Ipuinak

Jauregiko sagua eta baratzeko sagua

Italian, Campobasso izeneko herri bateko jauregian, sagu bat bizi zen. Ez zitzaizkion interesatzen aretoak edo lorategi botanikoa. Sukaldea maite zuen saguak.

Sukaldean kea, usainak, ogi apurrak...

Eta gazta bat mahai gainean!

Eta sukaldaria oilategian!

Saguak mahaiaren hankatik gora ekin zion, konturatu gabe armairuaren gainean...

Beste gazta bat?

Ez, armairuaren gainean aretoak eta lorategi botanikoa maite ez zituen beste lagun bat zegoen. Hark ere sukaldea maite zuen.

Bai: mahaiaren gainean gazta, armairuaren gainean katua.

Eta mahaiaren gainera egi zuen jauzi katuak.

Saguak mahaiaren hankan behera egin zuen lurreraino, eta atearen zirrikitutik eman zion ihesari.

Ihes eta ihes joan zen baratzeko saguarenera iritsi arte. Hark ez zeukan ez aretorik ez lorategirik: lurpeko zuloan bizi zen.

Hantxe geratu zen ikara joan zitzaion arte.

Ahaztu egin zen saguaz, baina ez jauregiko sukaldeaz. Halako usain gozoa zegoen han, hainbeste ogi apur...!

Eta egun batean honela esan zion jauregiko saguak baratzeko saguari:

—Baratzeko sagu barazki-jalea, ezagutu nahi al duzu nire osabaren jauregia?

Noski ezagutu nahi zuela jauregia baratzeko saguak! Jakin nahi zuen nola bizi ziren han.

Eta jauregira joan ziren biak.

Igo ziren leihoraino eta...

Urdaiazpikoa mahai gainean!

Eta sukaldaria ikuiluan!

Baratzeko saguak ez zekien zer zen hura.

—Oso goxoa da! —esan zion jauregiko saguak.

Eta besterik gabe, beldurra ahaztuta, sukaldean sartu zen jauregiko sagua.

Mahaiaren hankan gora abiatu zen...

Urdaiazpikoraino iritsi zen...

Ahoa zabaldu zuen...

Baina urdaiazpikoari haginka egin baino lehen...

Piztia bat sortu zen labetik! Bibote luzeko eta atzapar zorrotzeko piztia bat!

— Iii... iii... iii...

Baina ezin izan zuen ihes egin. Katuak atzaparretan zeukan harrapatua.

— Iiii... iiii... iiii...! Iiii... iii... iii...!

Eta leihoan gelditua zen baratzeko saguak honela esan zuen bere artean:

«Osabak iloba horrela hartzen badu, nola hartuko ote du ezagutzen ez duena!»

Eta bere zulora itzuli zen lasterka bizian, jauregian nola bizi ziren ondo ikasita.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek jauregiko sagua eta baratzeko sagua dakartza, eta mahasti eta lorategietako Italiatik dator izuturik

Creative Commons Lizentzia