Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Lehen gizarteak

Benantxio Otaegi

antropologia

Gero, 1971

GOI-PALEOLITOS AROA EUSKAL HERRIAN

 

        Bi kultura-lurralde nagusi bereizten dira Europan, Goi Paleolitos aroan. Bata, Europako hego sartaldean finkaturik dagoena. Mediterraneo itsasertzeko lurraldeetan gertatzen dana bestea.

        Europako hego sartaldeko kultura hau, Franko-Kantauri izenez deitua izan da. Dordoñako lurretatik hasi, eta Pirene mendietatik zehar, ia Kantauri itsasertz osoan zabaldurik zegoelako eman zioten deitura hau noski.

        Dena dela, Dordoñako lurraldea da iazimendu ugarienak eta aztarna aberatsenak dituena. Halaz ere, gaur egun, Euskal Herriko zenbait iazimendu, beste tokietako iazimenduen parekoak dira.

        Gure lurrean Goi Paleolitos aroko kulturak zer-nolako zabalkundea eta aberastasuna izan zituen aztertzen hasiko gera beraz.

        Perigord eta Aurignac kulturetako kondarrak oso nahasian aurkitzen dira Euskal Herriko iazimenduetan. Beste garaietako kulturak askoz ere garbiago eta nabarmenago ageri dira, eta kultura hauetako kondarrak sailkatzea errezagoa da.

        Bestalde, hemen agertu ditugun iazimendu guziek ez dute aberastasun eta balio berdiña. Euskal Herriko iazimenduen artean bat aipatzekotan, Isturitzekoa aipatu behar. Izan ere, Isturitzek duen garrantzia, Europako prehistorlari guztiek onartzen dutena baita.

        Isturitzen aurkitu diren harri-langintzak eta hezur-langintzak, ia inon ezin daitezke aurkitu. Adibidez: Perigord eboluzionatuko edo Gravetteko lur-mailetan, landutako 11.000 lanabes bildu dira; horietaz gainera, 3.000tik gora dira bildutako harri-hostoak; eta landugabeko harri ezpalak berriz, 50.000tik gora.

        Datu hauek guztiak garbi agertzen dute nolako garrantzia izan zuen Isturitzek Goi-Paleolitos aroan. Lanabes mota ugari egiten zituzten. Harri-langintzarako gai bezala, suharria ez ezik, ofita-harria, kuartzoa, kuartzita eta kaltzedonia ere erabiltzen zituzten.

        Anbarra —erretxin fosila—, ia garai guzietan, zintzilikarioak egiteko ibili izan da. Isturitzen ere arte-lanetarako erabiltzen da anbarra. Hain zuzen, anbarrean egindako zaldi buru baten reliebe zoragarri bat aurkitu da. Paleolitosko beste iazimendurik ez da izan horrelako bitxirik eskeini duenik.

        Isturitzeko hezur-langintzak, ez du parekorik Europan. Lanabesak egiteko gai oso egokiak gertatzen zitzaizkien elur-oreinen adarrak. Elur-oreinetan arra eta emea, biak baitira adarrak dituztenak; horrela lehen-gai edo material gehiago eskura zezaketen. Orein arraren adarrak ere erabiltzen zituzten noski (orein emeak ez du adarrik).

        Isturitzekoak aparteko leku nagusi bat behar du Euskal Herriko iazimenduetan. Betarik ez dugu, iazimendu hau Pirene lurraldeei ala Euskal Herriko lurraldeei gehiago lotua dagoen aztertzeko. Baina guk dioguna zera da: euskal lurrean dagoenez gero, merezi duen goi-maila eman behar diogula euskal iazimenduen artean. Hontaz ari delarik, hau dio I. Barandiaranek:

 

        «Ez dugu uste gehiegizko zerbait esaten dugunik, Isturitze, Goi-Paleolitos aroko teknika eta tipologia aztertzeko, munduko iazimendurik aberatsenetakoa dela diogunean». (I. Barandiaran: El Paleomesolítico del Pirineo Occidental. Zaragoza, 1967. 77 orr.).

 

        Isturitzekoa, ordea, ez da bakarra. Errenkada luze batek jarraitzen dio. Hor ditugu Bizkaian: Santimamiñe, Lumentxa eta Bolinkoba. Gipuzkoako iazimendurik aberatsenak berriz, hauek dira: Aitzbitarte, Ermittia, Lezetxiki eta Urtiaga.

        Hauetaz gainera, eskabatzeke daudenak ere baditugu: Ekain eta Torre. Altxerri ere nork aztertuko zain dago. Zenbait iazimendutan, lehen azterketa edo kata besterik ez da egin, gero batean osorik egiteko asmotan. Hauek horrela izanik, uste gabeko berri on asko izan ditzakegu laster batean euskal prehistoriaz.

 

GOI-PALEOLITOS AROKO EHIZTARI GIZARTEAK

 

        Goi-Paleolitos aroko gizarteak alderdi aberats asko eskeintzen dizkio, zabal eta sakon aztertzen duenari. Jakin diren datuez baliaturik, Goi-Paleolitos aroko gizarte aurreratu hura estruktura oso eta bakar bat bezala har daiteke; badakigu zaila dela horrela biltzea gizarte baten hamaika alderdi, baina horrela bakarrik lortuko dugu gizarte haren zera jasotzea.

 

Bizitokiak

        Goi-Paleolitos aroko ehiztariak ez ziren bizitokiz aldatzen ia behin ere. Bizitokiz aldatzearen arrazoi nagusiena, ehizaren falta izan ohi zen; baina ehiza berriaren bila egiten zituzten aldaketak ere, lurralde jakin baten barrutian egiten zituzten.

        Gure lurrean bizi izan ziren ehiztari leinu haiek burutsu jokatzen zuten beren bizitokiak aukeratzerakoan. Garai haietako iazimenduak non dauden ikustea egoki da bi gauza hauetaz jabetzeko:

 

        — Goi-Paleolitos aroko hartzulo gehienak, ur-mugetatik ipar aldera gelditzen direla batetik,

        — eta ur mugetatik ipar aldera dauden gehientsuenak, itsasertzean daudela, bestetik.

 

        Aukera hau egiterakoan, egurasti gorabeherak izan zuen zerikusi handia lehen ehiztari haien baitan.

        Baina bizitokiak aukeratzeko orduan, ehizarako estrategia egokierak ere indar handia zuen. Jose Migel Barandiaranek garbi ikusten duen gauza da, kobazulo horiek, ehiza zelatatzeko zuten egokera. Adibide bezala, hauek aipatzen ditu: Polvorin, Benta de la Perra, Santimamiñe, Bolinkoba, Atxuri, Ermittia, Aizkoltxo, Urtiaga, Aitzbitarte, Leizia, Haristoi eta Isturitze. Hartzulo hauek mendixketan eta mendi maldetan daudenez gero, bizitokitik bertatik zelatatu zezaketen abereen joan-etorriak. Horregatik zituzten gogoko lehen ehiztari haiek, horrelako hartzuloak  (J. M. Barandiaran: El hombre prehistórico en el Pais Vasco. Buenos Aires, 1953. 41-42 orr.).

 

        Baina Aitzlegorretan ere bizi ohi ziran. Arkaitz baten goiko irtengunea aprobetxatuaz, zuhaitz enborrez, adarrez, arbastaz eta abere larruz inguratuta, etxola antzeko bizitokiak moldatzen zituzten. Honela antolatutako etxola hauek ere, epelak eta babestuak izaten ziren.

        Hartzulo handien barrenean ere jaso ohi zituzten horrelako etxolak, bizitokia antolatzerakoan; zuhaitz enborrez eta abere larruz egin ohi zituzten. Gizakia bizitzeko adinako epeltasunik ez zuten izaten nonbait hartzulo hauek, nahiz eta eguratsa baino epelagoak izan. Frantziako Arcy-sur-Curen aurkitu dira batez ere, honela egindako etxolak.

        Badira, ordea, landetan ere, honelatsu jasotako bizitokiak. Europako erdi eta sortaldeko ordeketan aurkitu dira horrela egindako bizitokiak; mamut ehiztarienak ziren. Errusian ere topatu dira, 4 metroetatik 6ra bitarteko luzera duten txabola biribilak. Etxolaren hormak, harrilosaz eta mamut hezurrez eginak; etxolaren gaina, abere larruz estalia. Askotan, harlosa zabalak ere zabaldu ohi zituzten, bizitoki hauen zoruan, lurraren hezkotasuna gutxiesteko.

 

Ehizea

        Goi-Paleolitos aroko gizakien ogibiderik nagusiena ehiza zen. Baina ehiztari hauek arrunt espezializatuak ditugu. Zer-nolako ugaztunak harrapatzen zituzten ikusi besterik ez dago.

        Ehiza espezializazio honen lekuko, hor ditugu ugaztunen kondarrak. Isturitzen, adibidez, elur- oreina zen gehienbat harrapatzen zuten ehiza. Hego Euskal Herritik berriz, Urtiagan eta Aitzbitarten agertu zaigunez, oreina zen gehiena ehizatzen zutena. Baina ez zituzten hauek bakarrik ehizatzen; basabehi eta zezenak, bisontak, basahuntzak, orkatzak eta beste ere, ugari harrapatzen zituzten abereak dira.

        Badirudi garai hauetan sortutako gauza dela haragi-zezina egitea. Ehiztari gizarte batentzat, aurrerapen handia izan zen zezina egiten ikastea.

        Nola harrapatzen zuten ehiza?

        Batzuetan iskilu hutsez baliatzen ziren; baina abere handiak harrapatzeko tranpak eratzen zituzten. Barandiaranek honela dio:

 

        «Zenbait abere harrapatzeko ehiztari askok elkar hartzen zuten. Denen artean ehiza uxatuaz eta aienatuaz, toki sakon eta estuetara zuzentzen zuten, eta bertan harrika edo iskiluz galdu ohi zuten. Ehizabide hau Euskal Herriko baserritarrak otsotan eta basurdetan ahaztu gabe darabilkite». (Barandiaran'dar Joseba Mikel: Euskal erriko leen gizona. Donostia, 1934. 41-42 orr.).

 

        Adibidez, Solutren, Dordoñan, harkaitz pareta batetik behera amilarazten zituzten, oihu eta garrasiz izututako basazaldiak.

        Ehiztari haiek, ordea, arrainak ere jaten zituzten. Itsasoko zenbait janari oso gogozkoak zituzten: txerlak, lapak, magurioak eta abar.

        Basoetako zein igali eta landare biltzen zituzten jateko, ziur ez dakigu. Baina aspaldidanik erabilitako janariak zituztela dirudi.

        Goi-Paleolitos aroko gizaki hauek ogibide seguru samarra zuten, ehizatik batez ere. Baina, hala eta guztiz, urte gutxitako bizia izan ohi zuten ehiztari haiek. Garbitasun eta higiene gutxi zutelako edo, gaitzete handiak zabaltzen ziren ehiztari haien artean. Aurkitu direnetako giza gorputz kondarrak aztertuz gero, lepra eta sifilis antzeko gaitzak ere ezagutu dira. Bestalde, haur jaio berrietatik, asko eta asko berehala hiltzen ziren.

        Bizi-urteen arazo hau hobeto aditzeko, gaurko gizakien bizi-urteekin konpara ditzakegu ehiztari haienak. Horretarako, J. M. Barandiaranek, H. Vallois aipatuaz, dakarren nota jakingarri baten berri emango dugu:

 

        «Goi Paleolitos eta Mesolitos aroetako 178 giza-kondarren azterketak eginda gero, gizaki haiek zenbat urterekin hil ziren jakin ahal izan da. Henri Valloisen iritziz, 178 gizaki haietatik hirutik bat, hogei urtetik behera zituztela hil ziren. Gainerako gehienak, 20 urtetarik 40ra bitartean. Hamairu bakarrik iritsi ziren 40tik 50 urte bitartera. Eta hiru besterik ez, 50 urte bete zituztenak». J. M. Barandiaran: El hombre prehistórico en el Pais Vasco. Buenos Aires, 1953. 35 or.

 

Teknika

        Goi-Paleolitos aroko gizakiak behintzat, teknika maila berezi batera iritsita zeuden.

        Beren esku-lanak egiterakoan gehiena erabiltzen zituzten materialak hauek ziran: zura, harria, eta abereen hezurrak eta adarrak. Lehen-gai edo material hauek lantzeko, teknika aparteko baten jabe ziran ordurako.

        Harriaren berezitasunak oso ongi ezagutzen zituzten aspaldidanik ehiztari-arotz haiek. Suharriaren gaitasuna eta egokitasuna ondo ikasiak zituzten, eta har-lantzerako lehengai bezala erabiltzen zuten. Garai haietako harrizko lanabes ia denak, suharriz eginda daude...

        Suharrizko lanabes hauetaz baliatzen ziren, abereen hezur eta adarrak lantzeko, abere larruak garbitzeko, eta harkaitzetan grabatzeko.

        Suharriakin ez ezik, hezurrarekin ere lan asko egiten zituzten: arpoiak, jostorratzak eta barilak adibidez.

        Zenbat tresna ezberdin egiten zituzten harriarekin eta hezur-adarrekin, banan-banan esateak bakarrik luze joko liguke. 96 harri-tresna ezberdin bereiztu dira. Hezurrekin eta adarrekin egindakoak berriz, 150tik gora dira.

        Tresna horiek aztertzen jardunda, garbi ikusten da teknika aurreratuen jabe eginak zeudela gizaki haiek. Euren artean behintzat, bene-benetako arotzak eta artistak zituztela esan daiteke. Ehiztari guziek ez zuten taju eta maina berdina izango arotz lan hauetarako. Bakar batzuk izango ziren berezko esku berezia zutenak. Hala eta guztiz, hauek ere aurrekoengandik jaso beharra zuten esperientzia; ikasi beharra alegia.

        Aldi haietan, gure herrietan gertatu den bezalaxe, ahozko tradizioz ikasiko zuten teknologia hau dena. Hargatik, nola-halako hizkuntzaz baliatuko ziren, aurrerapen hauek elkarri adierazteko.

        Bestela, nola ikasi halako lanak egiten? Gauza tekniko eta jakinetatik, beste maila bateko agerpenetara iritsi gera. Izan ere, teknologia hain konplexua keinu hutsez adierazi eta ikastea, ezinezkoa da gizakiarentzat.

 

Hizkuntza

        Nola-halako hizkuntza baten beharra aitortu dugu, lehen ehiztari hauek elkar adi zezaten. Zer hizkuntza zen ordea, jakin ezineko gauza da. Idaztirik ez dugunean, hizkuntzaren fosila falta zaigu.

        Lehen hominidoak, keinuak eginaz adituko zutela uste dugu elkar. Ez dugu uste hitz artikulatuak erabili zitzaketenik artean.

        Baina tximuen eta gizakien keinuak ez dira adierazpen berdinekoak. Tximuak ez du keinu berririk berez asmatzen; gizakiak bai ordea. Tximuen eta gizakien arteko muga honetan baitago: zerbait berria asmatzeko gai izatea ala ez. Era honetan, gizakien hizkuntza lanabesak egiteari lotua dagoela esan dezakegu; lanabes bat egiteak, asmatzeko gaitasuna adierazten baitu. Tximuak aldiz, makilak eta gainontzekoak, erabili bakarrik egiten ditu.

        Lanabesak asmatzea, zientziak gaur egun dioenez, hiru gertakizun hauei lotua dago: lehen gizaki hura zuzen ibiltzen hasteari, eskuak aske izateari eta buru-muinaren hazteari. Jakintsuek diotenez, hirurak dira behar-beharrezkoak giza-ekintza bereziak has daitezen.

        Teknika eta hizkuntza elkarri lotuak dauden bezalaxe daude eskua eta ahotsa ere elkarri lotuak. Lehen hominidoengan, keinua eta hitza parekoak dira.

        Honela, Goi-Paleolitos aroko Homo Sapiensen teknika maila aurreratu batera iristean, gizakiaren gogo-kultura ere goi maila batera iritsia dakusgu: abstrakzio mailara alegia. Abstrakziora iritsi gabe ezin baitaitezke egin haiek egin zituzten arte-lanak, adibidez. Aldi haietako gorputz-hilobiratzeak ere, eguneroko bizitzatik at dagoen bizitza batean sinesten zutela adierazten digute.

        Arte-lan eta erlijio ekintza hauek hizkuntza baten barrutian bakarrik bizi daitezke. Hezur grabatuak, harkaitzetako margoak, harri landuetan egindako irudiak eta abar, lehen gizaki haien mitoen eta pentsamoldeen agerpenak ditugu. Ez dizkigute idazkiz eman, baina irudi hauek hitzezko hizkuntzaren parekoak dira. Eta horrela eman digute eurek zuten mundu-ikuspegiaren berri.