 Bainan zuk, Jeremias, ez eska deusik herri hunen alde, ez egin galderik, ez otoitzik, ez baititut entzunen zorigaitzean laguntza eske dei eginen dautatenean.
15 Zer ari da Israel, ene maitea,
nere tenpluan?
Zer, hainbeste gaixtakeria egin ondoan?
Botoek eta sakrifizioetako abereek
zorigaitza urrunduko diotela uste ote du?
Orduan bai eginen lukeela pozez oihu!  11,15 Ber. osoko testua iluna da eta itzulpena zalantzazkoa.
16 «Fruitu ederretako olibondo heze» izena
eman nion behin;
orai, ordea, harramantza handian
hostoa erreko diote,
eta adarrak hautsiko.
17 Nik, Jainko guziahaldun hunek, landatua nuen Israel; bainan orai zorigaitza erabaki dut neure herriaren kontra, Israelek eta Judak egin dituzten gaixtakeriengatik, iraindu bainaute Baali intsentsua errez.
Bere herrikoek Jeremias hil nahi
18 Jaunak jakinarazi zautan etsaiak azpilanean ari zirela nere kontra; berak ideki zauzkitan begiak horri ohartzeko. 19 Hiltzera deramaten bildots maltsoa bezala nintzen, eta ez nuen nere kaltetan zerabiltzaten asmo tzarren berririk: «Aurtik dezagun zuhaitza bere hoberenean; ken dezagun bizidunen artetik, ez dadila haren oroitzapenik geldi».
20 Zu, Jaun guziahalduna,
juje zuzena zira,
jendearen buru-bihotzak
ikertzen dituena.
Zure esku utzi dut neure auzia:
ikusiko ahal dut zure mendekua
etsaien bizkar!
21 Anatoteko  jendea neri bizia kendu nahiz dabil, Jaunaren izenean hitz egiten jarraitzen badut, beren eskuz hilen nautela mehatxuka. 22 Hunela dio, bada, Jaun guziahaldunak: Zigortuko ditut; gerlan hilen dira heien gazteak, goseak hilen heien seme-alabak. 23 Anatoteko jendeetarik nehor ez da bizirik geldituko, zorigaitza igorriko diotetan urte hartan.
Jeremias Jaunarekin eztabadan
12
1 Nola has zurekin auzitan?
Zuzenegia zira zu, Jauna.
Halere,
arazo bat nahi nauzuke proposatu:
zergatik du holako arrakasta
gaixtoen jokabideak?
Nola bizi daitezke lasai
azpijokoan ari direnak?
2 Zuk landatu eta heiek erroak egin,
handitu eta fruitua emaiten dute.
Heien ezpainetan zaude, bai;
ez, ordea, bihotzetan.
3 Bainan zuk, Jauna, ongi ezagutzen nauzu,
ikertzen nauzu eta badakizu
egiaz nagola zurekin.
Berex emazkizu gaixtoak,
hiltzeko ardiak bezala,
begirazkizu sarraski-eguneko!
4 Noiz arte izanen da
lurraldea doluan,
eta landako belarra idor?
Abere eta hegaztiak galtzen ari dira,
lekuko bizilagunen gaixtakeriagatik,
erraiten baitute:
«Jainkoak ez ditu ikusten
gure joan-jinak  12,4 joan-jinak: Grekozko itzulpenaren arabera; hebrearrak gure etorkizuna edo gure azkena dio. ».
Jaunak:
5 Oinezkoekin lasterka nekatzen bazira,
nola lehiatu nahi duzu zaldiekin?
Lurralde garbian lasai ez bazabiltza,
nola moldatuko zira
Jordan inguruko sasietan?
6 Zeure etxekoek, zeure anaiek ere,
saltzen zaituzte,
hitzartu dira zuri erasotzeko.
Ez fida heieri,
hitz gozoak erraiten badauzkizute ere.
Jaunak bere herria bereber utzi
7 Utzi dut neure herria,
baztertu neure ondarea,
etsaien eskurat eman
neure bihotzeko maitea.
8 Nere ondare zen herri hau
oihaneko lehoina bezalakoa bilakatu zait:
orroaz ari da nere kontra;
horrengatik ez dut gehiago maite.
9 Nere ondare zen herri hau
kolorezko hegaztia ote da,
harrapariek erasotzen diotena?
Zatozte, basihizi guziak,
bil zaitezte haren irensteko!
10 Artzain anitzek
nere mahastia  suntsitu dute,
zangopilatu nere alorra,
basamortu bilakatu nere alor zoragarria:
11 hondamendi, lurgorri eta eremu.
Lurralde guzia hondatua,
eta nehori ez axola.
12 Basamortuko gordelekuetarik
datoz suntsitzaileak:
ezpata ari da, Jaunaren manuz,
buru batetik besterat
lurraldearen hondatzen;
nehorentzat ez bakerik.
13 Nere herriak ogia erein
eta elorriak bil;
lan guzia alferrik egin du.
Zein uzta nigargarria,
nere suminak igorria!
Auzoko herriak zigortuak eta salbatuak
14 Huna zer dion Jaunak Israelen auzo herri gaizkileeri, bere herri Israeli ondaretzat eman lurraldea hunkitzen dioteneri: Errotik aterako ditut beren lurraldetik (eta Judako jendea heien eskuetarik askatuko). 15 Bainan gero, urrikalduko nitzaiote, eta herri bakotxa, nor bere ondarerat eta lurralderat itzuliko dut. 16 Egia da: nere herriari Baalen izenean zin egiten irakatsi zioten; bainan nere herriaren ohidura onartuz, «Jaunaren biziaz!» zin egiten ikasten badute, neure herriko parte eginen ditut. 17 Bainan obeditzen ez dautan nazionea errotik aterako dut behin betiko eta suntsituko. Nik, Jaunak, errana.
Lihozko gerrikoa
13
1 Jaunak erran zautan: «Zoazi lihozko gerriko baten erostera eta jantz gerrian, bainan etzazula garbi urean». 2 Gerrikoa erosi nuen, Jaunak erran bezala, eta jantzi.
3 Berriz hitz egin zautan Jaunak: 4 «Hartzazu, erosi eta jantzi duzun gerrikoa. Zoazi Eufrates ibairat  13,4 Eufrates ibaia: Hebrearrez Perat, normalki Eufrates ibaia adiarazten duen izena. Hain segur Fara erreka da hemen, Anatot-etik hurbil dena. Halere, Eufratesen aipamena adiarazgarria da: Israel usteldu da, babilonar idolatriak kutsaturik. eta gorde zazu hango harroka-arteka batean». 5 Joan nintzen eta gorde nuen Jaunak manatu tokian.
6 Handik denboraldi baten buruan Jaunak erran zautan: «Zoazi Eufrates ibairat eta hartzazu han gordetzeko manatu nauzun gerrikoa». 7 Joan nintzen ibairat, zilatu gordelekua eta atera nuen gerrikoa: usteldua zen, ez zuen deusetako balio.
8 Orduan, Jaunak hitz egin zautan: 9 «Huna zer dion Jaunak: Hola eginen diot Judaren eta Jerusalemen harrokeria neurrigabeari. 10 Herri gaixto hunek ez du nik errana entzun nahi eta bere jokabide gaixtoan tematzen da. Jainko arrotzen ondotik dabil, horiek zerbitzatuz eta adoratuz. Horrengatik, deusetako balio ez duen gerriko hunen pareko izanen da. 11 Gerrikoa gizonaren gerriari lotzen zaion bezala lotu nintzaioten Juda eta Israel herrieri, nere herri izan zitezen, nere ospe eta ohore; bainan ez dute entzun nahi ukan».
Pitxer kraskatuak
12 Jaunak, Israelgo Jainkoak, erran zautan: «Jendeari errozu pitxerrak arnoz betetzeko direla. Hori badakitela ihardetsiko dauzute. 13 Orduan, herrialde huntan bizi diren guziak mozkortzeraino arnoz beteko  13,13 arnoz beteko: Arnoa herriaren kontrako Jaunaren haserre eta zigorraren irudi da; irudi hau maiz agertzen da profetetan (ik. 25,15-16). ditutala erranen diozute: Daviden tronuan jarririk diren erregeak, apezak, profetak eta Jerusalemgo bizilagun guziak. 14 Eta kraskatuko ditut bata bestearen kontra: aitamak eta seme-alabak berdin. Ez dut urrikalmendurik ukanen, ez barkamendurik, ez gupidarik: guziak suntsituko ditut. Nik, Jaunak, errana».
Entzun berandu baino lehen
15 Egon erne, entzun zazue
Jaunak erraiten dauzuena,
eta ez izan harro.
16 Ohora zazue Jauna zuen Jainkoa,
harek gaua igorri aitzin,
mendian, iluntzean,
behaztopatzen hasi aitzin.
Argiaren beha zaudezte,
ilun beltz bilakatuko du.
17 Entzun nahi ez baduzue,
nigar eginen dut ixilean
zuen harrokeriagatik.
Begiak nigarrez urtuko zaizkit,
Jaunaren herria  13,17 herria: H.h., artaldea. gatibu baitoa.
Jerusalem ezin bihozberritua
18 Errazu erregeari eta erregina amari  13,18 erregea eta erregina ama: Joiakin eta haren ama; Joiakin K.a. 598ko abendutik ondoko urteko martxo arte izan zen Judako errege. Botere handia zuen erregina amak, bereziki semea gaztea zenean (ik. 1 Erg 2,19). :
Jar zaitezte lurrean,
erori baita zuen burutik
errege-korona preziatua.
19 Negeveko hiriak setiatuak dira,
eta nehork ezin aska.
Juda osoa erbesterat doa,
oso-osorik erbesterat.
20 Altxa begiak, Jerusalem!
Iparraldetik heldu dira.
Nun da nik eman nauzun artaldea,
zure ospe ziren ardiak?
21 Eta zer erranen duzu,
adiskidetzat zinauzkanak
beren boterea finkatu
eta nagusi ukanen dituzunean?
Oinaze bizitan aurkituko zira,
emaztea erdiminetan bezala.
22 «Zergatik gertatzen zait hau?»
galdeginen duzu.
Zure bekatu handiarengatik dauzkizute
zaiak altxatzen
eta zu bortxatzen!
23 Beltzak  13,23 beltzak: H.h., kuxitak, erran nahi baita etiopiarrak. alda ote dezake
bere larruaren kolorea?
Edo lehoinabarrak
bere larru pikartatua?
Eta zuek, gaizkiaren egiten ohituek,
ongia egin dezakezuela!
24 Basamortuko haizeak deraman
lastoa bezala
barreiatuko zaituztet.
25 Hori da zure zoria, Israel,
nere aldetik merezitu duzuna,
ni ahantzi eta
sasijainkoeri fidatu zirelakotz.
26 Nik ere zaiak altxatuko dauzkizut,
aurpegiraino
eta biluzgorri ikusiko zaituztete.
27 Zure adulterioak, irrintzinak,
prostituzione ahalgegarria!
Mendixketan eta landa zabalean
ikusi ditut zure sasijainko higuingarriak!
Zure zorigaitza, Jerusalem,
ez baituzu garbitu nahi!
Noiz arte hola?
Idorte handia
14
1 Idortea zela eta, Jauna hunela mintzatu zitzaion Jeremiasi:
2 Doluan da Juda herrialdea,
hiltzer hango hiriak,
goibel, lurrean jendea,
oihuka Jerusalem.
3 Aberatsek ur bila
igortzen dituzte mutilak:
badoazi putzuetarat, bainan urik ez,
eta ontziak hutsik itzuli behar,
ahalge eta buruapal.
4 Laborariak, ahalgez, buruapal dabiltza,
lurra arraildua baita, euri faltaz.
5 Basahuntzak landetan,
umea egin eta han berean utzi behar,
bazkarik ez baita.
6 Basastoak ere geldirik daude mendian,
xakalak bezala aireari usnaka,
begiak ilun, bazkarik ez baita.
Jendeak:
7 Gure bekatuek salatzen bagaituzte ere,
zerbait egizu Jauna, zirena zirelakotz!
Anitz dira gure bihurrikeriak,
zure kontra egin dugu bekatu.
8 Bainan zu zira Israelen esperantza,
larrialdietan salbatzen gaituena.
Zergatik zintezke
arrotzaren pare gure artean,
gau batentzat baizik gelditzen ez den
bidaiaria?
9 Zergatik zabiltza
gizon kordokatua bezala,
garaitzeko gai ez den
gudaria bezala?
Bainan ez,
zu gure artean zaitugu, Jauna!
Zuri sagaratu herri gira:
ez gaitzazula utz guhauren ber!
10 Hunela dio Jaunak herri huntaz: «Maite du harat-hunat ibiltzea, oinak nagusitzen zaizkio». Jaunak ez du gogoko. Oroituko da orai heien hutsez eta zigortuko ditu heien bekatuak.
11 Jaunak erran zautan: Ez otoitz egin herri hunen alde. 12 Barur egiten badute ere, ez dut entzunen horien oihurik. Erre-opariak eta bihi-opariak eskaintzen badituzte ere, ez ditut onartuko, baizik gerlaz, gosez eta izurriz joko ditut.
13 Ihardetsi nion: Ai ei, Jainko Jauna! Bainan ez duela ez gerlarik, ez goserik ikusiko ari zaizkio erraiten profetak, eta toki huntan egiazko bakea emanen diozula.
14 Eta Jaunak erran zautan: Nere izenean gezurka ari dira profetak. Ez dira nik igorriak; deusik ez diotet manatu, ez hitz egin ere. Gezurrezko ikuskari, mezu zoro, beren gogoeta hutsak dira profeta horiek mezutzen dituztenak. 15 Horrengatik, hara nik, Jaunak, zer diotan: Nik igorri gabe nere izenean mintzo diren eta herrialde huntan gerlarik eta goserik ez dela izanen derasaten profetak, gerlak eta goseak hilen ditu. 16 Eta horien hitza entzun duen jendea Jerusalemgo karriketan eroriko da hilotzik gerlaren eta gosearen ondorioz, eta ez da izanen horiek, ez horien emazte eta seme-alabak ehortziko dituenik. Hola ordainduko diotet beren gaixtakeria.
Jeremiasen nigarrak
17 Hitz hauek herriari erraiteko manatu
zautan Jaunak:
Urtzen ari zaizkit begiak nigarrez,
gau eta egun atergabe;
nere herria, neskatxa ederra  14,17 nere herria, neskatxa ederra: H.h., neskatxa, ene herriko alaba; ik. 4,11 oh. ,
izigarriko ezbeharrak jo baitu,
eta hilzorian utzi.
18 Landarat atera,
eta ezpataz hilak nun-nahi;
hirirat sar,
eta jendea goseak hiltzen ari.
Apezak eta profetak
batetik bestera dabiltza,
deus ezin konprenituz.
Herriaren otoitza
19 Jauna, zinez utzi ote duzu Juda?
Okaztatu ote zira Sion hiriaz?
Zergatik jo gaituzu
ezin sendatuzko gaitzez?
Bakearen beha ginauden,
bainan ez dugu onik.
Osasunaldiaren beha,
bainan beldurra dugu gainean.
20 Aitortzen dugu, Jauna,
gure gaixtakeria
eta gure arbasoen hutsa;
zure kontra egin dugu bekatu.
21 Zirena zirelakotz,
ez mespretxa,
ez desohora zeure tronu aintzatsua  14,21 Jaunaren tronu aintzatsua elkargo-kutxa da; bai eta kutxa bere baitan duen tenplua eta Jerusalem hiri hautatu osoa ere (ik. 3,17 oh.). .
Oroit zaite gurekin egina duzun elkargoaz,
ez hauts, otoi.
22 Nazioneen sasijainkoek ezin dute
euririk eman,
ez eta zeruek erauntsiarik.
Zuk egiten dituzu horiek guziak!
Ez ote zira, zu, Jauna,
gure Jainkoa?
Zu zira gure esperantza!
Zigorra erabakia da
15
1 Jaunak erran zautan: Moises eta Samuel nere aitzinerat otoitzez etor balite ere, ez nuke urrikalmendurik ukanen. Kanporat! Doatzila nere begien bixtatik! 2 Norat galdegiten badauzute, errazu hau xpartez:
Heriotzeko dena, heriotzerat!
Ezpatako dena, ezpatarat!
Goseko dena, goserat!
Erbesteko dena, erbesterat!
3 Nik, Jaunak, lau zigor-mota igorriko diozkatet: gerla, hiltzeko; zakurrak, terrestan eremaiteko; hegazti harrapariak eta basihiziak irensteko, heienak egin dezan. 4 Halako zigorra emanen diotet nun ikaran egonen baitira erresuma guziak; eta hori, Ezekiasen seme Manasesek  , Judako erregeak, Jerusalemen egin zuen guziarengatik.
5 Jaunak dio:
Nor urrikalduko zaizu, Jerusalem?
Nor hurbilduko zaizu?
Nork ukanen zure berri jakiteko gutizia?
6 Zuk nauzu utzi,
zu bizkarrez itzuli.
Orduan, zure kontra luzatu dut eskua,
suntsitzeko,
zutaz urrikaltzeaz bainuen aski.
7 Lurraldeko hiri guzietan
barreiatu ditut zure bizilagunak,
haizeak lastoa bezala;
suntsitu dut neure herria,
seme-alabarik gabe utzi,
jokabidez aldatu ez delakotz.
8 Itsasoko hare pikorrak baino gehiago dira
horien artean utzi ditutan alarguntsak.
Eguerdi betean
ekarri dut hondatzailea
gudari gaztearen amaren gainerat;
larria eta ikara gorria
igorri diot bat-batean.
9 Zazpi seme-alaben ama bera ere
akitua da, hatsa ezin hartuz,
ahalgez eta desohoretan;
egun-argia ilunpe bilakatu zaio.
Eta ondarrak
etsaien ezpataz hilen dira.
Nik, Jaunak, errana.
Jeremias Jaunaz pleini
10 Ai ei! Ama,
zergatik ekarri ninduzun mundurat?
Denekin eztabadan eta auzitan aritzeko?
Ez diot nehori deusik zor, ez daut nehork deusik zor;
halere, denek madarikatzen naute.
11 Jauna, egiaz zerbitzari leiala nauzu,
neure etsaien alde otoiztu zaitut
hirrisku eta larrialdian  15,11 Ber.eko testua iluna eta itzulpena zalantzazkoa. .
12 (Nola ihardok iparraldeko etsaiari,
burdina eta brontzea bezain gogor denari?  15,12 Ber.eko testua iluna da. 15,12-14 zatia parentesi artean emaiten dugu, ez baitator bat testuinguruarekin. Neurri handian, 17,3-4aren errepikapena da.
Jaunak:
13 Herrialde osoan egin dituzun bekatuengatik,
harrapakintzat emaiten ditut
zure aberastasun eta ontasunak.
14 Zeure etsaien esklabo eginen zaitut,
ezagutzen ez duzun lurraldean;
piztu baita nere haserrea,
sutan dago zure kontra).
Jeremiasek:
15 Jauna, zuk dena badakizu;
nitaz oroit zaite, artaz har nezazu,
mendeka nezazu etsaietarik.
Luzatzen baduzu, nereak egin du.
Jakin zazu zuregatik iraintzen nautela.
16 Zure hitzak nereganatzean,
irensten nituen;
zure hitzak nituen bozkario,
bihotzeko gozo;
zeuretzat sagaratua bainauzu,
ene Jauna, Jainko guziahalduna.
17 Ez naiz atsegin bila ari izan
besta-egileen lagunartean;
bakarrik egoitera behartua naiz,
zeure suminaz bete bainauzu.
18 Zergatik azkenik gabeko oinaze hau?
Ezin sendatua da nere gaitza,
erremediorik gabea.
Nola bilakatu zira neretzat
itxura huts den ur engainagarri?
19 Orduan, Jaunak ihardetsi zautan:
Nereganat itzultzen bazira,
berriz hartuko zaitut neure zerbitzuko.
Baliotsu dena baliogabe denetik
berexten baduzu,
nere ahoa bezala
izanen zira.
Herriak itzuli behar du zureganat,
eta ez zuk harenganat.
20 Herri hunen aitzinean
brontzezko hesi sendo
eginen zaitut;
borroka eginen dauzute,
bainan ez garaituko,
zeurekin bainauzu ni,
libratzeko eta garaipena emaiteko.
Hala diot nik, Jaunak.
21 Libratuko zaitut gaizkileen eskuetarik,
askatuko erasotzaileen menpetik.
Jeremiasen bizitza herriarentzat seinale
16
1 Hunela mintzatu zitzaitan Jauna: 2 Ez har emazterik, ez duzu seme-alabarik ukanen herrialde huntan. 3 Nik, Jaunak, erranen dauzut zer gertatuko zaioten herrialde huntan sortuko diren seme-alaberi eta bizia emanen dieten aitameri. 4 Heriotze ikaragarriaz hilen dira eta ez dute ehorzketarik, ez hilobirik ukanen  16,4 ez hilobirik ukanen: Ik. 8,2 oh. : zimaurra bezala geldituko dira lurrazalean. Gerlak eta goseak hilen ditu, eta gorputzak hegazti harrapariek eta basihiziek janen dituzte.
5 Hau ere erran zautan Jaunak: Ez joan ehorzketak egiten ari diren etxerat, doluan parte hartzeko eta atsegabean lagun egiteko: ukatu baitiozkat herri huni neure bakea, maitasuna eta urrikalmendua. 6 Ttipi eta handi, denak hilen dira herrialde huntan; ez dute ehorzketarik, ez hilobirik ukanen; nehork ez du doluaren adiarazteko gorputza sakituko, ez burua soilduko. 7 Ez da ehorzketa-apairurik eginen hilaren familia kontsolatzeko, ez eta aitaren edo amaren heriotzean ere  16,7 16,5-7 ber.etan garaian ohikoak ziren ehorzketa-errituak, doluaren eta nahigabearen adiarazteko (ik. 41,5 eta Jos 7,6). .
8 Ez joan besta-apairua egiten ari diren etxerat, hangoekin jatera eta edatera. 9 Hunela baitiot nik, Jaun guziahaldunak, Israelen Jainkoak: Ixilaraziko ditut lurralde huntan, zuen begien bistan, zuen denboran, poz eta alaitasunezko oihuak, senar-emazte gazteen kantuak.
10 Mezu hau herriari emaitean, galdeginen dauzute: «Zergatik erabaki du Jaunak holako zorigaitz handiaren igortzea? Zoin da gure hutsa, zoin gure Jainko Jaunaren kontra egin dugun bekatua?» 11 Zuk ihardets nere partez: Zuen arbasoak, ni bazterrerat utzi eta, beste jainkoen gibeletik ibili baitira, heiek zerbitzatuz eta adoratuz. Ni bazterrerat utzi eta nere legea ez dute bete. 12 Eta zuek, arbasoek baino okerrago jokatu duzue: nor bere jokabide gaixtoetan tematzen da, neri kasurik egin gabe. 13 Horrengatik, botako zaituztet lurralde huntarik, ez zuentzat, ez zuen arbasoentzat ezaguna ez den lurralderat; han, beste jainko batzu zerbitzatuko dituzue, gau eta egun; ez baitut gehiago zuen artarik ukanen.
14 Jaunak dio: Garaia dator, nun jendeak ez baitu hunela zin eginen: «Israeldarrak Egiptotik atera zituen Jaunaren biziaz!»; 15 baizik: «Israeldarrak iparraldetik eta barreiatu zituen herrialde guzietarik atera dituen Jaunaren biziaz!» Bai, berriz itzularaziko ditut heien arbasoeri eman nioten lurralderat.
Hobendunak zigortuak izanen
16 Jaunak dio: Arrantzale asko igorriko dut israeldarren kontra, eta arrainak bezala bilduko dituzte; gero ihiztari asko igorriko dut, mendi, mendixka eta harrokartetan ihizta dezaten. 17 Begien bistan dut heien jokabidea; neretzat ez dute deus gorderik heien hobenek. 18 Hasteko, zigor izigarria emanen diotet, profanatu baitute nere lurra, gorputz-hil baten pareko diren sasijainko higuingarriez, eta nere ondarea okaztagarrikeriez bete.
Herri guziek Jauna aitortuko
19 Jauna, zu nere indar eta geriza,
hirriskuan ihesleku!
Zureganat etorriko dira herriak
lurreko azken mugetarik,
eta erranen dauzute:
Arbasoek utzi dauzkiguten jainkoak
gezur huts dira,
zentzugabekeria deusetako ez dena.
20 Jendeak egin jainkoak,
nola izan egiazko jainko?
21 Jaunak dio:
Hara, nere esku ahaltsua
erakutsiko diotet behin betiko,
eta ikasiko dute Jauna naizela ni.
Judako herriaren bekatua
17
1 Judaren bekatua
burdinazko eztenaz idatzia da,
diamantezko puntaz zizelkatua,
heien bihotz barnean,
heien aldare-kantonetako adarretan.
2 Beren seme-alabez bezala mintzo dira
aldare eta hesol sakratuez,
zuhaitz handien azpian
eta mendixka kaskoetan,
3 mendian eta landan eraikiez.
Judako herri hori,
etsaien esku ezarriko ditut
zure aberastasunak eta altxorrak,
lurralde osoan barna, sasikultu-lekuetan
egin duzun bekatuagatik.
4 Utzi beharko duzu
eman nauzun ondarea  17,4 Utzi... ondarea: Jatorrizko testua iluna izanik ere, erran-nahia argi da: herriak, bere bekatuagatik, galduko duela ondaretzat ukan duen lurraldea. .
Zeure etsaien esklabo eginen zaitut
ezagutzen ez duzun lurralde batean,
nire haserrearen sua harrotu baituzu
itzalezinezko sugarretan.
Egiazko eta gezurrezko fidantzia
5 Hunela dio Jaunak:
Madarikatua
fidantzia jendearen baitan duena,
jende indar hutsean oinarritzen dena
eta nereganik urruntzen!
6 Basamortuko zuhaixkaren idurikoa da:
ez du sasoin onik ukanen,
lur idorrean landatua,
ezinbizizko lur gazian.
7 Benedikatua
fidantzia nere baitan duena,
segurantza ni nauena!
8 Ur ondoan landatu
zuhaitzaren idurikoa da:
errekarat buruz
zabaltzen ditu erroak,
beroaren beldurrik ez du:
haren hostoak beti berde;
idorte-urtean ere hura lasai,
fruitu emaitetik ez da gelditzen.
9 Ez da deus jende bihotza baino
maltzurragorik, sendaezinagorik.
Nork ezagut dezake?
10 Nik, Jaunak,
ikertzen eta miatzen ditut
jendearen buru-bihotzak,
bakotxari bere jokabidearen ordaina,
bere egitateek merezi dutenaren emaiteko.
11 Zuzengabeki aberasten dena
ez berak errun arrultzeak berotzen dituen
eperraren idurikoa da:
sasoinik hoberenean
aberastasunak ihes eginen dio,
eta azkenean zorotzat hartuko dute.
Profetaren otoitza
12 Gure saindutegia tronu ospetsua,
hastetik gora ezarria.
13 Zu zira, Jauna, Israelen itxaropena!
Uzten zaituztenak
ahalgez urtuko dira;
zureganik urruntzen direnak
kondenaturik daude,
ur bizien iturria –zu, Jauna–
utzi zaituztelakotz.
14 Jauna, ez naiz sendo izanen
zuk sendaturik baizik,
ez naiz salbu izanen
zuk salbaturik baizik.
Zu zaitut goresten!
15 Jendeak erraiten daut:
«Nun dira Jaunaren mehatxuak?
Bete bite!»
16 Nik ez diot beltzuri egin profeta izateari  17,16 profeta izaiteari: H.h., zure ondotik artzain izaiteari; halere, testua iluna da; zenbaitek hunela itzultzen dute: Nik ez zaitut behartu zorigaitzaren igortzera. ;
halere, ez dut gutiziatu zorigaitz-egunik.
Badakizu hori, neure eskariak
zure aitzinean egin ditut.
17 Ez zaitela izan enetzat beldurgarri,
zu, zorigaitzean geriza zaitutan hori!
18 Ahalgez estal daitezela erasoka ari zaizkitanak,
eta ez ni;
jo bitza beldurrak, heiek,
eta ez ni.
Igor heieri zorigaitza,
xehazkizu, xeha.
Sabatoa Jaunari sagaratu pausu-eguna
19 Jaunak erran zautan: Zoazi, eta zaude Judako erregeak sartzen eta ateratzen diren Jerusalemgo ate nagusian; egizu gero gauza bera hiriko beste ate guzietan ere. 20 Eta ateetarik iragaiten diren guzieri –Judako erregeeri, hirirat datozen judatarreri eta Jerusalemgo bizilaguneri– errozute nere mezua entzuteko. 21 Hunela mintzo da Jauna: Ez ereman neholako zamarik sabatokari, bizi nahi baduzue, ez sar deusik Jerusalemgo ateetarik. 22 Sabatokari, ez atera zamarik zihauren etxetik, ez egin neholako lanik. Sabatoa neri behar dautazue sagaratu, zuen arbasoeri manatu nioten bezala. 23 Heiek ez ninduten entzun, ez eta kasurik egin ere; burugogor jarri ziren eta ez zuten obeditu, ez zentzatu nahi ukan.
24 Bainan zuek zinez entzuten banauzue, hiri huntako ateetarik sabatokari zamarik sartzen ez baduzue, baizik egun hori sagaratzen badautazue, neholako lanik egin gabe, 25 orduan, Daviden tronuan jartzen diren erregeak sartuko dira hiri huntako ateetarik; gudu-karroetan eta zaldiz sartuko dira, beren buruzagiekin eta Judako eta Jerusalemgo bizilagunekin batean. Hiri hau bizilagunez betea izanen da beti. 26 Alde guzietarik etorriko da jendea, Judako herrietarik eta Jerusalemgo inguruetarik, Benjaminen herrialdetik eta Xefelatik, mendialdetik eta Negevetik  17,26 Negevetik: Palestinaren deskribapen huni buruz, ik. Ep 1,9 oh. , Jaunaren etxerat erre-opariak eta sakrifizioak, bihi-opariak, intsentsua eta gorespen-opariak ekarriz. 27 Bainan entzun nahi ez banauzue, sabatoa neri sagaratzeko eta egun hortan Jerusalemgo ateetan zamarik ez sartzeko manua betetzen ez baduzue, su emanen diotet hiriko ateeri eta ez da itzaliko Jerusalemgo jauregiak kizkali arte.
Jeremias eltzegilearen lantegian
18
1 Jauna hunela mintzatu zitzaion Jeremiasi: 2 Jauts zaite berehala, eltzegilearen lantegirat eta han adiaraziko dauzut neure mezua. 3 Jautsi nintzen eltzegileaganat eta lanean aurkitu nuen. 4 Buztinez egiten zuen ontzia eskuetan hondatzen bazitzaion, beste bat egiten zuen hobekien iduritzen zitzaion bezala.
5 Orduan, bere mezua adiarazi zautan Jaunak: 6 Israeldar horiek, ez ote nuke egin behar zuekin eltzegileak egiten duen gauza bera? Buztina eltzegilearen eskuetan bezala zirezte zuek nere eskuetan. Hala diot nik, Jaunak. 7 Batzutan, nazione edo erresuma bat lurretik erauzi, irauli edo hondatzeko erabakia hartzen dut. 8 Bainan aipatu nazionea bere gaixtakeriatik baztertzen bada, damutzen naiz eta ez diot emaiten pentsatua nuen zigorra.
9 Beste batzutan, berriz, nazione edo erresuma bat eraiki eta landatzea erabakitzen dut. 10 Bainan, ni entzun behar eta, gaizki iduritzen zaitana egiten badu, damutzen naiz eta ez diot egiten erabakia nuen ongia.
11 Zoazi, orai, eta errozute Judako jendeari eta Jerusalemgo bizilaguneri, nik, Jaunak, pentsatua dutala heieri zorigaitzaren igortzea eta prest nagola neure xedearen betetzeko. Beren joka-molde tzarra utz bezate, beren ohidura eta egintzak onera ditzatela. 12 Bainan ihardetsiko dauzute: «Alferrik ari zira! Nahi duguna eginen dugu, nor bere joka-molde gaixtoen arabera jokatuko dugu».
Israelek Jauna ahantzi
13 Horrengatik, hau dio Jaunak:
Galdegiezue nazioneeri:
nork entzun du holakorik?
Israel neskatxa ederrak
izigarria egin du!
14 Elurrak sekula uzten ote ditu
Libanoko harrokak?
Agortzen ote dira
menditik datozen ur hotzak?  18,14 Ber.a iluna da jatorrizkoan.
15 Bainan ni, neure herriak ahantzi nau,
intsentsua erretzen diote sasijainkoeri.
Desbideratu da lehengo bidetik,
sekula ibili ez den bideetan ibiltzeko.
16 Hola, bere lurraldea
hondamen bilakatu du,
jendearen geldigabeko trufa.
Handik iragaiten dena
harrituko da,
burua inarrosiz.
17 Eguzkialdeko haizeak errautsa bezala,
Israel barreiatuko dut
etsaien aitzinean.
Bizkarrez itzuliko nitzaio eta ez aurpegiz
hondamendi-egunean.
Jeremiasen kontrako azpilana eta profetaren otoitza
18 Zenbaitzuk zioten: «Pentsa dezagun zerbait Jeremiasen kontra. Ez zaiku faltako apezik Jainkoaren legea irakasteko, ez jakintsurik aholku on baten emaiteko, ez profetarik Jainkoaren mezua jakinarazteko. Belztu behar dugu horren izena, ez-entzunarena egin diezogun horren erraneri».
19 Adi nezazu, Jauna!
Entzun nere salatzaileek diotena!
20 Ongia gaizkiaz ordaintzen ote da?
Hilobia zilatu dute neretzat!
Oroit zaite, Jauna,
nola egon nintzen zure aitzinean
horien alde otoitzean,
zure haserrea
horienganik urrundu nahian.
21 Bainan orai,
goseak har ditzala horien seme-alabak,
garbi ditzala ezpataz;
emazteak geldi bite
seme-alabarik eta senarrik gabe;
izurriak hil bitza gizonak,
eta guduak gazteak!
22 Bete garrasiz horien etxeak,
bat-batean lapurrak sarraraziz!
Ziloa egin baitute ene biltzeko,
zepoak ezarri bidean ene harrapatzeko.
23 Ongi ezagutzen dituzu, Jauna,
ene hiltzeko dituzten xedeak.
Ez barka horien gaixtakeria,
ez ken begien-bixtatik
horien bekatua!
Botazkizu lurrerat zeure aitzinean,
egizu horien kontra
zeure haserre-egunean!
Pitxer puskatua ezbeharraren ezaugarri
19
1 Jaunak Jeremiasi erran zion: Zoazi buztinezko pitxer baten erostera. Har zeurekin  19,1 Har zeurekin: Hitz hauek ez daude hebrearrezko testuan; bai, ordea, lehengo zenbait itzulpenetan. herri-buruzagi eta apez-kontseiluko batzu. 2 Atera Ben-Hinom haranerat, Ontzi-pusken ate  19,2 Ontzi-pusken ate: Ate hori nun zen ez dakigu; bainan adiarazi norabidearen arabera, harresiaren hegoaldean zitekeen. aitzinerat, eta oihuka zazu han orai emanen dauzutan mezua. 3 Errazu: Judako errege eta Jerusalemgo bizilagun horiek, entzun Jaun guziahaldunaren, Israelgo Jainkoaren mezua: Zorigaitz izigarria erakarriko diot toki huni; entzunen duten guzieri zirrint eginen diete beharriek. 4 Ezen israeldarrek bazterrerat utzi naute eta toki hau itxuragabetu: intsentsua erre diete hemen, ez berek, ez heien arbasoek, ez Judako erregeek ezagutzen ez zituzten jainkoeri, eta jende hobengabearen odolez bete dute. 5 Aldareak eraiki dituzte seme-alabak Baali oparitzat erretzeko. Nik ez dut holakorik sekula manatu, ez aipatu, ez eta buruan pasatu ere.
6 Horrengatik, hau diot nik Jaunak: Badator eguna toki hau ez baita Tofet  eta Ben-Hinom harana deituko, baizik Hilketa-harana. 7 Suntsituko ditut hemen Judaren eta Jerusalemen xedeak. Etsaien ezpataz, heiek galdu nahiz dabiltzanen eskuz, hilen ditut, eta heien gorputzak hegazti harraparien eta basihizien janari izanen dira. 8 Hiri hau hondamen bilakatuko dut eta jendearen trufa-gai. Hemendik iraganen diren guziak harrituko dira, ziztu eginez holako suntsipena ikustean. 9 Beren seme-alaben haragia janaraziko diotet eta elkar ere janen dute, hain herstura larrian aurkituko baitira, etsai amorratuek hiria setiatuko dutenean.
10 Hautsiko duzu pitxerra zurekin etorri gizonen aitzinean, 11 eta erranen diozute: Hunela dio Jaun guziahaldunak: Hautsiko ditut herri hau eta hiri hau, buztinezko pitxerra bezala; hautsiko, gehiago antolatzerik ez duen buztin-ontzia bezala. Tofeten ehortzi beharko dituzte hilak, beste nihun tokirik ez eta. 12 Hola, hiria hango bizilagunekin, Tofet bezala ezarriko dut. Hala diot nik, Jaunak. 13 Jerusalemgo etxeak eta Judako erregeen jauregiak –erran nahi baita etxe gainetan ortziko astroeri intsentsua erretzen eta jainko arrotzeri ixur-opariak eskaintzen ziozkaten etxe guziak– kutsatutzat hartuko dira Tofet bezala.
14 Jaunaren manuz mezu hau oihukatu ondoan, Tofetetik itzuli zen Jeremias eta, tenpluko atarian gelditurik, herri osoari erran zion: 15 «Hunela dio Jaun guziahaldunak, Israelen Jainkoak: Igorriko dut hiri hunen eta inguruko hiri guzien gainerat adiarazi dutan zorigaitza, burugogor jarri baitira hango bizilagunak, nik errana ez entzuteko».
Jeremias preso
20
1 Imerren seme Paxhur apezak, tenpluko arduradun nagusiak, Jeremiasen hitz horiek entzutearekin, 2 profeta jo eta tenpluko Benjaminen goiko atean den zur-zepoan ezartzeko manatu zuen. 3 Biharamun goizean, Paxhurrek askatu zuen Jeremias zur-zepotik. Orduan, Jeremiasek erran zion: «Paxhur, Jaunak aldatu dauzu izena: Izialdura inguruan ukanen duzu izen. 4 Ezen hau dio Jaunak: Izialdurari emaiten zaitut zuhaur eta zeure adiskideak. Hauek ezpatapean eroriko dira zure begien aitzinean eta Judako jende guzia Babilongo erregearen esku ezarriko dut: Babilonerat eremanen du gatibu edo ezpataz hilen. 5 Hiri huntako bizilagunek bildu ontasunak, gauza baliotsu guziak eta Judako erregeen altxorrak ere etsaien esku utziko ditut, harrapatu eta Babilonerat ereman ditzaten. 6 Eta zu, Paxhur, eta zure familia osoa gatibu eremanen zaituztete Babilonerat. Han hilen zira eta han ehortziko zaituzte, gezurrezko profeta-mezua emaiten zinioten adiskide guziekin».
Jeremiasek bere bihotza Jainkoari hustu
7 Lilluratu nauzu, Jauna,
eta ni zure lillurapean erori;
bortxatu nauzu eta menperatu.
Nitaz irri egiten dute egun guzian,
denak trufaka ari zaizkit.
8 Hitz egin behar dutan guziz
oihu egin behar dut
laguntza eske,
indarkeria eta zapakuntzaren kontra
oihu egin  20,8 Jaunaren mezuagatik profetak tratu tzarrak jasan behar ditu; zenbaitek beste gisa baterat konprenitzen dute bertset hau: Hitz egiten dutan guziz, oihu egiteko da, indarkeria eta zapakuntza (salatuz) hots egin behar dut. .
Zure hitza mezutzen dutalakotz, oi Jauna,
laido eta trufa-bide naiz egun guzian.
9 Pentsatu ukan dut:
«Ez dut gehiago Jauna aipatuko,
ez dut haren izenean hitz eginen».
Bainan, orduan, suaren iduriko zerbait
senditzen dut barnean,
eta hezurretaraino erretzen nau;
entseatzen naiz haren itotzera, bainan ezin!
10 Jendea mehatxuka ari zait:
–Izialdura inguruan–
“Sala zazue!
Bai salatuko dugu”.
Adiskideak berak ere beha ditut
noiz huts eginen dutan.
«Ea enganatuko dugunez –diote–.
Orduan menperatuko dugu,
mendekatuko gitzaizkio».
11 Bainan neurekin zaitut zu, Jauna,
gudari indartsua;
eroriko dira nere etsaiak,
ez naute garaitzen ahalko;
heien asmoek huts eginen dute,
heien ahalgea sekulakoa izanen da,
ezin ahantzia.
12 Jainko guziahalduna,
zuzena ikertzen duzu,
gizakiaren buru-bihotzak
ikusten dituzu,
zure esku utzi dut neure auzia:
ikusten ahalko dut zure mendekua
etsaien bizkar!
13 Kanta Jaunari, goretsazue Jauna!
Harek askatzen baitu gaizkileen eskutik
behartsuaren bizia.
14 Madarikatua sortu nintzen eguna!
Ez beza nehork benedika
amak munduratu ninduen eguna!
15 Madarikatua
nere aitari berria ekarri ziona,
«Mutikoa sortu zaizu» erranez,
eta pozez bete zuena!
16 Izan bedi gizon hura
Jaunak urrikalmendurik gabe erraustu zituen
hirien iduriko!
Entzun bitza goizean oihu larriak,
eguerdian gerla-irrintzinak!
17 Zergatik ez ninduen hil Jainkoak
amaren sabelean?
Neure ama ukanen nuen hilobi,
haren sabelean egonen nintzen betiko.
18 Zergatik atera nintzen sabeletik
neke eta nahigabeak ikusteko,
neure egunak ahalgean bururatzeko?
|