8 Lanean ari ziren ofizialeek egoitza egin zuten, liho-hari bihurtuz eta purpura urdin, gorri eta gorriminez egin hamar oihalkiz; oihaletan izaki hegaldunak apain bordatu zituzten. 9 Oihalki guziak neurri berekoak ziren: hamalau metra luze eta bi metra zabal. 10 Oihalkiak elkarrekin josi zituzten bosnako bi sailetan, 11 eta purpura urdinezko lokarriak ezarri bi oihalki-sailen bazterretan: 12 berrogeita hamar lokarri bazter bakotxean, alde batekoak bestekoeri egokituz. 13 Urrezko berrogeita hamar krasko ere egin zituzten, eta horiekin oihalki-sail bat besteari lotu, egoitza osoak bat egiten zuela.
14 Ahuntz-ilezko beste hameka oihalki ere egin zituzten, egoitza estaliko zuen oihal-etxola eratzeko. 15 Oihalki guziak neurri berekoak ziren: hamabost metra luze eta bi metra zabal. 16 Oihalkiak elkarrekin josi zituzten, bost alde batetik eta sei bestetik. 17 Gero, berrogeita hamar lokarri ezarri zituzten elkarrekin josi sail bakotxaren bazterrean. 18 Brontzezko berrogeita hamar krasko ere egin zituzten, oihal-etxolaren lotzeko, dena bat izan zadin. 19 Bi estaldura egin zituzten oihal-etxolako: bata gorriz tindatu marro-larruzkoa, eta haren gainetik bestea, larru finezkoa.
20 Akazia-zurezko oholak egin zituzten egoitzako eta zutik ezarri: 21 ohol bakotxa bost metra luze zen eta hirurogeita hamabost zentimetra zabal; 22 bi mihi bazituen bakotxak ondokoarekin elkartzeko. Holakoak egin zituzten egoitzako ohol guziak. 23 Hauetarik hogei hegoalderat ezarri zituzten, 24 azpian zilarrezko berrogei oin zituztela: ohol bakotxak bi oin beste hainbeste mihirentzat; 25 egoitzaren bestalderat, iparralderat, beste hogei ohol, 26 azpian zilarrezko berrogei oin zituztela, ohol bakotxeko bi oin; 27 egoitzaren gibelalderat, mendebalderat, sei ohol, 28 eta beste bi gibelaldeko kantoinetako. 29 Ohol hauek beherekaldean berex ezarri zituzten eta gainekaldean, lehen eraztunaren parean, ongi lotuak. Hola egin zituzten kantoinetako bi oholak ere. 30 Zortzi ohol hauek zilarrezko hamasei oin zituzten, ohol bakotxeko bi oin.
31 Akazia-zurezko bost zehar-zur egin zituzten, egoitzaren alde bateko oholentzat, 32 bost bestaldeko oholentzat eta bost gibelaldeko, erran nahi baita, mendebaldeko oholentzat. 33 Erdiko zehar-zurak buruan buru erditik zeharkatzen zituen oholak. 34 Oholak eta zehar-zurak urreztatu zituzten eta urrezko eraztunak egin, hauetarik zehar-egurrak pasarazteko.
35 Gortina ere egin zuten, purpura urdin, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurtuz ehoa, eta han apain bordatu bi izaki hegaldun. 36 Gortinarentzat akazia-zurezko lau zutabe egin zituzten, urrez estaliak eta urrezko gakoz hornituak, eta, zilarra urtuz, lau oin egin ziozkaten zutabeeri.
37 Oihala egin zuten etxolaren sargiako, purpura urdin, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurtuz apain ehoa. 38 Oihalarentzat bost zutabe egin zituzten beren gakoekin; urreztatu zituzten zutabe-gainak eta ziriak, eta brontzezko bost oin egin zutabeentzat.
|