Julen Belamuno
narrazioa
Elkar, 2015
UKABILAK ETA LOREAK
Galtza gorriekiko boxeolari gazteak jauzi arin bat egin zuen atzerantz. Guardia jaitsi, eta gorputz gazte malgua ezker-eskuin mugitzen hasi zen, zirrinda horiko galtza beltzak jantzita zituenari gerri mugimendu burlazko batekin iseka egiten ziola. Galtza gorridunaren gorputz beltzaran zaintsua amu bat bezala mugitzen zen, gorputz zurbil eta iletsuko boxeolari edadetuagoa xaxatu nahian bezala, honen eraso baldarren aurrean bere nagusitasunaz gozatuz. Galtza belzdunak geldotasun etsitu batez bilatzen zuen boxeolari gaztearen masailezurra, eta oso agerian zituen jaso berria zuen zigorraren zantzuak, handitutako bekaina batez ere, bekoki zabalaren azpian are nabarmenagoa.
Beltzezko boxeolariak eskuinkada bat luzatu zuen, baina gazteak iskin egin zion, eta, eraso batekin erantzun beharrean, dantzan segitu zuen guardia jaitsita, kolpeak askatzeko imintzioak eginez. Galtza belzdunak berriz egin zuen aproba, gazteak aurrera egin zuen mugimendu bat aprobetxatuz, eta, gantxo baldar batekin, galtza gorridunaren gibela bilatu zuen, baina besoa doi-doi ukitu besterik ez zion egin. Oraingoan boxeolari gazteak eskuinkada bortitz batekin erantzun zion, eta beltzezkoaren bekain handituan bete-betean asmatu zuen berriz ere.
Klik bat entzun zen, eta galtza beltzekiko boxeolariaren oinaze aurpegia izoztuta geratu zen pantailan.
—Hortxe izorratu hau. Kontuz ibili beharra daukak guardiarekin; kolpe baten bila besoa luzatzen duanean, ezin duk guardia ahaztu. Bazekiat badakiala, baina horretan ezin duk hutsik egin. Nekatuta baldin bahago, ba, kolpe gutxiago bota, baina botatakoak seguru bota. Ikusten duk jolasean ibili dela hirekin, ondo tapatu gabeko tarte bat noiz utziko huen zain.
Pantailan geldirik ageri zen irudian, beltzezko boxeolariak konbultsio bat izan zuela zirudien, burua atzera botata eta eskuak indarrik gabe zintzilik, guardiak eta erasoak ahaztuta. Boxeolari gaztearen gorputz zaintsu eta distirantak kemenez betetako estanpa bat osatzen zuen, eskuineko besoa luzaturik atzeraka okertutako buru baten gainean. Amorruz betetako begi zabalduetan garaipen gosea antzematen zitzaion, hurbil ikusten zuen KOaren irrika.
Beste klik bat entzun zen, eta irudiak berriz ere mugitzen hasi ziren. Kopeta zabaleko gizonak balantzaka egin zuen atzera, soken babesarekin topo egin zuen arte. Odol hari bat erortzen zitzaion lokiaren ertzetik, eta ahoa babestekoari eutsi ezinean zebilen. Galtza gorridunak utzia zion dantza egiteari, eta kolpe zaparrada batekin tematuta zirudien, azken ukaldiaren bila. Beltzezko gizonak soketan bermatuta jarraitzen zuen, bi besoak aurpegiaren aurrean jarrita. Gazteak eskuinkada garbi bat bota zion sabelera, eta beltzezko gizona aurreraka makurrarazi zuen, hebaindutako aurpegi odoldua agerian utziz. Gantxo bortitz eta garbi batek bota zuen lurrera.
Oraingoan ez zen irudi-gelditzerik izan, ezta birbobinatzerik ere. Telebistaren pantaila berriz ere ilun geratu zen, gela txiki hartako argiak pizten ziren bitartean. Zirrinda horiduneko galtza beltzak zeramatzan gizona orain txandal galtza grisez jantzita zegoen, kamiseta tirantedunarekin, toalla sorbaldan zuela. Kendu berriak zituen benda babesleekin jolasean ari zen eskuekin, bendak bihurrituz eta behatzen inguruan kiribilduz. Aholkuak ematen zituena berrogeita hamabost bat urteko gizona zen, burusoil gizenkote bat, aurpegian boxeolari izandakoen seinale garbiak zituena. Patxadatsu hitz egiten zuen, hitzak ondo ebakiz.
—Hori duk daukagun panorama. Badakik ondo zer egin behar duan eta zer ez duan egin behar. Bera seguru sentitzen duk, badakielako arinagoa dela eta erreflexu hobeak dituela, baina boxeoan badakik, askotan, abantaila dela uste duguna galbidea ere izan litekek. Gehiegizko konfiantza horrekin askotan guardia jaisten dik, hiri mespretxu egiteagatik bakarrik, gerri jokoaren erakusketa egin nahi duenean jartzen duen irribarre alu horrekin. Hor harrapatu behar diagu. Konfiatu dadila, atera dadila bere erreflexuekin eta kolpeen indarrarekin seguru. Bazekiagu gutxietsi egiten hauela, baina beste guztiak gutxiesten dituen bezala, ez hi haizelako, ez Andoni Beltrán haizelako.
Bi gizonak gela txikitik atera ziren gimnasioko harreralekura ematen zuen ate batetik. Mostradorearen atzean mahai xume bat zegoen, eta mahai gainean itzalitako ordenagailu bat paper anabasa baten erdian. Harreralekuko hormetan garaikurrak erakusteko apalak zeuden eta posean jarritako boxeolarien argazkiak. Bitrina batzuetan edari isotonikoak eta gantzak erretzeko produktuak zeuden erakusgai, boxeolariez gain gimnasioak zituen bestelako bezeroentzako salgai jarriak. Igande goiza zen, eta gimnasioa hutsik zegoen.
Pasilloa zeharkatu, eta aldagelan sartu ziren. Boxeolaria erantzi egin zen, eta baskularen gainean jarri zen, pisuak barra batean irristatzen diren horietako batean.
—Oraindik beste kilo bat galdu beharra daukak-esan zuen entrenatzaileak-. Baina lasai, beste astebete geratzen zaiguk-eta. Jaten gehiegikeriarik egin gabe eta egunero lasterka saioak eginez, borroka egunerako ondo egongo haiz.
Entrenatzailea ere erantzi egin zen, eta biak sartu ziren saunan. Elkarren ondoan eseri ziren goiko etzalekuan. Isilik egon ziren une luze batez, beren gogoetetan murgilduta. Boxeolariak eten zuen isilunea.
—Oraingoan dena zeukaat jokoan. Errebantxa irabazi beharra zeukaat, bestela ez diat segitzeko modurik izango, eta tituluren baten bila joateko gutxiago. Berriz galtzen baldin badut, akabo.
—Ba bai, hala duk. Ez gaudek geure buruak engainatzen ibiltzeko moduan. Berak hogeita bi urte zeuzkak, karrera guztia aurretik zeukak, eta hik hogeita hamalau dauzkak. Orain, edo bestela inoiz ez.
—Bai. Baina hain gaituk desberdinak, gainera, ezta?
—Denok sentitzen gaituk desberdinak. Kolpe bat hartzen dugunean sentitzen duguna geurea bakarrik duk, ez zaiguk iruditzen oinaze berdinik egon litekeenik, ezta antzekorik ere. Aurkariak sentitzen duena guretzat oinaze-keinu bat besterik ez duk aurpegiko giharrak uzkurtzen dituenean, baina ukaldia geuri ematen digutenean sentitzen duguna, hori bakarra duk, geure-geurea. Desberdin sentitu beharra zeukaagu bizirik gaudela sentitzeko. Baina, barren-barrenean, denok oso antzekoak gaituk. Sabelean kolpe bat hartutakoan mundu guztia aurreraka makurtzen duk, aurpegiko keinu berberarekin.
Entrenatzailea jaitsi egin zen sutontziaren gainean ur pixka bat botatzera. Termostatoa mugitu zuen tenperatura igotzeko, eta berriz ere boxeolariaren ondoan eseri zen. Lehengo maisu tonuan hitz egiten jarraitu zuen.
—Buruarekin borrokatu behar duk. Nahiko esperientzia badaukak, besteak baino askoz handiagoa.
—Bai. Bazekiat, Urbina. Oraingoan ez nauk itsutuko. Ez naik gerri mugimenduarekin eta dantza alu horrekin txorabiatuko.
Gutxitan deitzen zion abizenez entrenatzaileari; biak bakarrik zeudenean Jose Luis esaten zion, baina laurogeiko hamarkadan boxeolari ezaguna egin zenetik mundu guztiak deitzen zion Urbina, baita Andonik berak ere beste edozeinekin hitz egiten zuenean.
—Bizitzan ere gauza bera gertatzen duk. Boxeoan bezala. Dena duk borroka, baina buruarekin borrokatu beharra zegok. Asaltoa joan eta asaltoa etorri, aurrera egin ahala maniobrarako tartea ere estutu egiten duk. Irabazitako edo galdutako asaltoak hor geratzen dituk, eta puntuazioa ere hor geratzen duk. Hori ez zegok aldatzerik, baina asalto berri bakoitzean borroka berdin-berdin egin beharra zegok. Borroka bukaera aldera ailegatzen denean, puntuazioa ia erabakita zegok. Gaizki jokatu baldin badugu, oso gutxi egin zezakeagu; KOaren bila joatea besterik ez duk geratzen, baina hori ere oso zaila duk galtzen baldin bahoa.
Entrenatzailea zutitu egin zen, eta postura aldatu zuen. Bizkarra hormaren kontra bermatu, eta boxeolariari begira geratu zen.
—Eta zer moduz Martarekin? Berriz ere elkarrekin omen zabiltzate.
—Bai, eta oraingoan benetan gainera, nire aldetik behintzat. Bazekiat bera ere benetan ibili zela, baina horretan ere ez nian buruarekin jokatu.
—Askoren kontua duk hori. Gaztea haizenean eta borrokak irabazten hasi haizenean, neskak erraz inguratzen dituk, eta normala duk aukerak aprobetxatzea. Denok egin diagu hori.
—Baina horretan ere ez ninduan konturatu zer ari nintzen galtzen.
—Ba, pozten nauk. Marta asko balio duen emakumea duk: ederra, independentea eta fuertea gainera. Harri bitxi bat. Uste diat ondo joan zaiola loradendarekin.
—Bai, zoragarri. Eta meritu guztia berea dik. Bazekik jendea atenditzen eta bezeroak ondo tratatzen. Gaur ere, igandea izan arren, lanean ari duk, bihar santu guztien eguna dela-eta. Arratsaldean ere irekitzeko asmoa dik. Ondo zihoakiok eta merezi dik.
—Langilea eta borrokalaria bera bezalakoxea.
—Bai. Pentsatzen dudan bakoitzean lotsa ematen zidak.
(...)