Imanol Lazkano
bertsolaritza
Bertsozaleak, 2003
BETELANA, EDERLANA
Laurogeiko hamarkadaren hasieran izango zen. Tolosako Beotibar pilotalekua leporaino beteta zela egin genuen bertso saio bat. Gauean berandu hasi eta goizeko ordu bata inguruan bukatu genuen. Saioa nahiko ondo joan zen, eta bertsolariak gustura direnean agurrak ere gehixeago lantzen dira, eta azken agurrean kantatu nuen:
Arrats berandu hasi gera ta heldu diogu goizari
esan diteke bertsoa zela afari eta gosari
Toni denontzat besarkada bat txalo bero hauen sari
eskerrak mila bertso zaleoi eta agur Tolosari.
Bertso hori kantatu eta itzuli nintzenean, Lopategik esan zidan:
—Bertsoa dena ere polita huen, baina gehien balio zuena bigarren puntua huen.
Egia esan gustura hartu nuen Lopategik bota zidan lore hori, niretzat bertsoaren bigarren puntuak izugarrizko garrantzia izan du eta. Beti esan dugu bertsoaren azken puntuak edo azken arrazoiak ematen diola bertsoari bere pisua, eta hala da inolako zalantzarik gabe. Baina azken erantzun hori edo azken arrazoi hori bertsolaria ez den bati ere bururatu lekioke. Hura bertso bihurtzea da kontua. Hari aurrea prestatzea, alegia, neurtuz eta errimatuz, betelana deitu izan diogun horretan ahal den lastorik gutxien sartuz, gari hutsez osatuz ahal bada. Adibidez, lau puntuko bertsotan ari garenean, gehienean aritu izan garen bezala, normalean azken bi puntuak pentsatu eta hasten gara bertsoa egiten, hari dagokion errimarekin eta arrazoiarekin lehen puntua lotuz. Beraz, azkeneko bi badauzkagu, segundo gutxitan haietara lehenengoa ere asmatu dugu, eta geure buruari puntua jarrita bezala hasten dugu bertsoa, kantuan ari garen heinean bidean zerbait bilatuko dugun itxaropenarekin. Orduan, bertsoaren barruan bat-batekoena bigarren puntua da, inongo zalantzarik gabe, eta bigarren puntu hori lehenengoan ongi tolestu badiozu, esaldi dotore batekin, bertso ona ziurtatuta dago. Bigarren puntu dotore horrek aparteko distira ematen dio bertsoari.
Nire kasuan, plaza batean bero-bero ari naizenean, bertsoero bigarren puntu hori eroso edo gustura antzean tolesten ari banaiz, bertsotan ondo ari naizen seinale da. Betelana esan ohi dugun hori lastoarekin bete edo gariarekin bete denez, bigarren puntu horrek dotore jarriz ari bazara, ziur egon kutxa ondo beteko duzula. Bigarren puntu horren erabileran antzematen zaio bertsolari bati zenbaterainoko bertsolari sena duen. Berriro ere Uztapide aipatuko dizuet. Uztapideren bigarren puntuak ez baitzuen berdinik. Hamaika aldiz, haren bertsoaren hasierak, haren lehendabiziko bi puntuak «Gelditu hadi bertan! Ez ezak bertsoa bukatu!» esateko modukoak ziren. Zerbaitegatik zen puntuari erantzuten ere guk ezagutu dugun onena.
Ordiziako ferian jarri zioten behin puntua: Etorri al zerade lagun Uztapide?
...izan ere badet hemen hainbat adiskide
Zuek jarri dezuten jaia dela bide
besteak bazetozen da etorri naiz nire.
Beste bertso hau inoiz lehen ere jarri izan dut adibide. Uztapide, ezkonduta berehala, auzoko ostatu batean behin behar eta etxera joatea ahaztuta lagunartean lehenengo musean eta gero bertsotan ari zela, emazteak esan omen zion: «Etxera goazen, Manuel!». Eta Uztapidek erantzuna bertsotan:
Ezkondu arte parranda maiz ta ezkondu eta maizago
nahiz ta andreak esaten didan etxeratzeko goizago.
Lagun jatorrak hemen utzita etxeratzerik ez dago
ni zer nintzaden ez al zenekin ezkondu baino lenago
Ez didazue esango dena ere bertso polita izan arren, erdiz aurreak dotorezia gehiago ez duenik. Bertsoa pixka bat barrutik ezagutzen duen bertsozaleak, bigarren puntu dotorea erabiltzen duen bertsolari bati entzuterakoan azkeneko esaldiko kolpearen zain egon gabe, aho zabalik jango du bertso osoa, hasiera-hasieratik eta bertsoa bukatu arte gozatuz.
Ukoari uko
Hogeita hamarren bat urte izango dira. Santo Tomasetan Donostian kantatu behar genuen eta, askotan bezala, Bodegon Alejandrora joan ginen gosaltzera. Han, izenez ez dut gogoratzen baina margolari batekin egin genuen topo mahaian. Hizketan hasi ginen eta saioa nola genuen esan. Erantzun zigun, artistak baldin baginen, eta beretzat hala ginela, nola zitekeen bestek ordua eta lekua jarri eta guk joan eta kantatu. Ez zuela ulertzen. Berari ez zitzaiola sormenaren bonbila berak nahi zuenean pizten eta beste batek lekua eta ordua jarrita gutxiago. Hamabost egun igoal egiten zituela kolperik jo gabe, baina hurrena, goizeko lauretan piztuko zitzaiola delako bonbila hori, eta orduan, gau eta egun erasotzen ziola bere lana burutu arte.
Nik ez dakit artistak garen edo ez, baina gure lan egiteko era ez da berdina izan. Agian arrazoi zuen. Zenbat bertsotarako dei nola-halako jaso dugun ere kontuan izan behar genuke. Garai batean, Francoren denboran, udaletxeetako idazkari erdaldun haiek aurreko urteko egitarauari begiratuta, besterik gabe, deia pasatzen zuten. Eta eguna heltzen zenean, pulamentuzko megafoniarik ez, aurkezlerik ez, barraken hotsen eta tonboletako marruen artean, ez hanka eta ez buruko zenbat saio!
Okerrena zen beti ikusten genituela betiko dozena bat bertsozale porrokatu izkinaren batean. Eta giro hartan, haiek merezi zutena ezin eskaini genuela, begiak itxi eta botika garratz bat hartzen den bezalaxe, nola-halako saio bat egin eta etxera. Eskerrak bestelakotik gehiago izaten zen, eta haietan sinesten genuen bertsolari izatea merezi zuela. Nolanahi ere, geronek ez dugu jakin inoiz «Ez!» esaten, eta seguruenik geure erruz, kantatu behar ez zen leku askotan kantatu izan dugu.
Bertsotan ez dugu beti pentsatzen duguna esaten, baina horrelako desgirotan kantatzeak sortzen digun barruko ezinegona azalduz non edo han kantatu nuen honako bertso hau bene-benetakoa da behintzat:
Bertsolariak lortzen ez badu herriarekin lotura
esaten duen kontu guzia dihoa basamortura.
Arazo hori probatu degu inoiz gertutik gertura:
herriarentzat ezer gutxi, ta bertsolarion tortura.
«Ez» esaten ez dakigula ikusteko adibide hoberik ez dago, honako hau baino: hirurogeita hamahiru edo hamalauko negua zen, etxean afaldu eta neure familiarekin lorik gozoenean nengoela astegun arrunt batean, telefonoaren txirrinak esnatzen nau. Nor izango, eta Eluterio Tapia soinujotzailea. Esaten dit:
—Ohean egongo haiz, baina derrepente jaiki, Agirreri deitu, hartu autoa eta Andoaingo San Estebanera etorri behar duzue.
Nire lehenengo zalantza esna nengoen edo ametsetan ari nintzen izan zen, baina berriro ekin zion:
—Ez, ez, hogeita hamar lagun afaria bukatzen ari gaituk, eta bi bertsolari behar dizkiagu kosta ahala kosta. Etorri, kantatu, eta kito!
Ezetzarentzat inongo aukerarik uzten ez zuela-eta, gu, betiko jarrerari jarraiki, burua makurtu eta Andoainera. Emazteak, «Zuek ez zaudete burutik sano!» esan zidan, eta seguru nago arrazoi zuen bakarra bera zela. Baina gu Andoainera. Hamaika eta erdiak aldera iritsi ginen, eta orduan esan ziguten asto-jana egiten ari zirela. Zalantzarik ez dut egiten, asto talde hartatik astorik formalena hil zutela gero gisatuta jateko, baina lehengoa asto-talde bikaina baldin bazen, gu iristean beste bi gehiago. Ez dakit zerbait afaldu genuen-edo, ez dakidana da gaiak ere ematen zuen, baina Tapiarengandik hasi eta aurrean jarri zen guzuari Jesukristorenak esanez gau osoa bertsotan egin genuen, eta ia goizeko seiak hurbil zirela itzuli ginen etxera.
Beste behin, Urnietan ginen, San Isidroz. Goizean, kooperatibako edo halako hermandade bateko kontuak azaldu ohi zituen idazkariak batzar batean. Hamaiketakoa eginez, han kantatu ohi genituen dozena erdiren bat bertso, eta gero bazkaltzera, Zaldundegi deritzon beheko kaleko jatetxe batera. Han, bazkalondoan bi edo hiru saio egin ondoren, baserritarrek behiak jeztera alde egin zuten seiak alderako, eta esan ziguten udaletxeraino igotzeko kontuak egitera, Joxe Lizaso eta bioi. Gurekin batera udaletxera igo zena, ez dakit zinegotziren bat zen edo zer ardura zuen. Baina kontua da hark ordaindu behar zigula. Goiko plazara iritsi ginenean, gure harridurarako han agintzen dio udaltzain bati megafonia martxan jartzeko udaletxeko arkupeetan, eta guri bertso saioa egiteko.
Arratsaldeko sei eta erdietan, Urnietako plaza osoan zegoen pertsona bakarra —hari pertsona deitu baliteke behintzat— bera zela eta nori kantatu behar genion galdetu genionean, «Bai, bai... Nahi duzuena, baina kobratu nahi baduzue, hemen saioa egin behar da», bota zigun aurpegira. Eta gu geunden tokitik hamar bat metrora, plazaren erdira irten eta bi besoak gurutzatuta jarri zitzaigun aurrean. «Gure soldata sartu ezazu ipurtzuloan, baina ez iezaiozu bertsolaritzari barrerik egin» esan beharrean, dozena erdi bana bertso kantatu genituen.
Nigatik, gugatik, bertsolaritzarengatik... Han burua makurtu izanaren damuak ez dit sekula alde egingo.
Handik urte dezentera, 1996an, Zumarragan ere halatsuko giro aldrebesean kantatu behar izango genuen, baina orduan behintzat bertsotan azaldu nituen nire kezka eta kexa:
Lehen ere badet alper xamarrik bertso mordo bat botea
gaurkoan ere gertatu zaigu nahiko giro arlotea.
Horregatikan eman nahi diot lanari pasaportea
alperrik ari baino hobe da alperrikan egotea.