|
11 Orduan, Moisek, bere Jainko Jaunaren sumina eztitu nahiz, erran zion: «Jauna, nolaz jarriko zira, bada, haserre-sutan, hain ahal handiz Egiptotik atera duzun zure herri hunen kontra? 12 Hara zer erranen luketen egiptoarrek: Gaixtakeriaz atera ditu Jainkoak, mendian hilarazteko, lurraren gainetik xahutzeko.
Ezti zazu zure haserre-sumin hori, begira zaite herriari holako kaltea egitetik. 13 Oroit zaite  32,13 oroit zaite: Arbasoeri egin ondoretasun ugaria eta lurralde hitzemana berriz oroitarazten zaizkio Jainkoari (ik. Has 12,3 eta Jal 1,7 eta 2,24 oh.). Abraham, Isaak eta Jakob zure zerbitzariez eta heieri egin zinioten zin huntaz: Zuen ondokoak zeruko izarrak bezain ugari eginen ditut, eta zueri hitzeman dauzuetan lurralde hau betiko ondaretasuntzat emanen diotet».
14 Hola, Jauna begiratu zen bere herriari egin mehatxutik.
Moisek legearen harri-lauzak hautsi
15 Mois menditik jautsi zen, legearen harri-lauzak eskuetan zituela. Harri-lauzak bi aldeetarik idatziak ziren: 16 Jainkoak berak eginak ziren eta heietan idatzia ere Jainkoak berak zizelkatua zen.
17 Herriaren oihuak entzutearekin, Josuek Moisi erran zion:
–Entzun, gudu-oihuak kanpalekuan!
18 Moisek ihardetsi:
–Ez dira garaileen oihuak, ez eta garaituenak ere; besta-oihuak dira entzuten ditutanak.
19 Kanpalekurat hurbildurik zezenkoa eta dantzak ikusi zituenean, haserre-sutan jarri zen Mois, eta harri-lauzak, eskuetarik botaz, mendi zolan puskatu zituen. 20 Zezenkoa hartu, surat bota eta xehe-xehea erraustu zuen; gero, errautsa urean nahasi eta israeldarreri edanarazi zioten  32,20 israeldarreri edanarazi zioten: Erran-aldi hau ez da agertzen Dt 9,21eko paraleloan. Hemen ez da argi ikusten egintza horren erran-nahia (ik. Zen 5,11-28). . 21 Eta Aaroni galdegin zion:
–Zer egin dauzu herri hunek? Nola eginarazi diozu holako bekatu larria?
22 Aaronek ihardetsi:
–Ene jauna, ez zaitela sumindu. Badakizu herri hau gaizkirat ekarria dela. 23 Erran dautate: «Egiguzu bidean gidatuko gaituen jainkoa, ez baitakigu zer gertatu zaion Egiptotik atera gaituen Mois hari». 24 Orduan, nik erran diotet: «Ba ote du norbaitek urrerik?» Heiek urrea bildu eta ekarri dautate; nik surat bota, eta hara, zezenko hori atera da!
Zigorra
25 Ohartu zen Mois Aaronek herria bereber utzi zuela, etsaien trufa-bazka, 26 eta, kanpalekuan xutik, oihu egin zuen: «Nereganat Jaunaren aldekoak!»
Levitar guziak bildu zitzaizkion. 27 Moisek erran zioten: «Hunela dio Israelgo Jainko Jaunak: Har beza nork bere ezpata eta zeharka kanpalekua, atez ate jendea hilez, nahiz eta anaia, laguna edo auzokoa izan».
28 Levitarrek egin zuten Moisek manatua, eta hiru milako bat gizon hil ziren egun hartan. 29 Moisek erran zuen, orduan: «Gaur Jaunari sagaratuak izan zirezte, ezbairik gabe semea edo haurridea hil duzuelakotz. Jaunak benedikatu zaituzte gaur  32,29 benedikatu zaituzte gaur: Testua guziz zalantzazkoa da (ik. Dt 33,9). ».
Mois barkamendu eske Jaunarenganat
30 Biharamunean, Moisek herriari erran zion: «Bekatu larria egin duzue. Orai, Jaunarenganat igan behar dut, ea zuentzat barkamendua erdietsiko dutan».
31 Jaunarenganat itzuli eta erran zion:
–Zinez bekatu larria egin du herri hunek, urrezko jainkoa eginez. 32 Bainan otoi, barka zazu; bestela, ken nere izena idatzia duzun biziaren liburutik  32,32 biziaren liburutik: H.h., liburutik. Beharbada, Jainkoaren liburu hau kondaketetan egiten ziren izen-zerrendek inspiratua da: zerrendatik kanpo gelditzen zena, ez zen gehiago herrikide ere (ik. Sal 69,29). .
33 Jaunak, ordea, ihardetsi zion:
–Nere kontra bekatu egiten duena bakarrik kenduko dut nere liburutik. 34 Zoazi orai, eremazu herria erran dauzutan lekurat. Nere aingeruak gidatuko zaitu. Bainan etorriko da zigor-eguna: orduan zigortuko ditut beren bekatuagatik.
35 Jaunak herria zigortu zuen Aaroni zezenkoa egiteko eskatu ziolakotz.
Jainkoak Moisi abiatzeko manatu
33
1 Jaunak Moisi erran zion: «Atera hemendik eta zoazte zu eta Egiptotik atera duzun herria, Abrahami, Isaaki eta Jakobi zin eginez heien ondokoeri emanen niotela hitzeman lurralderat  33,1 hitzeman lurralderat: Bideari lotzen dira berriz; horrengatik, arbasoeri egin agintzaren beste aipamen bat badugu hemen (ik. 2,24 oh.). . 2 Aingerua igorriko dauzut gida zaitzan, eta haizatuko ditut lurralde hartarik kanaandar, amortar, hitita, periztar, hibiar eta jebustarrak. 3 Zoazte esnea eta eztia darizkion lurralderat  33,3 esnea... lurraldea: Ik. 3,8 oh. ; bainan ni ez naiz zuekin joanen, burugogorrak baitzirezte; bestela, bidean xahutuko zintuzketet».
4 Goibel jarri zen herria holako hitz gogorrak entzutean, eta ez zen nehor besta-jantziz apaindu, 5 Jaunak Moisi errana baitzion: «Errozute israeldarreri: Herri burugogorra zirezte! Apur batez zuekin joaiten banaiz, xahutuko zaituztet. Erantz besta-jantziak, eta ikusiko dut zer egin zuetaz».
6 Hola, Horeb menditik harat, israeldarrek ez zuten besta-jantzirik erabili.
Elkarketa-etxola
7 Moisek etxola hartu zuen eta kanpalekutik urrun ezarri. «Elkarketa-etxola» eman zion izena. Jaunaren nahia jakin nahi zuena, kanpalekutik kanpoko elkarketa-etxolarat joaiten zen. 8 Mois etxolarat zoanean, berriz, herri osoa, nor bere etxolaren sargian, Moisi beha egon ohi zen, hura etxolarat sartu arte. 9 Mois harat sartu orduko, hodei-adarra  jausten zen eta etxola-sargian gelditzen, Jaunak Moisekin hitz egiten zuen bitartean. 10 Hodei-adarra etxola-sargian ikustearekin, herri osoa ahuspez jartzen zen, nor bere etxola aitzinean. 11 Jaunak aurpegiz aurpegi hitz egiten zuen Moisekin, lagunak lagunarekin hitz egiten duen bezala. Gero, Mois kanpalekurat itzultzen zen, bainan haren laguntzaile Josue, Nunen semea, ez zen etxola barnetik higitzen.
Mois Jaunarekin mintzo
12 Moisek Jaunari erran zion:
–Beha, zuk herri hau gidatzeko erraiten dautazu, bainan ez duzu erraiten nor igorriko dautazun laguntzeko. Erran dautazu nitaz fidatzen zirela ere eta gogoko nauzula. 13 Hori egia bada, agerzkidazu zure asmoak; hola jakinen dut zinez gogoko nauzula. Ez ahantz herri hau zeure herria duzula.
14 Jaunak erran zion:
–Nihaur joanen naiz zurekin eta pausu emanen dauzut.
15 Moisek ihardetsi:
–Zuhaur gurekin etortzen ez bazira, ez gaitzazu hemendik abiaraz. 16 Nola jakin zeure herria eta nihaur gogoko gaituzula, zuhaur gurekin ez bazira? Hola bakarrik izanen gira zure herri hau eta ni beste herriak ez bezalakoak.
17 Jaunak erran zion:
–Erran duzun hori ere eginen dut, gogoko baitzaitut eta zutaz fidatzen bainaiz.
Moisek Jaunaren ikustea eskatu
18 Moisek Jaunari erran zion:
–Erakuts ezadazu, otoi, zure aintza.
19 Jaunak ihardetsi:
–Nere edertasun guzia zure aitzinean pasaraziko dut eta nere izena oihu eginen: «Jauna  ». Urrikaldu nahi dutanaz urrikaltzen naiz, eta gupida ukan nahi dutana gupida dut. 20 Bainan nere aurpegia ez dezakezu ikus, jendeak ez bainezake ikus eta bizirik egon.
21 Jaunak erran zuen:
–Huna leku bat nere ondoan; zaude xutik harrokaren gainean. 22 Nere aintza iragaitean, harroka-ziloan sartuko zaitut eta neure eskuz estaliko, ni iragan arte. 23 Gero, eskua kenduko dut, eta bizkarraldea ikusten ahalko dautazu; bainan ene aurpegia ez daiteke ikus.
Legearen harri-lauza berriak
34
1 Jaunak Moisi erran zion: «Lant lehengoak bezalako beste bi harri-lauza, hautsi zinituen lehen lauzetako hitz berberak idatz ditzatan. 2 Egon prest bihar goizean mendirat igaiteko; nere aitzinean aurkeztuko zira han, mendi-kaskoan. 3 Ez dadila nehor zurekin igan, ez eta ager ere mendi alderat; ez dadila ardi edo behirik alhan egon mendi inguruan».
4 Moisek lehengoak bezalako bi harri-lauza landu zituen. Eta biharamunean, goizean goiz, bi harri-lauzak harturik, Sinai mendirat igan zen, Jaunak manatu bezala.
Jainkoa Moisi agertu
5 Orduan, Jainko Jauna hodei batean jautsi eta Moisekin egon zen, eta izena oihu egin zuen  34,5 oihu egin zuen: Aditzaren subjektua ixildua baita, konpreni daiteke Mois dela Jauna oihu egiten duena. : «Jauna». 6 Moisen aitzinetik iragan zen Jauna, oihu eginez: «Jauna! Jauna! Jainko bihozbera eta urrikalkorra, berant-haserre, osoki leial eta egiazalea; 7 mila gizalditaraino leial dagona; hoben, jazarraldi eta bekatu jasaiten dituena; ez, ordea, hobenduna hobengabetzat uzten, baizik aitamen hobena seme-alabetan eta seme-alaben seme-alabetan zigortzen duena, hirugarren eta laugarren gizaldiraino».
8 Berehala, lurreraino ahuspekatu zen Mois, 9 eta erran zuen: «Jauna, gogoko banauzu, zato gurekin, otoi! Herri hau burugogorra da, bai; bainan zuk barka gure hobena eta bekatua, eta har gaitzazu zure ondoretasuntzat».
Elkargoa egiteko baldintzak
10 Jaunak erran zuen: «Elkargo bat eginen dut orai zure herri osoarekin. Nihun lurreko herritan gertatu ez diren bezalako gauza harrigarriak eginen ditut, eta inguruan duzun herri osoak ikusiko du Jaunak egin dezakeena, izigarria baita zure bitartez eginen dutana.
11 Begira zazue gaur manatzen dauzuetana, eta nik haizatuko ditut zuen aitzinetik amortar, kanaandar, hitita, periztar, hibiar eta jebustarrak.
12 Ez elkargorik egin sartuko zirezten lurraldeko bizilagunekin, erorbide gerta ez dakizuen. 13 Aitzitik, aurtik heien aldareak, hauts zutarri  34,13 hesol sakratuak: Ik. 23,24 oh. // zutarri sakratuak: Axeraren (Astarte), amodioaren eta emankortasunaren jainkosa zenaren ohoretan eraikiak (ik. Dt 16,21; Ep 6,25-32). sakratuak eta motz hesol sakratuak. 14 Ez ahuspeka beste jainkoen aitzinean, Jauna bekaiztia baita eta Jainko bekaizti  du izena. 15 Bestela, lurralde hartako bizilagunekin elkargo egin bazinezate, heiek, beren sasikultuen egitean eta beren jainkoeri oparien eskaintzean, zuek ere gomitatuko zintuzkete eta heien oparietarik janen zinukete; 16 edo zihauren semeak heien alabekin ezkonduko zinituzkete, eta hauek, beren jainkoen ohoretan kultua egitean, zuen semeak ere sasikulturat erakarriko lituzkete.
17 Ez egin metal urtuzko idolorik.
18 Ospa Altxagarri gabeko Ogien Besta  34,18 Altxagarri gabeko Ogien Besta: Ik. 12,15 oh. : nik manatu bezala, zazpi egunez altxagarri gabeko ogia janen duzue, Abib hilabetean, ezarri egunetan, hilabete hortan atera baitzirezte Egiptotik.
19 Zuen lehen-semeak oro nereak dira, bai eta lehen aberekume arrak ere, abere xehe edo larri. 20 Lehen astokumea bildots edo pittikarekin trukatuko duzue; trukatzen ez baduzue, hilen duzue  , lepoa hautsiz. Zihauren lehen-semeak oro berreskuratuko dituzue, ordezko eskaintza eginez. Ez da nehor nere aitzinerat eskuak hutsik agertuko.
21 Egin lan sei egunez, bainan har pausu zazpigarrenean  , bai ereintza-garaian eta uzta-aroan.
22 Ospa Asteen Besta, ogi-uztaren lehen fruituena eta urteburuko uzta-biltzearena  34,22 Asteen Besta: 23,16an (ik. oh.) uzta-besta deitua. // urteburuko uzta-biltzearena: Ik. 23,16 oh. .
23 Gizon guziak urtean hiru aldiz aurkeztuko dira Israelgo Jainko Jaunaren aitzinerat.
24 Gabeturik utziko ditut atzerritarrak, eta zuen lurraldea hedatuko dut. Nehork ez du zuen lurraldeaz jabetzeko gutiziarik izanen, zihauren Jainko Jaunaren aitzinean urtean hiru aldiz aurkeztuko zireztenean.
25 Ez eskain sakrifizioetako abere-odolik ogi altxatuarekin, ez begira ere ondoko eguneko  Bazko Bestako abere hilik.
26 Ereman zihauren lurreko lehen fruituak Jaunaren, zuen Jainkoaren, etxerat.
Ez egos pittikarik bere amaren esnean  ».
27 Jaunak Moisi erran zion: «Idatz manamendu horiek, zurekin eta israeldarrekin egiten dutan elkargoaren muina baitira».
28 Berrogei egun eta berrogei gau egon zen Mois mendian Jaunarekin. Ez zuen deusik jan, ez edan. Han idatzi zituen  34,28 idatzi zituen: Moisek edo Jaunak, subjektua ez baita erraiten; ik. 24,4 oh. harri-lauzetan elkargoko hitzak, hamar manamenduak.
Mois kanpalekurat itzuli
29 Mois Sinai menditik jautsi zen, legearen bi harri-lauzak eskuan zeramatzala. Ez zakien aurpegia distiratsu zuela  34,29 distiratsu: Hola itzuli dugun aditza adar hitzaren erro berekoa da; hortik dator latinezko lehengo itzulpena: adarrak bazituen, eta itzulpen hunen ondorioz arteak sortu dituen Moisen hainbat irudi ere. , Jaunarekin mintzaturik. 30 Aaronek eta israeldar guziek ikusi zuten Moisek aurpegia distiratsu zuela, eta beldur ziren harenganat hurbiltzeko. 31 Moisek dei eginik, Aaron eta elkarteko aitzindariak hurbildu zitzaizkion, eta Mois mintzatu zitzaioten. 32 Gero, israeldar guziak hurbildu zitzaizkion, eta Jaunak mendian eman manamendu guziak adiarazi ziozkaten Moisek.
33 Heiekin mintzatu ondoan, oihalki batez estali zuen bere aurpegia. 34 Jaunarekin mintzatzeko haren aitzinerat sartzen zenean, oihala kentzen zuen atera arte. Ateratzean, Jaunak manatua adiarazten zioten israeldarreri. 35 Israeldarrek Moisen aurpegia distiratsu ikusten zuten; orduan oihalkiaz estaltzen zuen, Jaunarekin berriz mintzatzera sartu arte.
35
1 Moisek israeldarren elkarte osoa bildu eta erran zioten  35,1 erran zioten: Ik. 25,2 oh. 35–39 kap.etan kasik h.h. errepikatzen dira 25–31 kap.ak; beraz, segidakoentzat ik. aitzinekoetan eman oh.ak. : «Huna zer egiteko manatu duen Jaunak: 2 Sei egunez lan eginen duzue, bainan zazpigarrena sabatoa da, Jaunari sagaratu pausu-eguna. Sabatokari lan eginen duena hil behar da. 3 Ez duzue surik ere eginen sabatokari zihauren bizilekuetan».
Israeldarrek eskaintzak ereman (25,1-7)
4 Moisek israeldarren elkarte osoari erran zion: «Huna Jaunak manatzen duena: 5 Bil zihauren artean Jaunarentzat oparia. Jaunari oparia emaiteko borondatea dutenek ekar bitzate urrea, zilarra eta brontzea, 6 purpura urdin, gorri eta gorrimina, liho fina, ahuntz-ilea, 7 gorriz tindatu marro-larruak eta larru finak, akazia-zura, 8 argi-olioa, gantzu-olio eta intsentsuarentzat usainkiak, 9 apez nagusiaren efod jantzia eta bularrekoa hornitzeko onize harria eta beste harribitxiak.
10 Zuen arteko ofiziale trebe oro datorrela Jaunak manatu guziaren egitera: 11 egoitza, haren oihal-etxola eta estaldura, krasko, ohol, zehar-zur, zutabe eta oin; 12 kutxa bere haga, estalgi eta gortinarekin; 13 mahaia bere haga eta tresnekin eta Jaunari eskaini ogia; 14 argimutila bere hornigai eta kriseiluekin eta argi-olioa; 15 intsentsu-aldarea bere hagekin, gantzu-olioa, intsentsu usaintsua, egoitza-sargiako oihala; 16 erre-oparien aldarea bere sare, haga eta tresna guziekin, aska bere oinarekin; 17 atariko oihalak zutabe eta oinekin, atari-sargiako oihala; 18 egoitza eta atariko hesolak beren sokekin; 19 saindutegiko liturgi zerbitzuko jantziak, Aaron apezaren jantzi sakratuak eta haren semeen apez-zerbitzuko jantziak».
20 Israeldarren elkarte osoa urrundu zen Moisenganik. 21 Emaiteko borondatea zuten bihotz-zabaleko israeldar guziek Jaunarentzat oparia ekarri zuten, elkarketa-etxolaren eraikitzeko, hango zerbitzu eta jantzi sakratuendako. 22 Etorri ziren bihotz-zabaleko gizon-emazteak eta urrezko bitxiak ekarri zituzten, katetxoak, beharritakoak, eraztunak eta lepokoak: urrezko bitxi horiek Jaunari aurkeztu ziozkaten, errituzko aurkezpen-keinua eginez. 23 Purpura urdin, gorri eta gorrimina, liho fina, ahuntz-ilea, gorriz tindatu marro-larruak edo larru finak zauzkatenek ekarri zituzten. 24 Zilarra edo brontzea zutenek Jaunari eskaini zioten; hala egin zuten akazia-zura zutenek ere beharrezko ziren lanetako. 25 Iruten trebeak ziren emazteek beren eskuz eho purpura urdin, gorri eta gorrimina eta liho fina ekarri zituzten. 26 Trebeak eta laguntzeko gogotsu ziren emazteek ahuntz-ilea eho zuten. 27 Buruzagiek onize harriak eta beste harribitxiak ekarri zituzten apez nagusiaren efod jantziaren eta bularrekoaren hornitzeko, 28 usainkiak eta olioa argi, gantzu-olio eta intsentsu usaintsuarentzat. 29 Jaunak Moisi manatu ziozkan lanetako behar zirenak emaiteko bihotz-zabal ziren israeldarrek beren borondatezko eskaintza ekarri zuten Jaunarentzat.
Moisek Betzaleli eta Oholiabi lanerat dei egin (31,1-11)
30 Moisek israeldarreri erran zioten: «Hara, Judaren leinuko Uriren seme eta Hurren biloba den Betzalel hautatu du Jaunak, 31 eta Jainkoaren izpirituz bete, trebetasun, adimendu eta lan guzietako gaitasuna emanez: 32 artelanen asmatzeko, urre, zilar eta brontzezko lanen egiteko, 33 harribitxien eta zuraren lantzeko, eta beste edozoin langintzetako. 34 Hari eta Danen leinuko Ahisamaken seme Oholiabi irakasteko dohaina ere eman diote. 35 Trebetasunez jantzi ditu edozoin artelan asmatu eta lantzeko, purpura urdin, gorri eta gorrimina eta liho fina iruteko eta bordatzeko, eta edozoin artelan asmatu eta egiteko.
36
1 Beraz, Betzalelek, Oholiabek eta saindutegiko zerbitzuko behar den guziaren egiteko trebetasuna eta adimendua Jaunak eman diozkaten ofizialeek, Jaunak manatu bezala eginen dute guzia».
2 Deitu zituen, bada, Moisek bai Betzalel eta Oholiab, bai Jaunak trebetasuna eman zioten eta laneko borondatea zuten guziak, 3 eta eskurat eman ziozkaten, saindutegiko zerbitzuan behar zenaren egiteko israeldarrek ekarri eskaintza guziak. Eguna jin, eguna joan, israeldarrek beren borondatezko eskaintzak ekartzen baitzituzten aitzina, 4 saindutegiko lanetan ari ziren ofizialeak lana utzi eta 5 Moisenganat joan ziren, erraitera: «Jaunak manatu lanaren egiteko behar den baino gehiagoren ekartzen ari da herria». 6 Orduan, Moisek manu hau oihukatu zuen kanpalekuan: «Ez gizonek, ez emazteek, ez dezatela gehiago saindutegirako eskaintzarik ekar». Eta herria gelditu zen eskaintza ekartzetik, 7 egin behar ziren lanetako nahikoa eta gehiago baitzen ordu arte ekarririk.
8 Lanean ari ziren ofizialeek egoitza egin zuten, liho-hari bihurtuz eta purpura urdin, gorri eta gorriminez egin hamar oihalkiz; oihaletan izaki hegaldunak apain bordatu zituzten. 9 Oihalki guziak neurri berekoak ziren: hamalau metra luze eta bi metra zabal. 10 Oihalkiak elkarrekin josi zituzten bosnako bi sailetan, 11 eta purpura urdinezko lokarriak ezarri bi oihalki-sailen bazterretan: 12 berrogeita hamar lokarri bazter bakotxean, alde batekoak bestekoeri egokituz. 13 Urrezko berrogeita hamar krasko ere egin zituzten, eta horiekin oihalki-sail bat besteari lotu, egoitza osoak bat egiten zuela.
14 Ahuntz-ilezko beste hameka oihalki ere egin zituzten, egoitza estaliko zuen oihal-etxola eratzeko. 15 Oihalki guziak neurri berekoak ziren: hamabost metra luze eta bi metra zabal. 16 Oihalkiak elkarrekin josi zituzten, bost alde batetik eta sei bestetik. 17 Gero, berrogeita hamar lokarri ezarri zituzten elkarrekin josi sail bakotxaren bazterrean. 18 Brontzezko berrogeita hamar krasko ere egin zituzten, oihal-etxolaren lotzeko, dena bat izan zadin. 19 Bi estaldura egin zituzten oihal-etxolako: bata gorriz tindatu marro-larruzkoa, eta haren gainetik bestea, larru finezkoa.
20 Akazia-zurezko oholak egin zituzten egoitzako eta zutik ezarri: 21 ohol bakotxa bost metra luze zen eta hirurogeita hamabost zentimetra zabal; 22 bi mihi bazituen bakotxak ondokoarekin elkartzeko. Holakoak egin zituzten egoitzako ohol guziak. 23 Hauetarik hogei hegoalderat ezarri zituzten, 24 azpian zilarrezko berrogei oin zituztela: ohol bakotxak bi oin beste hainbeste mihirentzat; 25 egoitzaren bestalderat, iparralderat, beste hogei ohol, 26 azpian zilarrezko berrogei oin zituztela, ohol bakotxeko bi oin; 27 egoitzaren gibelalderat, mendebalderat, sei ohol, 28 eta beste bi gibelaldeko kantoinetako. 29 Ohol hauek beherekaldean berex ezarri zituzten eta gainekaldean, lehen eraztunaren parean, ongi lotuak. Hola egin zituzten kantoinetako bi oholak ere. 30 Zortzi ohol hauek zilarrezko hamasei oin zituzten, ohol bakotxeko bi oin.
31 Akazia-zurezko bost zehar-zur egin zituzten, egoitzaren alde bateko oholentzat, 32 bost bestaldeko oholentzat eta bost gibelaldeko, erran nahi baita, mendebaldeko oholentzat. 33 Erdiko zehar-zurak buruan buru erditik zeharkatzen zituen oholak. 34 Oholak eta zehar-zurak urreztatu zituzten eta urrezko eraztunak egin, hauetarik zehar-egurrak pasarazteko.
35 Gortina ere egin zuten, purpura urdin, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurtuz ehoa, eta han apain bordatu bi izaki hegaldun. 36 Gortinarentzat akazia-zurezko lau zutabe egin zituzten, urrez estaliak eta urrezko gakoz hornituak, eta, zilarra urtuz, lau oin egin ziozkaten zutabeeri.
37 Oihala egin zuten etxolaren sargiako, purpura urdin, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurtuz apain ehoa. 38 Oihalarentzat bost zutabe egin zituzten beren gakoekin; urreztatu zituzten zutabe-gainak eta ziriak, eta brontzezko bost oin egin zutabeentzat.
37
1 Betzalelek akazia-zurezko kutxa egin zuen: metra bat eta hogeita bost zentimetra luze, hirurogeita hamabost zentimetra zabal eta beste hainbeste gora. 2 Urre garbiz urreztatu zituen barne eta kanpokaldeak, eta urrezko hegala ezarri zion inguru guzian. 3 Urrezko lau eraztun urtu zituen kutxaren lau oinentzat, bi eraztun alde bateko eta bi besteko. 4 Akazia-zurezko hagak egin zituen eta urreztatu, 5 eta kutxaren bi aldetako eraztunetarik sarrarazi, kutxaren erabiltzeko.
6 Urre garbizko estalgia egin zuen: metra bat eta hogeita bost zentimetra luze eta hirurogeita hamabost zentimetra zabal; 7 estalgiaren bi buruetan bi izaki hegaldun egin zituen, urrez landuak, 8 bata buru batean eta bestea bestean, estalgiarekin gorputz bat bera egiten zutelarik. 9 Hegalak zabalik zauzkaten estalgiaren gainetik, haren gerizatzeko; elkarren buruz buru zauden, estalgiari begira.
10 Akazia-zurezko mahaia egin zuen: metra bat luze, metra erdi zabal eta hirurogeita hamabost zentimetra gora. 11 Urre garbiz urreztatu zuen eta urrezko hegala ezarri inguru guzian. 12 Zortzi zentimetra zabaleko uztai batez hornitu zuen, eta urrezko hegia egin uztaiari. 13 Urrezko lau eraztun egin ziozkan eta lau oinen aldeeri erantsi, 14 uztaiari atxikiz; heietarik hagak sarrarazi zituen mahaiaren erabiltzeko. 15 Mahaiaren erabiltzeko hagak akazia-zurez egin zituen eta urreztatu. 16 Mahaiko tresnak ere egin zituen: ixur-oparietako azpil, erretilu, gatulu eta pitxerrak, urre garbiz egin zituen.
17 Urre garbizko argimutila egin zuen, mailuz landua: haren oin, gerri, kopa, kukulu eta lore-hostoek gorputz bat bera egiten zuten; 18 bi aldeetarik sei beso ateratzen zitzaizkion, hiruna beso alde bakotxetik. 19 Argimutilaren gerritik ateratzen ziren sei besoetariko bakotxak almendra-lore gisako hiru kopa bazituen, beren kukulu eta lore-hostoekin; 20 gerriak ere almendra-lore gisako lau kopa bazituen, beren kukulu eta lore-hostoekin. 21 Argimutilaren gerritik ateratzen ziren hiru beso-bikoteetarik bakotxak bere kopa bazuen beherekaldean. 22 Beso eta kopek gorputz bat bera egiten zuten argimutilarekin. Guzia urre garbiz landua zen. 23 Zazpi kriseilu egin zituen urre garbiz; su-hatzak eta hautsontziak ere urre garbizkoak ziren. 24 Hogeita hamabost kilo urre garbi erabili zituen argimutilaren eta bere tresna guzien egiteko.
25 Akazia-zurezko intsentsu-aldarea egin zuen, karratua: metra erdi bat luze eta zabal eta metra bat gora. Aldare-adarrek bat egiten zuten aldarearekin. 26 Urre garbiz estali zituen gainekaldea, lau sahetsak eta adarrak, eta urrezko hegala ezarri inguruan. 27 Hegalaren azpitik urrezko eraztunak ezarri ziozkan, bi alde batetik eta bi bestetik, heietarik hagak sartuz, aldarearen erabiltzeko. 28 Hagak akazia-zurez egin zituen eta urrez estali. 29 Sagaratzeko gantzu-olioa eta intsentsu usaintsu garbia ere prestatu zituen, usain-gozo egileek egin ohi duten bezala.
38
1 Akazia-zurez egin zuen erre-oparien aldarea, karratua: bi metra eta erdi luze-zabal eta metra bat eta erdi gora. 2 Lau adar egin ziozkan lau izkinetako, aldarearekin bat egiten zutelarik, eta brontzez estali zuen aldarea. 3 Egin zituen aldareko tresnak ere: brasontziak, palak, isopa-ontziak, sardexkak eta hautsontziak, brontzezkoak guziak. 4 Brontzezko sare bat ere egin zuen eta aldare-bazterraren azpian ezarri, aldare erdiraino jausten zena. 5 Lau eraztun egin zituen brontzezko sarearen lau izkinetako, heietarik hagak pasarazteko. 6 Akazia-zurezko hagak egin eta brontzez estali zituen, 7 eta aldare-sahetseko eraztunetarik sartu zituen, aldarearen eremaiteko. Oholez egin zuen aldarea, barnea hutsik.
8 Aska eta oina brontzezkoak egin zituen, elkarketa-etxolaren sargian zerbitzuan ari ziren emazteen mirailetako brontzez baliatuz.
9 Ataria egin zuen: hegoaldetik liho-hari bihurtuzko oihalak, berrogeita hamar metra luzekoak; 10 hogei zutabe eta hogei oinak brontzezkoak ziren; zutabeen gako eta ziriak, berriz, zilarrezkoak; 11 iparraldetik, berrogeita hamar metra luzeko oihalak, brontzezko hogei zutabe eta hogei oin zituztelarik; zutabeen gakoak eta ziriak zilarrezkoak ziren; 12 mendebaldetik, hogeita bost metra luzeko oihalak, hamar zutabe eta hamar oin zituztelarik; zutabeen gakoak eta ziriak zilarrezkoak ziren; 13 eguzkialdetik, hogeita hamabost metra luzeko oihalak: 14 sargiaren hegal batek zazpi metra eta erdi oihal zituen, hiru zutabe eta hiru oinekin, 15 eta beste hegalak, beste zazpi metra eta erdi oihal, hiru zutabe eta hiru oinekin. 16 Atari inguruko oihal guziak liho-hari bihurtuzkoak ziren; 17 zutabeen oinak brontzezkoak, gakoak eta ziriak zilarrezkoak; zutabe-gainak ere zilarrez estali zituen; atariko zutabe guziek zilarrezko ziriak zituzten.
18 Atari-sargiako oihala purpura urdin, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurtuz apain bordatu zuen. Hamar metra luze zen eta bi metra eta erdi gora, atariko oihalak bezala. 19 Lau zutabe eta lau oinak brontzezkoak ziren, eta gakoak zilarrezkoak; zutabe-gainak eta ziriak, berriz, zilarrez estaliak. 20 Egoitzako eta inguratzen zuen atariko hesol guziak brontzezkoak ziren.
Egoitzan erabili metalak
21 Huna elkargoaren egoitza eraikitzeko erabili metalen kondua, Moisen manuz eta Aaron apezaren seme Itamarren gidaritzapean levitarrek finkatua.
22 Juda leinuko Betzalelek, Uriren seme eta Hurren bilobak, Jaunak Moisi manatu guzia egin zuen. 23 Dan leinuko Ahisamaken seme Oholiab ukan zuen lankide: artelanen asmatzen eta egiten trebea eta purpura urdin, gorri eta gorrimina eta liho finaren bordatzen ikasia.
24 Saindutegiko lanetan erabili urrea, israeldarrek Jaunari oparitzat aurkeztua, bederatziehun eta hirurogeita bost bat kilo izan zen, saindutegiko pisu-neurriaren arabera.
25 Elkartearen jende-kondaketaren egitean bildu zilarra hiru mila hirurehun eta hemeretzi kilo izan zen, saindutegiko pisu-neurriaren arabera; 26 kondaketan hogei urtez goitikoak seiehun eta hiru mila bostehun eta berrogeita hamar lagun izan ziren, eta bakotxak bost grama zilar eman zuen, saindutegiko pisu-neurriaren arabera. 27 Hiru mila eta hirurehun kilo saindutegirako eta gortina-zutabeen oinak urtzeko erabili ziren: oin bakotxeko hogeita hamahiru kilo. 28 Gainerateko hemeretzi kiloak, gakoak eta zutabeak elkarlotzen zituzten ziriak egin eta zutabe-gainen estaltzeko erabili ziren.
29 Jaunari oparitzat aurkeztu brontzea, bi mila hirurehun eta hogeita hamasei kilo izan zen; 30 brontze hartaz egin zituzten elkarketa-etxolaren sargiako zutabeen oinak, brontzezko aldarea bere sare eta tresna guziekin, 31 etxola inguruan zen atariko eta atari-sargiako zutabeen oinak, eta egoitzako eta atariko hesolak.
39
1 Purpura urdin, gorri eta gorriminez egin zituzten saindutegiko liturgi zerbitzuko jantziak. Aaronen jantzi sakratuak ere egin zituzten, Jaunak Moisi manatu bezala.
2 Efoda, urrez, purpura urdin, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurtuz egin zuten. 3 Urre-xaflak egin eta xaflak hari bihurtuz, purpura urdin, gorri eta gorrimina eta liho fina urre-hariz bordatu zituzten. 4 Bi sorbalda-geriza egin ziozkaten efodari, bi buruetarik lotzeko. 5 Buruen lotzeko xingola efodari atxikia zagon, eta, efoda bera bezala, urrez, purpura urdin, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurtuz egina, Jaunak Moisi manatu bezala. 6 Onize harriak urre-begietan sartu zituzten, eta heietan Israelgo leinuen izenak zizelkatu, zigilu batean bezala. 7 Gero, efodaren sorbalda-gerizetan ezarri zituzten, israeldarren oroigarri gisa, Jaunak Moisi manatu bezala.
8 Bularrekoa artelanez egin zuten, efodaren gai berak erabiliz: urrea, purpura urdin, gorri eta gorrimina eta liho-hari bihurtua. 9 Bitan plegatua zen eta karratua: hogeita bost zentimetra luze eta beste hainbeste zabal. 10 Lau herrunka-harribitxiz estali zuten: lehen herrunkan, kornalina, topazioa eta esmeralda; 11 bigarrenean, errubia, zafiroa eta beriloa; 12 hirugarrenean, opaloa, agata eta amatista, 13 eta laugarrenean, krisolitoa, onizea eta jaspea. Harribitxi horiek urre-begietan sartu zituzten. 14 Hamabi ziren Israelgo hamabi leinuen arabera; harribitxi bakotxean izen bat bazen zizelkaturik, zigilu batean bezala. 15 Bularrekoari urre garbizko katetxoak egin ziozkaten soka bihurtuen idurirat. 16 Urre-harizko bi apaingarri eta urrezko bi eraztun egin eta bularrekoaren bi burueri erantsi ziozkaten; 17 urrezko bi katetxoak bularreko buruen eraztunetan katigatu zituzten, 18 eta katetxoen muturrak urre-harizko bi apaingarrieri lotu, efodaren sorbalda-gerizeri aitzinekaldetik emanez. 19 Urrezko beste bi eraztun eginez, bularrekoaren beste bi muturreri erantsi ziozkaten, barnekaldetik, efodaren kontra dagon aldetik. 20 Urrezko beste bi eraztun egin zituzten eta efodaren sorbalda-gerizen aitzinekoan, beherean, josturen ondoan, ezarri, efodaren xingola baino goraxeago. 21 Bularrekoaren eraztunak efodareneri purpura urdinezko lokarriz lotu ziozkaten, bularrekoa efodaren xingola baino gorago gelditzeko gisan eta efodari lotua, Jaunak Moisi manatu bezala.
22 Mantua purpura urdinez ehoa zen; 23 erdian buruarentzat ziloa bazuen, eta ziloaren inguru-bazterra bular-oskola bezain urraezina. 24 Mantuaren litsak purpura urdin, gorri eta gorriminezko granadaz apaindu zituzten. 25 Urre garbizko xilintxak ere egin zituzten, eta mantuaren inguru-bazter guzian granadekin tartekatu: 26 xilintxak eta granadak, aldizka; liturgi zerbitzuko erabiltzen zen, Jaunak Moisi manatu bezala.
27 Aaronentzat eta haren semeentzat tunikak egin zituzten liho finez ehoak; 28 bai eta liho finezko buruko eta kapela apainduak ere, eta liho-hari bihurtuzko galtzak; 29 gerrikoa purpura urdin, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurtuz apain bordatua zen, Jaunak Moisi manatu bezala.
30 Urre garbizko xafla, diadema sakratua, egin zuten, eta zigilu batean bezala, hitz hauek idatzi hartan: «Jaunari sagaratua». 31 Gero, burukoaren gainean, aitzinekaldetik, purpura urdinezko lokarriz loturik ezarri zuten, Jaunak Moisi manatu bezala.
32 Hunela bururatu zen egoitzaren, elkarketa-etxolaren, eraikuntza. Israeldarrek dena egin zuten, Jaunak Moisi manatu bezala.
Egin lan guzia Moisi ekarri
33 Orduan, egin guzia israeldarrek Moisi aurkeztu zioten: egoitza, elkarketa-etxola eta hango tresneria: katigailu, ohol, zehar-zur, zutabe eta oinak; 34 gorriz tindatu marro-larruzko estaldura, larru finezko estaldura, kutxaren estaltzeko gortina; 35 elkargo-kutxaren eta haren hagak eta estalgia; 36 mahaia bere tresnekin eta Jaunari eskaini ogia; 37 urre garbizko argimutila, kriseiluak, lerroan, tresna guziak eta argi-olioa; 38 urrezko aldarea, gantzu-olioa, intsentsu usaintsua, etxolaren sargiako oihala; 39 brontzezko aldarea bere brontzezko sarearekin, haren haga eta tresna guziak, aska eta oina; 40 atariko oihalak, zutabeak eta oinak, atari-sargiako oihala, atariko sokak eta hesolak; elkarketa-etxolaren egoitzako zerbitzuko tresna guziak; 41 saindutegiko liturgi zerbitzuko jantziak, Aaron apezaren jantzi sakratuak eta haren semeen apez-zerbitzuko jantziak.
42 Jaunak Moisi manatu bezala egin zituzten israeldarrek lan hauek guziak, 43 eta, dena Jaunak manatu bezala egin zituztela ikusirik, Moisek israeldarrak benedikatu zituen.
Egoitzaren sagaratzea
40
1 Hunela mintzatu zitzaion Jauna Moisi: 2 «Lehen hilabetearen lehen egunean eraikiko duzu egoitza, elkarketa-etxola. 3 Ezar han elkargo-kutxa eta estal gortinaz. 4 Ekar mahaia eta antola; ekar argimutila ere eta pitz kriseiluak. 5 Ezar urrezko intsentsu-aldarea elkargo-kutxaren aitzinean, eta egoitza-sargiako oihala. 6 Ezar, gero, erre-oparien aldarea elkarketa-etxolako egoitzaren sargian. 7 Ezar aska elkarketa-etxolaren eta aldarearen artean, eta bete urez. 8 Inguruan ataria eraikiko duzu eta oihala ezarriko sargian.
9 Har gantzu-olioa eta ixur egoitzaren eta han den guziaren gainerat. Hola sagaratuko duzu bere tresna guziekin, eta toki sakratua izanen da. 10 Ixur olioa erre-oparien aldarearen eta hango tresna guzien gainerat. Hola sagaratuko duzu, eta guziz sakratua izanen da aldarea. 11 Ixur olioa askaren eta haren oinaren gainerat eta sagara zazu.
12 Hurbilaraz Aaron eta haren semeak elkarketa-etxolaren sargiarat eta garbi daitezela urez. 13 Soineko sakratuz jantziko duzu Aaron eta, gainerat olioa ixuriz, nere apez-zerbitzuko sagaratuko. 14 Gero, hurbilaraz haren semeak, jantzaraz tunikak, 15 eta ixur gainerat olioa, Aaronen gainerat bezala, nere apez izan daitezen. Gantzudura hunen bidez, apez izanen dira betiko, gizaldiz gizaldi».
Moisek egoitzaren oihal-etxola eraiki
16 Moisek dena egin zuen Jaunak manatu guzia. 17 Egiptotik atera eta bigarren urtean, lehen hilabetearen lehen egunean, eraiki zuten egoitza.
18 Moisek egoitza eraiki zuen: haren oinak, oholak eta zehar-zurak ezarri zituen eta zutabeak altxatu. 19 Oihal-etxola egoitzaren gainetik zabaldu zuen, eta estaldura ezarri oihal-etxolaren gainekaldetik, Jaunak manatu bezala.
20 Elkargo-agiria hartu eta kutxaren barnean eman zuen; hagak ezarri ziozkan kutxari eta estalgia eman gainean. 21 Gero, egoitzarat ereman zuen kutxa eta gortina ezarri elkargo-kutxaren estaltzeko, Jaunak manatu bezala.
22 Gero, mahaia elkarketa-etxolaren barnean ezarri zuen, egoitzaren iparraldetik, gortinaz kanpo. 23 Mahai gainean Jaunari eskaini ogia ezarri zuen, Jaunak manatu bezala.
24 Argimutila ere elkarketa-etxolaren barnean ezarri zuen, mahaiaren parean, egoitzaren hegoaldean. 25 Eta kriseiluak piztu zituen Jaunaren aitzinean, harek Moisi manatu bezala.
26 Urrezko aldarea ere elkarketa-etxolaren barnean ezarri zuen, gortinaren aitzinean, 27 eta intsentsu usaintsua erre zuen han, Jaunak manatu bezala.
28 Gero, Moisek oihala ezarri zuen egoitzaren sargian. 29 Elkarketa Etxolaren sargian erre-oparien aldarea ezarri zuen, eta erre-opariak eta bihi-opariak egin zituen han, Jaunak manatu bezala.
30 Elkarketa Etxolaren eta aldarearen artean ezarri zuen aska eta urez bete, garbikuntzen egiteko. 31 Han garbitzen zituzten esku-oinak Moisek, Aaronek eta haren semeek. 32 Hala egiten zuten elkarketa-etxolan sartzen eta aldarerat hurbiltzen ziren guziz, Jaunak Moisi manatu bezala.
33 Azkenik, ataria eraiki zuen Moisek egoitza eta aldare inguruan, eta atari-sargian oihala ezarri.
Hola bururatu zituen Moisek lan guziak.
Jauna egoitzaz jabetu
34 Orduan, hodeiak elkarketa-etxola estali zuen eta Jaunaren aintzak egoitza bete zuen. 35 Mois ez zitekeen elkarketa-etxolan sar, haren gainean baitzagon hodeia eta Jaunaren aintzak betetzen baitzuen egoitza.
36 Egoitzaren gainetik hodeia altxatzen zenean abiatzen ziren israeldarrak, bidaialdi bakotxean; 37 bainan hodeia altxatzen ez bazen, ez ziren abiatzen, altxatu arte. 38 Israeldarren ibilaldi guzian, Jaunaren hodeia egoitzaren gainean egon zen egunaz, eta sua gauaz, Israel herri osoak ikusteko gisan.
|