Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Azken undinaren kaira

Jose Luis Otamendi

poesia

Ustela, 1983

 

OHEA

 

ohean

zure ahoko ateak

haize mehe batez eta

abarrotsik gabe poliki

zabaltzen direnean

kalean

egunen sabela

burnizko zangoetan eta

hezurrezko kaiola argalez

arakatzen dugunean

gauetan

ilargiaren malkoak

babes arrosa urratuz eta

lili baltzetan malkoz malko

banatzen ditugunean

besteengan

amets kumea

ninien erditzeaz eta

hegirik gabe apalki

atzematen dugunean

gorputzean

barne errekak

bakardade hits batez eta

kanpairik gabe banaka

ezagutzen direnean

maitasuna ez da lakio bat

kutxa urdineko airea

atzerriko senidea

maitasuna ez da ezer

sumendia

laba

hodeia eztarrian gora