Ipuinak

Tximinoen laguna

Sung izeneko herri batean, urrun, Txina esaten zaion lurralde handian, tximinoak izugarri maite zituen haur bat bizi zen. Xanken zuen izena.

Xankenek egunero ematen zien jaten tximinoei.

Eta tximinoek ere izugarri mate zuten Xanken.

Batzuetan, berak jan behar zuen arroza, tximinoei ematen zien.

Tximinoen garrasiak egunero entzunda, Xankenek, azkenean, ulertu egin zuen tximinoek zer esaten zioten elkarri. Tximinoen hizkera konprenitu zuen.

«Tximinoen laguna» esaten zioten, eta Xanken harro zegoen horrela esaten ziotelako.

Baina halako batean lehortea iritsi zen lurralde hartara, lehorte handia. Errekak mehetu egin ziren, landareak ihartu egin ziren, abereek ez zeukaten zer jan, eta gizakiek ere gutxi.

Gero eta urriagoa zen, gero eta eskasagoa, tximinoen otordua. Eta ez zeuden pozik.

Xanken triste zegoen, tximinoak horrela ikusita.

Behin, beste janaririk ez eta zazpi gaztaina erakutsi zizkien.

—Hiru gaztaina emanen dizkizuet bazkaritarako, eta afaritarako lau gaztaina emanen dizkizuet.

Eta tximino guztiak garrasika hasi ziren.

Ez, ez, ez!

Ez zeuden konforme, gutxi iruditzen zitzaien.

Orduan honela esan zien Xankenek:

—Ongi da, arrazoia daukazue.

Isildu egin ziren tximinoak, adi.

—Lau gaztaina emanen dizkizuet bazkaritarako, eta afaritarako hiru gaztaina.

Eta hori entzunda, tximino guztiak hasi ziren jauzika eta bibaka, pozak zoratzen.

Horrela jarraitu zuen Xankenek tximinoen laguna izaten, euria berriz hasi zuen arte.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek Xanken tximinoen laguna dakar, eta Txinatik dator intxaur biltzen

Creative Commons Lizentzia