Ipuinak

Joantxo hartzakumea Hungariako erregearen aitzinean

Joantxo hartzakumea leize harrigarrian zegoen: bere lagunek soka bota zuten goitik, eta erregearen alabekin joan ziren Hungariako lurraldera. Han ez zegoen Joantxo saskian atera ahal izanen zuenik.

Baina ez zegoela bakarrik oroitu zen. Hamahiru ateak zaintzeko zegoen emakumearengana joan eta honela esan zion:

—Hemendik ateratzen ez banauzu, zorriak kenduko dizkizut makila honekin.

Eta hamahiru ateak porrokatu zituen ehun arroako makila hura ikusi zuenean, emakumeak atera egin zuen leizetik.

Baina aizkolaria eta errotaria, Joantxo hartzakumearen lagunak, Hungariako erregearen aitzinean zeuden.

—Guk atera ditugu zure alabak leizetik.

Erregeak printze izendatu zituen biak, eta festa handi bat egitea agindu zuen.

Musika hasi zelarik, kanpotar indartsu eta iletsu bat azaldu zen, ehun arroako makila burdinazkoarekin.

Plazaren erdian landatu zuen makila, eta urrezko pilota batekin hasi zen jolasean.

Eta plaza nagusian gertatzen ari zena kontatu zioten erregeari jauregiko zaindariek.

—Joantxo hartzakumea da! —erran zuten aho batez bi alabek.

Hori entzundakoan, Joantxoren lagunak, aizkolaria eta errotaria, kezkatu egin ziren.

—Nola dakizue? —egin zien galde aitak.

—Ezagutzen dugulako.

Sei soldadu igorri zituen erregeak haren bila.

—Zatoz gurekin, erregeak ikusi egin nahi zaitu!

—Ikusi nahi banau, datorrela bera hona! —arrapostu zuen Joantxo hartzakumeak.

—Ez baduzu onez etorri nahi, indarrez eramanen zaitugu.

Baina Joantxo hartzakumeak honela erran zien gogor samar:

—Indarrez ez duzue onik edukiko nirekin.

Sei soldaduek jauzi egin zuten Joantxoren lepora, baina hartzakumeak bortz hil zituen makilarekin jota.

Seigarrenak ihesari eman zion.

—Maiestatea —erran zuen soldaduak erregearengana heldu zelarik—, hamabi soldadu igorriko bazenitu ere, ez genuke ekartzen ahal.

—Aita, bera da, Joantxo hartzakumea!

Hori entzundakoan, Joantxoren lagunek, aizkolariak eta errotariak, beldurra ezagutu zuten.

Erregea plaza nagusiraino joan zen bere alabekin. Hantxe ari zen pilotan Joantxo hartzakumea.

Alabek besarkatu egin zuten.

Gero Joantxo nesken gonei begira geratu zen.

—Gona horiek zati bana falta dute.

Eta leizean opari harturiko zatiak erakutsi zituen.

Erregeak, bere alaben salbatzailea Joantxo zela ikusirik, Hungariatik urrun igorri zituen aizkolaria eta errotaria, Joantxoren lagunak omen ziren.

Eta Joantxo hartzakumea jauregian geratu zen bizitzen, erregearen alabekin.

Baina urte gutiren buruan, Hungariako erregearen gortea utzi eta munduan aitzina joan zen beldurra ezagutu nahi zuen Joantxo hartzakumea.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek Joantxo hartzakumea dakar Hungariako erregearen aitzinean

Creative Commons Lizentzia