Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Azpeitia 500… (azpeitiarrak eta Azpeitiarekin bat eginak)

Imanol Elias

historia

Azpeitiko Udala, 2004

 

ARANBURU ARAMENDI, Jose

 

Keixeta

 

        Urrestillan jaio zen 1882ko uztailaren 24an, aizkolari munduan Keixeta bezala ezagutuko zen atleta handia. Lortu zuen ospea agertzen du garbi, jokatu zituen hogeita hamaika neurketa guztiak irabazteak, herrietako jaietan antolatzen ziren aizkora apustuetan abantaila handiak ematen zizkiela beraren aurkariei.

        Garaiko kronikak diote teknika handiko aizkolaria zela eta plaza-gizona gainera, Euskal Herrian sortu den aizkolaririk handiena bezala harturik. Bestalde, bere kirol bizitza benetan luzea izango zen, berrogeita bost urte zituenetik aurrera, hau da, 1924 urtea geroztik lortuko zituenez garaipenik gogoratuenak.

        Ikatza egitea zuen bere ogibidea, eta guztiz metodikoa berriz apustu bat egiten zuenean prestaketa berezia egiteko.

        Hogeita hamaika urte zituela, Azpeitian emango zion bere kirol bizitzari hasiera, 1912ko martxoaren 11n, Beizamako Jose Mari Irizar Hiyoya hogeita hiru urteko gaztearekin neurtuz. Proba mistoa zen joka beharrekoa, hogei 54 oineko enbor ebaki eta ondoren 14 kilometro egin behar zezen plazaren bueltan. Enborrak ebakitzen 69 minutu eta 32 segundo behar izan zituen azpeitiarrak eta hamalau kilometro egiten berriz 70 minutu eta 30 segundo, bere lan guztia amaituz horrela bi ordu, hogei minutu eta bi segundotan. Gazteak berriz, jabetuz kontrarioak zuen nagusitasunarekin, alde batera utziko zuen bere lana.

        Urteak igaroko zituen Keixetak inolako apusturik egin gabe, baina agerraldi batzuk egiten zituela zenbait herritan erakustaldi bezala. Baina 1925. urtean bihurtuko zen indartsu garaiko kirolaririk onenak menperatzeko.

        Lehenik, otsailaren 22an Zarauzko Zinema Frontoian, Leon Huegun Aiako Txikia menperatuko zuen, ondoren Azpeitian berdin egingo zuen Mendaro aizkolariarekin maiatzaren 17an, eta hil borren azken egunez Tolosan neurtuko zen Jose Mari Astigarragak eta Santa Agedak osatutako bikotearen aurka, berriro ere garaile ateratzeko.

        Urte horretan bertan beste garaipen batzuk ere lortuko zituen azpeitiarrak, baina gogoratzekoa da urriaren 5ean Oņatin ospatu zen txapelketan gertatua, Keixetak menperatuko zituenez bertan garaiko aizkolaririk onenak. Beraren ondoren edo bigarren geldituko zen Inazio Orbegozo Arria azpeitiarra; hirugarren Inazio Elorza Kortaberri; laugarren Frantzisko Askasibar Praixku; bosgarren Arabako Txatoa; seigarren Zurutuza Bellotzaga; zazpigarren Jose Azpiazu Agerre beste azpeitiarra; zortzigarren Jose Arratibel; eta hamargarren azkoitiar Errekalde.

        Berehala jasoko zuen Martin Uria Aiako Handiak edo Uztalak eginiko desafioa, eta beraren aurka neurtuko zen azpeitiarra 45 urterekin Tolosan urte bereko azaroaren 22an, beste garaipen bat lorturik. Eta abenduaren 13an neurtuko zen Urretxun, Praixku eta Agina bikotearen aurka, hauek txanda librean aldatuz, baina beste behin garaipena Keixetak lortuz.

        Zazpi egun geroago azpeitiarrak menperatuko zuen berriz Kortaberri I.k eta III.k osatutako bikotea, eta urtea amaitzear zela, abenduaren 26an, San Mames zelaian, Mendiola eta Napoleonek osatutako bikotearekin ere berdin egingo zuen.

        Garaipenak lortzen jarraituko zuen 1926. urtean ere, bere nagusitasuna agertuz aurrez beste inork ez bezala, eta ezbehar batez, 1927an, ezker eskuko hiru behatz mozten zizkion zerra mekaniko batek. Segurenik beste edonor erretiratu egin zitekeen gertaeraren aurrean, baina azpeitiarra berriro plazaratu zen une berean, eskularru bat zuela ezkerreko eskuan. Gehiegi nabarmendu ez bazen ere Aizkolari Txapelketan, apustu misto bat egin zuen Inazio Iriarte Igartzarekin, berrogeita bost oineko zortzi enbor ebaki eta zortzi kilometro korrika. Unean, 47 urte zituen Keixetak eta 24 urte besterik ez berriz Igartzak. Hiru bat mila ikusle bilduko ziren Azpeitiko zezen plazan 1928ko abenduaren 16an, bi horien arteko borroka ikusteko, eta lehen aldiz filmatuko zuten espainiar kazetariek apustu osoa. Minutu batetako abantailarekin amaituko zuen

        Keixetak aizkora lana, eta amaituko zuen korrika saioa 54 minutu eta 20 segundotan guztia, erretiratuz gaztea plazari hamaseigarren jira ematean.

        Donostian 1929an jokatu zen Aizkolari Txapelketan parte hartuko zuen, bigarren postua lorturik eta artean ere apustuak irabazten jarraituz, baina Agiņeta aizkolariarekin neurtzerik ez zuen nahi izan.

        Bi urte geroago, 1931. urtean, eta 50 urte zituela, hartuko zuen parte Donostian ospatutako Aizkolari Txapelketan, eta azken postuan gelditzean erabakiko zuen erretiratzea, 1936. urtera bitartean behintzat zenbait aizkolarirekin irakasle bezala aritzeko, batez ere Ramon Astigarraga Errekalderekin.

        Urrestillan hilko zen 1962ko urriaren 11n, laurogeita bat urte zituela.

        Argiaren Egutegia deiturakoan, 1931. urtean jasotzen zituen honela, Iturri-Txiki bezala sinaturik, Jose Aranburu Keixeta aizkolari handiari eginiko elkarrizketaren kontuak:

 

        — Noiz eta nola hasi zinan aizkoran?

        — Aizkoran gazte-gazte nintzanetik, baina aizkora-apustuan 21 urterekin lehenbiziko aldiz jokatu nuan. Aro hartan, ikazkinan aritzen nintzan eta gure artean eztabai da bat sortuta Urrestilko plazan Tobera Migel eta Prakaundiren aurka troko erdi bakoitzean aldatzen zirala bikotea jokatu eta irabazi egin nuan. Barrena'tar Galo alkate zala. Ordutik aurrera aizkolari egina nintzan. Laster asko, Bidaniko Beltza esaten ziotenari jokatu eta irabazi; eta gero, oso larri ibili ondoren, Beizamako Leundiri irabazi egin nion.

        — Noiz hartu zendun zure jokalari bizitzan pozik haundiena?

        — Pozik gehien eman zidan apustua 30 urterekin jokatu nuan Beizamako Jose Mari Iruriaren aurka. Beizamatarrak kana erdiko 19 tronko eta nik 20 ebakiko nituen. Ondoren 121 bira zezen plazan edo 14 kilometro inguru lasterketatuko ginuzen. Ura izan zan apusturik ospetsuena! Azpeitin jokatu eta irabazi egin nion. Ordutik, inori ez zaio bururatu nik orduan egin nuen marka zapaltzea. Gero, 42 arte nituela...

        — Baina bitarte horretan aizkorari utzi egin al zenion?

        — Urte askoan geroztik ez nuen kontrariorik izan. Berrogeita bi urte nitula beste ekinaldi bati hasi nion. Aiako Txikiari, Mendaroko Kortaberriri eta Auako Haundiari, denari irabazi.

        — Diru asko irabazi al zendun?

        — Jokatu arren dirurik gehiena Aiako Haundiarekin eman zidaten, 7.000 pezeta neri bakarrik.

        — Non jokatu ziran apustu horiek?

        — Zarautz, Azpeiti eta Tolosan. Hamar hilabete barruan guztiak, bai azpeitiarrak dirua ugari etxera ekarri ere.

        — Eta zer egin zenduan besoarekin?

        — Oraintxe dirala lau urte inguru (ez geldirik egotearren nonbait) zerra baten ari nintzala lanean, eskuiko bost behatzak ebaki zizkidan eta jakina elbarritu egin nintzan aizkorako.

        — Ez zeharo orregatik...

        — Asko, asko. Inork uste baino gehiago. Hala ere geroztik jokatu izan ditut apustu ospatsu batzuk. Bat, Azpeitin, sei tronko ebaki eta 70 bira bertako zezen plazan egitera, 46 urterekin eta 27 urteko Igartza aizkolari onenetakoen aurka, eta irabazi egin nion. Bestea, orain urte bete inguru Ezkuņe Nafarroako aizkolari onari jokatu nion Tolosan, eta baita irabazi ere.

        — Zenbat apustu galdu dituzu?

        — Dirua eginda jokatu dituan guztiak irabazi ditut...