Aitor Arana
narrazioa
Haranburu Editor, 1995
OSIN BELTZA
Baten batek egiteko agindu omen zuen eta besteren batzuek egin egin zuten. Inork ez zekien ongi zergatik edo zertarako, baina Osin Beltza hantxe zegoen; inork zehazki non esaten ez zekien lekuan. Sakona bezain iluna zen, hotza bezain latza, goitik sartu bai, baina beste inondik irteterik ez dagoen ur-putzu erraldoia zirudien, ur-putzu beltza. Inguruko zaharrek zioten, eurek inoiz ikusi ez bazuten ere, hura berezko osina zela, besterik gabe, naturak bere gutizia eta gogara eratua. Baina denak ez zetozen bat, noski, haietako batzuek esaten baitzuten Osin Beltza guda garaian egindako putzu sakona zela, halako eta halakoek urez bete zutena, etsaiaren aurkako borrokari hantxe tinko eutsi ahal izateko. Baina nahikoa zen zaharrei «halako eta halako» haiek nortzuk ziren galdetzea edo etsaia nongoa zen itauntzea, haien esana hutsunez beteta eta beraiek aiko-maiko uzteko.
Egia bakarra zen, beraz, inork ezer argirik ez zekiela Osin Beltzaz.
Udako egun argi eta eder hartan, ordea, birigarro bat Osin Beltzaren inguruko zelaian zebilen. Ez zen zelaia oso zabala, hariztiz jantzitako hiru muinok inguratzen baitzuten. Goiza zen eta birigarroa ez zen, inondik inora, inguruko txori bakarra, muinoetako hariztietatik txio-txio hots handia baitzetorren. Muino haietako bik ez zuten ekialdetik elkar ukitzen, zelaia bien artean zegoelako, baina oso tarte txikian, hantxe bertan mendi handi baten behealdeak gorantz egiten baitzuen, zelaiari gehiago hedatzea galaraziz. Eta mendi honen atzean —edo aurrean, nahi izanez gero— heste mendi handi bat zegoen. Hala, bada, Osin Beltza zegoen zelaia hiru muinoek inguratzen zuten, eta muinoek mendi handiek biltzen zituzten. Ez zen harritzekoa, hortaz, inork zehatz ez jakitea paraje menditsu hartako zein lekutan zegoen osina. Bertako zelaia bera ere hain ttipia zenez gero, artzainek ere ez zuten lanik hartzen ardiak hara eramaten. Ez zuen merezi. Eta agian birigarroak bazekien hura, munduko patxadarik handienaz ari baitzen Osin Beltzetik nahikoa hurbil belar artean zegoen harri txatal baten kontra behin eta berriz jaurtitzen barraskilo urrikalgarri bat.
Birigarroak mokoaz heltzen zion nekerik gabe barraskiloari eta, burua gora paparra ahalik eta gehien luzatuz altxa ondoren, danga!, harri txatalaren kontra jaurtitzen zuen. Lehenengo joaldian barraskiloaren oskolak harria jotzean ponk! ponk! egiten bazuen ere, laster potx! potx! egiten hasi zen eta birigarroak gosaria prest zeukala jakin zuen. Barraskiloa berriro mokoan hartu eta, berau irensteko keinua egin behar zuenean, norbait agurtu zen zelaian, ekialdeko bi muinoek elkar ukitzerik ez zuten lekuan hain zuzen ere, huraxe izanik zelairako sarlekurik erosoena. Hogeita bost urte inguruko bi neska-mutil ziren, eta birigarroak zeharka ikusi zituen. Horregatik, barraskiloa irentsi ez, baina mokoan tinko heldu zion eta plik-plik-plik! hotsa eginez, ondoko hariztian barneratu eta aienatu zen.
—Begira, Nerea! Zelai txikia! —esan zuen pozik mutilak hatz erakuslea luzatuz—. Aurkitu dugu! Banekien, bai!
—Ai, nahiago nuke gezurra balitz! Astebete daramagu mendirik mendi zorioneko zulo horren bila eta, egia esan, aspertzen hasia nintzen, baina, bestalde, zerbaitek esaten dit hobe genukeela etorri garen bidetik etxera itzultzea.
—Baina orain aurkitu egin dugu! —mutilak, la oihuka pozaren pozez—. Hortxe dago! Iufa! —eta korrika abiatu zen Osin Beltzerantz hanka jokoari emanda legez.
—Egon, Julen! Ez korri, mesedez! —eskatu zuen Nereak apur bat gogaituta eta, aldi berean, etsita. Bere gogorik eta pozik ezaren arrazoia, aurreko astean inguruko herritxo batean agure xahar batek —Osin Beltzaz zertxobait zekiten bakarretako batek— Juleni eta berari esandako hartan oinarrituta zegoen. «Infernurako bidea da; han ez dago ez altxorrik eta ez ezer. Deabru ikaragarriak, hori bai! Zergatik uste duzue, bada, inork ez dakiela ongi ez non dagoen ez nolakoa den? Han sartzen denak itzultzerik ez duelako. Infernurako bidea da! Hobe duzue hara joateko asmoa bertan behera uztea!». «Sineskeriak! Lelokeriak!» esan zuen Julenek agurea agurtu ondoren. Nereak ere halaxe uste zuen: infernuari buruzko hura sineskeria zela. Baina orain begien bistan zeukan osina eta, egia esateko, nahiago zuen aurkitu ez balute.
Baina Julen arineketan zihoan zelaian zehar. Ez zirudien asko axola zitzaionik bizkarrean zeraman motxilaren pisua. Arropek ez zioten trabarik egiten korrika, txandalez jantzita zihoalako, Nerea bezala. Kiroletako oinetako sendoak, tinkoak bezain arinak ziren. Lehentxeago birigarroak barraskiloa txikitu zuen harriaren ondo-ondotik igaro, eta Julen amen batean belaunikatu zen Osin Beltzaren ertzean. Haren ahoa ez zen oso biribil zabala, baina bai lagun bat bertatik trabarik gabe sartzeko modukoa, mutilak atseginez baieztatu ahal izan zuenez. Irribarrez zegoen, poz-pozik. Agerikoa zen Osin Beltza aurkitu izana lorpen handia zela berarentzat.
—Mugi, Nerea! Zatoz lehenbailehen, neska! —erregutu zion lagunari, burua harengana biratuz—-Hauxe da, bai! Hauxe da osina!
—Banator, banator —erantzun zion neskak gero eta hurbilago—. Ikusgarria da, gero, zeinen pozik zauden, Julen. Olentzeroren oparia jaso berri duen mutikoa dirudizu.
—Ez da gutxiagorako —Julenek, bizkarretik motxila astuna kentzeaz batera—; ez ahaztu hor behean altxor itzela topatuko dugula!
—Bai zera! Benetan sinesten duzu istorio hori? Hobe zenuke dena ibilalditzat hartu eta osinean egingo dugun jaitsi-igoaldia dibertimendu moduan ikustea.
—Bai, bai, noski! Dibertigarria izango da eta, gainera, altxorra topatuko dugu!
—Ai, ama...! —Nereak, etsita—. Ilusio handia duzu eta, horrexegatik, desilusioa are handiagoa izango duzu.
—Tira, tira! Lagunidazu gauzak prestatzen!
Neska osinaren eta mutilaren ondoan belaunikatu zen. Motxila kendu zuen bizkarretik, Julenek pixka bat lehenago egin bezala, eta belar gainean utzi zuen, axolagabe, haren barruan kanpindenda besterik ez zegoelako. Berak bazekien ez zutela une hartan ezertarako behar. Juleni lagundu zion haren motxila hustu eta bertako gauzak prestatzen. Soka fin, sendo eta luze bat zegoen han, ardatz baten inguruan bilduta. Makilen moduko burdinazko piezak ere bai, elkarri lotzeko modukoak. Zerbaiti eragitekoa zirudien helduleku bat ere atera zuten eta, azkenik, zabuetakoa bezalako eserleku arin bat eta txirrika txiki bat. Motxila hutsik geratu zen, belar gainean alboratuta.
Neska-mutilek lanari ekin zioten eta, laster, osinaren gainean lau hankako estruktura bat eraiki zuten, goian eta, beraz, osinaren ahoaren erdi-erdian txirrika zeukana, handik soka eta zabu-aulkia pasarazi eta osinaren sakonenera jaitsi ahal izateko. Alde batean, eta estrukturaren hanketako baten ondoan, soka jarri zuten bere ardatzaren bueltan bilduta eta, azkenik, heldulekua eta balazta, soka eraitsi eta igo ahal izateko. Dena prest zegoen.