Gurutz Ansola
saiakera
Gero, 1972
USA-KO EKONOMIAREN KRISIA
Nazioarteko Diru Erakundea suntsitu egin da. Bretton-Woods-en 1944gn. urtean asmatua zuten diru-sistema internazionalak eman ditu bereak. Liburu honetan, garbi agertarazten dugu hori; alegia, 1971ko abuztuaren 15ean Nixonek hartu zituen erabakien ondoren, Urre-Ganbio-Patroia deritzan diru erakundea hondatua dela eta, iraganaldi honen atzetik, beste erakunderen bat moldatuko dutela mundu hontako indarrek eta erresumek.
Gauzak kinka horretara nola heldu diren ere, garbi aski eta xeheki ematen dugu.
Baina, liburuaren bigarren eta hirugarren parteetan, zer gertatu den eta nolaz gertatu den eman dugularik, lehen parte honetan zera ezarri nahi dugu, hots, zergatik gertatu diren gertatu direnak, zergatik lur jo duen diru sistemak, zergatik dolarrak galdu duen bere distira eta arestian zuen osasuna.
Hitz bitan, zer gertatu da Ipar Ameriketako Estatu Elkartuetan? Hau da lehendabizi argitu beharreko galdera. Nehork ez baitu zalantzarik Mendebaleko diru-erakundearen kinka USAn sortu dela. Nola ez bada, USAko ekonomia Mendebal guziko ekonomiaren ardatz, buru eta nagusi delarik!
Hamaika teoria bildu dut, USAn gertatu denaren argi garbia izan nahi duenik. Mundu guziko iritziak, eta pentsakera-barruti guzietatik datozenak. Ekonomialarienak, soziologoenak, politikoenak eta abar.
Bi ardatz nagusi azaltzen dira egungo kinkaren esplikabideetan. Lehenik —eta hontan mundu guzia bat dator— Ameriketako inflazioa eta prezio-goratzea. Neholaz ere, alabaina, ez dator bat mundu guzia inflazioaren argibideetan. Hau dugu, bada, gure egitekoetako bat liburuaren lehen partean; alegia, USAko inflazioa esplikatu nahi duten teoriak agertzea. Izan ere, bide horri jarraiki, arazo handiekin aurkituko baikara aurrez aurre. Esaterako, Ipar Ameriketako sindikatuen pentsakerarekin eta jokabidearekin.
Bigarren ardatza —krisiaren esplikabiderako— inperialismoarena da. Inperialismoaren kontradikzioek erakarri bide dituzte gaur egungo diru-erakundearen hondamena eta dolarraren ahuleria. Hemen ere, bada puntu bat, orok aitortzen duena: Vietnamgo gerrateak eta gastu ikaragarriak inflazioan ukan duten eragite nabarmena. Halaz ere, bada besterik. Zera, hain zuzen: kanpoko inbertsioak, USAk azken urteotan Europan egin dituen inbertsio eskergak. Hemen ere, ordea, ikuspegi anitz aurkitu dugu, pentsakera desberdinen arabera.
Zer esanik ez dago, ardatz biok gurutzaturik dabiltzala; eta mugimendu horren barnean sartzen saiaturik, ikasi, mila gauza ikasiko dugula, ekonomia-gizarteaz, baita pentsamolde eta ikuspegi desberdinez ere.
MENDEBAL GUZTIAN INFLAZIOA
Inflazioaren agerpen nabarmena, prezioen goratzea da. Eta goratzea, pausurik gabe azkartzen doanean, inflazioa ekonomia guztira hedaturik egoten da, eskuarki.
1965 geroztik, mundu guztian agertu da inflazioa. Lehenik USAn sortu zen eta azkartzen etorri da 1971gn. urteraino. 1960-65 aldian, geldiunea ukan zuten prezioek, urtero %1,3 baino ez baitziren goratu. 1966, 1967 eta 1968 urteetan, %3,3 igan ziren urtero. Ehuneko 5, 4 1969 urtean, eta 5,5 berriz, 1970ean.
Azken urte honetan, Mendebaleko erresuma orotan nagusitu zen inflazioa. Hona zenbat altxatu ziren prezioen indizeak: Japonen 8,4; Bretainia Nagusian 7,9; Frantzian 5,3; Alemanian 4.
Halare, Mendebalean bakarrik ez da altxatu inflazioa deritzan gizarteko fenomeno hori. Erresuma sozialistetan beretan eta «hirugarren mundua» deritzan lurralde orotan ere, inflazioa ageri da azken urte horietan.
Guk hemen USAko inflazioari helduko diogu, hortik etorri baita Diru Erakundearen nahasmendua.
Zerk erakarri duen inflazio hori, argi eta garbi ikusi nahi genuke. Hamaika esplikazio irakurri dugu. Teoria guztiak agertu dira arazoa garbitu nahirik. Neoklasikoen teoriatik hasi eta keynesenaino; «Diru-kopuruaren» teoriatik hasi, «Eskari» eta «Kostu» teorietatik iragan, eta «Estrukturazko teoria» deituraino.
Azterketa guzti hauetan bi gauza edo bi alde agertzen dira interesgarriak. Aztertzaile orok, azterkizunari bere ikuspegi batez so dagiolarik, errealitatearen alde eta saihets bat edo beste bereizten du, eta, horrela, esplikazio orok hau dakar: alde batetik, arazoaren edo aztergaiaren saihets bat bereziki ematen digu; beste aldetik, berriz, aztertzailearen beraren pentsakera eta ideologia nabarmentzen du.
Era laburrean bederen, ikus ditzagun, agertu direnetatik, printzipalenak, eta «Diru kopuruaren» teoria lehendabizi.
DIRU KOPURUAREN TEORIA
Haraitzinatik datorren teoria honen muina, guztiz bakuna da: prezioen maila goruntz-beheruntz darabilen eragilea, diruaren kopurua baino ez da. Kopurua handitzen denean, prezioak goraka datoz; aitzitik, gutitzen denean, beheraka.
Egia da, teoria honek ez duela gorde forma berdina Merkantilismoaren aspaldiko mende haietatik gaurdaino. «Txikagoko eskolak», mende honetan, teoriari forma berria ezarri diola, orok badaki.
Garrantzizko gauza, alabaina, hau da: «pentsakera kopuruzale» honek, inflazioaren sorburua, diruketaren ugaripenean ezartzen duela erabat.
USAko inflazioaren sorrera, beraz, erresuma honetan diru kopurua gehiegi handitu delako izan da. Milton Friedman-ek etengabe aldarrikatzen duen gaitza dugu diru ugaritze hori. USAko diru sistemak hainbeste diru jalgi izan ez balu, inflaziorik ez zela sortuko, hain zuzen.
Teoria honek, berealdiko entzutea eta harrera erdietsi du azken urteotan. Nixonek, 1970gn. urtearen hasieran, badirudi bere egin zuela, eta, horrexegatik agindu, USAko Banketxe Nagusiak bil zezala diru multzoa merkatutik eta guti zezala USAko ekonomian tenore hartan zegoen diru kopurua. Nork ere badaki neurri hori ez zela inflazioaren osagarri izan. Aitzitik, langabezia hedatu egin zuela, eta inflazioaren edo prezioen abiaduraren gelditzaile ez zela izan.
Liburuan barrena beste hamaika xehetasun ematen dugu, hori bera behin eta berriz garbi ezarriaz. Horrexegatik, hemen, labur bederen, teoria honen muina kritikatu egin nahi dugu.
Lehendabizi, baldintza baizik ez dena, kausa bihurtzen du teoria kopuruzaleak. Nehork ez du ukatzen, prezioen igoera ez dela ekonomia guztira hedatuko, ez prezioak pausurik gabe goraka abiatuko, baldin diru kopurua ere, bidenabar, ugaritzen ez badoa. Loturik, elkar erlazionaturik daude, zalantzarik gabe, diru kopurua eta prezioen abiadura. Baina, hemen galdetu behar dena, beste hau da: Zer dela-eta diru-kopuruaren handitzea? Diru-politika horren erroa non datza? Zeren, diru-kopurua gutituz, tenore batetan geldiaraziko duzu prezioen abiadura, baina osabide horrekin, ekonomiak dituen eriak ez dituzu osatzen. Bertan jarraikitzen dute, eta han daude inflazioaren indar eta eragile sakonak.
Bigarren: kopuruzaleek erantzungo digute «dirutza ugaritzen denean, gastua ere gora dator beti, eskaria handitzen da eta, horrela, prezioak altxatzera datoz. Beraz, diru-kopurua da prezioen mugidaren eragilea».
Mundu guztiak badaki zein axioma diren teoria honen oinarri eta giltzarri. Axioma horien arabera, diru ugalpenak zera dakar beti nahitaez, hots, familien kontsumoa handitzea eta inbertsioak zabaltzea. Diru ugalpenak, bada, ondorio hori dakarke ekonomia guztirako (esan nahi da, ekonomiaren sail eta atal orotarako), eta inflazioa nagusituko da ekonomiaren parte eta alde orotan. Prezio oro goratu egingo da: kontsumogaiak, produkziorako lanabesak, lansariak; salgai den gauza oro, hitz batetan. Aski da, beraz, diru kopuruaren giltzak eskuetan eduki eta antzez maneiatzea. Inflazio-arriskua dagoenean, diru-atakak neurriz itxi, eta sistima guztia orekara etorriko da berez, ezeren bortxadurarik gabe. Diru gutitzeak, eskaria eztitu egingo du, lansariak jautsi egingo dira, prezioak eta kostuak ere bai, eta, horrela, oreka ederrean, ekonomiaren etorkizunak laua izanen du aurrerabidea.
Bistan dago, pentsakera honek nolako gizartea, ekonomia eta politika dauzkan begien aurrean:
— Estatua herrikide guztien zaindari zintzoa baino ez da, demokraziazko legeen arabera.
— Ekonomiaren ardatza konpetentzia da eta konpetentziaren ezinbesteko bidea, merkatu librea eta enpresa librea.
— Gizaki orok, emankizunik hoberena eman lezakeen lan mota hartzeko aukeramena, beregan dauka.
Bakoitzari, ematen duen ekoizpenaren neurrira emango zaio.
— Bidenabar, bakoitzak bide hortatik, konpetentzia bidetik alegia, eman dezake gehienik gizarte guztiaren aurrerapenerako.
— Ekonomiaren eta gizartearen egitura, atomizatua da berez; hau da, gizakiek eta enpresek betetzen duten multzo borrokalari arrazoiduna.
Dirutza aldetik, beraz, zer egin behar da, ekonomia bere bidetik irten gabe ibil dadin? Diru kopuruari neurria hartu, erantzungo digu teoria kopuruzaleak. Hortan mundu guztia ados dago; baina, hori aski dela esatea, besterik da. Kopuruzaleek ez dute aintzakotzat hartzen ekonomiaren egiazko egitura. Ez dute kontuan eduki nahi, ekonomia eta gizartea taldeek osatzen dutela. Talde horiek desberdinak direla neurriz, indarrez eta boterez. Esaterako, finantza taldeak eta industria handietako ugazabak elkarturik daudela, eta diru-merkatua horiek maneiatzen dutela ez dute kontuan eta aintzakotzat hartzen. Beraz, tenore batetan, diru-kopurua gutitzen bada, —esaterako, kredituak hertsiaz—, mundu guztiak, talde guziek ez dute estuasun hori berdin jasango. Boteretsuenek eta hauek darabiltzaten ekonomia sailek errazago iraungo dute beste zenbait sailek baino. Diruaren ugalpena datorrenean, aldiz, diru-korronte berria ez da berdin zabaltzen alde guztietara.
«Diru kopuruaren politika», beraz, ez da zuzena: lehenik, sustraietara ez doalako, edo baldintza dena kausa bihurtzen duelako; bigarrenik, politika horren arabera talde boteretsuenak eta hauen interesak babesturik gelditzen direlako beti, baita tenore gaiztoenetan ere.
Horregatik, bada, garbi dago, «diru-kopuruaren teoria» ideologiaz arras kutsatua dagoela; zeren, talde boteretsuenen interesak aldezkatzeko gisako pentsakera baita.
Gaur egun teoria honek Mendebalean berriro duen arrakasta ez da, beraz, miresteko, eta gutiago USAn, Nixonen Lehendakaritzan.