Elizen arteko
BIBLIA
Lapurtarrez
Bila PASARTEA     Bila HITZA
Pasartea:   

Ikusteremua zabaldu

Joani 2,1-12,50

Joani : Sarrera 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21

JESUSEN MIRAKULUZKO SEINALEAK (2,1–12,50)
Ezteiak Galileako Kanan
2
1Hirugarren egunean, ezteiak izan ziren Galileako Kanan, eta Jesusen ama han zen. 2 Jesus eta haren dizipuluak ere gomitatuak ziren ezteietarat. 3 Eta arnoa eskastu baitzen, amak Jesusi erran zion:
–Arnorik ez dute.
4 Jesusek ihardetsi:
–Emaztea, hori ez da zure ikustekoa
2,4 zure ikustekoa: H.h., Zer zuri eta niri, emaztea? Erran-molde hau maiz erabiltzen da T.Z.ean eta T.B.an, eta usaian desadostasuna adiarazten du (ik. Mk 1,24). Kasu huntan Zer zaizu zuri? edo Ez zaitela nere aferetan sar itzul zitekeen. // 19,26an ere emaztea deitzen du Jesusek bere ama.Bi testu hauek hertsiki lotuak dira elkarri. 19,26an konprenitzen du Mariak Kanan konprenitu ez zuena. // nere ordua: Jesusen ordua haren biziko unerik garrantzitsuena da, haren jainkozko aintza agertuko den tenorea: Jesusen ordua haren heriotzearekin lotua da Ebanjelioan (ik. 12,23; 13,1; 17,1).
. Nere ordua
2,4 zure ikustekoa: H.h., Zer zuri eta niri, emaztea? Erran-molde hau maiz erabiltzen da T.Z.ean eta T.B.an, eta usaian desadostasuna adiarazten du (ik. Mk 1,24). Kasu huntan Zer zaizu zuri? edo Ez zaitela nere aferetan sar itzul zitekeen. // 19,26an ere emaztea deitzen du Jesusek bere ama.Bi testu hauek hertsiki lotuak dira elkarri. 19,26an konprenitzen du Mariak Kanan konprenitu ez zuena. // nere ordua: Jesusen ordua haren biziko unerik garrantzitsuena da, haren jainkozko aintza agertuko den tenorea: Jesusen ordua haren heriotzearekin lotua da Ebanjelioan (ik. 12,23; 13,1; 17,1).
ez da oraino etorria.
5 Jesusen amak zerbitzarieri erran zioten:
«Erranen dauzuena egizue».
6 Baziren han harrizko sei uruntzi, juduek beren garbiketen egiteko erabiltzen zituztenak, ehun bat pintakoa bakotxa.
7 Jesusek zerbitzarieri erran zioten:
–Bete untzi horiek urez.
Gaineraino bete zituzten. 8 Orduan, erran zioten:
–Erauts, orai, eta ereman mahaizainari.
Hala egin zuten.
9 Mahaizainak ur arnotua jastatu zuen, nundik zen jakin gabe; zerbitzariek, bai, bazakiten, heiek erautsia baitzuten ura. Mahaizainak jaun ezkonberriari dei egin 10 eta erran zion: «Denek arnorik hoberena emaiten ohi dute lehenik eta, jendea edana delarik, arruntagoa; zuk, aldiz, orai arte atxiki duzu arnorik hoberena».
11 Bere lehen mirakuluzko seinale hau Galileako Kanan egin zuen Jesusek; bere Jainko-aintza hola agertu zuen, eta dizipuluek haren baitan sinetsi zuten. 12 Gero, Kafarnaumerat joan zen bere ama, anaia eta dizipuluekin, eta han zenbait egun baizik ez ziren egon.
Jesus tenplu berriaz mintzo
(Mt 21,12-13; Mk 11,15-17; Lk 19,45-46)
13 Hurbil zen juduen Bazko-besta, eta Jesus Jerusalemerat igan zen. 14 Tenpluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta uso saltzen, eta diru-trukalariak ere, han jarririk. 15 Jesusek, sokaz azote bat eginik, tenplutik haizatu zituen denak, beren ardi eta idiekin; trukalarien diruak barreiatu eta mahaiak uzkaili zituen. 16 Uso-saltzaileeri erran zioten: «Ken horiek hemendik. Ez egin nere Aitaren etxea merkatu-etxe».
17 Dizipulueri, Liburu Sainduak diona etorri zitzaioten gogorat: Zure etxearen maiteminak erreko nau .
18 Orduan, galdatu zioten juduek:
–Zer seinale emaiten daukuzu horren egiteko eskua baduzula?
19 Jesusek ihardetsi:
–Suntsi zazue tenplu hau eta hiru egun barne berriz altxatuko dut.
20 Juduek erran zioten:
–Berrogeita sei urte
2,20 Berrogeita sei urte: Herodesen tenpluaren eraikuntza K.a. 20/19an hasirik oraino bururatzekoa zen.
behar izan dira tenplu hunen eraikitzeko, eta zuk hiru egun barne berriz altxatuko duzula?
21 Hura, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ari zen. 22 Horrengatik, hiletarik altxatu zenean, hori erran zuela gogoratu zitzaioten dizipulueri, eta Liburu Saindua, bai eta Jesusek errana sinetsi zuten.
Jesusek jendeen barnea ezagutzen
23 Jesus Bazko-bestaz Jerusalemen zagola, ainitzek sinetsi zuten haren baitan, egiten zituen mirakuluzko seinaleak ikustean. 24 Bainan Jesusek ez zuen heien baitan sinesterik, guziak ezagutzen baitzituen, 25 eta ez zuen beharrik nehork nehoren berri eman ziezon, berak baitzakien jendearen baitan zer den.
Jesus eta Nikodemo
3
1Nikodemo deitu gizon bat bazen, farisaua eta judu-aitzindaria. 2 Gauaz Jesusenganat etorri eta erran zion:
–Irakasle jauna, badakigu Jainkoak igorri zaituela irakaspen bat eman diezaguzun, nehork ez baitezazke zuk egiten dituzun mirakuluzko seinaleak egin, Jainkoa berekin ez badu.
3 Jesusek ihardetsi:
–Egiaz-egiaz diozut: Jainkoaren erresuma nehork ez dezake ikus, berriz
3,3 berriz: Grekozko hitza gain hartarik ere itzul daiteke. Bi zentzuak, berriz eta gain hartarik, har daitezke hemen, 7. bertsetean bezala.
sortzen ez bada.
4 Nikodemok galdatu zion:
–Nola sor daiteke norbait, zaharra bada? Sar ote daiteke amaren sabelean, berriz sortzeko?
5 Jesusek ihardetsi:
–Egiaz-egiaz diozut: Nehor ez daiteke Jainkoaren erresuman sar, uretik eta Izpiritutik sortzen ez bada. 6 Jendeaganik sortua jende da, Izpirituaganik sortua izpiritu. 7 Ez zaitela harri, berriz sortu behar duzuela erran dauzutalakotz. 8 Haizeak
3,8 Haizeak: Grekoz eta hebrearrez haizeari dagokion hitzak haizea eta izpiritua adiarazten ditu.
nun-nahitik jotzen du; haren hotsa entzuten duzu, bainan ez dakizu nundik datorren, ez eta norat doan. Gauza bera gertatzen da Izpirituaganik sortuarekin.
9 Nikodemok galdegin zion:
–Nola izan daiteke hori?
10 Jesusek ihardetsi:
– Irakasle zira Israelen, eta hori ez dakizu? 11 Egiaz-egiaz diozut: dakiguna erraiten dugu, eta ikusi dugunaren lekuko gira; bainan zuek ez duzue gure lekukotasuna onartzen. 12 Lurreko gauzez mintzo nitzaizuelarik sinesten ez banauzue, nola sinetsiko nauzue zerukoez mintzatzen banitzaizue?
13 Nehor ez da zerurat igan, zerutik jautsi dena baizik, gizonaren semea
3,13 Gizonaren semea: Eskuizkribu ainitzek zeruan zen gizonaren semea diote.
. 14 Eta Moisek basamortuan sugea hagan altxatu zuen bezala, gizonaren semeak ere altxatua izan behar du, 15 haren baitan sinesten duten guziek betiereko bizia ukan dezaten.
16 Alabainan, Jainkoak hain maite ukan du mundua, nun bere seme bakarra eman baitu, haren baitan sinesten duenik nehor gal ez dadin, baizik betiereko bizia ukan dezan. 17 Zeren Jainkoak ez baitu semea mundurat igorri munduaren kondenatzeko, baizik haren bidez munduaren salbatzeko. 18 Haren baitan sinesten duena ez da kondenatua; sinesten ez duena, ordea, kondenatua da jadanik, Jainkoaren seme bakarraren baitan ez baitu sinetsi. 19 Huntan da kondenamendua: argia mundurat etorri da, bainan jendeek ilunpea maiteago ukan dute argia baino, gaixtoak baitziren heien egintzak. 20 Alabainan, gaizkia egiten duenak hastio du argia, eta ez da argirat hurbiltzen, haren egintzak agertuak izan ez daitezen. 21 Egiaren arabera ari dena, berriz, argirat dator, haren egintzak Jainkoak nahi bezalakoak direla ager dadin.
Joanes Bataiatzailearen azken lekukotasuna
22 Gero, Jesus Judea alderat joan zen bere dizipuluekin, eta han egon zen heiekin, bataiatzen. 23 Joanes ere bataiatzen ari zen Enon-en, Salim ondoan
3,23 Enon-en, Salim ondoan: Toki ezezaguna.
, ur ainitz baitzen han. Eta jendea bataiatzera etortzen zitzaion. 24 Joanes ez zen oraino preso sartua.
25 Joanesen dizipuluen eta judu baten artean
3,25 judu baten artean: Zenbait eskuizkribuk judu batzuen artean dio.
eztabada sortu zen garbiketaz. 26 Joanesenganat etorri eta erran zioten:
–Irakasle, Jordanez bestaldean zurekin zen hura, zuk lekukotasun eman ziniona, orai bataiatzen ari da, eta harenganat doatzi denak.
27 Joanesek ihardetsi:
–Jendeak ez du deus Jainkoak emaiten diona baizik. 28 Zihaurek lekuko zaituztet erran dutala: «Ez naiz ni Mesias, haren aitzinean igorria baizik». 29 Andere ezkonberria jaun ezkonberriarena
3,29 ezkonberria: T.Z.ean maiz Jainkoa Israelen senar bezala agertzen da (ik. Is 54,4-8; 61,10; 62,4-5; Jr 2,2.20; Ez 16,1-48.59-63; Os 1–3). Jesusek bere buruarentzat erabiltzen du irudia (ik. Mt 9,15; 22,1 eta ond.; 25,1 eta ond.), eta T.B.an Eliza Kristoren emaztea da (ik. 2 Ko 11,2; Ef 5,25-32; Ap 19,7; 21,2).
da. Jaun ezkonberriari bere adiskidea ondoan egoiten zaio, jaun ezkonberriaren mintzoa bozkarioz entzuten duela. Hori dut nik ere bozkarioa, bozkario bete-betea. 30 Harek handitu behar du eta nik ttipitu.
Gainetik datorrena
31 Gainetik datorrena denak baino gorago da. Lurretik dena lurtiarra da, eta lurrekoaz mintzo da; zerutik datorrena 32 ikusi eta entzun duenaren lekuko da; bainan haren lekukotasuna ez du nehork onartzen. 33 Haren lekukotasuna onartzen duenak, Jainkoak egia diola segurtatzen du. 34 Ezen Jainkoak igorriak Jainkoaren hitzak erraiten ditu, Jainkoak neurririk gabe bere Izpiritua emaiten baitio. 35 Aitak semea maite du, eta haren esku ezarri du dena. 36 Semearen baitan sinesten duenak betiko bizia badu; bainan semearen baitan sinetsi nahi ez duenak ez du bizia ikusiko, eta Jainkoaren haserrea, bai, gainean du.
Jesus eta emazte samariarra
4
1Farisauek entzun zuten Joanesek baino dizipulu gehiago egiten eta jende gehiago bataiatzen zuela Jesusek – 2 egia erran, ez zuen Jesusek berak bataiatzen, baizik haren dizipuluek –. 3 Hori jakitearekin, Jesusek Judea utzi zuen eta Galilearat joan zen berriz.
4 Samarian barna iragan behar zuen. 5 Heldu zen, bada, Sikar deitu Samariako hirirat, Jakobek bere seme Josepi eman zion lurretik hurbil. 6 Han zen Jakoben putzua. Jesus, bidean akiturik, putzu hegian jarri zen. Eguerdi iria zen. 7-8 Dizipuluak hirirat joanak ziren jateko erostera. Hortan, Samariako emazte bat urketa etortzen da. Jesusek erraiten dio:
–Emadazu edatera.
9 Bainan, emazte samariarrak erraiten dio:
–Nola zuk, judua izanki eta, eskatzen dautazu edatera neri, naizen emazte samariarrari? (Jakin behar da juduek harremanik ez dutela samariarrekin
4,9 samariarrak: Samaria Galilea eta Judearen arteko lurraldea da. 2 Erg 17,24-41ean kondatzen denaz, asiriarrek Samaria hartu eta hango bizilagunak erbesteratu zituztenean, paganoak ezarri zituzten han. Juduek arrotzak zauzkatelakotz, bi komunitateen arteko etsaigoa minduz joan zen. Jesusen garaian juduek heretikotzat zauzkaten samariarrak.
).
10 Jesusek ihardetsi:
–Bazinaki Jainkoak zer eman dezakeen eta nor den edatera galdegiten dauzuna, zuk eskatuko zinioke, eta harek ur bizia
4,10 ur bizia: Erran-moldeak, berez, ur jarioa, geldia ez dena, adiarazten du. Israelen ura ontasun baliosa da, eta Biblian zuhurtziaren, legearen eta izpirituaren sinbolo da (ik. Is 44,3; Jl 3,1).
emanen lauzuke.
11 Emazteak erraiten dio:
–Jauna, untzirik ez duzu, eta putzua barna da. Nundik duzu, beraz, ur bizi hori? 12 Gure aita Jakobek utzi zaukun putzu hau eta berak huntarik edan zuen, bai eta haren seme-alabek eta abereek. Hura baino gehiago ote zira zu?
13 Jesusek ihardetsi:
–Ur huntarik edaten duena berriz ere egarrituko da; 14 nik emanen diotan uretik edanen duena, ordea, ez da sekula egarrituko; zeren nik emanen diotan ura betiereko bizia darion iturri bilakatuko baitzaio bere baitan.
15 Orduan, emazteak:
–Jauna, ur hori emadazu, berriz egarri ez nadin, eta hunat urketa etortzerik ukan ez dezatan.
16 Jesusek erraiten dio:
–Zoazi, dei egiozu senarrari eta zato berriz hunat.
17 Emazteak ihardetsi:
–Senarrik ez dut.
Eta Jesusek:
–Egia diozu senarrik ez duzula; 18 bost senar ukan dituzu, eta oraikoa ez duzu senarra; hortan egia diozu.
19 Emazteak erraiten dio:
–Jauna, ikusten dut profeta zirela. 20 Gure arbasoek mendi huntan
4,20 mendi huntan: Garizim mendia da; han samariarrek tenplua eraiki zuten, Jerusalemekoaren kontrakoa. Tenplu hori K.a. 129an suntsitu zuten juduek.
adoratu zuten Jainkoa; zuek, juduek, aldiz, Jerusalemen adoratu behar dela diozue.
21 Jesusek erraiten dio:
–Sinets nezazu, emaztea, badator ordua, ez baituzue Aita, ez mendi huntan, ez Jerusalemen, adoratuko. 22 Zuek, samariarrek, ez dakizue zer adoratzen duzuen; guk badakigu zer adoratzen dugun, salbamendua juduenganik baita. 23 Bainan badator ordua –hobeki erran, orai da–, egiazko adoratzaileek Aita Izpirituak eraginik eta egiaren arabera adoratuko baitute; holako adoratzaileak nahi ditu Aitak. 24 Jainkoa izpiritu da, eta hura adoratzen dutenek Izpirituak eraginik eta egiaren arabera adoratu behar dute.
25 Emazteak erraiten dio:
–Badakit Mesias, Kristo deitua, etortzekoa dela, eta harek, etorriko denean, gauza guziak erakutsiko dauzkigula.
26 Jesusek erraiten dio:
–Ni hala naiz, mintzo nitzaizun hau.
27 Orduan etorri ziren dizipuluak eta harritu ziren Jesus emazte batekin elaka ikusteaz; halere, nehork ez zion galdegin zer nahi zuen edo zergatik mintzo zen emaztearekin.
28 Emazteak pegarra utzi, hirirat itzuli eta jendeari erran zion: 29 «Zatozte egin dutan guzia erran dautan gizon baten ikustera. Ez ote da Mesias?»
30 Jendea hiritik atera eta Jesusenganat joan zen.
31 Anartean, dizipuluak otoizka ari zitzaizkion:
–Irakasle, jan zazu.
32 Bainan harek erran zioten:
–Zuek ez dakizuen janaria badut jateko.
33 Dizipuluak elkarri galdezka hasi ziren, orduan:
–Norbaitek jatera ekarri ote dio?
34 Jesusek erran zioten:
–Nere janaria, igorri nauenaren nahia egitea da, haren salbamen-egintza bururatu arte. 35 Ez ote duzue erraiten zuek: «Lau hilabeteren buruan uzta dugu»? Bainan, nik diozuet: Altxa begiak eta ikus alorrak: bihia zohi da uzta egiteko. 36 Jadanik uzta egilea bere sariaren hartzen ari da, eta betiko bizirako fruituaren altxatzen, ereilea eta uzta egilea, biak batean bozkaria daitezen. 37 Erran zaharrak egia dio: «Batek erein, besteak uzta bil». 38 Zihaurek landu ez duzuenaren biltzera igorri zaituztet, besteek lan egin eta zuek heien lanaren ondorioak altxa.
Samariarrek Jesusen baitan sinetsi
39 Hiri hartako samariar ainitzek Jesusen baitan sinetsi zuten emazteak segurtatzen baitzioten: «Egin dutan guzia erran daut».
40 Beraz, samariarrek, Jesusenganat etorri zirenean, heiekin egoiteko eskatu zioten, eta bi egun egon zen han. 41 Jesusen mezua entzutean, ainitz gehiagok sinetsi zuten, 42 eta emazteari erraiten zioten: «Orai ez dugu zuk erranarengatik bakarrik sinesten; guhaurek entzun dugu, eta badakigu hau dela zinez munduaren Salbatzailea».
Jesusek funtzionariaren semea sendatu
(Mt 8,5-13; Lk 7,1-10)
43 Bi egunen buruan, handik atera eta Galilearat joan zen. 44 Jesusek berak aitortua zuen profeta ez dela bere herrian ohoratua. 45 Halere, Galilearat heldu zenean, galilearrek ongi etorri egin zioten, Jerusalemen izanak baitziren heiek ere Bazko-bestaz, eta ikusia zuten Jesusek orduan egin guzia.
46 Jesus Galileako Kanarat joan zen berriz, ura arnotu zuen herrirat. Bazen han errege-funtzionari bat, semea Kafarnaumen eri zuena. 47 Jakinik Jesus Judeatik Galilearat heldu zela, joan zitzaion, otoi Kafarnaumerat jausteko, hilzorian zuen semearen sendatzera. 48 Jesusek erran zion:
–Seinale eta egintza harrigarriak ikusten ez badituzue, ez duzue sinesten.
49 Bainan errege-funtzionariak ihardetsi:
–Jauna, zato nere haurra hil aitzin.
50 Jesusek erran zion:
–Zoazi, semea bizirik duzu.
Gizonak sinetsi zuen Jesusek errana eta joan zen.
51 Etxerateko bidean, mutilak etorri zitzaizkion semea bizirik zuela erraitera. 52 Zer tenoretan hobekitu zen galdegin zioten. Eta heiek ihardetsi:
–Atzo, arratsaldeko oren batean sukarrak utzi du.
53 Aitak ezagutu zuen tenore hartan erran ziola Jesusek: «Semea bizirik duzu», eta sinetsi zuten Jesusen baitan, harek eta etxeko guziek.
54 Bigarren mirakuluzko seinale hau Judeatik Galilearat itzuli zelarik egin zuen Jesusek.
Jesusek parlesiatua sabatokari sendatu
5
1 Gero, juduen besta bat
5,1 besta bat: Zenbait eskuizkribuk besta dio; kasu huntan Bazkoa litaike (ik. 6,4).
ospatzen zela, Jesus Jerusalemerat itzuli zen. 2 Bada Jerusalemen, Ardien atea delakoaren ondoan, uraska bat, bost aterbe dituena. Hebrearrez Betzata
5,2 Betzata: Eskuizkribu ainitzek Betesda diote. Tenpluko zabaldegiaren iparraldean zen.
deitzen da. 3 Aterbe heietan eri ainitz etzanik egoiten zen: itsu, maingu eta parlesiatu. (3b-4
5,3b-4 Eskuizkribu ainitzek testu hau emaiten dute hemen: ura noiz mugituko den beha. 4 Alabainan, aingeru bat jautsi ohi zen noizbehinka uraskarat, eta ura higiarazten zuen. Eta ura mugitu ondoan lehen sartzen zena, edozoin eritasun ukanik ere, sendatua gertatzen zen. Eskuizkribu hoberenek eta elizaren aitek ez dute ezagutzen testu hau, gero izan zen sartua, ura zergatik mugitzen zen argitzeko (ik. 7. ber.).
). 5 Bazen han gizon bat, hogeita hemezortzi urte hartan eri zagona. 6 Jesusek, han etzanik ikusi eta aspaldian hola zela jakinik, erran zion:
–Sendatu nahi duzu?
7 Eriak ihardetsi:
–Jauna, ez dut nehor, ura higitzen denean, uraskan sartuko nauenik; ni heldu orduko beste batek aitzina hartzen daut.
8 Jesusek erran zion:
–Jeiki, har zeure ohetxoa eta ibil zaite.
9 Berehala sendatu zen gizona; ohetxoa hartu eta ibiltzen hasi zen.
Egun hura sabatoa zen, pausu-eguna.
10 Orduan, juduek sendatuari erran zioten:
–Sabatoa da; ez zira haizu ohetxoaren eremaitera.
11 Harek ihardetsi:
–Sendatu nauenak berak erran daut: «Har zeure ohetxoa eta ibil zaite».
12 Heiek galdatu zioten:
–Nor da ohetxoa hartu eta ibiltzeko erran dauzun hori?
13 Bainan sendatuak ez zakien nor zen, Jesus itzali baitzen inguruko jendaldearen artean.
14 Geroxeago, Jesusek tenpluan aurkitu eta erran zion:
–Horra, sendatua zira; ez gehiago bekatu egin, makurragorik gerta ez dakizun.
15 Joan zen gizona, eta juduen buruzagieri erran zioten Jesusek zuela sendatu.
Semearen ahala. Aita eta semea
16 Hain zuzen, sabatokari halako gauzak egiten zituelakotz, juduak Jesusen pertsegitzen hasi ziren.
17 Orduan, Jesusek erran zioten: «Nere Aita geldigabe lanean ari da, eta ni ere bai».
18 Ateraldi horrengatik, juduak are gehiago Jesus hil nahiz zabiltzan, sabatoko pausuaren hausteaz bestalde, Jainkoa bere aita zuela erraiten baitzuen, hola bere burua Jainkoaren pareko eginez.
19 Jesusek erran zioten aitzina:
–Egiaz-egiaz diozuet: semeak ez dezake deus ere bere baitarik egin, Aitari egiten ikusten diona baizik: Aitak zer egin, hura bera egiten du semeak ere. 20 Alabainan, Aitak semea maite du, eta berak egiten duen guzia erakusten dio, eta handiagoak erakutsiko diozka oraino, harrituko zaituztenak. 21 Aitak hilak piztu eta bizia emaiten dioten bezala, semeak ere bizia emaiten diote berak nahi dueneri.
22 Aitak ez du nehor jujatzen, jujatzeko ahal guzia semeari eman dio, 23 guziek, hura ohoratzen duten bezala, semea ere ohora dezaten. Semea ohoratzen ez duenak, hura igorri duen Aita ere ez du ohoratzen. 24 Egiaz-egiaz diozuet: nere mezua entzun eta igorri nauenaren baitan sinesten duenak betiereko bizia badu. Ez da kondenatua izanen; jadanik heriotzetik bizirat pasatua da.
25 Egiaz-egiaz diozuet: badator ordua –hobeki erran, orai da–, hilek
5,25 hilek: Erran nahi baita, bizi izanik ere, ezinbestean heriotzerat kondenatua dena.
Jainkoaren semearen mintzoa entzunen baitute; eta entzunen dutenak biziko dira. 26 Aitak bizia bere baitan daukan bezala, semeari ere bizia bere baitan ukaitea eman dio. 27 Gainera, jujatzeko eskua eman dio, gizonaren semea delakotz. 28 Ez zaiteztela hortaz harri, baidator ordua hil guziek haren mintzoa entzunen baitute, 29 eta hilobietarik aterako baitira: ongia egin zutenak bizitzeko piztuko dira; gaizkia egin zutenak, aldiz, kondenatuak izaiteko.
30 Nik ez dezaket deus ere neure baitarik egin: Aitak erranetik jujatzen dut; eta nere jujamendua zuzena da, ez baitut nere nahia egitea bilatzen, baizik igorri nauen harena.
Aitaren lekukotasuna eta Joanes Bataiatzailearena
31 Neure buruaren aldeko lekukotasuna eman baneza, ez luke baliorik. 32 Beste batek du nere aldeko lekukotasuna emaiten, eta badakit haren lekukotasunak balio duela. 33 Mandatariak igorri ziniozkaten Joanesi, eta harek egiaren alde lekukotasuna eman zuen. 34 Ez dut gizon baten lekukotasun beharrik, bainan hau erraiten dut salba zaitezten. 35 Piztu eta distiratzen duen argia zen Joanes, eta zuek aldiņo batez bakarrik onartu zinuten haren argiaz bozkariatzea.
36 Nik, ordea, badut nere alde Joanesena baino balio handiagoko lekukotasuna: bete ditzatan Aitak nere gain utzi egintzak; egiten ditutan egintzak lekuko dira nere alde, eta Aitak igorri nauela frogatzen dute. 37 Eta igorri nauen Aita bera ere lekuko da nere alde. Bainan zuek ez duzue sekula haren mintzorik entzun, ez haren aurpegirik ikusi, 38 eta haren hitzak ere zuen baitan egoiterik ez du, harek igorria ez baituzue sinesten. 39 Liburu Sainduak ikertzen dituzue, betiereko bizia heietan aurkituko duzuelakoan; eta heiek ere lekukotasun emaiten dute nere alde. 40 Halere, ez duzue nereganat etorri nahi bizia ukan dezazuen.
41 Ez dut jendeenganik ohorerik onartzen. 42 Bainan ezagutzen zaituztet eta badakit ez duzuela Jainkoa maite. 43 Neure Aitaren izenean etorria naiz, bainan zuek ez nauzue onartzen; norbait bere izenean etor baladi, hura bai, onar zinezakete. 44 Nola sinets dezakezue, zuek, elkarri ohore emaiten ari zireztenek, bainan Jainko bakarrarenganik datorren ohorea bilatzen ez duzuenek? 45 Ez uste ukan Aitaren aitzinean salatuko zaituztetala; Moisek berak, zuen esperantzak, salatuko zaituzte. 46 Alabainan, sinets bazinezate Mois, ni ere sinets nindezakezue, nitaz idatzi
5,46 nitaz idatzi: Mois emaiten zen Bibliako lehen bost liburuen –Pentateukoaren– egiletzat.
baitzuen harek. 47 Bainan, harek idatzia sinesten ez baduzue, nola sinetsiko duzue nik errana?
Jesusek bost mila gizoneri jatera eman
(Mt 14,13-21; Mk 6,30-44; Lk 9,10-17)
6
1 Gero, Galileako (edo Tiberiadeseko) lakuaz
6,1 Tiberiadeseko lakua: Genesareteko lakua. Joanik ere, Matiu eta Markek bezala, itsaso deitzen du (ik. Mt 4,13 oh.).
bestalderat joan zen Jesus. 2 Eta jende ainitz jarraikitzen zitzaion, eriak sendatuz egiten zituen mirakuluzko seinaleak ikusten baitzituzten. 3 Jesus mendirat igan eta han jarri zen bere dizipuluekin. 4 Hurbil zen Bazko, juduen besta. 5 Jesusek, jende ainitz zatorkiola ikusirik, Filipi erran zion:
–Nun eros ginezake ogia, jan dezaten?
6 Frogatan ezartzeko erran zion hori, baitzakien berak zer eginen zuen.
7 Filipek ihardetsi:
–Berrehun denarioren ogia
6,7 Berrehun denario: langile baten urte erdiko soldata. Denario bat izan ohi zen langile baten eguneko lan-saria.
ez litaike aski bakotxak puxka bat ukaiteko.
8 Bere dizipuluetarik batek, Simon Petriren anaia Andrek, erran zion:
9–Bada hemen bost garagar-ogi eta bi arrain ttipi dituen mutiko bat; bainan zer da hori hainbesterentzat?
10 Jesusek jendea jarrarazteko manatu zioten dizipulueri. Belar ainitz bazen leku hartan. Jarri ziren beraz. Bost milako bat gizon bazen. 11 Jesusek ogiak hartu eta, eskerrak emanik, partekatu zituen han zaudenen artean; berdin arrainak ere, nahi zuten bezainbat. 12 Eta ase zirenean, Jesusek dizipulueri erran zioten: «Bil ondarrak, deus gal ez dadin».
13 Bildu zituzten, eta bost garagar-ogietarik jan zuteneri gelditu zitzaizkioten ondarrez hamabi zare bete zituzten. 14 Jesusen mirakuluzko seinale hura ikusirik, jendeek zioten: «Hau da zinez mundurat etortzekoa den profeta».
15 Jesusek baitzakien eremanen zutela errege egiteko, mendirat joan zen berriz, bakarrik.
Jesus uraren gainean oinez
(Mt 14,22-27; Mk 6,45-52)
16 Arratsean, Jesusen dizipuluak lakurat jautsi 17 eta, untzirat iganik, lakuaz bestalderat abiatu ziren, Kafarnaumerat buruz. Iluna zen jadanik, eta Jesus etortzekoa zuten. 18 Haize azkar batek lakua uhainetan ezarri zuen. 19 Bospasei kilometra
6,19 Bospasei kilometra: H.h., 25 edo 30 estadio.
arraunean egin ondoan, Jesus lakuan oinez untzirat hurbiltzen ikusi zuten, eta beldurrak hartu zituen. 20 Bainan Jesusek erran zioten: «Ni naiz. Ez beldur izan!»
21 Untzian hartu nahi ukan zuten, bainan untzia, berehala, zoatzin tokirat heldu zen.
Bizi-ogiaz hitzaldia
22 Biharamunean, lakuaz bestaldean egon jendea ohartu zen han untzi bat baizik ez zela izan eta Jesus ez zela untzirat igan dizipuluekin, hauek bakarrik joan zirela. 23 Anartean, beste zenbait untzi Tiberiadesetik etorri ziren, Jaunak eskerrak emanik ogia jan zuten lekuaren ondorat. 24 Ikustearekin Jesus ez zela han, ez eta dizipuluak ere, jendea untzi heietarat igan eta Kafarnaumerat joan zen, Jesusen bila. 25 Lakuaz bestaldean aurkitu eta erran zioten:
–Irakasle jauna, noiz etorri zira hunat?
26 Jesusek ihardetsi:
–Egiaz-egiaz diozuet: nere bila zabiltzate, ez ikusi dituzuen mirakuluzko seinaleengatik, baizik ogia asetzeraino jan duzuelakotz. 27 Lan egizue, ez galtzen den janariagatik, baizik egoiten eta betiereko bizia emaiten duen janariagatik; hori gizonaren semeak emanen dauzue, Jainko Aitak bere zigiluaz markatu duenak.
28 Orduan, galdatu zioten:
–Zer egin behar dugu Jainkoak nahi duenaren egiteko?
29 Jesusek ihardetsi:
–Hau da Jainkoak nahi duena: harek igorri duenaren baitan sinets dezazuen.
30 Erran zioten:
–Zer seinale egiten duzu, bada, ikus dezagun eta zutan sinets? Zer egiten duzu? 31 Gure arbasoek mana jan zuten basamortuan, Liburu Sainduak dion bezala: Zerutikako ogia eman zioten jatera .
32 Jesusek ihardetsi:
–Egiaz-egiaz diozuet: Ez dauzue Moisek eman zerutikako ogia, nere Aitak emaiten dauzue zerutikako egiazko ogia. 33 Zeren Jainkoaren ogia, zerutik jautsi eta munduari bizia emaiten diona baita.
34 Orduan, erran zioten:
–Jauna, emaguzu beti ogi hortarik.
35 Jesusek ihardetsi:
–Ni naiz bizia emaiten duen ogia
6,35 Ni naiz... ogia: Ebanjelio huntan Jesusek bere buruaz emaiten dituen zazpi definizioneetan lehena da hau. Beste seiak hauek dira: Ni naiz munduarentzat argia (8,12); Ni naiz ardientzat atea (10,7); Ni naiz artzain ona (10,11); Ni naiz piztea eta bizia (11,25); Ni naiz bidea, egia eta bizia (14,6); Ni naiz egiazko mahatsondoa (15,1).
; nereganat datorrena ez da gosetuko, eta nere baitan sinesten duena ez da sekula egarrituko. 36 Bainan errana dauzuet: ez duzue sinesten, nahiz eta ikusi nauzuen. 37 Aitak emaiten dauzkitan guziak etorriko zaizkit eta etortzen zaitana ez dut neholaz ere kanporat botako, 38 ez bainaiz zerutik jautsi neure nahia egiteko, baizik igorri nauenaren nahia. 39 Eta huna igorri nauenaren nahia: harek eman dauzkitan guzietarik bat ere gal ez dezatan, baizik pitz ditzatan azken egunean. 40 Bai, huna nere Aitak nahi duena: semea ikusi eta haren baitan sinesten duenak betiereko bizia ukan dezan; eta nik piztuko dut azken egunean.
41 Orduan, marmarika hasi ziren juduak, «Ni naiz zerutik jautsi ogia» erran zuelakotz, 42 eta zioten:
–Ez ote da hori Jesus, Josepen semea? Ez ote ditugu horren aitamak ezagutzen? Nolaz dio, orai, zerutik jautsia dela?
43 Jesusek ihardetsi:
–Ez ar marmarika zuen artean. 44 Nehor ez daiteke nereganat etor, igorri nauen Aitak erakartzen ez badu; eta nik piztuko dut azken egunean. 45 Profeten liburuan idatzia da: Jainkoaren ikasle izanen dira denak. Aita entzuten eta harek irakatsia onartzen duena nereganat dator. 46 Nehork ez du Aita ikusi Jainkoaganik datorrenak baizik. Harek bai, Aita ikusi du.
47 Egiaz-egiaz diozuet: sinesten duenak
6,47 sinesten duenak: Garrantzi handiko zenbait eskuizkribuk Ni baitan sinesten duenak dio.
betiereko bizia badu. 48 Ni naiz bizia emaiten duen ogia. 49 Zuen arbasoek mana jan zuten basamortuan eta, halere, hil ziren. 50 Zerutik jausten den ogia halakoa da nun hartarik janen duena ez baita hilen. 51 Ni naiz zerutik jautsia den ogi bizia; ogi huntarik janen duenak betiereko bizia ukanen du. Eta emanen dutan ogia nere gorputza da, mundua bizi dadin emana.
52 Hortan eztabada gogorra piztu zen juduen artean, ziotela:
–Hunek nola emaiten ahal dauku bere gorputza jatera?
53 Jesusek erran zioten:
–Egiaz-egiaz diozuet: gizonaren semearen gorputza jaten eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue bizirik ukanen zuen baitan. 54 Nere gorputza jaten eta nere odola edaten duenak betiereko bizia badu, eta nik piztuko dut azken egunean. 55 Zeren nere gorputza egiazko janaria baita, eta nere odola egiazko edaria. 56 Nere gorputza jaten eta nere odola edaten duena nerekin dago, eta ni harekin. 57 Bizia duen Aitak igorri nau eta Aitaz bizi naiz; halaber ni jaten nauena nitaz biziko da. 58 Halakoa da zerutik jautsi ogia; ez da zuen arbasoek jan zutena bezalakoa, heiek hil baitziren; ogi huntarik janen duena betikotz biziko da.
59 Irakaspen hau Kafarnaumeko sinagogan eman zuen Jesusek.
Betiereko bizia duten hitzak
60 Jesus hola mintzo entzun eta haren dizipuluetarik ainitzek egin zuten: «Gogorrak erran ditu. Nork onar dezazke?»
61 Dizipuluak marmarika ari zirela oharturik, Jesusek erran zioten: «Fedea galbidean ote duzue horrengatik? 62 Eta gizonaren semea lehen zagon tokirat igaiten ikusten bazinute? 63 Izpiritua da bizi-emaile; jendea, berez, deusetako ez da. Erran dauzkizuetan hitzak izpiritu eta bizi dira. 64 Bainan zuen artean badira sinesten ez dutenak».
Alabainan, Jesusek hastetik bazakien nork ez zuen sinesten eta nork salduko zuen. 65 Eta erran zuen gainerat: «Horrengatik erran dauzuet nehor ez dela nereganat etortzen ahal Aitak hori emaiten ez badio».
66 Ordutik, haren dizipuluetarik ainitzek gibelerat egin zuten, eta harekin ibiltzea utzi. 67 Orduan, Jesusek Hamabieri erran zioten:
–Eta zuek ez duzue joan nahi?
68 Simon Petrik ihardetsi zion:
–Jauna, norenganat joan gintezke? Zuk dituzu betiereko bizia emaiten duten hitzak. 69 Eta guk sinetsi dugu eta badakigu zu zirela Jainkoaren Saindua.
70 Jesusek ihardetsi zioten:
–Ez ote zaituztet nik hautatu Hamabiak?
Halere, zuetarik bat debru bat da.
71 Simon Iskarioten seme Judasez ari zen; hau baitzen, Hamabietarik bat izanik ere, Jesus salduko zuena.
Jesusen anaiak sinesgogor
7
1 Gero Jesus Galilean ibili zen. Ez zuen Judean ibili nahi, juduek hil nahi baitzuten. 2 Etxola-besta
7,2 Etxola-Besta: Ik. Jal 23,16; Dt 16,13. Udazkenean ospatzen zen, uztak bildu ondoan. Besta huntan, israeldarrek basamortuan egin egonaldia gogoratzen zuten. Beilari ainitz bildu ohi zen Jerusalemen.
, juduen bestetarik bat, hurbil zelarik, 3 bere anaiek Jesusi erran zioten:
–Zoazi hemendik Judearat, egiten dituzunak zure dizipuluek ere ikus ditzaten. 4 Bere burua ezagutarazi nahi duena ez da gordean aritzen. Hainbestekoak egiten eta emazu mundu guziak ikusteko gisan.
5 Ezen bere anaiek ere ez zuten haren baitan sinesten. 6 Jesusek erran zioten:
–Nik ez dut oraino tenore; zuek, aldiz, beti tenore duzue. 7 Munduak herrarik ez dezake ukan zuentzat; neretzat, bai, herra badu, argitan ezartzen baitut gaixtoak direla haren egintzak. 8 Zoazte zuek bestarat; ni ez naiz joanen, nere tenorea ez baita oraino etorria.
9 Hori erran eta Galilean egon zen. 10 Bainan anaiak bestarat joan ondoan, Jesus bera ere joan zen; bainan ez agerian, baizik gordeka bezala.
Jesus bestan irakasten, Jerusalemen
11 Juduak Jesusen bila zabiltzan, bestan, erranez: «Nun ote da?» 12 Eta jendeak ele-mele asko zerabilan; batzuk zioten: «Gizon ona da». Beste batzuk, berriz: «Ez, jendearen enganatzen ari da». 13 Bainan, nehor ez zen hartaz agerian mintzatzera ausartatzen, juduen beldurrez.
14 Bestaren erdialderat, tenpluan agertu zen Jesus, eta irakasten hasi. 15 Juduak, harrituak ziren, ziotela:
–Nolaz da hain jakintsu, ikasten ibili gabe
7,15 Nolaz... ibili gabe: Erran-moldeak hezkuntza orokorra adiarazten du. Eta ikasketak legeari eta erlisione-tradizioneeri buruz egiten baitziren, lege-irakasleek emaiten zuten hezkuntza tradizionala erran nahi du.
?
16 Jesusek ihardetsi zioten:
–Nere irakaspena ez dut neurea, baizik igorri nauen harena. 17 Jainkoaren nahia egiteko prest dagonak jakinen du irakaspen hau Jainkoaganik den ala neure burutarik mintzo naizen. 18 Bere burutarik mintzo denak bere ohorea du bilatzen; bainan igorri duenaren ohorea bilatzen duena fidagarria da, eta ez du faltsukeriarik. 19 Ez ote zaizuen Moisek eman legea? Halere, zuetarik nehork ez du legea betetzen. Zergatik zabiltzate ni hil nahiz?
20 Jendeek ihardetsi zioten:
–Burutik baduzu! Nor dabil zu hil nahiz?
21 Jesusek ihardetsi:
–Harrituak zirezte sabatokari egin dutanagatik. 22 Moisek ebakitzaren legea ezarri zaizuen (egia erran, ohidura hori ez zen Moisekin hasi, baizik arbasoekin), eta gizona sabatokari ere ebakitu ohi duzue. 23 Beraz, Moisen legea ez hausteagatik, ebakitzea sabatokari ere egiten bazaio gizonari, zergatik haserretzen zirezte nere kontra, sabatokari gizon baten gorputz osoa sendatu dutalakotz? 24 Ez juja itxuren arabera, juja zuzentasunez.
Eztabada: Jesus nungoa
25 Jerusalemdar batzuk erraiten zuten: «Ez ote da hau hil nahi dutena? 26 Horra agerian mintzo dela, eta ez diote deusik erraiten. Buruzagiek zinez onartu ote dute Mesias dela? 27 Mesias etorriko denean, nehork ez du jakinen nungoa den; hau, ordea, badakigu nungoa den».
28 Jesusek, orduan, tenpluan irakasten ari zelarik, oihu egin zuen: «Ni ezagutzen nauzuela, eta badakizuela nungoa naizen! Bainan ez naiz neure burutarik etorria, fidagarria da igorri nauena, eta zuek ez duzue hura ezagutzen. 29 Nik, bai, ezagutzen dut, harenganik bainator, eta harek igorria bainaiz».
30Arrastatu nahi ukan zuten; bainan nehork ez zion eskua gainean ezarri, ez baitzen oraino haren ordua. 31 Jendeetarik ainitzek haren baitan sinetsi zuten ziotela: «Mesias etorriko denean, hunek baino mirakuluzko seinale gehiago eginen ote du?»
32 Farisauek entzun zuten jendeak zer zerasan ahapetik Jesusez. Orduan, apezburuek eta farisauek goardiak igorri ziozkaten arrastatzera. 33 Jesusek erran zuen: «Oraino apur bat zuekin egon eta igorri nauenarenganat joanen naiz. 34 Nere bila ibiliko zirezte, bainan ez nauzue aurkituko, ni naizen tokirat ezin baitzirezte joan».
35 Juduek elkarren artean zerabilaten:
–Norat joanen da hau, guk ez aurkitzeko? Greziarren artean barreiatu juduetarat joanen ote da, greziarreri
7,35 greziarreri: Erran nahi baita, judu ez direneri.
bere irakaspenaren emaitera? 36 Zergatik erraiten du «Nere bila ibiliko zirezte, bainan ez nauzue aurkituko, ni naizen tokirat ezin baitzirezte joan?»
Jesus eta Izpiritua
37 Bestako azken egunean, egun ospetsuenean, Jesusek, xutik, oihu egin zuen: «Egarri dena etor bedi nereganat, eta edan beza 38 nere baitan sinesten duenak. Liburu Sainduek diotenaz, ur bizizko ibaiak sortuko zaizkio barne-barnetik
7,37-38 Egarri dena... barne-barnetik: Hunela ere itzul daiteke: Egarri dena etor bedi nereganat eta edan beza. 38 Nere baitan sinesten duenari, Liburu Sainduek dioten bezala, ur bizizko errekak jarioko zaizkio barne-barnetik. Testukoaren arabera, Jesusenganik jarioko dira ur bizizko errekak; oharrekoaren arabera, berriz, fededunaganik.
».
39 Haren baitan sinetsiko zutenek ukanen zuten Izpirituaz erran zuen hori; alabainan, ez zen oraino Izpiritua emana, Jesusen Jainko-aintza ez zelakotz oraino agertua.
Jendea zatitua Jesusengatik
40 Jesusen hitz horiek entzun zituztenetarik batzuk zioten: «Zinez hau da Profeta
7,40 Profeta: Ik. 1,21 oh.
». 41 Beste batzuk erraiten zuten: «Hau da Mesias». Beste zenbaitek, aldiz: «Galileatik etor ote daiteke Mesias? 42 Liburu Sainduak ez ote dio Daviden hazitik eta haren herritik, Betleemetik, etorriko dela?»
43 Jendea zatitu zen, beraz, Jesusengatik.
44 Batzuk arrastatu nahi zuten, bainan nehork ez zion eskua gainean ezarri. 45 Goardiak apezburu eta farisauenganat itzuli ziren. Hauek galdatu zieten:
–Zergatik ez duzue ekarri?
46 Goardiek ihardetsi:
–Ez da sekula nehor hori bezala mintzatu.
47 Orduan, farisauek:
–Zuek ere enganatu ote zaituzte? 48 Buruzagi edo farisauetarik batek ere sinetsi ote du haren baitan? 49 Bainan legea ezagutzen ez duen jende hori madarikatua da.
50 Nikodemok, farisauetarik batek, lehentxeago Jesusenganat joan zenak, erran zioten:
51–Gure legearen arabera, haizu ote gira nehoren kondenatzera, lehenik bera entzun eta zer egin duen jakin gabe?
52 Besteek ihardetsi:
–Zu ere galilearra ote zira? Iker Liburu Sainduak, eta ikusiko duzu Galileatik ez dela sekula profetarik atera.
Emazte adulteriogilea
7,53–8,11 Emazte adulteriogilea: Pasarte hau ez da berez laugarren ebanjeliokoa. Eskuizkribu hoberen eta zaharrenek ez dakarte; beste batzuk ebanjelioaren buruan edo beste testuinguru batean ezartzen dute. Pasartearen idazkera sinoptikoenarekin ahaide da, Lukenarekin bereziki. Pasartearen kanonikotasuna ez da dudazkoa.
53 Eta nor bere etxerat joan zen.
8
1 Jesus Oliamendirat joan zen. 2 Goizean goizik tenplurat itzuli zenean, herri guzia etorri zitzaion. Jesus jarri eta irakasten hasi zen.
3 Orduan, lege-irakasle eta farisauek emazte bat, adulterioan harrapaturik, ekarri zioten eta erdi-erdian ezarri. 4 Jesusi erran zioten:
–Irakasle jauna, emazte hau adulterioan ari zela harrapatu dute. 5 Moisek, legean, holakoak harrika hiltzeko manatu dauku; zuk zer diozu?
6 Galde hori egin zioten hutsean atzeman beharrez, gero salatzeko. Bainan Jesus, ukurturik, eriaz lurrean marra egiten hasi zen. 7 Heiek, ordea, galde eta galde ari baitzitzaizkion, altxatu zen Jesus eta erran zioten:
–Zuetan bekaturik gabe denak lehen harria bota diezola.
8 Eta berriz ukurturik, lurrean marrak egiten zituen. 9 Hori entzutearekin, bat bestearen ondotik joan ziren, zaharrenetarik haste. Jesus bakarrik gelditu zen, aitzinean zuela emaztea. 10 Jesusek, xutitu eta, erran zion:
–Emaztea, nun dira? Nehork ez zaitu kondenatu?
11 Harek ihardetsi:
–Nehork, Jauna.
Orduan, Jesusek:
–Nik ere ez zaitut kondenatzen; zoazi, eta ez gehiago bekatu egin.
Jesus munduko argia
12 Jesus jendeari mintzatu zitzaion berriz:
–Ni naiz munduarentzat argia
8,12 Ni naiz... argia: Ik. 6,35 oh.
; jarraikitzen zaitana ez da ilunpean ibiliko, bizirat deraman argia ukanen du.
13 Orduan, farisauek erran zioten:
–Zeure buruari lekukotasun emaiten diozu; beraz, zure lekukotasunak ez du baliorik.
14 Jesusek ihardetsi:
–Neure buruari lekukotasun emaiten badiot ere, nere lekukotasunak balio du, baitakit nundik etorria naizen eta norat noan; bainan zuek ez dakizue, ez nundik natorren, ez eta norat noan. 15 Zuek jende gisa
8,15 jende gisa: H.h., haragiaren arabera; erran nahi baita, jende pentsamoldearen arabera, beraz, itxuren arabera (ik. Erm 7,18 oh.). // jujatzen: Hots, gaitzesten edo kondenatzen.
jujatzen duzue; nik ez dut nehor jujatzen
8,15 jende gisa: H.h., haragiaren arabera; erran nahi baita, jende pentsamoldearen arabera, beraz, itxuren arabera (ik. Erm 7,18 oh.). // jujatzen: Hots, gaitzesten edo kondenatzen.
. 16 Eta jujatzen badut ere, nere jujamendua baliozkoa da, ez bainaiz bakarrik, igorri nauen Aita ere nerekin da. 17 Zuen legean idatzia da bi lagunen lekukotasuna baliozkoa dela. 18 Neure buruari nihaurek lekukotasun emaiten diot, bainan igorri nauen Aitak ere lekukotasun emaiten daut. 19 Orduan, galdatu zioten:
–Nun da zure Aita?
Jesusek ihardetsi:
–Ez gaituzue ezagutzen, ez ni, ez nere Aita; ezagutzen baninduzue, nere Aita ere ezagutuko zinukete.
20 Hitz hauek tenpluan irakasten ari zelarik erran zituen Jesusek, dirutegi ondoan
8,20 dirutegi ondoan: Jendeen emaitzen biltzeko kutxatilak zauden tenplu aldea.
. Halere, nehork ez zuen arrastatu, ordua ez baitzuen oraino etorria.
Sinesten ez dutenen bekatua
21 Jesusek erran zioten oraino:
–Banoa, eta zuek nere bila ibiliko zirezte, bainan zuen bekatuan hilen zirezte. Noan tokirat zuek ezin zirezte joan.
22 Orduan, juduek:
–Bere buruaz beste eginen ote du, erraiteko «Noan tokirat zuek ezin zirezte joan»?
23 Jesusek aitzina:
–Zuek beherekoak zirezte, ni gainekoa naiz; zuek mundu huntakoak zirezte, ni ez naiz mundu huntakoa. 24 Horrengatik erran dauzuet zuen bekatuetan hilen zireztela; ezen naizena naizela
8,24 naizena naizela: H.h., ni naizela. Ni naiz adiarazpenak Jainkoak Moisi agertu zion izena (ik. Jal 3,14) edo T.Z.eko beste hainbat adiarazpen dakartza gogorat. Horietan Jainkoa bakarra dela aitortzen da (Jainko bakarra, Salbatzaile bakarra, etab.; ik. Dt 32,39; Is 41,4; 43,10-11; 48,12). Jainkoaren aitorpen hau ondorio guziekin Jesusi aplikatzen zaio Joaniren Ebanjelioan (ik. 8,28.58; 13,19; 18,5-8).
sinesten ez baduzue, zuen bekatuetan hilen zirezte.
25 Orduan, erran zioten:
–Nor zira zu?
Jesusek ihardetsi:
–Hastetik erraiten ari nitzaizuena
8,25 Hastetik erraiten ari nitzaizue: Testu hau ez da itzultzeko errexa. Horrengatik, gisa batera eta bestera itzuli ohi da: Lehenik, erraiten ari nitzaizuena, edo Lehenik, zergatik hitz egin behar dauzuet?
. 26 Zuetaz badut ainitz erraitekorik eta jujatzekorik. Bainan igorri nauena fidagarria da; eta nik hari entzun diotana, hura bera erraiten diot munduari.
27 Bainan ez ziren jabetu Aitaz mintzo zitzaiotela. 28 Orduan, Jesusek erran zioten:
–Gizonaren semea altxatuko duzuenean ohartuko zirezte naizena naizela, eta ez dutala deus neure burutarik egiten: Aitak irakatsia bakarrik erraiten dut. 29 Neurekin dut igorri nauena; ez nau, ez, bakarrik utzi, harek atsegin duena egiten baitut beti.
30 Hola mintzatu zen Jesus, eta ainitzek sinetsi zuten haren baitan.
Egiak libratzen
31 Orduan, haren baitan sinetsi zuten judueri Jesusek erran zioten:
–Nere hitzari leial egoiten bazirezte, zinez nere dizipulu zirezte; 32 hola, egia ezagutuko duzue, eta egiak libratuko zaituzte.
33 Ihardetsi zioten:
–Gu Abrahamen hazikoak gira, eta ez gira sekula nehoren esklabo izan. Nola diozu libre izanen girela?
34 Jesusek ihardetsi:
–Egiaz-egiaz diozuet: Bekatu egiten duena bekatuaren esklabo da. 35 Eta esklaboa ez da betikotz etxean egoiten; semea, ordea, betikotz han egoiten da. 36 Beraz, semeak libratzen bazaituzte, egiazki libre izanen zirezte. 37 Badakit, bai, Abrahamen hazikoak zireztela; bainan ni hil nahiz zabiltzate, nere mezua zuen baitan sartzen ez delakotz. 38 Neure Aitaren ondoan ikusiaz mintzo naiz ni; zuek, aldiz, zihauren aitari entzuna egiten duzue.
Jesus eta Abraham
39 Jesusi ihardetsi zioten:
–Abraham dugu aita.
Jesusek berriz:
–Abrahamen seme bazinete, Abrahamek egin zuena egin zinezakete. 40 Orai ni hil nahiz zabiltzate, Jainkoari entzun diotan egia erran dauzuetalakotz; Abrahamek ez zuen holakorik egin. 41 Zuek, zuen aitak egin duena egiten duzue.
Ihardetsi zioten:
–Ez gira sasikumeak
8,41 sasikume: H.h., Gu ez gira prostituzionetik sortuak. Prostituzioneak edo adulterioak idolatria –erran nahi baita, Jainkoaren alderateko leialtasun-eza– adiarazten du maiz Biblian (ik. Ez 16,15 eta Os 1,2).
; Jainkoa dugu aita bakarra.
42 Jesusek, orduan:
–Jainkoa bazinute aita, maiteko nindukezue, Jainkoarenganik atera eta etorri bainaiz; ez naiz neure baitarik etorria, harek igorria nau. 43 Zergatik ez duzue konprenitzen erraiten dauzuetana? Nere mezua ez baituzue entzuten ahal. 44 Debrua duzue aita, eta zuen aitaren gutiziak egin nahi dituzue. Hura gizon-hiltzaile izan da hastetik, eta ez da egian oinarritua, haren baitan egiarik ez baita. Gezurra dionean, bere-berea duenetik ari da, gezurtia baita, eta gezurraren aita. 45 Ni, berriz, egia diotalakotz, ez nauzue sinesten. 46 Zuetarik nork sala dezake nitan bekaturik? Bainan egia badiot, zergatik ez nauzue sinesten? 47 Jainkoarena denak Jainkoak errana onartzen du; zuek ez duzue onartzen, Jainkoarenak ez zireztelakotz.
48 Orduan, juduek ihardetsi zioten:
–Ez ote dugu arrazoin samariarra
8,48 samariarra: Izen laidogarria, juduek samariarrak etsaitzat baitzauzkaten aspaldidanik (ik. 4,9 oh.).
zirela eta debruak hartua?
49 Jesusek ihardetsi:
–Ez naiz debruak hartua; nik neure Aita ohoratzen dut, eta zuek desohoratzen nauzue; 50 ez dut neure ohorea bilatzen; beste batek bilatzen du neretzat, eta harek du jujatzen. 51 Egiaz-egiaz diozuet: nere mezua begiratzen duenak ez du heriotzerik sekula ikusiko.
52 Juduek erran zioten:
–Orai badakigu debruak hartua zirela ! Abraham hil da eta profetak ere bai; eta zuk diozu: «Nere hitza begiratzen duena ez da sekula hilen». 53 Gure aita Abraham baino gehiago ote zira zu? Hura hil da eta profetak ere bai; nor daukazu zeure burua?
54 Jesusek ihardetsi:
–Nihaurek ohora baneza neure burua, ohore horrek deusik ez luke balioko; Aitak nau ohoratzen, zuen Jainkoa dela diozuen harek. 55 Zuek, ordea, ez duzue ezagutzen; nik, bai, ezagutzen dut, eta ez dutala ezagutzen erran baneza, zuek bezalako gezurtia nintaike; bainan ezagutzen dut, eta haren mezua begiratzen ere. 56 Zuen aita Abraham loriatu zen nere eguna ikusiko zuelakoan; ikusi du, eta bozkariatu da.
57 Orduan, juduek erran zioten:
–Berrogeita hamar urterik ez duzu, eta Abraham ikusi duzula?
58 Jesusek ihardetsi:
–Egiaz-egiaz diozuet: Abraham sortu aitzin, ni banaiz.
59 Orduan, harriak hartu zituzten hari botatzeko; bainan Jesus gorde zen eta tenplutik atera.
Jesusek itsu sortua sendatu
9
1 Zoala, sortzez itsua zen gizon bat ikusi zuen Jesusek. 2 Eta dizipuluek galdegin zioten:
–Irakasle jauna, nork egin du bekatu, hori itsu sortzeko, berak ala aitamek?
3 Jesusek ihardetsi:
–Ez berak, ez eta aitamek; Jainkoaren egintzak horren baitan ager daitezen sortu da itsu. 4 Argi deno, igorri nauenaren egintzak bete behar ditugu; badator gaua, nehork ez baitezake lanik egin orduan. 5 Munduan naizeno, munduaren argia naiz.
6 Hori erran eta tu egin zuen lurrerat, tuaz lohia egin eta itsuari begiak lohiz perekatu. 7 Gero, erran zion:
–Zoazi garbitzera Siloeko uraskarat
9,7 Siloeko uraska: Jerusalemen hego-eguzkialdean zen, hiriko harresien barnean. Handik ateratzen zen ura Etxola-Bestetan (ik. Jn 7,37-39).
(Siloek «Igorria» erran nahi du).
Joan zen; garbitu eta ikusten zuela itzuli zen. 8 Auzoek eta lehenago eske ikusi ohi zutenek erraiten zuten:
–Ez ote da hori jarririk eske egoiten zena?
9 Batzuk zioten:
–Bai, hura da.
Beste batzuk, berriz:
–Ez, haren iduriko norbait da.
Berak, ordea, zion:
–Bai, ni naiz.
10 Galdatu zioten:
–Nola ideki zaizkizu begiak?
11 Harek ihardetsi:
–Jesus delakoak lohia egin du, begiak hartaz perekatu eta erran daut: «Zoazi Siloerat eta garbi zaite»; joan, garbitu eta ikusten hasi naiz.
12 Galdegin zioten:
–Nun da orai gizon hura?
Harek ihardetsi:
–Ez dakit.
Farisauak sendatze ikertzen
13 Itsu ohia farisaueri ereman zieten.
14 Hain zuzen sabatoa zen Jesusek lohia egin
9,13-14 lohia egin: Sabatokari egin behar ez zen lana (ik. 6. ber.).
eta begiak ideki ziozkan eguna. 15 Farisauek ere galdegin zioten nola hasi zen ikusten. Harek ihardetsi:
–Lohia ezarri daut begietan, garbitu naiz, eta ikusten dut.
16 Farisauetarik batzuk zioten:
–Gizon hori ez dator Jainkoarenganik, sabatoko pausua ez baitu begiratzen.
Beste batzuk, berriz, zioten:
–Bekatari batek nola egin lezake holako mirakuluzko seinalerik?
Eta zatituak ziren elkarren artean.
17 Orduan, berriz galdatu zioten itsuari:
–Eta hik, zer diok begiak ideki dauzkikanaz?
Harek ihardetsi:
–Profeta da.
18 Juduek, ordea, ez zuten sinetsi nahi gizon hura itsu izan eta gero ikusten hasi zela. Beraz, haren aitamak deitu 19 eta galdegin zieten:
–Hau dea zuen semea, itsu sortu zela diozuena? Nolaz ikusten du, bada, orai?
20 Aitamek ihardetsi zieten:
–Guk dakiguna da gure semea dela eta itsu sortu zela; 21 bainan orai nola ikusten duen, ez dakigu, begiak nork ideki diozkan,ez dakigu. Galdegiozue berari, adinetan da bere buruaren berri emaiteko.
22 Aitamek hola ihardetsi zuten juduen beldur zirelakotz, hauek ordukotz erabakia baitzuten Jesus Mesias zela aitortzen zuena sinagogatik kanpo ezartzea. 23 Horrengatik erran zuten aitamek: «Adinetan da, galdegiozue berari».
24 Farisauek itsu izana bigarren aldikotz deitu eta erran zioten:
–Errak egia Jainkoaren aitzinean
9,24 Errak egia Jainkoaren aitzinean: H.h., Emak aintza Jainkoari. Formula hau zinez egiaren erranarazteko erabili ohi zen (ik. Jos 7,19).
. Guk bazakiagu gizon hori bekataria dela.
25 Harek ihardetsi:
–Ez dakit bekataria den ala ez. Dakitana da itsu nintzela eta orai ikusten dutala.
26 Heiek berriz:
–Zer egin dauk? Nola ideki dauzkik begiak?
27 Harek ihardetsi:
–Jadanik errana dauzuet, eta ez dautazue kasurik egin. Zergatik nahi duzue berriz entzun? Zuek ere haren dizipulu izan nahi duzue ala?
28 Heiek laidoz estali eta erran zioten:
–Hi, bai, haren dizipulu; gu Moisen dizipulu gaituk. 29 Bazakiagu Jainkoa Moisi mintzatu zitzaiola, bainan hori nundik den ez zakiagu.
30 Harek ihardetsi:
–Hori da bai harritzekoa! Zuek nundik den ez jakin, horrek begiak ideki dauzkitalarik! 31 Badakigu Jainkoak ez dituela bekatariak entzuten, bainan jainkotiarra eta haren nahia egiten duena entzuten duela Jainkoak. 32 Egundaino ez da entzun itsu sortu bati nehork begiak ideki diozkanik. 33 Jainkoaganik ez balitz, gizon horrek ezin lezake deus egin.
34 Heiek ihardetsi zioten:
–Sortzetik dena bekatu izanki eta eskolatu behar gaituk?
Eta kanpo ezarri zuten.
Bihotzeko itsukeria
35 Jesusek jakin zuen kanpo ezarri zutela eta, harekin buruz buru eginik, galdatu zion:
–Sinesten duzu gizonaren semearen baitan?
36 Harek ihardetsi:
–Nor da, Jauna, haren baitan sinets dezatan.
37 Jesusek erran zion:
–Ikusia duzu. Mintzo zaizuna bera da.
38 Gizonak erran zuen:
–Sinesten dut, Jauna.
Eta Jesusen aitzinean ahuspekatu zen.
39 Orduan, Jesusek erran zuen:
–Mundu hunen auzitan ezartzera etorria naiz: ikusten ez dutenek ikus dezaten, eta ikusten dutenak itsu bilaka daitezen.
40 Jesusekin zauden farisau batzuk, hori entzunik, erran zioten:
–Gu ere itsuak ote gira?
41 Jesusek ihardetsi:
–Itsu bazinete, bekaturik ez zinukete; bainan ikusten duzuela baitiozue, zuen bekatuak dirau.
Artzaina eta ardiak
10
1 «Egiaz-egiaz diozuet: artegian atetik sartzen ez dena, baizik gainka beste nunbaitetik, ohoina da eta gaixtagina. 2 Atetik sartzen dena, berriz, artzaina da. 3 Hari idekitzen dio atezainak, eta haren mintzoa entzuten dute ardiek; bere ardiak beren izenez deitu eta kanporat eremaiten ditu. 4 Denak atera dituenean, aitzinean joaiten zaiote, eta ardiak jarraikitzen zaizkio, haren mintzoa ezagutzen baitute. 5 Arrotz bati, ordea, ez zaizkio jarraikiko; aitzitik, ihes eginen diote, arrotzen mintzoa ezagutzen ez dutelakotz».
6 Parabola hau eman zioten Jesusek, bainan heiek ez zuten konprenitu zer erran nahi zioten.
Jesus artzain ona
7 Orduan, Jesusek erran zioten aitzina: «Egiaz-egiaz diozuet: ni naiz ardientzat atea
10,7 Ni naiz...: Jesusek bere buruaz emaiten duen hirugarren definizionea; laugarrena 11. eta 14. bertsetetan dator (ik. 6,35 oh.).
. 8 Ni baino lehen etorri guziak ohoinak eta gaixtaginak dira; horrengatik, ardiek ez diete kasurik egin. 9 Ni naiz atea; nitarik sartzen dena, salbatua izanen da; sartzen eta ateratzen ahalko da, eta bazka aurkituko du. 10 Ohoina ez dator ebasteko, hiltzeko eta suntsitzeko baizik. Ni, berriz, bizia –eta bizia gaindika– ukan dezaten etorri naiz.
11 Ni naiz artzain ona
10,11 artzain ona: Artzaina herri-gidariak adiarazten dituen irudia da Biblian. Jainkoak hitzemana zion herriari (ik. Ez 34) artzain on bat, sasiartzainak baztertuko zituena.
; artzain onak bere bizia emaiten du ardientzat. 12 Mutilak, otsoa etortzen ikusi orduko, ardiak utzi eta ihes egiten du, ez baita artzaina eta ardiak ez baititu bereak. Orduan, otsoak ardiak harrapatzen eta barreiatzen ditu. 13 Alabainan, mutilari lan-saria zaio axola, eta ez ardiak.
14 Ni naiz artzain ona. Neure ardiak ezagutzen ditut
10,14 Ezagutzea, Biblian, maitatzea ere da.
, eta neure ardiek ezagutzen naute, 15 Aitak ni ezagutzen eta nik ere Aita ezagutzen dutan bezala. Neure bizia emaiten dut ardientzat. 16 Baditut artegi huntakoak ez diren beste ardi batzu; heien artzaingoa ere egin behar dut; nere mintzoa entzunen dute eta artalde bakarra izanen dira, artzain bakarrarekin.
17 Aitak maite nau, neure bizia emaiten baitut gero berriz hartzeko. 18 Nehork ez daut kentzen, neure nahitarat emaiten dut. Neure esku dut emaitea, eta neure esku berriz hartzea. Hori da neure Aitarenganik ukan dutan manua».
19 Jesusen erran hauengatik, juduak berriz ere zatitu ziren. 20 Ainitzek zioten: «Debruak hartua eta eroa da. Zertako kasu egiten diozue?» 21 Beste batzuk, berriz: «Ele horiek ez dira debruak hartu batenak. Debru batek itsuen begiak idek ote dezazke?»
Sasiartzainek Jesus baztertu
22 Negua zen. Jerusalemen tenpluaren sagara-bestak
10,22 tenpluaren sagara-bestak: Besta huntan Judas Makabearrak egin tenpluaren garbikuntza eta sagaratzea (K.a. 164an) ospatzen ziren.
ospatzen ziren. 23 Jesus tenpluko Salomonen aterpean
10,23 Salomonen aterpe: Ik. Eg 3,11 oh.
harat-hunat zabilan. 24 Juduek inguratu eta erran zioten:
–Noiz arte atxiki behar gaituzu dilindan? Mesias bazira, erraguzu argi eta garbi.
25 Jesusek ihardetsi:
–Errana dauzuet, bainan ez duzue sinesten. Neure Aitaren izenean egiten ditutan egintzak lekuko dira nere alde; 26 bainan ez duzue sinesten, nere ardietarik ez zireztelakotz. 27 Nere ardiek nere mintzoa entzuten dute, eta nik ezagutzen ditut; jarraikitzen zaizkit, 28 eta nik betiereko bizia emaiten diotet: ez dira sekula hilen, eta ez dauzkit nehork eskutik kenduko. 29 Eman dauzkitan nere Aita, denak baino gehiago da
10,29 Eman dauzkitan... gehiago da: Eskuizkribu ainitzek hau diote: Neure Aitak eman dautana, beste zernahi baino gehiago da.
, eta nehork ezin du deus kendu nere Aitaren eskutik. 30 Aita eta biak bat gira.
31 Juduek berriz harriak hartu zituzten haren harrikatzeko. 32 Jesusek erran zioten:
–Aitaren ganikako egintza eder ainitz erakutsi dauzuet; heietako zoinengatik harrikatu nahi nauzue?
33 Juduek ihardetsi:
–Ez zaitugu egintza eder batengatik harrikatu nahi, baizik blasfemioagatik, gizon izanki eta zeure burua Jainko egiten duzulakotz.
34 Jesusek ihardetsi zioten:
–Zuen Liburu Sainduetan ez ote da idatzia izan: Erran dut: jainko zirezte
10,34 jainko zirezte: Ik. Sal 82,6. Salmoan jainko zirezte jujeeri buruz errana da, hauek Jainkoaren –Juje Nagusiaren– boterearen partaide direlakotz. Bainan lege-irakasleek israeldar guzieri aplikatzen zieten. Are arrazoin gehiagoz, beraz, Aitak igorri duenari (36.ber.).
? 35 Beraz, Jainkoak jainko izena emaiten diote bere mezua igorri zioteneri, eta Liburu Sainduek errana ezin suntsitua da. 36 Nolaz diozue, bada, Aitak sagaratu eta mundurat igorri duen hunek, blasfemio egiten dutala, «Jainkoaren seme naiz» erran dutalakotz? 37 Aitaren egintzak egiten ez baditut, ez nezazuela sinets. 38 Bainan egiten baditut, sinesten ez banauzue ere, sinets egintzak, behin-betiko jakin dezazuen nik Aitarekin bat egiten dutala eta Aitak nerekin.
39 Arrastatu nahi ukan zuten berriz ere, bainan eskuetarik ihes egin zioten.
40 Berriz Jordanez bestalderat joan zen Jesus, lehenago Joanes bataiatzen ari izan zen lekurat, eta han egon zen. 41 Eta jende ainitz joaiten zitzaion. Erraiten zuten: «Joanesek, egia erran, ez zuen mirakuluzko seinalerik batere egin, bainan huntaz erran zuen guzia egia zen».
42 Eta han ainitzek Jesusen baitan sinetsi zuten.
Lazaroren heriotzea
11
1 Lazaro deitu gizon bat eri zagon. Betaniakoa
11,1 Betania: Jerusalemdik hurbil, Oliamendiren eguzkialdean den herria.
zen, Maria eta hunen ahizpa Martaren herrikoa. 2 (Maria hau –Lazaro eriaren arreba– Jauna usaingozoz gantzutu eta oinak bere ilez xukatu ziozkana zen). 3 Bi ahizpek Jesusi berria igorri zioten: «Jauna, maite duzuna eri da». 4 Hori jakitearekin, Jesusek erran zuen: «Eritasun horrek ez derama heriotzerat: Jainkoaren aintza erakutsi behar du, bide berez Jainkoaren semearen aintza ager dadin».
5 Jesusek maite zituen Marta eta hunen ahizpa, bai eta Lazaro. 6 Lazaro eri zela jakin ondoan, Jesus beste bi egun leku berean egon zen. 7 Gero, dizipulueri erran zioten:
–Goazen berriz Judearat.
8 Dizipuluek erran zioten:
–Irakasle jauna, berrikitan juduek harrika hil nahi zintuzten, eta berriz harat joan nahi duzula?
9 Jesusek ihardetsi:
–Egunak ez ote ditu hamabi oren? Egunaz dabilana ez da behaztopatzen, argitan ikusten baitu bidea; 10 bainan gauaz dabilana, behaztopatzen da, argirik ez baitu.
11 Eta erran zuen aitzina:
–Lazaro gure adiskidea lokartu da
11,11 lokartu da: Loa heriotzearen irudi zen.
; bainan banoakio iratzartzera.
12 Dizipuluek erran zioten, orduan:
–Jauna, lokartu bada, sendatuko da.
13 Jesusek Lazaroren heriotzeaz erran zuen hori, bainan dizipuluek ohiko loaz ari zela uste ukan zuten.
14 Orduan, argi eta garbi erran zioten Jesusek:
–Lazaro hila da, 15 eta bozkariatzen naiz han ez izanik, zuen onerako izanen baita, sinets dezazuen. Goazen harenganat.
16 Orduan, Tomasek, Birazkakoa deituak, beste dizipulueri erran zioten: «Goazen, gu ere, hunekin hiltzera».
Jesus, piztea eta bizia
17 Jesus lekuratu zenean, Lazaro hilobian zen lau egun hartan. 18 Betania Jerusalemdik hurbil da, hiru kilometretan edo; 19 eta judu ainitz etorri zen Maria eta Martaren kontsolatzera, anaiarengatik. 20 Jesus heldu zela entzun orduko, Marta biderat joan zitzaion; Maria, berriz, etxean egon zen. 21 Martak Jesusi erran zion:
–Jauna, hemen izan bazina, anaia ez zen hilen. 22 Bainan, badakit eskatuko diozun guzia emanen dauzula Jainkoak, oraino ere.
23 Jesusek ihardetsi:
–Piztuko da zure anaia.
24 Eta Martak:
–Badakit, bai, piztuko dela hilen piztean, azken egunean.
25 Jesusek erran zion:
–Ni naiz piztea eta bizia
11,25 Ni naiz piztea eta bizia: Zenbait eskuizkribuk ez dakarte eta bizia; ik. 6,35 oh.
; nere baitan sinesten duena, hilik ere, biziko da. 26 Eta nere baitan sinetsiz bizi dena, ez da betirako hilen. Sinesten duzu hori?
27 Martak ihardetsi:
–Bai, Jauna, sinesten dut Mesias zirela, Jainkoaren semea, mundurat etortzekoa zena.
Jesusek hilobi ondoan nigar egin
28 Hortan, bere ahizpa Mariari dei egitera joan zitzaion, eta erran zion ahapetik: «Irakasle jauna hemen dun eta galdegiten hau».
29 Entzun orduko, Maria jeiki eta Jesusenganat joan zen. 30 Jesus ez zen oraino herrian sartua, Martak aurkitu zuen lekuan zagon. 31 Etxean, kontsolatu nahiz ari zitzaizkion juduek Maria laster jeikitzen eta ateratzen ikusirik, jarraiki zitzaizkion, hilobian nigar egitera zoalakoan. 32 Maria, Jesus zagon lekurat heldu zelarik, hura ikustearekin, oinetarat erori zitzaion. Erran zion: «Jauna, hemen izan bazina, anaia ez zen hilen».
33 Maria eta harekin etorri juduak nigarrez ikusi zituenean, Jesusi barnea inarrosi zitzaion eta, durduzaturik, 34 erran zuen:
–Nun ezarri duzue?
Ihardetsi zioten:
–Jauna, zato ikustera.
35 Jesusek nigar egin zuen. 36 Juduek erran zuten orduan:
–Zein maite zuen!
37 Bainan batzuk erran zuten:
–Itsuaren begiak ideki dituenak ez ote zezakeen Lazaro hiltzetik begira?
Lazaroren piztea
38 Jesus, berriz ere barnea inarrosia, hilobirat joan zen. Harpe bat zen, harri batez hetsia. 39 Jesusek erran zuen:
–Kenazue harria.
Martak, Lazaro zenaren arrebak, erran zion:
–Jauna, usaindua daiteke, laugarren eguna da.
40 Jesusek ihardetsi:
–Ez ote dauzut erran sinesten baduzu Jainkoaren aintza ikusiko duzula?
41 Kendu zuten, beraz, harria. Jesusek, begiak zerurat altxaturik, erran zuen: «Aita, eskerrak zuri, entzun nauzulakotz. 42 Banakien beti entzuten nauzula; bainan inguruan dutan jendearengatik mintzatu naiz, zuk igorri nauzula sinets dezaten».
43 Hortan, ozenki oihu egin zuen: «Lazaro, zato kanporat!»
44 Atera zen hil izana, oinak eta eskuak oihal-zerrendaz loturik eta aurpegia hil-oihal batez inguraturik. Jesusek jendeeri erran zioten: «Laxa zazue eta utz joaitera».
Buruzagiek Jesusen hiltzea erabaki
(Mt 26,1-5; Mk 14,1-2; Lk 22,1-2)
45 Mariarenganat etorri judu ainitzek, Jesusek egina ikusi zutelarik, haren baitan sinetsi zuten. 46 Bainan, beste batzuk, farisauenganat joan eta Jesusek egin zuena kondatu zieten. 47 Orduan, apezburu eta farisauek Biltzar Nagusia bildu zuten, eta erran:
–Zer egin? Gizon hori mirakuluzko seinale ainitzen egiten ari da! 48 Hola uzten badugu, guziek horren baitan sinetsiko dute. Orduan, erromatarrek, etorri eta, xehatuko dituzte bai tenplua, bai herria.
49 Biltzarkide batek, urte hartan apez nagusia zen Kaifasek, erran zioten:
–Deusik ez duzue konprenitzen. 50 Ez zirezte ohartzen hobe duzuela gizon bakar bat herriarentzat hil dadin, herri osoa suntsitua izan baino?
51 Kaifasek ez zuen hori bere baitarik erran: urte hartako apez nagusia zelakotz, Jainkoaren izenean mintzatu zen, Jesusek herriarentzat hil behar zuela; 52 eta ez herriarentzat bakarrik, bai eta Jainkoaren haur barreiatuak elkarretarat biltzeko ere.
53 Egun hortan hartu zuten, beraz, Jesusen hiltzeko erabakia; 54 hargatik, Jesus ez zen agerian ibiltzen juduen artean; basamortu ondoko bazter baterat urrundu zen, Efraim
11,54 Efraim: Jerusalemdik ipar-mendebaldera 20 km ingurutan den herria, uste denaz.
deitu herrirat, eta han egon zen bere dizipuluekin.
55 Hurbil zen Bazko, juduen besta nagusia, eta herrietako jende ainitz Jerusalemerat igan zen Bazko aitzin, beren buruen garbiketaren egitera. 56 Jesus bilatzen zuten eta, tenpluan zaudela, elkarri ari ziren: «Zer iduritzen zaizue? Bestarat etorriko ote da?»
57 Apezburu eta farisauek manuak emanak zituzten, Jesus nun zen zakienak salaturik, arrasta zezaten.
Emazte batek Jesus usaingozoz gantzutu
(Mt 26,6-13; Mk 14,3-9)
12
1 Sei egun Bazko aitzin, Jesus Betaniarat joan zen, han bizi baitzen Lazaro, hiletarik piztu zuena. 2 Apairu bat eskaini zioten han; Marta zerbitzari zen, eta Lazaro Jesusekin mahaian zaudenetarik. 3 Orduan, Mariak nardo
12,3 nardo: Ik. Mk 14,3 oh.
garbizko kilo erdi bat usaingozo, balio handikoa, harturik, oinak gantzutu ziozkan Jesusi, eta gero bere ilez xukatu. Etxea usain gozoz bete zen. 4 Judas Iskariotek, Jesus salduko zuen dizipuluak, erran zuen: 5 «Zergatik ez da usaingozo hori hiru ehun denariotan saldu
12,5 hiru ehun denario: langile baten urtebeteko lan-saria kasik.
, eta saria behartsueri eman?»
6 Hori erran zuen, ez behartsuez axola zuelakotz, ohoina zelakotz baizik, eta, moltsa haren gain izanez, hartan ezarriak ebasten baitzituen. 7 Jesusek erran zuen: «Utzazu; nere ehorzketarako egin du hori. 8 Behartsuak beti zuekin dituzue, bainan ni ez nauzue betirako».
Buruzagiek Lazaro hil nahi
9 Judu ainitzek jakin zuten Jesus Betanian zela, eta harat joan ziren, ez Jesusengatik bakarrik, bai eta hiletarik piztu zuen Lazaro ikusteagatik ere. 10 Apezburuek, orduan, Lazaro ere hiltzea erabaki zuten, 11 harengatik herritar ainitzek uzten baitzituzten Jesusen baitan sinesteko.
Jesus Jerusalemen sartu Mesias bezala
(Mt 21,1-11; Mk 11,1-11; Lk 19,28-40)
12 Biharamunean, bestarat etorria zen jendalde handiak jakin zuen Jesus Jerusalemerat heldu zela. 13 Palmondo adarrak harturik, biderat atera zitzaizkion, eta oihuka hasi: «Hozanna! Benedikatua Jaunaren izenean datorrena,
12,13 Hozanna: Ik. Mk 11,9 oh. // Sal 115,25-26.
Israelgo erregea!»
14 Eta asto ttipi bat aurkiturik, Jesus gainean jarri zen, Liburu Sainduak dion bezala:
 
15 Ez beldur izan, Sion hiri eder!
Huna heldu zure erregea,
astokume baten gainean jarria .
 
16 Dizipuluek ez zuten orduan gertakari hori konprenitu, bainan gero, Jesusen Jainkoaintza agertu zelarik, oroitu ziren Liburu Sainduak zion hura bera egin zitzaiola Jesusi.
17 Jesusek Lazaro hilobitik deitu eta hiletarik piztu zuelarik, han zen jendeak gertatu zenaren berri emaiten zuen. 18 Horrengatik etorri zitzaion biderat hainbeste jende Jesusi: egin zuen mirakuluzko seinalearen berri jakin zutelakotz. 19 Orduan, farisauek beren artean egin zuten: «Ikusten duzue deusik ez dezakezuela; beha nola doakion jendea ondotik».
Greziar batzuk Jesus ikusi nahi
20 Bestaz Jainkoaren adoratzera etorri zirenen artean greziar batzu
12,20 greziar batzu: Hauek ez ziren juduak, juduen erlisionezale ziren atzerritarrak baizik, edo menturaz juduberriak (ik. Eg 2,11 oh.).
baziren. 21 Galilea Betsaidako Filiperi hurbildu eta galde hau egin zioten: «Jauna, Jesus ikusi nahi ginuke».
22 Filipe Andreri erraitera joan zitzaion, eta biek Jesus mintzatu zuten. 23 Jesusek ihardetsi zioten: «Etorria da gizonaren semearen aintza agertuko den ordua. 24 Egiaz-egiaz diozuet: ogi-bihia, lurrerat erori eta hiltzen ez bada, bakarrik egoiten da; hiltzen bada, ordea, fruitu ainitz emaiten du. 25 Bere bizia maite duenak galduko du; bainan mundu huntan bere biziari atxikia ez denak betiko bizirako begiratuko du. 26 Nere zerbitzaria izan nahi duena jarraik bekit eta, ni nun naizen, han izanen da nere zerbitzaria ere. Nere zerbitzari dena, Aitak ohoratuko du.
Jesus bere heriotzearen aitzinean
27 Durduzatua dut orai barnea. Eta zer erran? Sofri ordu huntarik atera nezan eskatuko ote diot Aitari? Ez, hain zuzen ordu huntarako etorria bainaiz! 28 Aita, ager zazu zeure aintza!»
Mintzo bat izan zen orduan zerutik: «Neure aintza agertu dut, eta berriz ere agertuko».
29 Han zauden jendeek, mintzoa entzunik, ortzantza izan zela zioten; beste batzuk, berriz, aingeru bat mintzatu zitzaiola.
30 Jesusek erran zioten: «Mintzo hori ez zen neretzat, zuentzat bai. 31 Orai jujatua izanen da mundu hau; orai kanporat botatua mundu hunen buruzagia. 32 Eta nik, lurretik altxatua izanen naizenean, denak neureganat erakarriko ditut».
33 Hitz hauen bidez, nolako heriotzez hilen zen adiarazi zuen.
34 Jendeak erran zion:
–Mesiasek sekulako egon behar duela ikasi dugu Liburu Sainduetarik. Nolaz diozu, bada, gizonaren semeak lurretik altxatua izan behar duela? Nor da gizonaren seme hori?
35 Jesusek ihardetsi:
–Oraino apur batez argia zuen artean da; ibil argia duzueno, ilunpeak harrapa ez zaitzaten, ilunpean dabilanak ez baitaki norat doan. 36 Argia duzueno, sinetsazue argiaren baitan, argitakoak izan zaitezten.
Hola mintzatu ondoan, Jesus urrundu eta gorde zitzaioten.
Azken hitz: juduek ez sinetsi
37 Jesusek heien aitzinean hainbeste mirakuluzko seinale eginik ere, ez zuten haren baitan sinetsi; 38 hola bete zen Isaias profetak errana:
 
Jauna, nork sinetsi du gure mezua?
Eta nori agertu dio Jaunak bere ahala?
 
39 Isaias horrek berak erran zuen zergatik ez zuten sinesten ahal:
 
40 Itsutu ditu heien begiak,
gogortu heien bihotza,
ez dezaten beren begiez ikus,
ez eta bihotzez konpreni,
nereganat itzul ez daitezen,
nik sendatuko bainituen .
 
41 Isaiasek hori erran zuen, ikusi baitzuen Jesusen aintza, eta hartaz mintzatu baitzen.
42 Halere, buruzagietarik ainitzek sinetsi zuten haren baitan; bainan, farisauengatik, ez zuten agerian aitortzen, sinagogatik kanpo ezar ez zitzaten: 43 jendeek eman ohorea nahiago zuten Jainkoarenganik datorrena baino.
44 Jesusek oihu eginez erran zuen: «Nere baitan sinesten duenak, ez du sinesten nere baitan, baizik ni igorri nauenaren baitan. 45 Eta ni ikusten nauenak, ni igorri nauena ere ikusten du. 46 Ni argia bezala etorri naiz mundurat, nere baitan sinesten duenik nehor ilunpean egon ez dadin. 47 Nik erranak entzun eta begiratzen ez dituena, ez dut nik kondenatzen, ez bainaiz munduaren kondenatzera etorria, munduaren salbatzera bai. 48 Ni arbuiatzen eta nik erranak onartzen ez dituenak, kondenatzailea badu: nik adiarazi mezuak berak kondenatuko du azken egunean, 49 ez bainaiz neure burutarik mintzatu, igorri nauen Aitak manatu daut zer erran eta irakats. 50 Eta badakit Aitak manatuak betiko bizia dakarrela. Erraiten dutana, Aitak manatu bezala erraiten dut».