Ipuinak

Begia, belarria, eskua eta zangoa

Begia, belarria, eskua eta zangoa Gabon-en bizi ziren, Afrikan, Atlantiko itsasbazterrean. Oihanean barrena abiatu ziren laurak halako batean.

Belarriak soinu bat entzun zuen.

Begiak piztia bat ikusi zuen.

Zangoak laster egin zuen haren atzetik.

Eskuak harrapatu eta hil egin zuen.

Ehiza herrira zekartela, honela esan zuen belarriak:

—Neuk entzun dut aurrena, piztia nirea da.

Eta begiak:

—Neuk ikusi dut aurrena, nirea da.

Eta zangoak:

—Neuk egin nuen laster haren atzetik, nirea da.

Eta eskuak:

—Nirea da, neuk harrapatu eta hil egin nuelako.

Ez eta bai eta bai eta ez aritu ziren luzaz, baina ezin izan zuten ados jarri.

Herrira iritsitakoan, tribunalera jo zuten.

Eltxoa zen tribunaleko buru. Patxada handiz entzun zituen begiaren, belarriaren, zangoaren eta eskuaren argudioak. Amaitu zutenean, honelako epaia eman zuen eltxoak:

—Belarriarena da piztia.

Begia, zangoa eta eskua ez zeuden konforme, baina onartu egin behar izan zuten tribunalaren erabakia.

Gauean, eltxoa belarri ondora hurbildu zen.

—Piztia zurea da...

Eskua saiatu zen eltxoa uxatzen, baina behin eta berriz hurbiltzen zen belarrira, honela esanez:

—Piztia zurea da...

Eltxoak bere saria nahi zuen.

Eta geroztik, horretan ari da beti gizakiaren eskua, eltxoa belarri ondotik uxatzen.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek begia, belarria, eskua eta zangoa dakartza, eta hegan dator Gabonetik

Creative Commons Lizentzia