Pako Aristi
haur eta gazte literatura
Erein, 1991
Badira neurri batean gogoratzea kostatzen diren gauzak. Adibidez, nork gogoratzen du nolakoa zen Olentzero, Gabonetan opariak ekartzen zituenean? Edo nork gogoratzen du eskolara joan zen lehenengo eguna, hain gauza interesgarriak ikastera? Nik ez, zuek ere ez, eta ziur aski, inork ez.
Baina badira gure oroimenera oso erraz heltzen diren beste gertaera batzuek. Badirudi atzo bertan ikusi ditugula pelikula batean. Adibidez, nik oso garbi gogoratzen dut Mertxe eta Mari jaio ziren egun hura.
Euria hasi zuen gogotik bazkalondoan, eta Belandiako kaleak hutsik gelditu ziren. Mertxeren ama aspertuta zegoen erabat. Denbora balkoian eseririk pasatzen zuen, jendeari begira. Egun hartan ez zebilen inor, eta balkoian egon nahi izanda ere, silloia blai eginda zegoen. Zer egin ez zekiela, pandeletxe dozena hura ikusi zuen armairuan. Hura merendatzeko gogoa piztu ziotena!
Katilukada kafesne bete zuen eta zanpa jan zituen pandeletxe guziak, banan bana. Orduan, piparaino beteta zegoenean, jaio zen Mertxe.
—Azal gorrizta dauka, eta umorez gozoa dirudi. jan dituzun pandeletxe guziak baino ederragoa da hau! —esan zuen sendagileak.
Eta Mertxe Pandeletxe deitu zioten neskatoari. Mariren ama, aldiz, oso gustura zegoen euriari begira. Asko gustatzen zitzaion. Kristalak lausotzen zituen ahoko lurrunaz, eta istorioak asmatu han margotzen zituen pertsonaiekin. Oso ondo sentitzen zen barruan, bestaldean euria ari zuelarik. Egun hartan bandeja bat zeukan labean, espinakak bexamelarekin, afaritako. Baina euria hasi zuenetik seko ahaztu zitzaion, eta sukaldetik ateratzen zen kea ikustean gogoratu zitzaion labean zegoena. Baina berandu... Espinakak erreta zeuden, bexamela ikatza bezala belztuta. Leiho guziak ireki behar izan zituen kea ateratzeko. Orduan jaio zen Mari.
—Azal belzkotea dauka, eta umorez bizia dirudi. Labean erre zaizun bexamela bezalakoa da hau! —esan zion sendagileak.
Eta Mari Bexamel deitu zioten neskatoari.
Eta batera jaio zirenez, batera ibiltzen dira, la gehienetan, bi neskatoak. Munduko gauzak gertutik ikustea gustatzen zaie, eta haien iritziz oker daudenak aldatzen saiatzen dira, ahal bada. KENIAKO TXIMELETA aurkitu zutenean bezala. Honela gertatu zen...
1
Promesak egitea oso erraza da denontzat. Zerbait lortu nahi dugunean, edo gaizki egindako zerbait barkatua izatea nahi dugunean, promesa bat egiten dugu. Baina gero kosta egiten da betetzea. Euria ari duelako, autoari frenoak apurtu zaizkiolako, denboraz justu gabiltzalako edo amona bapatean gaixotu egin delako, badira beti hurrengo urterako gelditzen diren promesak, azkenik ahaztuak izaten diren arte. Hori da bete ezin dituenak lortu nahi duena: besteek ahaztea.
Baina horrek ez du ezertarako balio Mertxe Pandeletxe eta Mari Bexamelen kasuan. Oso memoria oneko neskatxak izateaz aparte, gurasoek egin zieten promesa ez zen halamoduz ahaztekoa:
—Egun pasa eramango zaituztegu Bilbora dena aprobatzen baduzue —agindu zieten ikasturte hasieran— eta eskatutakoa erosiko dizuegu, gehien gustatzen zaizuena, Corte Inglesean!
Ekaina iritsia zen, eta berarekin eguzki beroa, egun luzeak eta urduritasuna, benetako oporrak (opor totalak) heltzeko egun gutxi falta direla jakiteak sortzen duen egoneza. Mertxe Pandeletxek dena aprobatu zuen, ingelesa, lengoaia, gimnasia eta giza-zientziak kenduta. Mari Bexamelek ere dena aprobatu zuen, marrazkia, natur zientziak, matematikak eta baita ingelesa ere kenduta. Ordea ez zuten Bilborako promesa hura erabat galdutzat ikusi.
Arratsalde hartan Mertxe Pandeletxeren etxean zeuden bi neskatoen gurasoak, eta hara sartu ziren eskolatik bueltan. Lehenengo albiste onak ematea erabaki zuten, eta gero, arnasa sakon hartu ondoren, suspentsoen zerrenda.
—Eskolako noten kartila —esan zuen Mari Bexamelek— datorren astean iritsiko da, baina dena aprobatu dugu...
Gurasoak txaloka hasi ziren, Marik suspentsoen zerrenda esateko arnasa bueltatzen zuen bitartean.
—Marrazkia, natur zientziak, matematikak, ingelesa...
—Lengoaia, gimnasia —jarraitu zuen Mertxek— eta giza zientziak kennnnnn...
—Nahikoa duzue —oihukatu zuten une hartan gurasoek— oso pozik gaude!
Eta alabak besarkatzen hasi ziren. Mertxe Pandeletxe eta Mari Bexamelek keinu egin zioten elkarri. Inork ezin du demostratu gezurrik esan zutenik. Gertatu zena da ez zutela egia osoa esateko astirik izan. Gurasoena da erru guztia. Inoiz ez diete seme alabei hitz egiten uzten, edo esateko duten guztia botatzen. Ordain dezatela, batzuetan behintzat, jenio gaizto hori.
—Beraz Bilborako bidaia irabazi dugu —esan zuen Marik.
—Eta Corte Ingelesean —lagundu zion Mertxek— nahi duguna erosteko aukera!
Gurasoak jadanik ez ziren promesaz gogoratzen, eta tonbolan ezer tokatu ez zaionaren aurpegi fastidiosoak jarri zituzten.
—Bilbo oso urrun dago!
—Bost egunetan ez gara iritsiko!
—Eta galdu egingo gara!
—Bai, oso handia da!
—Eta gasolinerak greban daude!
—Autoari bultzaka egin beharko diozue!
Neskatxek ez zuten amorerik eman. Mari Bexamel Belandiako zahar batek beti esaten zuenaz gogoratu zen.
—Promesa bat bete gabe oheratzen bazarete, goizean ezingo dituzue begiak gehiago zabaldu, eta itsu geldituko zarete betirako!
Gurasoek ez zuten horrelako esamesarik sinesten. Baina alabei sinestu beharrekoak zirela esaten zieten beti, ondo etortzen baitzitzaizkien pixka bat beldurtu eta beren gaiztakeriak neurrian mantentzeko. Orain tranpa berean harrapaturik zeuden. Gainera, sinistu edo ez, badira era misteriotsu batean benetan gertatzen diren esamesak. Horregatik, badaezpada, promesa betetzea erabaki zuten, eta larunbatean bertan abiatu ziren, goizean goiz, Bilbora, seinaleek markatzen zuten karreteran barrena.