Anastasio Esnaola
poesia
Arantzazu, 2006
BIDE BERRIETAN ZEHAR GALDUTA
Jakintza mailan aurkitu nahi,
Zenuen denen egia;
Eta teknikan jar duzu Jainko,
Hartan zelakotz argia.
Teknika horren pean, ordea,
Erori zaizu fedea.
Bide zaharra ilun zen; baina
Erraza ahal da berria?
Makinak eman ahal duena
Daukazu egi bakartzat.
Hortik kanpo den beste guztia
Hartu behar da okertzat.
Baina bizitzan gauza asko dira
Arras zailak makinentzat;
Hauek ez dute erantzun onik
Zuk dituzun galderentzat.
Izpiritua, hatsik gabeko
Gauzetan finka nahi da;
Konkretua da maitatzen dena;
Beste oroi ostikada.
Mendean izan behar zenuna,
Jauna duzula esanda,
Konpreni zazu nola zabiltzan,
Ematen duzun oinkada.
Kalkulu batzuk eginez geroz,
Erausiz korapiloak,
Munduko egi denen ardatza
Eskutan uste jakintzak.
Lan hoiek oro behar dira gaur,
Ontzat daduzka munduak.
Baina hoietaz kanpo badira
Problema sakon askoak.