Elizen arteko
BIBLIA
Lapurtarrez
Bila PASARTEA     Bila HITZA
Pasartea:   

Ikusteremua zabaldu

2 Erregeak 19,15.35-37

2 Erregeak : Sarrera 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25

 
ELIAS PROFETA ETA AKAZIAS ERREGEA (1,1-18)
1
1 Akab erregea hil zenean, moabdarrak Israelen kontra altxatu
1,1 kontra altxatu: Altxatze hunen kondaira 3,4an hasten da. Hemen, 2. bertsetetik aitzina, Akaben ondoko izan zen Akaziasen erregealdia kondatzen zaiku (ik. 1 Erg 22,52-54).
ziren. 2 Akazias Samariako bere jauregian zagola, gaineko bere gelako galeriatik erori zen eta larriki zauritu. Mezulariak igorri zituen manu hunekin: «Zoazte eta Ekrongo jainko Baal-Zebubi
1,2 Ekron: Filistearren hiria zen, Jerusalemdik 50 km mendebalderat. // Baal-Zebub: H.h., ulien jauna erran nahi du; filistearren jainkoaz trufatzeko erabili hitz-jokoa. Ebanjelioetan (Mt 10,25; 12,24 par.) pertsonaia hunen jatorrizko izentzat Beel-Zebul emaiten da; Baalek Printzea erran nahi du. Hebrearrak Palestinan sartu aitzinetik, kanaandarrek adoratzen zuten jainkoa zen.
galdegiozue ea sendatuko naizen zauri hauetarik». 3 Jaunaren aingeruak, ordea, Tixbeko Eliasi erran zion:
–Zoazi Samariako erregeak igorri dituen mezularien bila eta errozute: «Ez ote da Jainkorik Israelen, Ekrongo jainko Baal-Zebubi kontsulta egitera joan behar izaiteko?» 4 Huna Jaunak errana: «Ez zira jeikiko etzanik zauden ohetik; hilen zira».
Eta joan zen Elias. 5 Mezulariak itzuli zirenean, erregeak galdegin zioten:
–Zergatik itzuli zirezte?
6 Heiek ihardetsi:
–Gizon bat atera zauku biderat eta erran dauku: «Itzul zaitezte igorri zaituzten erregeaganat eta errozue: Hau dio Jaunak: Ez ote da Jainkorik Israelen, Ekrongo jainko Baal-Zebubi kontsulta egitera norbait igorri behar izaiteko? Hara, ez zira jeikiko etzanik zauden ohetik; hilen zira».
7 Erregeak galdegin zioten:
–Nolako itxura zuen biderat atera eta holakoak erran dauzkizuen gizonak?
8 Heiek ihardetsi:
–Larruz jantzia
1,8 Larruz jantzia: Larrua izan ohi zen, iduriz, profeten jantzia (ik. Za 13,4 eta Mt 3,4). Gizon iletsua ere itzul daiteke, erran nahi baita ile-adats luzekoa eta bizartsua.
zen, gerria larruzko uhalez loturik.
Orduan, erregeak:
–Tixbeko Elias!
9 Erregeak aitzindari bat igorri zuen Eliasenganat, berrogeita hamar gizonekin. Igan zen aitzindaria Eliasen bila eta mendi kaskoan jarririk aurkitu eta erran zion:
–Jainkoaren gizon, jausteko manatzen dauzu erregeak.
10 Bainan Eliasek aitzindariari ihardetsi zion:
–Jainkoaren gizona banaiz, jauts dadila sua zerutik eta kizkal zaitzatela zu eta zure berrogeita hamar gizonak!
Bat-batean sua zerutik jautsi eta kizkali zituen aitzindaria eta berrogeita hamar gizonak.
11 Erregeak berriz beste aitzindari bat igorri zuen Eliasenganat, beste berrogeita hamar gizonekin. Aitzindariak Eliasi erran zion:
–Jainkoaren gizon, berehala jausteko manatzen dauzu erregeak.
12 Eliasek berriz ere:
–Jainkoaren gizona banaiz, jauts dadila sua zerutik eta kizkal zaitzatela zu eta zure berrogeita hamar gizonak.
Bat-batean zerutik sua jautsi eta kizkali zituen aitzindaria eta berrogeita hamar gizonak.
13 Erregeak, hirugarren aldikotz, beste aitzindari bat igorri zuen, berrogeita hamar gizonekin. Hirugarren aitzindari hau ere igan zen Eliasenganat; bainan, heldu orduko, belaunikatu zen haren aitzinean eta hunela otoiztu zuen:
–Jainkoaren gizon, utz gaitzazu bizirik, bai ni, bai zeure berrogeita hamar zerbitzariak. 14 Badakit zerutik jautsi suak kizkali dituela beste bi aitzindariak eta beren gizonak; bainan ni utz nezazu bizirik.
15 Jaunaren aingeruak Eliasi erran zion:
–Jauts zaite horrekin. Ez horren beldur izan.
Elias aitzindari harekin jautsi zen erregeaganat. 16 Eta huni erran zion:
–Hau dio Jaunak: «Mezulariak igorri dituzu Ekrongo jainko Baal-Zebubi kontsulta egitera. Ez ote da Israelen kontsulta egin dakiokeen Jainkorik? Horrengatik ez zira jeikiko etzanik zauden ohetik; hilen zira».
17 Eta Akazias hil zen, Jaunak Eliasen bidez erran bezala. Eta ez baitzuen semerik ukan, haren anaia
1,17 anaia: Hitz hau ez dator hebrearrez, bainan bai latinezko eta siriar itzulpen zaharretan.
Joram hasi zen errege izaiten haren ondotik, Judako errege Joramen, Josafaten semearen erregealdiko bigarren urtean.
18 Akaziasen gainerateko egintzak eta egin zuen guzia «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira.
BI ERRESUMAK ELISEO PROFETAREN GARAIAN (2,1–13,21)
Elias zerurat eremana. Eliseo profeta
2
1 Jaunak Elias haize-zirimolan ereman zuen zerurat. Huna nola gertatu zen: Elias eta Eliseo Gilgaldik abiatuak zirelarik, 2 Eliasek erran zion Eliseori:
–Zaude hemen, otoi, Jaunak Betelerat igortzen bainau.
Eliseok ihardetsi:
–Jaunaren biziaz, bai eta zureaz! ez zaitut utziko.
Eta biak jautsi ziren Betelerat.
3 Betelen zen profeta-taldea biderat atera eta Eliseori erran zioten:
–Ba ote dakizu nagusia gaur airean eremanen dauzula Jaunak?
Eliseok ihardetsi:
–Bai, badakit, egon ixilik!
4 Eliasek, orduan, Eliseori:
–Zaude hemen, otoi, Jaunak Jerikorat igortzen bainau.
Eliseok ihardetsi:
–Jaunaren biziaz, bai eta zureaz! ez zaitut utziko.
Eta Jerikorat joan ziren. 5 Jerikon zen profeta-taldea Eliseorenganat hurbildu eta erran zioten:
–Ba ote dakizu gaur nagusia airean eremanen dauzula Jaunak?
Eliseok ihardetsi:
–Bai, badakit, egon ixilik!
6 Eliasek, berriz, Eliseori:
–Zaude hemen, otoi, Jaunak Jordanerat igortzen bainau.
Eliseok ihardetsi:
–Jaunaren biziaz, bai eta zureaz! ez zaitut utziko.
Eta biak joan ziren. 7 Profeta-taldeko berrogeita hamar lagun ere joan eta urrundik so egon ziren; Elias eta Eliseo Jordan ibai ondoan gelditu ziren. 8 Eliasek bere soingainekoa hartu, biribilkatu eta ura jo zuen harekin. Ura erditik egin zen eta biak idorretik iragan ziren. 9 Orduan, Eliasek Eliseori erran zion:
–Galdegizu: zer nahi duzu egin dezadan zuretzat, Jaunak zure ondotik ereman nezan baino lehen.
Eliseok ihardetsi:
–Ukan dezadala zure izpiritutik bietan gehiago
2,9 Dt 21,17aren arabera, seme zaharrenak besteek baino bi aldiz gehiago ukaiten zuen ondarez.
.
10 Eliasek ihardetsi:
–Gauza zaila eskatzen duzu. Jaunak zure ondotik eremanen nauenean ikusten banauzu, hola izanen zira; bestela, ez.
11 Bidean elaka zoatzilarik, suzko zaldiek zeramaten suzko karro batek berexi zituen bata bestearenganik. Elias zerurat igan zen haize-zirimolan. 12 Eliseok, hari beha zagola, oihu egin zuen:
–Ene aita! Ene aita! Israelen gudu-karro eta zalditeria, zu
2,12 gudu-karro eta zalditeria balio duela Eliseok Israel etsaietarik zaintzeko erran nahi da hemen (ik. 13,14).
!
Ez zuen gehiago ikusi. Orduan, bere jantziak hartu eta bi pusketan urratu zituen. 13 Eliasi soinetik erori zitzaion soingainekoa hartu, Jordanerat itzuli eta ibai ondoan gelditu zen. 14 Gero, Eliasi soinetik eroria zitzaion soingainekoa
2,14 soingainekoa: Eliasek Eliseori gainerat bota ziona (ik. 1 Erg 19,19), jarraik ziezaion. Orai Eliseo jabetzen da soingaineko hortaz eta Eliasen ondoko bilakatzen.
hartu eta ura jo zuen, erranez:
– Nun da, Jauna, Eliasen Jainkoa?
Eliseok ura jo orduko, erditik egin zen eta Eliseo bestalderat iragan zen.
15 Jerikoko profeta-taldeak urrundik ikusi zuen eta erran zuten: «Eliasen izpiritua Eliseoren baitan da orai!» Aitzinerat joan zitzaizkion; ahuspekatu eta 16 erran zioten:
–Badira zure zerbitzari hauen artean berrogeita hamar gizon kuraiadun. Utzkizu zure nagusiaren bila joaitera. Baliteke Jaunaren izpirituak ereman eta mendi edo haran batean bota duen.
Eliseok ihardetsi zioten:
– Nehor ez igor!
17 Heiek, ordea, baietz eta baietz ari zitzaizkion; azkenean erran zioten:
–Igorzkizue.
Igorri zituzten, beraz, berrogeita hamar gizonak; bainan, hiru egunez Eliasen bila ibili ondoan, ez zuten aurkitu. 18 Orduan, Jerikorat Eliseorenganat itzuli ziren. Harek erran zioten:
–Ez ote nauzuen erran ez joaiteko?
Eliseoren mirakuluak
19 Jerikoko bizilagunek Eliseori erran zioten:
–Zuhaurek, gure jauna, ikus dezakezunaz, gure hiri hau toki ederrean egina da; bainan ura tzarra dugu eta lurraldea agorra
2,19 ura tzarra dugu eta lurraldea agorra: Hunela ere itzul daiteke: ura tzarra dugu eta emaztereeri haurra galarazten diote.
.
20 Eliseok ihardetsi zioten:
–Ekar ezadazue katilu berri bat eta ezar gatza barnean.
Eta ekarri zioten. 21 Eliseo joan zen ur-sorgiarat eta gatza bota zion, erranez: «Hau dio Jaunak: Nik ontzen dut ur hau; hemendik harat ez du ekarriko heriotzerik, ez agortasunik
2,21 ez agortasunik: Beste itzulpen bat: haur-galtzerik.
». 22 Ura ondu zen gaurdaino, Eliseok erran bezala.
23 Handik Betelerat igan zen. Bidean goiti zoala, hiritik atera mutiko batzu trufaka hasi zitzaizkion erranez: «Igan, burusoil! Igan, burusoil
2,23 burusoil: Erran-molde hunek, profeten ile-motz berezia aipatzen bide du (ik. 1 Erg 20,41 eta oh.).
24 Eliseok, itzulirik, behatu eta madarikatu zituen Jaunaren izenean. Orduan, bi hartz oihanetik atera eta mutiko heietarik berrogeita bi puskatu zituzten.
25 Handik Karmel mendirat joan zen eta gero Samariarat itzuli.
Joram, Israelgo errege
3
1 Judako Josafaten erregealdiko hemezortzigarren urtean hasi zen Akaben seme Joram Israelgo errege izaiten Samarian, eta hamabi urtez izan zen errege. 2 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; ez, ordea, arbasoek bezainbat, harek kendu baitzuen aitak Baali eraikia zion zutarri
3,2 Jaunari atsegin ez zaiona: 2 Erg huntan ere maiz agertuko da erranaldi hau (ik. 1 Erg 11,6 oh.), bai Israelgo erregeen hobena, (13,2.11; 14,24; 15,9.18.24.28; 17,2), bai Judakoena (8,18.27; 16,2; 21,2.6.16.20; 23,32.37; 24,9.19), bai herriarena (21,15) azpimarratuz. // zutarri: Ik. 1 Erg 14,23 eta oh.
sakratua. 3 Halere, Jeroboamek Israeli eginarazi ziozkan bekatu
3,3 bekatu: Ik. 1 Erg 12,30 eta oh.
beren egiten jarraitu zuen.
Israeldar eta moabdarren artean borroka
4 Moabeko errege Mexa abere-zaina zen. Ehun mila bildots eta ehun mila marro, beren ilearekin, eman behar ziozkan Israelgo erregeari zergatzat. 5 Akab hil zenean, ordea, Moabeko erregea Israelgoaren kontra altxatu zen. 6 Egun hartan berean, Joram erregeak Samariatik atera eta israeldar gudari guziak ikuskatu zituen. 7 Gero, mezu hau igorri zion Judako errege Josafati: «Moabeko erregea kontra jarri zait. Nerekin etorriko zirea moabdarren borrokatzera?» Harek ihardetsi: «Joanen naiz. Biak bat gira; nere armada eta zurea, nere zalditeria eta zurea». 8 Eta galdegin zuen: «Zoin bidetarik joanen gira?» Israelgo erregeak ihardetsi: «Edomgo basamortuko bidetik
3,8 Edomgo basamortuko bidetik: Itsaso Hilaren ingurua eginez nahi zion Josafatek Moabi eraso, Edom lurraldean barna joanik, Edomgo erregea bere menpe baitzuen.
».
9 Abiatu ziren Israelgo erregea, Judakoa eta Edomgoa. Zazpi eguneko itzulingurua egin ondoan, urik gabe gelditu ziren, bai armadarentzat, bai gibeletik zituzten zamarientzat. 10 Israelgo erregeak erran zuen:
–Gureak egin du! Moabdarren eskuetan eror gaitezen bildu gaitu hemen Jaunak.
11 Josafatek erran zuen:
–Ez ote da hemen Jaunaren profetarik, haren bidez Jaunari kontsulta egiteko?
Israelgo erregearen zerbitzarietarik batek erran zuen:
–Hemen dugu Xafaten seme Eliseo. Eliasen laguntzaile
3,11 Eliasen laguntzaile: Hebrearrez, Eliasen eskuetarat ura ixurtzen zuena.
izana da.
12 Josafatek, orduan:
–Haren bidez hitz eginen dauku Jaunak
3,12 Haren bidez hitz eginen dauku Jaunak: Hebrearrez, Haren baitan da Jaunaren hitza.
.
Eta harenganat jautsi ziren Israelgo erregea, Judakoa eta Edomgoa.
13 Eliseok Israelgo erregeari erran zion:
–Zer behar duzu nitarik! Galdegiezu zeure aitaren eta amaren profeteri
3,13 zeure aitaren eta amaren profeteri: Baal jainkoaren eta Axera jainkosaren profeteri buruz ari da (ik. 1 Erg 18,19).
.
Israelgo erregeak ihardetsi zion:
–Ez! Moabdarren eskuetan uzteko bildu gaitu Jaunak hiru errege hauk.
14 Eliseok, orduan:
–Bere zerbitzari nauen Jaun guziahaldunaren biziaz! Judako errege Josafaten errespetuz izan ez balitz, ez nauzun kasurik eginen, ez eta behatuko ere. 15 Ekar ezadazue musikari
3,15 musikari: Musikak inspiratzen zuen (ik. 1 Sm 10,5-6).
bat.
Eta musikaria jotzen ari zela, Jaunaren indarrak hartu zuen Eliseo, 16 eta erran zuen:
–Hau dio Jaunak: «Egizue zilo anitz haran huntan. 17 Haizerik ez duzue entzunen, ez euririk ikusiko, bainan urez beteko da haran hau eta edaten ahalko duzue bai zuek, bai zuen abere
3,17 abere: Beste itzulpen bat: armada.
eta zamariek». 18 Eta hori guti zaio Jaunari, eskuetarat emanen dauzkizue moabdarrak. 19 Hiri gotortu guziak xehatuko dituzue, fruitu-arbolak moztuko, iturri guziak tapatuko eta lur landuak hondatuko, harriz betez.
20 Biharamun goizean, oparia eskaintzeko orduan, uholdea etorri zen Edom aldetik, eta lurralde hura urez bete zen.
21 Moabdarrek, beren aldetik, errege heiek erasotzera heldu zirela jakitean, armak hartzeko adinean ziren guziak eta zaharragoak ere bildu eta mugan ezarri zituzten. 22 Goiz hartan, jeikitzean, eguzkiak dirdiratzen zuen uraren gainean. Moabdarreri beren aitzineko ura odola bezain gorri zela iduritu zitzaioten, 23 eta erran zuten: «Odola da hori! Errege horiek borroka egin dute eta elkar hil. Ea, moabdarrak, harrapakinetarat!»
24 Moabdarrak israeldarren kanpalekurat hurbildu zirenean, ordea, israeldarrek eraso egin zieten eta garaitu. Ihes joan ziren, eta israeldarrek, Moaben sartu
3,24-25 Moaben sartu eta hondatu: Hebrearrezko testua iluna da; hemen emana grekotik itzulia da. // Kir-Hareset: Moab erresumako hiriburua zen.
eta 25 dena hondatu zuten: hiriak xehatu, lur landuak harriz bete, iturriak tapatu eta fruitu-arbolak moztu. Kir-Hareset hiria baizik ez zen gelditu; hiri huni ere, setiatu ondoan, eraso egin zioten habailariek.
26 Moabeko erregeak, gudua galtzeko zorian zela ikusirik, zazpiehun gizon hartu zituen, beren ezpatekin, Edomgo erregearen taldea banatzeko; bainan ez zuen deus egin ahal ukan. 27 Orduan, Moabeko erregeak hartu zuen bere ondotik errege izaitekoa zen bere seme zaharrena eta erre-oparitzat eskaini zuen harresi gainean. Ikaragarriko beldurra
3,27 Ikaragarriko beldurra:Iduriz, israeldarrak moabdar jainkoen beldur dira edo izigarria iduri zaiote beren legean debekatua den eta Moabeko erregeak egin duen hilketa.
sartu zitzaioten israeldarreri. Handik joan eta beren lurralderat itzuli ziren.
Eliseok alarguntsa behartsu bat lagundu
4
1 Behin, profeta-taldeko baten emazteak Eliseori oihu egin zion:
–Hil zait senarra, zure zerbitzari zena. Badakizu Jauna errespetatzen zuela. Zorrak bazituen, eta hartzedunak nere bi semeak ereman nahi dauzkit esklabo.
2 Eliseok galdegin zion:
–Zer egin dezaket zure alde? Erradazu zer duzun etxean.
Emazteak ihardetsi:
–Ez dut olio-xorta bat baizik neure buruaren gantzutzeko.
3 Orduan, Eliseok:
–Zoazi eta eska auzo guzieri ontziak, ontzi hutsak, ahal dituzun guziak. 4 Sar zaite gero etxean zeure semeekin eta hets atea. Ixur olioa ontzi guzietarat eta, bete ahala, ezar denak bazter.
5 Emaztea, Eliseo utzirik, bere semeekin etxean sartu zen eta atea hetsi. Semeek ontziak ekar ahala, amak olioa ixurtzen zuen barnerat. 6 Bete zituenean, seme bati erran zion:
–Ekar beste ontzi bat.
Semeak ihardetsi:
–Ez da besterik.
Eta gelditu zen olio-jarioa.
7 Emaztea gertatuaren berri Jainkoaren gizonari emaitera joan zenean, harek erran zion:
–Sal olioa, ordain zazu zorra, eta gaineratekoaz bizi zaitezte semeak eta hirurak.
Eliseo eta Xunemgo emaztea
8 Behin, Eliseo Xunemdik
4,8 Xunem: Izreelgo zelaiaren eguzkialdean zen hiria.
iragan zen. Bazen han etxekandere ospetsu bat, eta bere etxean bazkaltzera sarrarazi zuen Eliseo. Ordutik, han iragaiten zen guziz, han gelditu ohi zen bazkaltzeko.
9 Behin, emazteak senarrari erran zion:
–Badakit gure etxerat etortzen den hori Jainkoaren gizon saindu bat dela. 10 Egin diezogun gainean gelatxo bat, murru batzu altxatuz; ohea, mahaia, alkia eta argiontzia ezarriko diozkagu han. Hola, gure etxerat etorriko denean, harat bilduko da.
11 Behin Eliseo etorri zen eta, gaineko gelarat sarturik, etzan zen. 12 Gehazi bere mutilari erran zion:
–Dei egiozu emazte xunemdar horri.
Dei egin zion eta etorri zen emaztea mutilarenganat. 13 Eliseok manatua zion hau erraiteko: «Hainbeste lan hartu duzu guregatik! Zer egin dezakegu zuretzat? Nahi duzu erregeari edo gudalburuari zure alde hitz egitea?»
Emazteak ihardetsi:
–Ez! Ongi bizi naiz neure herritarren artean.
14 Eliseok, berriz, mutilari:
–Zer egin haren alde?
Gehazik ihardetsi:
–Gaixoa, ez du haurrik eta senarra zahartua du.
15 Eliseok mutilari:
–Dei egiozu.
Dei egin zion eta emaztea ate ondorat etorri zen. 16 Eliseok erran zion:
–Datorren urtean, garai huntan, semea ukanen duzu besoetan.
Emazteak ihardetsi:
–Ez, ene jauna, Jainkoaren gizona, ez erran gezurrik zure neskato huni.
17 Bainan, emaztea haur-beharretan gertatu zen eta ondoko urtean, garai berean, semea ukan zuen, Eliseok erran bezala.
Xunemgo emaztearen semea hil
18 Handitu zen haurra. Bainan behin, aita uzta-egileekin zuen tokirat joan eta 19 aitari erran zion:
–Hau buruko mina! Hau buruko mina!
Aitak mutil bati manatu zion:
–Eremazu amarenganat!
20 Mutilak haurra amari ereman zion eta harek altzoan hartu zuen; bainan eguerditan hil zitzaion. 21 Amak goiti ereman eta Jainkoaren gizonaren ohean etzan zuen; gelatik atera eta atea hetsi zuen. 22 Senarrari dei egin eta erran zion:
–Igor ezadazu, otoi, mutil bat asto batekin. Jainkoaren gizonarenganat joan behar dut laster. Berehala etorriko naiz.
23 Senarrak, orduan:
–Zergatik joan behar duzu gaur berean? Ez da hilabeteberri-besta, ez eta sabatoa .
Emazteak ihardetsi:
–Zaude bakean!
24 Astoa pildatu eta mutilari erran zion:
–Gida zazu astoa eta ez geldi bidean nik erran arte.
25 Abiatu eta heldu zen Karmel mendirat, Jainkoaren gizonarenganat. Jainkoaren gizonak, emaztea urrundik ikusi zuenean, Gehazi bere mutilari erran zion:
–Hara emazte xunemdarra! 26 Zoazi berehala haren biderat eta galdegiozu ongi den, eta senarra eta semea ongi dituen.
Emazteak ihardetsi:
–Bai, ongi.
27 Emazteak, mendirat Jainkoaren gizonarenganat heldu zenean, oinak besarkatu ziozkan. Gehazi hurbildu zen emaztearen urruntzeko, bainan Jainkoaren gizonak erran zion:
–Utzazu, atsegabean baita. Jaunak ez daut agertu zergatik; deusik ez daut jakinarazi.
28 Emazteak, orduan, Eliseori:
–Eskatu ote nauzun semerik? Ez ote nauzun erran ni ez tronpatzeko?
29 Eliseok Gehaziri erran zion:
–Emazu gerrikoa, har nere makila eskuan eta zoazi! Norbait ikusten baduzu, ez egin agurrik; eta norbaitek agurtzen bazaitu, ez ihardets. Ezarrozu haurrari nere makila aurpegiaren gainean.
30 Haurraren amak erran zuen:
–Jaunaren biziaz, bai eta zureaz! ez naiz joanen zu gabe!
Eliseo emazteari jarraiki zitzaion. 31 Aitzinean joana zen Gehazi. Makila ezarri zuen haurraren aurpegi gainean, bainan haurrak ez zuen hitzik erran, ez eta higitu ere. Itzuli zen orduan Gehazi Eliseoren bila eta erran zion:
–Haurra ez da iratzartu.
32 Eliseok
4,32 Eliseo: Konpara 4,32-37 eta 1 Erg 17,17-24.
, etxerat heltzean, haurra hila aurkitu zuen bere ohe gainean. 33 Gelarat sartu, atea hetsi eta otoitz egin zion Jaunari. 34 Gero, haurraren gainean etzan zen, bere ahoa haurraren ahoaren gainean, begiak begien gainean eta eskuak eskuen gainean ezarriz. Haurraren gainean etzanik zagola, berotzen hasi zen haurraren gorputza. 35 Eliseo jeiki eta harat-hunat ibili zen etxean. Gero, berriz etzan zen haurraren gainean. Mutikoak urtzintz
4,35 urtzintz: Mutikoari bizi-hatsa etorri zitzaiolako seinale.
egin zuen zazpi aldiz eta begiak ideki. 36 Eliseok Gehaziri dei egin eta erran zion:
–Dei egiozu emazte xunemdarrari.
Deitu eta etorri zenean, Eliseok erran zion:
–Eremazu semea!
37 Emaztea Eliseoren oinetaraino ahuspekatu zen. Gero, semea hartu eta joan zen.
Salda pozoinatua
38 Eliseo Gilgalerat itzuli zen. Gosete handia
4,38 gosetea: 8,1ean aipatzen den hura daiteke.
zen lurralde hartan. Behin, profeta-taldea aitzinean zuela, Eliseok bere mutilari erran zion:
–Ezar suan eltze handia eta egizu salda profeta-taldearentzat.
39 Profeta heietarik bat landarat atera zen belar batzuren biltzera. Basa mahatsondo-irudiko
4,39 Basa mahatsondo-irudiko: Kolokintida-fruitua zen, apaingarritzat erabili ohi zena, bainan ez-jangarria.
bat aurkitu eta altzoaren bete basafruitu hartu zuen handik. Itzuli zenean, zer ziren jakin gabe zatitu eta eltzean sartu zituen. 40 Atera zioten gero salda gizoneri, bainan, jastatu orduko, oihuka erran zuten:
–Hau pozoina da, Jainkoaren gizon!
Eta ezin izan zuten jan. 41 Jainkoaren gizonak erran zuen:
–Ekar ezadazue irina!
Hura eltzera botatu eta erran zuen:
–Atera jendeari eta jan dezatela.
Ez zen gehiago deus tzarrik eltzean.
Ogi-ugalketa
42 Behin Baal-Xalixako
4,42 Baal-Xalixa: Ez dakigu nun zen hiri hau (ik. 1 Sm 9,4).
gizon bat etorri zen, ogi-hasikinak Jainkoaren gizonari ekartzeko: hogei garagar-opil eta ogi berria bide-zakuan. Eliseok mutilari erran zion:
–Emazu jendeari, jan dezan.
43 Mutilak galdegin zion:
–Nola banatuko dut hau ehun gizonen artean?
Eliseok ihardetsi:
–Emazu jendeari, eta jan dezala. Hau baitio Jaunak: «Janen dute eta soberakinak izanen dira».
44 Banatu zuen mutilak ogia jende artean; jan zuten eta soberakinak izan ziren, Jaunak erran bezala.
Naaman sendatu
5
1 Naaman Siriako erregearen gudalburu nagusia zen. Gizon handitzat zaukan bere nagusiak eta arras begiko, haren bidez Jaunak siriarreri garaipena eman ziotelakotz. Bainan gizon harek gaitz bat bazuen: legena.
2 Erasoa egin zuten batez, siriarrek Israelgo nexka bat ereman zuten gatibu. Naamanen emazteak bere neskato egin zuen. 3 Behin nexkak etxekandereari erran zion:
–Nere nagusia Samariako profetaganat joan baladi, harek senda lezoke legena.
4 Naamanek bere jaunari jakinarazi zion hori:
–Hau eta hori dio Israelgo nexka harek.
5 Siriako erregeak ihardetsi zion:
–Joan, zoazi! Gutun bat emanen dauzut Israelgo erregearentzat.
Abiatu zen, beraz, Naaman hirurehun eta berrogeita hamar bat kilo zilar, urrezko sei mila pieza eta aldatzeko hamar jantzi berekin zeramatzala. 6 Naamanek Israelgo erregeari eman zion gutunak hau zion: «Gutun hunekin Naaman nere gudalburua igortzen dauzut, legena senda diezozun».
7 Israelgo erregeak, gutuna irakurtzearekin, jantziak urratu eta erran zuen:
–Jainkoa ote naiz ni, heriotzea edo bizia emaiteko? Legena senda dezotan igorri daut gizon hau. Ikusazue nola dabilan neri aharra bila.
8 Eliseok, Jainkoaren gizonak, jakin zuen Israelgo erregeak jantziak urratu zituela eta mezu hau igorri zion: «Zergatik urratu dituzu jantziak? Datorrela nereganat gizon hori eta jakinen du badela profetarik Israelen».
9 Joan zen, beraz, Naaman bere zaldi eta karroarekin eta Eliseoren etxeko ate aitzinean gelditu. 10 Eliseok mezulari bat igorri zion erraitera: «Zoazi eta busti zaite zazpi aldiz Jordan ibaian, gaitza sendatu eta garbi geldituko zira».
11 Naaman, haserreturik, joan zen, erranez:
–Uste nuen bera aterako zela eta, xutik, Jaunari, bere Jainkoari otoitz eginen ziola, eri dutan alderdia eskuz perekatu eta legena sendatuko zautala. 12 Damaseko Abana eta Parpar ibaiak ez ote dira Israelgo ur guziak baino hobeak? Ez ote nintekeen heietan busti, gaitza sendatzeko?
Eta joan zen handik haserre. 13 Mutilak, ordea, hurbildu eta mintzatu zitzaizkion:
–Ene aita
5,13 Ene aita: Ohorezko izena edo titulua, handikieri emana (erregeari: Is 22,21; profetari: 2 Erg 6,21; ministroari, etab.).
, profetak gauza zail bat manatu ukan balauzu, ez ote zinuen eginen? «Busti zaite eta garbi geldituko zira» baizik ez dauzu erran. Zergatik ez egin?
14 Naaman murgildu zen Jordan ibaian zazpi aldiz, Jainkoaren gizonak manatu bezala. Larrua haur ttipiarena bezalakoa bilakatu zitzaion; sendatu zen. 15 Orduan, Jainkoaren gizonaganat itzuli zen bere talde osoarekin; profetaganat heltzean, xutik gelditu eta erran zion:
–Orai badakit ez dela lur guzian Jainkorik, Israelen baizik. Otoi, onar zazu zerbitzari hunen dohaina.
16 Eliseok ihardetsi zion:
–Bere zerbitzari nauen Jaunaren biziaz!
5,16 Jaunaren biziaz: Zin egiteko erabili ohi zen erran-moldea (ik. 5,20; 1 Erg 1,29).
ez dut deusik hartuko.
Naamanek hartzeko eta hartzeko erranik ere, Eliseok ez zuen hartu nahi ukan. 17 Naamanek, orduan:
–Deusik hartu nahi ez duzunaz geroz, emadazu bederen bi mandok ereman dezaketen bezainbat lur
5,17 lur: Naamanek lur horren gainean Israelen Jainkoari aldare bat eraiki nahi zion, iduriz.
; ez baitiot erre-oparirik, ez sakrifiziorik eskainiko Jaunari baizik. 18 Bainan hau barka dezadala Jaunak: nere nagusia, eni besotik loturik, Rimon
5,18 Rimon: Damasen adoratu ohi zuten jainkoa.
bere jainkoaren jauretxean sartzen delarik adoratzeko, nik harekin ahuspekatu behar dut. Jaunak hori barka dezadala!
19 Eliseok ihardetsi:
–Zoazi bakean.
Eliseoren mutilak Naaman tronpatu
Naaman Eliseoganik puska bat urrundu zelarik, 20 Gehazik, Jainkoaren gizon zen Eliseoren mutilak, bere baitan egin zuen: «Gozoegia izan da nere jauna Naaman siriar horrentzat. Ez dio deus hartu nahi ukan. Jaunaren biziaz! gibeletik joanen nitzaio, ea zerbait emanen dautan».
21 Gehazi joan zen Naamanen ondotik lasterka eta hura, gibeletik zatorkiola ikustearekin, karrotik jauzi batez jautsi eta biderat joan zitzaion, erranez:
–Zer da?
22 Gehazik erran zion:
–Neure jaunak igorri nau zureganat erraitera, orai berean etorri zaizkiola Efraimgo menditik profeten taldeko bi mutiko gazte, eta heientzat hogeita hamabost kilo zilar eta bi soineko berri otoi emaiteko.
23 Naamanek ihardetsi:
–Harzkizu, bada, hirurogeita hamar kilo zilar.
Eta hartzeko erraiten zion behin eta berriz. Naamanek bi zakutan sartu zituen hirurogeita hamar kilo zilar heiek eta bi soineko berri, eta bere bi mutili eman ziozkaten Gehaziren aitzinean eremaiteko. 24 Ofel
5,24 Ofel: Hain segur, Samariako auzotegi bat.
izeneko mendixkarat heltzean, Gehazik hartu zioten dena eta etxean gorde zuen. Gero, agur egin eta gizon heiek joan ziren. 25 Bera, berriz, Eliseoganat itzuli zen. Orduan, Eliseok erran zion:
–Nundik heldu haiz, Gehazi?
Harek ihardetsi:
–Ez naiz nehorat joan.
26 Eliseok berriz:
–Zer uste duk, gizon hura karrotik jautsi eta hireganat etortzean, ez nintzela han izpirituz
5,26 Eliseok jakin Ik. 4,27.
? Zilar horrekin, olibadiak, mahastiak, artalde eta behitaldeak, neskato eta mutilak erosteko garaia dela uste ote duk? 27 Hihaur eta hire ondokoak Naamanen legenaz kutsatuko
5,27 Hihaur eta... Naamanen legenaz kutsatu (ik. 15,5; Jal 4,6-7; Zen 12,10).
zirezte.
Eta, legenaz kutsatua, elurra bezain zuri, Gehazi Eliseoganik joan zen.
Aizkora galdu eta aurkitu
6
1 Behin, profeta-taldeak Eliseori erran zion:
–Zurekin biltzeko dugun biltzar-toki hau hertsiegia da guretzat. 2 Utz gaitzazu Jordaneraino joaitera, bakotxak ernai bana hartu eta biltzar-toki egokiagoa eraik dezagun.
Eliseok ihardetsi:
–Zoazte.
3 Heietarik batek erran zion:
–Zato gurekin, otoi.
Eta Eliseok:
–Joanen naiz.
4 Eta heiekin joan zen. Jordanerat heldu eta zuhaitzen mozten ari zirenean, 5 zuhaitz pikatzen ari zen bati aizkora giderretik atera eta urerat erori zitzaion. Oihu bat egin zuen:
–Ai ene jauna! Prestuz hartua nuen!
6 Jainkoaren gizonak galdegin zion:
–Norat erori da?
Tokia erakutsi zion, eta Eliseok adar bat moztu eta harat bota zuen; orduan, ur-azalean agertu zen aizkora. 7 Eliseok erran zion:
–Hartzazu.
Eskua luzatu eta hartu zuen.
Eliseok siriar gudari batzu atzeman
8 Siriako erregea gerlan ari zen Israelgo erregearen kontra. Bere gudalburuekin biltzar egin zuen batez, erran zioten:
–Ezar dezagun kanpalekua halako tokian.
9 Jainkoaren gizonak, orduan, ohar hau igorri zion Israelgo erregeari: «Kasu! Ez iragan toki hartarik, harat jautsi baitira siriarrak». 10 Israelgo erregeak gudariak igorri zituen Jainkoaren gizonak erran tokirat. Behin baino gehiagotan gertatu zen hau: Eliseok ohartarazten zuen erregea eta hau erne egoiten zen.
11 Durduzatu zen Siriako erregea afera horrengatik; bere gudalburueri dei egin eta erran zioten:
–Erradazue gure arteko zoin den Israelgo erregearen alde!
12 Gudalburu batek ihardetsi zion:
–Nehor, errege jauna. Israelen bizi den Eliseo profetak jakinarazten diozka Israelgo erregeari zuk erran guziak, logelan erranak ere.
13 Erregeak manatu zuen:
–Zoazte ikustera nun den, harraparaz dezadan.
Dotanen zela jakinarazi ziotenean, 14 gudari-talde handi bat igorri zuen, zaldi eta gudu-karroekin; gauaz heldu eta hiria inguratu zuten.
15 Goizean goizik jeiki zen Jainkoaren gizonaren mutila eta, gudariek beren zaldi, gudu-karroekin hiria inguratua zutela ikustearekin, Eliseori erran zion:
–Ai, ene jauna, zer egin behar dugu orai?
16 Eliseok ihardetsi:
–Ez beldur izan! Gure aldeko gehiago badugu, horiek beren aldeko baino.
17 Orduan, Eliseok otoitz egin zuen: «Jauna, idek horri begiak, ikus dezan».
Jaunak mutilari begiak ideki ziozkan eta mendi osoa Eliseoren inguruan suzko zaldi eta gudu-karroz betea ikusi zuen.
18 Siriarrak Eliseoren kontra abiatu zirenean, profetak otoitz egin zion Jaunari: «Itsu zazu jende hori!» Eta Jaunak itsutu zituen, Eliseok eskatu bezala.
19 Orduan, Eliseok erran zioten:
–Ez duzue hau bidea, ez eta hiria. Jarraik neri, nik gidatuko zaituztet bilatzen duzuen gizonarenganat.
Eta Samariarat ereman zituen. 20 Samarian sartu zirenean, Eliseok erran zuen:
–Idek jende horien begiak, Jauna, eta ikus dezatela.
Jaunak ideki ziozkaten begiak eta Samaria erdian zaudela ikusi zuten. 21 Israelgo erregeak ikusi zituenean, Eliseori erran zion:
–Ene aita, hil behar ditut?
22 Eliseok ihardetsi:
–Ez hil! Ezpataz edo geziz preso hartzen dituzunak hiltzen ote dituzu
6,22 Ezpataz... hiltzen ote dituzu?: Grekozko itzulpen zahar batek hunela dio: zeure ezpataz eta zeure arkuz preso hartu ez dituzunak ere hil nahi dituzu?
? Emozute ogia eta ura, jan eta edan dezaten. Eta doatzila gero beren nagusiaganat.
23 Apairu handia eman zioten orduan erregeak. Jan eta edan zutenean, agurtu zituen eta heiek beren nagusiaganat itzuli ziren. Handik aitzina ez zen Israel lurraldean siriar talderik sartu.
Samaria setiatua
24 Horiek hola, Siriako errege Ben-Hadadek, bere armada osoa bildurik, Samaria setiatu zuen. 25 Eta hain gogor setiatu, nun izigarriko gosetea izan baitzen Samarian; asto-buru bakar batek zilarrezko laurogei pieza balio zuen, eta kilo erdi uso-zirinek
6,25 Kilo erdi: H.h. kab laurden bat: bi kilo inguruko neurria zen kab-a. // uso-zirin: Uso-zirinez egin janari bat bide zen, edo janari biziki arrunt bat.
zilarrezko bost pieza.
26 Behin, Israelgo erregea harresian zabilelarik, emazte batek oihu egin zion:
–Lagun nezazu, ene errege jauna!
27 –Jaunak laguntzen ez bazaitu, zertaz lagunduko zaitut nik? Ez dut ogirik, ez arnorik.
28 Gero erregeak galdegin zion:
–Zer gertatzen zaizu?
Emazteak ihardetsi:
–Emazte hunek erran daut: «Emazu semea, gaur jan dezagun; bihar nerea janen dugu». 29 Nere semea egosi dugu eta jan. Biharamunean, berea emaiteko erran diot, jan behar ginuela. Bainan gorde du.
30 Emazte haren hitzak entzutearekin, erregeak urratu zituen jantziak. Harresian baitzabilan, herriak ikusi zuen zaku-jantzia
6,30 zaku-jantzia: Damuaren eta doluaren adiarazteko jantzia.
zeramala erregeak soinekoen pean, larruaren gainean. 31 Erregeak erran zuen:
–Zigor nezala gogorki Jaunak, Xafaten seme Eliseori burua gaur lepoaren gainean gelditzen bazaio.
Eliseok gosetearen azkena iragarri
32 Etxean zagon Eliseo, hiriko buruzagiekin bilkuran. Erregeak norbait igorri zion; mezularia Eliseoganat heldu baino lehen, ordea, hunek arduraduneri erran zioten:
–Ikusten duzue? Hiltzaile
6,32 Hiltzaile: Akab erregeaz ari da, Jaunaren profetak eta Nabot hilarazi baitzituen (ik. 1 Erg 18,4; 21,19).
horrek norbait igorri du, neri lepoaren moztera. Mezularia etorriko denean, hetsatsue atea eta ez utz sartzera. Ez dituzue entzuten horren gibeletik bere jaunaren oin-otsak?
33 Eliseo mintzo zela oraino, etorri zen mezularia
6,33 mezularia: Hebrearrezko hitz hau errege ere itzul daiteke.
eta erran zion:
–Gaitz hau Jaunak igorria da. Ezen beha egon naiteke Jaunarenganik?
7
1 Eliseok ihardetsi zuen:
–Entzun Jaunak zen dion! «Bihar, tenore huntan, diru-pieza bakar batean erosten ahalko dituzue Samariako merkatuan zazpi kilo irin garbi eta hamalau kilo garagar».
2 Erregearen laguntzaile nagusiak Jainkoaren gizonari erran zion:
–Jaunak zeruko ataskak idek
7,2 laguntzaile nagusiak: H.h., erregeari besoa eman ohi zionak. // zeruko ataskak ideki: Erran-molde hunek zerutik euria eginarazi erran nahi du, edo, hemen, zerutik janaria etorrarazi (ik. 7,19 eta Has 7,11).
balitza ere, gertatuko ote litaike holakorik?
Eliseok ihardetsi:
–Zuhaurek ikusiko duzu zeure begiez, bainan ez duzu hartarik janen.
Siriarrak Samariatik urrundu
3 Hiri-sargian lau gizon legendun bazauden, elkarri ziotela:
–Hemen egon behar ote dugu hil arte? 4 Hirian sartzen bagira, hor gosea baizik ez da eta hilen gira. Hemen egoiten bagira ere, hilen gira. Goazen siriarren kanpalekurat. Bizirik uzten bagaituzte, bizirik; hiltzen bagaituzte, hilik.
5 Ilunabarrean siriarren kanpalekurat abiatu ziren. Kanpaleku bururat heltzean, nehor ez zela ikusi zuten. 6 Ezen Jaunak karro eta zaldi-hotsa eta armada handi batena bezalako burrunba entzunarazi zioten siriarreri kanpalekuan, eta batak besteari erran zioten: «Israelgo erregeak ordaindu ditu hitita eta egiptoar erregeak guri oldartzeko». 7 Beraz, arrats hartan ihes joanak ziren, beren oihal-etxola, zaldi, asto eta kanpalekua bera ere zen bezala utzirik. Ihes egin zuten, biziaren salbatzeko.
8 Legendun heiek, kanpaleku-bururat heltzean, oihal-etxola batean sarturik jan eta edan zuten. Gero, zilar, urre eta jantzi harturik, gorde zituzten. Berriz itzuli, beste oihal-etxola batean sartu eta handik ere gauza asko harturik, gorde zituzten. 9 Gero, elkarri erran zuten:
–Ez gira ontsa ari. Berri ona ukan dugu gaur eta gu hemen deusik erran gabe. Eguna argitu arte ixilik egoiten bagira, Jainkoak zigortuko gaitu. Goazen, beraz, erregearen jauregirat berri emaitera.
10 Hirirat heltzean, atezaineri oihu egin zieten eta berria eman:
–Siriarren kanpalekuan izan gira, eta han ez da nehor; ez da gizon ahotsik entzuten. Zaldiak eta astoak estekan eta oihal-etxolak beren hartan utziak, besterik ez da han.
11 Atezainek barnerat oihu egin eta jauregiraino zabaldu zuten berria. 12 Erregeak, gauaz jeikirik, bere ministroeri erran zioten:
–Nik adiaraziko dauzuet siriarrek zer egin daukuten: goseak gaudela baitakite, kanpalekutik atera eta landan gorde dira, gu hiritik aterako girelakoan. Orduan, gu bizirik harrapatu eta hirian sartzeko asmoa dute.
13 Ministroetarik batek erran zion:
–Har ditzagun hirian gelditzen diren zaldietarik bost, hirian gelditzen diren israeldar guzien azken bera ukanen baitute bestela ere. Igor ditzagun eta ikusiko dugu.
14 Bi gudu-karro beren zaldiekin prestatu eta siriar armadaren herresto bila igorri zituen erregeak, erranik:
–Zoazte eta ikus!
15 Abiatu ziren, beraz, eta Jordaneraino jarraiki ziren siriarren herrestoeri; bide guzia siriarrek beren zalapartan bota jantzi eta gauzez betea zen. Mandatariak erregeari berri emaitera itzuli ziren. 16 Orduan, jendeak atera eta lapurtu zituen siriarren kanpalekuko gauzak. Eta, diru-pieza batean eros zitezkeen zazpi kilo irin garbi edo hamalau kilo garagar, Jaunak erran bezala.
17 Erregeak bere laguntzaile nagusia ezarria zuen hiri-sargiaren
7,17 hiri-sargia: Hunela ere itzul daiteke: merkatua;ezen hiriko ateetan antolatu ohi baitzuten merkatua.
zaintzeko; jendeak zangopilatu eta hil zuen, Jainkoaren gizonak, erregea etorri zenean erran bezala.
18 Ezen Jainkoaren gizonak errana zion erregeari: «Bihar, tenore huntan diru-pieza bakar batean erosten ahalko dituzue Samariako merkatuan zazpi kilo irin garbi edo hamalau kilo garagar». 19 Erregearen laguntzaile nagusiak Jainkoaren gizonari erran zion: «Jaunak zeruko ataskak idek balitza ere, gertatuko ote litaike holakorik?» Eta Eliseok ihardetsi zion: «Zuhaurek ikusiko duzu zeure begiez, bainan ez duzu hartarik janen».
20 Eta hala gertatu zitzaion: jendeak zangopilatu eta hil zuen hiri-sargian.
Xunemgo emaztearen istorioa bururatu
(4,8-37)
8
1 Behin, Eliseok erran zion semea biziarazi zion emazteari:
–Zoazi hemendik zeure etxekoekin ahal duzun tokirat bizitzera, zazpi urteko gosetea igorriko baitu Jaunak lurralde huntarat.
2 Jainkoaren gizonak erran bezala egin zuen emazteak, eta zazpi urtez filistearren lurraldean bizi izan zen, atzerritar gisa. 3 Zazpi urteren buruan, itzuli zen emaztea filistearren lurraldetik eta erregeaganat jo zuen, bere etxea eta alorra itzultzeko
8,3 bere etxea eta alorra itzultzeko: Beste batzu etxe eta alor heietaz jabetu zirelakotz.
eskatuz. 4 Ordu berean erregea Gehazirekin, Jainkoaren gizonaren mutilarekin elaka ari zen, Eliseok egin gauza harrigarri guzietaz. 5 Gehazi kondatzen ari zelarik Eliseok hil bat piztu zuela, han agertu zen Eliseok semea bizirik itzuli zion emazte hura, bere etxea eta alorra itzultzeko erregeari eskatzera etorria. Gehazik erran zuen:
–Ene errege jauna, hauek dituzu aipatzen ari nintzaizkizun emaztea eta Eliseok biziarazi zion semea.
6 Erregeak galdeak egin ziozkan emazteari eta harek dena kondatu zion. Erregeak funtzionario bat izendatu zion, hau manaturik:
–Itzul diezotela emazte huni hemendik joaitean berea zuen guzia, bai eta geroztik alorrak eman duen guzia .
Hazael Siriako errege
7 Behin, Eliseo Damaserat joan zen. Siriako errege Ben-Hadad eri zen. Jainkoaren gizona etorria zela jakinarazi ziotenean, 8 erregeak Hazaeli
8,8 Hazael: Ik. 1 Erg 19,15; hain segur Damaseko erregearen funtzionario bat zen.
erran zion:
–Hartzazu dohain bat eta zoazi Jainkoaren gizonaren biderat. Eta haren bitartez kontsulta egiozu Jaunari ea sendatuko naizen eritasun huntarik.
9 Damaseko gauza hoberenak harturik –berrogei kameluk ereman zezaketen zama–, Hazael Eliseoren biderat joan zen. Profetaren aitzinerat agertu eta erran zion:
–Siriako errege Ben-Hadad zure zerbitzariak
8,9 zure zerbitzariak: H.h., zure semeak. Apal-itxurak egin nahi zituen erregeak profetaren aitzinean.
igorri nau zureganat, eritasunetik sendatuko den galdegitera.
10 Eliseok ihardetsi:
–Zoazi eta errozu baietz, sendatuko dela; egiaz, ordea, hilen dela jakinarazi daut Jaunak.
11 Bat-batean, Eliseo aurpegia gogor
8,11 aurpegia gogor: Profeta Jaunarenganik mezu baten hartzen ari dela erran nahi du idazleak.
eta soa zorrotz jarri zen; Jainkoaren gizonak nigar egin zuen. 12 Hazaelek galdegin zion:
–Zergatik ari zira nigarrez, ene jauna?
Eliseok ihardetsi:
–Badakitalakotz nolako kaltea eginen diozuten israeldarreri: su emanen diozute heien gotorlekueri, ezpataz hilen dituzu heien gazteak, lehertuko heien haurtxoak, sabela idekiko hango emazte haurduneri.
13 Hazaelek ihardetsi zuen:
–Nola egin dezaket holakorik, botererik
8,13 botererik ez: H.h., zakurra naiz.
ez dut-eta?
Eliseok, orduan:
–Siriako errege izanen zirela agertu daut Jaunak.
14 Hazaelek Eliseo utzi eta bere Jaunarenganat joan zen. Erregeak galdegin zion:
–Zer erran dauzu Eliseok?
Hazaelek ihardetsi:
–Sendatuko zirela erran daut.
15 Biharamunean, ordea, Hazaelek estalgi bat hartu, urean busti eta aurpegian ezarri zion erregeari. Erregea hil zen, eta ondoko erregea Hazael izan zen.
Joram Judako errege
(2 Kro 21,1-20)
16 Akaben seme eta Israelgo errege Joramen erregealdiko bosgarren urtean, Judako errege Josafaten semea, Joram izenekoa hura ere, errege izan zen
8,16 errege izan zen: Hebrearrezko testuak hau eransten du: artean hauen aita errege zelarik. Itzulpen zaharretan ez da agertzen erranaldi hau.
. 17 Hogeita hamabi urte zituen errege izaiten hastean, eta zortzi urtez izan zen errege Jerusalemen. 18 Israelgo beste erregeen bide beretik ibili zen, Akaben familiakoen idurikoa, emaztea Akaben alaba baitzuen. Beraz, Jaunari atsegin ez zaiona
8,18 Jaunari atsegin ez zaiona: Ik. 3,2 oh. Akaben alaba Atalia zen (ik. 8,26).
egin zuen. 19 Halere, Jaunak ez zuen Juda hondatu nahi ukan, David bere zerbitzariagatik; Davidi hitzemana baitzion haren ondokoak izanen zirela beti errege Jerusalemen.
20 Joramen erregealdian Judaren nausigoaren kontra altxatu ziren edomdarrak, berentzat erregea izendatuz. 21 Joramek Tzairrerat jo zuen bere gudu-karro guziekin. Gauaz jeiki eta inguratzen ari zitzaizkion edomdarrak eta hauen gudu-karroetako buruzagiak garaiturik ere, Judako gudariek ihes egin
8,21 Tzair: Hain segur, edomdarren lurraldeko hirixka bat zen, Itsaso Hilaren hego-eguzkialdean. // ihes egin: Bertset hunen bigarren zatia iluna da; pentsa daiteke, edomdarrek eraso eta ihes eginarazi ziotela Joramen armadari. // oihal-etxolarat: basamortuko artzain ibilkarien erran-moldea.
zuten nork bere oihal-etxolarat. 22 Hola, edomdarrak Judaren nagusigotik askatu ziren gaur arte. Libna
8,22 Libna: Jerusalemdik mendebalderat 40 kilometretan zen hirixka. Garai hartan jabetu ziren filistearrak hiri hartaz.
hiria ere aldi hartan berean libratu zen.
23 Joramen gainerateko egintzak eta egin zuen guzia «Judako Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira. 24 Hil zenean, Daviden Hirian ehortzi zuten Joram, bere arbasoekin. Ondoko erregea haren seme Akazias izan zen.
Akazias Judako errege
(2 Kro 22,l-6)
25 Israelgo Akaben seme Joramen erregealdiko hamabigarren urtean hasi zen Judako errege Joramen seme Akazias errege izaiten. 26 Hogeita hamabi urte zituen Akaziasek errege izaiten hastean eta urte batez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Atalia zuen izena eta Israelgo errege Omriren alaba
8,26 Atalia... Omriren alaba: Atalia Akaben alaba zen (ik. 18. bertset). Hemen Omriren alaba zela erraiten bada, errege hau dinastiburu izan zelakotz da.
zen. 27 Akaben familiakoen bide beretik ibili zen Akazias, Jaunari atsegin ez zaiona eginez, Akaben familiakoek bezala, heien ahaide baitzen.
28 Galaadeko Ramot
8,28 Galaadeko Ramot: Ik. 1 Erg 22,3 oh.; 8,29an Rama deitzen du idazleak.
hirirat Siriako errege Hazaelen kontra borrokatzera joan zen, Akaben seme Joramekin bat eginik. Bainan siriarrek zauritu zuten Joram, 29 eta hau Izreelerat
8,29 Izreel: Israel erresumako hiri garrantzitsua; Samarian bezala, hemen ere jauregia bazuen erregeak (ik. 1 Erg 21,1).
joan zen, Hazaelen kontrako borrokan siriarrek Raman egin ziozkaten zaurien sendatzera. Joramen seme eta Judako errege Akazias, Akaben seme Joramen ikustera joan zen Izreelerat, hura oinazetan baitzen.
Jehu Israelgo errege
9
1 Behin, Eliseok profeta-taldeko bati dei egin eta erran zion:
–Presta zaite
9,1 Presta zaite: H.h., lot gerrikoa.
. Har eskuan olio-pitxer hau eta zoazi Galaadeko Ramoterat. 2 Harat heltzean, aurki zazu Josafaten seme eta Nimxiren biloba den Jehu. Jeikiaraz bere lagunen artetik eta eremazu barneko gela baterat. 3 Har pitxerra eta ixur olioa haren buru gainerat, erranez: «Hau dio Jaunak: Israelgo errege izaiteko gantzutzen zaitut». Gero, idek atea eta ihes egizu berandu gabe.
4 Profeta gaztea Galaadeko Ramoterat buruz abiatu zen. 5 Heldu zenean, gudalburuak bilkuran ziren. Profetak aitzindariari erran zion:
–Gauza bat badut zuri erraiteko, jauna.
Jehuk galdegin zuen:
–Gutarik zoini?
Eta profetak:
–Zuri.
6 Jehu jeiki eta etxean sartu zen. Orduan, profetak olioa ixuri zion buru gainerat, erranez: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Ene herri Israelgo errege gantzutzen zaitut. 7 Akab zeure jaunaren familia hondatuko duzu; hola mendekatuko dut Jezabelek
9,7 Jezabel: Akaben emaztea. Profeten hilketaz ik. 1 Erg 18,4.
ixuri duen nere profeten eta Jaunaren zerbitzari guzien odola. 8 Akaben familia osoa suntsituko da; Akaben ondokoetako gizon guziak
9,8 gizon guziak: H.h., pixa murruaren kontra egiten dutenak. Ik. 1 Erg 14,10 oh.
, libre eta esklabo, desagerraraziko ditut Israelen. 9 Nebaten seme Jeroboamen eta Ahiasen seme Baxaren familiekin bezala eginen dut Akaben familiarekin. 10 Jezabel, berriz, zakurrek irentsiko dute Izreelgo landan, eta ez du nehork ehortziko».
Hau erranik, atea ideki eta ihes egin zuen.
11 Bere jaunaren buruzagietarat atera zen Jehu; galdegin zioten:
–Berri onak? Zertarat etorri zaizu zoro hori?
Jehuk ihardetsi:
–Badakizue nor den gizon hori eta zer den horren errepika.
12 Heiek erran zioten:
–Gezurra. Erraguzu zer zion.
Jehuk, orduan:
–Hola eta hola mintzatu zait; erran daut: «Hau dio Jaunak: Israelgo errege gantzutzen zaitut».
13 Orduan, nork bere soingainekoa laster hartu eta haren oinazpian ezarri zuen, eskalera-mailetan
9,13 eskalera-mailetan: Eskalera-maila hauek errege-alkirat igaitekoak ziren, iduriz. Ekintza hunek erregegoa hartu zuela adiarazi nahi zuen.
. Adarra jo zuten eta oihu egin: «Gora Jehu erregea!»
Jehu azpilanean Joramen kontra
14 Josafaten seme Nimxiren biloba zen Jehu azpilanean hasi zen Joramen kontra. Behin Joram, israeldar guziekin, Galaadeko Ramot Siriako errege Hazaelenganik defendatzen ari zen. 15 Bainan Izreelerat joan behartu zitzaion Jorami, Siriako errege Hazaelen kontrako borrokan siriarrek egin ziozkaten zaurien sendatzera. Jehuk erran zioten bere aitzindarieri:
–Ene alde bazirezte, ez dezala nehork ihes egin hiri huntarik, egin dugunaren berri Izreelerat eremaitera.
16 Jehu bere gudu-karrorat igan eta Izreelerat abiatu zen. Joram han zen, ohean, eta Judako errege Akazias ere bai, Joramen ikustera joana.
17 Izreelgo dorrean zen begiralariak, Jehuren gudari-taldea etortzen ikustean, erran zuen:
–Gudari-talde bat ikusten dut!
Joramek manatu zuen:
–Igorrazu zaldizko bat galdegin dezan bakez heldu direnez.
18 Zaldizkoa joan zen gudari-taldearenganat eta erran zuen:
–Erregeak galdegiten du bakez heldu zireztenez.
Jehuk:
–Zer axola duk bakeaz? Haugi nere gibelerat.
Begiralariak erran zuen:
–Mezularia heienganatu da, bainan ez da itzultzen.
19 Joram erregeak beste zaldizko bat igorri zuen. Taldearenganat hurbildu eta erran zuen:
–Erregeak galdegiten du bakez heldu zireztenez.
Jehuk:
–Zer axola duk bakeaz? Haugi nere gibelerat.
20 Begiralariak erran zuen:
–Mezularia heienganatu da, bainan ez da itzultzen. Gudu-karroaren gidatzetik iduri du, Nimxiren biloba Jehu dela, eroak bezala gidatzen baitu.
21 Joramek manatu zuen:
–Presta gudu-karroa!
Prestatu ziotenean, Israelgo errege Joram eta Judako errege Akazias Jehuren biderat joan ziren, nor bere gudu-karroan. Izreelgo Nabot zenaren alorrean aurkitu zuten.
Israelgo errege Joram hil
22 Joramek Jehu ikusi zuenean, galdegin zion:
–Bakez heldu zirea, Jehu?
Jehuk ihardetsi:
–Izan ote daiteke bakerik, zuen ama Jezabel idolatrian
9,22 idolatria: Ik. Dt 23,18 oh. eta Os 1,2.
eta hainbeste aztikeriatan dabileno?
23 Orduan, gudu-karroa itzuli eta ihes abiatu zen Joram, erranez:
–Trahizio, Akazias!
24 Bainan Jehuk arkua eskuetan hartu, gezia tiratu eta bizkarraren erdian kausitu zuen Joram, bihotza zilatu eta aitzinetik ateraz. Hilik erori zen bere gudu-karroan. 25 Jehuk Bidkar bere ezkutariari erran zion:
–Hartu eta bota zazu Naboten landarat. Oroit zaite, horren aita
9,25 horren aita: Akaben kontrako madarizionea haren semearen baitan bete zen (ik. 1 Erg 21,19-29).
Akaben taldean biak zaldiz gindoazilarik, Jaunak erran zuela: 26 «Ikusi dut, ikusi, atzo Naboten eta haren seme-alaben odola. Horrengatik, diot nik, Jaunak: Alor huntan berean emanen dauzut ordaina». Hartzazu, beraz, Joram eta bota alor hortarat, Jaunak erran bezala.
Judako errege Akazias hil
(2 Kro 22,6-9)
27 Hori ikustearekinn, Bet-Ganerateko bidetik ihes joan zen Judako errege Akazias. Bainan Jehuk gibeletik joan eta manatu zuen:
–Hil zazue hori ere!
Eta zauritu zuten bere gudu-karroan, Gur-eko aldapan, Ibleamdik
9,27 Bet-Gan, Ibleam: Elkarrenganik hurbil ziren, Izreeldik hegoalderat hamabi kilometretan. Izreeldik Megidorateko bidea Bet-Gandik barna zoan.
hurbil. Akaziasek Megidorat ihes egin zuen eta han hil zen. 28 Bere zerbitzariek karro batean hartu eta Jerusalemerat ereman zuten eta han ehortzi, bere hilobian, arbasoen ondoan.
29 Akaben seme Joramen erregealdiko hamekagarren urtean hasia zen Akazias Judako errege izaiten.
Jezabel hil
30 Gero, Jehu Izreelen sartu zen. Hori jakitearekin, Jezabel leihorat atera zen, begiak margotu eta burua apaindurik. 31 Jehu hiriko atetik sartzean, Jezabelek erran zuen:
–Ontsa zira, Zimri, zeure nagusiaren hiltzaile
9,31 Zimri hiltzaile: 1 Erg 16,9-13ko hilketak aipatzen ditu hemen Jezabelek.
hori?
32 Jehuk goiti, leihorat, behatu eta erran zuen:
–Nor dut neure aldeko?
Bizpahiru zerbitzari atera ziren orduan leihorat. 33 Jehuk erran zioten:
–Bota zazue beheiti!
Eta bota zuten; haren odol-ziliportak murruraino eta zaldietaraino zabaldu ziren, eta Jehuk bere zaldien hatzen azpian erabili zuen. 34 Gero, Jehuk, jauregian sarturik, jan eta edan ondoan, manatu zuen:
–Zoazte emazte madarikatu horren ehorztera, errege-alaba denaz geroz.
35 Haren ehorztera joan zirenean, ordea, ez zuten haren buru-hezurra, oinak eta eskuak baizik aurkitu. 36 Itzuli eta Jehuri jakinarazi ziotenean, erran zuen:
–Hola bete da Jaunak bere zerbitzari Elias tixbitarraren bidez erran zuena: zakurrek irentsiko zutela Izreelgo landan Jezabelen haragia
9,36 Jezabelen haragia: Ik. 1 Erg 21,23.
, 37 eta haren gorputza zimaur bilakatuko zela landan, nehork ez zuela erranen ahalko «Hau Jezabel da».
Jehuk Akaben familiakoak hilarazi
10
1 Akabek hirurogeita hamar ondoko bazituen Samarian. Jehuk gutunak igorri ziozkaten Samariarat Izreelgo buruzagi
10,1 Izreelgo buruzagi: Ohorezko titulua zen. Akabek 70 ondoko –seme eta biloba– bazituen. Kopuru horrek asko zirela adiarazi nahi du. Errege-alkirat igaiteko eskubide bat zuten guziak hiltzen zituzten (ik. 1 Erg 15,29; 16,11).
, arduradun eta Akaben ondoko heien hezitzaileeri, erraiteko: 2 «Gutun hunen bidez, zihauren errege izanaren ondokoak
10,2 zuen errege izanaren ondokoak: Errege-alkirat igaiteko eskubidea zuten heietaz ari da.
zihauren ardurapean dituzuela jakinarazten dauzuet; bai eta gudu-karro, zaldi, hiri gotortua eta armak. 3 Ikusazue zoin den zihauren errege izanaren ondokoetarik egokiena eta zuzenena; ezar zazue bere aitaren errege-alkian eta borroka zaitezte errege-etxearen alde». 4 Jende heiek izitu ziren biziki eta erran zuten:
–Bi erregeek
10,4 Bi erregeek: Hots, Israelgo errege Joram eta Judako errege Akazias.
ezin izan diote horri ihardoki; orduan nolaz guk?
5 Jauregiko arduradunak, hiriko buruzagiak, aitzindariek eta hezitzaileek Jehuri ihardetsi zioten: «Zeure zerbitzari gaituzu eta zuk errana eginen dugu. Ez dugu nehor errege izendatuko. Egizu hobekien iduritzen zaizuna».
6 Jehuk beste gutun bat igorri zioten, erraiteko: «Nere alde bazirezte eta nik errana betetzeko prest, harzkizue zihauren nagusiaren ondokoen buruak eta zatozkidate bihar tenore huntan berean Izreelerat».
Akaben hirurogeita hamar ondokoak hiriko handikiekin bizi ziren, hauek baitzituzten hezitzaile. 7 Gutuna ukaitean, erregearen hirurogeita hamar ondokoeri lepoa moztu zieten eta buruak saskitan ezarririk, Izreelerat igorri ziozkaten Jehuri. 8 Mezulari batek Jehuri erran zion:
–Erregearen ondokoen buruak ekarri dituzte.
Jehuk manatu zuen:
–Ezarzkizue bi metetan hiriko sargian
10,8 bi multzotan hiriko sargian: Asiriako zenbait iruditan etsaien buruak hiriko sargian piramide-irudian metatuak ikusten dira.
, bihar goiz arte.
9 Goizean Jehu atera zen kanporat eta, xutik, jendeari erran zion:
–Zuek hobengabe zirezte. Ni ari izan nintzen azpilanean Israelgo errege Joramen kontra, eta nik hil nuen. Bainan nork hil ditu hauek guziak? 10 Jakizue, beraz, ez dela bete gabe gelditu Jaunak Akaben familiaren kontra erran hitz bat ere. Jaunak bete du bere zerbitzari Eliasen bitartez erran zuena .
11 Jehuk, orduan, Izreelen gelditzen ziren Akaben familiako guziak hil zituen, bai handikiak, bai ahaideak, bai eta apezak, bizirik nehor utzi gabe.
Jehuk Akaziasen errege-etxea suntsitu
(2 Kro 22,8)
12 Gero, Samariarat abiatu zen Jehu. Bidean, Artzainen Bet-Eked
10,12 Artzainen Bet-Eked: Hots, Artzain Bordak; toki hau, hain segur, Bet-Gandik hegoalderat 5 km-tan zen.
deitu tokirat heltzean, 13 Judako errege Akaziasen familiakoak aurkitu zituen. Jehuk galdegin zioten:
–Nor zirezte?
Heiek ihardetsi:
–Akaziasen familiakoak. Erregearen eta ama-erreginaren
10,13 ama-erregina: Hain segur Jezabel, Akaben emaztea eta Joramen amatxi (ik. 1 Erg 15,10 eta oh.).
seme-alaben agurtzera goazi.
14 Orduan, Jehuk bere laguneri:
–Harrapazkizue bizirik!
Bizirik harrapatu, bainan Bet-Ekedeko putzu ondoan hil zituzten. Berrogeita bi ziren, eta ez zen bat ere bizirik gelditu.
Jehuk Akaben errege-etxea suntsitu
15 Handik joan eta, Rekaben
10,15 Rekab: Ik. Jr 35.
seme Jonadab aurkitu zuen Jehuk, harenganat zetorrela. Jehuk agurtu eta erran zion:
–Leiala ote zaitut, ni leiala nauzun bezala?
Jonadabek ihardetsi:
–Bai.
Eta Jehuk:
–Hala baldin bada, emadazu eskua.
Eman zion eskua Jonadabek eta Jehuk bere gudu-karrorat iganarazi zuen, 16 erranez:
–Zato nerekin eta ikus nolako maitemina dutan Jaunaren alderat.
Eta Jehuk berekin hartu zuen gudu-karroan. 17 Samariarat heltzean, hirian ziren Akaben gainerateko ahaide guziak hil zituen, denak suntsituz, Jaunak Eliasi errana zion bezala.
Jehuk Baalen kultua desegin
18 Jehuk Samariako herria bildu eta erran zuen:
–Akabek kultu ttipia eman zion Baali; nik handia emanen diot. 19 Bil nereganat Baalen profeta guziak eta haren adoratzaile eta apez guziak. Ez dadila bat ere geldi etorri gabe, opari handia eskaini behar baitiot Baali. Etortzen ez denak heriotze-zigorra ukanen du.
Jehu jukutriaz ari zen, Baalen adoratzaileen suntsitzeko. 20 Jehuk manatu zuen:
–Deit zazue jendea batzar saindurat, Baalen ohoretan!
Hala egin zuten deia 21 eta Jehuk Israel osorat zabalarazi zuen. Baalen adoratzaile guziak etorri ziren, ez zen bat ere gelditu etorri gabe. Sartu zirenean, Baalen jauretxea osoki bete zen. 22 Orduan, Jehuk manatu zion jantzi sakratuen
10,22 jantzi sakratuak: Zeremonietan parte hartzeko, jantzi berezia behar zen (ik. 22,14). Jehuk, hola, Baalen adoratzaileak zoin ziren jakin nahi zuen.
arduradunari:
–Atera jantzi sakratuak Baalen adoratzaile guzientzat.
Eta atera zituen. 23 Gero, Jehu eta Rekaben seme Jonadab Baalen jauretxean sartu ziren. Jehuk Baalen adoratzaileeri erran zioten:
–Beha zazue ongi hemen, zihauren artean, Jaunaren adoratzailerik ba ote den, ala Baalenak bakarrik.
24 Orduan, Jehu eta Jonadab sakrifizioen eta erre-oparien eskaintzera sartu ziren. Jehuk, ordea, kanpoan laurogei gizon ezarriak zituen, manu hunekin: «Zuen esku uzten ditut adoratzaile horiek. Zuetan norbaitek horietarik bakar bat ihes egitera uzten badu, bere biziaz ordainduko du».
25 Erre-opariaren eskaintza bururatu zuenean, Jehuk gudari eta buruzagieri manatu zioten:
–Sar! Hilzkizue! Nehork ez dezala ihes egin!
Ezpataz hil eta kanporat bota zituzten. Gero gudari eta buruzagiek, Baalen jauretxeko barne-gelarat sartu, 26 jauretxeko hesol sakratuak
10,26 hesol sakratuak: Ik. 1 Erg 14,23 oh. Zenbaitek hesol sakratua itzuli ohi du.
atera eta erre zituzten. 27 Baalen zutarri sakratua desegin ondoan, jauretxea bera ere aurtiki zuten eta han komunak egin. Hola da gaurdaino.
28 Jehuk, beraz, desagerrarazi zuen Baal Israeldik. 29 Halere, Jehu ez zen urrundu Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi ziozkan bekatuetarik, erran nahi baita, Betelgo eta Dango
10,29 Betel eta Dan: Israel erresumaren hego eta ipar-mugetan ziren hirixkak (ik. 1 Erg 12,28-29 eta oh.).
urrezko zezenkoen adoratzetik. 30 Jaunak Jehuri erran zion: «Atsegin zautana eginez ongi jokatu duzulakotz, eta Akaben errege-etxeari nik nahi nuena egin diozulakotz, zure ondokoak jarriko dira, laugarren gizaldiraino, Israelgo errege-alkian».
31 Jehuk, ordea, ez zuen hartu bihotz osoz Jaunaren, Israelen Jainkoaren legea; ez zen urrundu Jeroboamek Israeli eginarazi ziozkan bekatuetarik.
Jehu hil
32 Aldi hartan, Jauna lurraren murrizten hasi zitzaion Israeli; Hazaelek menperatu zituen israeldarrak lurraldeko muga guzietan. 33 Kendu zioten Jordandik eguzkialderat eta Arnon erreka ondoko Aroertik iparralderat den lurralde osoa, erran nahi baita, Galaad eta Baxan eskualdeak, Gad, Ruben eta Manasesen leinuak bizi ziren lurraldeak.
34 Jehuren gainerateko egintzak, egin zuen guzia eta haren balentriak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira. 35 Hil zenean, Samarian ehortzi zuten. Ondoko erregea haren seme Joakaz izan zen. 36 Jehu hogeita zortzi urtez izan zen Israelgo errege Samarian.
Atalia botereaz jabetu Jerusalemen
(2 Kro 22,10-12)
11
1 Akazias zenaren ama Ataliak, semea hila zuela jakitearekin, erregearen familia guzia hiltzea erabaki zuen. 2 Bainan Judako errege izana zen Joramen alaba eta Akaziasen arreba Joxebak Akaziasen seme Joax hartu, hil behar zituzten errege-familiakoen artetik atera eta, inudearekin tenpluko logela batean ezarri zuen. Hola atera zuten Ataliaren aztaparretarik, eta ez zuten hil
11,2 2 Kro 22,11n erraiten denaz, Joxeba hau (han Joxabat deitua) Joiada apezaren emaztea zen; ez zuten hil: ez zen, beraz, suntsitu Daviden ondorea (ik. 8,19 oh.).
. 3 Sei urtez egon zen Joxebarekin Jaunaren etxean gorderik, Atalia lurralde hartan erregina izan zeno.
Joax errege izaiteko gantzutua
(2 Kro 23,1-21)
4 Zazpigarren urtean, Joiada apezak kariarren
11,4 kariarrak: Jatorriz Asia Ttipikoak ziren gudari hauek, jauregiaren eta tenpluaren zaintzeko alokatuak. Uste da, testuak keretarrak ziola eta kopiatzaile batek gaizki idatzi zuela hitza. Keretarrak David erregearen guardia izan ziren (1 Erg 1,38).
eta gudarien ehuntariak deitu zituen bere aitzinerat, Jaunaren etxerat. Heiekin hitzarmen bat egin eta zin eginarazi zioten Jaunaren etxean. Gero, errege-semea erakutsi zioten, 5 eta manu hau eman: «Huna zer egin behar duzuen: zuetarik jauregiaren zaintzera sabatokari sartzen den taldeak, 6 Sur izeneko atean guardia egiten duen taldeak eta gudari-toki gibeleko atean egoiten den taldeak aldizka zainduko duzue tenplua. 7 Zaintaldia sabatokari bururatzen duten bi taldeek erregea dagon tenpluko alderdia zainduko dute
11,7 Bertset hau iluna da. Zaintzaldia bururatua izanagatik, Joiada apezak han gelditzeko manatzen diote zaintzaileeri, egiteko asmoa duen ekintzan gizonik aski izan dadin.
. 8 Nork bere armak eskuan dituela, erregearen inguruan jarriko zirezte, eta norbaitek zuen artetik harenganat sartu nahi badu, hil zazue. Lagun zazue erregea toki guzietarat».
9 Ehuntariek egin zuten Joiada apezak manatu guzia: zaintaldia sabatokari hasten edo bururatzen zuten gizonak hartu eta Joiadaren aitzinerat etorri ziren. 10 Orduan, apezak David erregearen lantza eta erredolak eman ziozkaten ehuntarieri, arma heiek Jaunaren etxean atxikitzen baitziren
11,10 lantza: 2 Kro-ko testu paraleloak eta zenbait itzulpenek lantzak diote; hemen lantza aipatzen da; Goliatena bera ote? (ik. 1 Sm 17,45; 21,10). // Davidek etsaieri kendu armak Jerusalemen bilduak zituen (ik. 2 Sm 8,7).
. 11 Guardiak, armak eskuetan, tenpluaren eskuinaldetik ezkerralderaino jarri ziren, aldare eta tenpluaren artean, erregearen inguratzeko. 12 Orduan, Joiadak erregearen seme Joax aterarazi, korona ezarri eta elkargoaren agiria
11,12 elkargoaren agiria: Hebrearrezko hitza ez da zehatz emana; beraz, zaila da itzultzeko. Hunela eman daiteke: errege zelako agiria; elkargoaren agiria; legea.
eman zion, eta olioa ixuriz, errege gantzutu zuen. Jende guziak, esku-zartaka, oihu egiten zuen: «Gora erregea!»
13 Jendearen azantzak entzutearekin, Jaunaren etxerat joan zen Atalia, jendearenganat. 14 Eta behaturik, erregea ikusi zuen tauladaren gainean
11,14 taulada: Hori izan ohi zen tenpluan erregearen toki berezia.
xutik, ohi zen bezala. Buruzagiak eta turuta-joileak erregearen ondoan zauden; herriko jendea, berriz, pozez beterik zabilan, turuten soinura. Ataliak, bere jantziak urratuz, oihu egin zuen:
–Trahizio! Trahizio!
15 Orduan, Joiada apezak, ez baitzuen nahi Atalia Jaunaren etxean hil zezaten, gudarien aitzindari ziren ehuntarieri manatu zioten:
–Atera zazue tenplutik, zihauren lerro artean. Norbait jarraikitzen bazaio, hil zazue ezpataz.
16 Arrastatu zuten Atalia, eta zaldien atetik jauregirat heltzean, hil zuten.
17 Joiadak elkargo egin zuen Jaunaren, erregearen eta herriaren artean, herria Jaunaren herri izan zadin. Erregearen eta herriaren artean elkargo egin zuen. 18 Herri osoa Baalen jauretxerat joan eta hura lurrerat bota zuen; xehatu zituen hango aldare eta irudiak, eta Baalen apez Matan hil zuten aldareen aitzinean. Joiada apezak zaintzaileak ezarri zituen Jaunaren etxean. 19 Ehuntariak, kariarrak, guardiak eta jende guzia bildurik, Jaunaren etxetik jautsi eta guardien atetik sarrarazi zuen Joiadak erregea jauregian. Eta Joax errege-alkian jarri zen. 20 Jende guzia bozkariotan zagon. Hiria jabaldu zen, Atalia ezpataz hil baitzuten jauregian.
Joax Judako errege
(2 Kro 24,1-3)
12
1 Zazpi urte zituen Joaxek errege izaiten hastean; 2 Jehuren erregealdiko zazpigarren urtea zen, eta berrogei urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Tzibia zuen izena eta Beer-Xebakoa zen. 3 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Joaxek bere bizitza osoan, Joiada apezak irakatsi zionaren arabera. 4 Halere, ez ziren mendixketako kultu-lekuak desagertu; jendeak jarraitu zuen holako mendixketan opari eskaintzen eta intsentsu erretzen.
Joaxek tenplua zaharberritu
(2 Kro 24,4-5)
5 Joaxek apezeri manatu zioten:
–Jaunaren etxerako biltzen den diru guzia, nork bere buruarengatik ordaindu beharrekoa
12,5 ordaindu beharrekoa: Hebrearrezko testua biziki iluna da. Iduriz, botuak betetzeko eman ohi zen diruaz ari da (ik. Lv 27,2-9).
, eta nork bere baitarik Jaunaren etxerako emana, 6 hartzazue apezek laguntzaileen bidez, eta tenplua zaharberri zazue, behar duen toki guzietan.
Eztabada Joax eta apezen artean tenpluaren zaharberritzeaz
(2 Kro 24,6-14)
7 Joaxen erregealdiko hogeita hirugarren urtean, ordea, apezek tenplua ez zuten oraino zaharberritua. 8 Erregeak Joiada eta beste apezeri dei egin eta erran zioten:
–Zergatik ez duzue tenplua zaharberritu? Hemendik aitzina ez duzue zihauren laguntzaile horienganik dirurik ukanen; tenpluarem zaharberritzeko eman beharko duzue.
9 Apezek onartu zuten jendearenganik zatorren dirurik ez hartzea; bai eta tenpluaren zaharberritzerik ez ukaitea. 10 Orduan, Joiada apezak kutxa bat hartu, gainean zilo bat egin eta aldare ondoan ezarri zuen, Jaunaren etxerat sartu eta eskuinaldean. Atezain zauden apezek
12,10 Atezain zauden apezek: Iduriz, garrantzi handiko lana zuten atezain heiek (ik. 23,4 eta 25,18), bainan ez dakigu xuxen zoin zen eginkizun hura.
kutxa hartarat botatzen zuten jendeak Jaunaren etxerat ekarri diru guzia. 11 Kutxan diru asko bazela ikusten zutenean, erregearen idazkaria eta apez nagusia etortzen ziren Jaunaren etxean bildu diruaren kondatzera. 12 Kondatu ondoan, Jaunaren etxean egiten ari ziren lanen arduraduneri emaiten zieten dirua, eta hauek Jaunaren etxearen berritzen ari ziren langileeri ordaintzen: zurgin, 13 hargin eta harri-pikatzaile. Halaber erosi ahal ukan zituzten Jaunaren etxearen berritzeko zur eta harri-pikatuak, hots, tenpluaren berritzeko behar zen guzia. 14 Bainan Jaunaren etxean sartzen zen diruaz ez zuten egiten
12,14 ez zuten egiten: 2 Kro 24,14an, aldiz, tenpluko tresnak egin zituztela erraiten da (ik. 1 Erg 7,50).
zilarrezko ontzirik, ez ganitik, ez ur-ontzirik, ez turutarik, ez urrezko edo zilarrezko beste gauzarik. 15 Diru hura lan-arduraduneri ematen zieten, eta heiek Jaunaren etxea berritzeko erabiltzen zuten. 16 Langileeri ordaintzeko dirua hartzen zuten arduraduneri ez zioten nehork kondurik eskatzen, zuzen jokatzen baitzuten. Bainan, 17 ordain-oparientzat eta bekatuen barkamen-oparientzat jendeak eman ohi zuen dirua ez zen Jaunaren etxeko izaiten, baizik apezentzat
12,17 apezentzat: Opariak eskaintzeagatik egin behar zen diru-emaitza eta oparigaien haragia apezentzat izaiten zen (ik. Lv 4,2-24; 5,2-13; 7,1-7).
.
Siriarren erasoa. Joax hil
(2 Kro 24,23-27)
18 Orduan, Siriako errege Hazaelek Gat
12,18 Gat: Ik. 1 Erg 2,39 oh.
hiriari eraso egin eta hartu zuen. Gero, Jerusalemen kontra jo zuen. 19 Judako errege Joaxek, ordea, bera baino lehenago Judan errege izan Josafat, Joram eta Akaziasek Jaunari sagaratu eskaintza guziak Siriako errege Hazaeli igorri ziozkan, bai eta Joaxek berak sagaratuak eta Jaunaren etxeko eta erregearen jauregiko altxortegian zen urre guzia ere. Orduan, Hazael Jerusalemdik urrundu zen.
20 Joaxen gainerateko egintzak, egin zuen guzia «Judako Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira. 21 Funtzionarioak altxatu ziren eta azpikeriaz hil zuten Joax Bet-Milon
12,21 Bet-Milo: Hain segur, 2 Sm 5,9 eta 1 Erg 9,15 pasarteetan aipatzen den Milo bera da.
, Silarat zoalarik. 22 Ximeaten seme Jozabad eta Xomerren seme Jehozabad
12,22 Jehozabad: Zenbait eskuizkributan Jozahar ere deitu ohi da; 2 Kro 24,26an Zabad izena eman zaio.
funtzionarioek zuten hil erregea. Daviden Hirian ehortzi zuten, bere arbasoekin. Ondoko erregea haren seme Amatzias izan zen.
Joakaz Israelgo erregea
13
1 Judako errege Akaziasen seme Joaxen erregealdiko hogeita hirugarren urtean hasi zen Samarian Israelgo errege izaiten Joakaz, Jehuren semea. Hamazazpi urtez izan zen errege. 2 Jaunari atsegin ez zaiona
13,2 Jaunari atsegin ez zaiona: Ik 3,2 oh.
egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi ziozkan bekatuetarik urrundu gabe. 3 Horrengatik piztu zen Jaunaren haserrea Israelen kontra, eta luzaz utzi zuen Israel herria Siriako errege Hazael eta haren seme Ben-Hadaden eskupean. 4 Bainan Joakazek otoitz egin zion Jaunari eta harek entzun, ikusi baitzuen zoin gogorki menperatzen zuen Siriako erregeak Israel. 5 Siriarren uztarripetik askatu zuen salbatzailea igorri zion orduan Jaunak Israeli, eta israeldarrak lehen bezain lasai bizi ahal izan ziren beren oihal-etxoletan
13,5 salbatzailea: Ik. 1 Sm 12,9-11 oh. // oihal-etxoletan: Ik. 1 Erg 8,66 oh.; halere, lasai bizi oihal-etxoletan erran-moldeak hau erran nahi du hemen: siriarrak garaitu ondoan, israeldarrak lasai atera zitezkeela beren gotorlekuetarik.
. 6 Halere, israeldarrak ez ziren urrundu Jeroboamen familiak Israeli eginarazi ziozkan bekatuetarik, beren hartan jarraitu zuten, hesol sakratuak
13,6 hesol sakratuak: Akab erregeak eraikiak (1 Erg 16,33); ik. 1 Erg 14,15 eta oh.
Samarian xutik atxikiz. 7 Horrengatik, Jaunak Joakazi ez zion utzi berrogeita hamar zaldizko, hamar gudu-karro eta hamar mila oinezko gudari baizik; gainerateko armada Siriako erregeak hondatu baitzion eta oinpeko errauts bilakatu.
8 Joakazen gainerateko egintzak, egin zuen guzia eta haren kuraia «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira. 9 Hil zenean, Samarian ehortzi zuten. Ondoko erregea haren seme Joax izan zen.
Joax Israelgo errege
10 Judako Joaxen erregealdiko hogeita hamazazpigarren urtean hasi zen Israelgo errege izaiten beste Joax hau, Joakazen semea; hamasei urtez izan zen errege Samarian. 11 Jainkoari atsegin ez zaiona egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi ziozkan bekatuetarik urrundu gabe; bere hartan jarraitu zuen. 12 Joaxen gainerateko egintzak, egin zuen guzia, nolako kuraiaz borrokatu zen Judako errege Amatziasen kontra
13,12 Joax: 13,12-13a ia h.h. errepikatua da 14,15-16an, Israelgo errege Joax 14,14an kondatzen diren gertakarietan agertzen baita. // Amatziasen kontra: Ik. 14,8-14.
«Israelgo Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira. 13 Joax hil zenean, Jeroboam
13,13 Jeroboam: Izen bereko bigarren erregea da Israel erresuman (ik. 1 Erg 12).
jarri zen errege-alkian. Joax Samarian ehortzi zuten, Israelgo erregeen ondoan.
Eliseok Joaxi Siriarren menperatzea iragarri
14 Eliseo eritu zelarik, heriotzerat eremanen zuen eritasunez, Israelgo errege Joax ikustera joan zitzaion, eta haren aitzinean nigarrez, erran zion:
–Ene aita, ene aita, Israelen gudu-karro eta zalditeria, zu
13,14 Ik. 2,12 eta oh.
!
15 Eliseok manatu zion:
–Har arkua eta geziak.
Hartu zituenean, 16 Eliseok berriz Israelgo erregeari:
–Tiran emazu arkua.
Erregeak arkua tiran eman zuenean, Eliseok erregearen eskuen gainean bereak ezarri 17 eta erran zion:
–Idek eguzkialdeko leihoa.
Erregeak leihoa ideki eta Eliseok manatu zion:
–Tira!
Eta erregeak tiratu zuenean, Eliseok erran zuen:
–Jaunaren garaipen-gezia! Siriarren kontrako garaipen-gezia! Hondatzeraino joko dituzu siriarrak Afeken
13,17 Afek: Ik. 1 Erg 20,26 eta oh.
.
18 Erran zion ere:
–Har geziak!
Hartu zituenean, Eliseok Israelgo erregeari erran zion:
–Jo lurra!
Hiru aldiz jo eta gelditu zen erregea. 19 Haserretu zitzaion Jainkoaren gizona, eta erran zion:
–Bospasei aldiz jo ukan bazinu, hondatu arte joko zinituen siriarrak; bainan hiru aldiz jo duzunaz geroz, hiru aldiz bakarrik joko dituzu.
Eliseo hil
20 Eliseo hil zen eta ehortzi zuten.
Urte guziz
13,20 Urte guziz: H.h., urte-hastean. Udazkenean hasten dute israeldarrek beren urtea.
lapur-talde moabdarrak Israelen sartzen ziren. 21 Behin, gizon baten ehorztera zoatzin batzu, lapur-talde heietarik bat ikustean, gizonaren gorputza Eliseoren hilobirat bota eta ihes egin zuten. Gorputzak Eliseoren hezurrak hunkitzearekin, gizona piztu zen eta xutitu.
ELISEOREN HERIOTZETIK
ISRAEL ERRESUMAREN AZKENERAINO (13,22–17,41)
Siriarren hondamena
22 Joakaz bizi izan zeno, Siriako errege Hazaelek menpean atxiki zituen israeldarrak. 23 Bainan Jauna urrikaldu zitzaioten eta barkatu zioten, Abraham, Isaak eta Jakobekin egina zuen elkargoarengatik. Ez zituen suntsitu nahi ukan, ez zituen oraino bereganik urrun egotzi
13,23 Abraham... elkargoarengatik: Israel erresumaz ari denean, Jainkoaren leialtasuna adiarazteko, arbasoekin egin elkargoa aipatu ohi du idazleak; bainan Juda erresumaz ari denean, Jainkoak Davidi eman hitza aipatzen du (ik. 8,19 oh.). // bereganik urrun egotzi: Erbesteratzeaz ari da (ik. 1 Erg 8,46 oh. eta 14,15). Israeldarrak beren aberritik urrun eremanen zituzten, bai eta beren Jainkoarenganik ere. Hau nola gertatu zen 17,18-20an eta 24,10ean kondatzen da.
.
24 Siriako errege Hazael hil zenean, ondoko erregea haren seme Ben-Hadad izan zen. 25 Orduan, Joakazen seme Joaxek berreskuratu zituen, Ben-Hadadi kenduz, hunen aita Hazaelek Joaxen aita Joakazi guduka kendu hiriak. Joaxek hiru aldiz garaitu zuen Ben-Hadad; hola bildu zituen Israelenak ziren hiriak.
Amatzias Judako errege
(2 Kro 25,1-4.11-12.17-18; 26,1-2)
14
1 Israelgo errege Joakazen seme Joaxen erregealdiko bigarren urtean hasi zen Amatzias, Judako Joaxen semea, errege izaiten. 2 Hogeita bost urte zituen orduan, eta hogeita bederatzi urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Joadan zuen izena eta Jerusalemgoa zen. 3 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Amatziasek; ez, ordea, David bere arbasoak bezain ontsa. Bere aita Joaxek bezala jokatu zuen Amatziasek ere. 4 Bainan ez ziren desagertu mendixketako kultu-lekuak; jendeak kultu-leku heietan opari eskaintzen eta intsentsu erretzen jarraitu zuen.
5 Erregegoan azkartu zelarik, bere aita Joax hil zioten funtzionarioak hil zituen Amatziasek. 6 Halere, ez zituen hil hiltzaile heien semeak, Moisen legean Jaunaren manamendu hau idatzia baita: «Aitamak ez dira hilen seme-alaben hobenagatik, ez eta seme-alabak aitamen hobenagatik. Nor bere hobenagatik hilen da».
7 Amatziasek hamar mila gudari edomdar garaitu zituen Gesaltza haranean. Gudu hartan Sela eskuratu zuen, eta Jokteel
14,7 Gesaltza harana: Itsaso Hila eta Akaba itsas golkoa elkartzen dituen harana; haran hortan zen Sela. // Jokteel: Grekozko itzulpenetan Petra, erran nahi baita, Harroka. Hitz hunek Jaunak menperatu erran nahi bide du.
izena eman zion. Izen horrek orain arte dirau.
Amatzias eta Joaxen arteko borroka
8 Orduan, Amatziasek mezulariak igorri ziozkan Israelgo errege Joaxi, Joakazen seme eta Jehuren bilobari, erraitera: «Zato, neurt ditzagun indarrak
14,8 neurt ditzagun indarrak!: Elkarrekin borroka egiteko deia da.
9 Israelgo errege Joaxek errepostu hau igorri zion Judako errege Amatziasi: «Behin, Libanoko elorriak zedroari erran zion: Emok alaba nere semeari emaztetzat. Bainan Libanoko basabere bat iragan eta elorria lehertu zuen. 10 Edomdarrak garaitu dituzulakotz harro zaude. Ospe hori aski bekizu; zaude etxean. Zergatik nahi duzu hasi zorigaitzeko borroka, zeure burua eta zeurekin batean Juda hondatzeko?»
11 Amatziasek, ordea, ez zuen entzun nahi ukan. Orduan, Israelgo errege Joax atera eta Judako errege Amatziasek eta biek indarrak neurtu zituzten Judako hiri Bet-Xemexen
14,11 Bet-Xemex: Jerusalemdik mendebalderat 25 km ingurutan zen.
. 12 Israel nagusitu zitzaion Judari eta gudariek ihes egin zuten nork bere oihal-etxolarat. 13 Israelgo errege Joaxek preso hartu zuen, Bet-Xemex hirian, Judako errege Amatzias, Joaxen seme eta Akaziasen biloba, eta Jerusalemerat ereman. Hango harresietan berrehun metrako ziloa egin zuen, Efraimen atetik kantoineko ateraino. 14 Gero, Jaunaren etxean ziren urre, zilar eta tresna guziak eta jauregiko altxortegikoak, bai eta bahituak harturik, Samariarat itzuli zen.
15 Joaxen gainerateko egintzak, egin zuen guzia, nolako kuraiaz borrokatu zen Judako Amatziasen kontra «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira. 16 Hil zenean, Samarian ehortzi zuten Joax, Israelgo erregeen ondoan. Ondoko erregea haren seme Jeroboam izan zen.
Amatziasen erregealdiaren azkena
(2 Kro 25,25-28)
17 Israelgo errege Joax, Joakazen semea hil eta, beste hamabost urtez bizi izan zen Judako errege Amatzias, Joaxen semea. 18 Amatziasen gainerateko egintzak «Judako Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira.
19 Azpilana egin zuten batzuk Amatziasen kontra Jerusalemen. Erregeak Lakixerat
14,19 Lakix: Jerusalemdik hego-mendebalderat 45 km ingurutan zen hiria.
ihes egin zuen. Bainan haren ondotik jendea Lakixeraino igorri eta han hil zuten. 20 Gero, zaldi gainean hartu, Jerusalemerat ereman eta bere arbasoen ondoan, Daviden Hirian ehortzi zuten. 21 Orduan, Judako herri osoak Azarias
14,21 Azarias: Errege hau Uzias deitzen da 2 Kro eta profeten liburuetan.
, hamasei urteko gaztea izendatu zuen errege, bere aita Amatziasen ordez. 22 Hau hil zenean, Elat
14,22 Elat: Ik. 1 Erg 9,26 eta oh.
hiria Judarentzat berreskuratu eta berreraiki zuen Azariasek.
Jeroboam II.a Israelgo errege
23 Judako errege Joaxen seme Amatziasen erregealdiko hamabosgarren urtean hasi zen Samarian errege izaiten Jeroboam, Israelgo errege Joaxen semea. Berrogeita bat urtez izan zen errege.
24 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi ziozkan bekatuetarik urrundu gabe. 25 Hamateko sargiatik Araba itsasorainoko lurraldea berreskuratu zuen Israelentzat, Gat-Heferreko Amitairen seme Jonas bere zerbitzari profetaren bidez
14,25 Hamateko sargia: Hebrearrez Lebo-Hamat; ik. 1 Erg 8,65 eta oh. // Araba itsasoa: Itsaso Gazia ere deitua (Jos 3,16); Itsaso Hila da. // Jonas... profetaren bidez: Bibliako liburuetan ez da agertzen profezia hau.
Jaunak, Israelen Jainkoak errana zuen bezala. 26 Ezen ikusi zuen Jaunak israeldar guzien atsegabe garratza, ez baitzen nehor
14,26 ez baitzen nehor : H.h., ez loturik, ez libraturik.
Israel lagunduko zuenik. 27 Bainan Jaunak ez zuen erabakia
14,27 ez zuen erabakia: Erbesteratzea aipatzen du berriz (ik. 13,23 oh. eta 1 Erg 8,46).
Israel zerupetik ezabatzea; horrengatik salbatu zituen israeldarrak Joaxen seme Jeroboamen eskuz.
28 Jeroboamen gainerateko egintzak, harek egin guziak, nolako kuraiarekin borrokatu zen Judarenak izan
14,28 Judarenak izan: Testu iluna hebrearrean. Beharbada, Davidek, Damasez jabetu zelarik, Hamateko erregea menpeko egin zuela oroitarazi nahi du idazleak (ik. 2 Sm 8,5-6 eta 14,9-10).
Damas eta Hamat hiriak Israelentzat berreskuratzeko, «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira. 29 Hil zenean, Israelgo erregeen ondoan ehortzi zuten Jeroboam. Ondoko erregea haren seme Zakarias izan zen.
Azarias Judako errege
(2 Kro 26,3-4.21-23)
15
1 Israelgo Jeroboamen erregealdiko hogeita zazpigarren urtean hasi zen errege izaiten Amatziasen seme Azarias. 2 Hamasei urte zituen errege izaiten hastean, eta berrogeita hamabi urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Jekolias zuen izena eta Jerusalemgoa zen. 3 Jaunari atsegin zaiona egin zuen, bere aita Amatziasek bezala. 4 Halere, ez ziren mendixketako kultu-lekuak desagertu; jendeak kultu-leku heietan opari eskaintzen eta intsentsu erretzen jarraitu zuen.
5 Jaunak eritasun larria eman zion Azariasi: legena. Hil arte egon zen legendun. Horrengatik, etxe berezi batean
15,5 etxe berezi batean: Hunela ere itzul daiteke: gobernu-eginkizunak kendu ziozkaten.
bizi behar ukan zuen. Bitartean, haren seme Jotamek, jauregiko buru zenak, gobernatu zuen herria. 6 Azariasen gainerateko egintzak, egin zuen guzia «Judako Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira. 7 Azarias hil zenean, bere arbasoen ondoan ehortzi zuten, Daviden Hirian. Ondoko erregea haren seme Jotam izan zen.
Zakarias Israelgo errege
8 Judako Azariasen erregealdiko hogeita hemezortzigarren urtean hasi zen Israelgo errege izaiten Jeroboamen seme Zakarias; sei hilabetez izan zen errege. 9 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, haren arbasoek egin zuten bezala, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi ziozkan bekatuetarik urrundu gabe. 10 Jabexen seme Xalumek, azpikeriaz jokatu eta Zakarias hil zuen, eta bera jarri zen errege.
11 Zakariasen gainerateko egintzak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira. 12 Hola bete zen Jaunak Jehuri errana: «Zure ondokoak jarriko dira, laugarren gizaldiraino, Israelgo errege-alkian». Eta hala izan zen.
Xalum Israelgo errege
13 Judako Uziasen
15,13 Uzias: Azariasen beste izena (15,1-7); ik. 2 Kro 26.
hogeita hemeretzigarren urtean jarri zen Jabexen seme Xalum Israelgo errege; hilabete batez izan zen errege Samarian. 14 Gadiren seme Menahem Tirtzatik
15,14 Tirtza: Ik. 1 Erg 14,17 eta oh.
etorri eta Samarian sartu zen. Samarian, Jabexen seme Xalum hil zuen eta bera jarri errege, haren ordez.
15 Xalumen gainerateko egintzak eta haren azpijokoa «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira. 16 Gero, Menahemek Tifsah hiriari eraso zion, han ziren guziak eta lurralde osoa, Tirtzatik haste, xehatu zituen, hiriko ateak zabaldu ez ziozkatelakotz, eta emazte haurdun guzieri sabela ideki
15,16 Tifsah: Ik. 1 Erg 5,4 eta oh. // emazte haurdun guzieri sabela ideki: Hola, ondokoak ere suntsituz, herriaren geroa eragozten zuten (ik. 8,16; Am 1,13; Os 14,1).
zioten.
Menahem Israelgo errege
17 Judako Azariasen erregealdiko hogeita hemeretzigarren urtean hasi zen Israelgo errege izaiten Samarian Menahem, Gadiren semea; hamar urtez izan zen errege. 18 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; bere bizitza osoan
15,18 bizitza osoan: Hitz hauek jatorrizkoan Jeroboamen bizitzaz ere konpreni daitezke.
ez zen urrundu Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi ziozkan bekatuetarik.
19 Asiriako errege Pul
15,19 Pul: 15,29an Tiglat-Pileser deitzen dena bera da. Asiriako errege Tiglat-Pileser III.ak (745-727), Babilon beretu zuelarik, izen hori hartu zukeen. Haren kroniketan Samariako errege Menahem aipatzen da, Damaseko Retzin eta Tiroko Hiramekin batean, zergapeko erregeen artean (738ko gudaldian).
Israelgo lurraldean sartu zen; bainan Menahemek hogeita bost mila kilo zilar eman ziozkan Puli, erregegoa bere eskuetan azkartzen lagun zezan. 20 Zilar horren biltzeko, Israelgo aberats guzieri zilarrezko berrogeita hamarna pieza emanarazi zioten, zergatzat. Asiriako erregea, Israelen egon gabe, bere erresumarat itzuli zen.
21 Menahemen gainerateko egintzak, harek egin guzia «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira. 22 Hil zenean, haren seme Pekahias izan zen errege, haren ordez.
Pekahias Israelgo errege
23 Judako Azariasen erregealdiko berrogeita hamargarren urtean hasi zen Israelgo errege izaiten Samarian Pekahias, Menahemen semea; bi urtez izan zen errege. 24 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; ez zen urrundu Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi ziozkan bekatuetarik. 25 Erregearen ezkutari zen Pekahek, Ramaliasen semeak, azpikeriaz jokatu zuen Pekahiasen kontra eta, berrogeita hamar gizon galaadtar harturik, erregea hil zuen Samarian, jauregiko dorrean, Argob eta Arie-rekin batean, eta haren ordez errege izan zen.
26 Pekahiasen gainerateko egintzak, harek egin guzia «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira.
Pekah Israelgo errege
27 Judako Azariasen erregealdiko berrogeita hamargarren urtean hasi zen Israelgo errege izaiten Samarian Pekah, Ramaliasen semea; hogei urtez izan zen errege. 28 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi ziozkan bekatuetarik urrundu gabe.
29 Israelgo errege Pekahen garaian, Asiriako errege Tiglat-Pileserrek hiri eta eskualde hauek hartu zituen: Ion, Abel-Bet-Maaka, Janoah, Kedex eta Hatzor hiriak, Galaad eta Galilea eskualdeak eta Neftaliren lurralde osoa
15,29 Neftaliren lurraldea: Israel erresumaren iparraldean zen. Erasoaldi hau 734an gertatu zitekeen.
. Hango bizilagunak Asiriarat erbesteratu zituen.
30 Elaren seme Oseasek azpikeriaz jokatu zuen Ramaliasen seme Pekahen kontra; zauritu eta hil zuen, eta bera jarri errege. Uziasen seme Jotamen, Judako erregearen erregealdiko hogeigarren urtea zen.
31 Pekahen gainerateko egintzak, egin zuen guzia «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira.
Jotam Judako errege
(2 Kro 27,1-3.7-9)
32 Ramaliasen seme zen Israelgo Pekahen erregealdiko bigarren urtean hasi zen errege izaiten Judako Jotam, Uziasen semea. 33 Hogeita bost urte zituen errege izaiten hastean, eta hamasei urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Jeruxa zuen izena eta Tzadoken alaba zen.
34 Jaunari atsegin zaiona egin zuen, bere aita Uziasek bezala. 35 Halere, ez ziren desagertu mendixketako kultu-lekuak, herriak halako kultu-lekuetan opari eskaintzen eta intsentsu erretzen jarraitu zuen.
Jotam hunek egin zuen Jaunaren etxeko ate garaia
15,35 ate garaia: Jeremiasek (20,2) eta Ezekiasek (9,2) aipatzen dutena bera daiteke. Jeremiasek Benjaminen gaineko atea deitzen du. Jerusalemgo iparraldean zen.
.
36 Jotamen gainerateko egintzak, harek egin guzia «Judako Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira.
37 Orduan hasi zen Jauna Siriako errege Retzin eta Pekah, Ramaliasen semea, Judako erresumaren kontra igortzen.
38 Jotam hil zenean, bere arbasoen ondoan ehortzi zuten, David bere arbasoaren Hirian. Ondoko erregea haren seme Akaz izan zen.
Akaz Judako errege
(2 Kro 28,1-27)
16
1 Ramaliasen seme Pekahen erregealdiko hamazazpigarren urtean hasi zen Judako errege izaiten Akaz, Jotamen semea. 2 Hogei urte zituen Akazek orduan, eta hamasei urtez izan zen errege Jerusalemen. Ez zuen egin Jaunari, bere Jainkoari atsegin zaiona, bere arbaso Davidek bezala. 3 Israelgo erregeen bidea hartu zuen; bere semeetarik bat oparitzat erre
16,3 semeetarik bat oparitzat erre: Holako giza opariak debekatuak dira legean (ik. Lv 18,21 eta Dt 12,31).
zuen, Jaunak israeldarren aitzinetik haizatu zituen paganoen ohidura higuingarrieri jarraikiz. 4 Mendixketako kultu-lekuetan eta edozoin zuhaitz handiren azpian opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen zuen.
5 Orduan, Siriako errege Retzin eta Israelgo errege Pekah, Ramaliasen semea, Jerusalemen kontra borrokatzera etorri ziren; Akaz setiatu zuten, bainan ezin izan zuten hartu hiria
16,5 hiria hartu: Beste itzulpen bat: ezin izan zuten hasi gudua. Gertakari huntaz ik. Is 7,1-9.
. 6 Aldi hartan berean, Siriako errege Retzinek Elat hiria berreskuratu zuen siriarrentzat; judatarrak Elatetik haizatu ondoan, edomdarrak
16,6 edomdarrak: Eskuizkribu batzuk aramearrak diote.
sartu ziren, eta han bizi dira gaurdaino.
7 Orduan, Akazek mezulariak igorri ziozkan Asiriako errege Tiglat-Pileserri mezu hunekin: «Zeure zerbitzari eta menpeko
16,7 menpeko: H.h., seme.
nauzu; zato eta salba nezazu Siriako eta Israelgo erregeen erasoetarik». 8 Akazek hartu zituen Jaunaren etxean eta jauregiko altxortegian ziren urre-zilarrak eta Asiriako erregeari igorri ziozkan dohaintzat. 9 Asiriako erregeak, eskari hura entzunik, Damas eraso eta hartu zuen; hango bizilagunak Kir-erat
16,9 Kir: Hebrearrez hiri erran nahi du; baliteke idazleak Ninive hiri asiriarra aipatu nahi duen.
erbesteratu zituen, eta Retzin erregea hil.
10 Akaz Damaserat joan zen Asiriako errege Tiglat-Pileseren biderat. Orduan, ikusi zuen Damaseko aldarea, eta haren neurri-egiturak igorri ziozkan Urias apezari, nolakoa egin jakiteko. 11 Urias apezak Akaz erregeak Damasetik igorri zion ereduaren arabera egin zuen aldarea, Akaz erregea itzuli baino lehen. 12 Damasetik etorri eta aldarea ikustearekin, erregea aldarerat igan zen, 13 erre-opariak, bihi eta ixur-opariak egin zituen, eta elkartasun-oparien odolaz ihinztatu zuen aldarea. 14 Jaunaren aitzinean zen brontzezko aldarea
16,14 brontzezko aldarea: Opariak eskaintzeko erabili ohi zena da; beste bat intsentsuaren erretzeko erabili ohi zen (ik. 1 Erg 8,64).
, berriz, kendu zuen tenpluaren aitzinetik, erran nahi baita, aldare berriaren eta Jaunaren etxearen artetik, eta ondoan ezarri zuen, aldare berritik iparralderat. 15 Gero, Akaz erregeak Urias apezari manatu zion: «Aldare handiaren gainean egin behar dituzu goizeko erre-oparia eta arratseko bihi-oparia, erregearen erre-oparia eta bihi-oparia, bai eta herriaren erre-opari, bihi eta ixur-opariak. Halaber, aldare handiaren gaina ihinztatuko duzu erre-oparietako eta sakrifizioetako odol guziaz. Brontzezko aldareari buruzkoa nihaurek erabakiko dut
16,15 brontzezko... nihaurek erabakiko dut: Beste itzulpen bat: kontsulta egiteko erabiliko dut, hots, oparitzat eskaini abereen erraien ikertzeko.
».
16 Akaz erregeak manatu bezala egin zuen Urias apezak.
17 Akaz erregeak orgetako plakak eta orgetan ziren ur-ontziak kendu zituen; zezenen gainean zen brontzezko uraska
16,17 orgak, ur-ontziak, brontzezko uraska: Ik. 1 Erg 7,23-39.
jautsi eta harrizko zoladura baten gainean finkatu zuen. 18 Asiriako erregeari atsegin emaiteko, Akazek aldatu zituen bai tenplu barnean egina zen sabatoko aterbea, bai kanpoan zen errege-sargia
16,18 sabatoko aterbea, bai kanpoan zen errege-sargia: Ez dakigu zer ziren eta nun ziren.
.
19 Akazen gainerateko egintzak, harek egin guzia «Judako Erregeen Kronika» liburuan idatziak dira. 20 Akaz hil zenean, bere arbasoen ondoan ehortzi zuten, Daviden Hirian. Ondoko erregea haren seme Ezekias izan zen.
Oseas Israelgo azken erregea. Samaria menperatua
17
1 Judako Akazen erregealdiko hamabigarren urtean hasi zen Elaren seme Oseas Israelgo errege izaiten Samarian; bederatzi urtez izan zen errege. 2 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; halere, ez hura baino lehen Israelgo errege izan zirenek bezainbat.
3 Asiriako errege Salmanasarrek eraso egin zion Israelgoari eta Oseasek haren menpeko egon behar ukan zuen, zerga ordainduz. 4 Bainan gero Asiriako erregea ohartu zen Oseasek azpikeriaz jokatzen zuela, Egiptoko errege So-ri
17,4 So: Ez da ezagutzen izen hortako faraonik; buruzagi bat zitekeen eta errege izena gaizki emana daiteke. Beste itzulpen bat: So hirirat, Egiptoko erregeari. Beraz, erregearen izena eta bizi zeneko tokiaren izena nahasi dira, iduriz.
mandatariak igorriz. Gainera, urteroko zerga ez zion gehiago ordaintzen. Orduan, Asiriako erregeak Oseas arrastatu zuen eta preso sartu. 5 Gero, lurralde osoari eraso zion, eta Samaria hiriburua hiru urtez setiatu. 6 Oseasen erregealdiko bederatzigarren urtean, Asiriako erregea Samariaz jabetu eta Asiriarat erbesteratu zituen israeldarrak, Halah izeneko lurralderat, Gozango Habor ibaiaren ondorat eta Mediako
17,6 Samariaz jabetu: K.a. 721ean gertatu zen. // Gozan: Mesopotamiako iparraldean zen. // Media: Asiria eta Kaspiar Itsasoa arteko lurraldea.
hirietan kokarazi.
Zergatik hondatu zen Israel erresuma
7 Jaunak, beren Jainkoak, ateraiak zituen israeldarrak Egipto lurraldetik eta hango errege faraonaren menpetik. Bainan bekatu egin zuten Jainkoaren kontra, jainko arrotzak adoratuz. Horrengatik igorri zioten Jainkoak israeldarreri halako hondamendia. 8 Jaunak heien aitzinetik haizatu zituen herrien ohidurak eta Israelgo erregeek ezarri arauak hartu zituzten israeldarrek. 9 Egin behar ez litaizkeen gauzak egin zituzten israeldarrek Jaunaren, beren Jainkoaren kontra: sasikultuak antolatu zituzten hiri guzietan, bai eta zaintzaileen dorreetan eta gotorlekuetan. 10 Zutarri eta hesol sakratuak
17,10 Zutarri eta hesol sakratuak: Ik. 1 Erg 14,15.23 oh.ak.
ezarri zituzten mendixka guzietan eta zuhaitz handi guzien azpian; 11 eta halako kultu-lekuetan intsentsua erre zuten, Jaunak heien aitzinetik erbesteratu zituen herriek bezala. 12 Gaizki jokatu zuten, Jauna haserretzeraino; Jaunak debekatu ziotena egin baitzuten: sasijainko zikin heiek adoratu.
13 Jaunak errana zioten, bere profeta eta ikusle
17,13 ikusle: Ik. 1 Sm 9,9-11.
guzien bidez, Israeli eta Judari: «Itzul zaitezte zihauren bide tzarretarik; begirazkizue nere manamendu eta legeak, zuen arbasoeri eman eta ene zerbitzari profeten bitartez adiarazi dauzuetan irakaspenaren arabera». 14 Heiek, ordea, ez zuten entzun; burugogor izan ziren, heien arbasoak bezala, ez baitzuten Jauna, beren Jainkoa sinetsi. 15 Gutietsi zituzten haren legeak eta arbasoekin Jaunak egin zuen elkargoa, bai eta haren irakaspenak. Sasijainko hutsalen ondotik joanez, hutsal bilakatu ziren berak ere. Inguruko herrien iduriko egin ziren, Jainkoak manatuak izanagatik heiek bezala ez jokatzeko. 16 Jaunaren, beren Jainkoaren manamenduak baztertuz, bi zezenko-irudi
17,16 bi zezenko-irudi: Ik. 1 Erg 12,28. 2 Erg 17,16-17etan aipatzen diren aztikeria eta superstizioneak debekatuak dira legean (ik. Jal 34,13-14; Lv 18,21; Dt 4,19; 17,3; 18,10).
egin zituzten, bai eta hesol sakratua ere; izarren aitzinean ahuspekatu ziren eta Baal jainkoa adoratu zuten. 17 Beren seme-alabak oparitzat eskaini zituzten, suan errez; igarpen eta aztikerietan ariz Jaunari atsegin ez zaionari eman ziren, Jauna haserretzen zutela. 18 Biziki sumindu zen, bai, Jauna Israelen kontra, eta horrengatik urrundu zituen bere begien aitzinetik
17,18 urrundu... bere begien aitzinetik: Hola bete zen Israelentzat Jaunak mezutua (ik. 13,23 oh. eta 1 Erg 8,46).
. Judaren leinua baizik ez zen gelditu.
19 Judak ere, ordea, Jaunaren, bere Jainkoaren manamenduak begiratzeko ordez, Israelek bezala jokatu zuen. 20 Horrengatik, Jaunak egotzi zuen Israelen arraza osoa, lehertu, lapurren esku utzi eta, azkenean, bere begien aitzinetik bota.
21 Israelek, Daviden erresumatik berexi zen hartan, Nebaten seme Jeroboam izendatu zuen errege, eta errege harek urrundu zuen Israel Jaunaren erranetarik eta bekatu handia eginarazi. 22 Jeroboamek egin bekatu guziak egin zituzten israeldarrek ere, bekatu heietarik urrundu gabe. 23 Horrengatik, urrundu zituen Jaunak bere aitzinetik, bere zerbitzari profeta guzien bidez errana zioten bezala. Erbesteratua izan zen Israel bere lurraldetik Asiriarat gaurdaino.
Arrotzak ekarri Israelgo erresumarat
24 Asiriako erregeak Babilon, Kut, Aba, Hamat eta Sefarbaim hirietako jendea hartu eta Samariako hirietan kokarazi zuen, israeldarren tokian
17,24 Kut: Babilonetik iparralderat zen, Eufrates ibaiaz eguzkialdean. // Hamat: Oronte ibai ondoan. // Aba eta Sefarbaim: Ez dakigu nun ziren. // israeldarren tokian: Samariarat erbesteratu zuten jendea, Asiriako erregeak menperatu beste lurraldeetakoa zen.
. Jende hura, Samariaz jabeturik, hango hirietan bizi izan zen. 25 Samarian bizitzen hastean, arrotz heiek ez zuten Jauna adoratzen; orduan, Jaunak lehoinak igorri ziozkaten, jendearen hiltzeko. 26 Asiriako erregeari jakinarazi zioten, Samariako hirietarat ereman eta han kokarazi zuen jende harek ez zakiela nola adora lekuko jainkoa
17,26 lekuko jainkoa: Lurralde bakotxak bere jainkoa zuelakoan zauden.
; jainko harek lehoinak igorri eta heiek jendea hiltzen zutela, hango jainkoa nola adora ez zakitelakotz. 27 Orduan, Asiriako erregeak manatu zuen: «Igorrazue Samariarat handik erbesteratu nituen apezetarik bat; bizi dadila han eta irakats diezola jendeari leluko jainkoarem adoratzen».
28 Orduan, Samariatik erbesteratu zituzten apezetarik bat etorri zen eta Betelen bizitzen jarririk, Jauna nola adora irakasten zion jendeari.
29 Halere, jende arrotz heiek, bizi ziren hiri guzietan, nork bere jainkoen irudiak egin eta samariarrek mendixketan eraiki jauretxeetan ezarri zituzten. 30 Babilongo jendeak Sukot-Benot bere jainkoaren irudia egin zuen, Kutekoek Nergal-ena, Hamatekoek Axima-rena, 31 Abakoek Nibhaz eta Tartak-enak, Sefarbaimgoek beren jainko Adram-Melek, eta Anam-Meleken ohoretan beren seme-alabak erre ohi zituzten suan. 32 Denbora berean, Jauna ere adoratzen zuten. Kultu-lekuetako apezak izendatu zituzten beren artetik, mendixketako jauretxeetan apez-zerbitzua egin zezaten. 33 Beraz, Jauna adoratzen zuten; bainan, erbesteratu baino lehen beren jatorrizko hirietan zituzten kultuen arabera beren jainkoak ere adoratzen zituzten.
Israel lurraldeko erlisione egoera
34 Gaurdaino beren ohidura zaharra atxiki dute; ez dute zinez adoratzen Jauna, ez dituzte betetzen haren irakaspenak eta arauak; ez dute jokatzen Jaunak Jakoben ondokoeri eman lege eta manamenduen arabera –Jakobi Jaunak Israel ezarri zion izena–. 35 Jaunak heiekin zuen egin elkargoa
17,35 elkargoa: 15,35-39an, elkargoko arauak aipatzean, Dt.ko formulak derabiltza idazleak.
eta heieri zioten manamendu hau eman: «Ez duzue beste jainkorik adoratuko; ez zirezte halakoen aitzinean ahuspekatuko. Ez diozuete kulturik emanen, ez oparirik eskainiko. 36 Indar handiz eta beso ahaltsuz Egiptotik ateratu zintuzten Jauna adoratuko duzue eta haren aitzinean ahuspekatuko zirezte; hari eskainiko diozkazue opariak. 37 Egunoro bete behar dituzue harek zuentzat idatzi dituen arau, erabaki, lege eta manamenduak. Eta ez duzue beste jainkorik adoratuko. 38 Ez ahantz zuekin egin zuen elkargoa. Ez duzue beste jainkorik adoratuko. 39 Jauna zuen Jainkoa adoratuko duzue eta harek libratuko zaituzte etsai guzien eskuetarik».
40 Heiek, ordea, ez zuten entzun; alderantziz, lehengo beren ohidura atxiki zuten. 41 Jende harek, beraz, Jauna adoratzen zuen, bai; bainan bere sasijainkoeri ere kultua emaiten zioten. Eta arbasoek bezala egiten dute seme-alabek eta hauen ondokoek ere, gaurdaino
17,41 Jatorri eta kultura desberdinetako jende heien ondokoak ziren samariarrak (ik. Esd 4; Lk 9,51-56; Jn 4,9).
.
ISRAEL ERRESUMAREN AZKENETIK
JUDA ERRESUMAREN AZKENERAT (18,1–25,30)
Ezekias Judako errege
(2 Kro 29,1-2; 31,1)
18
1 Israelgo Elaren seme Oseasen erregealdiko hirugarren urtean hasi zen Ezekias, Akazen semea, Judako errege izaiten. 2 Hogeita bost urte zituen orduan eta hogeita bederatzi urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Abi zuen izena eta Zakariasen alaba zen.
3 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Ezekiasek, bere arbaso Davidek bezala. 4 Suntsitu zituen mendixketako kultu-lekuak, zutarri sakratuak hautsi, hesol sakratuak moztu, eta xehatu Moisek egin brontzezko sugea
18,4 Moisek... sugea: Ik. Zen 21,8-9.
, ordu arte israeldarrek intsentsua erretzen baitzuten haren aitzinean; Nehuxtan izena eman ohi zioten.
5 Jaunaren baitan, Israelen Jainkoaren baitan ezarri zuen bere ustea. Ez zen hura bezalako erregerik izan Judan, ez lehenago, ez eta geroago. 6 Jaunari atxikia egon zen beti, harenganik urrundu gabe eta Jaunak Moisi eman ziozkan manamenduak begiratuz. 7 Jauna Ezekiasen alde baitzen, onik atera zen hau bere egintza guzietan. Asiriako erregearen kontra altxatu eta haren menpetik atera zen. 8 Filistearreri ere oldartu zitzaioten Gazaraino eta inguruetaraino, zaintzaileen dorreeri eta gotorlekueri ere erasoz.
Samariaren hondamendia berriz aipatzen
(2 Erg 17,1-6)
9 Ezekiasen erregealdiko laugarren urtean, erran nahi baita Israelgo Elaren seme Oseasen erregealdiko zazpigarren urtean, Asiriako errege Salmanasarrek Samariari eraso eta setiatu
18,9 Konpara 18,9-12 eta 17,3-6.
zuen. 10 Asiriarrek hiru urteren buruan hartu zuten Samaria. Ezekiasen erregealdiko seigarren urtea eta Israelgo Oseasen erregealdiko bederatzigarren urtea zen Samaria hartu zutenean.
11 Asiriako erregeak Asiriarat erbesteratu zituen israeldarrak, eta Halah izeneko lurraldean, Gozango Habor ibaiaren ondoan eta Mediako hirietan kokarazi. 12 Ezen israeldarrek ez zuten entzun Jaunaren, beren Jainkoaren ahotsa eta hautsi zuten harekilako elkargoa; ez zuten entzun, ez bete Jaunaren zerbitzari Moisek manatu ziotena.
Senakerib Judako erresumaren kontra
(Is 36,1 eta 2 Kro 32,1)
13 Ezekiasen erregealdiko hamalaugarren urtean, Asiriako errege Senakeribek Judako hiri-gotortu guzieri eraso egin eta hartu zituen. 14 Judako errege Ezekiasek mezu hau igorri zion Lakix
18,14 Lakix: Ik. 14,19 oh.
hirirat Asiriako erregeari: «Huts egin dauzut, bai; bainan urrun zaite niganik. Manatuko dautazun zerga ordainduko dut».
Hamar tona inguru zilar eta tona bat urre ordaindu beharra ezarri zion Asiriako erregeak Judako errege Ezekiasi. 15 Jaunaren etxean eta jauregiko altxortegietan zen zilar guzia eman zuen Ezekiasek. 16 Orduan kendu behar ukan zituen Judako errege Ezekiasek, berak lehenago urrez jantziak zituen Jaunaren tenpluko ateak eta ate-etxeak, Asiriako erregeari emaiteko.
Senakeriben ordezkari nagusia mintzo
(Is 36,2-22; 2 Kro 32,9-16)
17 Asiriako erregeak gudalburu nagusia, aitzindari nagusia eta ordezkari nagusia igorri zituen Lakixtik, armada handi batekin, Jerusalemerat Ezekias erregearen kontra. Jerusalemerat heldu zirenean, gaineko urtegirako
18,17 aitzindari nagusia eta ordezkari nagusia: H.h., irenen buruzagia eta edari-emaile nagusia. // gaineko urtegia: Isaiasek ere aipatzen du (7,3), bainan ez dakigu nun zen; zenbaitek uste du Gihon iturriaren ondoan zela (ik. 1 Erg 1,33 eta oh.) eta urtegi hortarik abiatzen zela arroila; beste batzuk, aldiz, arroilaren beste buruan zela diote.
ubide ondoan gelditu ziren, oihal-garbitzailearen alorrerateko bidean, 18 eta dei egin zioten erregeari. Hilkiasen seme Eliakim jauregizaina, Xebna idazkaria eta Asafen seme Joah, erregearen bozeramailea, atera ziren heienganat. 19 Asiriar ordezkari nagusiak erran zioten:
–Ezekias erregeari emozue errege handiaren, Asiriako erregearen, mezu hau: «Zer duzu hain segur izaiteko? 20 Uste ote duzu hitz hutsek gerlako planek eta ausartziak bezainbat balio dutela? Noren baitan duzu zure ustea, ene kontra altxatzeko? 21 Egiptoaren baitan? Kanabera hautsia da Egiptoa: sostengutzat hartzen duenari eskua zilatzen dio aldean beste. Holakoa da Egiptoko errege faraona ustea haren baitan duten guzientzat. 22 Erranen dautazue : Jaunaren baitan, gure Jainkoaren baitan dugu fidantzia. Bainan Ezekiasek ez ote ditu kendu Jainko horren mendixketako kultu-leku eta aldareak, Juda eta Jerusalemgo jendeari manatuz Jauna Jerusalemgo aldarean bakarrik adoratzeko? 23 Ea desafia zazu nere jauna, Asiriako erregea: bi mila zaldi emanen dauzkizut, on bazira beste hainbeste zaldunen aurkitzeko. 24 Ezin duzu gibelarazi nere aitzindaririk ttipiena ere! Egiptok gudu-karroak eta zaldiak emanen dauzkizulakoan ote zaude? 25 Gainera, uste ote duzu Jaunaren baimenik gabe etorri naizela toki hunen hondatzera? Jaunak berak erran daut: zoazi herrialde haren hondatzera!»
26 Hilkiasen seme Eliakimek, Xebnak eta Joahek asiriar ordezkari nagusiari erran zioten:
–Otoi, mintza zaite aramearraz
18,26 aramearraz: Aramearra Ekialde Hurbilean nazioarteko hizkuntza zen, jende ikasiak bakarrik konprenitzen zuena.
, konprenitzen baitugu. Ez mintza hebrearrez, harresi gainean dagon jendeak entzuten baigaitu.
27 Ordezkari nagusiak ihardetsi zuen:
–Zer uste duzu? Mezu hau zure erregeari eta zuri bakarrik erraitera igorri nauela neure jaunak? Harresi gainean dagon jende horieri ere bai, beren kaka jan eta piza edan beharko baitute, zuek bezala.
28 Orduan, ordezkari nagusiak, zut, oihu egin zuen hebrearrez:
–Entzun zazue errege handiaren, Asiriako erregearen mezua: 29 «Ez zaitzatela engana Ezekiasek, ez baitzaituzte nere eskuetarik libratzen ahalko. 30 Ezekiasek ustea ez diezazuela Jaunaren baitan ezarraraz, Jaunak libratuko zaituztelakoan eta hiri hau Asiriako erregearen menperat eroriko ez delakoan». 31 Ez entzun Ezekias; entzun Asiriako erregeak diona: «Egin bakeak nerekin eta jar zaitezte nere menpe. Orduan nork bere mahatsondoaren eta pikondoaren fruituak jaten ahalko ditu eta bere putzuko ura edanen du. 32 Gero, zuena bezalako beste lurralde baterat, ogia eta arnoa, ogia eta mahastiak, olibondoak, olioa eta eztia dituen lurralderat, eremanen zaituztet. Hiltzeko partez, biziko zirezte. Ez entzun Ezekias; zuen enganatzen ari da, Jaunak libratuko zaituztela erranez. 33 Beste herrietako jainkoek libratu ote dituzte beren lurraldeak Asiriako erregearen eskutik? 34 Zer egin dute Hamat eta Arpadeko jainkoek? Zer Sefarbaim, Hena eta Ibako
18,34 17,24an ere Senakeribek menperatu hirien zerrenda, doi bat desberdina.
jainkoek? Zoin jainkok libratu ahal ukan du Samaria nere eskutik? 35 Nihungo jainkok ez du libratu bere lurraldea nere eskutik, eta Jaunak libratuko duela Jerusalem nere menperat erortzetik?»
36 Jendea ixilik egon zen; ez zion hitzik ihardetsi, erregeak hola manatua baitzuen. 37 Hilkiasen seme Eliakim jauregizainak, Xebna idazkariak eta Asafen seme Joah bozeramaileak, jantziak urraturik, Ezekiasenganat joan eta ordezkari nagusiak erranaren berri eman zioten.
Ezekiasek Isaias profetari galde
(Is 37,1-7)
19
1 Ezekias erregeak ere, hori entzutearekin, jantziak urratu zituen eta, doluz jantzirik, Jaunaren etxerat joan zen. 2 Amotzen seme Isaias profetaganat igorri zituen Eliakim jauregizaina, Xebna idazkaria eta apezik zaharrenak, doluz jantzirik, 3 erraitera:
–Hau dio Ezekiasek: «Herstura, zigor eta lotsa-eguna dugu gaurkoa. Haurra ukaiteko tintoan, eta egiteko indarrik gabe dagon emaztea bezala gira
19,3 Asiriarren kontra jeiki ondoan, Jerusalem nolako egoera garratzean gelditu den adiarazi nahi du idazleak irudi horien bidez.
. 4 Jainko biziaren laidostatzera igorri du Asiriako erregeak bere ordezkari nagusia. Agian Jaunak, zure Jainkoak, harek errana entzun du, eta zigortuko du! Eta zuk egizu otoitz oraino bizirik dirautenen alde
19,4 oraino bizirik dirautenen alde: Oraino asiriarrek menpean hartu ez dituzten tokiez ari da, Jerusalem eta hunen inguruez.
».
5 Ezekias erregearen funtzionarioak Isaiasenganat joan ziren. 6 Isaiasek ihardetsi zioten:
–Emozue Jaunaren mezu hau zihauren nagusiari: «Entzun duzu Asiriako erregearen mutilek nola laidostatu nauten. Ez beldur izan! 7 Zurrumurru bat helaraziko diot eta, orduan, bere lurralderat itzuliko da. Han hilaraziko dut ezpataz».
Senakerib berriz mehatxuka
(Is 37,8-13; 2 Kro 32,17)
8 Ordezkari nagusiak, itzultzean, jakin zuen Asiriako erregea Lakixtik joana zela Libna
19,8 Libna: Ik. 8,22 oh.
hiriari erasotzera, eta han aurkitu zuen. 9 Handik, Etiopiako errege Tirhaka
19,9 Tirhaka: Jatorriz Etiopiakoa (hebrearrez Kux) izanagatik, Egiptoko errege izan zen.
gerla egitera heldu zitzaiola jakin zuelarik, Senakeribek mezulariak igorri ziozkan berriz Ezekiasi, 10 Judako erregeari, erraitera: «Zure ustea Jainko hortan ezarri baduzu ere, ez zaitzala engana, Jerusalem nere eskuetarat ez dela eroriko erraiten dauzunean. 11 Entzun duzu zer egin dieten Asiriako erregeek herrialde guzieri: errotik hondatu. Eta zu libratuko zirelakoan ote zaude? 12 Nere aitzineko erregeek Gozan, Harran, Retzef eta Telasarren
19,12 Telasar: Ik. 17,24 eta 18,34 eta oh. Senakeribek menpean hartu hirien zerrenda da hemen agertzen dena; 19,13an jarraitzen du.
bizi ziren edendarrak suntsitu zituztenean, beren jainkoek libratu ote zituzten? 13 Nun dira Hamateko, Arpadeko, Lairreko, Sefarbaimgo, Henako eta Ibako erregeak?»
Ezekiasen otoitza
(Is 37,14-20)
14 Ezekiasek gutuna mandatarien eskutik hartu zuen eta, irakurri ondoan, Jaunaren etxerat joan zen. Gutuna Jaunaren aitzinean zabaldu eta 15 hunela otoitz egin zion: «Jauna, Israelen Jainkoa, izaki hegaldunen arteko tronuan jarririk zaudena, zu zira munduko erresuma guzien Jainko bakarra. Zuk eginak dira zeru-lurrak. 16 Itzul beharria nereganat, Jauna, eta entzun. Zabal begiak, Jauna, eta ikus. Entzun nolako laidoak igorri dauzkizun Senakeribek zuri, Jainko bizi horri. 17 Egia da, bai, Jauna, Asiriako erregeek suntsitu dituztela herriak eta heien lurraldeak, 18 eta suari eman diozkatela heien jainkoak, ez baitziren Jainko, zurezko edo harrizko irudi hutsak baizik, giza eskuek eginak. Horrengatik xehatu ahal ukan dituzte. 19 Zuk, ordea, Jauna, gure Jainko horrek, salba gaitzazu Senakeriben eskuetarik. Hola, lurreko erresuma guziek jakinen dute, Jauna, zu bakarrik zirela Jainkoa».
Isaiasek Jaunaren errepostua Ezekiasi jakinarazi
(Is 37,21-35)
20 Amotzen seme Isaiasek mezu hau igorri zion Ezekiasi: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak:
–Entzun dut Asiriako errege Senakeribez egin dautazun otoitza. 21 Huna zer diotan haren kontra:
 
Sion neska gazteak
mespretxu eta trufa egiten dauk, Senakerib;
Jerusalem hiri ederra
19,21 Sion neska gazte: H.h., birjinak, Siongo alabak. // Jerusalem hiri ederra: H.h., Jerusalemgo alaba.
buruaz keinuka ari zauk gibeletik.
22 Nori egin diok irain eta laido?
Noren kontra oihu egin duk
eta altxatu begiak, harro?
Nere kontra,
Israelen Jainko sainduaren
19,22 Jainko saindua: Jainkoari izen horren emaitea Isaiasen liburukoa da, bereziki.
kontra!
23 Ni, Jaun hau, iraindu nauk
heure mezularien bidez.
Erran duk:
«Neure gudu-karroen oldarrez
mendi-kaskoetarat igan naiz,
Libano barne-barneraino.
Hango zedrorik gorenak
eta altzifrerik bikainenak aurtiki ditut.
Tontorrik gorenetarat
eta oihanik hetsienetarat heldu naiz.
24 Atzerrietan putzuak egin ditut
eta hango ura edan;
oinpean lehortuz agortu ditut
Egiptoko ur guziak».
25 Bainan ez ote dakik, Senakerib,
aspalditik nihaurek prestatua dutala,
antzinetik nihaurek erabakia
orai gertarazten dutana?
Horrengatik hiri gotortuak
hondakin-meta egin dituk.
26 Hango bizilagunak indarrik gabe,
ikara eta ahalge utzi dituk,
larre-belarra bezala,
hazi baino lehen ihartua.
27 Bazakiat hire berri,
noiz jartzen haizen
noiz ateratzen, noiz sartzen,
nola hagon
haserre bizian ene kontra.
28 Ene kontra haserre hagolakotz
eta hire harrokeria
nereganaino heldu delakotz,
sudurrekoa eta ahokoa
19,28 sudurrekoa: Asiriako irudietan, presoak sudur-ziloetan halako eraztun handi bat deramatela ageri dira (ik. Ez 19,4.9). // ahokoa: Abereeri, hezteko edo gidatzeko, ahoan ezarri ohi zaioten galga (ik. Sal 32,9 eta 141,3). Bertset hunen beste itzulpen bat: Nere kontra duzun haserre horrengatik eta beharrietaraino heldu zaitan zure harrokeriagatik, sudurrekoa eta ahokoa...
ezarriko dauztaiat,
etorri haizen bidetik itzularazteko.
 
29 Gero, Isaiasek Ezekiasi erran zion:
«Hau ikanen duzu ezaugarri
19,29 ezaugarri: Irudi hauek, garai mingots eta latz heien ondotik onaldia etorriko dela adiarazten dute.
:
aurten, alorrean erori hazitik sortua
janen duzu;
datorren urtean
bere baitarik sortuko dena;
bainan ondoko urtean,
erein zazue
eta uzta bil,
landa mahatsondoak
eta jan mahatsa.
30 Judako erresuman bizirik geldituek,
lurrean erroak
eta adarretan fruituak
emanen dituzte berriz.
31 Zeren Jerusalemdik
aterako baita ondar bat,
eta Sion menditik
bizirik geldituak.
Jaun guzialdunak
eginen du hori!»
 
32 Hau dio Jaunak
Asiriako erregeaz:
«Ez da hiri huntan sartuko,
ez dio gezirik tiratuko,
ez erredolen gerizapean erasoko,
ez hiriaren hartzeko betelanik
19,32 betelanik: Betelan hauek harresien kontra egiten ziren, horietarik iganez hiria aiseago hartu ahal izaiteko.
eginen.
33 Etorri den bidetik itzuliko da;
hiri huntan ez da sartuko.
Hala diot nik, Jaunak.
34 Hiri hau gerizatuko dut
eta salbatuko,
naizena naizenagatik
eta neure zerbitzari Davidengatik
19,34 neure zerbitzari Davidengatik: Gertakari hauen garaian Jerusalem Jainkoaren Hiria zen eta Davidena; Hiri hartaz Jainkoak hitza emana zuen (ik. 8,19 oh.).
».
Asiriarrak ihesi
(Is 37,36-38; 2 Kro 32,21-22)
35 Gau hartan
19,35 Ik. Is 17,14 eta Si 48,21. // Gau hartan: Egipton aingeruak lehen-semeak hil zitueneko gaua oroitarazten da (ik. Jal 12,12-13). Herodotok dionaz, arratoi-saldo bat sartu bide zitzaioten asiriarreri kanpalekuan eta gaitza heiek ekarri.
berean, Jaunaren aingeruak ehun eta laurogeita bost mila gizon jo eta hil zituen asiriarren kanpalekuan; denak hilik aurkitu zituzten biharamun goizean, jeiki zirenean. 36 Asiriako errege Senakerib, orduan, kanpalekua utzi eta Niniverat itzuli zen eta han egon. 37 Behin, bere jainko Nisrok-en jauretxean ahuspekatua zagolarik, Adramelek eta Saretzer bere semeek ezpataz jo eta hil zuten; gero, Ararat
19,37 Ararat: Gaurko Armenia lurraldea.
inguruko lurralderat ihes egin zuten hiltzaileek. Beste seme bat, Asarhadon izan zen ondoko erregea.