Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Dragoien orroa

Fernando Morillo

haur eta gazte literatura

Elkar, 2005

 

ALTXOR BAT ESKORIATZAN?

 

Eskoriatza (2005)

 

        Ostirala, azkenean.

        Gaizkak sukaldeko mahai gainean utzi zituen ikastolako liburuak. Zuzenean jo zuen eltzera, gosez: dilistak patatekin. Ona. Amak bai jakin. Platera goraino bete, minutu pare bat mikrouhinean eta mahaira.

        Aita lanean, ama lanean, arreba lanean. Bakarrik etxean. Hori ohikoa zen, ordea. Ezohikoa beste nonbait zegoen. Eta majo urduritzen zuen horrek.

        Lau-bost ordu besterik ez zen gelditzen. Lau-bost ordu, eta Unai eta Paulekin egongo zen kanpin-denda batean... eta zorte apur batekin ez haiekin bakarrik. Zorte apur batekin Bihotz eta Ana ere beraiekin egongo baitziren.

        Zortea?

        Izarrak ikusi, suaren inguruan... Bai, kristorena. Laletxe. Baina zer koņo esango zion Anari? Gerritik heldu eta maldan behera joango litzatekeela, berarekin bueltaka? Tirakada basati batez alkandorako botoi guztiak hautsiko lizkiokeela... laztan suharrenak eskaintzeko?

        Ja!

        Xeoxer ere esateko gauza balitz... Neskaren begiradari eusteko sikiera!

        Kabensos.

        —Koldarra —esan zuen, dilistei begira—. Koldarra!

        Urdail azeriak hamaikagarren korapilo batez erantzun zion Anaren oroitzapenari. Ana ez zen Bihotz, gorputz perfektua aldarrikatzen zuten jantzi estuekin, panpina-aurpegi zorabiagarriarekin, lotsagabe puntu arduragarriarekin. Ana begirada gardena zen, ahots baxu eta lasaia. Ana... oasi bat, basamortu puta hartan.

        Eta berak neskaren alkandorako botoiak jira eta buelta gogoan. Ederki.

        —Koldarra eta lerdoa! —oihukatu zion bere buruari.

        Eta, gutxi balitz bezala, Unai. Unaik arazoak zekartzan. Unai bera zen arazo bat. Arazo handia eta, ņo, lagun mina. Gora auzi errazak!

        Paul berriz... Paul ezberdina zen. Gero, egia esan, ezin sekula jakin nondik datozen buruhausteak eta nork sortuak. Baina joder, Unairena kasu xelebrea zen: neska guztiak zituen gogoko. Eta guztiak esan nahi du guztiak. Nonahi, noiznahi eta nornahi. Salbuespenik gabe. Kanpin-denda berean izateak, Anarekin batera...

        Gaizkak jauzi bat egin zuen, ateko txirrin ozenak eldarnioak uxatu zizkionean. Ez zen mugitu: propaganda, seguru. Dilistekin jarraitu zuen.

        Txirrina, ordea, jo eta jo aritu zen. Gaizka haserre joan zen interfonos hartzera.

        —Zer? —bota zuen, zakar—. Zein da?

        —Hi, Gaizka, jaitsi hadi oraintxe bertan!

        —Unai?

        —Bai, ni nauk. Jaitsi!

        —Oraintxe etorri nauk—eta. Bazkari erdia mahaian zeukaat, txikito.

        —Jaisteko, dedio! Ni bazkaltzen hasi ere ez nauk egin, ez hadi kexatu.

        Gaizka ezohikotasunaz jabetu zen. Unai aski erraz aztoratzen zen, baina bazkalorduan etxera etorri? Hori sekula ere ez.

        —Zer gertatzen duk?

        —Altxor bat bilatu ditek.

        —Bo, jarduiok txakurrari. Bazkaltzera noak.

        —Ez ezak eskegi, joņo! Egia duk!

        —Zer ari haiz, ordea?

        —Etorriko al haiz behingoz?

        Gaizkak lasterka jaitsi zituen eskailerak, dilistak oraindik bero zeudela jateko asmo irmoarekin.

        —Non duk hire sakelakoa? —galdetu zion Unaik, atariko atetik agertu bezain laster.

        —Hor nonbait.

        —Itzalita.

        —Seguruenez.

        —Zertarako daukak, orduan?

        —Esango al didak zer gertatzen den?

        —Paulek deitu zidak oraintxe —argitu zion Unaik, bere sakelakoa erakutsiz—. Hirearekin ere saiatu omen duk.

        —Esan diat: itzalita zegoan.

        Unaik mugitzeko keinua egin zion, eta bizi-bizi abiatu zen:

        —Etorri. Goazemak.

        Gaizkak, bere kolkorako madarikatuz, jarraitu egin zion.

        —Paul ikastolatik atera eta mendira joan duk —azaldu zion Unaik—. Zuzenean.

        —Bazkaldu gabe?

        Unaik sorbaldak altxatu zituen, Gaizkak ere laguna ezagutzen zuela adieraziz bezala.

        —Eta bakarrik jarraitu zuen suposatzen Gaizkak.

        —Badakik nolakoa den.

        —Beti bere kabuz.

        —Beno, egia esan, leku egokiren bat bilatzera joan duk... —Unaik begiak jaitsi zituen, lotsa apur batez—. Nik eskatuta.

        —Nik bai esan.

        Eragozpen nabari bat baitzeukaten: hamasei urterekin ezin autorik izan. Eta Bihotzek garbi utzi zien: ez zen urrutira joango, joaten baten —ondo azpimarratu zien horixe—, larunbat goizean etxean egon behar zuelako. Derrigorrean. Ana Bihotzekin bat etorri zen. Inguruetako zelairen batean egingo zutela agindu zien orduan Unaik. Iluntze partean joan eta non edo non denda muntatu. Debekatuta egongo zela suposatu arren, gauean nekez pasatuko zen inor. Gainera, ez zen beste munduko krimena: denda pare bat muntatu, eta goizean, txintxo—txintxo, kendu eta alde egin.

        —Paul duk mendizaleena justifikatu zen Unai—. Eta askotan bakarrik joan nahi izaten dik, badakik. Gaizkak zaplada handi bat eman zion Unairi bizkarrean.

        —Aber ba, utzi txorradak eta konta iezadak behingoz! Ze altxor eta ze kristo?

        —Horretan ari ninduan, ba! —kexatu zen Unai, barrez—. Paul mendira joan duk, Aitzorrotz aldera, uste diat. Baina, ia abiatzerako, jende piloa topatu dik bidean.

        —Jende piloa non?

        —Zendoiatarren baserritik gertu. Garmendipen. Bazegok ba orube handi bat, obretan?

        —Indusmakina piloarekin.

        —Horixe. Ba, hortxe bertan.

        Eskoriatzako etxebizitzak atzean utzi eta mendi aldera zeraman errepidera iritsi ziren.

        —Baina zer, zer topatu ditek?

        —Obretako langileak izan dituk. Garmendipeko orubea txukuntzen ari omen zituan, Kilometroetarako, eta to: lurra ireki egin duk. Pasabide moduko bat aurkitu ditek. Leize baten sarrera-edo. Eta bertan, zenbait aztarna.

        —Nola aztarnak?

        —Paulek esan zidak segituan agertzeko, merezi duela-eta. —Unaik bekainak jaso zituen, berak ere gehiegi ez zekiela adieraziz bezala—. Baina oraintxe ikusiko diagu. Beitu, hortxe duk!