Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Martinello eta sei pirata

Pako Aristi

haur eta gazte literatura

Erein, 1998

 

        Uda amaitu da, lastima, eta penatan gaude denok, zazpiok. Eskola atzeko zelaian gaude. Goizean kamioneta bat etorri da Belandiara Coca-Cola eta Fanta eta Kas ekartzera tabernara, eta txoferra eta laguntzen zion gizona tabernan gosaltzen gelditu direnean, Coca-Cola kaxa bat harrapatu dugu. Kamioneta zubi gainean utzi dute. Tostok taberna aurrean bijilatu du, ea gizonak ateratzen ziren. Kaņon eta Jozi errekara jaitsi dira otarra batekin eta Fofo eta ni auto baten atzean ezkutatu gara. Grixkola eta Xingeliak harrapatu dituzte botilak eta errekara bota dituzte, Kaņon eta Joziren otarrera. Hiru metro bakarrik daude eta ez da batere txikitu. Gixkola eta Xingelia dira ausartenak, edo lotsa gutxiena dutenak, ez zaie ezer inporta, noski, gurasoek ez diete guri haina errieta egiten. Baina ni, ni naiz Martinello, guztien kapitaina. Ordu laurden bat freskatzen eduki ditugu botilak errekan, baina Jesusak leihotik ikusi egin gaitu, et otarra harturik lasterkan hasi gara, eta Tosto ia negarrez hasi da taberna aurrean bakarrik utzi dugulako. Harrapatu gaitu eta eskola atzeko zelaira etorri gara. Txandaka edaten dugu, arnasarik hartu gabe, ahal den tragorik handiena egiteko.

        —Gero txiza egingo dugu botiletara —esan du Grixkolak.

        —Bai, eta berriro kamionetan utzi —esan du farrez Xingeliak.

        Baina denok triste gaude uda amaitu delako, eta horrek esan nahi du oporrak ere amaitu zaizkigula. Bihartik aurrera ezingo dugu gauaz berandu arte ibili, ezta goizean hamabietan telebisioa hasten den arte lo egin ere, eta txarrena da berriro Doņa Pepirekin geografia ikasten hasi beharko dugula, eta dibisio luzeak egiten, eta amaren egunean gutunak idazten bakoitzak bere amari. Horregatik gaur ez du inork txisterik kontatzen, eta botilak txizaz betetzeko ideiak ere ez digu farregurarik eman. Baina fenomeno pasa dugu uda, kardantxiloak harrapatzen, kanposantuan eskeletoekin burrukan tesoroa kentzeko, astoak Kaņoni hortzak bota zizkionean, eta batez ere Olajangoan izandako abenturak, kontrabandista haiekin, Tostok kaka egin baitzuen praketan pianoaren barruan ezkutaturik zegoela.

        —Zeinek txiza gehiago egin!—esan du Xingeliak botilak uste ditugunean.

        —Lehenengo Martinellok —eta botila luzatu dit Grixkolak.

        Ni atzera bueltatu naiz eta txarreterako hiru botoiak askatzen hasi naiz.

        —E, denon bistan —esan du Grixkolak.

        —Ez, orduan batez —erantzun diot eta botila lurrera bota dut.

        Ni ez naiz Grixkola bezain ausarta, baina ziur nago berak ere ez lukeela denon aurrean egingo. Niri farre egitea besterik ez du nahi. Baina gehienak kontra atera zaizkio Grixkolari, eta ezkutuan egin dugu. Hiru botila eta erdi bete ditugu, eta besteak harrika txikitu ditugu apunteria probatzeko. Tostok dauka onena, sei tirotatik lau txikitu baititu.

        Eta ezingo dugu tebeorik irakurri eta ezta eguzkia hartzen dauden neskei sagarrik bota ere, eta ezingo dugu gehiago bizikletan ziklo-krosean ibili. eta solfeora hasi beharko dugu, Simon zaharrarekin, eta latinezko kantak ikasten, baina gehiena gustatzen zaiguna ez zigun Simonek irakatsi, Kaņonek asmatu zuen:

        Do, Re, Mi, Simon buru haundi Fa, Sol, La, haunditu zaiola.

        Eta Tostok asmatu zuena:

        Do, Re, Mi, hanka oker hori Fa, Sol, La, zuzendu zaiola.

        Jaitsi gara herrira, botilak atzean ezkutaturik, baina kamioneta falta zen, eta Justinari laga dizkiogu ate aurrean. Balkoian zegoen eta sagardoa dela esan diogu, Pedro tabernakoaren partetik. Baina txiza zela ikustean egingo zituen algarez pentsatzeak ere ez gaitu poztu eta etxera joan gara.

        Etxean amak betikoa, Ameriketako izeba mojari idazteko, eta kontatzeko aitaren istripuarena, eta Marianoren ezkontza, eta eskolara hasteko poza, beti igual, baina ni nazkatu naiz izeba mojari idazten, gainera berak beti berdina idazten du, errezatzen duela denongatik, eta Jainkoak eman daigula argia bizitzan zuzen joateko.

        Nik nahiago dut gure abenturak kontatzea, batez ere uda honetan izan ditugunak. Mutil handiak aspertu egiten dira, beti lanean ari dira eta gero ez dakite nola pasatu denbora, eta mozkortu egiten dira. Guk beti izaten dugu abentura asko, eta beldurgarriak gehienetan, batez ere gauaz berandu arte uzten digutenean. Nik uste toki guztietan daudela abenturak. Ikusten jakin behar da, abenturak bilatzen jakin behar da, eta hori da Doņa Pepik erakusten ez diguna. Horregatik aspertzen gara hainbeste eskolan.

        Doņa Pepik ez daki, baina gu oso onak gara, munduko lagunik onenak dira Tosto, Kaņon, Fofo, Grixkola, Xingelia eta Jozi, haserretzen ez garenean, eta neu ere, Martinello, halaxe naiz, Simon zaharrak ez badaki ere.

        Erabaki dut. Ez diot gehiago idatziko Ameriketako izeba mojari. Uda honetako abenturak kontatuko ditut, beno, batzuek, denak kontatzerik ez dago eta. Bihar lagunei erakutsiko diet, eta liburu bateko protagonistak izango gara denok, liburuko jefeak izango gara, eta abenturak irakurrita, mundu guztian esango dute zein balienteak, indartsuak eta karrerista azkarrak garen.

        Eta badakigu gizonak mozkortu egiten direla, oporrak hartutako egun bertan ikusi genuelako bat, gauaz, Serraldeko Amabirjinaren aurrean. Haseran fantasma bat zela pentsatu genuen. Honela gertatu zen.