Joxemari Iriondo
bertsolaritza
Auspoa/GFA, 2006
AITZIN SOLASA
Manuel Sein Usandizaga, Xanpun bertsularia, Senpereko Olagaraia baserrian jaio zen, 1928ko abenduaren 21ean. Gero, berriz, Ahetzen lau urtez bizi izan ondoren, Urruñara joan zen Sein familia osoa, amaren jaiotetxea zen Xanpun baserrira. Sei urte zituen Manuelek garai hartan. Baserri hartatik hartu zuen bere izengoitia bertsulariak, bistan denez. Eta izengoiti horrekin ezagutu dugu betidanik, nola bertsutan hala lagun artean eta familian ere. Hamabi urtera arte ibili zen Manuel herriko eskolan; baina ez zuen izan egunero eskolara joaterik, anaia zaharrenak gerlan baitziren —munduko bigarren gerlatean— eta haien baserrian lan askotxo zenez, gurasoei lagundu behar izaten zien sarritan etxeko lanetan, gogoan zuenez:
Eskola ere Urruñan izan nuen, nahiz eta hastapenetanAhetzen ikasten hasi —Mattinen herrian, hain zuzen—. Etxean hogeita bi edo hiru animalia bagenituen, gero aita erreumak jota hil zen, anaiak gerlan ziren... Hamabi urte nituen eta eskolara noizean behin bakarrik joaten. Lehenbizi frantsesa ikasi behar, ez bait genekien euskara baizik. Leku batzutan euskara debekatua zen arren, gure eskolan ez. Etsamin eta sari batzu ere ematen zituzten bultzatzeko.
Bertsutan hasi zelarik, honelaxe eman zituen bere lehenengo urratsak:
Urruñan bizi zen Euskal Herriko ditxolaririk bizkorrena, Bixente Ezkierdo, eta gu txikitatik harekin ibiltzen ginen, eta haren ahapaldiak entzuten genituen. Gaur ere gogoratzen ditut oraindik haren istorio batzuk. Han sumatu nuen nik ere banuela erraztasun bat ditxoak emateko, eta anaia zaharrenak zerbait erran eta beti hari ditxoa atera ibiltzen nintzan. Bertsutan, berriz, halabeharrez, hamabi-hamahiru urte nituelarik hasi nintzen, erdipurdika, badakizu. Lagun artean aritzen nintzen. Olhetako plazan kantatu nuen lehenengo aldiz,garai hartan Urruñan bizi zen Juan Joxe Eizmendi Errexilekin,Mattin Ahetzekoarekin eta abar, hango jaiak ziren-eta (zimiko ederra harrapatu ginuen egun hartan!). Gero, berriz,beste saio batzuk ere egin genituen, lagunarteetan eta hola. Bainan, berexi, 17 urterekin Ezpeletan jokatu zen lehenengo norgehiagokaz asko oroitzen naiz, hartan parte hartu nuenez. Hurrengo norgehiagoka, Luhuson izan ginuen, bainan han egindako bertsu saioa ez zen nik nahi bezalakoa izan, naski. Ez nintzen ongi aritu, sesitua eta kuraia gabe baizik. Ez dakit zer nuen barnean egun hartan. Handik guttira, 18 urte nituela, Hernandorena jaunak antolatuta 1948ko apirilean Saran egin zen bertsularien xapelgoan sari eder bat eman zerautaten: 21 kiloko xerri eder pullita, hain xuxen, eta ez nintzen hasarre! Xalbador jalgi zen lehen zaharretan, eta Mexikotik igorri zilarrezko txapela eman zioten. Zubikoa zen bigarren, eta aratxea(xekorra) eman zioten hari; eta gazteen prima nik jaso nuen,xerri pullit hura. Guztiz loriatua itzuli nintzen etxerat egun hartan. Gogoan dut oraino eskerrak emanez bota nuen bertsua ere:
Bozkarioak ekarria daut begietarat nigarra,
xerri ttipi hau izanki-eta nik irabazi beharra.
Zubikoari aratxeño bat, Xalbadorrentzat zilarra
denak baino nahiago dut nik xerritxo hunen xingarra. (1)
Gipuzkoan eta Nafarroan bertsulari asko zen, baina hemen ez. Handik aurrera saio eta jaialdi askotan ibili nintzen kantari, harat hunat, nere eguneroko zereginen arabera. Xalbador, Mattin, Zubikoa, Errexil, Ezponda eta abarrekin kantatu nuen hameka aldiz. Baita hegoaldeko bertsulari ezagunenekin ere, hala nola, Basarrirekin, Uztapiderekin, Joxe Lizasorekin, Lasarterekin eta abar, Donibane Garazin, Kanbon,Baigorrin eta abar. Hasieran agurra egiten genuen, eta gero gai bati buruz gainerakoa, azkenengo agurra heldu artio. «Xanpunek beste ofizio bat izan balu, gehiago egingo zuen bertsularitzan», esan omen zuen Uztapidek behin batean. Eta halaxe zen, seguruenik. Xalbador bera ere laborantza lanarekin-eta oso kezkatuta ibiltzen zen gehienetan. Eta eguneroko lanarekin eta zereginekin borrokan eta kezketan dabilen bertsulariak ez du bererik ematen ahal, lasaitasun gutti izaten baitu plazarako
JATORRIZKO BERTSULARIA
Jatorriz, etxetik zetorkion bertsutarako zaletasuna Xanpuni.
Bai, gure amatxi zena ere, amaren ama, izigarri ditxolariona zen. Eta aitaren anaia bat ere, osaba Paul, bertsutan aritzen zen inoiz, lagunartean bakarrik bazen ere. Beldur izaten zen jendearen aurrean ahalge eta ahul azaltzeko, bertsua amaitu ezinez gelditzeko beldurrez-edo.
Lagunarteko jardunari dagokionez, 16 urte zituela Dios te salve eskean ibili zen lehenengo aldiz, bere lagunekin, Urtezahar egun batez. Baina atez ate kantari zebiltzela, herriko bolanjerak gaizki hartu bide zituen, portalea errotik atera zuten-eta. Hala, jendarmeei parte eman zien norbaitek, eta haien aurretik pasatu behar izan zuen talde osoak. Jendarme haietako batek esan omen zion, hasarre: Vous manquez de respect pour une gerdarmerie!, eta kapelua buruan atxiki zuelakotz sekulako masalekoa eman zion. Hala ere, ixtorio horiek bere beldurra uxatzen lagundu zioten Manueli, eta bertsu saioetan aurpegia emateko ausardia lortzen. Bainan bertsua ez da beti berdina Xanpunen ustez, era guztietako ahaleginak egin arren:
Entseatu naiz beti bertsulari alegera izaten. Ez naiz jakintsu bat, erran dena, ene lan eta okupazionearekin borrokan ari izan beharrez ez baitut astirik izan lantzeko. Bertzalde, «Etxeko penak etxean utzi, aski zabalak baitituk, eta kanpoan alegera izan» erran omen zuen frantses kantonier famatu batek. Eta ni ere horretan saiatu naiz. Ostatuetan-eta ez dut nehoren beldurrik. Bertsularitza da egarri bat bezala. Lagunek erraiten dautelarik—emak, Xanpun!—, orduan lotzen naiz bertsutan gostura.
KONTUZ BERTSULARIEKIN, UMEA!
Gazterik, 23 urte zituela, Anttoni Basurko ezagutu zuen bien lagun batzuen ezteietan, eta laster hasi ziren elgarrekin hitz egiten eta tratuan. Alabaina, Anttoniren ama ez bide zenbat ere seguru bertsulari hura bere alabarentzat egokia zitaikeen,eta Kontuz gero bertsulariekin, ume, edan egiten dute eta! esan omen zion. Hala ere, 1952ko urrian ezkondu ziren,Donibane Lohizuneko elizan, eta Anttoniren ait'amekin ondo baino hobeki konpondu izan zen beti Manuel.
Lau haur izan zituzten, bi neska eta bi mutil. Haietatik bi bankoan ari zirelarik, Bitxia ez bada bertzenaz! Erraiten diotet frangotan: zuek bankotan sosa zernahi aztaparretan ibiltzen duzue, eta aita sosa ezin irabaz ari! esaten zien semei.
LANGILE HANDIA
Bertsulariek alfer fama izan ohi zuten askotan, bai; bainan ez zen geldi eta atzera begira egotekoa Xanpun handia. Beti zerbaiti heltzeko prest zegoen hura. Familiako gizona izaki,hargin ofizioan hasi zen lehenik. Berak esana da honakoa: Denbora batez, bi laneko segida banituen: udan arrantzale,eta neguan hargin.
1963an beste bide bati lotu zitzaion buru-belarri: Hendaiatik hurbil, Haizebeako itsas-hegian Sobacok eraiki zuen arraindegi baten kudeaketan, hain justu. Arrainak baino gehiago oskoldunak, xangurro eta beste hazten zituzten han. Hamazazpi urtez jarraitu zuen lantegi horretan. Eta gero berriz ere gisa bereko lana hartu zuen Zokoan, baina bere kontura. Bitartean, bihotzez maite zuen bertsularitzan jarraitu zuen,herriz herri, Xalbador eta Mattinekin lehenengo, eta haien oinordekotza eginez gero. Erruz maite zuen ere euskal kantua; ahots bikaina eta belarri ona zituen, eta edozein kantaldi edo bertsu saiotan parte hartzen zuen herrian. Donibane Lohizuneko Begiraleak taldeak deitu zuen euskal-antzerki batean saioak emateko. Eta gogoan zuen aldi huraxe ere:
Bai horixe! Urruña berean gutti asko ari izana nintzen antzerkilari,ez nintzan, beraz, arrunt mundu arrotz batean sartu. Gogoan ditut segurki orduan eman genituen antzerki-saioak. Hala nola Monzon zenaren batzu: Behorraren ostikoa eta Zurgin zaharra; eta bereziki Matalas, hau Piarres Larzabalena. Baionan ere eman ginuen, eta oroit naiz aita Larzabal ikusirik loriatua, guri kunplimenduka, nigarra begian zuela...
Gizon atsegina, guztiz jendekina, bihotz handikoa eta artista hutsa izan zen. Bihotz onekoa eta umore handiko pertsuna ere bai, bere alargunak askotan aitortzen duenez. Ez omen zen huraxe baino gizon atsegin eta gozoagorik etxean eta lagun artean. Garai hartan ez zen aski ordea artista eta plazagizon izatea. Hortik ez zegoen etorririk eta zerbait gehiago egin behar zen familiara eguneroko ogia ekarriko bazen, euskal bertsularitza, antzerkigintza eta kantaritza ofizio antzuak baitziren orduan ere. Arestian esan bezala, urte luzeetan arrantzan ibili zen, uda partean; eta itsasorako girorik ez zenean, Urruña inguruko harrobi batean, hargintzan. Neguan hargin, eta udaldia heltzean itsasora. Ezagutzen zituen Euskal Herriko eta Dakar aldeko itsasoak. Hala ere, Hargintzan beti jarraitu izan dut piska bato. Ofizioa poliki erakutsi zidana Ziburuko Elizalde jauna izan zen, oso langile fina, eta langintza hori ez nuen nehoiz ahaztu, eta beti jarraitu nuen udan biberoan lana egiten nuelarik ere, kontatu zigun.
DONIBANE LOHIZUNE MAITE
Senperen jaio eta Ahetzen eta Urruñan hazi harren, bere azkenengo kabia maitea Donibane Lohizune izan zuen, eta bihotzez maite ere, bere bertsuetan ikusiko dugunez. Herri honi loturik bizi izan zen 1952an ezkondu zenez gero. Biziki gogokoa zuen herri hauxe, askotan aitortu zuenez (2):
Baina kantuak bezenbat goxatu nau beti soinuak, Urruñan klikan ere ibili nintzelarik pixka bat. Horra nola bi arrazoinez etorri nintzen Donibane Lohizunerat, 1952 ezkondu ginenean. Batetik, ene bihotzaren xori pollit Anttoni hemengoa delakoz, eta bertzetik, herri maite eta alegera delakotz. Hor dira Agur Deneri, Estudiantina, Arrantzaleak, Hegoak,ene emazte Anttonik kantatzen zuen Begiraleak taldea eta abar. Eta nolaz utzi bazterrerat herriko L'Harmonie soinutalde xoragarria, Donibaneri horrenbertze goxa pasarazi diozkana? Ehun urteko soinutalde gaztea, gora zu:
Gazte gaztea kantu lanean alegeraki naiz hasi;
soinua eta kantua biak hari beraz zaizkit josi.
Bozkalantzirik gabe ditaken norbeit bizi nork sinetsi?
Nahigabea ez ote doa zu entzun eta ihesi?
XANPUNEN ALARGUNA MINTZO
Pasai Donibanetik iparraldera aspaldi etorri ginen bizitzera familia osoa. Gure aita zena makinista zen, arrasteroa; eta hemen Ongi Etorri barkuan lana eman ziotelarik, honantz etorri ginen, eta hementxe bizitu gera orduz gero, Donibane Lohizunen. 1936ko gerla zela-eta, hamaika iheslari eta lagun izan genuen etxeko ganbaran, gaizoak nonbaitean aterbe behar zuten-eta. Gure ama zenak zenbat jan egin behar izaten zuen! Inork izatekotan, harek bai merezi duela zeru ederra.
Xanpun nire senar zenari dagokionez, berriz, elgar ezagutu ezkontza batean, lagun batzuen ezteietan ezagutu genuen, Mayi eta Martzialen ezkontzan —badituzu Xanpunek heiei eginiko bertsuak hor paper horietan—. Ni emaztegaiak gonbidatuta joan nintzen besta hartara; eta Xanpun, berriz,senargaiak gonbidatuta. Eta handik izan genuen gure elgar ezagutzea, gauzak nola izaten diren.
Gogoan dut oraino oso ondo pasatu genuela ospakizun hartan, zinez. Jende ezagun asko zen besta hartan: Telesforo Monzon, Philippe Oyhanburu dantzari handia, Xalbador etaMattin bertsulariak —ze barreak egin genituen egun hartan heiekin!—, eta abar. Xanpun eta ni, bakotxa bere aldetik,bakarka joanak ginen, esan dizudan bezala. Bainan elgarren ondoan jarri gintuzten bazkaltzeko. Arras mutil ederra zen Manuel, alaia, umoretsua. Eta dantzan-eta ibili ginen. Handik bi-hiru egunera, Ibardinera egin zen eskursione batera joatekotan gelditu ginen, bertze lagun askorekin, jakina. Baina berehalaxe ikusi nuen nik zerbait nahi zuela mutiko hark. Hartan gelditu zen ordea dena, ordukotz behintzat. Gero, urteburuan, Urteberri on opatzera etorri zitzaigun etxera, hemen iparraldean ohitura zenez. Eta gure aita zenak laster esan zautan:
—Umm, horrek zerbeit nahi din, ume!
Barre egin nion nik, bainan neu ere ohartua nintzen hortaz. Badakizu? Xanpunek ez zekien bere sentimendu onak gordetzen. Ispilua bezain argia zen hura, batere maliziarik gabekoa. Ur gardena bezala. Hala behintzat, egunak joan ziren. Baina berehala eskatu zidan zergatik ez ginen elgarrekin ateratzen egun batzutan,elgar hobeki ezagutzeko, besterik ez bazen ere. Nik 23 urte nituen orduan, eta hark bat guttiago, 22 urte. Hura zen mutila!Galai bat zen, eta izan da beti Xanpun!
Dena den, nire gurasoei esan nien, ba, Xanpunekin irteten hastekotan nintzela. Gure aita biziki poztu zen; baina gure amak, serioski esan zidan:
—Kontuz gero, ume, bertsulariekin, hoiek edan egiten dinate-eta!
Eta kezkatu ninduen gogotik. Zer pentsatua eman zidan. Hala ere, nik ikusten nuen Xanpun —beti Xanpun deitu izan genion, baita etxean ere— gizon alaia eta umorekoa zela,baina hark ez zuela edaten. Eta zerbait edaten zuelarik ere, ez zela mozkortzen. Nik ez nuen sekula ikusi behintzat edanda. Ez zen, bada, gure amak esaten zuen bertsulari mozkor horietakoa. Eta halaxe hasi ginen elgarrekin irteten. Halaxe joan ziren urte pare bat; eta gero, 1952an ezkondu ginen, Donibane Lohizuneko eliza ederrean. Egun xoragarria izan zen huraxe ere guretzat. Familiartekoak, gure lagunak, Mayi eta Martzialen ezteietan izan ziren Monzon,Oyhanburu, Xalbador, Mattin, Onaindiatarrak eta beste lagun asko gonbidatu genuen. Gogoan dut oraino, egun hartan sekulakoak egin zituztela Mattin eta Xalbadorrek, bertsutan,ditxotan, txiste kontatzen. Ez ziren ixildu egun guzian. Denok dakigu Mattin alaia zela, baina Xalbador zenuen hortik honakoa, beti seriosa ematen bazuen ere! Izigarrizko umorea zuen Ferranddok. Bertzeak bertze, gau hartan, hor hasi zen hondartzara joan eta bustialdi bat hartu behar zuela eta saltoka gure Xalbador. Zer barreak egin genituen! Gero,badakizu, Mattin eta Xalbadorrekin elgarretaratzen zenean,Xanpun ere haien pareko jartzen zen, oso adixkideak baitziren. Egitekoak egin zituzten behintzat egun hartan. Etxean ere oso gizon gozoa eta atsegina zen Xanpun. Gure aita zena itsutua zen ordurako, eta batera eta bestera berak erabiltzen zuen beti. Oso elizkoia zenez, igandetan Karmelo Onaindia jaunak ematen zuen meza nagusira berak eramaten zuen, etxean zenean behintzat. Oso elgar maiteak ziren gure aita eta Xanpun. Eta bertsutara-edo joaten zelarik,nik zaintzen nuen aita gaizoa. Biok norabaitera ateratzen baginen, berriz, Karmelo Onaindiaren arreba etortzen zen aita zaintzera. Badakizu, harreman handia izan dugu guk beti Onaindiatarrekin: Karmelorekin, Albertorekin, Ximonekin,arrebarekin eta abar. Gure aita zenak bazuen barku ttipi bat,Kepatxu izenekoa, itsutu baino lehen, eta orduan auto gutti zelarik, hantxe ibiltzen ziren denak, bateko eta bertzeko. Etxean ere gizon atsegina zela, esan dizut. Bai, eta bertsutara joan, eta eguna kanpoan pasata etxera etortzen zenean,hango pasadizo guziak kondatuko zizkizun, kontu kontari. Pozik joaten zen, eta gustura etxera etorri. Gure aita zena ere huraxe itzuli zai egoten zen beti, hark kondatzen zizkionak entzuteko irrika biziz. Sekula ez nuen hasarretuta ikusi etxean. Aita ongi zaintzen zuen, eta gu ere bai. Bi neska eta bi mutil izan genituen guk, eta bidean galdu genuen beste bat. Eta Xanpunek ikusten bazuen haurrei inoiz gogortxo egiten niela, ni lasaituarazten saiatzen zen, esanez:
—Tira, tira, ama: Lasaitu zaite, eta hartu umeak gozo-gozo, gaizoak!
Alaba bat badugu hila azkenengo urte hauetan, haur ttipiak aita alargunarekin utzita. Gogorra izan da hori guretzat,eta ez zenduke sinestuko Xanpunek zenbat sofritzen zuen hortaz hitz egiten hasten ginelarik! Bere alaba maitea, eta alargun eta biloba gaizoak burutik ezin izaten zituen kendu. Gogorra da, izan ere, oso gogorra!
Donibane Lohizunen, Urruñan eta hemen inguruko herrietako ekintzetan buru-bihotz sartuta ibiltzen zen beti Xanpun. Zela teatroa, zela kantua, zela herriko gorabehera zonbeit,laguntasunik behar bazen, han zenuen Xanpun beti, laguntzeko prest. Ni Donibane Lohizuneko Begiraleak talde ezagunean sartua nintzen, eta bera ere hantxe ibiltzen zen eskatzen zioten dena egiten, laguntzen. Gizon zerbitzala zen oso, eta artista handia. Monzon jaunak askotan deitzen zion antzerkia egiteko-eta. Baita Zokoako apez Piarres Larzabal jaun erretorak ere. Badakizu Matalas berak egin zuela ederki asko. Parisen ere izan zen bizpahiru bider antzerkia egiten. Eta DonibaneLohizunen urte oroz egiten zuten batto. Eta edozer eskatzen ziotelarik ere, «A, bai, bai!» erantzungo zuen hark. Sukaldari jantzita ikusiko duzu hemen argazkiren baten, baina ez zen sukaldeko gizona, eta berak ere aitortzen zuen hori. Laguntzea gustatzen zitzaion, bainan ez sukaldean eltze artean sartzea. Ez zuen asmatzen gainera. Beste gauza batzutan laguntzen gintuen, bainan hortan ez. Hark nahiko zukeen, seguruenik; bainan ez dugu izan familian bertsularirik, aitaren oinordeko izateko. Bainan bai dantzari iaioak. Gure seme zaharrenak egin izan ditu hemen Aurreskua eta Kaxarranka, herriko jaietan. Eta orai, gure bilobak egiten ditu, argazkietan ikusiko duzunez. Ez dakit zergatik, bainan Xanpun bera ez zinuen dantzazalea; eta dantzariak ikustera ere guttitan joan nahi izaten zuen. Baina behin bere seme bat dantzan ikusi zuelarik, ordea, «Nondik atera da hori holako dantzaria?» erraiten zuen, guztiz txundituta. Eta behin bere semea dantzan ikusiz gero, gustura joaiten zen heiek ikusi eta txalotzera. Harentzat ez zen etxekoak bezalakorik nihun. Horrelaxe maite gintuen, benetan. Ikusi duzunez, bere izena deraman kalean bizi gera orai:«Manuel Sein XANPUN bertsulari kalea» izena deraman kale ttipi huntan. Alliot andere ministroa etorri zen Parisetik kaleari izen hori ematera. Eta hementxe bizi naiz, seme-alaba eta biloben pozean, eta Xanpunez izigarri gogoratuz.