Pako Aristi
haur eta gazte literatura
Erein, 2008
Simonet Leroix gehien eta xamurren piokatzen zuten txoriak akabatzen hasi zenean, herrian ez zuten segituan ulertu portaera horren arrazoia. Baina portaera guztiek dute bere arrazoia, eromenean bada ere. Behin esan zion Martinellok berak jotzen zuen musika baino politagoa zela txorien txiotxirrioa eta, Simonet Leroix asko haserretu zenez gero, egia izango zela pentsatu zuen Belandia guztiak, hau da, Simonetek bekaitza ezkutu bat ziela txori horien kantakontaketa luzeei eta ez zuela ametitzen bere musikarenganako holako irainik.
Martinellok, bere oroimenak agintzen zionez, maiatzean ezagutu zuen Simonet. Pendizean gora zihoan, ordoki hark eskaintzen zizkion lorerik ederrenak biltzen, belar artean gizon bat etzanda ikusi zuenean. Parera inguratu zitzaionean kilkerrak isildu egin ziren eta ahots petral batek agurtu zuen lurretik.
—Zein demontre dabil hor?.
—Inor ez —erantzun zion Martinellok.
—Kirkilak izutu dituk.
—Kukuak ere kantatzen du belarri garbiak dituenarentzat.
—Ba al dakik kirkilak harrapatzen?
—Zein zara zu?
—Aitona Simon huen, aita Simeon, ama Simonelle, arreba Simoneta eta ni neu Simonet, Simonet Leroix.
—Eta zure semea?
—Ez diat semerik izan nire garaian. Martinellok txunditurik begiratu zion erantzun hori jaso ondoren, pertsona zahar guztiek semeak izaten zituztela uste baitzuen. Zertarako zahartu zen gizon hura semerik eduki behar ez bazuen, pentsatzen zegoen Martinello gizona jaiki eta begira jarri zitzaionean.
—Ba al dakik kirkilak harrapatzen?
—Ni Martinello naiz, eta etxean ez da sekula Martinellorik izan.
—Beirazak, kirkila, laguna sentitzen duenean, isildu egiten duk. Oso poliki eta leunki joan behar duk kanta datorren tokira, kanta hankapean sentitu arte. Orduan kirkila isildu egingo zaik eta zulora sartu. Hik zuloa topatu behar duk.
—Eta nola atera zulotik?
—Hazi-belar luze batekin zirikatu behar duk, aterako zaik, eta ateratzen ez bada, txiza egiok zulora. Horrekin ez bada ateratzen, ito egin zaiguk kirkila.
—Eta ateratzen bada?
—Harrapatu eta piper pote batean sartu, zuloak egin arnasa hartzeko eta egunero letxuga fresko bat sartu. Uda guztia iraungo dik kirkilak, ez bazaik penaz hiltzen.
—Kirkilak penaz hiltzen al dira?
—Txori batzuek bai, amuarrainak ere bai, kirkilak zailago.
—Eta gizon zaharrak?
—Batzuek bai, batzuek mundu hau uzteko penaz, beste batzuek lehenago utzi ez zutelako. Maiatzean ezagutu zuen Simonet Leroix. Arratsaldean bertan joan zen kilkerrak harrapatzera, baina ez zuen arratsera guztian ezer lortu. Etxera zetorrela bide zidorrean sumatu zuen bat. Zuloan ezkutatzen ikusi zuen eta belar ziriarekin arakatu zuen arren, ez zitzaion kilkerrik azaldu. Ordubete itxaron zuen txizagura etorri artean, eta orduan bai, ahoa okertuz, zuen indar guztiarekin bota zion errekatxoa, zuloa gainezka bete arte, eta han ikusi zuen kilkerra arnaska, piszina hartatik iheska, eta atzaparrean hartu zuen. Etxera heldu eta potean sartu zuen agudo. Egunez leihoan edukitzen zuen, gauez koartoko mesanotxean, baina kilkerrak ez zuen kantatzen. Martinello kezkaturik zebilen. Aitonak txistua jotzeko esaten zion, igual ez zuela eta kantatzen jakingo, baina hiru egunetan ihardun zion arren kilkerrak ez zuen oraindik kantatu. Egun batean arnasestuka etortzen ikusi zuen Simonetek.
—Kirkila penaz hilko da, egiozu zerbait —esan zion Martinellok.
—Ia, erakutsi iezadak.
Martinellok piper potea luzatu zion. Simonetek tapa kendu eta eskura bota zuen kilkerra. Farrezka hasi zen, Martinelloki burua ikutu zion eta kilkerra erakutsi zion.
—Zenbat buztan ditu?.
—Hiru —erantzun zion Martinellok.
—Gogoratu hau ondo, hiru buztanekoa emea izaten duk eta emeak ez diate kantatzen. Arrak bakarrik kantatzen dik eta arrak bi buztan izaten dizkik. Gogoratu hori ondo.
Pena eman zion kilker hura soltatzeak, baina bota beharra izan zuen.
Biharamunean beste baten bila hasi zen. Aldapan gora zihoan zulo bat ikusi zuenean. Ez zuen kantu hotsik entzun paraje hartan eta harritu egin zitzaion zulo hura ikustea, baina nekaturik ere bazegoen eta belar zotzarekin zuloa zirikatzen hasi zen. Makurtuta zulotik oso gertu zegoen, kilkerra sumatuko ote zuen, zulotik noiz irtengo, eta kilkerra ez baina suge gorri eta bizkor bat atera zitzaion. Martinello atzera erori zen, herioan jaiki eta zelaian behera abiatu zen burua jiratu gabe ahal zuen azkarren galapaka. Orduan alde egin zitzaizkion kilkerrak harrapatzeko gogoak, eta bere lagun gehienek hala izan bazuten ere, berak ez zuen kilkerrik eduki uda hartan.