Elizen arteko
BIBLIA
Lapurtarrez
Bila PASARTEA     Bila HITZA
Pasartea:   

Ikusteremua zabaldu

Epaileak 20,22-24

Epaileak : Sarrera 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21

 
ZER NOLA (1,1–3,6)
Juda eta Simeonen leinuek kanaandarreri eraso
1
1 Josue hil zenean, israeldarrek kontsulta egin zioten Jaunari
1,1 argi eske joan Jaunari: Jaunaren galdezkatzeko saindutegi baterat joan (ik. 18,5; 20,18.23) eta efod izeneko apez-jantziaren sakela batean zauden gauza sakratuak bota ohi zituzten, xotxak ateraz (ik. Jal 28,30 oh.), baietz ala ezetz zen jakiteko.
:
–Gure leinuetarik zoin iganen da lehena kanaandarreri erasotzera?
2 Jaunak ihardetsi:
–Judaren leinua iganen da, haren esku utzia baitut lurralde hori.
3 Orduan, Judaren leinukoek erran zieten Simeonen leinuko beren haurrideeri:
–Zatozte gurekin Jainkoak eman daukun lurralderat
1,3 Jainkoak eman... lurralderat: Ik. Jos 15,1-12.1,20-63.
eta eraso diezotegun kanaandarreri. Gero, zueri eman dauzuenerat joanen gira zuekin.
Eta simeondarrak heiekin joan ziren. 4 Judaren leinukoek, beraz, eraso zuten eta Jaunak eskurat eman ziozkaten kanaandarrak eta periztarrak. Hamar mila gizon hil ziozkaten Bezeken
1,4 Bezek: Ez dakigu nun zen hiri hura; hain segur, Jerusalemdik hegoalderat hurbil izan zitekeen.
. 5 Han Adoni-Bezek izeneko erregea aurkitu eta eraso egin zioten hari ere.
Kanaandarrak eta periztarrak garaitu zituztela ikustearekin, 6 Adoni-Bezek ihes abiatu zen; bainan judatarrek, gibeletik joan, harrapatu eta esku eta oinetako eri pototsak moztu
1,6 esku eta oinetako... moztu: Hola gizonak ez zuen arkua erabiltzen ahal.
ziozkaten. 7 Adoni-Bezekek erran zuen: «Esku eta oinetako eri pototsak moztu niozkaten hirurogeita hamar erregeek nere mahaipeko apurrak bildu behar ukan zituzten. Nihaurek eginaren ordaina eman daut orai Jainkoak».
Jerusalemerat ereman zuten eta han hil zen.
Judaren leinua Jerusalemez eta Hebronez jabetu
8 Judaren leinukoek Jerusalemi eraso eta hartu zuten, eta han bizi zirenak ezpataz hil eta hiriari su eman. 9 Gero, judatarrek mendialdean, Negeven eta Xefela zelaian
1,9 Eguzkialdetik mendebalderat Kanaan lurraldeak egitura geografiko hau du: 1. Itsaso Hila eta Jordan ibai inguruko zelaia, hebrearrez “Araba” deitua; 2. erdialdean lurralde menditsua, Negev; 3. mendixkak eta Mediterraneo kostaldeko zelaia, hebrearrez “Xefela” deitua.
bizi ziren kanaandarren kontra jo zuten. 10 Hebron hirian bizi ziren kanaandarren kontra ere jo zuten judatarrek –lehengo Hebron hiria Kiriat-Arba deitu ohi zuten–, eta Xexai, Ahiman eta Talmai menperatu zituzten.
Otniel, Debir hiriaz jabetu
(Jos 15,15-19)
11 Handik, Debir hiriko bizilagunen kontra joan ziren judatarrak –ordu arte Debir hiria Kiriat-Sefer deitzen zuten–. 12 Kalebek erran zuen: «Kiriat-Seferri eraso eta hartuko duenari neure alaba Aksa emanen diot emaztetzat». 13 Kenazen seme eta Kaleben anaia gazteenak, Otnielek, hartu zuen hiria, eta Kalebek bere alaba Aksa eman zion emaztetzat.
14 Neska etorri zenean, bere aitari lur-sail baten eskatzera bultzatu zuen Otnielek
1,14 Neska... bere aitari... Otnielek: Jos 15,18ari eta zenbait itzulpen zaharreri beha itzuli dugu hola; hebrearrezko testuak hau dio: Neskak, etorri zenean, bere aitari... bultzatu zuen Otniel.
. Neska astoaren gainetik jaustean, aitak galdegin zion:
–Zer nahi dun?
15 Aksak ihardetsi:
–Egidazu fagore bat. Eman dautazun lurra idorra da; emazkidazu iturriak ere.
Orduan, Kalebek gaineko eta behereko iturriak eman ziozkan.
Juda eta Benjaminen leinuen garaipena
16 Kenitarrak, Moisen aitaginarrebaren ondokoak, judatarrekin joan ziren Palmondoen Hiritik Judako basamorturat, Aradeko hegoalderat, eta hango jendearekin
1,16 Palmondoen Hiria: Jeriko da. // jendearekin: Hunela ere itzul daiteke: amalektarrekin.
bizi izan ziren.
17 Judatarrak Simeonen leinuko beren haurrideekin joan ziren eta Tzefat hirian bizi ziren kanaandarrak garaitu zituzten eta hiria osoki suntsitu. Horma deitu zuten hiria, erran nahi baita, «Suntsitua»
1,17 Suntsitua: Idazleak hitz-jokoa egiten du: Horma izenak hebrearrez suntsitu aditzaren kontsonante berak ditu.
.
18 Judatarrak Gaza, Axkelon, Ekron eta heien lurraldeez jabetu ziren
1,18 jabetu ziren: Eskuizkribu batzuk eta grekozko itzulpenak ez ziren jabetu diote; ezen hiru hiri horiek Daviden garaian eskuratuko zituzten judatarrek.
. 19 Judaren alde zen Jauna; horrengatik, mendialdeaz jabetu ahal izan ziren. Bainan zelaiko jendea ezin izan zuten haizatu, jende harek burdinazko gudu-karroak
1,19 burdinazko gudu-karroak: Ik. Jos 17,16 oh.
bazituelakotz.
20 Moisek erran bezala, Kalebi Hebron eman zioten, eta harek haizatu zituen Anaktarren hiru ahaidegoak.
21 Benjamindarrek, aldiz, ez zituzten Jerusalemgo jebustarrak haizatu
1,21 ez zituzten... haizatu: Hala erraiten da Jos 15,63an ere, Ep 1,8an ez bezala. Judatarrak Daviden garaian jabetuko ziren Jerusalemez (ik. 2 Sm 5,6 eta 1 Kro 11,4).
; horrengatik, jebustarrak Jerusalemen bizi ahal izan dira benjamindarrekin gaurdaino.
Josepen ondokoak Betelez jabetu
22 Josepen leinukoak
1,22 Josepen leinukoak: Efraim eta Manasesen leinuak (ik. Jos 16,4).
Betel hiriaren kontra abiatu ziren, Jauna lagun zutela. 23 Gizon batzu hiriaren ikuskatzera igorri zituzten –lehenago hiri harek Luz zuen izena–. 24 Hiritik kanporat zoan gizon bat ikusirik, ikuskalariek erran zioten: «Erakutsaguzu nundik sartzen den hirirat eta ongi tratatuko zaitugu». 25 Gizonak erakutsi zioten nundik sartzen zen hirirat. Orduan, hiriko guziak hil zituzten ezpataz, gizon hura eta haren ahaidegokoak salbu. 26 Gizon harek, berriz, hititen lurralderat
1,26 hititen lurraldea: Siria eta Palestina hola deitzen dira Babiloneko zenbait dokumentutan.
joan eta hiri bat eraiki zuen; Luz eman zion izena eta hala deitzen da gaurdaino.
Israeldarrek ezin haizatu izan zituzten herriak
27 Manasesen leinukoek ezin izan zituzten hartu Bet-Xean, Taanak, Dor, Ibleam eta Megido hiriak, ez eta heien inguruko herrixkak ere; kanaandarrek jarraitu zuten han bizitzen. 28 Israeldarrek, indartsuago egin zirenean, lanerat bortxatu zituzten kanaandarrak, bainan ez zituzten haizatu ahal ukan.
29 Efraimen leinukoek ezin izan zituzten haizatu Gezerko kanaandarrak; horrengatik, kanaandarrak efraimdarren artean bizi izan ziren Gezerren.
30 Zabulonen leinukoek ezin izan zituzten haizatu Kitron eta Nahalol hirietako bizilagunak. Kanaandarrak zabulondarren artean bizi izan ziren, bainan lanerat bortxatuak.
31 Axerren leinukoek ezin izan zituzten haizatu Ako, Sidon, Ahlab, Akzib, Helba, Afik eta Rehobeko bizilagunak, 32 eta lurralde hartako kanaandarren artean bizi izan ziren axertarrak, ezin izan baitzituzten handik haizatu.
33 Neftaliren leinukoek ezin izan zituzten haizatu Bet-Xemex eta Bet-Anateko bizilagunak, eta lurralde hartako kanaandarren artean bizi izan ziren; bainan, lanerat bortxatu zituzten hiri heietakoak.
34 Amortarrek mendialderat haizatu zituzten Danen leinukoak, zelairat jaustera utzi gabe. 35 Har-Heres, Aialon eta Xaalbim hirietan bizitzen jarraitu zuten amortarrek; bainan Josepen ondokoek, indartsu bilatzean, lanerat bortxatu zituzten. 36 Amortarren lurraldea Akrabim-erako aldapatik, Selatik
1,36 Amortarren lurraldea ordez edomdarren lurraldea ere itzul daiteke. // Sela hitzak «harroka» erran nahi du.
, goiti hedatzen zen.
Jaunak Israel herriaren jokamoldea gaitzetsi
2
1 Jaunaren aingeruak Gilgaldik Bokimerat igan eta herriari erran zion: «Egiptotik atera zaituztet eta zuen arbasoeri zin eginez hitzeman lurraldean sartu
2,1 Gilgal: Hau izan zen hitzeman lurraldean israeldarrek hartu zuten lehen tokia (ik. Jos 4,19). // arbasoeri... sartu: Abrahami, Isaaki eta Jakobi lurralde bat emaiteko agintza (ik. Has 12,2; Jal 2,24; Dt 1,7; Jos 1,2) Jainkoak bete zuela baietsi nahi du Epaileak liburuak.
. Errana nauzuen: Ez dut sekula hautsiko zuekin egin dutan elkargoa; 2 eta zuek ez duzue neholako elkargorik eginen lurralde huntako jendearekin; heien aldareak aurtikiko dituzue. Zuek, aldiz, nik errana entzun behar eta, zer egin duzue? 3 Beraz, hau diozuet: Jende horiek ez ditut haizatuko zuen aitzinetik; ondoan ukanen dituzue eta heien jainkoak zepo izanen dira zuentzat».
4 Jaunaren aingeruak israeldarreri erran hitz horiek entzutearekin, herri osoa nigarrez orroaz ari izan zen. 5 Horrengatik, toki hura Bokim deitu zuten, erran nahi baita, «Nigar-egileak»
2,5 Bokim... «Nigar-egileak»: Toki haren izenak eta nigar egin aditzak kontsonante berak dituzte hebrearrez; horrengatik, hitz-jokoa egiten du idazleak.
. Gero, opariak eskaini ziozkaten han Jaunari.
Josueren heriotzea
(Jos 24,28-31)
6 Josuek herria igorri zuen, eta israeldarrak nor bere lurraldearen jabego hartzera joan ziren.
7 Josue bizi izan zeno, israeldarrek Jauna adoratu zuten; Josue hil ondoan, Jaunak Israelen alde egin egintza handiak ikusi zituzten arduradunak bizi izan zireno ere bai. 8 Ehun eta hamar urte zituelarik hil zen Josue, Nunen seme eta Jaunaren zerbitzaria. 9 Bere jabegoa zuen lurraldean ehortzi zuten, Timnat-Heres
2,9 Timnat-Heres: Jos 24,30ean hiri hau Timnat-Serah deitzen da.
hirian, Efraimgo mendialdean, Gaax mendiaren iparraldean.
10 Hil zen, ordea, gizaldi hura guzia, eta ondotik etorri gizaldiak ez zuen Jauna ezagutu, ez eta Jaunak Israelen alde egin zuena ere.
Israel herriak Jauna baztertu
11 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten israeldarrek, Baal sasijainkoaren idoloak
2,11 Baal sasijainkoa: Ekaitzaren jainko kanaandarraren izena. Hitz horrek berez Jauna erran nahi du. Kanaango hiri bakotxak bere Baal jainkoa ohoratzen zuen; hortako aipatzen dira idoloak. Israeldarrek ere maiz ohoratzen zuten Baal sasijainkoa, eguzkiaren eta ernalkuntzaren jauna, K.a. VIII. mendean Oseas profetak salatzen duena.
adoratuz. 12 Egiptotik atera zituen Jauna, beren arbasoen Jainkoa, baztertu eta inguruan bizi ziren herrien sasijainkoen ondotik joan ziren, heien aitzinean ahuspekatuz; hola, Jauna haserretu zuten. 13 Beraz, Jauna baztertu eta Baal eta Astarteren
2,13 Astarte: Amodioaren eta ernalkuntzaren jainkosa; biziki hedatua zen haren alderateko kultua Eguzkialde Hurbilean.
idoloak adoratu zituzten.
14 Jaunak, Israelen kontra biziki haserreturik, lapurren esku utzi zituen, eta hauek israeldarrak larrutu zituzten. Inguruko etsaien esku ere utzi zituen; horrengatik, israeldarrek ezin izan zieten ihardoki etsaieri. 15 Borrokatik beti galtzaile ateratzen ziren, kontra baitzuten Jauna, harek zin eginez errana zioten bezala. Israeldarrak atsegabe handian erori ziren.
16 Orduan, Jaunak buruzagiak
2,16 buruzagiak: Hebrearrezko xofetim hitzak berez epaileak (jujeak) erran nahi du, bainan Jainkoaren eraginez ari ziren gizon heiek, juje baino gehiago buruzagi ziren.
igorri ziozkaten eta heiek libratu zituzten israeldarrak lapurrenganik. 17 Bainan israeldarrek, buruzagi heieri ez zieten obeditu, desleial izan ziren Jainkoaren alderat eta sasijainkoak adoratu zituzten, heien aitzinean ahuspekatuz. Berehala baztertu ziren arbasoen bidetik; hauek bai obeditu zietela Jaunaren manamendueri! Bainan ondokoek ez zuten berdin jokatu.
18 Buruzagi bat igortzen zuenean, bizitza osoan laguntzen zuen Jaunak; hola, beren etsaienganik salbatzen zituen israeldarrak. Ezen Jaunak urrikari zituen, beren zapatzaile eta laidoztatzaileen azpian egiten zituzten nigarrengatik. 19 Buruzagia hiltzen zelarik, ordea, berriz gaixtotzen ziren israeldarrak, beren arbasoak baino gaixtoagotzen. Sasijainkoetarat jo eta adoratzen zituzten, heien aitzinean ahuspekatuz. Ez zituzten aldatzen beren egintza gaixto eta jokabide tematsuak.
20 Orduan, Jaunak, Israelen kontra biziki haserreturik, erran zuen: «Herri hunek hautsi du arbasoekin egin nuen elkargoa; ez nau obeditu. 21 Beraz, nik ez dut haren aitzinetik haizatuko Josuek, hiltzean, utzi zituen herri horietarik bat ere». 22 Ezen herri heietaz baliatu zen Jauna Israelen frogatzeko ea, arbasoak bezala, Jaunaren bideetan ibiliko ziren ala ez. 23 Horra zergatik utzi zituen Jaunak herri heiek han bizitzera, lurralde hartarik berehala haizatu gabe eta Josueren menpe ezarri gabe.
Lurralde hartan gelditu herriak
3
1 Lurralde hartako zenbait herri bizirik utzi zuen Jaunak, Kanaango gerlak ikusi ez zituzten israeldarrak heien bitartez frogatzeko. 2 Lehengo gerlarik ikusi ez zuten israeldar gizaldien hezteko, gerla egiten irakasteko baizik ez zen izan hori.
3 Huna zoin ziren herri heiek: filistearren bost buruzagiak, kanaandar guziak, sidondarrak
3,3 sidondarrak: Sidon hiria feniziarren kostaldeko portu garrantzitsua zen (gaur egun, Libanon).
eta Baal-Hermon menditik Hamateko sargiaraino Libanoko mendialdean bizi ziren hibiarrak. 4 Jaunak hola frogatuko zituen israeldarrak ea heien arbasoeri Moisen bitartez eman manamenduak beteko zituzten ala ez.
5 Beraz, kanaandar, hitita, amortar, periztar, hibiar eta jebustarren artean bizi izan ziren israeldarrak. 6 Heien alabak emaztetzat hartu eta beren alabak heien semeeri eman ziozkaten eta heien sasijainkoak adoratu zituzten.
ISRAELGO LEHEN HIRU JUJEAK (3,7-31)
Otniel
7 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten israeldarrek: Jauna, beren Jainkoa, ahantzi eta Baal eta Axeraren
3,7 Axera: Ernalkuntzaren jainkosa kanaandarra, hesol edo makila sakratu batez irudikatua (ik. Dt 16,21); Bibliako testuetan Baalekin batean aipatzen da. Ugarit hiriko dokumentuetan «Atirat» du izena, eta El jainkoaren emaztea da.
idoloak adoratu zituzten. 8 Jaunaren haserrea Israelen kontra piztu zen, eta Mesopotamia Garaiko errege Kuxan-Rixataimen esku utzi zituen. Zortzi urtez israeldarrak Kuxan-Rixataimen menpeko izan ziren.
9 Orduan, israeldarrek oihu egin zioten Jaunari eta harek salbatzaile bat igorri zioten: Kaleben anaia gazteenaren, Kenazen seme Otniel; hunek salbatu zituen. 10 Jaunak bere izpiritua eman zion Otnieli eta hunek gobernatu zuen Israel. Borroka egin zion Mesopotamia Garaiko errege Kuxan-Rixataimi eta, Jaunak eskurat eman ziolarik, Otnielek menperatu zuen.
11 Israel herrialdea bakean egon zen berrogei urtez, Kenazen seme Otniel hil zen arte.
Ehud
12 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten berriz israeldarrek; horrengatik, israeldarrak zigortzeko, Moabeko
3,12 Moab: Jordan ibaiaz eguzkialdean zen lurraldea. K.a. XIII. mendean moldatu zen Moabeko erresuma, iparraldean Arnon ibaia muga zuela. Moabdarrak, lurralde zabalagoa nahi zutelarik, Ehud jujearen garaian Jerikoraino heldu ziren.
errege Eglon indartu zuen Jaunak. 13 Amondarrak eta amalektarrak
3,13 amalektarrak: Jujeen garaian amalektarrak ziren israeldarren etsairik handienak. Israeldarrak baino hegoalderatago bizi ziren, bainan noizean behin erasoaldiak egiten ziozkaten israeldarreri. Hola uler daiteke 5,14an eta 12,15ean erraiten dena.
berekin harturik, Eglon israeldarren menperatzera joan zen eta Palmondoen hiria eskuratu zuen. 14 Hemezortzi urtez egon ziren israeldarrak Moabeko errege Eglonen menpe. 15 Orduan, israeldarrek Jaunari dei egin eta Jaunak salbatzaile bat igorri zioten: Gera-ren seme Ehud, benjamindarra; ezkerra
3,15 ezkerra: H.h., eskuineko eskua lotua (enbaldia) zuen gizona.
zen.
Israeldarrek Ehud igorri zuten Moabeko errege Egloni zergaren ordaintzera. 16 Ehudek bi ahotako ezpata, metra erdi bat
3,16 metra erdi bat: H.h., gomed bat. Biblian beste nihun ez da aipatzen neurri hau.
luzekoa, egin zuen eta soinekoen pean ezarri, eskuineko azpiaren gainean. 17 Aurkeztu zion, bada, zerga Moabeko errege Egloni –Eglon biziki gizena zen– 18 eta, zerga emanik, bidelagunekin joan zen; 19 bainan Gilgal ondoan diren idoloetarat heltzean, itzuli eta erregeari erran zion:
–Errege jauna, ixilpeko mezu bat badut zuretzat.
Erregeak berekin zituen zerbitzarieri erran zioten:
–Xo!
Eta heiek atera ziren. 20 Orduan, Eglonenganat hurbildu zen Ehud. Beretzat bakarrik zaukan gaineko gela freskoan zagon erregea, jarririk. Ehudek erran zion:
–Jainkoaren mezu bat badut zuretzat.
Erregea jeiki zen alkitik. 21 Orduan, Ehudek ezkerreko eskua luzatu, eskuineko azpiaren gainean zuen ezpata hartu eta sabelean sartu zion erregeari 22 oso-osorik, giderra eta guziak; gantzak estali zuen ezpata, Ehudek ez baitzuen atera erregearen sabeletik. Gero, leihotik
3,22 leihotik: Hebrearrezko hitz hau, parxedon, behin bakarrik agertzen da Biblian, bainan Akadiako mintzairak ere erabiltzen du; 23. ber.eko gibelaldetik (edo ataritik) hitza 22. ber.eko hitz bakan horren argitzeko idatzia izan daiteke.
atera zen, 23 gibelaldetik, gaineko gelako atea hetsi eta gakotu ondoan.
24 Ehud joan eta, zerbitzariak etorri ziren eta gaineko gelako atea gakotua zela ikusirik, erregea gela freskoan bere beharren egiten
3,24 bere beharrak egin: H.h., oinak estali (ik. 1 Sm 24,4).
ari zitekeela uste ukan zuten. 25 Luzaz beha egon ondoan, kezkatzen hasi ziren, gaineko gelako atea ez baitzen idekitzen. Giltza hartu eta atea idekitzearekin, han aurkitu zuten beren nagusia lurrean, hila.
26 Heiek beha zaudela, Ehudek, idoloen ondotik iragan eta Seirarat
3,26 Seira: Segur ez badakigu ere, Jerikotik iparralderat zen lurraldea daiteke.
ihes egin zuen.
27 Heldu zenean, Efraimgo mendialdean adarra jo zuen eta israeldarrak menditik jautsi ziren, Ehud bera buru zutela. 28 Ehudek erran zioten: «Jarraik neri! Eskurat eman baitauzkizue Jaunak zihauren etsai moabdarrak».
Eta haren ondotik jautsirik, Moaberateko ubideak hartu zituzten Jordanen, eta ez zuten nehor pasatzera utzi.
29 Egun hartan hamar mila moabdar inguru hil zituzten, denak sendoak eta indartsuak. Ez zuen batek ere ihes egin. 30 Handik aitzina, moabdarrak israeldarren menpe egon ziren eta bakea izan zen herrialdean laurogei urtez.
Xamgar
31 Ehuden ondotik, Anaten seme Xamgar izan zen buruzagi. Seiehun filistear hil zituen itzain-akulu batez. Harek ere Israel salbatu zuen.
DEBORA PROFETESA (4,1–5,31)
Debora eta Barak
4
1 Ehud hil zenean, Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten berriz israeldarrek. 2 Jaunak, orduan, Hatzor hirian kanaandarren errege zen Jabinen esku utzi zituen. Sisera zuen izena haren armadaren buruzagiak eta Haroxet-Goim
4,2 Haroxet-Goim: Ez dakigu nun zen hiri hau.
hirian bizi zen.
3 Siserak burdinazko bederatziehun gudu-karro bazituen eta hogei urtez gogor zanpatu zituen israeldarrak; horrengatik, israeldarrek Jaunari dei egin zioten.
4 Aldi hartan, Lapidoten emazte Debora
4,4 Debora: Izen hunek Erlea erran nahi du. Debora ez juje baizik, profetesa ere zen, Moisen arreba Miriam bezala (Jal 15,20).
profetesak gobernatzen zuen Israel. 5 Andere hura Deboraren Palmondopean jarri
4,5 Deboraren Palmondopean jarri: Jujearena egiteko. Palmondo hori Rebekaren inude Debora ehortzi zuten tokiko zuhaitz bera daiteke (ik. Has 35,8).
ohi zen, Rama eta Betel artean, Efraimgo mendialdean, israeldarrek eremaiten ziozkaten auzien xuritzeko. 6 Behin, Neftaliren lurraldeko Kedex hirian bizi zen Barak izeneko bati, Abinoamen semeari dei egin eta erran zion Deborak:
–Huna Jaunak, Israelen Jainkoak, emaiten dauzun manua: «Zoazi eta bilzkizu Tabor mendian Neftali eta Zabulonen leinuetako hamar mila gizon. 7 Nik Kixon
4,7 Kixon erreka Karmel mendian behera dator eta Jaffa hiriaren inguruan itsasoratzen da Mediterraneon.
errekarat ekarriko dauzut Sisera, Jabinen armadaren buruzagia, bere gudu-karro eta gudari-taldearekin, eta eskurat emanen».
8 Barakek ihardetsi:
–Nerekin baldin bazoazi, joanen naiz; bestela, ez.
9 Deborak erran zion:
– Zurekin joanen naiz. Bainan egintza huntan ospea ez da zurea izanen, emazte baten esku ezarriko baitu Jaunak Sisera.
Eta Debora Barakekin joan zen Kedexerat. 10 Barakek Kedexerat deitu zuen Zabulon eta Neftaliren leinuetako jendea. Hamar mila gizon joan zitzaizkion; Debora berekin zuen.
11 Aldi hartan Heber kenitarra beste kenitarrenganik, erran nahi baita, Moisen aitaginarreba zen Hobaben ondokoenganik berexi eta Kedex ondoan kanpatu zen, Tzaanaimgo
4,11 Moisen aitaginarreba Hobab: Zen 10,29an Hobab hau Moisen aitaginarrebaren semea dela erraiten da; koinata ere uler daiteke. // Tzaanaim: Neftaliren lurraldeko herria.
haitzaren inguruan.
12 Abinoamen seme Barak Tabor mendirat igana zela jakin orduko, Sisera, 13 burdinazko bederatziehun gudu-karroak eta bere armada osoa bildurik, Haroxet-Goimdik atera eta Kixon errekarat joan zen. 14 Orduan, Deborak Baraki erran zion: «Xuti! Gaur Jaunak Sisera eskurat emanen dauzu. Jauna doa zure armadaren buru».
Bere hamar mila gizonak ondotik zituela jautsi zen Barak Tabor menditik. 15 Eta Jaunak barreiatu zituen
4,15 Hebrearrezko testuak ezpataz dakar hemen.
Sisera eta haren gudu-karro eta armada osoa, Baraken aitzinean. Siserak, gudu-karrotik jautsirik, oinez ihes egin zuen. 16 Barak Haroxet-Goimeraino joan zen gudu-karro eta armadaren gibeletik. Siseraren gudari guziak ezpatapean erori ziren, bizirik bat ere gelditu gabe.
17 Sisera bera oinez joan zen ihes Heber kenitarraren emazte Jaelen oihal-etxolaraino, bakean baitziren Hatzorko errege Jabin eta Heber kenitarra. 18 Jael biderat atera zitzaion Siserari eta erran zion:
–Zato, ene jauna, zatozkit; ez beldur izan!
Sartu zen haren oihal-etxolan eta emazteak estalki batez gorde zuen. 19 Siserak erran zion:
–Emadazu edatera ur-xorta bat, egarri bainaiz.
Emazteak, esne-zahagia idekirik, edatera eman zion eta gorde zuen berriz. 20 Siserak erran zion:
–Zaude oihal-etxolako atean eta norbait etortzen bazaizu galdezka nehor badenez hemen, errozu ezetz.
21 Sisera leher egina baitzen akitua, lokartu zen. Orduan, Heberren emazte Jaelek, oihal-etxolaren atxikitzeko ziri bat eta mailua eskuan hartu, Siserarenganat ixil-ixila hurbildu eta buruan sartu zion aldean beste, lurrean itzatzen zuela. Hola hil zen.
22 Barak Siseraren ondotik zabilan. Biderat atera eta Jaelek erran zion: «Zato, erakutsiko dauzut bila zabiltzan gizona».
Barak sartu zen oihal-etxolarat eta Sisera hilik aurkitu zuen, ziria buruan sartua.
23 Hola apaldu zuen Jainkoak israeldarren aitzinean Kanaango errege Jabin. 24 Israeldarrak gero eta gogorragotu ziren Kanaango errege Jabinen kontra, osoki hondatu zuten arte.
Deboraren kantua
5,1 Deboraren kantu hau Bibliako zaharrenetarik da.
5
1 Egun hartan, Deborak eta Abinoamen seme Barakek hunela kantatu zuten:
 
2 «Prest daude israeldarrak gerlako
5,2 Prest... gerlako: Pasarte hunen erran-nahia ulerkaitza da; h.h., Israelen ile-adatsak askatzean.
,
herriak bere burua eskaintzen du.
Goretsazue Jauna!
3 Entzun, zuek, erregeek!
Adi, nagusiek!
Jaunari nahi diot egin kantu,
Jauna, Israelen Jainkoa, goraipatu.
4 Zu, Jauna, Seirtik ateratzean,
Edomgo zelaietan barna aitzinatzean,
lurra zen ikaratu,
ortzia dardaratu
5,4 Seir: Itsaso Hilaz hegoaldean zen lurraldea; erran-molde hunek Jainkoa basamortutik israeldar leinuen gidari zetorrela adiarazi nahi du. // dardaratu: H.h., Ortzitik euritu.
;
hodeietarik euritu,
5 mendiak ziren kordoka,
iragaitean Jauna, Sinaiko Jauna,
Israelen Jainkoa.
 
6 Anaten seme Xamgarren egunetan,
Jaelen egunetan,
ezin zen bideetan ibili,
bidaiariek zeharbidez behar zuten ibili
5,6 ezin... ibili: H.h., ez zabilan karabanarik. // bidaiariek zeharbidez... zuten: Kanaandarrek eragozten zituzten israeldar leinuen arteko harremanak. Bideen kontrolatzeko egokiak ziren hiri gotortuetan bizi ziren kanaandarrak: Taanak eta Megido hirietan, Izreelgo zelaian, iparraldean (19. ber.); Haroxet-Goim hirian, zelaiaren mendebaldean (4,2); Hatzor hirian Galileako iparraldean.
.
7 Ez zen buruzagirik,
ez zen Israelen bat ere,
ni, Debora
5,7 Ez zen buruzagirik: Beste itzulpen bat: ez zen laboraririk. // ni, Debora: Hunela ere itzul daiteke: zu, Debora, altxatu zinen arte.
, altxatu nintzen arte,
Israelen amatzat agertu nintzen arte.
8 Beste jainko batzu hautatu zituzten,
nahiz eta gudua gainean zuten.
Ez zuten gerizatzekorik, ez lantzarik
5,8 Ez zuten... lantzarik: Hebrearrezko testua iluna da; hunela ere itzul daiteke: ez zen garagar-ogirik, edo bost hiritako ez zen erredolarik, ez lantzarik.
Israelgo berrogei mila gizonek.
 
9 Nere bihotza
Israelgo gudalburuekin,
beren burua eskaintzen duten herritarrekin.
Goretsazue Jauna!
10 Asto
5,10 Asto: Aldi heietan pertsonaia handiak ibili ohi ziren astoen gainean (ik. 10,4; Zen 22,21).
xurien gainean,
tapizen gainean jarririk zoaztenek
eta oinez zoaztenek, entzun
11 putzuetan ura banatzen dutenen oihua:
kondatzen ari dira Jaunaren garaipena,
bere indarrez Israeli eman garaipena.
Jaunaren herria
hiriko ateetarat jautsi da
5,11 Hebrearrezko testuan ber. hau biziki nahasia eta iluna da.
.
12 Atzar, atzar zaite, Debora,
atzar, atzar,
kanta zazu!
Jeiki, Barak,
har zeure gatibuak,
Abinoamen seme zirenak!
 
13 Jautsi dira bizirik geldituak
handiekin batean;
jautsi da Jaunaren herria
ausartekin batean,
nik, Deborak, deitua.
14 Efraimdarrek menperatu
5,14 menperatu: H.h., erauzi, errotik atera. Beste itzulpen bat: Efraimdarren buruzagiak zelairat etorri dira. Hebrearrezko testua biziki nahasia da. 5,14-18 ber.etan ez dira Juda eta Simeonen leinuak aipatzen; ezen hegoaldean bizi ziren eta harremanetako zailtasunak bazituzten, artean bizi ziren beste leinu batzuengatik.
dute Amalek;
heien gibeletik benjamindarrak datoz,
beren gudarien artean.
Makirren ahaidegotik datoz
zure gudalburuak
eta Zabulonenganik
aitzindari-makila dutenak.
15 Isakartarren buruzagiak
Deborarekin joan dira
eta, isakartarrak bezala,
Barak ere bai,
haren ondoan lasterka zelaian.
Rubendarren familietan
zalantza handiak!
16 Zergatik gelditu zira, bada,
korraletan, Ruben,
artzain-txistuen entzuten?
Rubendarren familietan
zalantza handiak!
17 Galaaden jendea
5,17 Galaaden jendea: Hemen Galaad leinu edo familia baten izena da (Dan eta Manasesen leinuena); gehienetan, ordea, lurralde baten izena da.
Jordanez bestaldean gelditu da.
Danen leinuak zergatik egon dira
itsasontzietan?
Axertarrak ere itsasbazterrean
egon dira
beren portuetan.
18 Zabulondarrek, bai,
hiltzeraino hirriskatu dute bizia,
orobat Neftalik ere zelai garaietan.
19 Erregeak etorri ziren borrokara,
borrokatu ziren Kanaango erregeak
Taanaken, Megidoko iturriaren ondoan;
ez zuten harrapakinik ereman.
20 Ortziko izarrak ere borrokatu ziren,
beren ibiltokietarik borrokatu
Siseraren kontra.
21 Kixon errekak ezabatu zituen,
lehengo erreka harek,
Kixon errekak.
Aitzina, beldurrik gabe!
22 Orduan, zaldien hatz-hotsa
entzun zen, lurra joz,
zaldiak lauazka.
 
23 Jaunaren aingeruak dio:
–Madarikatua Meroz hiria
5,23 Meroz hiria: Neftaliko Kedex hiritik hegoaldean; guduan parte hartu ez zuelakotz zen madarikatua.
,
madarikatuak hango bizilagunak,
ez baitira etorri
beren gudari ausartekin
Jaunaren laguntzera!
 
24 Emazteetan benedikatuena Jael,
Heber kenitarraren emaztea,
emazte nomaden artean
benedikatuena!
5,24 emazte nomaden... benedikatuena!: H.h., oihal-etxoletako emazteen artean benedikatuena!
25 Siserak ura eskatu zion
eta Jaelek esnea eman
5,25 Ik. 4,19.
,
esnegaina errege-gatiluan.
26 Ezkerraz hartu zuen ziria
eta eskuinaz langileen mailua,
jo zuen Sisera
eta arraildu zion burua,
bekokia hautsi eta zilatu.
27 Jaelen oinetarat makurtu zen,
erori eta lurrean gelditu;
haren oinetarat makurtu zen tokian
erori zen hilotz.
 
28 Siseraren ama, leihotik so,
leiho-saretik oihuka zion:
–Zergatik dator hain berant
haren gudu-karroa?
Zergatik hain geldiak
haren zaldiak?
 
29 Damarik argienak ihardesten dio,
eta berak bere buruari
errepikatzen:
30 –Aurkitu harrapakinen
banatzen ari dira!
Bana, bina neskatxa
gudari bakotxari,
kolorezko oihalak Siserarentzat,
kolorezko oihalak:
koloretan bordatu oihalak
haren leporako
5,30 Testu iluna; hunela ere itzul daiteke: garailearen leporako.
.
 
31 Hola gal ditela
zure etsaiak, Jauna.
Zure adiskideak, aldiz,
izan ditela eguzkia
argi-zirrintan bezain bizi!»
 
Eta bakean bizi izan zen herrialdea berrogei urtez.
GEDEON (6,1–8,35)
Madianek Israel menperatu
6
1 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten israeldarrek, eta harek madiandarren eskuetarat eman zituen zazpi urtez. 2 Madiandarrek gogorki zapatzen zituzten israeldarrak. Heienganik ihes egiteko, mendietako harpe, leize eta toki hurbilgaitzetan gorde ziren. 3 Israeldarrek ereiten zutenean, madiandarrek, amalektarrek eta eguzkialdeko basamortuko jendeak eraso egin ohi zieten; 4 israeldarrenganik hurbil kanpatu eta uztak hondatzen zituzten Gazako sargiaraino, israeldarrak deus gabe utziz, janaririk, ardirik, behirik eta astorik gabe. 5 Beren abere eta oihal-etxolekin etorri, lurralde hartan sartu eta denak zahutzen zituzten madiandarrek. Larrapoteak bezain ugari ziren, eta heien kameluak ezin kondatuak. 6 Hola, madiandarrengatik, biziki pobretu ziren israeldarrak; orduan, dei egin zioten Jaunari.
7 Madiandarrengatik, israeldarrek Jaunari oihu egin ziotenean, 8 profeta bat igorri zioten Jaunak, erraitera: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Nik ekarri zaituztet Egiptotik eta nik atera esklabogotik. 9 Nik libratu zaituztet egiptoarren eta beste zapatzaile guzien menpetik; etsaiak zuen aitzinetik haizatu ditut eta heien lurraldea eman dauzuet. 10 Erran nauzuen ni ninduzuela Jauna, zuen Jainkoa, eta amortarren jainkorik ez adoratzeko, heien lurraldean bizi izanik ere. Bainan ez nauzue obeditu».
Jaunak Gedeon hautatu Israel askatzeko
11 Aldi hartan, Jaunaren aingerua Ofra herrixkarat etorri eta haritzondo baten azpian jarri zen. Haritzondo hura Abiezerren ahaidegoko Joaxena zen. Haren seme Gedeon ogi jotzen ari zen dolarean
6,11 Jaunaren aingerua: Erran-molde hunek Jainkoaren beraren egintza adiarazten du (ik. Has 16,7; 18,2; Jal 4,19). // Ofra: Jordanez mendebaldean, Manasesen eskualdean zen herrixka; Ofra izeneko beste herrixka bat bazen Benjaminen eskualdean (ik. Jos 18,23). // dolarean: Ogia larrainean jo ohi zen, haize tokian, agerian; bainan etsaien beldurrez, toki gordean jo behar ukan zuen Gedeonek.
, madiandarrek ikus ez zezaten. 12 Orduan, Jaunaren aingerua agertu eta erran zion:
–Jauna zurekin da, gizon ausarta!
13 Gedeonek ihardetsi:
–Barka, ene jauna, bainan Jauna gurekin baldin bada, zergatik gertatzen zaiku hau guzia? Zertan dira arbasoek kondatzen zauzkiguten gertakari harrigarri heiek, Jaunak Egiptotik atera gintuela erraiten zaukutenean? Orai Jaunak eskutik utziak gira eta madiandarren menpe ezarriak.
14 Jaunak erran zion:
–Zoazi eta salba zazu Israel zeure indarraz madiandarren menpetik. Nik igortzen zaitut!
15 Gedeonek ihardetsi:
–Barka, Jauna; nola salbatuko dut Israel? Nere ahaidegoa Manasesen leinuko ahulena da eta ni gazteena gure aitaren etxean.
16 Jaunak erran zion:
–Zeurekin ukanen nauzu; hola, madiandar guziak batean garaituko dituzu.
17 Gedeonek berriz:
–Egiaz begiko baldin banauzu, ager ezadazu, seinale baten bidez, zu zirela mintzo zaitana. 18 Otoi, ez joan hemendik nik eskaintza zure aitzinerat ekarri arte. Berehala itzuliko naiz.
Jaunak ihardetsi:
–Hemen berean egonen naiz zu etorri arte.
19 Gedeon joan zen, pittika bat prestatu eta, hogei bat kilo
6,19 hogei bat kilo: H.h., efa bat.
irinez altxagarri gabeko ogiak egin. Gero, haragia zarean eta onkailua ontzi batean harturik, haritzondo perat ereman eta Jaunari eskaini zion dena. 20 Jaunaren aingeruak erran zion:
–Har haragia eta altxagarri gabeko ogiak eta ezar harroka horren gainean, eta ixur gainerat onkailua.
Hala egin zuen Gedeonek. 21 Orduan, Jaunaren aingeruak, eskuan zuen makila luzatuz, muturraz haragia eta altxagarri gabeko ogiak hunkitu zituenean, sugarra atera zen harrokatik, haragia eta altxagarri gabeko ogiak kizkaliz. Gero, Jaunaren aingerua Gedeonen aitzinetik desagertu zen.
22 Jaunaren aingerua zela oharturik, Gedeonek erran zuen:
–Ai, ene Jainko Jauna! Jaunaren aingerua ikusi dut begitartez begitarte!
23 Jaunak erran zion:
–Bakea zurekin! Ez beldur izan, ez zira hilen.
24 Gedeonek aldare bat eraiki zuen han Jaunaren omenez, eta «Jauna bakea» eman zion izena. Han da gaur oraino, Ofran, Abiezerren ahaidegokoen hirixkan.
Gedeon eta Baalen aldarea
25 Gau hartan berean, Jaunak Gedeoni erran zion:
–Hartzazu aitaren zezena
6,25 aitaren zezena: H.h., Hartzazu zezena, aitarena, eta bigarren zezena, zazpi urtekoa. Abereen lehen umea Jainkoari eskaini behar zen (ik. Jal 13,11-13).
, zazpi urtekoa. Barreia gero aitak duen Baalen aldarea eta puska zazu haren ondoan den hesol sakratua. 26 Gero, eraik arta handiz aldare bat Jaunari, zeure Jainkoari, mendixka haren kaskoan eta, zezena harturik, eskain zazu erre-oparitzat, puskatua ukanen duzun hesol sakratuaren
6,26 eta zezena harturik: H.h., bigarren zezena harturik. // hesol sakratua: H.h., axera (ik. 3,7 oh.).
egurren gainean.
27 Gedeonek bere mutiletarik hamar harturik, Jaunak manatu bezala egin zuen; bainan, bere ahaidegokoen eta hiriko jendearen beldur baitzen egunaz egiteko, gauaz egin zuen.
28 Biharamun goizean jeikitzean, hiriko jendeak Baalen aldarea norbaitek hautsi eta haren ondoko hesol sakratua moztu zuela ikusi zuen, eta zezena
6,28 zezena: H.h., bigarren zezena.
erre-oparitzat eskainia zuela aldare berrian. 29 Eta elkarri galdeka ari izan ziren: «Nork egin ote du hori?» Bilatu eta jendea galdezkatu ondoan, Joaxen seme Gedeonek egin zuela jakin zuten. 30 Orduan, hiriko jendeak Joaxi erran zion:
–Atera zazu semea! Hil behar dugu, Baalen aldarea aurtiki eta haren ondoan zen hesol sakratua moztu duelakotz.
31 Joaxek ihardetsi zioten inguruan zitueneri:
–Zueri ote da Baalen defendatzea? Zueri haren salbatzea? Norbaitek defendatzen badu, hura bihar goizeko hila izanen da. Baal jainko baldin bada, defenda beza bere burua, berea baitzuen hautsi aldarea.
32 Egun hartan Gedeoni Jerubaal
6,32 Jerubaal: Izen hunek hebrearrez Baal defendatzaile erran nahi du.
izengoitia eman zioten, erranez: «Defenda bedi Baal, haren aldarea hautsi duenaren kontra!»
Gedeonek Jainkoari seinale eskatu
33 Madiandarrek, amalektarrek eta eguzkialdeko basamortuko jendeak, elkarretaraturik, Jordan ibaia iragan eta Izreel zelaian ezarri zuten kanpalekua.
34 Jaunaren izpirituz jantzirik, Gedeonek adarra jo eta bere ondorat bildu zituen Abiezerren ahaidegokoak. 35 Manasesen lurralde osorat mezulariak igorri eta bere ondorat bildu zuen hango jendea. Gero Axer, Zabulon eta Neftaliren leinuetarat ere igorri zituen mezulariak, eta leinu heietakoak ere bildu zituen.
36 Orduan, Gedeonek Jaunari erran zion: «Israel nitaz salbatuko omen duzu. 37 Hara, ardi-larru bat zabalduko dut larrainean; ihintza ardi-larru gainean bakarrik egin eta inguruko lurra idor egoiten bada, jakinen dut nitaz salbatuko duzula Israel, erran duzun bezala».
38 Hala izan zen. Biharamun goizean jeiki, ardi-larrua hartu eta tinkatu zuenean, ontzi baten betea ur atera zion. 39 Gedeonek Jainkoari erran zion: «Ez zakizkit haserretu ardi-larruarekin beste froga baten egitea eskatzen badauzut: idor egon dadila ardi-larrua eta egin dezala ihintza inguru guzian».
40 Gau hartan Jainkoak hori egin zuen: ardi-larrua bakarrik egon zen idor eta inguru guzian ihintza egin zuen.
Hirurehun gizon etsaien garaitzeko
7
1 Jerubaalek –hots, Gedeonek– eta harekin zen jende guziak, goizean goizik jeiki eta Harod iturri ondoan hedatu zituzten oihal-etxolak. Madiandarrek iparraldean zuten kanpalekua, zelaian, More mendixkaren
7,1 Harod iturria Izreel zelaiaren hegoaldean, Gilboa mendiaren zolan da. More mendixka, berriz, Tabor menditik hegoaldean.
zolan.
2 Jaunak Gedeoni erran zion: «Jende sobera baduzu, madiandarrak eskurat eman diezazkizutan. Israelek espantu egin lezake, pentsatuz garaipena bere indarrez ardietsi duela. 3 Errozu jendeari: Beldurrez ikara
7,3 Beldurrez ikara: Hebrearrez hitz-jokoa bada ikara (hared) eta Harod iturria hitzen artean.
dagona joan dadila Galaad menditik eta itzul etxerat».
Hogeita bi mila gizon etxerat itzuli eta hamar mila gelditu ziren.
4 Jaunak, ordea, Gedeoni erran zion: «Oraino ere jende sobera baduzu. Jautsarazkizu errekarat eta han berexiko ditut. Erranen dauzut zoin jarraiki behar zaizun eta zoin ez
7,4 Erranen dauzut... zoin ez: H.h., Nik «Doala hau zurekin» erraitean, zurekin joanen da; eta nik «Hau ez dadila zurekin joan» erraitean, ez da joanen.
».
5 Gedeonek jendea errekarat jautsarazi zuenean, Jaunak erran zion: «Berexkizu ura mihiaz lapaka edanen dutenak zakurrek bezala, edateko belauniko jarriko direnenganik».
6 Hirurehun gizon izan ziren ura mihiaz lapaka edan zutenak; beste guziak belaunikatu ziren uraren edateko. 7 Jaunak Gedeoni erran zion: «Ura lapaka edan duten hirurehun gizon horien bidez salbatuko zaituztet, madiandarrak eskurat emanez. Gainerateko jendea doala nor bere etxerat».
8 Gedeonek Israelgo gizon gehienak igorri zituen nor bere etxerat, hirurehun heiekin bakarrik geldituz; hauek beren lagunen jatekoak eta adarrak hartu zituzten. Madiandarren kanpalekua israeldarrena baino beherago zen, zelaian.
Garaipenaren seinalea
9 Gau hartan Jaunak Gedeoni erran zion: «Jeiki eta jauts zaite etsaien kanpalekurat; eskurat emanen dauzkizut. 10 Joaiteko beldur bazira, hartzazu Pura zure mutila eta zoazte biak kanpalekurat. 11 Entzun zazu han erraiten ari direna, eta indar ukanen duzu etsaieri erasotzeko».
Jautsi zen, beraz, Gedeon Pura bere mutilarekin kanpalekuko lehen gudari-taldeak zauden tokirat. 12 Madiandarrak, amalektarrak eta basamortuko jendea, larrapoteak bezainbat, zelaian hedaturik zauden; heien kameluak ere ezin zenbatuzkoak ziren, itsasbazterreko hondarra bezala. 13 Gedeon etsaien kanpalekurat hurbildu zenean, gudari bat bere ametsaren kondatzen ari zitzaion lagunari:
–Amets egin diat: garagar-ogi
7,13 garagar-ogia: Israeldar laborarien irudi da; oihal-etxola, berriz, madiandar ibilkarien irudi.
bat bira-biraka zoakan madiandarren kanpalekuan barna; oihal-etxola baterat heltzean, jo zikan, eta pekoz gora uzkali.
14 Lagunak ihardetsi zion:
–Joaxen seme Gedeon israeldarraren ezpata zukan. Madiandarrak eta gure kanpaleku osoa haren esku utzi ditik Jainkoak.
15 Ametsa eta haren erran-nahia entzun zituenean, Gedeonek, ahuspekaturik, Jainkoa adoratu zuen. Gero, israeldarren kanpalekurat itzuli zen erraitera:
–Jeiki! Gure esku utzi du Jaunak madiandarren kanpalekua!
Gedeonen amarrua
16 Gedeonek hiru taldetan banatu zituen hirurehun gizonak eta, deneri adarrak eta barnean zuziak zauzkaten pegar hutsak emanik, 17 erran zioten:
–Kanpaleku-bazterrerat helduko naizenean, beha neri eta egizue nik eginen dutana. 18 Nik eta nere taldeak adarrak jotzean, jo zuek ere kanpalekuaren inguru guzian eta egin oihu: «Jaunarengatik! Gedeonengatik!»
19 Gauerdi inguruan, zaintzaileak aldatu berri zirelarik, heldu zen Gedeon bere ehun gizonekin kanpaleku ondorat. Adarra jo zuten eta eskuetako pegarrak hautsi. 20 Orduan, hiru gudari-taldeek ere adarra jo eta pegarrak hautsi zituzten. Gero, zuzia esku ezkerrean eta adarra eskuinean, oihu egin zuten: «Eraso! Jaunarengatik eta Gedeonengatik!»
21 Israeldarrak kanpaleku inguruan nor bere tokian zaudelarik, kanpalekukoak lasterka, oihuka eta iheska hasi ziren. 22 Hirurehun heiek adar jotzen ari zirela, Jaunak elkarren kontra borrokarazi zituen madiandarrak. Orduan, kanpalekuko guziek ihes egin zuten Bet-Xitara, Tzereda alderat, eta Abel-Mehola erreka bazterrerat, Tabat
7,22 madiandarrak: H.h., kanpaleku osokoak. Ez dakigu Tzereda (h.h., Tzerera) izeneko tokia nun zen; Abel-Mehola erreka Jordan ibaitik mendebalderat da; Tabat, berriz, eguzkialderat.
ondorat.
Madiandarrak ihesi
23 Neftali, Axer eta Manases leinuetako israeldarrak bildurik, madiandarren gibeletik joan ziren. 24 Gedeonek mezulariak igorri zituen Efraimen leinua bizi zen mendietarat, erraitera: «Jauts madiandarren aitzinerat! Jar zaitezte Jordan ibaiko ubideetan Bet-Bararaino!»
Efraimen leinuko gizon guziak bildu eta Jordan ibaiko ubideetan jarri ziren Bet-Bararaino. 25 Bi buruzagi madiandar atzeman zituzten: Oreb eta Zeeb. Eta biak hil zituzten, lehena Orebeko harrokan, bigarrena Zeebeko dolarean, eta madiandarren ondotik joan ziren. Gedeoni ereman ziozkaten Oreben eta Zeeben buruak, Jordanez bestalderat.
Efraimdarrak haserre
8
1 Efraimen leinuko gizonek Gedeoni erran zioten:
–Zergatik egin daukuzu holakorik? Zertako ez gaituzu deitu, madiandarren borrokatzera abiatu zirenean?
Eta haserre egin zioten. 2 Gedeonek ihardetsi zioten:
–Zer da nik egina, zuek egin duzuenaren aldean? Ez ote du gehiago balio zuek, efraimdarrek, bildu duzuen uzta-hondarrak, guk, Abiezerren ahaidegoek, egin uztak baino?
8,2 Ez ote du balio... baino?: H.h., Efraimdarren mahats-hondarrak ez ote dira Abiezerren mahats-biltzeak baino hobeak?
3 Jaunak zuen esku utzi ditu Oreb eta Zeeb, madiandarren buruzagiak. Egintza horren aldean, nik ez dut deusik egin.
Ele horiek efraimdarrak eztitu zituzten.
Gedeonen azken egintza
4 Gedeonek eta haren hirurehun gizonek Jordan ibaia iragan zuten. Nekatuak ziren, bainan madiandarren ondotik zoatzin aitzina. 5 Sukot hirirat
8,5 Sukot hiria: Gaden leinuaren eskualdean zen, Jordan ibai haranean.
heldurik, Gedeonek hango bizilaguneri erran zioten:
–Eman, otoi, talo batzu nerekin doatzin gizoneri, nekatuak baitira. Madiandarren errege Zebah eta Tzalmunaren gibeletik gabiltza.
6 Bainan Sukoteko buruzagiek ihardetsi zioten:
–Atzemanak dituzu Zebah eta Tzalmuna? Ez! Zergatik eman behar ginioke jatera zure gudari-taldeari?
7 Gedeonek erran zioten:
–Ongi. Bainan Jaunak Zebah eta Tzalmuna nere esku utziko dituenean, basamortuko elorriz eta kardoz urratuko zaituztet.
8 Handik Penuel hirirat igan eta gauza bera erran zioten hangoeri ere; bainan Sukoteko jendeak bezala ihardetsi zioten Penuelgoek. 9 Eta heieri ere Gedeonek erran zioten:
–Garaile etorriko naizenean, barreiatuko dut zuen dorre hau.
10 Zebah eta Tzalmuna Karkor hirian ziren beren armadarekin. Hamabost mila gizon baizik ez zuten, zeren eguzkialdeko jendearen armadako ehun eta hogei mila gudari galduak baitziren.
11 Nobah eta Jogbohako eguzkialdean zen ibilkarien bidea hartu, ustegabean
8,11 ustegabean: H.h., segurean zirela uste zutenean.
eraso eta Gedeonek etsaien armada garaitu zuen. 12 Madiango bi erregeek, Zebahek eta Tzalmunak, ihes egin zuten; bainan Gedeonek lasterkatu eta harrapatu zituen, eta iziturik utzi zuen heien armada osoa.
13 Hereserako aldapan goiti borrokatik itzultzean, Joaxen seme Gedeonek 14 Sukoteko gazte bat atzeman eta galdekatu zuen. Gazteak idatziz eman ziozkan Sukoteko buruzagi eta arduradunen izenak, orotara hirurogeita hamazazpi gizonen izenak. 15 Orduan, Sukoteko jendeenganat joan eta erran zioten:
–Laidostatu ninduzuen, Zebah eta Tzalmuna atzeman
8,15 Zebah... atzeman: H.h., Zebah eta Tzalmunaren ahurra zeure eskuetan ote duzu?
nituen galdeginez, eta ukatu zinieten janaria nekatuak ziren nere gizoneri. Huna, hemen dituzue Zebah eta Tzalmuna!
16 Hiriko buruzagiak hartu eta zigorkatu zituen elorriz eta kardoz. 17 Gero, Penuelgo dorrea barreiatu eta hil zuen hango jendea.
18 Orduan, galdegin zioten Zebah eta Tzalmunari:
–Zer itxura zuten Taborren hil zinituzten gizonek?
8,18 Gatazka hau hemen baizik ez da aipatzen.
Heiek ihardetsi:
–Zu bezalakoak ziren; errege-seme iduri zuten denek.
19 Gedeonek, orduan:
–Nere anaiak, gure amaren semeak! Jaunaren biziaz! bizirik utzi ukan bazinituzte, ez zintuztetan hilen orai.
20 Bere lehen-seme Jeterri manatu zion:
–Are, hilzkik!
8,20 hilzkik: Haurriderik hurbilena Gedeon bera zenaz, harek zuen Zebahek eta Tzalmunak ixuri odolaz mendekatu behar; bainan menperatuak laidostatzeko gaztetxoari manatu zion hil zitzan.
Mutikoak, ordea, ez zuen ezpata atera; gaztea izanki eta beldur zen. 21 Orduan, Zebahek eta Tzalmunak erran zioten.
–Are, hil gaitzak hiaurek, hi bezalako gizon ausartari zoakiok!
Gedeonek hil zituen Zebah eta Tzalmuna; gero, kameluek lepoan zerematzaten apaindurak hartu zituen.
22 Israeldarrek Gedeoni erran zioten:
–Madiandarren menpetik libratu gaituzunaz geroz, izan zaite gure buruzagi, bai eta zure ondokoak ere zure ondotik.
23 Gedeonek ihardetsi zioten:
–Ez nauzue buruzagi ukanen, ez eta nere semea ere; Jauna ukanen duzue buruzagi!
24 Eta erran zuen aitzina:
–Gauza bat eskatu nahi dauzuet: zuetarik bakotxak eman diezadala eraztun bana, etsaieri harrapatu horietarik.
Ezen etsaiek urrezko eraztunak zerabiltzaten, basamortuko jendea
8,24 basamortuko jendea: H.h., ismaeldarrak.
baitzen.
25 Israeldarrek erran zioten:
–Bai, emanen dauzkizugu.
Eta, soingaineko bat zabaldurik, hartarat bota zuen nork bere harrapakinetarik eraztun bana. 26 Gedeoni eman ziozkaten urrezko eraztunek hogei kilo pisu zuten, apaindurak, beharritakoak, Madiango erregeek zerabiltzaten purpurazko jantziak eta kameluek zerabiltzaten lepokoak kondatu gabe.
27 Urre harekin irudi bat
8,27 irudi bat: Hebrearrez efod; hemen idolo bat aipatzen bide du testuak.
egin eta Ofran, bere herrian, ezarri zuen Gedeonek; israeldar guziek irudi hura adoratu zuten, Jainkoarekin desleialki jokatuz. Irudi hura galbide gertatu zitzaioten Gedeoni eta haren ahaidegoari.
28 Israeldarrek hola menperatu zituzten madiandarrak; ordutik hauek ez zuten burua berriz altxatu ahal ukan.
Israeldar herrialdea bakean egon zen berrogei urtez, Gedeon bizi izan zeno.
Gedeonen heriotzea
29 Joaxen seme Gedeon, izengoitiz Jerubaal, bere etxerat itzuli eta han bizi izan zen. 30 Emazte anitz baitzuen, hirurogeita hamar seme-alaba ukan zituen. 31 Sikemen bizi zuen ohaideak seme bat eman zion, eta Abimelek deitu zuen.
32 Joaxen seme Gedeon hil zen, zahartzaro ederra iraganik, eta haren aita Joaxen hilobian ehortzi zuten, Ofran, abiezertarren hirian.
Israeldarrek berriz ere idoloak adoratu
33 Gedeon hil ondoan, israeldarrek idoloak adoratu zituzten berriz ere, Baal-Berit
8,33 Baal-Berit izenak (hola 9,4an ere; ik. Berit jainkoaren, hebrearrez El-Berit) elkargoaren jainkoa, zinaren jainkoa erran nahi du. Hain segur, Sikemen adoratu ohi zuten jainkoa zen.
beren jainkotzat hartuz. 34 Ez ziren oroitu, inguruko etsai guzien eskuetarik libratu zituen Jaunaz, beren Jainkoaz, 35 eta ez ziren leial izan Jerubaal-Gedeonen ahaidegokoekin, harek israeldarreri hainbeste ongi egin ondoan.
ABIMELEK (9,1-57)
Abimelek, Sikemgo errege
9
1 Jerubaalen seme Abimelek
9,1 Jerubaalen seme Abimelek: 9. kap. huntan Jerubaal (ik. 6,32 oh.) izena emaiten dio hebrearrezko testuak Gedeoni. // Abimelek: Izen hunek ene aita errege erran nahi du. Testuan ez da nihun erraiten Jainkoak hautatua dela, beste batzuez erran ohi den bezala (ik. 2,16; 3,9.10.15; 6,14; 11,29; 13,25; 14,4), ez eta juje edo buruzagi zela ere, beste batzuez bezala (2,16; 3,10; 4,4; 10,2; 12,8.11.14; 16,31), ez eta Israel salbatu zuela ere, Xamgarriz bezala (3,31). Ez zen, beraz, juje; bainan, halere, ukan zuen boterea Israelen (22. ber.).
Sikemerat joan zen bere amaren haurrideenganat, eta hunela mintzatu zitzaioten bere amaren aldeko ahaideeri:
2 –Errozute Sikemgo nagusi guzieri: «Zer duzue hobe, Jerubaalen hirurogeita hamar semeak ukaitea buruzagi ala gizon bakar bat? Oroit zaitezte zuen odol eta jatorrikoa naizela».
3 Amaren haurrideek hori guzia Sikemgo nagusieri erran zieten, eta hauek Abimeleken alde jarri ziren, haurridea zutela erranez. 4 Baal-Berit jainkoaren jauretxetik zilarrezko hirurogeita hamar pieza hartu eta Abimeleki eman ziozkaten; harek, diru harekin, gizon arlote eta zarpail andana bat bildu zuen, jarraiki zitzaiona. 5 Ofrarat, bere aitaren etxerat joan eta bere anaiak, Jerubaalen hirurogeita hamar semeak, hil zituen, denak harri beraren gainean
9,5 denak... gainean: Hunela ere itzul daiteke: denak batean.
. Jotam Jerubaalen seme gazteena baizik ez zen gelditu, gorde baitzen.
6 Orduan, Sikemgo nagusi guziak eta Bet-Miloko jendea bildu eta Sikemgo zutarriaren aldean den haritzondo ingururat
9,6 Bet-Miloko jendea... haritzondo ingururat: Testu iluna da hebrearrezkoa; hain segur, Sikemgo dorre deitzen zutenaz (ik. 9,46-49 ber.ak) ari da.
joan ziren Abimelek errege izendatzera.
Jotamen parabola
7 Jotamek, hori jakitearekin, Garizim mendi-kaskorat
9,7 Garizim mendi-kaskorat: Sikemdik hurbil den mendia.
igan eta oihu egin zuen:
–Entzun nezazue, Sikemgo nagusi horiek, eta Jainkoak entzun zaitzatela!
8 Behin, zuhaitzek beren erregea izendatu nahi ukan zuten. Olibondoari erran zioten: «Izan hadi gure errege!» 9 Bainan olibondoak ihardetsi zioten: «Jainkoen eta jendeen ohoratzeko den neure olioa emaiteari uko egin, zuhaitzen gainean dilindaka aritzeko?»
10 Orduan, zuhaitzek pikondoari erran zioten: «Hi, haugi gure errege!» 11 Bainan pikondoak ihardetsi: «Neure fruitu eder eta gozoaren emaiteari uko egin, zuhaitzen gainean dilindaka aritzeko?»
12 Orduan, zuhaitzek mahatsondoari erran zioten: «Hi, haugi gure errege!» 13 Bainan mahatsondoak ihardetsi: «Jainkoak eta jendeak pozten dituen neure arnoa emaiteari uko egin, zuhaitzen gainean dilindaka aritzeko?»
14 Azkenik, zuhaitzek elorriari erran zioten: «Hi, haugi gure errege!» 15 Elorriak ihardetsi: «Egiaz zihauren errege izendatu nahi banauzue, zatozte nere itzalaren gerizarat; bestela, Libanoko zedroak ere irentsiko dituen sugarra aterako zait».
16 Eta Jotamek aitzina:
–Abimelek izendatu duzue errege. Egoki eta zuzen jokatu ote duzue hori eginez? Ongi jokatu ote duzue Jerubaalekin eta haren familiarekin? Harek egin duen guziarengatik merezi bezala ari izan ote zirezte? 17 Zuen alde borrokatu zen gure aita, bere bizia hirriskatuz, eta madiandarren menpetik libratu zintuzten. 18 Zuek, aldiz, gure aitaren etxearen kontra jeiki zirezte gaur eta haren hirurogeita hamar semeak hil dituzue, denak harri beraren gainean. Eta haren neskatoaren seme den Abimelek errege izendatu duzue, haurride duzuela eta. 19 Beraz, Jerubaalen eta haren etxearen alderat gaur egoki eta zuzen jokatu duzuela uste baduzue, on dagizuela Abimelekek, bai eta zuek ere Abimeleki! 20 Bainan hala ez bada, Abimelekenganik aterako den suak kizkal zaitzatela zuek, Sikemgo nagusi eta Bet-Miloko jende horiek, eta kizkal dezala hura ere zuenganik eta Bet-Milokoenganik aterako denak!
21 Gero, Jotamek ihes egin zuen; Beer-erat
9,21 Beer: Hiri hau, gaur arabieraz el-Bireh deitua, Gedeonen sorterri zen Ofratik ipar-eguzkialdean da.
joan eta han bizi izan zen, bere anaia Abimelekenganik urrun.
Sikemgo nagusiak kontra jeiki
22 Hiru urtez manatu zuen Abimelekek Israelen. 23 Gero, samurgoa ezarri zuen Jainkoak Abimeleken eta Sikemgo nagusien artean, eta hauek Abimeleken kontra altxatu ziren. 24 Hola, Jerubaalen hirurogeita hamar semeeri egin sarraskia ordaindu eta heien hilketaren hobena beren gain hartu behar ukan zuten, bai Abimelekek, harek hil baitzituen bere anaiak, bai eta Sikemgo nagusiek ere, hilketa hartan lagundu baitzuten.
25 Abimeleki kalte egiteagatik
9,25 Merkatariek Sikemdik iragaiteko ordaindu behar zuten zerga Abimelekek ez zuen eskuratzen ahalko.
, Sikemgo nagusiek gizon-taldeak ezarri zituzten mendi-kaskoetan, inguruetako bideetarik zoatzinak lapurtzeko. Abimelekek horren berri jakin zuen.
26 Hortan, Sikemerat etorri zen bere anaiekin Gaal izeneko bat, Ebeden semea, eta Sikemgo nagusiak hartan fidatu ziren. 27 Landarat ateraturik, mahatsa bildu eta zapatu ondoan, bestak antolatu zituzten; beren jainkoen jauretxean sartu eta jan eta edan ari izan ziren, Abimelek madarikatuz. 28 Ebeden seme Gaalek erran zuen: «Zer da Abimelek hori sikemdarrentzat, gu haren mutil izaiteko? Jerubaalen semea baizik ez, eta Zebul, haren ordezkaria! Izan zaitezte Sikem hiriaren sortzaile den Hamorren zerbitzari! Zergatik izan behar dugu Abimelek horren zerbitzari? 29 Herri hunen buru egiten baninduzue, berehala bazter nezake Abimelek hori. Bere armada azkartu eta borrokarat atera dadin erran nezoke».
30 Ebeden seme Gaalek errana entzutearekin, hiriaren gobernari zen Zebul biziki haserretu zen. 31 Ixilean mezulariak igorri ziozkan Abimeleki, erraitera: «Ebeden seme Gaal bere anaiekin Sikemerat etorri eta hiri hau zure kontra asaldatzen ari da. 32 Zato gauaz zeure jendearekin eta gorde zaite landan. 33 Goizean, eguzkia ateratzearekin, abia zaite eta eraso hiriari. Gaal bere jendearekin zure kontra aterako delarik, egiozu hobekien iduritzen zaizuna».
34 Gau hartan, Abimelek eta haren jende guzia Sikemgo inguruetarat gordetzera joan ziren, lau taldetan banaturik. 35 Ebeden seme Gaal atera eta hiriko sargian gelditu zenean, Abimelek ere atera zen gordelekutik bere gizon guziekin. 36 Jende hura ikustean, Gaalek Zebuli erran zion:
–Beha, gudari-talde bat dator mendian beheiti!
Zebulek ihardetsi zion:
–Bai zera! Gizonak iduritzen zaizkizu, bainan mendiaren itzala da.
37 Gaalek berriz:
–Baietz! «Lurraren Xilkoa» deitu mendixkan beheiti dator talde bat, eta Aztien haritzondoko bidetik beste bat.
38 Orduan, Zebulek:
–Nun duk heure harrokeria? Ez ote huen erraiten Abimelek nor den gu haren zerbitzari izaiteko? Ez ote da hori gutietsi huen armada? Hail orai eta borroka hadi haren kontra!
39 Orduan, Gaal atera zen Sikemgo nagusien aitzindari Abimeleken kontra borrokatzera; 40 bainan Abimelekek lasterkatu zuen, Gaalek ihes egiten zuela. Ainitz erori ziren, hiriko sargiarat heldu aitzin.
41 Abimelek Arumarat itzuli zen bizitzera eta Zebulek haizatu zituen Gaal eta haren anaiak Sikemdik, hartarat itzultzea debekatuz.
Abimelekek Sikem xehatu
42 Biharamunean, Sikemgo jendea landarat aterako zela jakinik, Abimelekek, 43 bere gudariak hartu eta, hiru taldetan banaturik, gorderik ezarri zituen landan. Jendea hiritik ateratzen ari zela ikustearekin, eraso eta xehatu zuen. 44 Abimelekek bere taldearekin aintzinatu eta hiriko sargia hartu zuen; bitartean, beste bi taldeek landarat atera zireneri eraso eta xehatu zituzten. 45 Egun osoan gudukatu zen Abimelek hiriaren kontra. Hartu zuen eta hango bizilagun guziak hil. Gero, hiria desegin eta gatza barreiatu
9,45 gatza barreiatu gainerat: Gatza agortasunaren irudi zen.
zion gainerat.
46 Migdal-Sikemgo nagusiak, hori jakitearekin, Berit jainkoaren
9,46 Berit jainkoa: H.h., El-Berit (ik. 8,33 oh.).
jauretxe azpiko harpean gorde ziren. 47 Migdal-Sikemgo nagusiak nun bildu ziren jakin zuenean, 48 Abimelek Tzalmon mendirat igan zen bere gizon guziekin. Hartu zuen aizkora eskuan, zuhaitz-adar bat moztu eta, hura bizkarrean harturik, bere jendeari erran zion: «Laster, egizue zuek ere, nik egin dutana». 49 Gizonak, adar bana mozturik, Abimeleki jarraiki zitzaizkion eta, adarrak harpeari kontra metatu ondoan, su eman zioten harpeari. Barnean zen Migdal-Sikemgo jende guzia hil zen, mila gizon eta emazte inguru.
Abimeleken heriotzea
50 Gero, Abimelekek Tebetzerat jo, hiria setiatu eta hartu zuen. 51 Bainan bazen hiriaren erdian dorre gotortu bat eta han gerizatu ziren hiriko nagusiak, lekuko gizon eta emazte guziekin; atea hetsi eta dorre gaineko sabairat igan ziren. 52 Abimelek, dorreraino heldurik, eraso eta su eman nahiz ateraino hurbildu zenean, 53 emazte batek harri bat buruaren gainerat bota eta buru-hezurra hautsi zion. 54 Orduan, Abimelekek bere armazainari erran zion: «Atera ezpata eta hil nezak! Ez dezatela erran emazte batek hil nauela». Armazainak ezpata sartu eta hil zuen. 55 Abimelek hila ikustearekin, israeldarrak nor bere herrirat joan ziren.
56 Hola ordaindu zion Jainkoak Abimeleki, bere hirurogeita hamar anaiak hil zituenean aitari egin kaltea. 57 Sikemgo jendea ere zigortu zuen Jainkoak, egin zuten kaltearengatik. Hola bete zen Jerubaalen seme Jotamek bota zioten madarizionea.
BESTE BI EPAILE ISRAELEN (10,1-5)
Tola
10
1 Abimeleken ondotik, Puahen seme eta Dodoren biloba Tola, Isakarren leinukoa, agertu zen Israelen salbatzeko. Xamirren bizi zen, Efraimgo mendialdean
10,1 Puah... Tola: Isakarren leinuko ahaidego batzuen izenak (ik. Has 46,13; Zen 26,23; 1 Kro 7,1). // Xamir: Ez dakigu nun zen. // Efraimgo mendialdea: Mendialde hunen izena hartu zuen Efraimen leinuak.
. 2 Hogeita hiru urtez gobernatu zuen Israel. Hil zenean, Xamirren ehortzi zuten.
Jair
3 Gero, Jair
10,3 Jair: Galaadeko lurraldean bizi zen Manasesen leinuko ahaidego baten izena da Jair.
agertu zen, Galaadekoa. Hogeita bi urtez gobernatu zuen Israel. 4 Hogeita hamar seme ukan zituen. Seme bakotxak asto
10,4 asto: Ik. 5,10 oh.
bana bazuen, gainean ibiltzeko, eta herrixka bana Galaad lurraldean. Gaur egun ere «Jairren Kanpalekuak» deitzen dira herrixka horiek. 5 Hil zenean, Kamonen ehortzi zuten.
JEFTE (10,6–12,7)
Israeldarrak Jaunarenganik urrundu
6 Jaunari atsegin ez zaionaren egiten hasi ziren berriz israeldarrak. Jauna baztertu eta, hura adoratzeko orde, Baalen eta Astarteren idoloak eta Aramgo, Sidongo eta Moabeko sasijainkoak adoratu zituzten, bai eta amondarrenak eta filistearrenak ere.
7 Horrengatik, israeldarren kontra haserre sutan jarri eta filistearren eta amondarren esku utzi zituen Jaunak. 8 Urte hartarik aitzina, hemezortzi urtez, jende heiek israeldarrak gogorki erabili eta menperatu zituzten, amortarren lurraldean, Galaaden, Jordan ibaiaz eguzkialdean bizi ziren israeldarrak. 9 Amondarrek Jordan ibaia iragan zuten, Juda, Benjamin eta Efraimen leinuetako jendearen kontra ere gudukatzeko. Israel atsegabe handian erori zen. 10 Orduan, israeldarrek dei egin zioten Jaunari, erranez: «Bekatu egin dugu zure kontra; guhauren Jainkoa baztertu eta Baalen idoloak adoratu ditugu».
11 Jaunak ihardetsi zioten: «Lehen ere, egiptoarrek, amortarrek, amondarrek, filistearrek, 12 sidondarrek, amalektarrek eta madiandarrek
10,12 madiandarrek: Grekozko itzulpenaren arabera; hebrearrezko testuak maondarrek dio.
zapatzen zintuztenean, ez ote zintuztetan heien eskuetarik salbatu? 13 Zuek, ordea, ni baztertu eta beste jainko batzu adoratu dituzue. Horra, ez zaituztet berriz salbatuko. 14 Zoazte hautatu dituzuen jainkoeri oihu egitera! Salba zaitzatela heiek zihauren atsegabetik!»
15 Israeldarrek Jaunari erran zioten: «Bekatu egin dugu, bai. Egizu gurekin hobekien iduritzen zaizuna. Bainan gaur bederen salba gaitzazu!»
16 Orduan, israeldarrek jainko arrotzen irudiak kendu eta Jauna adoratu zuten. Eta Jaunak ezin izan zuen gehiago jasan israeldarren sofrikarioa.
17 Amondarrak bildu ziren eta Galaaden ezarri zuten beren kanpalekua. Israeldarrak ere bildu eta Mitzpan ezarrri zuten berena. 18 Galaadeko buruzagi eta jendeak erran zioten elkarri: «Amondarreri eraso eginen dioten lehen gizona izanen da Galaadeko bizilagun guzien buruzagi».
Jefte, israeldarren buruzagi hautatu
11
1 Galaadeko Jefte gudari ausarta zen, Galaaden
11,1 Galaad: Hemen leinu baten arbasoa da (ik. 5,17 oh.).
eta emalizun baten semea. 2 Bainan Galaaden emazteak ere seme-alabak ukan zituen. Emaztearen seme heiek, handitu zirenean, Jefte haizatu zuten, erranez: «Ez duk parterik ukanen gure aitaren ondarean, beste emazte baten semea haizalakotz».
3 Orduan, bere anaienganik ihes egin eta Tob lurraldean bizi izan zen Jefte. Gaiztagin batzu joan zitzaizkion eta lapurreta egiten laguntzen zuten
11,3 lapurreta... zuten: H.h., harekin ateratzen ziren.
.
4 Aldi baten buruan, amondarrek eraso egin zieten israeldarreri. 5 Gerla hasi zenean, Galaadeko buruzagiak Toberat joan ziren Jefteren bila, 6 eta erran zioten:
–Zato gure aitzindari, amondarren kontra borrokatzeko.
7 Bainan Jeftek ihardetsi zioten:
–Zuek, hastiatu nauzue eta aitaren etxetik haizatu. Orai, atsegabean zireztelarik, zergatik heldu zirezte nereganat?
8 Galaadeko arduradunek Jefteri erran zioten:
–Bai, zureganat heldu gira orai. Zato gurekin, borroka zaite amondarren kontra, eta Galaadeko bizilagunen buruzagi izanen zira.
9 Jeftek, orduan:
–Amondarren kontra borrokatzera joan nadin nahi baduzue eta Jaunak eskurat emaiten baldin badauzkit, ni ukanen nauzue buruzagi.
10 Galaadeko arduradunek ihardetsi zioten:
–Jauna lekuko, zuk erran bezala eginen dugu.
11 Orduan, Jefte Galaadeko arduradunekin joan eta herriak buruzagi eta armadaburu onartu zuen. Jeftek Mitzpako saindutegian
11,11 Mitzpako saindutegian: H.h., Jaunaren aitzinean, Mitzpan.
hitzarmen hura indarrean ezarri zuen.
Jeftek mezulariak igorri amondarren erregeari
12 Jeftek mezulariak igorri ziozkan amondarren erregeari, erraitera: «Zer duzu nere kontra, nere lurraldeari erasotzera etortzeko?»
13 Amondarren erregeak Jefteren mezularieri ihardetsi zioten: «Egiptotik ateratzean, nere lurraldean sartu eta Arnon errekatik Jabok errekarat eta Jordan ibairat artekoa hartu zautaten israeldarrek. Itzul ezadazu orai bakean lurralde hori».
14 Jeftek mezulariak igorri ziozkan berriz amondarren erregeari 15 beste mezu hunekin:
–Hau dio Jeftek: Israeldarrek ez zuten moabdarren, ez amondarren lurralderik hartu. 16 Egiptotik ateratzean, israeldarrak basamortuan barna Itsaso Gorrirat joan eta Kadex oasiraino heldu ziren. 17 Orduan, israeldarrek mezulariak igorri ziozkaten Edomgo erregeari, haren lurraldetik iragaiteko baimenaren eskatzera; bainan ez zioten eman. Moabeko erregeari ere eskatu zioten; harek ere ez zioten eman. Horrengatik, israeldarrak Kadexen gelditu ziren. 18 Gero, basamortuz Edom eta Moab lurraldeen itzulia eginik, Moabeko eguzkialderat hurbildu eta Arnon errekaz bestaldean ezarri zuten kanpalekua; bainan ez ziren sartu moabdarren lurraldean, Arnon muga baitzen. 19 Handik israeldarrek Sihoni, Hexbongo errege amortarrari, mezulariak igorri ziozkaten, erraitera: «Emaguzu baimena gure bizitokirat zure lurraldetik joaiteko». 20 Sihunek, ordea, ez zituen utzi. Eta, gainera, bere armada bildurik, kanpalekua Jahatzen ezarri eta eraso egin zioten israeldarreri. 21 Bainan Jaunak, Israelen Jainkoak israeldarreri eskurat eman ziozkaten Sihon eta armada osoa; garaitu zituzten. Eta amortarrak bizi ziren lurraldeaz jabetu ziren israeldarrak. 22 Arnon errekatik Jabok errekarat arteko eta basamortutik Jordan ibairat arteko amortar lurralde osoa hartu zuten. 23 Jaunak, Israelen Jainkoak, amortarrak haizatu zituen israeldarren aitzinetik, eta orai zuk haizatu nahi gaituzula? 24 Ez ote duzu zeurea Kemoxek
11,24 Kemox: Moabdarren jainkoa.
, zeure jainkoak, eman dauzuna? Guk ere guhaurentzat dugu Jaunak, gure Jainkoak eman daukuna. 25 Tziporren seme zen Moabeko errege Balak baino hobea zirelakoan ote zaude? Hura ez zen estakuruketa ibili israeldarreri gerla egin nahiz. 26 Gainera, badu hirurehun urte israeldar hauek Hexbon eta Aroer hirietan eta hauen inguruetan bizi girela, bai eta Arnon erreka-bazterreko hirietan ere. Zergatik ez dituzue hartu denboraldi hortan guzian? 27 Nik ez dauzut makurrik egin; zu ari zitzaizkit erasoka. Jauna da juje. Harek erabaki beza israeldar eta amondarren artean.
28 Amondarren erregeak, ordea, ez zion kasurik egin Jefteren mezuari.
Jefteren botua
29 Jaunaren izpiritua Jeftez jabetu zen. Galaad eta Manasesen lurraldeak iragan eta Galaadeko Mitzpara heldu zen Jefte, eta handik amondarren lurralderat jo zuen. 30 Eta botu hau egin zion Jaunari: «Amondarrak eskurat emaiten badauzkidazu, 31 heiek garaitu eta itzultzean, ongi etorri egitera etxetik aterako zaitan lehena zuretzat izanen da, Jauna, eta erre-oparitzat eskainiko dauzut».
32 Joan zen, beraz, Jefte amondarren kontra borrokarat eta Jaunak eskurat eman ziozkan etsaiak. 33 Aroertik Miniterat arteko hogei hiritan garaitu zituen, Abel-Keramimeraino. Garaipen izigarria izan zen. Israeldarrek hola menperatu zituzten amondarrak.
34 Jefte Mitzparat, bere etxerat, heldu zenean, alaba atera zitzaion ongi etorri egitera, danbolina joz eta dantzari. Jeftek ez zuen beste semerik, ez alabarik, hura baizik. 35 Alaba ikustearekin, jantziak urratu eta erran zuen:
–Ai, ene alaba! Lur joa uzten nauzu. Zuk ekarri behar zinautala zorigaitza! Jaunari botu egin diot eta ez dezaket hitza jan.
36 Alabak ihardetsi zion:
–Aita, Jaunari botu egin badiozu, hitzeman duzuna egizu nerekin, Jaunak menpean ezarri baitauzkizu etsaiak, amondarrak.
37 Gero erran zion:
–Emadazu bi hilabeteren epea mendiz mendi neure lagunekin nigarrez ibiltzeko, ezkondu baino lehen hil behar dutalakotz.
38 Aitak ihardetsi zion:
–Zoazi!
Eta bi hilabeterentzat joaitera utzi zuen. Neska mendiz mendi ibili zen bere lagunekin, ezkondu baino lehen hil behar zuelakotz, nigarrez. 39 Bi hilabete heien buruan itzuli zen aitarenganat, eta aitak bete zuen Jaunari hitzemana. Ezkondu gabe hil zen neska. Horrengatik sartu da ohidura hau Israelen: 40 neskak lau egunez Galaadeko Jefteren alabaz nigar egitera joaiten dira urte guziz.
Jefte, Efraimen leinuaren kontra
12
1 Efraimen leinuko gizonak bildu ziren, Jordan ibaia iragan eta Tzafon hirirat joan. Jefteri erran zioten:
–Zergatik joan zira amondarren kontra borrokarat guri dei egin gabe? Su emanen diogu zure etxeari, zu barnean zirela!
2 Jeftek ihardetsi:
–Nik eta nere jendeak amondarrekin eztabada gogorra ukan ginuenean, eskatu nauzuen laguntza, bainan zuek ez gintuzuen libratu heienganik. 3 Salbatuko gintuenik ez zela ikustearekin, amondarren kontra joan nintzen, neure bizia hirriskatuz. Eta Jaunak eskurat eman zauzkitan. Zergatik zatozkidate orai gerla egitera?
4 Orduan, Jeftek, Galaadeko gizonak bildurik, efraimdarreri eraso eta garaitu zituen. Efraimdarrek erran ohi zuten galaadtarrak Efraimen leinutik eta Manasesen leinurat ihes eginak zirela.
5 Galaadtarrak Jordango ubidetan jarri ziren, efraimdarren kontra. Eta iheslari batek ibaiaren iragaitera uzteko eskatzen zuenean, efraimdarra zenez galdetzen zioten; ezetz erraiten bazuen, galaadtarrek 6 «xibbolet»
12,6 xibbolet: Hitz honek ogi-buru erran nahi du eta israeldar leinu guziek ez zuten berdin ahoskatzen.
erraiteko manatzen zioten. Harek, ordea, behar bezala ezin ahoskatuz, «sibbolet» erraiten bazuen, harrapatu eta Jordango ubide ondoan lepoa mozten zioten. Aldi hartan berrogeita bi mila efraimdar hil ziren.
7 Sei urtez gobernatu zuen Jeftek Israel. Jefte galaadtarra hil zenean, bere sorterrian, Galaad lurraldean, ehortzi zuten.
ISRAELGO BESTE EPAILE BATZU (12,8-15)
Ibtzan
8 Gero, Betleemgo
12,8 Betleem: Zabulonen lurraldeko Betleem da (ik. Jos 19,15), ez Judakoa.
Ibtzanek gobernatu zuen Israel. 9 Hogeita hamar seme eta beste hainbeste alaba ukan zituen; alabak kanporat ezkondu zituen, bainan semeentzat hogeita hamar neska ekarrarazi zituen kanpotik.
Zazpi urtez gobernatu zuen Ibtzanek Israel. 10 Hil zenean, Betleemen ehortzi zuten.
Elon
11 Gero, Zabulongo Elonek gobernatu zuen Israel, hamar urtez. 12 Hil zenean, Aialon hirian ehortzi zuten, Zabulonen lurraldean.
Abdon
13 Gero, Hilelen seme Abdonek, Piratongoak, gobernatu zuen Israel. 14 Berrogei seme eta hogeita hamar biloba ukan zituen; nork bere astoa bazuen, gainean ibiltzeko. Zortzi urtez gobernatu zuen Israel. 15 Hil zenean, Piraton hirian ehortzi zuten, Efraimen lurraldean, amalektarren mendialdean.
SANSON (13,1–16,31)
Sansonen sortzea
13
1 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten berriz ere israeldarrek, eta Jaunak filistearren menpe utzi zituen berrogei urtez.
2 Bazen Tzoran
13,2 Tzora: Hirixka hau Jerusalemdik mendebalderat 22 km-tan zen.
Manoah izeneko gizon bat, Danen leinukoa. Haren emazteak ez zuen haurrik ukan, agorra baitzen.
3 Behin, emazte hari Jaunaren aingerua agertu eta erran zion: «Agorra zira eta ez duzu haurrik ukan; halere, haur-beharretan izanen zira eta semea ukanen duzu. 4 Bainan ez edan arnorik, ez beste edari alkooldunik, eta ez jan deus kutsaturik, 5 haur-beharretan egon eta semea ukanen baituzu. Ez zaio ilerik moztu behar, mutikoak amaren sabeladanik Jaunarentzat sagaratua
13,5 Jaunarentzat sagaratua: hebrearrez «Jaunaren nazireu» (ik. Zen 6,1-8). Edari alkooldunik eta janari kutsaturik hartzeko debekua amarentzat ere izaiteak, semea amaren sabeladanik sagaratua zela erran nahi zuen.
ukan behar baitu. Hura hasiko da israeldarrak filistearren menpetik askatzen».
6 Senarrarenganat joan eta emazteak erran zion: «Jainkoaren gizon bat etorri zait; Jainkoaren aingeru-itxura zuen, zinez izigarria. Ez diot galdegin nungoa den, harek ere ez daut bere izenik eman. 7 Bainan erran daut: Haur-beharretan egon eta semea ikanen duzu. Ez edan arnorik, ez beste edari alkooldunik, eta ez jan deus kutsaturik; mutikoak Jaunarentzat sagaratua ukan behar baitu».
8 Orduan, Manoahek otoitz hau egin zion Jaunari: «Otoi, ene Jauna, etor dakigula berriz lehen igorri duzun Jainkoaren gizona eta erran dezaukula zer egin behar dugun sortuko den haurrarekin».
9 Entzun zuen Jaunak Manoahen oihua eta etorri zen berriz Jainkoaren aingerua emaztearenganat. Landan jarririk zagon emaztea, bainan haren senar Manoah ez zen harekin. 10 Orduan, emazteak lasterka joan eta senarrari erran zion: «Joan den egunean etorri zautan gizona berriz agertu zait». 11 Emaztearen ondotik joan zen Manoah. Gizonarenganat heltzean, Manoahek erran zion:
–Zu zirea nere emazteari mintzatu zitzaizkiona?
Gizonak ihardetsi:
–Bai, ni naiz.
12 Orduan, Manoahek:
–Zuk hitzemana gertatuko delarik, zoin arau eta zoin jokabide hartu beharko dugu mutikoari buruz?
13 Jaunaren aingeruak Manoahi:
–Zure emazteak egin dezala erran diotan guzia. 14 Ez dezala har mahatsez eginikako deusik, ez edan arnorik, ez edari alkooldunik, eta ez dezala deus kutsaturik jan. Egin dezala manatu diotan guzia.
15 Orduan, Manoahek Jaunaren aingeruari:
–Geldi zaite gurekin; pittika bat prestatuko dauzugu.
16 Jaunaren aingeruak ihardetsi zion:
–Atxikiko baninduzu ere, ez nezake jan zuk emanetik. Bainan erre-opari bat egin nahi baduzu, eskain Jaunari.
Manoahek, Jaunaren aingerua zela ohartu gabe, 17 galdegin zion:
–Zer duzu izena, zuk hitzemana beteko denean, ohora zaitzagun?
18 Eta Jaunaren aingeruak:
–Zertako jakin nahi duzu nere izena? Misteriotsua da.
19 Manoahek, pittika eta bihi-eskaintza harturik, erre-oparia eskaini zion harroka baten gainean bere egintzetan misteriotsua den Jaunari. Manoah eta emaztea so zauden. 20 Aldaretik sugarra zerualde igan zelarik, Jaunaren aingerua ere igan zen aldareko sugarrarekin batean. Hori ikustearekin, Manoah eta emaztea ahuspekatu ziren lurreraino. 21 Handik harat ez zitzaioten agertu Jaunaren aingerua Manoahi eta emazteari. Orduan, Manoahek, Jaunaren aingerua izan zela oharturik, 22 emazteari erran zion:
–Segur hilen girela, Jainkoa ikusi baitugu
13,22 Jainkoa... baitugu: Israeldarren ustetan, Jainkoa ikusteak hiltzeko hirriskua zekarren (ik. Dt 4,33 eta oh.).
.
23 Emazteak erran zion:
–Jaunak hil nahi ukan bagintu, ez zauzkigun onartuko egin diozkagun erre-oparia eta bihi-eskaintza, eta ez zaukun holako gauzarik ikus eta entzunaraziko.
24 Emazteak haurra ukan eta Sanson eman zion izena. Hazi zen haurra eta Jaunak benedikatu zuen. 25 Tzora eta Extaol hirien arteko Danen kanpalekuan zagon batez, Jaunaren izpiritua Sansoni eragiten hasi zitzaion.
Sansonen ezteiak
14
1 Behin, Sanson Timnarat
14,1 Timna: Danen lurraldeko hiria, Tzoratik hurbil. Orduan filistearren menpean zen.
jautsi eta neska filistear bat ikusi zuen. 2 Etxerat itzuli zenean, berria eman zioten aitameri:
–Neska filistear bat ikusi dut Timnan. Galdegizue nere emaztetzat.
3 Aitamek galdegin zioten:
–Ez ote da neskarik gure ahaideen artean eta gure herrian, filistear arrotz horienganat emazte bila joan gabe?
Sansonek aitari ihardetsi zion:
–Bainan hura dut atsegin. Galdegizu neretzat.
4 Aitamek ez zakiten gauza hori Jaunarenganik zela. Ordu hartan filistearrek menperaturik zaukaten Israel eta Jauna parada bila zabilan filistearren zigortzeko.
5 Sanson Timnarat abiatu zen bere aitamekin. Timnako mahastietarat heldu zirelarik, lehoin gazte bat atera zitzaion Sansoni. 6 Jaunaren izpirituak harturik, Sansonek, eskuetan deusik gabe, puskatu zuen lehoina, pittika puskatu ohi den bezala. Bainan aitameri ez zioten erran zer egin zuen. 7 Gero, neskarekin mintzatzera joan zen eta biziki gustatu zitzaion.
8 Zenbait egunen buruan, emaztearen hartzeko Timnarat itzultzean, bidea utzi eta lehoinaren gorputzaren ikustera joan zen. Eta hara nun ikusten duen erle-ume bat bere eztiarekin lehoinaren hezur artean. 9 Eztia eskuetarat bildu eta bidean hartarik janez joan zen aitamenganat; eman zioten eztia eta jan zuten heiek ere. Bainan ez zioten erran ezti hura lehoinaren hezur artetik hartua zuela.
10 Sansonen aita neskaren etxerat joan zen, eta ezteiak egin ziren, gazteek ohi duten bezala. 11 Filistearrek, Sanson ikustearekin, hogeita hamar gazte igorri ziozkaten lagun. 12 Sansonek erran zioten:
–Asmagai bat erran behar dauzuet. Ezteietako zazpi egunetan asmatu eta aditzera emaiten badautazue, soineko eta soingaineko bana emanen dauzuet. 13 Bestela, zuek eman beharko dauzkidazue hogeita hamar soineko eta beste hainbeste soingaineko.
Heiek ihardetsi zioten:
–Errazu asmagaia, entzun dezagun.
14 Sansonek, orduan:
 
«Jalearenganik jatekoa,
indartsuarenganik gozoa».
 
Hiru egun iragan eta ezin asma zabiltzan.
15 Laugarren egunean
14,15 Laugarren egunean: Hebrearrezko testuak zazpigarren egunean dio, bainan ez dator bat 17. ber.ean erranen denarekin.
, Sansonen emazteari erran zioten:
–Balaka zazu senarra, asmagaia argi dezauzun; bestela, su emanen dauzugu, bai eta zuen aitaren etxeari ere. Gure lapurtzeko gomitatu gaituzue ala?
16 Emaztea nigarrez hasi zitzaion Sansoni, erranez:
–Ez nauzu batere maite! Hastio nauzu! Nere herritarreri asmagaia eman eta neri ez dautazu adiarazi zer erran nahi duen.
Sansonek ihardetsi zion:
–Ez diotet adiarazi neure aitameri ere eta zuri adiaraziko dauzut!
17 Ezteietako zazpi egunetan emaztea nigarrez ari izan zitzaion. Azkenean, nardatu zuen eta Sansonek aditzera eman behar izan zion. Emazteak berehala bere herritarreri jakinarazi zioten. 18 Eta hiriko jendeak, zazpigarren egun hartan, ilunabarra baino lehen, Sansoni erran zion:
 
«Zer eztia baino gozoagorik?
Zer lehoina baino indartsuagorik?»
 
Sansonek ihardetsi:
 
«Nere migarekin
14,18 Nere migarekin... asmatuko: Haren emazteaz baliatu izan ez balira, asmagaia sekula ez zutela zilatuko adiarazten diote erran-molde horrekin Sansonek.
iraulden ari izan ez bazinete,
ez zinuten sekulan asmatuko».
 
19 Orduan, Jaunaren izpirituak eraginik, Axkelon hirirat joan, hogeita hamar gizon hil eta heien soinekoak harturik, asmagaia argitu zuteneri eman ziozkaten. Gero, aitaren etxerat itzuli zen haserre bizian.
20 Sansonen emaztea, berriz, ezteiak antolatu zituen lagunari eman zioten emaztetzat.
Sansonen mendekua
15
1 Aldi baten buruan, ogiaren uzta egiteko aroan, Sanson bere emaztearen bisitatzera joan zen, pittika bat eremanez. Erran zuen:
–Neure emazteaganat noa logelarat.
Aitaginarrebak, ordea, ez zuen sartzera utzi, 2 ziola:
–Hastio zinuela uste nuen eta zure adiskideari eman diot emaztetzat. Hori baino hobea duzu ahizpa gaztea. Hartzazu zeuretzat, bestearen orde.
3 Sansonek ihardetsi zion:
–Oraikoan hobengabea izanen naiz filistearreri eginen diotetan kalteaz.
4 Orduan, hirurehun azeri harrapatu eta buztanak bata bestearekin korapilaturik, zuziak ezarri ziozkaten Sansonek korapilo bakotxean. 5 Su eman zioten eta igorri zituen azeriak filistearren ogi-alorretarat. Denak su hartu zuen: ogi-meta, ogi-alor, mahasti eta olibadiek. 6 Orduan, filistearrek galdegin zuten:
–Nork egin du hori?
Ihardetsi zitzaien:
–Sansonek, timnarraren suhiak, zeren eta Timnarrak Sansoni bere emaztea hartu eta haren lagunari eman baitio.
Orduan, filistearrak aita-alaben erretzera joan ziren. 7 Sansonek erran zioten:
–Hola ari zireztenaz geroz, ez naiz geldituko zuetaz mendekatu arte.
8 Inarrosaldi ederra eman zioten eta sarraski handia egin. Gero, Etamgo harrokako
15,8 Etamgo harroka: Judaren leinuaren lurraldeko toki malkartsua.
harpe baterat jautsi zen bizitzera.
Sanson eta asto-matelezurra
9 Filistearrek Judan ezarri zuten kanpalekua. Gero, Lehi
15,9 Idazleak hitz-jokoa egiten du, Lehi hitzak matelezur erran nahi baitu.
hiriari erasotzeko zabaldu ziren. 10 Judaren leinuko gizonek galdegin zuten:
–Zergatik etorri zirezte gure kontra?
Filistearrek ihardetsi:
–Sansonen estekatzera heldu gira; egin daukuna ordain diezogun.
11 Orduan, Judako hiru mila gizonek, Etamgo harrokako harperat joan, eta Sansoni erran zioten:
–Ez ote dakizu filistearren menpe gaudela? Zer egin daukuzu holakorik?
Sansonek ihardetsi:
–Berek egin dautatena egin diotet nik.
12 Judakoek erran zioten:
–Zu estekatu eta filistearren esku uzteko asmoz etorri gitzaizkizu.
Sansonek, orduan:
– Zin egidazue ez nauzuela hilen.
13 Judakoek ihardetsi:
–Hil, ez zaitugu hilen; bainan ongi estekatu eta filistearren esku utziko, bai.
Orduan, bi soka berriz estekatu eta harpetik atera zuten. 14 Lehirat heldu zenean, filistearrak biderat atera zitzaizkion, pozez oihuka. Bainan Jaunaren izpiritua Sansonez jabetu zen: suak erre liho-hariaren idurikoak bilakatu ziren Sansonen besoak estekan zauzkaten sokak eta erori zitzaizkion eskuetako lokarriak. 15 Aurkitu zuen, orduan, hil berria zen asto baten matelezurra, hartu eta mila gizon hil zituen Sansonek matelezurraz. 16 Eta erran zuen:
 
«Asto-matelezurraz
ederki jo ditut,
asto-matelezurraz
mila gizon hil ditut».
 
17 Hori erranik, matelezurra bota zuen, eta toki hari Ramat-Lehi
15,17 Ramat-Lehi izenak Matelezurgaina erran nahi du.
izena ezarri zion.
18 Biziki egarritua baitzen, Sansonek Jaunari dei egin eta erran zion: «Garaipen handi hau eman ondoan, egarriak hiltzera utziko ote nauzu eta arrotz horien eskuetarat erortzera?»
19 Orduan, Jainkoak Lehiko harroka ziloa arraildu zuen eta ura atera zen. Edan ondoan, hasberritu eta azkartu zen Sanson. Iturri hari En-Kore
15,19 En-Kore izenak Dei-egilearen iturria erran nahi du.
izena ezarri zioten. Han da Lehin gaur arte.
20 Sansonek hogei urtez gobernatu zuen Israel, filistearren garaian.
Sansonek Gazako ateak ereman
16
1 Sanson, Gazarat joan zen batez, emalizun bat ikusi eta haren etxean sartu zen. 2 Gazakoek, Sanson han zela jakitearekin, inguratu zuten eta gau osoa barrandan egon zitzaizkion hiriko sargian. Gau guzia geldirik egon ziren, eguna argitzean Sanson hiltzeko asmotan. 3 Sanson, ordea, gauerdiraino baizik ez zen egon ohean; gauerditan jeiki eta hiri-sargiako bi ateak beren habe eta hagekin erauzi zituen eta bizkarrean harturik, Hebronen parean den mendi-kaskoraino ereman.
Sanson eta Dalila
4 Horiek hola, Sorek ibarrean bizi zen neska batez maitemindu zen Sanson; neskak Dalila zuen izena.
5 Filistearren buruzagiek, neskarenganat joanik, erran zioten:
–Sanson balaka zazu jakiteko nundik duen halako indarra eta nola harrapa dezakegun, estekatu eta menperatzeko. Bakotxak mila eta ehun zilarrezko pieza emanen dauzkizugu.
6 Dalilak Sansoni erran zion:
–Erradazu nundik duzun holako indarra eta zertaz estekatu behar zintazkeen zuri nausitzeko.
7 Sansonek ihardetsi:
–Idortu gabeko zazpi soka berriz esteka banindezate, ahul izan nindaiteke beste edozoin gizon bezala.
8 Filistearren buruzagiek emazteari ereman ziozkaten idortu gabeko zazpi soka berri eta emazteak Sanson estekatu zuen. 9 Gelan gizon batzu barrandan zaudelarik, Dalilak Sansoni erran zion: «Horra filistearrak, Sanson!» Sansonek sokak trenkatu zituen, iztupa-haria suak hunkitzean trenkatzen den bezala. Eta ez zuten jakin nundik zuen halako indarra.
10 Dalilak, orduan, Sansoni:
–Nitaz irri egin duzu, gezurka. Erradazu zertaz behar zintazken estekatu.
11 Sansonek ihardetsi:
–Behin ere erabili gabeko soka berriz esteka banindezate, ahul izan nindaiteke beste edozoin gizon bezala.
12 Gelan gizon batzu barrandan zaudela, Dalilak soka berriak hartu, Sanson estekatu eta erran zion: «Horra filistearrak, Sanson!» Bainan Sansonek soka berriak trenkatu zituen, haria bezala.
13 Dalilak erran zion:
–Nitaz irri egin duzu berriz ere, gezurka. Erradazu zertaz behar zintazken estekatu.
Sansonek ihardetsi:
–Nere buruko zazpi ile-mototsak ehuna egiteko hariaz batean eho eta ehulearen ziriaz lot bazinitza, ahul izan nindaiteke beste edozoin gizon bezala
16,13 Iduriz, hebrearrezko testuak hitz batzu galduak ditu hemen; lehengo itzulpeneri esker osotu ahal izan da erranaldia.
.
14 Orduan, lokarrarazi eta buruko zazpi ile-mototsak ehuna egiteko hariaz batean eho eta ziriaz lotu ondoan, Dalilak erran zion: «Horra filistearrak, Sanson!» Sansonek, ordea, atzarri eta kendu zituen ziria, ehulearen ardatza eta ehundura. 15 Dalilak, orduan:
–Maite nauzula diozu eta ez zira nitaz fidatzen. Nitaz irri egin duzu hiru aldiz, eta oraino ez dautazu errana nundik duzun holako indarra.
16 Dalila, egun guziz, nardatzeraino galdezka ari baitzitzaion, biziaz ere asperturik, 17 Sansonek aditzera eman zion bere baitan zaukan segeretua: «Ene ilea ez da nehoiz moztua izan; nazireu bainaiz, erran nahi baita, Jaunarentzat sagaratua, neure amaren sabeladanik. Ilea mozten balitzait, indarra gal nezake, ahul nindaiteke beste edozoin gizon bezala».
18 Egia erran ziola ikusirik, Dalilak filistearren buruzagieri dei egin eta erran zioten:
–Zatozte, oraikoan egia erran baitaut.
Filistearren buruzagiak etorri ziren emazteaganat, dirua eskuan. 19 Eta Dalilak, Sanson bere belaunen gainean lokarrarazirik, gizon bati dei egin zion buruko zazpi ile-mototsak mozteko. Sansonek indarrak galdu zituen; Dalilak inarrosi zuen
16,19 Dalilak inarrosi zuen: Hebrearrezko testua nahasia da; hunela ere itzul daiteke: Sanson ahultzen hasi zen, eta indarrak galtzean, 20 Dalilak erran zion...
, 20 erranez: «Horra filistearrak, Sanson!» Atzarri zen Sanson eta lehen aldietan bezala libratuko zela uste ukan zuen; bainan ez zakien Jaunak laguntza kendua ziola. 21 Filistearrek hartu zuten, begiak atera, Gazarat ereman eta brontzezko bi katez estekatu zuten, eta eihara-harri bat itzulikarazi
16,21 Esklaboen lana zen.
behar ukan zuen presundegian. 22 Halere, berriz luzatzen hasi zitzaion moztua zioten ilea.
Sansonen heriotzea
23 Behin, beren jainko Dagoni
16,23 Dagon: Jatorriz, amortarren jainkoa izanik ere, haren alderateko kultua Kanaan osoan zabaldua zen (ik. Jos 15,41; 19,27). Filistearrek beren jainkotzat zaukaten (ik. 1 Sm 5,2-7).
opari handi baten eskaintzeko eta besta alaiaren egiteko bildu ziren filistearren buruzagiak. Hau zioten:
 
«Gure jainkoak eskuetarat eman dauku
Sanson gure etsaia!»
 
24 Herriak, Sanson ikustean, bere jainkoa goretsi zuen, erranez:
 
«Gure jainkoak eskuetarat eman dauku
Sanson gure etsaia,
gure lurraldea hondatu
eta guretar hainbeste hil dituena!»
 
25 Ezen pozaren pozez, Sanson ateratzeko eskatua zuten, haren bizkar irri egiteko. Sanson presondegitik atera zuten eta harek jostarazi zituen. Gero, zutabeen artean ezarri zuten. 26 Orduan, Sansonek erran zion eskutik zeraman itsumutilari:
–Utz nezak jauretxea xutik daukaten zutabeen hunkitzera, heietan berma nadin.
27 Jauretxea gizon eta emaztez betea zen; han ziren filistearren buruzagiak etxe gainean eta beste hiru bat mila gizon eta emazte ere, Sansonek egin jostaketeri so egonak. 28 Sansonek Jaunari dei egin zion, erranez: «Ene Jainko Jauna, oroit zaite nitaz eta indarra emadazu beste behin oraino, kendu dauzkidaten bi begiengatik filistear horietaz aldi bakar mendeka nadin».
29 Sansonek haztatu zituen orduan jauretxea xutik atxikitzen zuten erdiko bi zutabeak, bataren kontra eskuina eta bestearen kontra ezkerra ezarriz, 30 eta erran zuen: «Hil nadila filistearrekin batean!» Bere indar guziaz bultzan jarri zen, eta han zauden buruzagi eta jendearen gainerat erori zen jauretxea. Hola, bere bizitza guzian baino jende gehiago hilez hil zen Sanson.
31 Gero, anaiak eta ahaideak etorri ziren Sansonen gorputzaren hartzera eta haren aita Manoahen hilobian ehortzi zuten, Tzora eta Extaol artean. Hogei urtez gobernatua zuen Israel.
DANEN LEINUA (17,1–18,31)
Mikaren saindutegia
17
1 Bazen Efraimgo mendialdean Mika
17,1 Mika: Izen hau Mikaiehu (Mikeas) izenaren laburdura da, eta Nor Jainkoa bezalako? erran nahi du.
izeneko gizon bat. 2 Behin amari erran zion:
–Oroitu zira nola hartu zauzkizuten zilarrezko mila eta ehun pieza?
Madarizionea bota zinuen orduan nere aitzinean. Nik ditut pieza heiek, nik hartu bainauzkizun. Horra dirua!
17,2 Horra dirua!: Erranaldi hau 3. ber.aren burutik hartua da, bere tokia 2. ber. huntan duelakoan.
Amak erran zion:
–Benedika zaitzala Jaunak, ene seme!
3 Orduan, amari eman ziozkan zilarrezko mila eta ehun piezak; amak erran zion:
–Jaunari eskainia nion zilar hau, ene seme, zuretzat idolo bat metalez jantzia
17,3 metalez... jantzia. Hunela ere itzul daiteke: idoloa eta metalezko irudia (ik. Dt 27,15). Hebrearrezko testuak Horra dirua! erranaldiarekin bururatzen du ber. hau (ik. 17,2 oh.).
egiteko.
4 Semeak itzuli zion dirutik zilarrezko berrehun pieza hartu eta zilargin bati eman ziozkan amak eta idoloa metalez jantzia egin zuen zilarginak, eta Mikaren etxean ezarri zuten.
5 Mikak saindutegi bat bazuen, eta efod apez-jantzia eta etxe-jainkoen irudiak eginarazirik, bere semeetarik bati apezgoa eman zion
17,5 saindutegi: H.h., Jainkoaren etxea; hain segur, Jainkoaren alderateko kultua adiarazteko harri zenbait zutik ezarri tokia zitekeen saindutegi hura. // efod apez-jantzia: Kultuko jantzi berezia; Jaunari kontsulta egiteko erabiltzen ziren gauza sakratuak jantzi sakratu horren sakela batean gorde ohi ziren (ik. 1,1 eta 8,27 oh.ak). // etxejainkoen irudiak: Hebrearrez terafim (ik. Has 31,19-35; 1 Sm 19,13). // apezgoa eman: H.h., eskua egin zion.
, haren apez izan zadin. 6 Ordu heietan ez zen erregerik Israelen eta bakotxak ontsa iduritzen zitzaiona egiten zuen
17,6 Ordu heietan... zuen: Babiloneko erbestealdia ondoan idazle deuteronomista batek sartu erran-molde hunek hasten eta bururatzen ditu Epaileak liburuko azken bost kap.ak; tartean ere zenbait aldiz erranaldi erdia aipatzen delarik (17,6; 18,1; 19,1; 21,25). 1 Sm liburuan kondatuko dena prestatzen du erran-molde hunek.
.
7 Bazen Judako Betleemen Judaren leinuko levitar gazte bat; atzerritar gisa bizi zen han. 8 Gazte hura Betleemdik joan zen, beste nunbait bizitzeko. Ibili eta ibili, Efraimgo mendialderat heldu zen, Mikaren etxerat.
9 Mikak galdegin zion:
–Nundik heldu zira?
Harek ihardetsi:
–Judako Betleemgo levitar bat naiz, nunbizi bila nabil.
10 Mikak, orduan:
–Zaude nerekin; kontseilaritzat hartuko zaitut, nere apez izanen zira. Ordainez, urtean zilarrezko hamar pieza, soinekoak eta jatekoa emanen dauzkizut
17,10 Hebrearrezko testuak Eta levitarra joan zen erranez bururatzen du ber. hau, bainan ez dator bat jarraian erraiten denarekin.
.
11 Levitarrak onartu zuen gizon haren etxean bizitzea, eta gizonak bere semeetarik bat bezala hartu zuen.
12 Mikak apezgoa eman zion levitarrari; hola, gazte hura Mikaren apez bilakatu zen eta haren etxean egon zen.
13 Mikak bere baitan egin zuen: «Orai bai ukanen dutala Jauna neure alde, levitarra baita nere apeza».
Danen leinua lurraldez aldatu
18
1 Ordu heietan ez zen erregerik Israelen. Danen leinukoak lurralde baten bila zabiltzan, han bizitzeko, ordu arte xotxetan ez baitzitzaioten berentzat lurralderik atera israeldarren artean
18,1 Ik. 1,34, Danen leinuak lurralderik zergatik ez zuen jakiteko. Nun finkatu zen, Jos 19,40-48an erraiten da.
. 2 Horrengatik, Danen leinukoek beren familietako bost gizon, Tzora eta Extaol hirietako bost gizon beldurgabe, igorri zituzten, lurraldearen ikuskatzeko manaturik. Gizon heiek Efraimgo mendialderat jo zuten, Mikaren etxerat, eta han gaua egin.
3 Mikaren etxean zaudelarik, levitar gaztearen ahotsa ezagutu zuten eta galdegitera joan zitzaizkion:
–Nork ekarri zaitu hunat? Zer ari zira? Zertan zabiltza hemen?
4 Levitarrak ihardetsi:
–Hola eta hola hartu nau Mikak; ordaintzen nau haren apez izaiteko.
5 Orduan, gizonek erran zioten:
–Otoi, Jainkoa galdezka zazu; hasi dugun ibilaldi hunek azken ona ukanen duen ala ez jakin nahi dugu.
6 Apezak ihardetsi:
–Zoazte bakean. Jaunak begi onez ikusten du hasi duzuen ibilaldia.
7 Bost gizonak abiatu eta Laixerat heldu ziren. Eta ikusi zuten hango bizilagunak segurtasunean bizi zirela, Sidongoak bezala, bakean eta lasai. Ez zioten atsegaberik emaiten buruzagiari. Laixkoak urrun ziren sidondarrenganik eta ez zuten harremanik nehorekin
18,7 Laix: Jos 19,47an Lexem deitua. // Ez zioten... buruzagiari: Hunela ere itzul daiteke: Ez zituen nehork bere menpean hartu nahi izan. // ez zuten... nehorekin: Hunela ere itzul daiteke: ez zuten harremanik siriarrekin (edo aramearrekin). Ikusten da, hebrearrezko testua arras nahasia da ber. huntan.
. 8 Bost gizon heiek Tzora eta Extaolerat itzuli zirenean, beren herritarrek galdegin zieten:
–Zer berri?
9 Heiek ihardetsi:
–Ikusi dugun lurralde hura biziki ederra da. Goazen heien kontra! Zertan zaudezte hor deus egin gabe? Ez egon geldirik, abia zaitezte lurralde hartaz jabetzera. 10 Harat heltzean, denak lasai aurkituko dituzue. Lurraldea zabala da alderdi guzietarat, eta ez da lurreko ondasunetarik deus falta. Eskuetarat emanen dauzue Jaunak.
11 Orduan, Tzora eta Extaoldik Danen leinuko seiehun gudari armatu abiatu eta 12 Judako Kiriat-Jearimdik mendebalderat ezarri zuten kanpalekua. Horrengatik deitzen da toki hura gaur arte «Mahane-Dan», erran nahi baita, Danen kanpalekua.
13 Handik Efraimgo mendialderat jo zuten eta Mikaren etxerat heldu. 14 Laixko inguruen ikuskatzen ibiliak ziren bost gizon heiek beren laguneri erran zieten:
–Ba ote dakizue etxe horietarik batean efod apez-jantzi bat, etxe-jainkoen irudiak, idolo bat eta metal urtuzko irudi bat badirela? Zuek ikus zer egin.
15 Bost gizon heiek harat jo zuten eta, Mikaren etxean sarturik, levitar gaztea agurtu. 16 Danen leinuko seiehun gizon heiek, berriz, atarian gelditu ziren. 17 Eta apeza seiehun gizon armatu heiekin etxe atarian zagolarik, lurraldea ikuskatu zuten bost gizonak etxean sartu eta idoloa, efoda, etxe-jainkoen irudiak eta metal urtuzko irudia hartu zituzten. 18 Mikaren etxean sartu eta gauza sakratu heiek hartu zituztela ikustearekin, apezak erran zioten:
–Zer ari zirezte?
19 Gizonek ihardetsi:
–Xo! Ez deusik erran
18,19 Ez deusik erran: H.h., Ezar eskua ahoan.
. Zato gurekin eta gure kontseilari eta apez izanen zira. Zer duzu hobe, gizon bakar baten apez izan ala Israelgo leinu eta familia batena?
20 Atsegin izan zitzaion hori apezari. Hartu zituen efod apez-jantzia, etxe-jainkoen irudiak eta idoloa, eta gizon-taldearekin joan zen. 21 Guziak bidean eman ziren berriz, haurrak, abereak eta puskak aitzinean igorriz.
22 Mikaren etxetik urrun zirelarik, Mikaren auzokoak bildu ziren eta Danen leinukoen ondotik abiatu, 23 gibeletik oihuka. Danen leinukoek gibelerat behatu eta Mikari galdegin zioten:
–Zer duk hik jendea hola biltzeko?
24 Mikak ihardetsi:
–Nik egin jainko-irudiak bai eta apeza harturik zoazte; deusik gabe utzi nauzue, eta zer dutan galdegiten dautazue?
25 Danen leinukoek ihardetsi zioten:
–Ixilzkik oihu horiek, gutarik zenbait beren onetik atera eta bihurturik, gal ez dezakan heure bizia eta heure familiarena!
26 Danen leinukoak beren bidean joan ziren. Mika, berriz, hura baino indartsuago zirela ikusirik, etxerat itzuli zen.
27 Danen leinukoek, Mikak egin gauza sakratuak eta harekin zen apeza harturik, Laixerat jo eta han lasai eta bakean bizi zen jendea ezpataz hil zuten, eta hiriari su eman. 28 Nehork ezin izan zituen salbatu: Sidon urrun zuten eta beste nehorekin harremanik ez
18,28 harremanik ez: Hunela ere itzul daiteke: ez zuten siriarrekin (aramearrekin) harremanik.
. Ezen Laix hiria Bet-Rehob izeneko haranean da. Danen leinukoak, hiria berreraiki, eta han gelditu ziren bizitzen, 29 bainan hiriaren izena aldatuz: lehen Laix zena Dan deitu zuten, Israelen
18,29 Israelen: H.h., Jakoben.
seme Danen, beren arbasoaren izenaz.
30 Danen leinukoek hiri hartan ezarri zuten irudia
18,30 Irudia: Mikaren idoloa // Mois: Lehengo itzulpenen arabera; hebrearrezko testuak Manases dio. Kopista batek hunki bide zuen Mois izena n hizkia artean sartuz, Manases irakur zadin, eskandalizatua baitzitekeen Moisen ondoko bati kultu idolatrikoa leporatzeaz. // erbestaldia arte: Hain segur, K.a. 734an Tiglat-Pileser III.ak egin zuena aipatzen da hemen (ik. 2 Erg 15,29).
. Eta Moisen seme zen Gerxomen seme Jonatan lehenbizi, eta gero haren semeak, Danen leinuko apez izan ziren, erbestealdia arte
18,30 Irudia: Mikaren idoloa // Mois: Lehengo itzulpenen arabera; hebrearrezko testuak Manases dio. Kopista batek hunki bide zuen Mois izena n hizkia artean sartuz, Manases irakur zadin, eskandalizatua baitzitekeen Moisen ondoko bati kultu idolatrikoa leporatzeaz. // erbestaldia arte: Hain segur, K.a. 734an Tiglat-Pileser III.ak egin zuena aipatzen da hemen (ik. 2 Erg 15,29).
.
31 Mikak egin irudia beren artean atxiki zuten, Jainkoaren etxea Xilon
18,31 Xilo: Jerusalemdik iparralderat 30 km-tan zen kultulekua. Filistearrek hondatuko zuten, Eben-Ezerko gudualdian (ik. 1 Sm 4,1-11). Xilo hitza Laix ere irakur daiteke.
izan zeno.
BENJAMINEN LEINUA (19,1–21,25)
Gibeako bizilagunen gaixtakeria
19
1 Israelen erregerik ez zen ordu heietan
19,1 Ik. 17,6 oh.
, Efraimgo mendialde zokoan bizi zen levitar batek Judako Betleemgo emazte bat hartu zuen ohaidetzat. 2 Bainan, samurturik
19,2 samurturik: Hunela ere itzul daiteke: beste batekin ibili ondoan.
, ohaidea gizonaganik joan zen bere aitaren etxerat, Judako Betleemerat, eta han egon lau hilabetez. 3 Senarra joan zitzaion, maiteki mintzatuz itzularazi nahiz. Levitarrak berekin zeramatzan mutil bat eta bi asto.
Neskak etxean sarrarazi zuen; neskaren aitak ere, ikusi zuelarik, poz handiz ongi etorri egin zion. 4 Aitaginarrebak, neskaren aitak, etxean geldiarazi zuen eta han egon zen hiru egunez. Jan, edan eta han berean egiten zuten gaua.
5 Laugarren egunean, goizean goizik jeiki eta abiatzeko prestatu ziren. Neskaren aitak, ordea, suhiari erran zion:
–Jan zazu zerbait lehenik, indarrak hartzeko, eta joanen zirezte gero.
6 Jarri ziren, eta jan eta edan zuten biek elkarrekin. Gero, neskaren aitak erran zion:
–Zaude, otoi, beste gau bat hemen eta goza zaite.
7 Levitarra, ordea, jeiki zen abiatzeko. Bainan aitaginarreba erran eta erran ari baitzitzaion, han egon zen beste gau bat.
8 Bostgarren egunean, goizean goizik jeiki zen joaiteko, bainan neskaren aitak erran zion berriz:
–Har indarrak. Egon zaitezte arratsalde arte.
Eta biek jan zuten.
9 Levitarra jeiki zen, orduan, bere ohaide eta mutilarekin abiatzeko, bainan aitaginarrebak erran zion:
–Astiria da; laster ilunduko du. Egizue gaua hemen, egon lasai. Bihar, goizean goizik joanen zirezte etxerat.
10 Levitarrak, ordea, ez zuen gaua han egin nahi ukan eta, bi asto pildatuak eta ohaidea harturik, abiatu zen eta Jebus, erran nahi baita Jerusalem alderat heldu.
11 Jebuserat hurbildu zireneko, ilunabarra zen. Mutilak nagusiari erran zion:
–Zato, goazen jebustarren hiri hortarat gauaren pasatzera.
12 Nagusiak ihardetsi:
–Ez gira israeldarrik bizi ez den hiri arrotz batean geldituko; Gibearaino joanen gira.
13 Gero, erran zion:
–Zato, goazen beste herri horietarik baterat; Gibean edo Raman eginen dugu gaua.
14 Urrunago joan zen beraz. Benjaminen den Gibea herritik hurbil zirelarik, eguzkia sartzen ari zen. 15 Bidea utzi eta Gibearat joan ziren gauaren pasatzera. Herrian sartu eta plazan gelditu ziren; bainan nehork ez zioten ostatu eman
19,15 ostatu eman: Hotelik ez zen garai heietan bidaiaria etxean hartzea, ostatu emaitea, eginbide sakratua zen.
bere etxean gauaren pasatzeko.
16 Horra nun datorren gizon zahar bat alorreko lanetik arratsean. Efraimgo mendialdekoa zen, bainan Gibean bizi zen etorkin gisa, hango benjamindarren artean. 17 Ohartu zen herriko plazan zagon levitar bidaiariari, eta galdegin zion:
–Nundik norat zabiltza?
18 Levitarrak ihardetsi:
–Judako Betleemdik Efraimgo mendialderat noa, hangoa bainaiz. Judako Betleemerat etorri nintzen eta berriz etxerat
19,18 etxerat: Grekozko itzulpenaren arabera; hebrearrezko testuak Jaunaren etxerat dio.
noa. Herri huntan ez nau nehork hartu nahi ukan bere etxean. 19 Alta badugu lasto eta belar astoentzat, bai eta ogi eta arno neure ohaide, mutil eta hiruentzat. Ez dugu deuseren faltarik.
20 Gizon zaharrak erran zioten:
–Ongi etorri! Nik emanen dauzut behar duzun guzia. Ez duzu gaua plazan egin behar.
21 Orduan, bere etxerat ereman zuen. Eman zioten belarra astoeri eta, oinak garbitu ondoan, jan eta edan zuten.
22 Denak pozik zaudelarik, huna nunagertzen diren lekuko gizon batzu, zirtzil hutsak; etxea inguratu eta ateari joka hasi ziren, etxeko jauna zen gizon zaharrari erranez:
–Atera zazu zure etxean sartu den gizon hori; bortxatu nahi dugu!
23 Etxeko jaunak ihardetsi zioten:
–Ez, ene anaiak; ez egin holako gaizkirik. Nik eman diot ostatu; ez egin holako itsuskeriarik. 24 Hemen daude neure alaba, birjina oraino, eta gizon hunen ohaidea; aterako dauzkizuet. Bortxazkizue eta egiezue nahi duzuena, bainan gizon huni ez egin holako itsuskeriarik
19,24 Bortxa... itsuskeriarik: Ik. Has 19,8 oh.
.
25 Gizon heiek, ordea, ez zioten kasurik egin. Orduan, levitarrak bere ohaidea hartu eta atera zioten kanporat, eta heiek gau guzian haren bortxatzen ari izan ziren; eguna argitzean utzi zuten. 26 Argi urratzean, senarrari ostatu eman zion gizonaren etxerat itzuli zen emaztea, bainan ate ondoan eroria gelditu zen, argitu arte.
27 Levitarrak, goizean goizik jeiki eta bideari lotzeko atea ideki zuenean, han aurkitu zuen bere ohaidea, etxeko atarian eroria, eskuak atondoan zituela. 28 Gizonak erran zion:
–Jeiki eta goazen.
Bainan erreposturik ez. Orduan, astoaren gainerat altxatu zuen gorputza eta bere etxerat joan zen levitarra.
29 Etxean sarturik, ganita hartu eta hamabi pusketan zatikatu zuen emaztearen gorputza eta Israelgo lurralde guzietarat igorri zituen puskak. 30 Hori ikusi zutenek erran zuten: «Ez da nehoiz holakorik gertatu ez ikusi, israeldarrak Egiptotik atera zirenetik gaur arte. Egizue gogoeta bai eta eztabada, eta har erabaki bat»
19,30 Hebrearrezko testuan falta den erranaldi hau dakar grekozko itzulpenak: Levitarrak hau erraiteko manatu zioten berak igorri mandatarieri: Errazue israeldar guzieri: «Gertatu ote da holakorik, israeldarrak Egiptotik atera zirenaz geroztik gaurdaino?»
.
Benjamindarrak zigortzeko borroka
20
1 Israeldarren elkarte osoak –iparraldeko Dandik hegoaldeko Beer-Xebarainokoak, bai eta Galaadekoak– Mitzpan
20,1 Dandik... Beer-Xebarainokoa: Israeldarren lurralde osoa adiarazteko erran-moldea. Mitzpa: Benjaminen lurraldekoa, Jerusalemdik iparralderat 13 km-tan. Beste Mitzpa bat bazen Galaaden (10,17).
batzar egin zuen, Jaunaren aitzinean, gizon bakarra izan balira bezala. 2 Jainkoaren herriaren batzar hartan Israelgo leinu guziak beren buruzagiekin bildu ziren: laurehun mila gudari ziren, gerla egiteko trebatuak. 3 Israeldarrak Mitzpan bilduak zirela jakin zuten benjamindarrek. Israeldarren batzarrak krima hura nola gertatu zen jakin nahi zuen.
4 Orduan, levitar harek, hil zuten emaztearen senarrak, erran zuen: «Benjamingo Gibearat joan naiz neure ohaidearekin, gaua han egiteko. 5 Hortan, Gibeako jauntxoak asmo gaixtoz etorri zaizkit eta etxea inguratu gauaz. Ni hil nahi ninduten, bainan nere ohaidea bortxatu dute, hil arte. 6 Orduan, ohaidearen gorputza hartu, zatikatu eta puskak Israelgo lurralde guzietarat igorri ditut, Israel herrian tzarkeria higuingarria egin baitute. 7 Hemen zaudezten israeldarrek, hitzegizue elkarren artean eta har erabaki bat».
8 Herri osoak, aho batez, erran zuen: «Ez dadila nehor joan bere oihal-etxolarat, ez dadila itzul bere etxerat. 9 Gibea hiriari eraso egin behar diogu, harat nor joanen den xotxak ateratu ondoan. 10 Israelgo leinu guzietan ehunetik hamar, milatik ehun, hamar milatik mila lagun berexiko ditugu, Israelen holako tzarkeria egin duen Benjamingo Gibeari eraso eginen dioteneri janariaren eremaiteko».
11 Hola, Israelgo gizon guziek bat egin zuten, Gibea hiriaren kontra joaiteko.
12 Israeldar leinuetakoek mandatariak igorri zituzten Benjaminen leinuaren lurralde osorat, erraitera: «Nolaz gertatu da holako krima zuen artean? 13 Orai, emazkiguzue Gibeako gizon zirtzil horiek; hil behar ditugu, Israeldik gaitz horren kentzeko».
Bainan benjamindarrek ez zituzten entzun nahi ukan beren herritar israeldarrak. 14 Benjamindar hirietarik Gibearat bildu ziren, israeldarren kontra borrokatzeko. 15 Hogeita sei mila gudari kondatu zituzten egun hartan hirietarik etorriak, Gibeako bizilagunak bestalde. 16 Horien guzien artean zazpiehun gizon hautak baziren, ezkerrak
20,16 ezkerrak: H.h., eskuineko eskua erabiltzen ez zutenak (ik. 3,15 oh.).
; bakotxak habailaz harria bota eta ile bat ere kausi zezakeen, huts egin gabe.
17 Kondatu zituzten israeldar gudariak ere: benjamindarrez bestalde, laurehun mila gudari baziren, ezpata erabiltzen trebeak.
18 Israeldarrek, Betelerat
20,18 Betel: Hitz hunek hebrearrez Jainkoaren etxea erran nahi du; saindutegi hau Jerusalemdik iparraldera 17 km-tan zen. Han izana zen Jakob (ik. Has 28,10-22; 31,13; 35,1-15); Jeroboam erregeak urrezko zezenkoa ezarriko zuen han (1 Erg 12,28-33); Amos eta Oseas profetek gaitzetsiko zuten hango kultua (Am 3,14; 4,4; 5,5-6; Os 10,15). Azkenik, Josias erregeak deseginen zuen K.a. 622an (2 Erg 23,15-18).
igan eta, kontsulta egin zioten Jaunari:
–Gure leinuetarik zoinek abiatu behar du lehenik benjamindarreri erasotzera?
Jaunak ihardetsi:
–Lehenik, Judak.
19 Biharamun goizean, israeldarrak abiatu ziren eta Gibeatik hurbil ezarri zuten kanpalekua 20 eta gudu-lerrotan antolatu ziren Gibearen aitzinean benjamindarreri erasotzeko. 21 Benjamindarrek, Gibeatik atera eta, hogeita bi mila israeldar hil zituzten.
22-23 Orduan, israeldarrak Betelgo saindutegirat
20,22-23 Betelgo saindutegirat: H.h., Jaunaren aitzinerat.
igan eta negar egin zuten arrats arte. Gero, Jaunari kontsulta egin zioten:
–Borrokatu behar ote dugu aitzina gure herritar benjamindarren kontra?
Jaunak ihardetsi zioten:
–Zoazte!
Beraz, israeldar armada, kuraiaturik, gudu-lerrotan antolatu zen berriz, lehen borrokaldia egin zuen toki berean. 24 Biharamunean, israeldarrak benjamindarrenganat hurbildu ziren.