Ipuinak

Yetiek yetiak hil zituztenekoa

Khumbu-n, Nepalgo mendietan, yetiak esaten zitzaien elurrezko panpinak bizi ziren.

Yetiak ez ziren egun argian inoiz ageri, elurretan ezkutatzen ziren gizakien lanak ikusteko.

Ilundutakoan, yetiak herrietara jaitsi eta gizakiei egiten ikusitako hura bera saiatzen ziren egiten, baina oso baldarrak, izugarri traketsak ziren, eta gizakiek egunean egindako guztia hondatzen zuten.

Khumbuko biztanleak, xerpa ospetsuak, ez ziren ausartzen yetien aurka: asko ziren, eta indartsuak.

Luze eta gogor eztabaidatu eta pentsatu ondoren, xerpek plan bat asmatu zuten. Bazekiten egunez elurretatik kiriketan egoten zirela yetiak, eta hori oso garrantzitsua zen, horretantxe zegoen planaren gakoa...

Hauxe ikusi zuten yetiek hurrengo egunean: gizakiek edan egiten zuten barrika batetik, ezpata batzuekin borrokan egin eta gero etxera joaten ziren.

Ilundu zuenean, xerpak ere kiriketan zeuden leihoetan: planaren emaitza ikusi nahi zuten.

Beti bezala jaitsi ziren yetiak, eta gizakiei egiten ikusi zieten hura bera egin zuten: edan eta borrokan egin... Baina barrika ez zegoen urez beteta xerpek edan zutena bezala, eta ezpatak ere ez ziren zurezkoak, xerpek erabili zituztenak bezala: barrika patarrez betea zegoen eta ezpatak altzairu zorrotzekoak ziren.

Edan eta mozkortu, borrokan egin eta elkar hil.

Eta geroztik, xerpek lasai egin ahal izan zuten lana.

Baina noizean behin gorantz begiratu eta elurretan norbait dagoela ezkutatua iruditzen zaie: yetia, borroka hartan onik irten zen bakarra, elurretako gizakia. Inork ez du ikusi, baina denek dakite han bizi dela, Himalaian.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek yetiak hil zituzten yetiak dakartza, eta Nepaldik dator eskalatzen

Creative Commons Lizentzia