Gabaondarrak eta Saulen ondokoak
21
1 Daviden garaian, hiru urte iraun zuen gosetea izan zen. Davidek Jaunari kontsulta egin zion eta Jaunak ihardetsi:
–Odola zor dute oraino Saulek eta haren ondokoek, gabaondarrak  hil zituztelakotz.
2 Erregeak gabaondarreri dei egin zioten, heiekin mintzatzeko. Gabaondarrak ez ziren israeldar, baizik amortar bizirik geldituak. Hitzarmena  21,2 hitzarmena: Israeldarrak Kanaan edo Palestinan sartu zirenean egina (ik. Jos 9,3-27). Ez dakigu noiz eta zergatik suntsitu nahi ukan zituen Saulek. egina zuten israeldarrekin; bainan Saulek, Israeldarren eta Judatarrenganako gehiegizko karrez, suntsitu nahi ukan zituen. 3 Davidek gabaondarreri erran zioten:
–Zer egin dezaket zuen alde? Zertaz ordain diezazueket, Jaunaren ondarea benedika dezazuen?
4 Gabaondarrek ihardetsi zioten:
–Saulekin eta haren ondokoekin duguna, ez da zilar, ez urre-kondua; ez eta Israelgo nehor hilaraztea ere  21,4 nehor hilaraztea: Gabaondarren errepostua neke da ulertzea. Beharbada, nehoren hiltzeko eskubiderik ez zutela baizik ez zuten erran nahi. .
Erregeak berriz:
–Nahi duzuena eginen dut.
5 Heiek erran zioten:
–Gizon harek hondatu gintuen; hala uste ukan zuen bederen: suntsituak ginela Israelen lurralde osoan bizi direnen artetik. 6 Emazkiguzu orai haren ondokoetarik zazpi gizon, eta urkatuko ditugu Jaunaren aitzinean, Saulen hiria den Gibean, Jaunak hautatu zuenaren hirian.
Erregeak erran zioten:
–Emanen dauzkizuet.
7 Mefi-Boxeti, Saulen seme Jonatanen semeari, barkatu zion, Jonatanek eta Davidek Jaunaren aitzinean egina zuten zinarengatik  . 8 Hartu zituen, aldiz, Aiaren alaba Ritzpak Sauli eman ziozkan bi semeak, Armoni eta Mefi-Boxet, eta Saulen alaba Mikalek  21,8 Mikal: 1 Sm 18,19an erraiten denaz, Adrielen emaztea Merab izan zen. Adrieli, Meholako Bartzilairen semeari, eman ziozkan bost semeak, 9 eta gabaondarren esku utzi zituen. Hauek urkatu zituzten mendian, Jaunaren aitzinean. Zazpiak batean hil ziren, uztaroaren lehen egunetan, garagarraren biltzen hastean  21,9 garagarraren biltzen hastean: Beraz apirilean. .
10 Aiaren alaba Ritzpak zaku bat hartu eta harrokaren gainean egon zen, uztaroaren hastetik gorputzen gainerat euria egin zuen arte. Egunaz ez zituen uzten zeruko hegaztiak heien gainean finkatzera, ez eta basa-ihiziak gauaz.
11 Aiaren alaba eta Saulen ohaide Ritzpak egin zuena Davidi jakinarazi ziotenean, 12 joan eta Saulen eta haren seme Jonatanen hezurrak Galaadeko Jabexeko bizilagunenganik hartu zituen; zeren hauek ebatsiak baitzituzten Bet-Xango plazatik, Saul Gilboan  hil eta filistearrek dilindan ezarri zituzten tokitik. 13 Saulen eta haren seme Jonatanen hezurrak handik ereman zituen Davidek eta urkatu heien hezurrekin bildu. 14 Gero, Saulen eta haren seme Jonatanen hezurrekin ehortzi zituzten Tzelan, Saulen aita Kixen hilobian, Benjaminen lurraldean. Erregeak manatu guzia egin zuten. Orduan, Jainkoa urrikaldu zen herrialdeaz.
15 Filistearrak borrokan hasi ziren berriz israeldarren kontra. David bere gizonekin jautsi zen filistearren kontra gudukatzera, bainan akitua zen. 16 Refatarren  21,16 Refatarrak: Jende handia bide zen, erraldoiak. Ixbi-Benob refatarren buruzagia zen (ik. Dt 2,11 eta oh.; 3,11; Jos 12,4). ondokoetarik zen Ixbi-Benobek David hilen zuela erran zuen; gudujantzi berria zeraman; lantzaren punta hiru kilo baino gehiagokoa zuen. 17 Tzeruiaren seme Abixaik, ordea, erregearen laguntzera joan, filistearra jo eta hil zuen. Orduan, bere gizonek Davidi hitzemanarazi zioten:
–Ez zira gehiago gudurat aterako gurekin, Israelen argia itzal ez dadin  21,17 argia itzal ez dadin: Erran nahi baita Daviden errege-etxea honda ez dadin; hondatuz geroz, Jainkoak hitzemana huts geldituko bailitaike (ik. 7,15-16 eta oh.; 1 Erg 11,36). .
18 Geroago, beste guduka bat izan zen God hirian filistearren kontra. Huxako Sibekaik hil zuen Saf, refatarren  ondokoa hau ere.
19 God hirian filistearren kontra izan zen beste guduka batean, Betleemgo Jairren seme Elhananek Gateko  21,19 Gat: Jerusalemdik hego-mendebalderat zen hiri filistearra (ik. 1 Sm 5,1 oh.). Goliat hil zuen; hunen lantza-giderra ehule ardatzaren heinekoa zen.
20 Izan zen gero beste guduka bat ere Gat hirian. Bazen han gizon bat biziki handia esku eta oinetan seina eri, orotara hogeita lau eri zituena, refatarren ondokoa. 21 Israeldarreri axut egin zioten; bainan Jonatanek, Daviden anaia Ximearen semeak, hil zuen.
22 Lau gizon heiek refatarren ondokoak ziren, Gat hirikoak. Davidek eta hunen gizonek hil zituzten.
Davidek Jaunari eskerrak
22
1 Jaunak bere etsai guzietarik eta Saulen eskuetarik askatu zuenean, Davidek gorazarre  22,1 Gorazarre hau 18. Salmoa bera da kasik. hau kantatu zion Jaunari:
2 «Jauna da nere harroka,
nere geriza, nere askatzailea,
3 nere Jainkoa, nere harkaitz eta aterbea,
nere begirale eta indar salbatzailea,
nere gotorleku eta iheslekua.
Zuk nauzu indarzaleenganik salbatzen.
4 Goretsia Zu!
Jaunari dei egin diot,
eta etsaienganik salbat nau.
5 Herio-uhainek ninduten inguratzen,
uholde gaixtoek ikaratzen,
6 Hilen Egoitzako lokarriek lotzen,
herio-sareek harrapatzen.
7 Hersturan dei egin diot Jaunari,
deiadar ene Jainkoari.
Eta entzun du bere tenplutik nere oihua,
haren beharrietaraino heldu da nere deiadarra.
8 Ikaratu da lurra eta dardaratu,
mendien oinarriak higitu,
Jainkoaren haserreak baititu kordokatu.
9 Kea zarion sudurretik,
su kizkalgarria ahotik.
10 Beheititu zuen zerua eta jautsi zen,
oinen pean hodei beltza zekarren.
11 Hegaldaka zoan izaki hegaldun baten gainean,
zabal-zabal haizearen hegalean.
12 Gordelekutzat hartu zituen ilunpeak,
hodei beltz euritsuak.
13 Haren aitzinean dirdirak,
su-garretan ikatz goriak.
14 Zeruetarik ortzantz egin zuen Jaunak,
oihu egin Goi-goikoak.
15 Geziak tiratu zituen eta barreiatu,
ximixtak egin eta etsaieri nagusitu.
16 Itsasoaren zola ikusi zen,
lurraren oinarriak agertu ziren
Jaunaren mehatxuaz,
haren haserre-ziztuaz.
17 Gain hartarik eskua luzatuz hartu nau
eta uholdetik atera.
18 Salbatu nau nagusi nituen etsaienganik
ni baino indartsuago ziren herratsuenganik.
19 Lur joa nindagonean oldartu zitzaizkitan,
bainan Jauna ukan nuen sustengu.
20 Bidea daut zabaldu,
maite nauelakotz libratu.
21 Jaunak eman daut
neure zuzentasunaren ordaina,
neure jokabide garbiaren saria.
22 Jaunaren bideari naiz jarraitu,
Jainkoarenganik ez naiz urrundu.
23 Aitzinean dauzkat haren arauak,
begiratzen ditut haren manamenduak.
24 Haren aitzinean zintzo izan naiz,
bekatu orotik begiratzen naiz.
25 Jaunak eman daut
nere zuzentasunaren arabera
haren begietan garbi jokatu dut-eta.
26 Leialarentzat leial zira,
zintzoarentzat zintzo,
27 asmo garbikoarentzat garbi,
asmo tzarrekoarentzat bihurri.
28 Zuk duzu herri zapatua salbatzen,
eta begi ozarrak apaltzen.
29 Zu zaitut argi, Jauna;
nere ilunpea zuk argitzen duzu, Jauna.
30 Zurekin ihes igortzen ditut gudariak,
zurekin, ene Jainko, jauzian iragaiten harresiak.
31 Jainkoaren bidea on baino hobea,
Jaunaren hitza sinesgarria,
haren aterbera doana, ongi gerizatua.
32 Nor da Jainko, Jauna baizik?
Nor harkaitz gure Jainkoa baizik?
33 Jainkoa dut gordeleku indartsu,
bide zuzenetik ibilarazten nu.
34 Oreinarenak bezain arin
dauzkit oinak egin,
gainetan sendo nau ezarri.
35 Trebatzen dauzkit eskuak gudurako,
eta besoak
brontzezko arkuaren tirantzeko.
36 Erredolak bezala salbatzen nauzu,
ihardesten dautazu eta egiten indartsu.
37 Bidea dautazu zabaltzen
eta nere oinak ez dira behaztopatzen.
38 Etsaiak lasterkatzen ditut eta xehatzen,
denak suntsitu arte ez naiz itzultzen.
39 Suntsitzen ditut eta lehertzen,
ez dira gehiago xutitzen;
nere oinen perat erori ziren.
40 Gudurako indarrez janzten nauzu,
arerioak menpean ezartzen dauzkidazu.
41 Nere etsaiak dituzu ihes igortzen,
hastio nautenak ditut hondatzen.
42 Dei egiten dute, bainan nehork ez salbatzen;
Jaunari oihu, bainan harek ez entzuten.
43 Lurreko errautsa bezala ditut xehatzen,
karriketako lohia bezala zangopilatzen.
44 Ene herriaren jazarraldietarik nauzu ateratzen,
atzerritarren buruzagi atxikitzen.
Herri ezezaguna
zerbitzari zait jartzen,
45 arrotzek naute lausengatzen,
lehen hitzean obeditzen.
46 Atzerritarrak dira ahultzen,
eta beren gordelekuetarik
dardaraka ateratzen.
47 Gora Jauna, benedikatua ene harkaitza!
Goretsia ene Jainko salbatzailea!
48 Ene Jainko, zuk mendekatzen nauzu,
herriak menpean ezartzen dauzkidazu.
49 Etsaien artetik nauzu ateratzen,
kontrakoen garaile egiten,
gizon zakarrarenganik askatzen.
50 Horrengatik, Jauna,
atzerritarren artean zaitut goresten,
zure omenez dut kantatzen.
51 Garaipen handiak eman diozka
bere erregeari,
leialtasuna erakutsi bere gantzutuari,
Davidi eta haren ondokoeri, betiko.»
Daviden azken hitzak
23
1 Huna Daviden azken hitzak:
«Hunela mintzo da Jeseren seme David,
gorenean ezarri gizona,
Jakoben Jainkoaren gantzutua,
Israelgo kantari  23,1 Israelgo kantari: Hunela ere itzul daiteke: israeldarren kantuetan goraipatua. Davidi egin goraipamen bat 1 Sm 18,7an aurki daiteke. eztia.
2 Jaunaren izpiritua mintzo da ni baitan,
haren hitza nere ahoan.
3 Israelen Jainkoa mintzatu da,
Israelen Harkaitzak erran daut:
Jendeen buruzagi zuzena,
Jainkoaren alderako errespetuz
manatzen duena,
4 goiz argia bezalakoa da,
zeru zohardian
eguzkia ateratzean,
euriak busti belarra
dirdirarazten duena.
5 Bai, holakoa nere ondoregoa
Jainkoaren gerizan.
Nerekin egin du betiereko elkargoa,
denetan ongi arautua eta sendoa  23,5 ongi arautua eta sendoa: Errege-etxea betikotz iraunarazteko promesaz ari da (ik. 7,16). .
Harek emaiten daut garaipen betea,
harek betetzen nere tirria guzia.
6 Zirtzilek, aldiz,
eskuan hartu gabe
botatzen diren elorriak iduri;
7 hunki behar dituenak
burdina eta lantza-giderra hartzen ditu,
surat bota eta erretzeko».
8 Huna Daviden gudari ausarten izenak:
Ix-Baal hakmondarra, hiru ausarten buruzagia  23,8 hiru ausarten buruzagia: Testuan bi talde berezi ageri dira: Hirurak eta Hogeita Hamarrak. Zail da, batzutan, bata zoin den eta bestea zoin den berextea. Azkenean datorren izen zerrenda ere ez dator bat zenbaki horiekin. ; hau da, bere lantza erabiliz, zortziehun gizoni oldartu eta denak aldi bakar hil zituena.
9 Hunen ondotik Eleazar, Dodo ahohitarraren semea. Davidekin ziren hiru gudari ausartetarik zen, filistearrak gudurako bildu zirenean. Israeldarrek gibelerat egin zuten, 10 bainan harek tinko atxiki zuen eta eskua, nekearen nekez, ezpatari itsatsia gelditu zitzaion arte jo zituen filistearrak. Egun hartan garaipen handia egin zuen Jaunak. Armada ez zen Eleazarrenganat itzuli, harrapakinen biltzeko baizik.
11 Hunen ondotik, Xama, Age-ren semea, harartarra. Lehi-n bilduak ziren filistearrak, eta jendea ihes egina zen filistearren aitzinetik. Bazen han dilista-alor bat. 12 Alorraren erdian zutik, Xamak defendatu zuen landa hura, filistearrak hilez. Garaipen handia egin zuen Jaunak.
13 Uztaroan, gudari ausarten hiru buruzagi Davidenganat etorri ziren Adulamgo harperat. Filistear gudari-talde bat refatarren haranean  23,13 Adulam: Jerusalemdik hego-mendebalderat 25 km ingurutan zen. // refatarren haranean: H.h. Refaim haranean. Haran hau Jerusalemdik hego-mendebalderat zen, hiritik hurbil. kanpatua zen. 14 David, orduan, bere gordelekuan zagon; filistearrak, berriz, Betleemen ziren. 15 Davidek tirria hau adiarazi zuen: «Norbaitek Betleemgo atean den urtegitik ura ekartzen balaut edateko...!» 16 Delako hiru gudari ausartak, filistearren kanpalekuan sartu, Betleemgo atean den urtegitik ura atera eta Davidi ekarri zioten. Hunek, ordea, ez zuen edan nahi ukan, eta ixuri  23,16 ixuri: Jainkoari eskaintza egiteko molde bat zen. zuen Jaunarentzat eskaintza bezala. 17 Erran zuen: «Nehola ere ez! Jainkoak begira nezala ur hau edatetik! Gizon horien odola edatea litaike, beren biziaren hirriskuan joan baitira». Eta ez zuen edan nahi ukan.
Hori egin zuten hiru gudari ausart heiek.
18 Tzeruiaren seme eta Joaben anaia Abixai zen hogeita hamar gudari ausarten aitzindari. Hirurehunen kontra erabili zuen bere lantza, eta omen handia bildu zuen hogeita hamarren artean. 19 Hogeita hamarren artean hura izan zen ospetsuena eta guzien buruzagia. Halere, ez zen hiru heien heinekoa izan.
20 Benaias, Joiadaren semea, gizon kementsua zen eta egintza handiak egina; Kabtzeelgoa zen. Harek hil zituen Ariel izeneko bi moabdar. Elurra ari zuen batez, urtegirat jautsi eta lehoin bat hil zuen han berean. 21 Harek hil zuen itxura bikaineko gizon egiptoar bat ere. Hunek lantza zuen eskuan; harek, berriz, makila bat baizik ez. Kendu zion Benaiasek lantza eskutik egiptoarrari eta bere lantzaz hil zuen. 22 Horra zer egin zuen Joiadaren seme Benaiasek; horrengatik, omen handia bildu zuen hiru ausarten artean. 23 Hogeita hamarrak baino ospetsuago izan zen; bainan ez zen hiru heien heinekoa izan. Davidek bere zaintzaileen buru egin zuen.
24 Hogeita hamar heien artekoa zen Asahel, Joaben anaia; bai eta Betleemgo Elhanan ere, Dodoren semea. Eta 25 Harodeko Xama, Harodeko Elika; 26 Peleteko Heletz; Ira, Tekoako Ikexen semea; 27 Anatoteko Abiezer; Huxako Sabeni; 28 Ahoheko Tzalmon; Netofako Mahrai; 29 Heleb, Netofako Baanaren semea; Itai, Gibeako Ribai benjamindarraren semea; 30 Piratongo Benaia; Gaax ibarreko Hidai; 31 Arabako Abi-Albon; Barhumgo Azmabet; 32 Xaalbongo Eliahba; Gungo Jaxen; Jonatan, 33 Harargo Xamaren semea; Ahiam, Arargo Xarar-en semea; 34 Elifelet, Maakako Ahasbairen semea; Eliam, Giloko Ahitofelen semea; 35 Karmelgo Hetzrai; Arbiko Paarai; 36 Igal, Tzobako Natanen semea; Gad-eko Bani; 37 Amongo Tzelek; Beerot-eko Nahrai, Tzeruiaren seme Joaben ezkutaria; 38 Jatirgo Ira eta Gareb; 39 eta Urias hitita. Orotara hogeita hamazazpi.
24
1 Sutan jarri zen berriz ere  Jaunaren haserrea israeldarren kontra eta, heien zigortzeko, Davidi erran zion:
–Egizu israeldarren eta judatarren zenbaketa.
2 Erregeak Joab bere gudalburuari erran zion:
–Zoazi Israelen barna leinuz leinu, Dandik Beer-Xebaraino, eta egizu herritar guzien zenbaketa, zenbat diren jakin dezatan.
3 Joabek erregeari ihardetsi zion:
–Orai dena baino ehun aldiz handiago egin dezala herria Jaunak, zure Jainkoak, eta errege jaunak bere begiz ikus dezala! Bainan zertako nahi du ene errege jaunak halakorik egin  24,3 Herritarren zenbaketa egitea Jainkoari herriaren jabegoa murriztea bezala zen; bestalde, ordea, armada antolatu ahal izaiteko bidea zen, borondatezko gudarien beha egon gabe. ?
4 Halere, erregeak bere manua eginarazi zioten Joabi eta gudalburueri. Beraz, Joab, gudalburu guziekin, erregearen aitzinetik atera eta israeldarren zenbaketa egitera joan zen. 5 Iragan zuten Jordan ibaia, eta Aroer-tik  24,5 Aroer: Itsaso Hilaz bestaldeko hiria, moabdarren mugetarik hurbil. Zenbaketa eguzkialdean hasi zuten eta, iparralde eta mendebaldeko lurraldeetan barna, hegoaldean bururatu. eta ibarraren erdian den hiritik hasirik, Gad lurraldean barna, Jazer-eraino heldu ziren. 6 Gero, Galaaderat eta hititen lurralderat, Kadexerat, joan ziren; bai eta Dan-Jaanera eta Sidongo inguruetarat. 7 Tiroko hirigotorrerat ere heldu ziren; bai eta hibiarren eta kanaandarren hiri guzietarat. Azkenik, Judako Negev-alde abiatu ziren, Beer-Xebarat. 8 Hola zeharkatu zuten lurralde osoa eta, bederatzi hilabete eta hogei egunen buruan, Jerusalemerat sartu ziren. 9 Herritarrak zenbat ziren jakinarazi zion Joabek erregeari: Israelen zortziehun mila baziren gerla egiteko gai, eta Judan bostehun mila.
10 Herritarren zenbaketa egin ondoan, hobendun senditu zen David eta Jaunari erran zion:
–Bekatu larria egin dut, bai, hola ari izanez. Halere, Jauna, barka, otoi, zeure zerbitzari hunen hutsa, erokeria egin baitut.
11 Biharamun goizean David jeiki zeneko, Jaunak Gad-i, Daviden zerbitzuko zen profetari, hitz egina zion: 12 «Zoazi Davidi erraitera: Hau dio Jaunak: hiru zigor emaiten dauzkizut hautatzera; hauta bat eta hura ezarriko dauzut».
13 Gad Davidenganat joan eta horren berri eman zion:
–Zer nahi duzu: zazpi urteko gosetea zeure lurraldean, hiru hilabeteko ihesaldia etsaia ondotik duzula, ala hiru eguneko izurritea zeure lurraldean? Zuk erran zer ihardetsi behar diotan igorri nauenari.
14 Davidek, orduan, Gadi:
–Hau bai handia herstura! Hobe Jaunaren eskuetarat erortzea, handia baita haren urrikalmendua. Bainan ez nadila eror gizonen eskuetarat!
15 Jaunak, orduan, izurritea igorri zuen Israelerat, goiz hartarik haste eta erran epea bete arte. Herriko hirurogeita hamar mila gizon hil ziren Dandik Beer-Xebaraino. 16 Eta aingerua Jerusalem suntsitzeko eskuaren luzatzen ari zelarik, atsegabetu zen Jauna kalte harengatik eta herriaren suntsitzen ari zen aingeruari erran zion:
–Aski! Gibelerat esku hori!
Une hartan Jaunaren aingerua Arauna jebustarraren  24,16 jebustarra: Davidek eskuratu aitzin, Jerusalem Jebus deitzen zen (ik. 5,6-10). larrain ondoan zen. 17 Herriaren xehatzen ari zen aingerua ikustearekin, Davidek Jaunari erran zion:
–Nik egin dut bekatu! Ni naiz hobendun! Bainan horiek, artaldeak, zer egin dute? Zigor gaitzazu, beraz, ni eta nere familiakoak.
18 Egun hartan Gad Davidenganat joan eta erran zion:
–Igan zaite Arauna izeneko jebustarraren larrainerat, eta aldare bat eraikazu han.
19 Igan zen David, Jaunaren manuz Gadek erran bezala. 20 Erregea eta haren zerbitzariak heldu zitzaizkiola ikustean, Araunak, biderat atera eta erregearen aitzinean ahuspekaturik, 21 erran zuen:
–Zergatik dator ene errege jauna bere zerbitzari hunenganat?
Davidek ihardetsi:
–Larraina erosi nahi dauzut, Jaunari aldare baten eraikitzeko, izurritea herriarenganik urrun dezan.
22 Araunak Davidi:
–Har beza ene errege jaunak nahi duen guzia erre-opariaren eskaintzeko. Horra, hor dituzu idiak erre-oparitako, area eta idien uztarria egurretako. 23 Hori guzia emaiten dauzu Araunak, oi errege.
Araunak hau ere erran zion erregeari:
–Zure eskaintzak atsegin eman diezola Jaunari, zeure Jainkoari!
24 Erregeak Araunari ihardetsi zion:
–Ez, zuzen dena ordainduz erosi nahi dauzut. Jaunari, ene Jainkoari, ez diot eskainiko gosta ez zaitan erre-oparirik.
Hola, zilarrezko berrogeita hamar piezetan erosi ziozkan Davidek larraina eta idiak.
25 Han eraiki zion aldarea Davidek Jaunari, eta erre-opariak eta bake-opariak eskaini zituen.
Urrikaldu zen Jauna lurralde hartaz eta urrundu zuen izurritea Israelenganik.
|