Ipuinak

Nola sortu zen Joantxo, beldurrik gabeko hartza

Egun ez da hartz askorik, baina lehen, Pirinioetan, Kantauritik Mediterraneoraino doan gure mendi-lepo luze horretan, hartz aunitz bizi zen. Artzainak, ikazkinak, egurketariak, ehiztariak ere bizi ziren mendi horietan. Hartzak haran edo ibar batetik bestera ibiltzen ziren, Euskal Herritik Biarnora edo Kataluniatik Aragoira joanez... Ibili haietan, ez zen harrigarria izaten hartzen bat edo bertze galtzea.

Aspaldi handiko garai haietan, leize zuloan aterpetu behar izan zen hartz bat, artzain borda batetik sobera urrun gabe. Asteak eta asteak ziren lanbroa altxatzen ez zela, eta hartzak ez zuen amildegiren betetik behera amildu nahi. Egon egin behar zuen. Tristerik zegoen, gogorra egiten zitzaion bakardade hura. Goiz batez ikusi zuen artzain bordatik emazteki bat jalgi zela egur bila.

Hartzak harrapatu eta bahitu egin zuen, leizera eraman zuen. Eta harritzar gaitz batez estali zuen leizearen sarrera.

Bederatzi hilabeteren buruan muttiko bat sortu zen.

Muttikoak lau urte bete zituelarik, honela erran zion amari:

—Ama, ez duzu mundua ikusi nahi?

Amak harritzarra erakutsi zion. Eta muttikoak ezkerreko eskuarekin heldu eta rast! libratu zuen leizearen sarrera. Lau urte zituen, baina hagitz hartzakume indartsua zen.

—Semetxo, aita azaltzen bada eta ikusten badu zer egin duzun, hil eginen gaitu.

Baina hartzakumeak beheko herrira eraman zuen ama.

Eta Joantxo, hauxe baitzen muttikoaren izena, eskolara hasi zen.

Eta haur guztiek trufaka:

—Hartzakumea! Hartzakumea!

Hartu zuen Joantxok lagun haietako bat zangoetarik, eta makila gisan erabiliz, astindu ederra eman zien eskolakideei.

Eta honela erran zion amari:

—Ama, banoa munduaren ikustera.

—Baina semetxo, zer galdu zaizu munduan?

—Beldurra ezagutu nahi dut —arrapostu zuen Joantxok.

Ama maisuarengana joan zen, eta maisuak:

—Nik ezagutaraziko diot beldurra.

Ganbara batera eraman zuen Joantxo. Kutxa handi bat zeukan han maisuak.

—Ireki ezazu kutxa! —manatu zion Joantxori.

Hala egin zuen gure muttikoak: ireki zuelarik, uso samalda bat jalgi zen barnetik, hegalak Joantxoren aurpegian inarrosiz.

Egia erran behar baita, ikara ttipi bat eman zion.

—Ez dizu beldurrik eman? —egin zion galde maisuak.

—Ikara ttipi bat eman dit, baina ez nau beldurtu.

Eta, maisua, eskola eta ama utzirik, munduan aitzina joan zen beldurraren bila Joantxo hartzakumea.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek Joantxo dakar, Pirinioetan jaio zen hartzakumea

Creative Commons Lizentzia